Iragarkia
159. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 13a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
AZAGRA
Oposizioa, bete dadin administrari-ofizialaren plaza bat, lan-kontratudunen araubidean
Azagrako Udaleko alkateak, 2026ko uztailaren 29ko 388 Ebazpenaren bidez, onetsi zituen deialdi bat eta haren oinarriak, oposizioaren bidez bete zedin administrari-ofizialaren plaza bat, lan-kontratudunen araubidekoa, ari dadin Ogasun-kontabilitatearen eta Lanaren alorrean, Azagrako Udalaren zerbitzura.
Azagran, 2026ko uztailaren 29an.–Alkatea, Rubén Medrano Romeo.
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizioaren bidez betetzea administrari-ofizialaren plaza bat, lan-kontratudunen araubidekoa, ari dadin Ogasun-kontabilitatearen eta Lanaren alorrean, Azagrako Udalaren zerbitzura, haren plantilla organikoaren barnean. Deialdian, betiere, honako printzipio hauek beteko dira: lehia askea, berdintasuna, merezimendua, gaitasuna eta publikotasuna.
1.2. Lanaldi osoan jardun beharko da. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira lanaldiaren araubidea eta ordutegia. Organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.
1.3. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, bat etorriz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduarekin (onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez) eta Azagrako Udalari aplikatzen zaizkion gainerako xedapenekin. Halaber, izanen ditu plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak.
1.4. Lanpostuaren eginkizunak honako hauek dira, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
–Udalaren gastuak eta sarrerak kontrolatzea.
–Kontabilizatzea Udalaren gastu-fakturak, helbideratutako ordainketak eta sarrerak.
–FACE kontrolatu eta kudeatzea.
–Diru-bilketa kontrolatzea.
–Arlokako txostenak egitea.
–Ordainagiriak sortzea.
–Kudeatzea Udaleko alorrentzat garatutako datu-baseen aplikazioak, eta horiek mantentzea eta aldatzea.
–Ebazpenak kudeatzea.
–Kontu-hartzailetzako administrazio-lanak egitea (ordainagiriak, kobrantzak, ordainketak, bekak, etab.).
–Zergak, tasak eta prezio publikoak.
–Erregistroa, errolda, jendearentzako arreta, Udaleko administrazio-zerbitzuei laguntzea eta administrazio-lan orokorrak.
–Prebentzioko kanpoko zerbitzuarekin koordinaturik, planifikatzea eta mantentzea laneko arriskuen prebentzio alorreko dokumentazioa.
–Kanpoko zerbitzuarekin koordinaturik, datu pertsonalak babesteko alorraz arduratzea.
–Erregistro Zibilaren Bulego Laguntzailearen arduraduna izatea.
–Eta, oro har, egitea arestian deskribatutakoen antzeko zeregin guztiak, bai eta zerbitzua dela-eta agintzen zaion beste edozein eginkizun edo zeregin ere, lanpostuarekin loturik, haren mailaren eta kategoriaren barnean.
2.–Betebeharrak.
2.1. Parte hartu nahi dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat, edo edukitzeko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea kendua administrazio publikoaren zerbitzutik.
2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte ere.
3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira nahitaez, Azagrako Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez (https://azagra.sedelectronica.es/). Aukeran, erabil daitezke NAN elektronikoa / ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek berekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".
Halaber, hau ematen da aditzera martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legean (2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea), bigarren xedapen gehigarrian (Nafarroako Administrazio Publikoek antolatutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak): "Nafarroako Administrazio Publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa baliabide elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".
Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela hautapen-prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, eta horrekin batera aurkeztu beharko dituzte 2.1 oinarrian zehaztutako agiriak.
3.3. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.
Eskabidea behar bezala bete, eta honako agiri hauek erantsi behar zaizkio:
a) Indarreko nortasun-agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
Europar Batasuneko beste estatu kideetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarrean dagoena, non agertu beharko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.
Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontide direnek, edo herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, erantsi beharko dute pasaportea eta Europar Batasuneko egoiliarraren ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (hala badira, aurkeztu beharko dute aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa).
b) Aurreko 2.1 oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoa, jatorrizkoa edo fotokopia.
c) Deialdiko 6. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta, orobat, denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek frogatu beharko dute hori hala dela, agiri hauetako baten kopiaren bidez:
–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, onartzen diona prestazio bat jasotzeko eskubidea, hauetako bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute egokitu daitezela ariketak egiteko denborak eta moduak, hala behar izanez gero. Kasu horietan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta beste orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Azagrako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onetsiko duena onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web fitxan, helbide honetan: https://azagra.sedelectronica.es.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko, behin-behineko zerrenda deialdiaren web fitxan argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, halakorik balego, Azagrako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onetsiko duena onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web fitxan, helbide honetan: https://azagra.sedelectronica.es.
Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Ondoren, epaimahaiak behar denean argitaratuko ditu gainerako ariketak egiteko iragarkiak, Azagrako Udalaren egoitza elektronikoan.
Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da deialdiaren web fitxan, helbide honetan: https://azagra.sedelectronica.es.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
Kalifikazio-epaimahaia honako hauek eratuko dute:
1.–Epaimahaiburua: Rubén Medrano Romeo, Azagrako Udaleko alkate udalburua.
Ordezkoa: Francisco José Sánchez Díaz, Azagrako Udaleko alkateordea.
2.–Epaimahaikidea: Ana Vidondo Garijo, Azagrako Udaleko kontu-hartzailea.
Ordezkoa: Rosa María Martín Martínez, Azagrako Udaleko administrari-ofiziala.
3.–Epaimahaikidea: Ana Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: José Ángel Ipiña París, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.
4.–Epaimahaikidea: Azagrako Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena, eta ordezkoa.
5.–Epaimahaikide idazkaria: María Jesús Hernandez Luri, Azagrako Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Raquel García Pérez, Cadreitako Udaleko idazkaria.
Kalifikazio epaimahaiak hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko du.
5.1. Kalifikazio epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.
5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren auzi guztiak.
5.4. Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du proba batzuetarako edo guztietarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez diote laguntza emanen kalifikazio-epaimahaiari.
6.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Oposizioaldia.
Aurreikusirik dago oposizioaldia hastea 2026ko laugarren hiruhilekoan. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean ezarriko da lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Hautapen-prozesuan bi proba eginen dira; biak baztertzaileak. Proba horien puntuazioa 100 puntukoa izanen da gehienez.
6.1.1. Proba teorikoa: ariketa honetan 50 galdera izanen dira, test motakoak. Galdera bakoitzeko aukera bat baino gehiago emanen da erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Oker erantzuten bada, galderaren balioaren laurden bat kenduko da. Gaiak izanen dira deialdiko I. eranskinean ageri direnak.
Probaren balorazioa 50 puntukoa izanen da gehienez, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
6.1.2. Proba praktikoa: idatziz garatu beharko dira kasu praktiko bat edo batzuk, loturik daudenak lanpostuko zereginekin, eta jasota daudenak I. eranskineko gai-zerrendan. Epaimahaiak zehaztuko du horretarako gehieneko denboran.
Probaren balorazioa 50 puntukoa izanen da gehienez, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu deialdiaren web fitxan, eta bost egun balioduneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira, eta horiek ere deialdiaren web fitxan argitaratuko; proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
7.–Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, probak gainditu dituztenen izangaien zerrenda argitaratuko du epaimahaiak deialdiaren web fitxan, ordenatuta, lortutako guztizko puntuazioaren arabera; horretarako, batuko dira izangai bakoitzak oposizioaldian lortutako kalifikazioak.
7.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioko bigarren ariketan (proba praktikoa) puntuaziorik handiena duenaren alde.
Berdinketak bere horretan segitzen badu, joko da oposizioko lehen ariketan (proba teorikoa) puntuazio handiena lortu duenaren alde.
Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez.
8.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Lan-arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko atala), edo, hala badagokio, Azagrako Udalak izendatutako eta behar bezala akreditatutako kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, lanpostuaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeenik.
Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, agiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzeko desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin, balorazio- eta orientazio-talde eskudunek emana.
b) Zinpeko adierazpen bat edo adierazpen solemne bat, aditzera emateko izangaia ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
Izangaiak Espainiako nazionalitatea ez badu, zinpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, agertzeko ez duela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dionik sartzea bere estatuko funtzio publikoan.
c) Europar Batasunetik kanpoko herrialde batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
8.2. Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, salbu behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskatzeko eskabidea faltsutzeagatik duen erantzukizuna, kasua bada.
8.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, hutsunea beteko da hurrengo izangaiarekin, prozesua gainditu duten izangaien zerrendari dagokionez, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.
9.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
9.1. Izendapena.
Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, administrari-ofizial izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, lortutako azken puntuazioaren ordenaren arabera.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.2. Plazaz jabetzea.
Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du plazaz.
Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek (salbu ezinbesteko kasuetan) galduko dituzte Azagrako Udalean sartzeko eskubide guztiak. Kasu horretan, deialdiaren 8.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den plazarako izendatua izan ondoren, izangaia Udalean sartuko da, lan-kontratudun finko bihurtuko da. Orobat, afiliatuko da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, eta hartan alta emanen zaio, araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo izena emanik badago Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean; orduan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko du babes araubide horretan segitzea edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
10.1. Jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen prozesuan parte hartu ondotik plaza lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.
