Iragarkia
159. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
119C/2026 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez erabaki da Lekunberriko Garapen Elkartea sozietate publikoaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ikusita Lekunberriko Garapen Elkarteak 2025-2029 urteetarako aurkeztutako hitzarmen kolektikoa, (kode zenbakia: 31102622012026), erregistro honetan sartu dena 2026ko ekainaren 10ean, enpresaren eta sindikatuen ordezkariek 2026ko maiatzaren 21ean sinatu ondotik.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, kontuan hartuta zer xedatzen den Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuan,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Lekunberriko Garapen Elkarteak2025-2029 urteetarako aurkeztutako Hitzarmen Kolektiboa (kode zenbakia: 31102622012026).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2026ko ekainaren 22an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
LEKUNBERRIKO GARAPEN ELKARTEAN LAN EGITEN DUTEN LANGILEEN ENPLEGU-BALDINTZEN HITZARMEN KOLEKTIBOA, 2025-2030 URTEETARAKO
ATARIKO KAPITULUA
1. artikulua. Alderdien zehaztapena.
Hitzarmena itundu dutenak honako hauek dira: enpresaren aldetik, Lekunberriko Garapen Elkartea enpresa publikoa, bere lehendakaria ordezkari duela; eta langileen aldetik, haien ordezkari sindikalak.
LEHEN KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
2. artikulua. Eremu funtzionala eta pertsona eremua.
Hitzarmen hau udal zerbitzu sozialak eta kirol zerbitzuak eta ekipamenduak eta eguneko zentroa kudeatzen dituen Lekunberriko Garapen Elkartea sozietate publikoan aplikatuko da.
Lekunberriko Garapen Elkartea enpresan beste kolektibo batzuk sartzen badira, une horretan aztertuko da hitzarmen honetan jasotzen direnetz, aplikatzen zaizkien lan-baldintzen arabera.
3. artikulua. Lurralde eremua.
Toki eremuko hitzarmena da hau, eta Lekunberriko Garapen Elkartea enpresa publikoak Lekunberriko udalerrian dituen lantokietan aplikatuko da, hitzarmen honen 2. artikuluan ezarri bezala.
4. artikulua. Lege subsidiarioak.
Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Kirol Kudeaketaren Sektoreko Probintziako Hitzarmenean eta Nafarroako Mendekotasun Sektorialerako Hitzarmenean ezarritakoari jarraituko zaio eta, halakorik ez bada, Langileen Estatutuan ezarritakoari.
Alderdiren batean erreferentziako edozein hitzarmen sektorial Lekunberriko Garapen Elkartearena baino hobea bada, hobekuntza horiek enpresako hitzarmenean sartuko dira.
5. artikulua. Hitzarmenaren indarraldia eta salaketa.
Hitzarmen kolektibo honek 2025eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, eta 2030eko abenduaren 31ra arte iraunen du.
Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berariaz adostu da ezen, hitzarmena salatu eta itundutako iraunaldia agortu ondotik, hitzarmenak indarrean jarraituko duela epemugarik gabe harik eta bi alderdiek lurralde eta eremu funtzional bereko horren ordezko bat sinatzen duten arte.
Langileen Estatutuaren testu bateginaren 86.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen hau salatutzat jotzen da sinatzen den egunetik beretik.
6. artikulua. Konpentsazioa.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzak, denak batera hartuta, indarra hartu aurretik zeuden guztiekin konpentsatzen dira, edozein dela ere haien izaera edo jatorria, osagarri pertsonala salbu (19. artikuluan ezartzen den bezala).
7. artikulua. Berme pertsonalak.
Langileren batek, urte osoko kopurua harturik eta orokorrean neurturik, hitzarmen honetan ezarritakoak baino baldintza hobeak izanez gero, errespetatu eginen zaizkio.
8. artikulua. Probaldia.
Langileak enpresan lanean hastean proba gisan arituko direla ulertuko da idatziz horrela agertzen bada lan-kontratuan. Probaldia ez da, inondik ere, ondoko denbora baino luzeagoa izanen:
- 6 hilabete, hitzarmen honen 11. artikuluan finkatutako langileen sailkapenean 1. lanbide-taldean daudenentzat.
- Bi hilabete, 2. lanbide-taldeko langileentzat.
- Hilabete bat, 3., 4. eta 5. lanbide-taldeetako langileentzat.
Probaldian, bi alderdietako edozeinek lan-kontratua bertan behera uzten ahal du aurreabisurik eman gabe eta kalte-ordaina izateko eskubiderik izan gabe.
Probaldia bukatutakoan, bi alderdietako batek ere lan kontratuan atzera egin ez badu, kontratuak dagozkion ondorio guztiak sortuko ditu.
9. artikulua. Batzorde Paritarioa.
Hitzarmen honetako batzorde paritarioa eratu da, hitzarmenaren aplikazioa interpretatu eta zaintzeko, bere edukiaren gainean sortzen diren desadostasunetan.
Bi alderdiek espresuki adostu dutenez, zalantzarik edo desadostasunik sortuz gero, txostena eskatuko zaio batzorde paritarioari, jurisdikzio eskudunari edozein erreklamazio egin aurretik.
Batzordea sei kidek osatuko dute, horietako hiru enpresako ordezkariek hautatuak eta beste hirurak langileen ordezkariek hautatuak. Batzuek eta besteek aholkularien laguntza izaten ahal dute, hizpidea dutela baina botorik gabe.
Alderdietako batek eskatzen duenean bilduko da batzordea, gutxienez astebete lehenago jakinarazita, eta arazoak konpontzeko gehienez ere bi asteko epea izanen du.
Eztabaidatutako gaiak batzordea osatzen duten bi aldeetako bakoitzaren gehiengo soilaz onetsiko dira.
Batzorde paritarioaren erabakiak hitzarmenaren testuari erantsiko zaizkio, eta haren parte izanen dira.
BIGARREN KAPITULUA.–LANGILEEN SAILKAPENA
10. artikulua. Maila funtzionalak.
Hitzarmen honen aplikazio eremuan biltzen diren langileak bost maila funtzionaletan sailkatuko dira, "1. taldea", "2. taldea", "3. taldea", "4. taldea" eta "5. taldea", bakoitzaren oinarrizko zereginen eta eginkizunen arabera eratuak, bai eta horietan jarduteko eskatutako prestakuntzaren edo espezializazioaren arabera ere.
–1. taldea.
Irizpide orokorrak: eginkizun konplexuak eta heterogeneoak gauzatzea, maila handieneko gaitasun profesionala eskatzen dutenak.
Laguntzaile talde batek egiten dituen lanak integratu, koordinatu eta gainbegiratzeko diren eginkizunak.
Hau da eskatzen den prestakuntza: goi mailako titulazioa, erdi mailako titulazioa edo esperientzia.
Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: instalazioko zuzendariak eta kudeatzailea.
–2. taldea.
Irizpide orokorrak: zeregin heterogeneoak integratzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko lanak, hala nola lankide talde baten lana antolatzeko ardura.
Multzo horretan sartzen dira, halaber, lan konplexuak eta aldi berean homogeneoak, aginte-erantzukizunik izan gabe ere berariazko prestakuntza handia eskatzen dutenak.
Prestakuntza: erdi mailako prestakuntza akademikoa edo lanpostuari dagokion titulazio berariazkoa, praktikaldi batez edo antzeko lanetan izandako esperientziaz osatua.
Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: kirol-koordinatzailea, psikologoa, fisioterapeuta, OLT-EDU, gizarte-langilea, terapeuta okupazionala eta departamentuko arduradunak.
–3. taldea.
Irizpide orokorrak: diseinuan, programazioan, prestakuntzan eta exekuzioan autonomia handia eskatzen duten eginkizunak, eska dezaketenak eduki homogeneoko zereginak, lankide talde txiki batek eginak, integratu, koordinatu eta gainbegiratzea.
Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa izanen da, edo bigarren mailako Lanbide Heziketaren parekoa (LH II). Horren ordezkoa izaten ahal da gutxienez urtebeteko esperientzia izatea enpresan edo sektoreko beste enpresa batzuetan ezaugarri bereko lanetan.
Parekatzea: talde honetan sartzen dira kirol jardueretako teknikariari (monitoreari) dagozkion jarduera guztiak, espezialitate guztietan, mendekotasunaren arretarako teknikari laguntzailea, sukaldaria, gidaria, mantentze lanetako langilea.
–4. taldea.
Irizpide orokorrak: zeregin homogeneoak integratzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko eginkizunak, lankide talde txiki batek eginak, edo aginte-erantzukizunik izan gabe ere, betetzean autonomia handia eskatzen dutenak.
Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza bigarren mailako lanbide heziketaren parekoa (LH II) izanen da, edo egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa. Hori ordezkatzen ahal da enpresa berean edo sektoreko beste enpresa batzuetan eite bereko lanetan gutxienez urtebetez izandako esperientziarekin.
Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: aretoko teknikaria, lehen mailako administrari-ofiziala, zenbait lanbidetako lehen mailako ofiziala eta soroslea.
–5. taldea.
Irizpide orokorrak: eduki homogeneoko zereginak, autonomiaz eta jarraibide zehatzei lotuz betetzekoak.
Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza lehen mailako Lanbide Heziketaren parekoa (LH I) izanen da, edo egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa. Horren ordezkoa izaten ahal da gutxienez sei hilabeteko esperientzia izatea enpresan edo sektoreko beste enpresa batzuetan ezaugarri bereko lanetan.
Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: administrari laguntzailea, zerbitzu orokorretako langilea, garbiketako langilea, masaje-emailea eta instalaziotako harreragilea.
11. artikulua. Balioaniztasuna.
Sektorean ematen diren zerbitzuen izaeragatik, denbora partzialean eta asko murriztutako lanaldietan ematen diren zerbitzu asko daudenez, eta horrek, besteak beste, sektorea profesionalizatzea zailtzen duenez, bi alderdien iritziz funtsezkoa da sektoreko langileen balioaniztasuna espresuki arautzea, mugigarritasun funtzionalaren mugak eta balioaniztasuna erregulatzekoak oztopo bihur ez daitezen sinatutako denbora partzialeko kontratuetan lanaldia luzatzeko eta hasieratik lanaldi luzeagoa kontratatzeko aukera izan dadin.
Aurreko horretan oinarrituz, erabaki da ezen, kontratu partzialetan lanaldi gehiago kontratatu ahal izateko edo geroago luzatzeko, betiere ondotik adierazten diren kasuen mugen barnean, zilegi izanen dela enpresaren eta langilearen artean ituntzea lanbide-talde bati baino gehiagori dagozkien eginkizunak egitea, alderdiek espresuki adosten eta idatziz jasotzen badute hasierako lan-kontratuan edo hasierako kontratu horretako lanaldia luzatzen duen kontratu berrituan.
Zehazki, balioaniztasun kasu hauek ezarri dira:
a) Kirol-jardueretako teknikaria (3. taldea) eta kirol-koordinatzailea (2. taldea).
b) 3. eta 4. taldeak.
c) Kirol-jardueretako teknikaria (3. taldea) eta zerbitzu orokorretako langilea (5. taldea).
d) Soroslea (4. taldea) eta zerbitzu orokorretako langilea (5. taldea).
Artikulu honetan aipatutako kasuetan eta mugen barnean, eta ikusirik bi alderdiek balioaniztasun sistema honek ahalbidetzen duen kontratazioan edo lanaldien luzapenean duten interesa, berariaz itundu da ezen, kasu bakoitzean lehentasunezkoak jotzen ahal diren eginkizunak gorabehera, kasu bakoitzean ordainduko den ordainsaria izanen dela lanbide-talde bakoitzarentzat ezarritakoa, talde bakoitzeko eginkizunetan emandako denboraren arabera.
Artikulu honetan aipatutako inguruabarrak gertatzen ez direnean, legeria orokorrean balioaniztasunaren eta mugigarritasun funtzionalaren kasuetarako xedatutakoa aplikatuko da.
HIRUGARREN KAPITULUA.–BALDINTZA EKONOMIKOAK
12. artikulua. Soldatak.
I. eranskinean kiroldegiko langileei dagokienez jasotako taulak atzeraeraginez aplikatuko dira 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, eta haiek jasotzen zituzten langileei aplikatuko zaizkie.
Hitzarmenaren indarraldi osoan, Lekunberriko Garapen Elkartearen 2 lantokietako soldata baldintzak bateratuko dira, talde guztien soldatak parekatuta. Hori horrela, kiroldegiko langileen eta mendekotasunerako Hitzarmen Kolektiboko soldata taulak hartuko dira erreferentziatzat. Taulak hitzarmen honen I., II. eta III. eranskinetan jasota daude.
Lekunberriko Garapen Elkartearen eguneko zentroko eta kiroldegiko langileen parekatzea erdiesteko, urtero aldea %16,66 gutxituko da gorantz; 2025. urtea atzeraeraginez hartuko da, eta 2030ean %16,70 konpentsatuko da. Hala bada, hitzarmenaren indarraldia bukatuta, bi zentroetako langileek berdin kobratuko dute zer taldetan sartuta dauden kontuan harturik.
Soldata eguneratuko da tauletan jasotako kontzeptu guztiak kontuan harturik, eta aurreko urteko Nafarroako KPIan oinarriturik.
2025erako, 2024ko KPIa, %2,7 (I. eranskina).
2026rako, 2025eko KPIa, %2,6 (II. eranskina).
2027., 2028., 2029. eta 2030. urteetarako, dagokion urteko urtarrilean eguneratutako soldata taulak egin eta argitaratuko dira, aurreko urteko Nafarroako KPIaren argitalpena kontuan izanik.
13. artikulua. Balioaniztasun plusa.
Langileei balioaniztasun plusa onartuko zaie, baldin eta, ohiko moduan eta dokumentaturik, gauzatzen dituzten eginkizunak beren lanbide-kategoriari edo sailkapen-taldeari dagozkionak nabarmen ez bezalakoak badira, betiere hitzarmen honi jarraikiz.
Alabaina, ez da aplikatuko zereginak aldian behingoak eta enpresako lankidetza orokorraren berezkoak badira.
Balioaniztasun plusa langilearen oinarri soldataren %8 izanen da, betiere bi lanbide-kategoriari gutxienez dagozkien eginkizun balioaniztunak jarraian egiten badituzte.
14. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
Gaueko lana 22:00etatik 06:00etara bitarte egiten dena da.
Lana gauez egiten duten langileek soldata osagarria jasoko dute gaueko orduetan benetan lan egindako ordu bakoitzeko. Osagarriari "gaueko lanaren plusa" deitzen zaio, eta gaueko orduetako zerbitzualdiaren arabera ordainduko da, hitzarmen honen eranskinetako soldata tauletan ordainsari maila bakoitzerako ezarritako diru kopuruan.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, hitzarmen honetan soldatetarako hitzartu den igoera aplikatuta.
Gaueko lanaren plusa benetan lan egindako ordu bakoitzarengatik baizik ez denez kobratzen, oporretako ordainsarietatik kanpo gelditzen da espresuki.
15. artikulua. Jaiegunetako plusa.
Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, jaiegun izanen dira urtero ezarritako 14 jaiegun ofizialak; horiexek besterik ez.
Sektoreko langileek 14 jaiegun ofizialetako batean zerbitzu ematen badute, jaiegunetako plusa jasoko dute. Berdina izanen da kategoria guztientzat; hitzarmen honen eranskinetako soldata tauletan ezarritako zenbateko gordinekoa izanen da 2025. eta 2026. urteetan, eta 5 eurokoa, 2027. eta 2028. urteetan.
Jaiegunetako plusa 14 jaiegun ofizial horietan benetan lan egindako ordu bakoitzarengatik baizik ez denez kobratzen, oporretako ordainsarietatik kanpo gelditzen da espresuki.
