159. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

40/2026 FORU AGINDUA, uztailaren 1ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketarako eta funtzionamendurako Erregelamendua garatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak finkatutako testuaren arabera, aitortzen du hezkuntza komunitateak ikastetxeen gobernuan parte hartzeak oinarrizko balioa duela, eta arreta berezia jartzen du ikastetxeen autonomian. Hala, lege organiko horren V. tituluko II. kapituluak dio ikastetxeek autonomia pedagogikoa eta antolatzeko eta kudeatzeko autonomia izanen dutela, beren funtzionamendu ereduak eratuz. Bestalde, III. kapituluak indartu egiten du ikastetxe publikoetako kide anitzeko kontrol eta gobernu organoen eta irakaslana koordinatzeko organoen zeregina. Azkenik, IV. kapituluak ikastetxe publikoen zuzendaritzari buruzko funtsezko alderdiak arautzen ditu. Bestalde, aipatutako lege organikoaren VI. titulua hezkuntza sistemaren ebaluazioari buruzkoa da.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren testu berrian sartutako arau-aldaketetara egokitzeko, eta, era berean, errealitate sozial berri bat konfiguratu dela ikusita, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretua eman da, zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitatean irakaskuntza hauek ematen dituzten ikastetxe publikoen Antolaketarako eta Funtzionamendurako Erregelamendua: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Arte Irakaskuntzak, Hizkuntzak, Kirol Irakaskuntzak, Helduen Hezkuntza eta Hezkuntza Berezia. Foru dekretu horren helburua da ikastetxeen antolaketarako, pedagogiarako eta kudeaketarako autonomia gauzatzeko oinarriak finkatzea, ikastetxe bakoitzaren antolaketa eta funtzionamendu arauak, hezkuntza proiektua eta kudeaketa proiektua prestatuz, hurrenez hurren.

Foru dekretu horren xedapen indargabetzaile bakarrak indargabetu egiten ditu, beste xedapen arauemaile batzuen artean, 25/1997 Foru Dekretua, otsailaren 10ekoa, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onesten duena, eta 258/1998 Foru Agindua, uztailaren 16koa, Hezkuntza eta Kulturako kontseilariak emana, Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa garatzen duena.

Era berean, aipatutako foru dekretuaren azken xedapenetako laugarrenak baimena ematen dio hezkuntza arloan eskumena duen kontseilariari dekretu horretan ezarritakoa gauzatzeko eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azaldutako guztiarekin bat etorriz, beraz, arau-esparru berri bat egin behar da otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuan jasotako erregelamenduzko xedapenak betetzeko eta ikastetxeen antolaketarako, pedagogiarako eta kudeaketarako autonomiaren esparruari buruzko alderdiak zehazteko, eta hori eginen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketarako eta funtzionamendurako Erregelamendua garatuz.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA.–Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketarako eta funtzionamendurako Erregelamenduaren arau-garapena arautzea, bai eta ikastetxe horien antolaketarako, pedagogiarako eta kudeaketarako autonomiaren esparruari buruzko alderdiak zehaztea ere.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru agindu hau Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan, Bigarren Hezkuntzako institutuetan eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeetan aplikatuko da.

2. Foru agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, eta ikastetxeen izendapen generikoari dagokionez, honako hau hartuko da kontuan:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institututzat hartuko dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak bakarrik eta oso-osorik eskaintzen dituzten ikastetxe publikoak, deusetan galarazi gabe, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, haien hezkuntza eskaintzan Oinarrizko Mailako heziketa zikloak ere jasotzea.

b) Bigarren Hezkuntzako institututzat hartuko dira Batxilergoko irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxe publikoak, bai eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxe publikoak ere, deusetan galarazi gabe, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, haien hezkuntza eskaintzan Lanbide Heziketako irakaskuntzak ere jasotzea.

c) Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxetzat hartuko dira Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak eta, osorik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxe publikoak, deusetan galarazi gabe, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, haien hezkuntza eskaintzan Haur Hezkuntzako irakaskuntzak eta/edo Oinarrizko Mailako heziketa zikloak ere jasotzea.

