159. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

135C/2026 EBAZPENA, uztailaren 15ekoa, Ekonomia Sozialeko eta laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita GH Guerra Manutención Guema SA enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ikusi da GH Guerra Manutención Guema SA enpresak (kode zenbakia: 31100842012015) aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren testua. Dokumentua 2026ko ekainaren 24an jaso zen erregistro honetan, eta enpresaren ordezkaritzak eta ordezkaritza sindikalak 2026ko maiatzaren 20an sinatu zuten.

Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak xedatzen duenari loturik,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.–GH Guerra Manutención Guema SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea (kode zenbakia: 31100842012015).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko uztailaren 15ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

GH GUERRA MANUTENCIÓN GUEMA SA

1.–Langileen eremua eta lurralde eremua.

Hitzarmen kolektibo honek Bakaikun lantokia duen "G.H. Guerra Manutención Guema SA" enpresako langile guztiei eraginen die.

2.–Indarraldia.

Hitzarmen honek hiru urteko indarraldia izanen du: 2026ko urtarrilaren 1ean hasiko da indarrean eta 2028ko abenduaren 31n agortuko da.

Aurreraeragina: mugagabea.

Hitzarmenaren azkentzea 2028ko urriaren 1etik aurrera.

3.–Lanaldia.

Lanorduen kopurua, gehienez ere, honako hau izanen da urtero, 2026an, 2027an eta 2028an:

–Lanaldi zatitua:

  • 2026. urtean, benetako lanorduak 1649 izanen dira.
  • 2027. urtean, benetako lanorduak 1646 izanen dira.
  • 2028. urtean, benetako lanorduak 1642 izanen dira.

–Lanaldi jarraitua, bi txandatan edo gehiagotan egiten den lana kenduta:

  • 2026. urtean, benetako lanorduak 1634 izanen dira.
  • 2027. urtean, benetako lanorduak 1631 izanen dira.
  • 2028. urtean, benetako lanorduak 1627 izanen dira.
  • Lanaldi jarraitu horretan, gutxienez, 10 minutuko atsedenaldi bat ezarriko da, baina ez da aurretik adierazitako benetako lanaldiaren zati izanen, eta beraz, ez da ordainduko.

–Bi txandatan edo gehiagotan egiten den lanaldia:

  • 2026. urtean, benetako lanorduak 1630 izanen dira, 10 minutuko atsedenaldia barne. Atsedenaldi hori benetako lan denboratzat hartuko da eta, beraz, ordaindua izanen da.
  • 2027. urtean, benetako lanorduak 1627 izanen dira.
  • 2028. urtean, benetako lanorduak 1623 izanen dira.

4.–Benetako soldatak.

2026. urtean, egiazko soldatek Gipuzkoako 2025eko KPIaren igoera izanen dute (%2,6), gehi 0,70 = %3,3. Igoera finkagarria izanen da, eta ehunekotan banatuko da oso-osorik.

2027. urtean, egiazko soldatek Gipuzkoako 2026ko KPIaren igoera izanen dute + 0,70. Igoera finkagarria izanen da, eta ehunekotan banatuko da oso-osorik.

2028. urtean, egiazko soldatek Gipuzkoako 2027ko KPIaren igoera izanen dute + %0,70. Igoera hori finkagarria izanen da, eta honela banatuko da: KPIaren zenbatekoa ehunekotan eta %0,70 modu linealean.

5.–Familia laguntza.

Hitzarmenaren indarraldian, 2008ko zenbatekoari eutsiko zaio, eta data horretan aitortua zuten langileek jasoko dute.

6.–Bizi asegurua.

Enpresak bizi aseguruaren poliza kolektiboa kontratatuko du aseguru etxe batekin.

Asegurua kontratatzen denetik, hitzarmena indarrean dagoen bitartean aseguratutako kapitalak honako hauek izanen dira:

–Berezko heriotza eta ezintasun absolutua: 25.000 euro.

–Lan istripu batek eragindako heriotza (lanekoa edo lanetik kanpokoa): 65.000 euro.

