2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OTSAGABIA
Hirigunean mugikortasuna arautzen duen ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespena
Otsagabiko Udalak, 2026ko uztailaren 16ko bilkuran, behin betiko onetsi zuen aldaketa bat egitea ordenantza honetan:
–Hirigunean mugikortasuna arautzen duen ordenantza.
Iragarkia 2026ko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 12an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta jendaurreko aldia iragan da inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.
Aurkezturiko alegazioak ebatzi ondotik, ordenantza behin betiko onetsi da, eta osorik argitaratzen da jarraian.
Argitara ematen da, orok jakin dezan, eta bete dadin uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Otsagabian, 2026ko uztailaren 17an.–Alkate udalburua, Carlos Gayarre Imizkoz.
OTSAGABIKO HERRIGUNEKO MUGIKORTASUNEKO UDAL ORDENANTZA
Urtearen zatirik handienean, Otsagabian ez dago arazo nabarmenik, ez mugikortasunari dagokionez, ez oinezkoen eta ibilgailuen bizikidetzari dagokionez. Hala ere, gero eta turismo handiagoa erakartzen denez, zirkulazio- eta aparkaleku-arazoak larriagotu egiten dira udako hilabeteetan eta udazkeneko asteburuetan, bai eta jaiegun oso berezietan ere: herriko jaiak, Aste Santua, jaiegunetako zubiak, Eguberriak, kirol-probak eta beste ekitaldi batzuk.
Egun horietan, gatazka-egoerak sortzen dira, hirigunean aparkatutako autoak eta zirkulatzen ari direnak pilatzen baitira. Azken batean, hirigunea aparkaleku bilakatzen da; aparkaleku deseroso eta eraginkortasunik gabea. Ordenantza honen helburua da udalerriari tresna juridiko bat ematea hiriguneko mugikortasuna arautzeko, eta, horretarako, herrian bete beharko diren arauak jartzea.
Ordenantzak urte osoan arautzen ditu Otsagabiko hiriguneko sarbideak, zirkulazioa eta aparkatzeak.
Ibilgailuen sarbidea mugatu eginen da herriko karriketan, udal-baimen bat dutenek bakarrik izanen dutelarik sartzeko baimena, bai eta zamalanetarako beharrezkoak direnek ere. Baimendutako ibilgailuek identifikazio-txartel bat izanen dute.
Bi identifikazio-eredu jasotzen dira ordenantzan:
–Berdea: baimen berdeak ibilgailua uzteko baimena ematen die titularrei bakarrik, aurretiaz identifikaturiko guneetan, bai hirigunean, bai aparkaleku laranja eta zurietan.
–Laranja: baimen laranjak titularrari baimena ematen dio esklusiboki salgaiak eta bidaiariak kargatzeko eta deskargatzeko araututako gunean zirkulatzeko, denbora mugatu batez, eta ibilgailua aparkaleku laranja eta zurietan uzteko.
Ordenantzak izaera bereziko baimenak ere jasotzen ditu, behar bezala seinaleztatuak.
Kanpoaldeko zenbait aparkaleku daude udalerriko sarrera nagusietan eta eremu garrantzitsuetan, guztiak ere ongi konektatuak hirigunearekin, oinezkoen sarbidea errazteko.
1. Patata-estazioa eta Osaba aparkalekua.
2. Zatalarraina eremua.
3. Egoitza-eremua.
I. kapitulua.–Xedea eta zirkulazio-agenteak
1. artikulua. Arau orokorrak.
Xedapen hauen arabera idatzi da mugikortasun-ordenantza hau:
–Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Foru Legearen 25.2.b) artikulua.
–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena, zeinak ibilgailu eta oinezkoen zirkulazioa arautzen baitu erabilera publikoko bideetan.
–Ordenantza honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, aplikatzekoak dira urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren arauak eta hura osatzen edo garatzen duten gainerako xedapenak.
Aginduek bide horietan zirkulatzen duten pertsona guztiak behartzen dituzte, ibilgailuen edo animalien gidari diren aldetik nahiz oinezkoak diren aldetik.
2. artikulua. Zirkulazio agenteak.
Agente baimendunek dute ordenantzak estaltzen duen eremuan trafikoa kontrolatu eta antolatzearen erantzukizuna. Halaber, haien eskumena izanen da bidezko salaketak gauzatzea egindako arau-hausteengatik.
II. kapitulua.–Aplikazio-eremua
3. artikulua. Aplikazio eremua.
Ordenantza honen aplikazio-eremua eranskineko planoan grafiatutako Otsagabiko hiri-lurzoru guztia da.