3. artikulua. Ikastetxeen autonomia.

Ikastetxeek antolaketarako, pedagogiarako eta kudeaketarako autonomia izanen dute, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuan eta foru agindu honetan jasotakoaren arabera.

II. KAPITULUA.–Antolaketarako autonomia

4. artikulua. Ikastetxeen antolaketarako autonomiari buruzko xedapen orokorrak.

1. Ikastetxeek gai hauen gainean erabakiak hartzeko duten gaitasunari esaten zaio antolaketarako eta funtzionamendurako autonomia: gobernu organoen eta irakaslana koordinatzeko organoen hautaketa eta funtzionamendua, irakasleen eta irakasle ez diren langileen antolaketa, ikasleen taldekatzea, bizikidetza, inguruko zerbitzu eta erakundeekiko elkarlana, ikastetxeko egutegia eta ordutegia, eta barne funtzionamenduko beste zenbait gai.

2. Ikastetxeek beren antolaketarako eta funtzionamendurako arauak egiteko, onesteko eta betearazteko autonomia izanen dute.

3. Ikastetxeen antolaketarako autonomiari dagokionez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren I. tituluan xedatutakoari jarraikiko zaio, non, besteak beste, honako alderdi hauek arautzen baitira:

a) Ikastetxeen antolaketari eta funtzionamenduari buruzko alderdiak, hala nola: antolaketarako eta funtzionamendurako arauen edukia, prestaketa, onespena eta ebaluazioa.

b) Ikastetxeen gobernuari buruzko alderdiak, hala nola: gobernu organoak –pertsona bakarreko organoak eta kide anitzeko organoak– eta horien jarduteko printzipioak.

c) Ikastetxeetako zuzendaritza taldeari buruzko alderdiak, hala nola: zuzendaritza taldearen osaera, zuzendaritza taldearen eskumenak, zuzendaritza taldeko kide bakoitzaren eskumenak eta pertsona bakarreko gobernu organo jakin batzuk ez egotea ikastetxeen antolaketa-egituran, bai eta zuzendaritza taldeko kideak ordezteko araubidea ere.

d) Ikastetxeetako kide anitzeko gobernu organoei buruzko alderdiak, hala nola: eskola kontseiluaren eta irakasleen klaustroaren osaera, eskumenak eta funtzionamendua.

e) Irakaslana koordinatzeko organoei eta ikastetxeetako beste koordinazio batzorde, talde eta figura batzuei buruzko alderdiak, hala nola: taldeko irakasle taldeen, koordinazio didaktikorako departamentuen, hezkuntza eta lanbide orientaziorako departamentuaren, koordinazio pedagogikorako batzordearen eta tutoretzaren osaera, eskumenak eta funtzionamendua, bai eta departamentuko burutza beren gain hartzeko ardura duten pertsonak eta haien berezko eskumenak ere. Era berean, araudi horrek zikloko irakasle taldeen eta hezkuntza laguntzako unitatearen osaerari, eskumenei eta funtzionamenduari buruzko alderdiak jasotzen ditu, bai eta haien koordinatzaileei buruzkoak ere, zeinak Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeetan aplikatuko baitira. Heziketa zikloetako irakasle taldeen osaerari, eskumenei eta funtzionamenduari buruzko alderdiak ere jasotzen dira, Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan aplikatuko direnak.

f) Ikastetxeetako irakasleei buruzko alderdiak, hala nola: titulazio eskakizunak eta eginkizunak.

g) Ikastetxeetako irakasle ez diren langileei buruzko eta langile horiek ikastetxeen gobernuan duten parte-hartzeari buruzko alderdiak.

h) Familiek eta ikasleek ikastetxeen funtzionamenduan duten hezkuntza arloko erantzukidetasunari buruzko alderdiak, hala nola: erantzukidetasunerako eta parte-hartzerako bideak, gurasoen eta legezko ordezkarien elkarteak eta taldeko delegatuak, delegatuen batzordeak, eta, kasu bakoitzean, dagozkien eginkizunak.

i) Eskubideei, betebeharrei, bizikidetzari eta berdintasunari buruzko alderdiak, hala nola: ikasleen eskubideak eta betebeharrak, bizikidetza plana eta hezkidetza plana.

j) Ikastetxearen ordutegi orokorrari buruzko alderdiak.

4. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, ikastetxeen antolaketarako autonomia beren irakaskuntzen berezitasunera eta berezko ezaugarrietara egokituko da, kontuan hartuta indarrean dagoen araudian jasotakoa eta kapitulu honen artikuluetan ezarritako zehaztapenak.

5. artikulua. Antolaketa eta funtzionamendu arauak.

1. Ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendu arauak plangintza instituzionaleko agiri bat dira, non ikastetxearen hezkuntza proiektuan proposatutako helburuak lortzeko beharrezkoak diren antolaketa arloko alderdiak eta alderdi funtzionalak jasotzen baitira. Agiri hori, betiere, indarreko araudian ezarritakora egokitu beharko da.

2. Oro har, ikastetxeen antolamendu eta funtzionamendu arauek atal hauek izanen dituzte:

a) Ikastetxeko gobernuaren antolaketaren egitura: kide anitzeko organoak eta pertsona bakarreko organoak, eta organo horietako bakoitzaren kideak, eskumenak eta funtzionamendu araubidea.

b) Ikastetxeko irakaslana koordinatzeko egitura: organoak eta organo horietako bakoitzaren kideak, eskumenak eta funtzionamendu araubidea.

c) Irakasleen eta irakasle ez diren langileen antolaketa, arduren banaketa eta zereginak.

d) Guraso elkarteak eta ikasle elkarteak.

e) Ikasle taldeak eratzeko irizpideak eta ikasleen desberdintasun indibidualei erantzuteko antolamendua.

f) Tutoretzak esleitzeko eta ikasmailak eta taldeak hautatzeko irizpideak.

g) Antolaketa akademikoa zehaztea, besteak beste: ebaluazioen egutegia, azterketak edo testuliburuak.

h) Ingurunearekiko elkarlana: osasun, gizarte eta kultur zerbitzuak, toki entitateak eta beste erakunde eta instituzio batzuk.

i) Ikastetxeko bizikidetzaren antolaketa.

j) Eskola-egutegia eta ikastetxearen ordutegi orokorra prestatzeko irizpideak.

k) Irakasleen eta ikasleen ordutegiak prestatzeko irizpideak.

l) Irakasleak ez daudenean ikasleei arreta emateko irizpideak.

m) Kanpoko ebaluazioen antolaketa eta haietan laguntzea: diagnostikoa egiteko ebaluazioak, ikastetxearen jardunaren ebaluazioa eta beste batzuk.

n) Ikasleen ebaluazioei buruz erreklamazioak egiteko prozesua.

ñ) Ikastetxeko sarrera-irteerak eta jolas orduak antolatzea.

o) Bulego, ikasgela eta guneetara sartzeko protokolo espezifikoak.

3. Ikastetxeetako eskola kontseiluek aukera izanen dute ikastetxea behar bezala antolatzeko eta funtzionatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten atal guztiak sartzeko ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauetan, bakoitzak ematen dituen irakaskuntzen berezitasunera eta ikastetxearen ezaugarrietara egokitzeko, betiere indarrean dagoen araudian ezarritakoa errespetatuz.

4. Era berean, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren I. tituluaren artikuluetan hala aurreikusten den kasu guztietan, eta hezkuntza komunitateko organo eta eragileei esleitzen zaizkien eskumenak deusetan galarazi gabe, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetako, Bigarren Hezkuntzako institutuetako eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeetako eskola kontseiluek onesten ahalko dute ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauetan gehitzea horietako bakoitzaren eskumen eremuetatik eratorritako beste eginkizun batzuk, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.

