Iragarkia
159. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 13a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
FONTELLAS
Espazio publikoen erabilera arautzen duen ordenantzaren behin betiko onespena
Fontellasko Udalak, 2026ko maiatzaren 14an eginiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasierako onespena ematea Fontellas udalerriko espazio publikoen erabilera arautzen duen ordenantzari.
Onespen horren iragarkia argitaratu zen 2026ko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 9an, bai eta hogeita hamar egunean ikusgai eduki ere Fontellasko Udalaren iragarki-taulan, interesdunek azter zezaten eta, nahi izanez gero, erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkeztu zitzaten.
Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betiko onetsi da jarraian jasotzen den ordenantza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman zaion idazketaren arabera.
Argitara ematen da, orok jakin dezan.
Fontellasen, 2026ko uztailaren 16an.–Alkate udalburua, M.ª Erica Lasheras Munarriz.
FONTELLAS UDALERRIKO ESPAZIO PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
Fontellasko Udalak, toki-araubideko legediak ematen dizkion eskumenak aplikatuz, beharrezkotzat jotzen du arautzea udalaren jabari publikoko ondasun eta espazioen erabilera, kontserbazioa eta babesa, bermatzeko segurtasun-, osasungarritasun-, irisgarritasun-kondizioetan eta elkar errespetatuz eta herritarren bizikidetasun egokiz erabiltzen direla.
Udalerriaren izaera eta tamaina direla eta, arau argiak eta toki-errealitaterako proportzionatu eta egokiak ezarri beharra dago, aukera emanen dutenak bateragarri egiteko espazio publikoen erabilera kolektiboa eta ingurumenarekiko, herritarren atsedenarekiko eta udal-ondasunekiko errespetua.
Biztanle gutxiko udalerri baten, ongizate kolektiborako ezinbesteko oinarriak dira bizikidetasun baketsua eta ondasun komunen erabilerako erantzunkidetasuna. Horregatik, beharrezkoa da espazio publikoei dagokienez jokabide indibidualak arautuko dituen arau-esparru bat ezartzea, gizalegearen, solidaritatearen eta errespetuaren balioak sustatzeko.
Ordenantza honen helburu nagusia da babestea eta zaintzea hala espazio eta ondasun publikoak nola bizikidetasunerako eta gizalegerako tokiak, halako moldez non pertsona guztiek askatasunez garatzen ahalko baitituzte zirkulazio askeko, besteekin elkartzeko eta aisialdiko jarduerak, erabat errespetatzen dituztela bai espazio publikoak, bai oro har erabiltzaileak eta Fontellasko biztanleak zehazki. Eskubide horiek gizalegez eta ordenantza honek xedatutako mugen arabera gauzatu behar dira.
Administrazio guztien betebeharra da herritarrek ondasun publiko horietaz egiten duten erabilera babestea eta arautzea; horren ondorioz, ordenantza honek arautzen du erabilera hori, kontserbazio egokia eta apaintasun- eta osasungarritasun-baldintzak bermatzeko.
Xedapenaren testuak bost titulu ditu. Lehenak adierazten ditu hala ordenantzaren xedea nola haren aplikazio-eremua eta eskumenak, bai eta bizikidetasuna eta espazio eta ondasun publikoen erabilera zuzendu behar duten printzipioak ere. II. tituluak definitzen ditu ordenantza honek babesten dituen ondasun, zerbitzu eta espazio publikoak. III. tituluan jasotzen dira bizikidetasuna eta espazio eta ondasun publikoen erabilera arautzen duten arauak, haien izaeraren arabera multzokatuak. IV. tituluak arautzen du espazio publikoaren okupazioa. Testu honetan jasotako xedeak betearazteko, arau-hausteen eta zehapenen araubide bat ezartzen da ordenantzaren V. tituluan.
I. TITULUA.–Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honek xede hauek ditu:
1. Udalerriko espazio eta ondasun publikoen erabilera eta gozamena arautzea, bai eta haietan aplikatu beharreko herritarren bizikidetasunerako arauak ezartzea ere.
2. Ondasun eta espazio horiek eta hiriko hirigintza- eta arkitektura-ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea, gerta daitezkeen eraso, alterazio eta legez kontrako erabileretatik.
3. Gizalegezko jokabideak sustatzea, prebentzioaren, informazioaren eta sentsibilizazioaren bidez, herritarren bizikidetza nahasten duten jarduerak prebenituz.