Erabaki da 2028ko ekainean batzorde parekide bat egitea, plus horren 2029. eta 2030. urteetarako zenbateko eguneratua ituntzeko.
16. artikulua. Igandeetako plusa.
Sektoreko langileek igandeetan zerbitzu ematen badute, igandeetako plusa jasoko dute egun horietakoren batean benetan lan egindako ordu bakoitzeko. Berdina izanen da kategoria guztientzat; hitzarmen honen eranskinetako soldata tauletan ezarritako zenbateko gordinekoa izanen da 2025. eta 2026. urteetan, eta 5 eurokoa, 2027. eta 2028. urteetan.
Igandeetako lanaren plusa benetan lan egindako orduengatik baizik ez denez kobratzen, oporretako ordainsarietatik kanpora gelditzen da espresuki.
Erabaki da 2028ko ekainean batzorde parekide bat egitea, plus horren 2029. eta 2030. urteetarako zenbateko eguneratua ituntzeko.
17. artikulua. Fideltasun plusa.
"Fideltasun plusa" izenekoa ezarri da, eta hamabi hilabeteetako soldata bakoitzean jasoko dute enpresarekiko fideltasun betekizun jakin batzuk betetzen dituzten langileek, baldintza hauen arabera:
Enpresarekin 2 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmeneko tauletan beren mailari dagokion hileko oinarrizko soldataren %2 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
Enpresarekin 3 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmeneko tauletan beren mailari dagokion hileko oinarrizko soldataren %4 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
Enpresarekin 4 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmeneko tauletan beren mailari dagokion hileko oinarrizko soldataren %6 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
2026. urtetik aurrera, enpresarekin 10 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %8 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
2027. urtetik aurrera, enpresarekin 12 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmeneko tauletan beren mailari dagokion hileko oinarrizko soldataren %10 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
2027. urtetik aurrera, enpresarekin 14 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %12 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
Ehuneko horiek ezin dira metatu.
Plus hori kasu bakoitzerako ezarri den portzentajean jasotzeko, loturako denbora-tarte guztiak erabat osatu behar dira, hau da, 2 urte eta egun batekoa, 3 urte eta egun batekoa, 4 urte eta egun batekoa, 10 urte eta egun batekoa, 12 urte eta egun batekoa, eta 14 urte eta egun batekoa.
18. artikulua. Osagarri pertsonala.
"Osagarri pertsonala" izeneko ordainsari kontzeptuak langilearen ezaugarri edo ezagutzak saritzen ditu, enpresak lana gauzatzean kontuan hartzen dituenak. Osagarri hori ez da xurgatzen edo konpentsatzen ahalko, eta hitzarmenean hitzartutako igoera aplikatuta eguneratuko da.
19. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko ordu bakoitzeko ordu eta erdiko konpentsazioa izanen da, atsedenaldiekin konpentsatuta nahiz dirutan.
Aparteko orduak urtero ezartzen diren 14 jaiegun ofizialetako batean eginez gero, aparteko ordu bakoitzeko bi orduko konpentsazioa izanen da.
Konpentsazioaldia 4 hilabetekoa izanen da, aparteko orduak egiten direnetik.
Aparteko orduak borondatezkoak dira.
20. artikulua. Kilometrajea.
Norberaren ibilgailua laneko arrazoiengatik erabili behar denean, 0,26 euro ordainduko da kilometro bakoitzeko. Ordaintzen den zenbatekoa behar bezala justifikatu beharko da.
21. artikulua. Aparteko haborokinak.
Langile guztiek urtean aparteko hiru paga izanen dituzte: ekaineko paga, abenduko paga eta martxoko paga. Haien zenbatekoa ordainsarien maila bakoitzari dagokiona izanen da.
1.–Ekaineko eta abenduko aparteko pagak:
Aparteko paga horiek dagokion urteko ekainean eta abenduan jasoko dira; langileak eskatuta, hainbanatzen ahal dira, eta hileroko soldatarekin batera jaso, bi pagei irizpide bera aplikatuta.
Bi paga horiek sei hilabetetik behin sortuko dira. Ordainketa, kontaketa edo likidaziorako hainbanaketa egiteko, hasiera edo bukaera ezartzeko, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko tartea hartuko da kontuan ekaineko pagarako, eta uztailaren 1etik abenduaren 31 bitartekoa, abenduko pagarako.
Ekaineko aparteko paga, hainbanatzen ez den kasuetan, dagokion urteko ekainaren 20a baino lehen ordainduko da.
Abenduko aparteko paga, hainbanatzen ez den kasuetan, dagokion urteko abenduaren 20a baino lehen ordainduko da.
2.–Martxoko aparteko paga:
aparteko ordainsari hori martxoan kobratuko da, eta hilez hil proportzioan banatzen eta ordaintzen ahal da bakoitzaren soldata agirian, lan kontratuaren iraupena urtebetetik beherakoa baldin bada.
Paga hori urte oso bakoitzeko sortuko da. Zenbaketa edo likidaziorako hainbanaketa egiteko, hasiera edo bukaera ezartzeko, ekainekoa hartuko da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte.
Ordainketa sortzapenaren urtean indarrean dauden taulen arabera eginen da, eta soldata tauletan ezarri da zenbatekoa.
Martxoko aparteko paga, sortu eta hurrengo urteko martxoko nominarekin batera ordainduko da, azaldu diren baldintzen arabera.
22. artikulua. Laneko arropa.
Enpresak bi uniforme eta behar den ekipamendua emanen dizkie urtero langile guztiei, lanpostuari dagozkion eginkizunak egoki bete ditzaten.
Zuzkidura hori bermatuta egonen da, bereziki, lanpostu hauetarako: garbiketa, sukaldea, gidaria, psikologoa eta mantentze-lanetako langileak. Hala bada, haietako bakoitzari beharrezko diren jantziak, oinetakoak eta, hala badagokio, arropa teknikoa emanen zaizkie, bakoitzaren lanbide-kategoriaren berezko zereginetarako egokiak direnak.
Enpresak sorosleei eta begiraleei eginkizunak betetzeko uniforme egokia emanen die, lanpostuen berezko ezaugarriak kontuan izanik.
Kirol jardueretako teknikarien kasuan, ikusirik ekipamenduak askotarikoak direla, enpresak, goian aipatu uniforme horien ordez, 60 euro gordineko diru konpentsazioa emanen du urtean, 0,17 euro gordin eguneko, alegia, enpresan alta izandako eguneko, eguneko lanaldia eta egindako jarduera edozein dela ere.
Enpresak oinetako egokiak eta berariazko uniformeak emanen dizkie urtero langileei, bermaturik lanposturako beharrezko diren erosotasun, segurtasun eta higiene baldintzak betetzen dituztela.
Halaber, zerbitzuaren eta eguraldiaren egoeragatik beharrezkoa bada, negurako edo jarduerak kanpoan egiteko jantzi tekniko bero egoki bat emanen zaie.
Artikulu honetan aurreikusitako zuzkidura nahitaezkoa izanen da enpresarako, eta laneko eginkizunak betetzeko baino ez dute erabiliko.
Noizbehinka erabiltzen den laneko arropa berritzeko, kontuan hartuko da nola dagoen.
23. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasunaren eta haurdunaldiko arriskuaren osagarria.
Laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren prestazioak osatuko dira, hilabete horretan langilea bajan egon ez balitz zegokiokeen soldata gordinaren %100era arte, salbu gaueko lanaren, jaieguneko lanaren eta igandeko lanaren osagarriak. Pixkanaka doituko da %100era iritsi arte, erantsitako taulan ezarri bezala.
- 2026:
1. baja (1-10 egun) %80 (11-60 egun) %100 (+61 egun) %90.
2. baja %75 %90 %90.
3. baja %75.
- 2027:
1. baja (1-10 egun) %100 (11-60 egun) %100 (+61 egun) %100.
Hurrengo bajak %75 %90 %90.
- 2028:
1. baja (1-10 egun) %100 (11-60 egun) %100 (+61 egun) %100.