Alkatearen ebazpenaren ondotik, zehazten ahalko da beste aparkaleku-eremu bat ezartzea urteko edozein garaitan, hala komeni denean inguruabarrak direla eta.
4. artikulua. Zirkulazio arautuko eremua.
Otsagabiko hiri-lurzoru guztia hartzen du barnean. Eremu horretan, udal-baimenik ez duten ibilgailuen sarbidea mugatuko du Udalak. Araututako eremuan, horretarako egokitutako guneetan baizik ez dira aparkatzen ahalko ibilgailuak; gune horiek Udalak bere garaian zehazten dituen bitarteko eta sistemekin adieraziko dira.
5. artikulua. Aparkaleku publikoko eta txandakako aparkalekuko eremuak.
Aparkaleku publikoko eremuak eta denbora mugatuko txandakako aparkalekuko plazak (okindegia eta beste establezimendu batzuk) zedarrituko dira.
III. kapitulua.–Abiadura eta arreta-neurriak
6. artikulua. Abiadura muga.
–Araututako eremuan, gehieneko abiadura-muga 20 km/h izanen da.
–Gainerako bideetan, bete beharrekoa da seinaleetan eta Bide Segurtasunari buruzko Legean ezarritakoa.
7. artikulua. Debekuak.
Debeku da:
–Ordenantza honen aurreko artikuluan ezarritako abiadura-mugak gainditzea.
–Ibilgailuak zabarkeriaz edo ausarkeriaz gidatzea.
–Aparkaleku gisa seinaleztatu gabeko eremuetan aparkatzea.
–Harzolazko karriketan zirkulatzea 20 tonako gehieneko pisuarekin.
IV. kapitulua.–Araututako eremuko zirkulazio-araubidea
8. artikulua. Seinaleztapena.
–Seinaleztapen bertikala sarbide-puntuetan.
–Udalerriaren sarreran.
9. artikulua. Baimen egiaztagarri motak.
Araututako eremuan zirkulatu ahal izateko, ibilgailuak udal-baimena ziurtatzen duen txartela eraman behar du, kanpoaldetik ikusteko moduan:
–Berdea: baimen berdea ematen zaie zirkulazio-zerga udalerrian ordaintzen duten eta jabeak hartan erroldatuak dituzten ibilgailuei. Txartel berdeen kopurua etxe bakoitzeko bi izanen da, eta txartel laranja emanen zaie haien jabetzako gainerako ibilgailuei. Txartel horiek matrikula inprimatua izanen dute. Txartel berdearen bi eskatzaile baino gehiago dauden etxeetan, eskatzaile-talde horrek erabakiko du nori esleituko zaizkion. Ez badira ados jartzen, Udalak zozketa bidez erabakiko du nori emanen zaizkion.
–Laranja: baimen laranja ematen zaie zirkulazio-zerga udalerrian ordaintzen duten ibilgailuei edo jabeak hartan erroldatuak dituztenei. Txartel horiek matrikula inprimatua izanen dute.
Aurrekoez gainera, txartel laranja bat eskatzen ahalko da etxe bakoitzeko.
Etxebizitzaren helbidea inprimatua izanen dute txartel horiek.
Hotel, hostal eta landa-etxeek txartel laranja bat eskatzen ahalko dute logela bakoitzeko.
Eskatzen duten establezimenduek txartel laranja bat edukitzen ahalko dute, matrikula bati lotua, establezimendu horren logistika-eragiketetarako bakarrik. Azken txartel horien denbora-mugak establezimenduaren irekitze-egoeraren mendekoak dira.
Otsagabiko Udalak, hala badagokio, eskatzen diren txartelak jaulkitzeko eta emateko tasak ezarriko ditu.
Bi urteko indarraldia izanen dute baimenek, onesten direnetik.
Ibilgailu handiei (traktoreak, kamioiak, karabanak, atoiak eta abar) ez zaie emanen ezein motatako txartel egiaztagarririk.
10. artikulua. Baimen bereziak.
Ibilgailu hauek sartzen ahalko dira txartelik gabe ordenantza honen eremuan:
–Segurtasun Indar eta Kidegoetako, Suteak Itzaltzeko Zerbitzuko, Babes Zibileko, Osasun Laguntzako eta zirkulazio arautuko eremuan lan egin behar duten organismo ofizialetako ibilgailuak.
–Establezimenduetarako eta etxez etxeko banaketa, zamalan txikietarako, horretarako behar-beharrezkoa den denborarako. Oinezkoen eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutu da.