4. Espazio publikoak haien izaeraren eta arau espezifikoen arabera erabiltzeko eskubidea bermatzea.
5. Ordenantza honetan debekatu diren jarduerak zuzentzea, zehatzeko ahalmenaren bidez.
Ordenantza honetan arautzen diren babes-neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, zubiak, lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, kultur etxeak, ikastetxeak eta haien esparruak, hilerria, igerilekuak, kirol-guneak, karpak eta kirol-instalazioak eta haien esparruak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide-seinaleak, zuhaitzak eta landareak, paperontziak, hesiak, udaleko garraio-elementu eta ibilgailuak eta izaera bereko edo bertsuko gainerako ondasunak.
Halaber, eta apaintasun publikoari dagokionez, ordenantza honen babes-neurrien xede dira beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publikoen ondasunak eta instalazioak, Fontellas udalerriko hiri-altzarien parte badira, herritarrentzat badira edo zerbitzu publiko bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak badira, hala nola markesinak, edukiontziak, garraioko elementuak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, terrazak eta beladoreak, eguzki-oihalak, jardinerak, kutxazain automatikoak eta izaera bereko edo bertsuko gainerako ondasunak.
Ordenantza honetan bildutako babes-neurriek barne hartzen dituzte orobat, hiriko ondare eta paisaiaren parte diren aldetik, apaintasun publikoak eskatzen duen baldintza egokietan izan beharrekoak, eraikinetako fatxadak eta beste hirigintza- eta arkitektura-elementu batzuk, azpiegiturak eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak, hala nola atariak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, jardinerak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo bertsuko gainerako ondasunak, eremu publikoan kokatuta badaude edo hartatik ikus badaitezke.
2. artikulua. Aplikazio-eremua eta udal-eskumena.
1. Ordenantza hau Fontellasko udal-mugarte osoan aplikatuko da, eta handik igarotzen diren eta han bizi diren pertsona guztiei aplikatuko zaie, edozein dela ere haien egoera juridiko-administratiboa.
Adingabekoen jokabideei ere aplikatuko zaie, ordenantzan bertan eta gainerako ordenamendu juridikoan aurreikusitako baldintza eta ondorioen arabera; halaber, berariaz aurreikusitako kasuetan, adingabeen legezko ardura duten pertsonak ere jotzen ahalko dira haiek egindako arau-hausteen erantzuletzat, ordenantza honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aurreikusitako baldintzetan.
2. Testu honek herritarren ondasun eta zerbitzu publikoekin zerikusia duten jarduerak eta ez-egiteak arautzen ditu; ez die eragiten, beraz, egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.
3. Ordenantza honetan aurreikusten diren udal-eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubide, ahalmen eta eginbeharrak, ezta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.
4. Alkateak edo hark eskuordeturiko zinegotziak baliatuko ditu ordenantzan jasotako udal-eskumenak, eta exijitzen ahalko ditu, bere ekimenez edo partikularrek eta agintaritza eskudunak salatu dutelako, ondasun eta espazio publikoak zaindu, babestu eta leheneratzeko behar diren neurri prebentibo, zuzentzaile eta leheneratzaileak. Gainera, egokitzat jotzen dituen ikuskatzeak agintzen ahalko ditu, eta zehapen-prozedura aplikatzen ahalko du indarreko legedia eta/edo ordenantza hau betetzen ez badira.
3. artikulua. Bizikidetza-printzipioak.
Printzipio hauek arautuko dute, oro har, espazio publikoen erabilera:
a) Pertsonen duintasunarekiko errespetua.
b) Ondasun eta espazio publikoen erabilera arduratsu eta jasangarria.
c) Bizikidetza baketsua herritar eta erabiltzaileen artean.
d) Hiri- eta natura-ingurunearen babesa.
e) Gizalegearen kontrako jokabideen prebentzioa.
Halaber, eta modu espezifikoan:
1. Herritarrak eskubidea eta betebeharra du pertsona guztiak errespetatzen dituen bizikidetza izateko, eta eskubidea, berriz, ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabiltzeko, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta, eta ez dira zilegi, ordenantza honen ildoen arabera, herritarren arteko bizikidetza hausten duten, eragozpenak sortzen dituzten eta pertsonei dagokien begirunean huts egiten duten portaerak.
2. Pertsona guztiek dute eskubidea udal-administrazioaren babesa jasotzeko eskubide horien erabileran, indarrean den araudiarekin bat etorriz eta udal-eskumenen eremuan.