Hurrengo bajak %75 %90 %90.
- 2029:
1. baja (1-10 egun) %100 (11-60 egun) %100 (+61 egun) %100.
Hurrengo bajak %80 %100 %90.
- 2030:
1. baja (1-10 egun) %100 (11-60 egun) %100 (+61 egun) %100.
Hurrengo bajak %100 %100 %100.
Ondorioz, 2030. urtetik langileek aldi baterako ezintasuneko prestazioak guztiz osatuta izanen dituzte, hileko soldata gordinaren %100era iritsi arte, artikulu honetan ezarritakoari jarraikiz.
24. artikulua. Lanaldia.
Oro har eta Langileen Estatutuko 34. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Lekunberri Garapen Elkartearen eguneko zentroak eta kiroldegiak eta haien langileek, urtean, 1670 orduko denbora osoko lanaldi orokorra izanen dute 2026an, eta 1592 ordukoa, 2030. urtean. Hortik aurrerako urteetan, lanaldia Udalaren mendeko langile publikoentzat ezartzen denera egokituko da.
Langileek sei (6) orduko lanaldia badute, hogei (20) minutuko atsedenaldia izanen dute.
Atsedenaldia lanaldiaren tarteko aldian hartuko dute, kontuan izanik enpresaren beharrak eta laneko txandak, betiere bermaturik enpresaren funtsezko eragiketen jarraitutasuna ez etetea.
Atsedenaldia ordaindua izanen da, eta lanaldiaren barrukotzat hartuko da.
–Lanaldia (2025/1690 h):
- 2026 1670
- 2027 1650
- 2028 1630
- 2029 1610
- 2030 1592 ordu urtean*
–Begiraleen lanaldia:
- 2026 1613
- 2027 1597
- 2028 1582
- 2029 1567
- 2030 1535 ordu urtean*
–Aretoko teknikarien lanaldia:
- 2026 1613
- 2027 1597
- 2028 1582
- 2029 1567
- 2030 1535 ordu urtean*
(*) Enplegatu publikoek hitzarmena sinatzen denean (2026) lanaldiaren arabera kalkulatutako erreferentzia balioa. Itundu denez, eguneratu eginen da beherantz aldatzen bada hitzarmenaren indarraldian eta enplegatuen urteko lanaldia gutxitzen bada. Neurri berean murriztuko da taulak kalkulatzeko.
25. artikulua. Adingabe bat zaintzeko lanaldi murrizketa.
Legezko zaintza dela-eta, langileren batek bere kargura baldin badu hamasei urtetik beherako haurren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen eta desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala duen pertsona bat, eskubidea izanen du eguneko lanaldia murrizteko, soldata ere hein berean murriztuta, haren iraupenaren zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere.
Lanaldiaren murrizketaren erreferentzia eguna, astea, hilabetea edo urtea izaten ahalko da.
Adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara artekoa– zaindu behar duen langileak ere eskubide bera izanen du.
Gurasoak, adoptatzaileak, adopzioaren aurreko harreragileak edo harreragile iraunkorrak eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, gutxienez erdira, soldata hein berean murriztuta, minbiziak (tumore gaiztoak, melanomak eta kartzinomak) edo beste eritasun larri batek jota dagoen bere ardurapeko adingabe bat zaintzeko, eritasun horrek ospitaleratze eta tratamendu luzea ekartzen badu eta, hortaz, umeak zaintza zuzena, jarraitua eta etengabea behar badu, Osasun Zerbitzu Publikoaren edo kasuan kasuko autonomia erkidegoko osasun organo administratiboaren txosten baten bidez egiaztaturik, gehienez ere adingabeak 18 urte bete arte.
Apartatu honetan ezartzen den lan murrizketa langile bakoitzaren eskubidea da, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Hala ere, enpresa bereko bi langilek edo gehiagok pertsona berarengatik eskubide hori baliatzeko aukera badute, enpresaburuak mugak jartzen ahalko ditu baimena aldi berean hartzeko, enpresaren funtzionamendu-arrazoi justifikatuengatik.
26. artikulua. Oporrak.
Urteko 24 laneguneko oporraldi ordaindua ezarri da.
24 lanegunetatik, enpresak 12 zehaztuko ditu, eta langileak beste erdiak askatasunez hautatzen ahalko ditu, zehazten den aurrerapenaz jakinarazi ondotik (hasi baino bi hilabete gutxienez).
Baldin eta, antolamendu, ekoizpen eta mantentze arloko arrazoiengatik, aldi batez instalazioa guztiz edo zati batez ixtea xedatzen bada, aldi hori bat etortzen ahalko da, guztiz edo zati batez, urteko oporrekin. Hala izanez gero, ukitutako langileek ordura arte sortutako opor egunak itxiera aldian erabiliko dituzte, eta sortu gabeak aurreratzeko aukera izanen dute, eta geroago konpentsatu edo erregularizatuko dira lanpostua utziz gero.
Oporraldia eta haurdunaldiak, erditzeak edo bularra emateak eragindako aldi baterako ezintasuna edo lege honen 48.4 eta 48.bis artikuluetan ezarritako kontratu-etetea aldi berean gertatzen badira, aldi baterako ezintasunaren edo aipatutako araua aplikatzean dagokion baimena baliatuko den denboralditik kanpo baliatzen ahalko dira oporrak, etete horren iraupena bukatu ondotik, dagokien urte naturala bukatu bada ere.
Oporraldia bitartean aurreko paragrafoan aipatu ez den arrazoi batengatik aldi baterako ezintasun egoera bat gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak ez baditu oporrak dagokien urte naturalean hartzen ahal, osorik edo partez, ezintasun egoera bukatu ondotik hartzen ahalko ditu, betiere opor horiek sortu diren urtea bukatzen denetik 18 hilabete baino gehiago igarotzen ez badira.
Lan-egutegia beranduenez dagokion urteko urtarrilaren 31n jasoko da, eta oporretako egutegia enpresari jakinarazi beharko zaio idatziz urte naturaleko martxoaren 31 baino lehen. Oporrak gutxienez 7 egun naturaleko bloketan hartuko dira.
Enpresak, beranduenez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo hilabeteko azkeneko egunean erantzunen die oporren eskaerei, hau da, apirilaren 30ean. Epe horretan erantzunik ematen ez bada, automatikoki ulertuko da langileak eskatutako opor egunak onartu direla.
27. artikulua. Eszedentziak.
Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskubidea izanen dute borondatezko eszedentzia hartzeko, 4 hilabetekoa gutxienez eta 2 urtekoa gehienez, lanpostua gordeta.
Eszedentzian dagoen langileak ez du eszedentzian dagoen bitartean sektore bereko edo antzeko beste enpresetan lan egiten ahalko, adibidez gimnasioetan edo kirol klubetan.
Eskubide horretaz berriro baliatzen ahal da langile bera, aurreko eszedentzia bukatu eta lau urte igaro eta gero.
Gainera, eta hitzarmenaren indarraldi osoan behin soilik, langileek gutxienez bi hilabete eta gehienez lau urte iraunen duen borondatezko eszedentzia bakarra hartzen ahalko dute, eta lanpostua bi urtez gordeko zaie.
Langileek eskubidea izanen dute hiru urte arteko eszedentzia hartzeko seme edo alaba bakoitza zaintzeko, haurra norberak sortua edo adoptatua izan, edo harrera-prozesuan izan, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko fasean, behin-behinekoz izanda ere. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.
Hiru urtera arteko eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu, eritasun edo desgaitasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –odolkidetasuneko edo ezkontza bidezko bigarren mailara artekoa– zaindu behar duten langileek. Hiru (3) urte horietako kotizazioak enpresak ordainduko ditu.
Apartatu honetan aipatzen den eszedentzia langileen banakako eskubidea da, gizon zein emakumeena, eta zatika hartzen ahalko da. Hala ere, enpresa bereko bi langilek edo gehiagok pertsona berarengatik eskubide hori baliatzeko aukera badute, enpresaburuak mugak jartzen ahalko ditu baimena aldi berean hartzeko, enpresaren funtzionamendu-arrazoi justifikatuengatik.