10.2. Probak gainditu bai baina plazarik lortu ez dutenen zerrenda eta kontratatzeko izangaien zerrenda, Azagrako Udalean.
Lanera sartzeko hautapenaren epaimahaiak espedientea igorri ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, honako zerrenda hauek onesteko: batetik, probak gainditu bai baina plazarik lortu ez dutenen zerrenda, eta, bestetik, lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.
Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gainditu bai baina plaza lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez dakar berekin interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak, horiek frogatu behar baitira oinarri honetan ezartzen den gisan.
Izangaiei aldi baterako kontrataziorako deitzerakoan eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauei jarraituko zaie: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), eta Azagrako Udalak onetsitako kudeaketako arau indardunak.
Kontrataziorako eskatutako agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galduko dituzte deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak; betiere, galarazi gabe parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.
11.–Datuen babesa.
Izangaiei honako honen berri ematen zaie, 2016/679 (EB) Erregelamenduari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO); zehazki, haren 13. artikuluari:
–Azagrako Udalaren ardura da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamendua.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa da kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta beharrezkoa den denbora guztian ere, zehazteko deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak. Aplikatuko da artxiboen eta agirien gaineko araudia (Nafarroako toki erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, navadat.es-eko datuak babesteko ordezkariaren bidez. Web horretan aurkituko dute informazio gehiago.
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
12.–Errekurtsoak.
12.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
12.2. Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetako bat jar daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Lan demanda, 2 hilabeteko epean, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko Lan arloko Aferen Atalean (txandaren arabera dagokiona), jarraikiz urriaren 10eko 36/2011 Legearen 69. artikuluari (Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legea), urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako hirugarrenak emandako idazketaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Espainiako Konstituzioa. Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. VIII. titulua: Estatuaren lurralde-antolaketa.
2.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak. Apirilaren 4ko 7/1985 Legearen 15., 16. eta 17. artikuluak (lege horren bidez arautzen dira Toki Araubidearen Oinarriak); eta uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren II. titulua: biztanleria eta errolda.
3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea.
4.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa: abstentzioa eta errekusazioa. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna.
Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
5.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak: II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: antolamendua. V. titulua: toki erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.
6.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Tituluak. Atarikoa, I., III., IV., V., VI., VIII. eta IX. tituluak.
7.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.
8.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, garatzen duena Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan. III. kapitulua – 2. atala: gastu-aurrekontuen kredituen egoera eta IV. kapitulua: gastu-aurrekontua exekutatzea.
9.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, onesten duena Nafarroako Toki-erakundeen Aurrekontu Egitura.
10.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, onesten duena Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorra.
11.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, hizpide dituena Nafarroako Lur-Ondasunen Erregistroa eta Katastroak. Atariko titulua: II. kapitulua. Lur-ondasunen Erregistroa. III. kapitulua. Katastroak. I. titulua. Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana: I. kapitulua, 17. eta 19. artikuluak. II. titulua. Lur-ondasunen Erregistroko eta katastroetako informazioa eskuratu, eman, erabili eta ziurtatzea: I. kapitulua: informazioaren eskuragarritasuna, eta II. kapitulua: informazioaren ziurtagiriak eta frogagiriak.
12.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, onesten duena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.
13.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, arautzen dituena Ingurumenean Eragina duten Jarduerak. I. titulua, V. kapitulua. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua: diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea. III. eranskina.
14.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: adjudikazio prozedurak (71.-81. artikuluak); lizitazioen publizitatea (88.-94. artikuluak); eta lizitazio elektronikoa (95. artikulua).
15.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: langile motak. Funtzionario publikoen hautaketa. Funtzionario-izaera hartu eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio-egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan-kontratudunak.
16.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Datu babesaren printzipioak. III. titulua. Pertsonen eskubideak: I. kapitulua. Gardentasuna eta informazioa. V. titulua. Tratamenduaren arduraduna eta eragilea: I. kapitulua. Xedapen orokorrak. Erantzukizun aktiboko neurriak: 28. artikulua. Tratamenduaren arduradunaren eta eragilearen betebehar orokorrak. III. kapitulua: datuak babesteko ordezkaria: 34. artikulua. Datuak babesteko ordezkaria izendatzea.
17.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, hizpide dituena Gardentasuna, Informazio Publikoa Eskuratzea eta Gobernu Ona. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: gardentasuna: I. kapitulua: gardentasuna jarduera publikoan. III. kapitulua: publizitate aktiboa. III. titulua: informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: I. kapitulua: arau orokorrak. II. kapitulua: informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeko prozedura.
18.–Azagrako udal ordenantza fiskalak.
19.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa.
20.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
Iragarkiaren kodea: L2610576
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