3. Herritarrek eskubidea dute herriko bide eta eremu publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Besteen eskubideak eta askatasuna errespetatu beharrak, baita ondasun publikoen erabilera harmonizatu beharrak ere, eskatzen ahal dute baimenak eta mugak ezartzea eskubide horren erabilera osoari.
4. Fontellasen dauden guztiek udal-agintariei edo haien agenteei laguntza eman behar diete herritarren arteko bizikidetza trabatzen, galarazten edo urratzen duten jokaerak ezabatzeko.
5. Herritarrek eskubidea dute hiriko hiri-paisaiaz gozatzeko, pertsonen bizi-kalitatea osatzen duen elementu gisa.
II. titulua.–Erabilera publikoko instalazio, zerbitzu eta ondasun babestuak
4. artikulua. Erabilera publikoko instalazioak Fontellasen.
Ordenantza honek babesten ditu erabilera publikoko instalazio eta zerbitzu guztiak, hala nola eraikinak, kultur etxeak, ikastetxeak eta haien esparruak, hilerria, igerilekuak, iturriak, errotondak, udal-karpa, kirol-guneak, kirol-instalazioak eta haien esparruak, eta izaera bereko edo bertsuko bestelakoak.
5. artikulua. Erabilera publikoko beste espazio eta ondasun batzuk.
Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:
Espazio publikoak: kale, plaza, parke, lorategi, bide eta erabilera publikoko gainerako ondasunak.
Berdeguneak: udal-titulartasuneko lorategi-eremuak, hiri-parkeak eta naturaguneak.
6. artikulua. Instalazioen ordutegia.
Zerbitzu eta instalazio publiko bakoitzak erabilera publikoko ordutegi bat izan dezake, eta ezarritako ordutegiaren barnean egiten diren jarduerak instalazioaren edo dagokion zerbitzuaren xedearen araberakoak izanen dira, bertan hondamenik edo kalterik sortu gabe.
Ordutegiz kanpo ezin da esparruan egon, berariazko baimenik gabe. Hala gertatzen bada, udal-langileek berehala hutsaraziko dute. Lekua utzi nahi ez badute, arau-hausleen kontra egiten ahalko da, ordenantza honen V. tituluan aurreikusitakoarekin bat.
Kasu bakoitzean, horren gaineko eskumena duenak zehaztuko du erabilera publikoko instalazio edo zerbitzuen ordutegia.
Udalak ezartzen ahalko ditu parke eta karpak irekitzeko eta ixteko ordutegiak, haien kontserbazioa eta segurtasuna bermatzeko.
III. TITULUA.–Ondasun eta espazio publikoak erabiltzeko arau orokorrak
7. artikulua. Erabilera komun orokorra.
Ondasun publikoak libreki erabiltzen ahalko dira haien izaeraren eta erabilera-antolamenduaren arabera, betiere ez bada eragozten beste pertsona batzuek erabiltzea eta kalterik eragiten ez bada.
Pertsona guztiek behar bezala erabili behar dituzte Fontellasko eremu publikoak eta haietan dauden zerbitzu, instalazio, hiri-altzari eta gainerako elementuak, beren izaera, helburua eta xedea kontuan hartuz eta gainerako pertsona guztiek ere haiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuz.
8. artikulua. Debeku orokorrak.
Debeku da:
a) Hiri-altzarien elementuak hondatzea, haiei kalte egitea eta ebastea.
b) Espazio publikoen erabilera arruntean bide publikoa zikintzea eta edozein motatako hondakinak bota eta uztea, hala nola zigarro-mutxikinak, azalak, paperak, txikleak, janari-hondarrak, ontziak, poltsak eta antzeko hondakinak; horretarako jarritako paperontzi eta edukiontzietan utzi beharko dira.
c) Eragozpen larriak (zaratak, gizalegearen kontrako ekintzak) eragiten dituzten jarduerak egitea.
d) Legez kontrako substantziak kontsumitzea eta bizikidetasunaren kontrako jarduerak.
e) Jarduketak egitea ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabileraren edo helburuaren kontrakoa bada, haien hondatzea badakar edo haien estetikari galera badakarkio.
f) Behar fisiologikoak asetzea, hala nola kaka, pixa edo tu egitea, ordenantza honen 1. artikuluan zehazten diren eremuetako edozeinetan.