–Zirkulazioko istripu baten ziozko heriotza: 65.000 euro.

–Istripu baten ziozko ezintasun absolutua: 35.000 euro.

–Ezintasun osoa: 23.000 euro.

Langileren bat Gizarte Segurantzan alta emanik badago GH taldeko enpresa batean baino gehiagotan, enpresatako batean baino ez du jasoko.

7.–Dietak, kilometrajeak eta beste.

A) Dietak eta kilometro ordainak:

Enpresak aginduta, langileek bidaiak edo joan-etorriak egin behar badituzte enpresa dagoen herritik kanpora, eta horren ondorioz, etxean otordurik egiterik ez badute, 2026an, honako zenbateko hauek ere jasoko dituzte soldataz gain:

–Dietak:

  • Bi eguneko edo gehiagoko joan-etorriak (dieta osoa, hotela barne): 106,43 euro.
  • Egun bereko joan-etorriak:
    • Bazkaria: 27,87 euro.
    • Afaria: 19,50 euro.

–Kilometro ordaina norberaren ibilgailuan: 0,48 euro/km.

  • 2027an eta 2028an, egiazko soldatei aplikatzen zaizkien igoera berak gehituko zaizkie.

B) Irteera plusa:

Orduen araberako lehengo irteera plusa desagertu eginen da eta honako hau erabiliko da.

Enpresak aginduta, langileek bidaiak edo joan-etorriak egin behar badituzte enpresa dagoen herritik kanpora, eta horren ondorioz, etxean otordurik egiterik ez badute, plus edo sari hau jasoko dute.

Laneko arrazoiak direla eta, langileak gaua etxetik kanpo eman behar duenean bakarrik aplikatuko da. Plusa etxetik kanpo ematen den gau bakoitzeko jasoko da.

2026. urtean, zenbatekoa honako hau izanen da:

–Irteerak Espainian eta atzerrian: 61,02 euro egunean.

–Irteerak arrisku handiko herrialdeetan (muntatzaileek bakarrik): 90,97 euro egunean.

2027an eta 2028an, aurreko zenbatekoari egiazko soldatei aplikatzen zaizkien igoera berak gehituko zaizkio.

Bidaiaren ondorioz, lanik egiten ez bada ere, jaiegunetan eta igandeetan gaua kanpoan eman behar izanez gero, irteera plus hori bera ordainduko da, langilea lanean balego bezala.

Atzerriko irteeretan, eta indarrean dagoen zerga araudiak hala ahalbidetzen badu (atzerriko bezeroari faktura egin behar zaio lan horiengatik), enpresak prozedura bat prestatuko du eta langileak jarraitu beharko du, atzerrian egindako lanak PFEZtik salbuetsita daudela justifikatzeko, eta hala aplikatzen dakion.

C) Muntatze lanak atzerrian:

–Lan nahikoa garrantzitsua egin behar denean, bi muntatzailek eginen dute bidaia, hala nola garabia osorik muntatzeko edo orga, aurrealdea eta abar aldatzeko. Pertsona bakarrak bidaiatzen ahalko du muntaketen ikuskapenak egin behar direnean, edo garrantzi txikiagoko piezak edo ordezko piezak aldatu behar direnean (adibidez, mikroetengailuak).

–Pertsona bakarrak bidaiatzen ahalko du bulegoko lanak egin behar direnean (saltzaileak, administrariak, teknikariak...).

–Enpresa arduratuko da behar diren aseguruak eta bisak izapidetzeaz.

–Langileak ez dira behartuta egonen gomendaturik ez dauden herrialdeetara (arriskutsuetara) joatera; herrialde horietara lanak egitera joaten diren muntatzaileen irteera plusa 90,97 eurokoa izanen da gau bakoitzeko, B) atalean adierazi dugun bezala.

–Bidaia ordu guztiak laneko ordutzat hartuko dira.

Zenbateko berriak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.

8.–Aldi baterako ezintasuna.

