159. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Lekualdatze-lehiaketa berezia, bete dadin Orkestrako Zuzendaritza eta Abesbatzako irakasle plaza bat

Alkatetzaren uztailaren 13ko 3085/2026 Ebazpenaren bidez deialdia eta haren oinarriak onetsi ziren, Orkestrako Zuzendaritza eta Abesbatzako irakasle plaza bat betetzeko lekualdatze-lehiaketa bereziaren bidez.

I. ERANSKINA.–DEIALDIA, TUTERAKO UDALAREN ZERBITZUKO ORKESTRAKO ZUZENDARITZA ETA ABESBATZAKO IRAKASLE PLAZA HUTS BAT, B MAILAKOA, LEKUALDATZE-LEHIAKETA BEREZIAREN BIDEZ BETETZEKO. OINARRIAK

1.–Xedea eta aplikatzekoa den araudia.

Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa bereziaren bidez betetzea Orkestrako Zuzendaritza eta Abesbatzako irakasle plaza huts bat, B mailakoa, lanaldi partzialeko lan-kontratudun finkoen araubidean, Tuterako Udalaren zerbitzura aritzeko; kode hau du plantilla organikoan: 1113B09601.

Honako arau hauek beteko dira lekualdatze-lehiaketa honetan: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 10. artikulua (foru lege horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua); aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta jarraian ematen diren oinarriak.

2.–Plaza hutsen kopurua handitzea.

Deialdi honetako plaza kopurua gero osatzen ahalko da, hutsik gelditzen diren plazekin, zehazki, honako hauekin: kalifikazio-epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda igortzen dion egunean hutsik daudenekin (lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran igorri beharko du zerrenda).

3.–Baldintzak.

3.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko ondoko betebeharrak bete behar dira eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Tuterako Udaleko edo haren mendeko erakunde eta entitateetako langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) B mailan edo taldean egotea, maila horretako lanpostu bateko titularra izateagatik.

c) Musikako goi-mailako titulua edukitzea, zuzendaritzako espezialitatean, edo haren baliokidea den beste bat.

d) Bat etorriz uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin, zeinaren bidez aldatzen baita Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da kondenaturik ez egotea, epai irmo baten bidez, sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

3.2. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiakideek zuten araubide juridikoa aldatzea. Hala bada, lehiakideek segituko dute eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean.

4.–Ordainsariak.

Lekualdatzen diren langileek jasoko dituzte indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak eta Udalaren plantilla organikoan ezarritakoak.

5.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://sede.tudela.es), "Trámites destacados - Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean sartuta.

5.2. Eskabideek bat etorri behar dute dagokien ereduarekin; eredu hori egonen da deialdiaren aipamenean, https://sede.tudela.es egoitzan, "Trámites destacados - Empleo Público" atalean. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.

5.3. Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak aurkeztu beharko dira, salbu eta administrazio publikoetan emandako zerbitzuenak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

Izangaiek merezimenduak alegatu eta frogatu beharko dituzte, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

5.4. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

6.–Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez onetsiko da onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda eta aginduko da argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sede.tudela.es), lan publikoaren atalean, deialdiari buruzko aipamenean, bai eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere. Halaber, ohartaraziko da hurrengo bost egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

6.2. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, alkateak ebazpen bat emanen du, lehiaketako plaza bete gabe gelditu dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

6.3. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sede.tudela.es), lan publikoaren atalean, deialdiari buruzko aipamenean, bai eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

6.4. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzirik, Tuterako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sede.tudela.es), lan publikoaren atalean, deialdiari buruzko aipamenean, bai eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

7.–Epaimahaiaren osaera.

7.1. Honako hauek izanen dira lehiaketaren kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Laura Casanova Sainz-Aja, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Martín López Villacastín, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: María Cruz Pérez Omeñaca, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezkoa: Rosa Domínguez Berges, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Epaimahaikide idazkaria: Raquel Huarte del Barrio, Fernando Remacha eskola-kontserbatorioko idazkaria.

Ordezkoa: Diego Ramírez Parra, Fernando Remacha eskola-kontserbatorioko zuzendaria.

7.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

7.4. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hala jakinarazi deialdia egin duen organoari, baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoan. Aholkulari horiek beren espezialitatean baizik ez dira ariko, eta horretan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu honako baremo honen arabera:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

Epaimahaiak eranskineko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu izangai bakoitzak aurreko bi atalei dagokienez alegatutako eta frogatutako merezimenduak.