5. Era berean, eta irakaslana koordinatzeko organoetako kideei buruz erregelamendu bidez ezarritakoa alde batera utzi gabe, ikastetxeetako eskola kontseiluek beren antolaketa eta funtzionamendu arauetan onesten ahalko dute irakasleen klaustroko beste edozein pertsona sartzea irakaslana koordinatzeko organoetan, betiere otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren I. tituluaren V. kapituluko artikuluetan aukera hori berariaz jasota baldin badago.

6. artikulua. Zuzendaritza taldea.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetako, Bigarren Hezkuntzako institutuetako eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendaritza taldea, ikasle kopuruaren arabera, honako kargu hauek osatuko dute, oro har:

a) Hirurehun ikasle edo gehiago dituzten ikastetxeak: zuzendaria, zuzendariordea, ikasketaburua eta idazkaria.

b) Hirurehun ikasle baino gutxiago dituzten ikastetxeak: zuzendaria, ikasketaburua eta idazkaria.

2. Zuzendaritza taldea modu koordinatuan arituko da dagozkion eginkizunak betetzen, zuzendariak ematen dizkion jarraibideen arabera eta legez ezarrita dauzkan eginkizun espezifikoak betez.

3. Ikastetxe bakoitzak asteko eskola-orduen kopuru orokor bat izanen du zuzendaritza taldearen eginkizunak betetzeko. Zuzendaritza taldeak, bere eskumenak baliatuz, autonomia izanen du zuzendaritzako eginkizunak betetzeko ikastetxeari esleitutako ordu kopurua bere kideen artean banatzeko.

4. Artikulu honetan jasotakoaz gain, zuzendaritza taldearen eta hura osatzen duten kargudunetako bakoitzaren eskumenen gaineko kontu guztiei dagokienez, kargudunak ordezteko araubideari dagokionez eta pertsona bakarreko gobernu organo jakin batzuk ez egoteari dagokionez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren I. tituluaren III. kapituluan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiko zaio.

7. artikulua. Zuzendaritza taldeko kideen hautapena, izendapena eta kargu-uztea.

1. Indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera, hezkuntza komunitateak eta Hezkuntza Departamentuak parte hartuko duten prozesu baten bidez hautatuko dira ikastetxe publikoetako zuzendariak.

2. Ikastetxe publikoetako zuzendariak berdintasun, publizitate, merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera hautatu eta izendatuko dira, ikastetxeari esleitutako irakaskuntzaren bat ematen duten karrerako irakasle funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketaren bidez.

3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan, Bigarren Hezkuntzako institutuetan eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeetan, salbuespenezko egoeretan eta ezinezkoa denean karrerako funtzionarioak zuzendari izendatzea ikastetxeak ez duelako halako funtzionariorik, dagokion ikastetxean irakaskuntza-zerbitzuak ematen dituzten beste pertsona batzuk izendatzen ahalko dira zuzendari.

4. Zuzendariak, irakasleen klaustroari eta eskola kontseiluari jakinarazi ondoren, zuzendaritza taldeko gainerako karguak ikastetxe horretan destinoa duten karrerako irakasle funtzionarioen artean izendatzeko eta kargutik kentzeko proposamena eginen dio Hezkuntza Departamentuari, eta departamentu horri egokituko zaio kargu horiek izendatzea.

5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan, Bigarren Hezkuntzako institutuetan eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeetan, salbuespenezko egoeretan eta zuzendaritza taldeko beste karguren bat izendatu ezin denean ikastetxeak karrerako funtzionariorik ez duelako, ikastetxeko zuzendariak proposatzen ahalko du kasuan kasuko ikastetxean irakaskuntza-zerbitzuak ematen dituzten beste pertsona batzuk izendatzea.