Ohiko kontingentziengatik gertatzen diren aldi baterako ezintasunak honela ordainduko dira:

–Ospitaleratu beharreko baja gertatzen bada, baja hasi aurreko hilabeteko egiazko soldata (*) osorik ordainduko zaio langileari ospitalean den bitartean.

–Gainerako egoeretan:

  • Lehen hilabetean, aurreko hilabeteko egiazko soldataren (*) %80.
  • Bigarren hilabetean, aurreko hilabeteko egiazko soldataren (*) %90.
  • Hirugarren hiletik aurrera (hori ere aintzat hartuta), baja hasi aurreko hileko egiazko soldataren (*) %100.

(*) Kontzeptu hauek sartzen dira egiazko soldatan: soldata, hobaria, igandeetako saria, antzinatasuna, errelebo plusa eta gaueko lanaren plusa).

Horri dagokionez, jarraian izandako baja aldiak lotu eginen dira arrazoi beragatik berriz gertatzen badira (hala dela adierazi beharko da Gizarte Segurantzak ematen duen baja agirian), betiere aurreko alta medikotik hiru hilabete baino gutxiago iragan badira.

Laneko istripuek edo eritasun profesionalak eragindako aldi baterako ezintasun kasuetan, aurreko hiru hilabeteetako egiazko soldataren batez bestekoa ordainduko da osorik, dietak, kilometro ordainak eta irteera plusa kenduta.

Gaixotasun arruntak eta lanetik kanpoko istripuak eragindako aldi baterako ezintasunaren ordainketa eta alten eta bajen kontrola sistema publikoak eginen ditu (GSIN).

9.–Lan osasuna.

–Pintura Ataleko langileei berariazko analisi bat eginen zaie, beste langile guztiei egiten zaien urteko azterketa orokorraz gain.

–Langile batek osasun azterketa gaueko txandan ari dela egin behar badu, ordu ordaindu bat hartzeko eskubidea izanen du osasun azterketa egiteko.

–Langile guztiei laneko jantzi berriak emanen zaizkie, lanpostu bakoitzaren eskakizunen arabera, eta betiere indarrean dagoen araudia betez.

–Fisioterapia zerbitzu berria izanen da, eta enpresak zerbitzu horren gastuaren zati bat hartuko du bere gain, zehaztapen hauei jarraikiz:

  • Urtean, 2730 euroko aurrekontua bideratuko da horretarako.
  • 5 ordu finantzatuko dira, gehienez ere, pertsona bakoitzeko,
  • eta 25 euroko koordainketa ezartzen da saioko. Enpresak soldatan ordainduko dio zenbateko hori langileari, faktura aurkeztu ondoren.

Zerbitzuaren jarraipena eta urteko balorazioa egiteko konpromisoa ezartzen da, beharrezkoa bada, baldintzak berraztertu ahal izateko.

–Segurtasun betaurrekoak (graduatuak zein graduatu gabe) norbera babesteko ekipamendua da, lantokian bakarrik erabiltzeko; enpresak betaurreko graduatuak emanen dizkie medikuaren ziurtagiria aurkezten duten langileei. Horretarako, enpresak hainbat optika eta betaurreko modelo itunduta ditu, guztiak ere balioztatutakoak, eta haien kostua bere gain hartuko du.

10.–Enplegu politika.

Enpresak konpromisoa hartzen du enpresako kontratu finko guztiei eusteko hitzarmenaren indarraldi osoan.

Aurreko konpromisotik kanpo daude honako hauek: lana borondatezko bajagatik uzten bada; ezintasun iraunkorra, erabatekoa edo osoa aitortzen bada, eta arauzko adinera (65 urte) iristeagatik erretiroa hartzen bada edo errelebo kontratua borondatez egiten bada.

Enpresan egiten diren kontratu guztien berri emanen zaio enpresa batzordeari.

Behin-behineko ordezkotza kontratuaren erabilera (410): lanbide talde desberdinetako (lantegia duten bulegoak) pertsonen artean (ordezkoa eta ordeztua) egiten bada, gehienez ere 12 hilabetekoa izanen da. Neurri hau 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da indarrean.

