2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERIAIN
Ordenantza, etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena
Beriaingo Udalak, 2026ko apirilaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen udal ordenantza.
Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2026ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 30ean.
Jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu.
Hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da, eta testu osoa argitaratzen da.
Aplikatu beharreko araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Beriainen, 2026ko uztailaren 27an.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.
ORDENANTZA, ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da honako arau hauek babes harturik: martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; zehazki, II. tituluko VIII. kapituluko 184.etik 191.era bitarteko artikuluak, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
Zerga-egitatea
2. artikulua. Zerga-egitatea da Beriaingo udal-mugartean diren etxebizitza hutsen titulartasuna.
3. artikulua. Zerga honen ondorioetarako, etxebizitza huts gisa hartzen da etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak halakotzat deklaratu, eta Etxebizitza Hutsen Erregistroan alta eman zaiona Etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeari jarraikiz.
Subjektu pasiboak
4. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta nortasun juridikorik izan ez arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta:
a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean ez dagoenean bestelako gozamen- edo erabilera-eskubide errealik.
b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamen- edo erabilera-eskubide erreal baten titular baldin badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.
Salbuespenak
5. artikulua.
1) Zergaren aplikaziotik salbuetsita egonen dira:
a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta haiek etxebizitza dagoen herritik kanpora betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzekoa zaien legediari jarraikiz.
b) Etxebizitzen titularrak baldin badira ohiko bizileku duten herritik kanpora aldi baterako joan behar izaten duten langileak, arrazoi teknikoengatik, antolamendukoengatik nahiz ekoizpenekoengatik edo, bestela, enpresaren jardunari dagozkion kontratazioengatik, edo langileek lanean tokiz aldatu behar izateagatik.
c) Administrazio Publikoaren esku jarri diren etxebizitzak (Nasuvinsa edo kasuan kasuko entitatearen esku), gizarte-alokairurako erabiltzeko.
2) Betiere zerga-salbuespena etxebizitza bakar batek izanen du.
Zerga-oinarria
6. artikulua. Zerga-oinarria izanen da indarrean dagoena hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren ordainarazpenerako.
Kuota
7. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.
Karga-tasa
8. artikulua.
1) Karga-tasa izanen da Udaleko osoko bilkurak onesten duena ekitaldi bakoitzerako, etxebizitza Etxebizitza Hutsen Erregistroan inskribaturik dagoen lehenengo eta bigarren urteetarako. Karga-tasak tarte hauen barnean egon beharko du:
–%0,25 eta %0,50 artean lehen urterako.
–%0,50 eta %1 artean bigarren urterako.
–%1,5 hirugarren urterako eta hurrengoetarako.
2) Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako.
Zergaren sortzapena
9. artikulua.
1) Zerga lehen aldiz sortuko da etxebizitza hutsik dagoela deklaratzen duen kasuko ebazpena ematen denean.
2) Gero, zerga urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da, Etxebizitza Hutsen Erregistroan etxebizitza alta emanda dagoen bitartean.
3) Kuotak seihilekokoak izanen dira, seihilekoak naturalak izanen direlarik, eta horien barnean, zatiezinak eta txikiezinak.
4) Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, eskatzen ahalko dute itzul dakiela zergaren sortzealdiari dagozkion kuoten zati proportzionala, etxebizitzak okupatzen diren unetik aurrerakoa.
Zergaren kudeaketa
10. artikulua. Zergaren ordainarazpena egiteko, Beriaingo Udalak eguneratuta eduki beharko du Etxebizitza Hutsen Udal Errolda, Etxebizitza Hutsen Erregistroan gertatzen diren altak eta bajak kontuan harturik. Alta eta baja horiek Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak ofizioz jakinaraziko dizkio Udalari.
11. artikulua. Erregistroan alta emanda, Beriaingo Udalak titularrari jakinaraziko dio alta hori, eta adieraziko dizkio zerga-oinarria eta karga-tasa indarduna.
12. artikulua. Zerga kudeatzeko, erabiliko dira lur-ondasunen gaineko kontribuzioa kudeatzeko erabiltzen diren arau berak, eta batera eginen dira kasuko likidazioak eta kobrantza-agirien igorpenak.
Iragarkiaren kodea: L2610451