Beste subjektu eragile batek beste eszedentzialdi bat izateko eskubidea sortzen duenean, hura hastearekin bukatuko da ordura artekoa, halakorik izanez gero.
Artikulu honen arabera eszedentzian ematen duen aldia antzinatasunerako zenbatuko zaio langileari, eta lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko eskubidea izanen du; enpresaburuak jakinaraziko dio ikastarootan parte hartzeko aukera, batez ere langilea lanera itzultzen denean. Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epe hori bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide-talde berekoa edo kategoria baliokide batekoa izanen da.
Aurrekoa hala izanik ere, langilea ofizialki aitortutako familia ugari bateko kidea baldin bada, lanpostua 15 hilabetez gordeko zaio, gehienez ere, kategoria orokorreko familia ugaria denean, eta 18 hilabetez, gehienez, kategoria berezikoa denean.
28. artikulua. Baimen ordaindugabea.
Langile guztiek izanen dute ordaindu gabeko baimen bat hartzeko eskubidea, 15 egunetik 4 hilabete artekoa, eta Gizarte Segurantzan kotizatu gabe.
29. artikulua. Asteko atsedena.
Asteko ohiko atsedenaldia bi egun jarraitukoa izanen da, betiere egutegien aldian behingo banaketak horretarako aukera ematen badu. Atsedena gehienez hamalau eguneko tartean metatzen ahal da. Kasu horietan 4 eguneko atsedenaldia izanen da, horietako bi jarraian, salbu eta instalazioaren funtzionamendurako premia larri batek kontrakoa eskatzen badu.
Garbitzaileek lanaldi bat eta erdiko atsedenaldia izanen dute asteburuko lan-txanda dutenean, eta bi egunekoa, baldin eta lan-txandak asteburua barne hartzen badu.
Urteko lan-egutegia urtarrilaren bukaera baino lehen eginen da. Jardueretako langileen kasuan, kanpainen araberako egutegiak eginen dira. Egutegi horietan ezarriko dira, gutxienez, lanegunak, atseden-egunak eta lanorduak.
30. artikulua. Ordaindutako lizentziak.
Langileak, aurretik abisatuta eta ondotik justifikatuta, baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidearekin, jarraian adierazten den denboran, arrazoi hauetako bat dela medio:
A) Langilea ezkontzea edo izatezko bikotea erregistratzea: 18 egun natural.
B) Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaideek (izatezko bikotekidearen odol-ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badute, ospitaleratu behar badituzte edo ospitaleratzerik ez baina etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoa baldin badute: bost egun.
C) Seme edo alaba baten jaiotza: 19 aste, oro har, bi gurasoentzat, Espainiako Langileen Estatutuaren 48. artikulua aldatzen duen 9/2025 Errege Lege Dekretuan xedatutakoaren arabera. Hau da, nahitaezko 6 aste, denbora osoan, eta 11 aste norberak hartzeko, eta 2 aste gehigarri, harik eta adingabeak 8 urte betetzen dituen arte.
D) Heriotza: 10 egun baliodun gehienez, baldin eta ezkontideak, izatezko bikotekideak eta ahaideak –odolkidetasuneko bigarren mailara arte– badira.
E) Ohiko bizilekua aldatzea (ezkontzaren ondorioz ez denean): egun bat.
Herri batetik bestera joan behar izanez gero, eta bien artean 200 kilometroko tartea edo handiagoa bada, D) eta E) apartatuetan adierazitako baimenak luzatzen ahalko dira:
F) Gurasoen, seme-alaben edo anaia-arreben ezkontza: 1 egun natural.
G) Nahitaezko eginbehar publiko eta pertsonal bat betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.
H) Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak edo Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako titulu akademiko edo profesional bat ateratzeko azterketak egitera joateko behar-beharrezkoa den denbora. Joan-etorrietan ematen den denbora ez da baimen ordaindutzat hartuko, baldin eta joan-etorri hori Nafarroako Komunitatearen mugetatik kanpo egiten bada. Joan-etorria muga horien barnean egiten bada, joan-etorri hori baimen ordaindutzat hartuko da.
I) Langileek ordu aldetik mugatutako lizentzia ordaindua erabiltzeko eskubidea izanen dute Gizarte Segurantzaren kontsulta medikora joateko edo ezkontidea eta odol bidezko bigarren graduko ahaideak Gizarte Segurantzaren kontsulta medikora laguntzeko (urtean 20 ordu guztira). Gainera, ordu gehiagorako aukera izanen dute urteko poltsa batean metatuta, urte berean itzultzeko. Langileak 20 kilometro baino gehiagoko bidea egin behar badu medikuarenera joateko edo laguntzeko, joan-etorrian emandako denbora ez da baimeneko 20 ordu horien barruan zenbatuko.
J) Langileek lizentzia ordaindua izanen dute, behar besteko denborakoa, ezkontidea eta lehen zein bigarren mailako odol ahaideak tratamendu onkologiko eta kardiobaskularretara (iktus) laguntzeko.
K) Ezinbesteko kasua.
Langileak eskubidea izanen du lanetik alde egiteko ezinbesteko kasuetan, beharrezkoa denean familiakoekin edo bizikideekin lotutako premiazko arrazoiengatik, eritasuna edo istripua dela-eta, ezinbestekoa baldin bada langilea berehala haren ondoan egotea.
Langileek eskubidea izanen dute apartatu honetan azaltzen diren arrazoiengatik lanean ari ez diren orduen ordaina jasotzeko; hain zuzen ere, lanaldi osoko lau egun urtean guztira. Halakoetan, lanera ez joateko arrazoia frogatu beharko dute.
L) Langileen Estatutuaren 37. artikuluan jasota egonik aurreko puntuetan jaso eta garatuta ez dauden guztiak.
31. artikulua. Norberaren aukerako eguna.
Langile bakoitzak bere kabuz 4 lanegun hartzen ahalko ditu hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzean. Egun hori ez da berreskuratu beharko. Norberaren aukerako egun hori hartuko dela idatziz jakinarazi beharko zaio enpresari, gutxienez ere hiru lanegun lehenago. Egun horiek hartzeko irizpidea hitzarmenaren 27. artikuluko 3. puntuko irizpide bera izanen da.
32. artikulua. Haurrari esnea emateko baimena.
Bularra emateko baimena, Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan ezarritakoa, hartzeko eskubidea duten emakumezko langileek Estatutuan ezarri bezala hartzen ahal dute ala, aukeran, baimen ordaindu batekin ordeztu. Azken kasu horretan amatasun baimenaren ondotik hartuko litzateke.
Baimen ordainduaren iraupena 16 egun naturalekoa izanen da, hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzean.
Aukera hori izateko, amatasun baimena bukatu baino hamabost egun lehenago eskatu beharko da gutxienez.
LAUGARREN KAPITULUA.–KONTRATAZIOAK ETA LANPOSTUA UZTEA
33. artikulua. Praktikaldiko kontratuak.
Praktiketako kontratuaren modalitatean kontrataturiko langileek hitzarmen kolektibo honetan lanpostu berean edo baliokidean ari den langilearentzat finkatutako ordainsariaren %100 jasoko dute.
34. artikulua. Aldizkako kontratu finkoak.
Langileen Estatutuaren 15.8 artikuluan ezarritakoarekin bat, aldizkako langile finko bihurtuko dira egun jakin batzuetan errepikatzen ez diren lanak egiteko kontratatu diren langileak, aldi baterako lanetan aritzeko udako edu neguko bigarren denboraldirako deitzen zaien unean.
35. artikulua. Behin-behineko kontratuak.
Langileen Estatutuaren 15.1 b) artikuluan ezarritakoarekin bat, produkzioaren inguruabarrengatik, eginbeharrak metatzeagatik edo gehiegizko eskariagatik sinatzen diren behin-behineko kontratuen iraunaldia 6 hilekoa izanen da gehienez ere, 12 hileko epean, inguruabar horiek gertatzen diren unetik aurrera zenbatzen hasita.