11.–Aparteko orduak eta erreleboak.

Egindako aparteko orduak hertsiki araututa daude Gipuzkoako Metalurgia Industrien 2023-2026 aldiko hitzarmenean edo hura ordezten duenekoan, enpresarena indarrean dagoen artean.

Aparteko orduak enpresak eskatzen dituenak izanen dira, eta idatziz jasoko da haien berri.

Aparteko ordu bakoitza ordubete eta 20 minutukoa balitz bezala zenbatuko da, baldin eta langilearen ordu saldoa positiboa bada.

Igande eta jaiegunetan, ordu bakoitza ordubete eta 40 minutukoa balitz bezala zenbatuko da.

Lanbidearen borondatezko luzapenak ez dira gehiegizko lanalditzat edo aparteko ordutzat hartuko. Lanaldiko borondatezko ordu bakoitza ordubetekoa balitz bezala zenbatuko da.

Norberaren arrazoiak direla eta hartutako orduak berreskuratzen ahalko dira, baimentzen diren egunetan, ordu kopuru bera lan eginda.

Langilearen aldeko orduak hartzea enpresarekin adostu beharko da, eta, nolanahi ere, hilean ez dira elkarren segidako 5 lanegun baino gehiago izanen.

Ekoizpen eta koordinazio premiak, edo bezeroenak, direla eta, lanposturen batean lana txanda egin behar dela justifikatzen bada, batzordeari jakinaraziko zaio, eta, proposamena hobetzen duen beste konponbiderik ez bada, lan araubidea aldatu eginen da, baina horretarako ezintasun pertsonal arrazoiturik dagoen aztertu beharko da.

Urtero, abenduaren 31n, aparteko orduen emaitza zero izanen da, enpresaren aldetik nahiz langileen aldetik gertatu diren egoera berezietan izan ezik.

12.–Txanda plusa eta gaueko lanaren plusa.

2026an, kontzeptu hauek aplika dakizkiekeen langileek zenbateko hauek jasoko dituzte:

–2 txandako plusa: bi txandatan lan egiten duten langileek 3,34 euroko zenbatekoa jasoko dute lan egindako egun bakoitzeko.

–3 txandako plusa: hiru txandatan lan egiten dutenek (haietako edozein gauekoa izanda) 3,70 euroko zenbatekoa jasoko dute lan egindako egun bakoitzeko.

–Gaueko lanaren orduko plusa kalkulatzeko, GHren soldata tauletako hileko eta orduko oinarrizko soldataren %30 aplikatuko da.

Kasu guztietatik, 2 txandakoak eta 3 txandakoak zein diren aztertuko da.

Zenbateko berriak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.

2027. eta 2028. urteetarako, aurreko zenbateko horien igoera egiazko soldatei aplikatzen zaien portzentaje adinakoa izanen da.

13.–Laneko gaiak.

–Testu guztiak ele bitan idatziko dira.

Enpresako langileen artean euskararen erabilera sustatzeko xedez, enpresak hartuko ditu bere gain prestakuntza ikastaroek ekarritako kostuak.

Ikastaro horiek lanalditik kanpo jasoko dira.

–Enpresako langileen prestakuntza eskaerak banaka aztertuko dira eta erabakiko da kostuetatik eta dedikazio orduetatik zer zenbateko hartzen duen enpresak bere gain eta zer zenbateko langileek. Edozein kasutan, halako moduan formalizatuko da non enpresak Gizarte Segurantzaren kotizazio kostua kentzen ahalko baitu, indarrean dagoen araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

–Errelebo kontratua: enpresak erretiro aurreratuen eskaerei erantzunen die, errelebo kontratuaren bidez, horri buruzko araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten langileei dagokienez. Era berean, manufaktura industriako araudi espezifikoa luzatzen bada, baldintzak betetzen dituzten kasuak aintzat hartuko dira.

Langileak lanaldi partzialeko kontratuaren lanaldiaren %75 (kasuan-kasuan, behin betiko erretiroa hartu behar den arte) benetan egin duenean (hau da, inolako absentismorik kontuan hartu gabe), enpresak gainerako denboran aritzetik salbuetsiko du.