–Ostatu turistikoak eta etxe partikularretako bisitariak, ekipajeak kargatzeko eta deskargatzeko eta establezimendu eta etxeetako garaje pribatuetan sartzeko. Oinezkoendako eremuan egoteko gehieneko denbora 20 minutu da.
–Mendekotasunen bat duten pertsonak uzteko eta jasotzeko ibilgailuetako erabiltzaileak.
–Obretako eta muntaketako ibilgailuak; hau da, obretarako erabiltzen dena, eraikinak altxatzeko, instalatzeko eta birmoldatzeko.
–Taxi-zerbitzua: bidaiariak eta haien ekipajeak igotzeko eta jaisteko behar-beharrezko den denboran gelditzeko baizik ez dira baimenduak izanen.
–Minusbaliotasunen bat duten pertsonek erabiltzen dituzten ibilgailuak, baldin minusbaliotasun horrek haien mugikortasunari eragiten badio eta erakunde eskudunak emandako irisgarritasun-txartela badute. Txartel hori ibilgailuan jarriko da, kanpoaldetik ikusteko moduan.
11. artikulua. Txartelak eta baimenak iraungitzea eta baliogabetzea.
Kasu hauetan iraungiko dira emandako baimenak eta txartelak:
–Eman zireneko epea agortzen denean.
–Interesdunak uzten dionean eskubidea ematen zioten eskakizunak betetzeari.
–Baimena ematea eragin zuten sarbide-baldintzak ez betetzeagatik edo aldatzeagatik.
V. kapitulua.–Arau-hausteak, zehapenak eta zehapen-prozedura
12. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-haustetzat hartuko dira ordenantza honetan xedatutakoaren aurka doazen ekintzak eta omisioak.
Ordenantza honen eta aplikatu beharreko gainerako lege-xedapenen aurkako ekintzak eta omisioak administrazioko arau-haustetzat joko dira, eta hartan zehazten diren kasuetan, moduan eta neurrian zehatuko dira, salbu eta lege penaletan zehaztutako delitu edo arau-hauste penalak badira. Kasu horretan, udal-administrazioak jurisdikzio-ordena eskudunari helaraziko dizkio aurrekariak, eta ez du aurrera jarraituko zehapen-prozedurarekin, agintaritza judizialak epai irmorik ematen ez duen artean.
Arau-hausteak, aplikatu beharreko estatuko legediaren arabera, oso astunak, astunak edo arinak izan daitezke.
–Arinak: ordenantza honetan jasotako arauen kontrako arau-hausteak arintzat joko dira, baldin eta hurrengo apartatuetan ez badira jotzen espresuki astuntzat edo oso astuntzat.
–Astunak: arau-hauste larriak izanen dira bide-segurtasunaren alorrean arau-hauste astuntzat jotzen direnak, arauzko baimenik ez izatea eta falta arinetan berrerortzea.
–Oso astunak: arau-hauste oso astuntzat jotzen dira arau-haustea egiten den unean arrisku astunetarako aurreikusitakoari arrisku gehigarri eta zehatzak eragiten dutenak, bai eta arau-hauste astunetan berrerortzea ere.
13. artikulua. Zehapenak.
Trafikoari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen aurkako edozein ekintza edo ez-egite araudi horretan ezarritakoaren arabera zigortuko da.
Osoko bilkuran zehaztuko da isunen zenbateko zehatza ebazpen arrazoitu bidez, ordenantza honetan jasotako aginduen aurka egiten diren arau-hausteetarako isunen koadro batean, legeak ezarritako mugetan betiere, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluan ezarritakoaren arabera. Alkatetzaren dekretu bidez zabaltzen ahalko dira.
Isunak 15 egun balioduneko epean ordaindu behar dira, irmo egiten direnetik kontatuta.
Ez badira epe horretan ordaintzen, premiamenduzko administrazio-prozedura bidez kobratuko du isuna Udalak, oinarritzat hartuz Udaleko Kontu-hartzailetzak igorritako ziurtagiri bat.
Jakinarazpenaren hurrengo hamar egunetan ordaintzen ziren isunei %50eko murrizketa bat aplikatuko zaie, betiere ez badira delitu eta ez badute gidabaimena etetea eragiten. Arau-hausleak ez badu ziurtatzen ohiko bizilekua Espainian duela, isuna ordaindu edo ordainketa bermatu beharko du; bestela, ibilgailua ibilgetzen ahalko da.
Egiten diren salaketetan, hala errekerimendukoetan nola ofizioz egindakoetan, datu hauek jaso beharko dira nahitaez:
–Ibilgailuaren identifikazioa.
–Gidaria nor den, jakinez gero.