6. Zuzendaritza taldeko kide guztiek beren eginkizunak utziko dituzte beren agintaldia bukatzean edo zuzendariak kargua uzten duenean.

7. Artikulu honetan jasotakoaz gain, ikastetxe publikoetako zuzendarien hautapenari, izendapenari, ebaluazioari eta berritzeari edo kargu-uzteari buruzko kontu guztiei dagokienez, bai eta zuzendaritza taldeko gainerako kideei buruzko kontuetan ere, indarrean dagoen araudian eta Hezkuntza Departamentuak horretarako ezarritako araudi espezifikoan xedatutakoari jarraikiko zaio.

8. artikulua. Kide bakarreko beste gobernu organo batzuk.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan, Bigarren Hezkuntzako institutuetan eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeetan, ikasle kopuru handiak edo beste inguruabar berezi batzuek hala gomendatzen badute, Hezkuntza Departamentuak pertsona bakarreko alboko gobernu organoak ezartzen ahalko ditu egoera horiei erantzun ahal izateko.

9. artikulua. Eskola kontseilua.

1. Eskola kontseilua kide anitzeko gobernu organo bat da, eta haren bitartez bermatzen da hezkuntza komunitatea osatzen duten sektoreek ikastetxearen gobernuan parte hartzea dagozkien ordezkarien bitartez.

2. Eskola kontseiluaren osaerari, eskumenei eta funtzionamenduari dagokienez, hurrenez hurren, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio, bai eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari ere.

3. Hezkuntza Departamentuak arau bidez zehaztuko du eskola kontseilua osatuko duten pertsonen guztizko kopurua, bai eta kide horiek hautatzeko eta berritzeko prozesua ere, indarrean dagoen araudian xedatutako osaera kontuan hartuta.

10. artikulua. Irakasleen klaustroa.

1. Irakasleen klaustroa kide anitzeko gobernu organo bat da, irakasleek ikastetxearen gobernuan parte hartzea bermatzen duena.

2. Irakasleen klaustroa arduratzen da ikastetxearen hezkuntza proiektuan eta urteko programazio orokorrean jasotako hezkuntza arloko kontu guztiei buruzko informazioa emateaz eta, hala badagokio, haien gaineko erabakiak hartzeaz.

11. artikulua. Irakasleen klaustroaren funtzionamendu araubidea.

1. Irakasleen klaustroa ikastetxean lan egiten duten irakasle guztiek osatuko dute, honako hauek kontuan hartuta:

a) Klaustroko kidetzat hartuko dira ikastetxean zerbitzuak ematen ari diren irakasle guztiak, bertan behin betiko, behin-behineko edo bitarteko destinoa dutenak, eta ikastetxean duten eskola-karga gorabehera.

b) Aurreko puntuan ezarritakoaren ondorioetarako, erregelamenduzko baimenak edo lizentziak dituzten irakasleek eta aldi baterako ezintasun egoeran dauden irakasleek klaustroko kide izaten jarraituko dute, artikulu honetan zehaztutako ñabardurekin.

c) Ordezkapenak egiten ari diren irakasleak klaustroko kide izanen dira ikastetxean lan egiten duten bitartean.

d) Irakasleen klaustroko kide guztiek hitza eta botoa izanen dute kide anitzeko organo horren saioetan, apartatu honen b) letran zehaztutakoek izan ezik, hitza izanen baitute, baina botorik ez.

2. Hezkuntza laguntzako espezialisten edo antzeko figuren parte-hartzea errazteko, horrelako langileak dituzten ikastetxeek baimena ematen ahalko dute klaustroaren saioetara joan daitezen, egoki iritziz gero. Era berean, Haur Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeen kasuan, haur hezitzaileei edo antzeko beste figura batzuei klaustroaren saioetara joateko baimena ematen ahalko zaie. Nolanahi ere, atal honetan aipatzen diren langileak klaustroaren saioetara joatea borondatezkoa izanen da; hitza izanen dute, baina botorik ez, eta ez dute inola ere irakasleen klaustroko kide izaera bereganatuko.