–Laneko arropa: enpresak bere gain hartuko du lan jantziak garbitzeko kudeaketa eta kostua.

–3 txandako lana: enpresak kontuan hartuko ditu 50 urte baino gehiago izanik 3 txandatan lanean 20 urte baino gehiago eman dituztenak, beren espezialitate arloan hutsik dauden lanpostuak betetzeko. Langile horiek lehentasuna izanen dute hutsik geratzen den lanpostu batera aldatzeko, lanpostu berriaren profilaren eskakizunak betetzen badituzte eta baldintza berrietara egokitzen badira.

55 urtetik gorako langileek gaueko txandan lanik ez egiteko aukera izanen dute erretiroa hartu arte. Ahal dela, gaueko txanda lanpostuko beste langile batzuek beteko dute, eta, halakorik ezean, beste lanpostu batzuetako langileek edo langile berriek.

–Altuerako lanak: enpresak kontuan izanen ditu 50 urtetik gorako pertsonak, modu jarraituan altuerako lanak eskatzen dituzten lanpostuetan 20 urte baino gehiago egiaztatzen dutenak, beren espezialitate arloko lanpostu hutsak betetzeko (mekanikariak, argiketariak). Langile horiek lehentasuna izanen dute hutsik geratzen den lanpostu batera aldatzeko, lanpostu berriaren profilaren eskakizunak betetzen badituzte eta baldintza berrietara egokitzen badira.

–Enpresak errespetatu eginen du langileek GH taldeko enpresetan metatu duten antzinatasuna. Neurri horrek 2020tik aurrerako atzeraeragina izanen du.

–Eszedentziak: gai honetan, Langileen Estatutuaren 46. artikuluan xedatutakoa beteko da, eta, arau osagarri gisa, indarrean dagoen Gipuzkoako Metalurgia Industrien 2020-2022 aldiko hitzarmenean xedatutakoa.

Salbuespen gisa, enpresako langile finko guztiei aitortuko zaie gutxienez eta gehienez urtebete iraunen duen eszedentzia bat; behin eszedentzia denbora bukatutakoan beren lanpostura edo antzeko batera automatikoki itzultzeko eskubidea izanen dute.

–Ordaindu gabeko lizentzia: behar mediko justifikatua egotea eta 7 eguneko aurrerapenaz eskatzea ezinbesteko baldintzak dira, gehienez ere, ordaindu gabeko 5 eguneko lizentziarako eskubidea izateko, Gizarte Segurantzan baja hartu gabe. Sail edo atal bereko bi pertsonak aldi berean eskatzen badute, enpresa zuzendaritzarekin adostu beharko da.

–Antzinatasun berria: bosturtekoaren balio hau ezartzen da: hilean 45 euro gordin, lanbide kategoria guztietarako, administrazioko 2. mailako ofizialaren eta teknikarien eta antolaketako laguntzailearen kategorietan izan ezik, horien kasuan 55 euro izanen baita. Antzinatasunari doazkion zenbateko berriak hitzarmen hau sinatu eta hurrengo hilabetetik aurrera aplikatuko dira. Prezio berria pertsonak orain arte metatu dituen bosturteko guztiei aplikatuko zaie, eta 2027tik aurrera, bosturtekoaren prezioa egiazko soldatei aplikatzen zaizkien ehuneko beretan igoko da.

–Berdintasun plana: Berdintasun Plana gehitu zaio hitzarmenari, eranskin gisa, LGTBI planarekin batera, eta indarreko araudiaren arabera aplikatuko da.

14.–Lanbide kategoriak.

Kategoria aldaketak enpresako lanpostuak baloratzeko sistemaren irizpideari jarraituz eginen dira, honako kategoria hauetarako:

–1. mailako burua.

–1. mailako arduradunak.

–2. mailako arduradunak.

–Administrazioko 1. mailako ofiziala eta teknikariak.

–Antolaketako 1. mailako teknikaria.