–Salatutako gertaeraren azalpen xehatua; tokia, data eta ordua adierazi behar dira.
–Salatzailearen izena, lanbidea eta helbidea, edo haren identifikazio-zenbakia, bere funtzioetan diharduen guardia zibila edo foruzaina bada.
–Arau-haustea detektatu duen agenteak salaketa-buletin bat beteko du, hiru kopiatan, non jasoko baititu aurreko datuak. Arau-hauslea bertan badago, kopia bat emanen dio. Gidaria ez badago, buletina ibilgailuan utziko da, baina ez da jakinarazpentzat joko.
–Arau-hauslearen sinadurak ez dakar berekin arau-haustea onartzea. Ez badu sinatzen edo ez badaki, agenteak adierazi eginen du, eta lege-ondorio bera du.
–Arau-hausleak 15 egun baliodun ditu, buletina entregatzen zaionetik, deskarguak aurkezteko eta frogak eransteko.
–Arau-hausleak 15 egun baliodun ditu, buletina entregatzen zaionetik, deskarguak aurkezteko eta frogak eransteko.
14. artikulua. Zehapenen aurkako berraztertze-errekurtsoa.
Otsagabiko Udalaren zehapenarekiko desadostasuna dagoenean, berraztertze-errekurtsoa aurkezten ahal da Udalaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi zenetik zenbatzen hasita. Ez bada alegaziorik aurkezten, ez dira zalantzan paratzen ahalko zehapenaren gertaerak; isunaren zenbatekoaren eta gertaeren kalifikazioari buruzko akatsekin bakarrik egiten ahalko da.
Edozein erreklamazio edo errekurtso aurkezteak ez du kobrantza-prozedura etenen, salbu eta bermatzen bada zorraren ordainketa eta zorraren %25 premiamendu-errekargua eta prozeduraren kostuak estaltzeko, eta dagokion errekurtsoan baino ez du ondoriorik izanen.
15. artikulua. Isunak preskribatzea.
Isunen ordainketa eskatzeko ekintza urtebetera preskribatuko da, administrazioaren ikuspegitik ebazpena irmo denetik kontatzen hasita; soil-soilik etenen da hura betearazteko ekintzen ondorioz edo edozein motatako erreklamazio edo errekurtsoak jartzearen ondorioz.
16. artikulua. Zehapen-esparruaren eskumena.
Alkatetza-Presidentetza da Ordenantzaren arau-hausteengatiko zehapenak ezartzeko agintaritza eskuduna, zinegotzi bati eskuordetzen ahalko diolarik funtzio hori.
Zehapen-prozedura ofizioz hasten da.
Langile baimendunek eta Guardia Zibilak/Foruzaingoak trafiko-zaintzako funtzioetan aurkeztutako salaketek froga-balioa dutenez (egiatasun-presuntzioa), frogak aurkeztu behar dira.
Salatuek karguak kentzeko orria eta beren defentsarako frogak aurkezten ahal dituzte hamar eguneko epean. Epe hori igaro ondotik, alegazioak kontuan hartuz eta salatzaileak eta salatuak frogatutakoan, dagokion ebazpena emanen da.
Jakinarazpenen ondorioetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea interesdunek adierazi dutena izanen da, eta bestela, ibilgailuen erregistroan ageri dena.
17. artikulua. Baimen-txartela aldi baterako etetea edo kentzea.
Mugikortasun-ordenantza honen arabera zenbait arau-hauste errepikatzen dituzten ibilgailuek edo gidariek baimen-txartela galtzen ahal dute urtebetez. Otsagabiko Udalak kudeatuko du etenaldi hori.
Azken xedapenak
Lehena.–Garatzeko gaitzea. Alkateari ahalmena ematen zaio ordenantza hau betearazteko eta garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.
Alkatearen dekretu bidez onetsi eta aldatzen ahalko dira ordenantza honen zehapenei, seinaleztapenari, eremu arautuaren hedadurari eta zamalanetarako ordutegiei buruzko eranskinak.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan aurreikusitako 15 eguneko epea iraganik, epe horretan errekerimendu-ahalmenak baliatzen ahalko baitituzte Estatuko edo Autonomia Erkidegoko administrazioek.
ERANSKINA.–TASAK
–Ostalaritza-establezimenduentzako txartelek 5 euroko kostua izanen dute.
–Edozein txartelen kopia egiteak 5 euroko kostua izanen du.
–Hauek dira ordainpeko aparkalekuen tarifak: 2 euro bi ordu bitarte eta 4 euro 24 ordu bitarte.
Iragarkiaren kodea: L2609960