36. artikulua. Errelebo-kontratua eta erretiro partziala.
Lekunberriko Garapen Elkartea enpresan kontratatutako langileek erretiro partzialerako sarbidea onartua izanen dute unean-unean indarrean dagoen legeriak ezarritakoaren arabera.
36.bis artikulua. Berdintasun planak.
Lekunberriko Garapen Elkartea enpresak sustatu eginen du berdintasunaren arloan (901/2020 ED - 902/2020 ED) eta LGTBI eskubideen arloan (1026/2024 ED) indarrean dagoen legerian ezarritakoa, eta erakundean LGTBI pertsonen berdintasunerako eta ez diskriminaziorako berdintasun neurriekin negoziatzea sustatuko du.
37. artikulua. Lanpostu uzteak eta aurreabisuak.
Langileek lanpostua beren borondatez uzteko erabakiaren berri emanen diote enpresari, idatziz eta gutxienez 15 egun aurretik.
Aurrez abisatzen ez bada, enpresak ahalmena izanen du azken likidazioan kentzeko aurreabisuko epea betetzeko faltan izan diren egunen kopurua.
Era berean, enpresak kontratuaren akabera idatziz eta gutxienez 15 egun lehenago jakinaraziko dio langileari, salbu eta langilearekin bitarteko kontratua itundua duenean eta ez dagoenean jakiterik ordezkatzearen arrazoia noiz bukatuko den, bai eta diziplinako kaleratze kasuetan ere.
38. artikulua. Langileen subrogazioa.
Langileen ordezkariekin akordioa lortu beharra egonen da jardueraren jarraitutasun osoa edo zati bat dakarten kontratuak eta administrazio emakidak ordeztu, haien titulartasuna aldatu, eten, adjudikatu eta bukatzeko.
BOSGARREN KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK, ZEHAPENAK ETA PRESKRIPZIOA
39. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Langileak soilik zigortuko dira beren betebeharrak betetzen ez dituztenean, ez-betetze horrek diziplina falta badakar.
I.–(A.–B.–C.–) Diziplina faltak arinak (A.–), astunak (B.–) eta oso astunak (C.–) izanen dira.
Falta arinak hilabeteren buruan preskribatuko dira, larriak urtebeteren buruan eta oso larriak hiru urteren buruan.
A.–Honako hauek dira falta arinak:
a) Lanera berandu iristea, ez hiru aldiz baino gehiagotan hilabete berean, bidezko arrazoirik gabe.
b) Hilabeteko epean, behin lanera ez joatea, justifikatutako arrazoirik gabe.
c) Hilabeteko epean, behin ez egitea lanaldi osoa, bidezko arrazoirik gabe.
d) Nagusiekin, kideekin eta mendekoekin tratu desegokia izatea.
e) Zerbitzuetako lokalen, instalazioen, materialaren eta agirien zainketan arduragabea izatea.
f) Eginbeharretan berandu iristea edo zabarkeriaz edo utzikeriaz jokatzea, baldin eta zerbitzuaren funtzionamendu egokia galarazten ez badute eta enpresari edo herritarrei eta/edo erabiltzaileei kaltea ekartzen ez badiete.
g) Fitxatzeko betebeharra bost alditan baino gehiagotan ez betetzea hilabete berean.
B.–Honako hauek dira falta astunak:
a) Arrazoirik eman gabe hilabeteko aldian bost alditan baino gehiagotan berandu iristea.
b) Hilabeteko epean lanera ez joatea bost alditan edo gutxiagotan, justifikatutako arrazoirik gabe.
c) Hilabeteko epean, bost alditan edo gutxiagotan ez egitea lanaldi osoa, justifikatutako arrazoirik gabe.
d) Nagusiekiko, lankideekiko, mendekoekiko eta erabiltzaileekiko errespetu falta.
e) Zerbitzuetako lokalen, instalazioen, materialaren eta agirien zainketan kalte larriak sortzea.
f) Zerbitzuaren berezko arloetan nagusiek idatziz emandako aginduak ez betetzea.
g) Lanean ari direla iskanbilak sortzea edo horietan parte hartzea.
h) Falta arinak errepikatzea eta haietan berrerortzea.
i) Oro har, eginbeharrak ez betetzea, horrek zerbitzuaren funtzionamendu egokia galarazten badu edo enpresari edo herritarrei eta/edo erabiltzaileei kaltea eragiten badie.
j) Sexu-jazarpena eta sexuagatiko jazarpena.
C.–Falta oso astunak:
a) Hilabeteko epean lanera ez joatea bost alditan baino gehiagotan, justifikatutako arrazoirik gabe.
b) Hilabeteko epean, bost alditan baino gehiagotan ez egitea lanaldi osoa, bidezko arrazoirik gabe.
c) Zerbitzua bertan behera uztea; alegia, hilabetetik gorako aldiko egun guztietan lanera ez agertzea, arrazoi justifikaturik gabe.
d) Men ez egite agerikoa, banakoarena nahiz taldearena.
e) Legez kanpoko grebetan parte hartzea.
f) Bateraezintasunen gaineko araubidea ez betetzea.
g) Errendimendurik eza nabarmena behin eta berriz eta arrazoirik gabe gertatzea.
h) Falta astunak errepikatzea eta haietan berrerortzea.
j) Oro har, eginbeharrak ez betetzea, baldin eta horrek badakar zerbitzuen funtzionamendu egokia nabarmen eragoztea edo enpresari, herritarrei eta/edo erabiltzaileei kalte larriak sortzea.
II.–
1. Falta errepikatzen da baldin eta, falta bat egitean, enplegatuak lehendik diziplina-zehapen bat izan badu falta astunago batengatik, edo bi zehapen, astuntasun bereko edo txikiagoko bi faltarengatik.
2. Faltan berrerortzen da baldin eta, falta bat egitean, enplegatuak lehendik diziplinazko zehapenen bat badu mota bereko beste falta batengatik edo gehiagorengatik.
3. Enplegatuaren espedientetik diziplinazko zehapenen oharrak kenduz gero, ez da errepikatze edo berrerortzerik izanen langileak beste falta bat egiten duenean.
4. Erantzukizuna falten egileek izateaz gain, erantzukizuna izanen dute horiek onartzen dituzten nagusiek eta estaltzen dituzten enplegatuek nahiz horiek egitera bultzatzen dituztenek ere.
III.–
1. Zehapenak baldintza hauen arabera mailakatu eta ezarriko dira:
a) Falta nolakoa den.
b) Erantzuleen parte-hartze maila.
c) Zerbitzuari nahasmendua ekartzea.
d) Enpresari nahiz herritarrei eta/edo erabiltzaileei egindako kalteak.
e) Falta errepikatu edo berriz egitea.
2. Falta arinek zehapen hauek jasoko dituzte:
a) Kargu hartzea.
b) Egun batetik lau egunera bitarteko enplegu eta soldaten etenaldia.
3. Falta astunek zehapen hauek jasoko dituzte:
a) Bost egunetik hogeita hamarrera bitarteko enplegu eta soldaten etenaldia.
4. Falta oso astunek zehapen hauek jasoko dituzte:
a) Enplegua etetea, urtebetetik bost urtera bitartekoa.
b) Kaleratzea.
Arestian xedatutakoa galarazi gabe, berandu iristeak eta lanera ez joateak nahiz lanaldia ez betetzeak dagozkien ordainsariak galtzea ekarriko dute, legez ezarritako arauekin bat etorrita.
IV.–
1. Enplegatuei diziplinazko zehapena ezartzen zaienean oharra idatziko da haien espedientean, zein falta egin duen adierazita.
2. Oharrak kendu eginen dira, enplegatuak eskatuz gero, zehapena betetzen denetik honako epe hauek igarotakoan:
a) Falta arinen oharrak, sei hilabeteren buruan.
b) Falta astunen oharrak, bi urteren buruan.
c) Falta oso astunen oharrak, sei urteren buruan.