–Administrazioko 2. mailako ofiziala eta teknikariak.

–1. mailako ofiziala, goi mailakoa.

Eta enpresako antzinatasunaren irizpideari jarraituz, honako neurri hauek aplikatuz:

–Langile teknikoak eta administraziokoak, 10 urteko antzinatasuna dutenak, antolaketako laguntzaileak izanen dira.

–Tailerreko langileak, 10 urteko antzinatasuna dutenak, 2. mailako ofizialak izanen dira.

–Tailerreko langileak, 20 urteko antzinatasuna dutenak, 1. mailako ofizialak izanen dira.

Erretiro partzialeko kontratua duten pertsonei ez zaie aplikatuko.

Soldata taulan, kategoria berri batzuk sartu dira:

–1. mailako ofiziala, goi mailakoa.

–Era berean, sarrerako soldata bat ezartzen da administrari laguntzailearen eta 3. mailako ofizialaren kategorietan, langile berrientzat, kontratuaren lehen 2 urteetan.

Berriz aztertuko dira 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera enpresan 10 urte betetzen dituzten 3. mailako ofizialak eta enpresan 20 urte betetzen dituzten 2. mailako ofizialak, kategoriaz aldatzeko, eta dagozkion atzerakinak ordainduko dira, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Hortaz, 2026ko kategorien aldaketak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

2026ko uztailaren 1etik aurrerako kategoria aldaketek eskatutako antzinatasun irizpidea bete eta hurrengo hileko 1etik aurrera izanen dituzte ondorioak.

15.–Lizentziak.

  • Kontsulta medikoak: 1. mailako ahaideei laguntzea ere aintzat hartuta, 20 ordu ordainduko dira. Gaueko txandako langileentzat, kontsultaren ordua hartuko da kontuan, eta lan egindakotzat hartuko da (egun berean hartu beharrekoa) medikuaren kontsultak irauten duen denbora, betiere hitzorduaren orduaren eta sarrera orduaren artean 4 ordu baino gehiago ez badaude, edo hitzorduaren orduaren eta irteera orduaren artean 6 ordu baino gehiago ez badaude.
  • Gaixotasun larriak edo ospitaleratzea: ezkontideak, izatezko bikotekideak, odolkidetasun edo ezkontza bidezko bigarren mailarainoko ahaideek (izatezko bikotekidearen odolkidetasun ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badu, ospitaleratu behar badu edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa egiten badiote, bost lanegun.

–Justifikazioa:

Zuzeneko arduradunari abisatu behar zaio eta, gainera, mezu bat idatzi behar da Giza Baliabideen atalera, ondokoak justifikatuz:

1. Baimena eskatzeko beharra (arrazoia, beharrezko denbora eta baimena gozatzeko modua).

2. Baimenaren zergatia (Osasunbidearen ziurtagiria).

Helburua da baimen horiek behar bezala erabiltzen direla kontrolatzea. Langileek jakinaren gainean eska dezatela baimena eta, aldi berean, malgutasuna eskaini nahi da, baimenaren erabilera egiazko beharrizanetara egokitu dadin.

–Gozatzeko modua:

Kasuan-kasuan enpresarekin adostu eta gero:

  • Segidako egunak.
  • Txandakako egunak (gehienez ere, 2 asteko epean), ospitaleratuta egon edo ez.
  • Orduka (gehienez ere, 2 asteko epean), ospitaleratuta egon edo ez.

Joan-etorriak egin behar izanez gero, baimenaren aurreko edo ondorengo 2 egun gehituko dira (300 km-tik gora).