g) Etxeko animalien jabe eta edukitzaileek eta haiek espazio publikoetan gidatzen dituztenek betebeharra dute animalia horien deiekzioak berehala jasotzeko, eta kasu guztietan zaindu beharko dute espaloietan eta bestelako igarotze-espazioetan ez dezaten pixarik eta kakarik egin. Animaliek ez dute solte joan behar, eta kontrolpean joan beharko dute une oro.
h) Debekatua dago espazio publikoan jarduerak eta zerbitzuak ematea, baldin eta udal-baimena behar badute eta halakorik ez badaukate.
i) Debeku da hondakin likidoak euri-uren sarera edo zuzenean ibaira, urmaeletara edo iturrietara isurtzea, ingurune naturalari kalte egiten dioten xaboiak, garbigarriak, koipeak edo gisako beste gai batzuk baitituzte.
j) Inausketen hondarrak, baratzeetakoak eta gisako bestelako hondakin organikoak edukiontzi egokietara botako dira.
k) Debeku da ordenantza honen 1. artikuluan definituriko hiri-altzarietan eta bestelako ondasunetako edozeinetan jarduketak egitea, haien erabileraren edo helburuaren kontrakoa bada, haien hondatzea badakar edo haien estetikari galera badakarkio, apurtu, erauzi, behar ez bezala mugitu eta erre direlako, materialak eta substantziak erabili direlako edo beste jardueraren baten bidez. Bereziki debekatzen dira jarraian zerrendaturiko jokabideak:
1) Farol, kutxatila eta kaxa elektrikoen instalazio eta elementuak manipulatu, eraldatu eta aldatzea, baldin eta luminaria, paldoak, basamentuak eta barne-konexioak hausten badira, eta tapak, erregistroak eta antzeko elementuak hautsi eta ebastea, instalazioen funtzionamendu normala eragozten dutenak.
2) Aldatzea eta eraldatzea herriko kale eta plaza publikoetako instalazioak jolasetan, kirol-eremuetan, dutxa publikoetan, bankuetan, horma-hobietan, plaketan eta apaingarrietan.
3) Kaleak eta gainerako elementuak identifikatzeko eta haien erabilera egokia azaltzeko espazio publikoetan erabiltzen diren errotuluak aldatzea eta eraldatzea.
4) Autobus-geltokiak, markesinak eta trafiko-seinaleak aldatzea eta eraldatzea.
5) Bide eta espazio publikoetako paperontzi eta edukiontziak manipulatzea, mugitzea, erauztea, su ematea, iraultzea eta haien edukia lurrean botatzea, haietan idaztea, paperak eta itsasgarriak jartzea eta haien estetika kaltetu eta erabilera oztopatzen duen beste edozein ekintza, bai eta petardoak, zigarro-mutxikinak eta piztutako beste edozein material, tresna eta objektu arriskutsu uztea ere.
6) Zuhaitzak moztu, apurtu eta astintzea, adar eta hostoak ebakitzea, azalean grabatzea eta hura urratzea, bide publiko eta parke eta lorategietako zuhaitz, landare eta txorkoen inguruan eta bide publikoetatik ikusgai diren espazio publikoetan edozein motatako likidoak botatzea –kaltegarriak ez badira ere–, zabor eta hondakinak bota eta zabaltzea.
7) Hiriko lorategi eta parkeetako landareak eta instalazio osagarriak hondatzea, kalteak eragitea eta zikintzea, eta kasurik ez egitea kartel eta oharretan jasotako jarraibideei eta esparruetako zaindariek edo albienteak emandakoei.
8) Zuhaitzetan gora igotzea eta ureztatze-sistemak manipulatzea.
Agindu honetan arauturiko arau-hausteak egiten dituzten adingabeen guraso, tutore eta gainerako legezko tutoreak izanen dira arau-hauste horien erantzule subsidiarioak.
9. artikulua. Parke eta lorategiak erabiltzea.
Parke eta lorategiak nagusiki paseorako, atsedenerako, aisialdirako eta haien izaerarekin bat datozen jardueretarako erabiliko dira.
Herritarren atsedena eta natura-ingurunea errespetatu beharko ditu haien erabilerak.
Debeku da:
–Soropila hondatzea eta haren gainean kanpatzea.
–Loreak edo landareak ebatsi, errotik erauzi edo hondatzea, eta, oro har, parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak behar ez bezala erabiltzea.
–Etxeko animaliak solte uztea.
–Lorategi-guneetan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea.
–Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo beste zeinahi produktu botatzea, gune berdeei kalte egin diezaieketenak edo gustu onari eta estetikari erasan diezaieketenak.
