2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ULTZAMA
Oposizio-lehiaketa, barne-igoera murriztuaren bidez betetzeko basozain eta zerbitzu anitzetako langile izateko plaza bat
Ultzamako alkatearen uztailaren 23ko 151/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi ziren, barne igoera murriztuaren bidez betetzeko basozain eta zerbitzu anitzetako langile izateko plaza bat Ultzamako Udalean.
Deialdi horren oinarri arautzaileak argitaratzen dira, betez xedatutakoa eta indarrean dauden lege-aurreikuspenak.
Larraintzarren (Ultzama), 2026ko uztailaren 23an.–Alkatea, Martín M.ª Picabea Aguirre.
DEIALDIA, BARNE IGOERA MURRIZTUAREN BIDEZ BETETZEKO BASOZAIN ETA ZERBITZU ANITZETAKO LANGILE IZATEKO PLAZA BAT ULTZAMAKO UDALEAN
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da basozain eta zerbitzu anitzetako langile izateko lanpostu bat betetzea, C mailakoa edo gradukoa, oposizio murriztuaren bidez, Ultzamako Udalaren zerbitzuko plantillako langile finkoen artean, baldin eta betetzen badituzte deialdi honetan eskatzen diren baldintzak.
Hautaproba murrizturako deia egiten da betez 15.6 artikuluan ezartzen duena abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak (horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina) eta, orobat, betez Ultzamako Udalaren zerbitzuko langileen akordio kolektibo indarduneko enplegu-baldintzak.
2026rako plantilla organikoaren aldaketa 2026ko ekainaren 18an onetsi zen behin betikoz, eta 2026ko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 6an. Plantillan ezarri zen barne-igoera murriztu bat eginen zela, C mailara igotzeko basozain eta zerbitzu anitzetako langile izateko lanpostua (plantilla organikoko 5 zenbakidun plaza). Horretarako, bada, hautaproben deialdia eginen zen, jarraikiz ezarrita dagoenari 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan. Maila horretara igotzen denak onetsitako plantilla organikoan adierazitako ordainsari osagarriak jasoko ditu. Maila horretan sartzeko arrazoia da goragoko mailari dagozkion zereginak bete beharra.
1.2. Dagozkion hautaprobak gainditu ondoren lanpostu hori betetzeko izendatzen den izangaia mailaz igoko da, eta sartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren C mailan. Maila horri dagozkion ordainsariak jasoko ditu, eta onetsitako plantilla organikoan jasotako osaagrriak aplikatuko zaizkio. Une horretara arte D mailako zerbitzu anitzetako langile gisa betetzen zuen lanpostua automatikoki amortizatuko da, eta, beraz, ez du inolako gehikuntzarik eraginen Ultzamako Udalaren plantilla organikoko plaza kopuruan, ez eta langile kopuruan ere.
1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
1.4. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen araubide juridikoa edo lan-kontratudunen araubide juridikoa. Halaber, eutsiko dio Gizarte Segurantzaren eta osasun laguntzaren araubide berari.
1.5. Deialdiko mailari eta kategoriari dagozkien eginkizunak beteko ditu izendatutakoak, eta segituko du lehendik zegoen udal alorrari atxikita, baina, ordura arte zituen zeregin eta eginkizunez gain, bete beharko du lanpostuaren sailkapen maila berriaren arabera agintzen zaion beste edozein ere.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Ultzamako Udaleko langile finkoa izatea, D mailan edo graduan, eta izendatua izan izana basozainaren eta/edo zerbitzu anitzetako langilearen lanpostu bat betetzeko edo lanpostu horren adjudikaziodun izatea, euskarazko hizkuntza-eskakizuna hau duena: ahozko B2 maila eta idatzizko B1 maila.
b) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hauetako bat edukitzea: Batxilergo titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulazioaren baldintzaren ordez, kasu honetan (C maila) aukeran egonen da zortzi urteko antzinatasun aitortua frogatzea administrazio publikoen zerbitzuan, bat etorriz 251/1993 Legegintzako foru-dekretuaren 15.2 artikuluan ezarritakoarekin.
c) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada administrazio honetako beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
d) Bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea Nafarroako Administrazio Publikoetan.
Baldintza horiek guztiak hautaturiko izangaiak deialdi honetan ezarritako epean eta moduan frogatu beharko ditu. Ulertuko da baldintza horiek bete behar direla eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, halaber, bete beharko dira hautapen-prozesu osoan, izendapena egiten den arte.