3. Era berean, irakasleen klaustroko buruak aukera ematen ahalko die klaustrokoak ez diren beste pertsona batzuei kide anitzeko organo horren saioetara joateko, egoki iritziz gero. Pertsona horiek gonbidatu gisa parte hartuko dute, hitzarekin baina botorik gabe.

4. Irakasleen klaustroak ohiko bilkura eginen du ikasturtearen hasieran eta ikasturteko hiruhileko bakoitza bukatutakoan.

Era berean, irakasleen klaustroak bilkura berezia eginen du buruak horren deialdia egiten duen bakoitzean edo gutxienez kideen laurden batek eskatzen duenean. Azken kasu horretan, eskaera idatziz bidali beharko zaio klaustroko buruari, eskatzaileen sinadurarekin, eskaeraren arrazoiak eta bilkuran eztabaidatu beharreko gaiak adierazita. Bilkura berezia egin ondoren, eskaera aktari erantsiko zaio eranskin gisa.

5. Nolanahi ere, klaustroko buruari dagokio bilkuren deialdia erabakitzea eta gai zerrenda finkatzea. Irakasleen klaustroko kideei gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago eginen zaie deialdia ohiko bilkuretarako, eta gutxienez hogeita lau ordu lehenago bilkura berezietarako.

6. Klaustroko idazkariari dagokio, buruaren aginduz, deialdia iragartzea, bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziz klaustroko kide guztiei, artikulu honen 8 c) apartatuan jasotako salbuespenekin, eta irakasleen gelan ageriko leku batean argitaratuz.

Iragarki horretan, idazkariaren sinadura eta buruaren oniritzia jasoko dira, eta honako hauek zehaztuko dira: bilkura egiteko lekua, eguna eta ordua, bilkura mota –ohikoa edo berezia– eta gai zerrenda, bai eta, hala badagokio, eztabaidatuko eta, bidezkoa bada, bozkatuko den dokumentazioa ere.

7. Gai zerrendan, hasierako puntu bat jaso beharko da, aurreko bilkuretako akta edo aktak irakurtzeari eta onesteari buruzkoa, baldin eta kasuan kasuko bilkura bukatu ondoren onetsi ez baziren. Era berean, aginduzkoa izanen da galde eta erreguei buruzko azken puntu bat sartzea.

Irakasleen klaustroko buruari dagokio gai zerrendako gainerako puntuak zehaztea, informatzeko baino ez diren gaiak eta eztabaidatzekoak direnak adierazita.

8. Irakasleen klaustroaren bilkurek ondoren xedatutakoa bete beharko dute:

a) Ikastetxeko zuzendaria izanen da bilkuretako burua, eta honako eginkizun hauek izanen ditu: bilkuretako gai zerrendako puntuen ordena eta garapen egokia zaintzea, eztabaidak moderatzea eta, arrazoi justifikatuak izanez gero, eztabaidak bertan behera uztea, bai eta indarrean dagoen araudia betetzen dela ziurtatzea ere.

b) Ikastetxeko idazkaria izanen da bilkuretako idazkaria, eta hitza eta botoa izanen ditu. Kargu hori ez duten ikastetxeetan, eginkizun hori klaustroko kide batek hartuko du bere gain. Pertsona horrek hitza eta botoa izanen ditu, eta klaustroko buruak izendatuko du.

c) Irakasleen klaustroko bilkuretara joatea nahitaezkoa izanen da klaustroko kide guztientzat, eta justifikatu gabeko absentzia lan ordutegia ez betetzetzat joko da, honako ñabardura hauekin:

–Irakasle ibiltariek beren eginkizunak betetzen dituzten ikastetxe guztietako klaustroaren bilkuretara joan beharko dute, eta horietan guztietan hitza eta botoa izanen dute. Hala ere, eta ikastetxe bakoitzean duten eskola-karga gorabehera, klaustroaren bilkuretara joatearen gainetik, lehentasuna emanen zaio irakasleak ikasleekiko zuzeneko irakaskuntza saioetara eta ikasleen ebaluazio saioetara joateari, edozein ikastetxetan. Kasu horretan, klaustroaren bilkuretara ez joatea justifikatuta egonen da une oro.