Deialdiaren 5.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo kopia egiaztatuak erabiliz. Salbuespen bakarra administrazio publikoetan egindako zerbitzuak izanen dira, deialdia egin duen organoak zuzenean igorriko baitizkio frogagiriak epaimahaiari.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

Merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratuta, lehiakideek 5 egun balioduneko epea izanen dute behin-behineko balorazioaren aurkako alegazioak jartzeko.

c) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu gehienez.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat eginen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, baloratuko da norbera nola egokitzen zaien deialdiko lanpostuaren izaerari eta ezaugarriei. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da kalifikazio-epaimahaiarentzat.

d) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: 25 puntu gehienez. Baztertzailea da, eta gutxienez 12,50 puntu lortu behar dira gainditzeko.

Epaimahaiak ezarriko du izangaiek izanen duten denbora, bai eta probak egiteko behar den materiala ere, eta behar besteko aurrerapenaz iragarriko du egoitza elektronikoan, enplegu publikoaren atalean, deialdiari dagokion aipamenean.

Lanpostuaren gaineko proba praktikoa gainditzen duten izangaien puntuazioa gehituko zaio lehiaketako apartatuetan lortutakoari, jakiteko zenbatekoa den guztira izangai bakoitzaren puntuazioa.

Lehiaketako elementuak baloratu ondoren, epaimahaiak Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan paratuko ditu parte-hartzaileen puntuazioak, deialdi honen aipamenean, eta bost eguneko epea emanen du, interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazio horri buruz.

Guztirako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan antzinatasun handiena dutenen alde eginen da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiakide zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

9.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzita, kalifikazio-epaimahaiak parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan, deialdi honen aipamenean, eta Tuterako Udaleko alkate udalburuari igorriko dio lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako plazen kopurua handitzeari dagokionez.

Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, epaimahaiak proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari, izenda daitezen deialdiko plaza kopuruan kabitzen diren lehiakideak, betiere gainditu badute eskatzen den gutxieneko puntuazioa, eta plaza kopuruan sartuko dira aurreko paragrafoan aipatutako handitzearen ondoriozkoak, halakorik bada.

10.–Adjudikatzea eta plazaz jabetzea.

Alkatearen ebazpen baten bidez, dagokion plaza adjudikatuko zaio hautapen-prozesuan puntuaziorik handiena eskuratu duen lehiatzaileari, eta aginduko da adjudikazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Plaza adjudikatu zaion lehiakideak hamar egun naturaleko epean jabetu beharko du plazaz, adjudikazioari buruzko ebazpena jakinarazi ondotik, salbu eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen badu ebazpen horretan.

11.–Aurkeztutako agiriak.

11.1. Izangaiek, baldin eta erreklamaziorik edo errekurtsorik paratzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte hala eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskabidea hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori hasiko da adjudikazioaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera.

11.2. Aurreko apartatuan ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari, eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

11.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren izapidetzeak horretarako aukera ematen duenean.

12.–Datu pertsonalak babestea.

Tuterako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu-deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.

Datuak zenbat denboraz gordeko diren: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datu-hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: jakinarazten dizugu badituzula datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, baldin zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horiek erabiltzeko, jo beharko duzu Erregistro Orokorrera (Plaza Vieja 1, 31500 Tutera), edo egoitza elektronikora (https://sede.tudela.es). Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan; horretarako, idazki bat bidali behar dute haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril) edo egoitza elektroniko honetara: https://www.agpd.es.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1. Administrazio publikoetan deialdian eskatutako maila/talde bereko lanpostuetan egindako zerbitzuak, titulazio bera eskatu bada: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

2. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

a. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

b. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

c. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

d. Gehienez 35 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

a. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

b. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

c. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

d. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza jardueretan, nahiz eta ez bete erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak. Besteak beste, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatutakoak.

e. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak.

2. Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifikoak edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 3 puntu gehienez. Kalifikazio-epaimahaiak baloratuko du, kontuan hartuta lana edo jarduera bakarrik edo taldeka egin den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa den ere.

3. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: 2 puntu gehienez, kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoak, haien iraupenaren arabera.

4. Titulu eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatutako mailakoak ez direnak: 4 puntu gehienez.

5. Doktore- edo lizentziatu-maila, deialdian eskatutako titulazioaren gainean: gehienez ere 2 puntu.

6. Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan: 4 puntu gehienez.

Oharrak b) apartatu guztirako:

a. Atal honetan, merezimenduak baloratuko dira soilik baldin zerikusi zuzenik badute deialdiko lanpostuarekin.

b. Gehienez ere 25 puntu emanen dira b) atal honetan.

Tuteran, 2026ko uztailaren 14an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

Iragarkiaren kodea: L2609893