3.–Eskabideak.
3.1. Hautaketa-prozedura honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskabidea, deialdi honen II. eranskineko ereduaren arabera, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, hogei egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira merezimendu guztiak, epaimahaiak deialdi honen arabera baloratu behar dituenak.
3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.
4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Izangai bazterturik ez bada, zerrenda hori zuzenean onesten ahalko da behin betiko zerrenda gisa.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Martín M.ª Picabea Aguirre, Ultzamako Udaleko alkatea.
1. epaimahaikidea: Enrique Montero Santaeugenia, Ultzamako Udaleko basoen kudeaketako eta mendietako teknikaria (Basogintzako ingeniari teknikoa).
2. epaimahaikidea: Iñaki Mendizabal Segurola, Ultzamako Udaleko hirigintzako eta obretako teknikaria (arkitektoa).
3. epaimahaikidea: M.ª Aránzazu Urroz Mutuberria, Ultzamako Udaleko administrari-ofiziala.
Epaimahaikide idazkaria: Alfonso Araujo Guardamino, Ultzamako Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi, eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zer ordutan hasiko den oposizio-lehiaketa.
6.3. Oposizioaldia.
6.3.1. Ariketa teoriko-praktikoa: idatziz erantzun beharko zaie zenbait galderari. Horiek izanen dira I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bakarra izanen da zuzena. Ariketa egiteko gehieneko denbora izanen da epaimahaiak ezartzen duena.
6.3.2. Epaimahaiak iragarki-taulan eta, kasua bada, web-orrian emanen du argitara lehen ariketaren emaitza, eta hiru egun naturaleko epe bat irekiko da alegazioak egiteko. Hura bukatutakoan, eta alegazioak ebatzita (baldin aurkeztu badira), behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
6.3.3. Oposizioan 80 puntu lor daitezke gehienez, eta 40 puntu beharko dira gainditzeko.
6.3.4. Hautaprobak amaituta, epaimahaiak izangaiek lortutako kalifikazioen zerrenda argitaratuko du probak egiten diren tokian, bai eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian ere.
6.3.5. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta haietara izangaiek agertu beharko dute nortasun agiri nazionala edo horren legezko baliokidea aldean daramatela. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.
6.4. Lehiaketaldia.
6.4.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, jarraian azaltzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
6.4.2. Merezimenduen baremoa:
a) Zerbitzuak egin izana Nafarroako toki-administrazio batean, C maila edo graduko basozain edo zerbitzu anitzetako langile gisa: 1,00 puntu urte bakoitzeko.
b) Zerbitzuak egin izana Nafarroako administrazio publikoetan, toki-administrazioez bestelakoetan, C maila edo graduko basozain edo zerbitzu anitzetako langile gisa: 0,50 puntu urte bakoitzeko.
c) Zerbitzuak egin izana Nafarroako toki-administrazio batean, D maila edo graduko basozain edo zerbitzu anitzetako langile gisa: 0,50 puntu urte bakoitzeko.
d) Zerbitzuak egin izana Nafarroako administrazio publikoetan, toki-administrazioez bestelakoetan, D maila edo graduko basozain edo zerbitzu anitzetako langile gisa: 0,50 puntu urte bakoitzeko.
Lan egindako aldiak urtebetetik beherakoak badira, hainbanatu eginen dira.
e) Titulu akademikoak:
–Goi mailako titulazio akademikoak: 2 puntu, titulu bakoitzeko.
–Erdi mailako titulazio akademikoak: puntu bat, titulu bakoitzeko.
Titulu akademiko batzuk merezimendu gisa alegatu badira eta baremoaren barrenean berariazko balorazioa badute, ez dira baloratuko titulu horiek lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak. Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.
6.4.3. Lehiaketaldiko puntuazioa 20 puntukoa izanen da gehienez.
6.4.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du merezimenduen behin-behineko balorazioa, Udalaren iragarki-taulan eta, kasua bada, web-orrian, eta hiru egun naturaleko epea irekiko da alegazioak egiteko. Hura bukatutakoan, eta alegazioak ebatzita (halakorik aurkeztu bada), behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
7.–Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak Ultzamako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko du gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta.