–Erregelamenduzko baimenak edo lizentziak hartzen dituzten irakasleek eta aldi baterako ezintasun egoeran dauden irakasleek klaustroaren bilkuretara joateko eskubidea izanen dute, hitzarekin bai baina botoa emateko eskubiderik gabe. Hori dela eta, bilkuretara joateko deia egiten ahalko zaie, nahiz eta haietara ez joatea justifikatuta egon une oro. Alde horretatik, eta egoera horietako edozeinetan dauden irakasleen deskonexio digitalerako eskubidea errespetatzeko, deialdiaren berri emanen zaie, soilik, klaustroaren bilkuretarako deia jasotzea aldez aurretik idatziz eskatu duten pertsonei.

d) Klaustroaren bilkurak egiteko, buruak eta idazkariak, edo haien ordezkoek, eta, gutxienez, boto-eskubidea duten kideen erdiek egon beharko dute bertan, eta horien artean sartzen dira klaustroko burua eta idazkaria. Boto-eskubidea duten kideen kopurua bakoitia bada, quoruma lortzeko, ateratzen den erdiaren gainetik dagoen hurrengo zenbaki osoa hartuko da kontuan.

9. Klaustroaren bilkuretan eztabaidatu eta erabakiak hartzeari dagokionez, honako hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Eztabaidagai diren gai zerrendako puntuak bozkatuko dira; ez, ordea, izaera informatiboa baino ez dutenak, ezta sor daitezkeen galde-erreguak ere.

b) Erabakiak hartzeko, ezin izanen da inola ere botoa eskuordetu.

c) Irakasleen klaustroan egiten diren bozketak arruntak edo sekretuak izan daitezke, kasu bakoitzerako honako hauek kontuan hartuta:

–Arruntak: bozketa arruntak eskua altxatuz edo klaustroko buruaren proposamenari baiezkoa emanez eginen dira, eta horrela jokatuko da bozketa behar duten puntu guztietan, non eta klaustroan botoa emateko eskubidea duen pertsona batek ez duen eskatzen, berariaz eta bozkatu aurretik, bozketa sekretua egitea.

–Sekretuak: bozketak sekretuak izanen dira klaustroko kideen gai pertsonalei buruzkoak direnean edo haien ospeari eragin diezaioketenean, bai eta bilkurara bertaratu direnetatik boto-eskubidea duen edozein kidek berariaz eskatzen duenean ere. Bozketa sekretuak idazkariak emandako boto-paperen bidez eginen dira. Paper horiek klaustroko kide bakoitzak hautetsontzi edo ontzi batean sartuko ditu. Era berean, Hezkuntza Departamentuak bozketa telematikoak egiteko aukera gaitzen ahalko du eskola-bozketa digitalak sortzeko aplikazio baten bidez.

d) Oro har, erabakiak boto-eskubidea duten bertaratutakoen aldeko botoen gehiengoaz onetsiko dira, bestelako gehiengoak ezartzen diren prozeduretan izan ezik. Erabakiak hartzearen ondorioetarako, boto-berdinketa kasuetan, irakasleen klaustroko buruari dagokio bere botoarekin berdinketa haustea.

e) Irakasleen klaustroaren bilkuretan hartzen diren erabakiak, botoa emateko eskubidea duten bertaratuen berrespenarekin onetsi direnez, baliozkoak, irmoak eta aplikagarriak izanen dira, eta hartzen diren unetik bertatik izanen dituzte ondorioak, kasuan kasuko erabakia jasotzen duen akta onesten den ala ez kontuan hartu gabe.

f) Irakasleen klaustroaren bilkuretara joaten diren pertsona guztiek isilpean gorde beharko dute eskuratzen duten isil-gordeko informazio, eztabaida edo dokumentu oro, jendartean zabaldu gabe, erabakiak hartzeko eraginkortasuna eta aztertutako gaien konfidentzialtasuna zaintzearren.