Gaixotasun larriak iraunez gero:

  • Lehen lizentzia azkendu eta segidako 15 egun igaro ondoren, 3 egun naturaleko bigarren lizentzia ordaindua hartzeko eskubidea izanen du titularrak edo ezkontideak, odol edo ezkontza bidezko 1. mailako ahaideak badira (gurasoak, aita-amaginarrebak, seme-alabak, suhi-errainak).
  • Lehen lizentzia azkendu eta segidako 30 egun igaro ondoren, 2 egun natural, odol edo ezkontza bidezko 2. mailako ahaideen kasuan (aiton-amonak, haurrideak, koinatuak, biloba); kasu horretan ez da aplikatuko joan-etorriengatiko luzapena.
  • Eskubidea izanen dute segidako lizentzia ordaindugabeak hartzeko, kasu beretan eta denbora berean, aurrekoa bukatzen denetik segidako 15 egun igaro badira. Kasu horretan ere ez da joan-etorriengatik luzatuko.

–Heriotzagatiko baimena:

  • 5 lanegun, ezkontidearen, izatezko bikotekidearen edo seme-alaben heriotzagatik.
  • 2 lanegun, 2. mailarainoko (2. maila ere aintzat hartuta) ahaideen heriotzagatik.
  • 1 lanegun, gainerako ahaideen heriotzagatik, 3. maila ere aintzat hartuta .

2023-2025 aldiko enpresa hitzarmenaren gainerako baldintzetan, Gipuzkoako Metalurgia Industrien 2023-2026 aldiko hitzarmen kolektiboan xedatutakoa hartuko da kontuan.

16.–Malgutasuna.

Ordu gehiago edo gutxiago behar direnean, enpresak konpromisoa hartzen du orain arte egin duen bezala egiten jarraitzeko: borondatezko langileen bitartez. Behar hori horrela betetzen ez bada, eta orduan bakarrik, enpresak legezko prozedura erabiliko du.

Halere, lanaldiaren banaketa irregularrean erabilitako orduak urte natural bateko epean hartu edo berreskuratzen ahalko dira, erabiltzen direnetik zenbatzen hasita.

17.–Mugikortasuna.

Behar izanez gero, Gipuzkoako Metalurgia Industrien 2023-2026 aldiko hitzarmenean edo Langileen Estatutuan ezarritakoa aplikatuko da.

18.–Oporrak.

Langileen Estatutuaren 38.3 artikuluan jasotzen diren kasuetako batean, langileak dagokion urteko arauzko opor egunak hartzerik ez badu, aipatutako artikuluan jasotzen diren epeetan hartuko dira.

Kasu horretan, oporrak hartzeko eguna edo egunak bi aldeek –enpresak eta langileak– adostuta hartuko dira.

19.–Azken xedapenak.

–Beste itun batzuetan lortutako hobekuntzei eutsiko zaie hitzarmen berri guztietan.

–Hitzarmen honen interpretazioak edo aplikazioak eragindako gatazkak Nafarroako lan gatazkak konpontzeko Auzitegiaren esku utziko dira.

–Enpresako hitzarmen honetan xedaturik ez dagoen guztiaz denaz bezainbatean, aplikatzekoa izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Metalurgia Industrien hitzarmen kolektiboa (hitzarmen horretan ezarritako baldintzak ez dira inola ere Gipuzkoako Metalurgia Industrien 2023-2026 aldiko hitzarmen kolektiboan jasotakoak baino apalagoak izanen).

20.–Batzorde paritarioa.

Batzorde paritario bat eratu da, hitzarmenaren sinatzaileek osatua; gehienez ere 6 kide izanen ditu, 3 langileak ordezkatuz eta 3 enpresa ordezkatuz.

Batzorde paritarioak eskumen hauek izanen ditu:

–Hitzarmen kolektibo honetako arauak interpretatzea.

–Hitzarmen honetako konpromisoak garatzea.

Batzordearen bi aldeetako edozeinek biltzeko eskatuta, gehienez ere, 15 eguneko epean bilduko da.

Batzordeak dituen eskumenen ondorioz, edozein alderen herenak eskatuz gero bilduko da batzorde paritarioa.

Batzorde paritarioan dagoen sindikatuen ordezkaritzak bi aholkulariren laguntza izaten ahal du gehienez, bai eta enpresa ordezkaritzak ere. Aholkulariek hitza izanen dute, baina botorik ez.

Batzorde paritarioaren akordioek balioa izan dezaten, ordezkaritza bakoitzaren botoen %51ren babesa izan beharko dute.