–Parke eta lorategietan sua egitea, baimen espresua izan ezik.
–Ibilgailuak lorategietan aparkatzea.
–Lorezaintzan erabilitako materiala lapurtu, hondatu edo manipulatzea (pardak, konposta, birrintzea, hesiak, geoehunezko tapakiak, ureztatzeko ekipoak, aspertsoreak, difusoreak, kutxeten estalkiak, euri-sentsoreak eta abar).
–Udal-baimena beharko da ekitaldiak, kirol-jarduera antolatuak, ospakizun partikularrak eta ekitaldi publikoak egiteko. Ez da ospakizun, bazkari, afari, askari edo antzekorik egiten ahalko, ez pertsonalak, ez familiakoak. Debekatuta dago mahaiak, aulkiak eta karpak paratzea, janaria prestatzea...
–Debekatuta dago karpak, eguzkitakoak eta, oro har, lorategietan iltzatu beharreko beste edozein elementu jartzea.
Parkeak eta lorategiak bisitatzen dituzten pertsonek karteletan eta abisuetan jasotako jarraibideak bete beharko dituzte, bai eta lorategietako udal-langileek, udaltzainek edo albienteek egin ditzaketenak ere.
10. artikulua. Altzari, ekipamendu eta ondasun publikoen erabilera.
Artikulu honetako arauen oinarria da herriko paisaiaz gozatzeko eskubidea, ezin baita bereizi hura behar bezalako kondizioetan atxikitzetik garbitasunaz, txukuntasunaz eta xahutasunaz den bezainbatean.
Hiri-altzariak (bankuak, paperontziak, haur-jolasak, iturriak) erabili beharko dira haien zertarakoarekin bat etorriz.
Debeku da eremu publikoetan dauden paperontziak edo edukiontziak nolanahi erabiltzea, kalteak eragin, haien estetika andeatu edo erabilera oztopatzen bada. Bereziki debeku da haiek mugitzea, erauztea, erretzea, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea.
Debeku da hiri-hondakinetarako paperontzi eta edukiontzietan tresna edo objektu arriskutsu edo kaltegarriak botatzea.
Ordenantza honek babestutako edozein ondasunetan pintadak egiten, kristalak marratzen edo hausten, kentzea zailtzen duten itsasgarriekin kartelak jartzen edo hondatzen duen beste edozein ekintza egin bada, Udalak enpresari, erakundeari edo pertsona arduradunari egotziko dio garbiketa-, berritze-, egokitze- edo zaharberritze-fakturen kostua, dagokion zehapena alde batera utzita.
Debeku da edukiontzietatik edo inguruetan zaborrak edo tamaina handikoak (altzariak, alfonbrak, sofak, koltxoiak, etab.) eta etxetresna elektriko handiak kanpoan uztea, eta Mankomunitateak horretarako duen zerbitzua eskatu behar da.
Olioa, pilak, etxetresna elektriko txikiak eta abar horretarako prestatutako garbiguneetara eraman beharko dira.
Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea.
Aurreko atalean agertutako debekutik kanpo geldituko dira Udalaren baimena izanda egiten diren horma-irudi artistikoak. Udal baimena ematea aukerakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.
11. artikulua. Haur-parkeak erabiltzea.
Haur-parketzat hartuko dira berariaz adingabeen jolaserako ekipamendua duten eta berariazko araudirik ez duten aire zabaleko espazioak.
Jolas-eremuak batez ere adingabeentzat izanen dira. Arduradunek zaindu beharko dute haien erabilera.
Debekatua dago:
–Adierazitako adin-tartetik kanpoko pertsonek behar ez den eran erabiltzea haur-jolasak.
–Instalazioak andeatzea edo bandalizatzea.
–Debekatuta daude animaliak eremu horietan, araututako salbuespenetan izan ezik.
Haur-parkeek hainbat adin-tartetako adingabeentzat gordetako jolas-eremuak izaten ahalko dituzte, betiere 14 urtetik beherakoentzat.
Sei urtetik beherakoek, haurren jolas-eremuetan dauden bitartean, pertsona heldu batekin egon beharko dute etengabe, eta pertsona horrek zaintzeko ardura hartuko du.
Adin nagusikoek ez dituzte erabiltzen ahalko haur-parkeetako jolas-elementuak.
Erretzea debekatuta egonen da haur-parkearen esparru osoan.
Ibilgailu motordunek zirkulatzea debekatuta dago haur-parkeetan.