3. Ez da oharra kenduko baldin eta aurreko apartatuan esandako epeen barnean enplegatuari diziplinazko beste zehapen bat ezartzen bazaio.
4. Errepikatze edo berrerortze kasuetan, ohar berriak kentzeko epeek 2. apartatuan adierazitakoek halako bi iraunen dute.
40. artikulua. Falten ezarpena eta preskripzioa.
1. Falta arinak egiteagatik enplegatuaren nagusiak ezarriko ditu zehapenak; horretarako, sumario espediente bat abiaraziko da eta bermatuko du interesduna entzunen dela aldez aurretik.
2. Falta astunak edo oso astunak egiteagatik dagozkion hierarkiako agintariek ezarriko dituzte zehapenak; horretarako, diziplinazko espedientea abiaraziko da aurretik eta nahitaez entzun beharko zaio langile arduradunari. Langileak abokatu baten laguntza izaten ahal du.
3. Falta arinengatik ezartzen diren zehapenak hilabete baten buruan preskribatuko dira, falta astunengatik ezartzen direnak urtebeteren buruan eta falta oso astunengatik ezartzen direnak hiru urteren buruan.
SEIGARREN KAPITULUA.–BESTE BATZUK
41. artikulua. Prestakuntza.
Ordaindutako baimenak emanen dira, urtean 55 ordu artekoak, beti ere baldintza hauek betetzen badira:
–Ikastaroen edukiak zuzeneko harremana izatea lanpostuarekin, baita euskarari dagokionez ere.
–Ikastaroak egiteko eragozpenak izatea, lanaldiaren orduetan direlako edo txandaka lan egiteak klaseetara joatea oztopatzen duelako.
Bermatuko da langile guztiak prestakuntzarako orduez baliatzen ahal direla, edozein lan-txandatan aritzen direla ere. Enpresaren prestakuntza beharrak zehazteko abiapuntua izanen dira Garapenerako beharrezkoa dela ebazten den plantilla organikoaren profilak eta aldi baterako lanpostu hutsak betetzeko behar diren langileak, barne-sustapenaren bidez. Enpresak beharrezkotzat jotako prestakuntzak nahitaezkoak izanen dira, lanpostua moldatzeko eta betetako lanpostuaren profilaren arabera. Prestakuntza horretan emandako orduak laneko denbora modura hartuko da ondorio guztietarako, eta kostua enpresak hartuko du bere gain. Ahal den neurrian, prestakuntza lanaldian zehar egiteko ahalegina eginen da, eta, posible ez bada, konpentsatu beharreko atseden orduak langileak aukeratuko ditu. Langileei eskatzen zaie, halaber, beren kezka eta beharren berri emateko, urteko lehen hilabetean. Batzorde misto bat osatuko da langileekin, beharren berri elkarri emateko.
42. artikulua. Lan-osasuna.
Hitzarmen hau sinatzean batzorde bat eratuko da, eta bertan proposatu eta zehaztuko dira lan osasunaren eta arrisku prebentzioaren arloan egin beharreko balizko jarduketak.
Prebentzio-zerbitzuaren txostenaren bidez hala zehaztutako lanpostuetan nahitaezkoa izanen da banakako babes ekipamenduak erabiltzeko arauak betetzea.
Enpresak istripuen aseguru kolektiboa eginen du langile guztientzat, barne hartuta laneko istripuen ondoriozko heriotza, ezintasun iraunkor absolutua eta ezintasun iraunkor partziala, langile bakoitzeko 60.000 eurora arteko estaldura egonik.
Orobat, osasunaren zaintza bermatuko da urteko osasun azterketak eginda, laneko arriskuen prebentzioaren arloan indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera.
43. artikulua. Eskubide sindikalak.
Lekunberriko Garapen Elkartea sozietate publiko langileek, Enpresa Batzordeko kide direnean, eta akordio honen aplikazio eremuan, 15 orduko kreditua izanen dute hilabetean. Kreditu hori hiru hilean behin kontatuko da.
Enpresa Batzordeko kideek haietako batean edo gehiagotan metatzen ahal dituzte kreditutik dagozkien orduak, ordu metaketa eta nori dagokion jakinarazita.
44. artikulua. Hitzarmenean ezarritakoa ez aplikatzeko klausula.
Enpresak ez dio inola ere heltzen ahalko bere aldetik hitzarmen hau ez aplikatzeko aukerari Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluko prozeduraz baliatuta, eta lehenik eta behin saiaketa egin beharko du muga-eguna baino lehen hitzarmena berriz ere negoziatzeko, beste hitzarmen bat lortzeko edo Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak ezartzen duen berrikuspena egiteko.
Enpresan akordiorik lortzen ez bada, bi alderdiek espresuki erabaki dute ezen, desadostasunak konpontzeko, Nafarroako Lan Auzitegiko akordioaren adiskidetze eta bitartekaritza prozesuen mende jarriko direla. Arbitraje prozedura aplikatuko da, bakar-bakarrik, bi alderdiak haren mende jartzeko ados badaude.
I. ERANSKINA.–2025EKO SOLDATA TAULAK
1.690 ordu |
IGOERA %2,7 | UZTAILEKO ETA GABONETAKO PAGAK (eurotan) | UDABERRIKO PAGA (eurotan) | ORDUKO (eurotan) | URTEKO (eurotan) | GAUEKO PLUSA (euro) | |
1. TALDEA | 2.441,13 | 2.441,13 | 2.441,13 | 21,67 | 36.616,90 | 3,45 |
2. TALDEA | 1.831,65 | 1.831,65 | 1.831,65 | 16,26 | 27.474,75 | 3,15 |
3. TALDEA (orokorra) | 1.549,88 | 1.549,88 | 1.549,88 | 13,76 | 23.248,20 | 2,67 |
BEGIRALEA | 1.549,88 | 1.549,88 | 1.549,88 | 14,41 | 23.248,20 | 2,80 |
4. TALDEA | 1.549,88 | 1.549,88 | 1.549,88 | 13,76 | 23.248,20 | 2,67 |
Aretoko teknikaria | 1.549,88 | 1.549,88 | 1.549,88 | 14,20 | 23.248,20 | 2,78 |
5. TALDEA | 1.479,39 | 1.479,39 | 1.479,39 | 13,13 | 22.190,85 | 2,55 |
Garbitzaileak | 1.479,39 | 1.479,39 | 1.479,39 | 13,13 | 22.190,85 | 2,43 |
Igandeetako plusa | 3,65 euro |
Jaiegun plusa | 3,65 euro |
Kilometrajea | 0,26 euro/km |
II. ERANSKINA.–2026KO SOLDATA TAULAK
1.670 ordu |
IGOERA %2,6 | UZTAILEKO ETA GABONETAKO PAGAK (eurotan) | UDABERRIKO PAGA (eurotan) | ORDUKO (eurotan) | URTEKO (eurotan) | GAUEKO PLUSA (euro) | |
1. TALDEA | 2.506,29 | 2.506,29 | 2.506,29 | 22,51 | 37.594,35 | 3,54 |
2. TALDEA | 1.879,27 | 1.879,27 | 1.879,27 | 16,88 | 28.189,09 | 3,23 |
3. TALDEA (orokorra) | 1.590,18 | 1.590,18 | 1.590,18 | 14,28 | 23.852,65 | 2,74 |
BEGIRALEA | 1.590,18 | 1.590,18 | 1.590,18 | 14,79 | 23.852,65 | 2,87 |
4. TALDEA | 1.590,18 | 1.590,18 | 1.590,18 | 14,28 | 23.852,65 | 2,74 |
Aretoko teknikaria | 1.590,18 | 1.590,18 | 1.590,18 | 14,79 | 23.852,65 | 2,85 |
5. TALDEA | 1.517,85 | 1.517,85 | 1.517,85 | 13,63 | 22.767,81 | 2,62 |
Garbitzaileak | 1.517,85 | 1.517,85 | 1.517,85 | 13,63 | 22.767,81 | 2,49 |
Igandeetako plusa | 4,50 euro |
Jaiegun plusa | 4,50 euro |
Kilometrajea | 0,26 euro/km |
III. ERANSKINA.–2026KO SOLDATA TAULAK (AZAROA)
1.670 ordu |
IGOERA %2,6 | UZTAILEKO ETA GABONETAKO PAGAK (eurotan) | UDABERRIKO PAGA (eurotan) | ORDUKO (eurotan) | URTEKO (eurotan) | GAUEKO PLUSA (euro) | |