7.2. Epaimahaiak izendapen proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari, egoki den izangaiaren alde, hau da, prozedura gainditu eta deialdiko plazan sartzen den izangaiaren alde. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
8.1. Aurreko oinarrian aipatutako hautaketa-prozedura bukatutakoan, alkateak, izendapen proposamenarekin bat, ebazpen bidez izendatuko du prozedura gainditu eta deialdiko plazan sartzen den izangaia, eta hark izanen duen maila berria zehaztuko du. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Izangai izendatuak plazaz jabetu beharko du, edo lan-kontratuaren eranskina formalizatu, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean. Norbait plazaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, maila berria eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa. Arriskuak detektatzea eta ebaluatzea lorezaintzako, basogintzako, igeltserotzako eta altuerako ohiko lanetan.
2. gaia.–Lantaldeen koordinazioa eta kudeaketa. Lan-arloko legediari eta kontratazioari buruzko oinarrizko ezagutzak.
3. gaia.–Elektrizitatea. Eraikinetako banaketa koadroak eta argiztapen-zirkuituak: potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak. Etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak eta lanparak. Polimetroa erabiltzea.
4. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen eta galdaren mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza-zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak. Tresnak. Materialak. Mantentze- eta konpontze-lanetarako oinarrizko eragiketak.
5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Tresnak. Materialak. Igeltserotza-lanak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta paretak egitea. Zimenduak jartzea. Lurperatzeak.
6. gaia.–Eraikinen, bideen eta hiri-altzarien mantentze-lanak. Pintura-lanak, oro har; bideetako pintura. Pinturako tresnak, materialak eta produktuak, pintura-lanak.
7. gaia–Manipulatzaile teleskopikoa erabiltzea: segurtasunari lotutako alderdiak, manipulatzea, erabiltzea eta oinarrizko mantentze-lanak.
8. gaia.–Lorezaintzari buruzko kontzeptu orokorrak. Tresnak, produktu fitosanitarioekin egindako tratamenduak. Lorezaintzako berariazko makinen mantentze-lanak.
9. gaia.–Motozerra: deskripzioa eta mantentze-lanak. Zuhaitzak moztea motozerraz. Oinarrizko alderdiak eta beharrezko segurtasun-ekipoa.
10. gaia.–Ultzamako naturagune babestuak. 9/1996 Foru Legea, ekainaren 17koa, Nafarroako Naturaguneei buruzkoa.
11. gaia.–Natura 2000 Sarea Ultzaman. Kontserbazio eremu bereziak kudeatzeko planak: kontserbatu beharreko balio naturalak.
12. gaia.–Ultzamako basoen aberastasuna: basoko espezieak, banaketa, berroneratzea, ezaugarri botanikoak, ekologia eta garrantzia, kontserbazioaren ikuspegitik eta sortzen dituzten etekin komertzialak kontuan hartuta.
13. gaia.–Ultzamako Udalaren jabetzako herri-basoak: erabilerak eta aprobetxamenduak. Horiek arautzen dituzten ordenantzak ezagutzea: Epaitzak, galdaretarako biomasa eta aziendendako mendi-larreak.
14. gaia.–Baso aprobetxamenduak. Baso aprobetxamendua izapidetzea. Baso aprobetxamenduaren baldintza-agiria. Baso ustiategietan erabiltzen den makineria. Hartu beharreko babes eta prebentzio neurriak.
15. gaia.–Zuhaitzak neurtzea eta kubikatzea. Dentsitatea, azalera basimetrikoa, altuerak eta bolumena.
16. gaia.–Baso-tratamenduak. Mozketa motak eta hobekuntzak, eta horiek zer espezietan egiten diren.
17. gaia.–Ehiza Ultzaman: 17/2005 Foru Legea, abenduaren 22koa, Nafarroako ehizari buruzkoa, eta hura garatzeko erregelamendua. 195E/2026 Foru Agindua, ekainaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2026-2027 denboraldirako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duena.
18. gaia.–Ehiza-espezieen populazioak, jarraipena eta kontrola. Ultzamako ehiza-barrutia antolatzeko plana (Na 10.206) eta urteko kudeaketa-plana. Kalteak prebenitzea eta kudeatzea. Habitata mantentzea eta zaintzea, hobekuntza teknikak.
19. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Udalerria. I. kapitulua. Lurraldea eta biztanleria.
20. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
21. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea.
22. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko tituluaren II. kapitulua.
II. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf
Iragarkiaren kodea: L2610372