12. artikulua. Udal-karpak erabiltzea.
Helburu hauekin erabiltzen ahalko da udal-karpa:
a) Kirol- eta aisialdi-jarduera puntualak eta aldizkakoak ez diren kirol-ekitaldiak, baimenarekin.
b) Udalak antolatu edo baimenduriko jai-, kultura- eta gizarte-ekitaldiak.
Balio anitzeko erabilerarako instalazio publiko bat da udal-karpa.
Udal-baimena beharko da ekitaldiak, kirol-jarduera antolatu edo zuzenduak eta ekitaldi publikoak egiteko.
Berariaz debekatuta dago:
a) Edozein motatako eskola, ikastaro eta prestakuntza pribatuak ematea.
b) Ohiko eta aldizkako entrenamenduak eta entrenamendu profesionalak egitea.
c) Klub, elkarte eta kirol-erakundeen egoitza finko gisa erabiltzea karpa, ohiko entrenamenduak egiteko.
d) Udalak berariaz baimendu ez duen edozein irabazizko jarduera.
e) Instalazioei kalte egitea edo aldatzea.
f) Material arriskutsuak sartzea.
g) Biztanleen bizikidetzan eragozpen larriak eragiten dituzten jarduerak egitea.
h) Ibilgailuak esparruan sartzea.
i) Ez da egiten ahalko ospakizun pertsonal eta familiarrik: bazkari, afari, askari eta antzekoak.
j) Karpan sartzea ibilgailu motordun, moto, bizikleta eta patineteekin.
k) 18 urtetik gorakoek karpako instalazioak erabiltzea, ez badira Udalak antolatu edo baimenduriko jarduerak.
Ordutegiak eta erabiltzaileen adin-tarteak betetzea nahitaezkoa eta zigortzeko modukoa da.
Udal-karpara sartzen diren edo hura erabiltzen duten pertsonek karteletan eta abisuetan jasotako jarraibideak bete beharko dituzte, bai eta lorategietako udal-langileek edo udaltzainek edo albienteek eman ditzaketenak ere.
Ingurunea zaintzeko baldintzak ezartzen ahalko ditu Udalak.
IV. titulua.–Eremu publikoa okupatzea
13. artikulua. Ekitaldi publikoak.
1. Eremu publikoetan ekitaldiak antolatzen dituztenek pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatu behar dute. Horretarako, segurtasunerako eta norbera babesteko baldintza orokorrak bete behar dituzte, kasu bakoitzean organo eskudunak zehaztuko baititu.
Eskaera 15 egun natural lehenago egin beharko da. Egiten ez bada, automatikoki ukatuko da.
2. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sortzen bada edo kalte egiten bazaie hiri- edo arkitektura-elementuei, antolatzaileak izanen dira erantzule, eta administrazioak behartu eginen ditu erabilitako edo hondatutako ondasunak lehengoratzera.
3. Antolatzaileei komunak jartzeko eskatuko zaie ekitaldira 100 pertsona baino gehiago joatekoak badira, eta fidantza bat eratzeko, garbiketa- eta ingurumen-lanetatik nahiz ekitaldia ospatzetik erator daitezkeen bestelako kalte-galeretatik eratorritako erantzukizuna bermatzeko. Kasuan kasuko eremu publikoa ederki geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.
Fidantzaren zenbatekoa 200 eurokoa izanen da.
4. Betiere, ekitaldi publikoen antolatzaileek kalteak bermatzeko erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat egin beharko dute, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.
5. Udalak, nolanahi ere, eskatutako kokalekuaren egokitasuna baloratuko du, leku berean jarduerak behin eta berriz egiten direnean bizilagunen atsedena zaindu eta bermatzeko. Baztertu eginen dira astean bi ekitaldi edo gehiago leku berean kateatzea dakarten eskabideak. Udalaren erabakia apelaezina izanen da.
14. artikulua. Askaldegiaren erabilera
Udal-igerilekuaren eta futbol-zelaiaren ondoan dagoen askaldegia erabiltzeko, aldez aurretik instantzia aurkeztu eta erreserba egin beharko da udal-bulegoetan, eta hark baimena eman beharko du; udal-igerilekua irekitzeko denboraldian bakarrik. Lorategi eta parkeen erabilerarako adierazitako arauak aplikatuko dira askaldegiaren erabileran ere.
V. titulua.–Ikuskapena eta zehapen-araubidea
15. artikulua. Xedapen orokorrak.