Erabakiak hartzeko edo auziak ebazteko epea:

Batzorde paritarioaren barruan sortzen diren desadostasunak konpontzeko, Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak konpontzeko epaitegiz kanpoko prozedurei buruzko lanbide arteko akordioan araututako bitartekaritza prozeduretara joko da (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 15. zk., 2014ko urtarrilaren 23koa), 15 egun naturaleko epean.

21.–Hitzarmenean itundutako baldintzak ez aplikatzea: hitzarmena ez betetzea.

Enpresak ez du hitzarmen hau aplikatu gabe uzten ahalko LEren 82.3 artikuluan eta LEren 41.1 artikuluko a) eta d) apartatuetan aipatutako prozedura baliatuz. Horren ordez, berriro negoziatzen saiatu beharko du, hitzarmena azkendu baino lehen beste hitzarmen bat adosteko, edo indarrean dagoena berrikusteko, LEren 86.1 artikuluak xedatutakoari jarraikiz.

Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluan ezarritakoa aplikatzera behartzen duten inguruabarretako bat gertatzen denean, prozedura hau erabiliko da:

1.–Enpresaren zuzendaritzak 15 eguneko kontsulta aldiari ekinen dio langileen legezko ordezkariekin; bertan enpresaren erabakia zerk ekarri duen aztertuko da, bai eta erabakiaren eragina galarazteko edo murrizteko aukerarik dagoen eta zer neurri hartu behar den ere ukitutako langileengan izan ditzakeen ondorioak apaltzeko.

Kontsulta aldia indarrean den bitartean, alderdiek fede onez negoziatu beharko dute, akordio bat lortzea helburu. Akordio horretarako, beharrezkoa izanen da batzordeko langileen ordezkari gehienen adostasuna. Enpresaren eta langileen ordezkarien artean ezarritako kontsulta aldian garatzen diren negoziazioetan akordiorik izanez gero, idatzi egin beharko da.

2.–Kontsulta aldia agorturik adostasunik ez bada, edozein aldek desadostasuna jar dezake hitzarmenaren batzorde paritarioaren mendean, eta horrek, gehienez ere, zazpi eguneko epea izanen du erabakitzeko, desadostasunaren berri batzordeari ematen zaionetik.

3.–Batzorde paritarioan ere adostasunik ez badago, edo desadostasuna organo horretara eraman ez bada, aldeetako edozeinek jo dezake Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak konpontzeko epaitegiz kanpoko prozedurei buruzko lanbide arteko akordioan araututako bitartekaritza prozedurara desadostasuna konpontzeko, eta beste aldea beharturik egonen da bitartekaritza prozedura horretan parte hartzera, baina alde bakoitzak askatasuna izanen du horretarako izendatutako bitartekariak emandako proposamena onartzeko edo ez.

Ekonomia, teknika, antolaketa edo ekoizpen arloko arrazoiak direla eta, enpresak hitzarmen kolektibo hau aldi batez ez aplikatzea nahi badu, langileen ordezkariekin akordiorik lortzen ez bada eta aplikatzekoak diren lanbide arteko akordioetako gatazkak konpontzeko prozedurek desadostasuna ebazten ez badute, bi aldeen arteko akordioa beharko da (enpresaren ordezkaritzaren eta langileen ordezkaritzaren gehiengoa) aplikazio ezaren gaineko desadostasuna hitzarmen kolektiboen kontsulta batzorde nazionalaren menpe jartzeko.

Hitzarmenaren hiru ale sinatu dira, Bakaikun, 2026ko ekainaren 9an.

Enpresaren izenean:

JOSE ANTONIO GUERRA ALTUNA

AINARA IGUIÑIZ ARACAMA

GH GUERRA MANUTENCIÓN GUEMA SAren batzordea

ALBERTO ANTON (LAB)

FCO. JAVIER ARAÑA (LAB)

ENEKO LARRAZA (LAB)

FIDEL JIMÉNEZ (LAB)

Iragarkiaren kodea: F2610024