1. TALDEA | 2.506,29 | 2.506,29 | 2.506,29 | 22,51 | 37.594,35 | 3,54 |
2. TALDEA | 1.990,29 | 1.990,29 | 1.990,29 | 17,88 | 29.854,35 | 3,23 |
3. TALDEA (orokorra) | 1.590,18 | 1.590,18 | 1.590,18 | 14,28 | 23.852,70 | 2,74 |
BEGIRALEA | 1.590,18 | 1.590,18 | 1.590,18 | 14,79 | 23.852,70 | 2,87 |
4. TALDEA | 1.590,18 | 1.590,18 | 1.590,18 | 14,28 | 23.852,70 | 2,74 |
Aretoko teknikaria | 1.590,18 | 1.590,18 | 1.590,18 | 14,79 | 23.852,70 | 2,85 |
5. TALDEA | 1.517,85 | 1.517,85 | 1.517,85 | 13,63 | 22.767,75 | 2,62 |
Garbitzaileak | 1.517,85 | 1.517,85 | 1.517,85 | 13,63 | 22.767,75 | 2,49 |
Igandeetako plusa | 4,50 euro |
Jaiegun plusa | 4,50 euro |
Kilometrajea | 0,26 euro/km |
IV. ERANSKINA.–BERDINTASUN PLANAK
Hitzarmen hau sinatzen duten erakundeek uste dute arau esparru orokor bat ezarri beharra dagoela sektore osoan esku hartzeko, bermatzeko tratu eta aukera berdintasunerako funtsezko eskubidea egiazkoa eta eraginkorra dela enpresetan. Horretarako, berdintasun politikak garatzeko konpromisoa aintzat hartuta, helburu orokor hauek ezarri ditugu:
A) Jarraibide orokorrak ezartzea emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunari dagokionez, giza baliabideak ahalik eta hobekien kudeatzeko, horrela, bereizkeriak saihesteko eta egiazko aukera-berdintasuna eskaintzeko, elkarrizketa sozialaren bidea etengabe erabiliz.
B) Osatzen den negoziazio-batzordeari laneko tratu- eta aukera-berdintasunaren arloan lan eraginkorra egiteko aurrerago aipatzen diren eskumenak esleitzea.
Ekintza positiboko neurriak eta aukera-berdintasunaren inguruko neurriak.
Helburua da ekintza positiboko neurriak ezartzea justifikazio objektiborik gabe gizon eta emakumeen arteko desberdintasun-egoerak hauteman diren gaietan, bai eta neurri orokorrak ezartzea ere tratu-berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioaren aplikazio eraginkorrerako.
Gai hauei buruzko neurriak proposatu eta kontuan hartuko dira:
a) Langileak aukeratzeko eta mailaz igotzeko prozesuetan bereizkeria eta hizkera sexista saihestea.
b) Emakumeek ardura handiko lanpostuak har ditzaten sustatzea.
c) Emakume gutxiegi dagoen lanpostuetan emakumeak hautatu eta sustatzeko berariazko programak ezartzea.
d) Ohiz kanpoko kontratazio motek (lanaldi partzialeko kontratuak eta aldi baterako kontratazioaren modalitateak) emakumezko langileen kolektiboan duten eragina aztertzea, gizonezko langileekin alderatuz, eta behar diren neurri zuzentzaileak hartzea, emakumezkoengan eragin handiagoa dutela ikusten bada.
e) Gizonei eta emakumeei berdintasunez bermatzea enpresako prestakuntza, bai bertakoa, bai kanpokoa, horrela emakumeek lanean iraun dezaten.
f) Emakumeei berariaz informazioa ematea, gizonezkoek bete izan dituzten lanpostuetarako prestakuntza-ikastaroei buruz.
g) Aukera berdintasunari buruzko berariazko ikastaroak egitea.
h) Soldataren osagarriak aztertzea, horien atzean emakumezko langileen kontrako bereizkeriarik ez dagoela egiaztatzeko.
i) Gizonen eta emakumeen arteko soldata desberdintasunak badaude, horiek zuzentzeko prozesuak sustatu eta epeak ezartzea.
j) Gizonek zein emakumeek familiako bizitza eta lana hobeki batera ditzaten lortzea, sentsibilizazio-kanpainak eginez eta legezko baimen eta eszedentzien berri emanez.
k) Emakumezko langileen osasunari kalte egiten ahal dioten arriskuak atzeman eta zuzentzeko neurriak ezartzea, batez ere emakume haurdunentzat, eta jazarpen moral eta sexuala eragoztea.
l) Enpresan sexu-jazarpena eta generoagatiko jazarpena atzemateko neurriak ezartzea, eta jazarpena erauzten laguntzea. Gai hori lantzeko espazioak sortzea.
Negoziazio-batzordearen eginkizunak aukera-berdintasunaren arloan.
Hitzarmen hau sinatzen duten entitateen ordezkariek osaturiko negoziazio batzordea arduratuko da arlo honetan harturiko konpromisoak betetzen direla zaintzeaz.
Argibideak ematea, aurreko puntuetan ezarritako berdintasun planei buruzko xedapenak interpretatu eta aplikatzerakoan enpresetan sor litezkeen zalantzei buruz.
a) Sektoreko enpresetan adosten diren ekintza positiboko planen bilakaeraren jarraipena egitea.
b) Gizon eta emakumeen arteko laneko tratu eta aukera-berdintasunari buruzko irizpen teknikoak prestatzeko aukera, aldeek eskaturik.
c) Sektoreko aukera berdintasunari buruzko berariazko azterlan bat prestatzen ahalko da, zehazki, emakumeen lan eta enplegu egoeraren ebaluazio bat, hitzarmen honek ukituriko sektoreko enpresen artean inkesta bat eginez. Horretarako, enpresek generoaren arabera sailkaturik aurkeztu beharko dituzte datuak.
Lortutako ondorioak ikusirik, Emakumearen Institutuarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzeko aukera aztertuko da, hitzarmen honek ukituriko enpresetan tratu eta aukera berdintasunaren arloko jardunbide egokien kode bat prestatzeko.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA
1. Alderdiek erabaki dute hitzarmen kolektibo hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren gatazkak konpontzeko, adiskidetze eta bitartekotza aldietan, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren iritziaren menpe jarriko direla.
Era berean, adierazten dute ahaleginak eginen dituztela ukituriko alderdiak auzitegi horren arbitraje prozeduraren esanetara jar daitezen.
Beraz, artikulu honek balio du bi alderdiak gatazkak ebazteko arbitraje organo horri berariaz atxikitzeko, eraginkortasun osoa duela, eta itunak enpresa, sindikatuen ordezkariak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak azaltzera aipatu organoaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan, epaiketara jo aurretik. Hortaz, ez da nahitaezkoa alderdien desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu berariazkoa eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.
2. Era berean, hitzarmen kolektibo honen sinatzaileek hitzematen dute ahaleginak eginen dituztela langileen eta enpresaburuen artean sortzen diren gatazka indibidualak Nafarroako Lan Gatazkak konpontzeko Auzitegiaren aurrean adiskidetze, bitartekaritza eta arbitraje prozeduren mendean borondatez eta espresuki jar daitezen, Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko Lanbidearteko Akordioaren bigarren xedapen gehigarrian adierazten diren gaietan.
Iragarkiaren kodea: F2608956
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