1. Zehatzeko ahalmena arlo honetan erabiltzeko legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio zehapenak ezartzeko.
2. Zehapen-prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak arau-hauste administratibo ez ezik zigor-zuzenbideko arau-hauste ere izaten ahal direla, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta geldiarazi eginen du zehapen-prozedura –hasita badago–, harik eta agintaritza judizialak erabakia hartzen duen arte.
Zehapen-prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio-epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.
3. Arau-haustearen erantzulea haren ondorioz sortutako kalte-galeren erantzulea ere izanen da; kalte-galeren ordaina Fontellasko Udalak erabakitzen duen maneran eginen da, edozein dela ere arau-hausteari dagokion zehapena.
4. Udal-zerbitzuei dagokie ordenantza hau betetzen dela zaintzea.
16. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, izan egiteak nahiz ez-egiteak, oso astuntzat, astuntzat edo arintzat joko dira.
17. artikulua. Arau-hauste oso astunak.
Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:
a) Herritarren bizikidetza modu larri, berehalako eta zuzenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, baldin eta herritarren segurtasunaren babesari buruzko araudian tipifikatutako arau-hausteetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.
b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz baliatzen ez uztea.
c) Zerbitzu publiko baten ohiko funtzionamendua galaraztea edo larriki eta nabarmen oztopatzea.
d) Larriki eta nabarmen hondatzea zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak.
e) Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe, haientzat prestatutako tokian zirkulatzea.
f) Larriki eta nabarmen hondatzea espazio publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu higigarri nahiz higiezin, herritarren segurtasuna asaldatzetik eratorriak ez direnak. Betiere, honako jokaera hauek izanen dira arau-hauste:
–Seinale publikoak hautsi, erauzi edo hondatu edo haietan kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.
–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larriz.
–Bide publikoan eta parke eta lorategietan kokatutako zuhaitz eta landareetan kalte oso larriak eragitea.
g) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin arriskuan jartzen badute pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala.
h) Nahita itzaltzea argiteria publikoko edozein sistema.
i) Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.
18. artikulua. Arau-hauste astunak.
Arau-hauste astunak honako hauek dira:
a) Herritarren bizikidetza larriki eragoztea, halako moduz non galarazten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo denetariko jarduerak normal egitea, aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari dagokionari jarraikiz, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian.
b) Zerbitzu edo eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea beste pertsona batzuei.
c) Larriki eragoztea zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta.
d) Zerbitzu edo eremu publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.
e) Bide publikoan eta parke eta lorategietan kokatutako zuhaitz eta landareetan kalte larriak eragitea.
f) Bide publikoan sua piztea, ondasun publiko edo pribaturen bati kalte egiten bazaio.
g) Osasungarritasun edo apaindura publikoa modu larrian trabatzea. Betiere, arau-hauste astuna izanen da:
–Zaborrak edo hondakinak botatzea estolderia-sarera edo bide edo espazio publikoetara eta, horrela, ibiltzea eragoztea edo osasungaiztasun-arriskua sortzea. Halaber, txakurren gorotzak espaloietan uztea, espaloietatik ibiltzea oztopatzen badute.
–Bide publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.
–Ibilgailu bat eremu publikoan uztea saltzeko edo alokatzeko edo funtsean publizitatea egiteko.
h) Oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak nahita eragoztea haientzat prestatutako lekuetan.
i) Arau-hauste arin bat egitea, espresuki debekatua denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu oso larria eragitea.
j) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.
k) Edozein kasutan, arau-hauste astuntzat joko da ez betetzea 8. artikuluko f) apartatuan eta 9., 11. eta 12. artikuluetan zehazturiko debekuak.
19. artikulua. Arau-hauste arinak.
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Herritarren bizikidetza arinki eragoztea, halako moduz non galarazten baita beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari dagokionari jarraikiz, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian.
b) Zerbitzu publiko edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen arinki eragoztea. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea, edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea, baimenik gabe.
–Bide publikoan sua piztea, baldin eta ondasun publiko edo pribatuei kalterik eragiten ez bazaie.
–Baimenik gabe kanpatzea.
–Eremu publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.
–Eremu publikoetan autoak garbitu edo konpontzea.
c) Arinki eragoztea zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta. Honako hau arau-haustea izanen da beti:
–Iturri edo urmael publikoetan bainatzea, muturreko beroa dela-eta horretarako baimenik izan gabe.
–Ikastegietara sartzea eskola-orduetan txakurrekin –salbu eta txakur gidariekin–, patineteekin edo bizikletekin, baldin eta ikastetxearen berariazko baimenik ez badu edo ikastetxeak berak edo Udalak antolatutako jardueraren baten parte ez bada.
–Instalazioan, ekipamenduan edo eremu publikoan egotea ezarritako ordutegitik kanpo, udaltzainek handik ateratzeko eskatu badute.
d) Arinki hondatzea zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Edozein ondasunetan edo eremu publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.
–Bide publikoan eta parke eta lorategietan dauden zuhaitz eta landareetan kalte arinak eragitea.
e) Arinki eragoztea osasungarritasun edo apaintasun publikoa. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Lagun egiteko animalien gorotz eta pixez zikintzea eta haiek ez garbitzea erabilera publikoko espazioetan.
–Bide publikoan pixa, kaka edo tu egitea.
–Bide publikoan zaborra edo beste edozein gauza botatzea edo bertan uztea.
–Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.
f) Baimen baten baldintzak ez betetzea, betiere kalifikazio larriagorik merezi ez badu.
g) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, astun edo oso astun gisa sailkatu ez direnak.
h) Errespetu falta edo desobeditze arina, agintaritzako agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste arina egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoan agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.
20. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinei 60 eta 199,99 euro arteko isuna ezarriko zaie, 18. artikuluaren b) eta e) apartatuetan tipifikatutakoei izan ezik, halakoei 150 eta 199,99 euro arteko isuna ezarriko baitzaie.
Arau-hauste astunei 200 eta 599,99 euro arteko isuna ezarriko zaie.
Arau-hauste oso astunei 600 eta 1.500 euro arteko isuna ezarriko zaie.
Errekurtsoen araubidea: legez ezarritako errekurtsoak jartzen ahalko dira ordenantza honetan xedatutakoa hausteagatik paratutako zehapenen aurka.
21. artikulua. Kalteak konpontzea.
Gauzak arau-haustearen aitzineko egoerara lehengoratzeko egin beharreko jarduketak egiten ahalko ditu Udalak, horretarako obligazioa duen pertsonaren kontura.
Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera tramitatuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.
Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazten diren zehapenak ezartzean, bestelakotu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau-hausleari. Eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.
22. artikulua. Erantzuleak.
1. Ekitaldi publikoetan, antolatzailea edo sustatzailea izanen da erantzule, eta nortasun juridikorik gabeko taldeak izanez gero, eskatzaile agertzen dena.
2. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen zuzeneko egileak izanen dira erantzule.
3. Orokorrean, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen arau-hauste administratiboak prebenitzeko.
Erantzulea adingabea bada edo inputazioa egitea eragozten duen legezko arrazoiren bat badago, gurasoek, tutoreek edo legezko zaintza dutenek erantzunen dute.
Arau-haustea dakarten jarduketak zenbait pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.
23. artikulua. Zehapenen mailakatzea.
Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondotik, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:
a) Berrerortzea: baldin urtebetean astuntasun bereko arau-hauste bat baino gehiago egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaraturik.
b) Errepikatzea: urtebetean arau-hauste astunago bat egin bada, edo astuntasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaraturik.
c) Intentzionalitatea.
d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.
e) Eragindako kalteen izaera eta larritasuna.
f) Eragindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.
24. artikulua. Kautelazko neurriak.
Nolanahi ere, arau-hausleak bizikidetzan eta eremu publikoen babesean eragin negatiboa duen jokabide bat gauzatzen jarraitzen badu eta jokabide horrek beste erabiltzaile batzuei eragozpenak sortzen badizkie, hori saihesteko beharrezkoak diren kautelazko neurriak hartzen ahalko dira.
Honi dagokionez, aldi baterako kendu edo altxatzen ahal diren ondasunak izanen dira hauek: ganibetak, labanak eta arma debekatu gabeak eta gauza sendoak, gai piroteknikoak, erremintak eta materialak, baita puntu honetan espresuki bildu gabeko beste edozein gauza ere, agintaritzako agenteen aburuz inork erabiltzen baditu ordenantza honetako aginduak urratzeko, eta komenigarria bada aldi baterako kentzea edo altxatzea.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau osoko bilkuran onetsi eta aldizkari ofizialean argitaratu ondotik sartuko da indarrean, legez ezarritako epea igarotzen denean.
Iragarkiaren kodea: L2609930
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