10. Era berean, irakasleen klaustroaren bilkuren aktei dagokienez, honako hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Klaustroak egiten duen bilkura bakoitzaren akta eginen du idazkariak. Akta horretan, nahitaez, honako hauek zehaztuko dira: bilkurako gai zerrenda, bilkura non eta noiz egin den, eztabaiden puntu nagusiak eta hartutako erabakien edukia. Era berean, aktan jaso beharko dira bertaratu diren kideak, bai eta bertaratu ez direnak ere, eta horietatik guztietatik boto-eskubiderik ez dutenak zehaztu beharko dira.

Era berean, artikulu honen 2. apartatuan xedatutakoari jarraikiz, klaustroaren bilkuretara hezkuntza laguntzako espezialistak, haur-hezitzaileak edo antzeko figurak bertaratzen diren kasu guztietan, bertaratu diren pertsonen zerrenda jaso beharko da aktan. Nolanahi ere den, horiek guztiek hitza izanen dute klaustroan, baina botorik ez.

Era berean, aktan zehaztu beharko da nortzuek parte hartu duten klaustroaren bilkuretan gonbidatu gisa, artikulu honen 3. apartatuan xedatutakoaren arabera, hau da, hitzarekin baina botorik gabe.

b) Irakasleen klaustroaren aktek ikastetxearen zigilu ofiziala izan beharko dute, eta idazkariak sinatu beharko ditu, klaustroko buruaren oniritziarekin.

c) Boto-eskubidea duen edozein bertaratuk bere botoaren esanahia aktan sartzeko eskatzen ahalko du, aurretik berariaz eskatuz gero.

d) Era berean, irakasleen klaustroaren bilkuretara joaten den edozein pertsonak, boto-eskubidea izan ala ez, bere hitzaldiaren edo proposamenaren transkripzio osoa aktan jasotzea eskatzen ahalko du, betiere gai zerrendako punturen bati buruzkoa bada eta bere parte-hartzearekin guztiz bat datorren testua aurkezten badu hantxe bertan edo berrogeita zortzi orduko epean. Testu hori aktan jasoko da, edo aktari erantsiko zaio.

e) Oro har, aktak hurrengo bilkuran onetsiko dira. Akta onetsi aurretik, klaustroko kideei jakinaraziko zaie, bitarteko elektronikoen bidez, eta kide horiek, bitarteko berberak erabiliz, testuarekiko adostasuna edo alegazioak adierazten ahalko dituzte, ondoren onets daitezen.

f) Era berean, eta inguruabarrek hala aholkatzen dutenean, aktak bilkuran bertan idatzi, jakinarazi eta onesten ahalko dira.

g) Aktetan egiten diren akatsen zuzenketak edo aldaketak, behin onetsi ondoren, eginbide baten bidez zuzendu beharko dira, irakasleen klaustroak ontzat eman ondoren.

h) Aktak ikastetxeko idazkariaren zaintzapean geratuko dira, eta betiko gorde beharko dira. Ikastetxeak idazkari kargurik ez badu, zuzendariak zainduko ditu.

11. Antolaketa eta funtzionamendu arauen barruan, ikastetxeko zuzendaritza taldeak, irakasleen klaustroak eskatuta, funtzionamendu araubide propioa ezartzen ahalko du, betiere artikulu honetan eta indarrean dagoen araudian jasotakoa errespetatuz.

12. Irakasleen klaustroaren araubide juridikoari buruz artikulu honetan jaso ez den guztian, indarrean dagoen araudian eta administrazio publikoetako kide anitzeko organoak arautzen dituen legerian ezarritakoa beteko da.

12. artikulua. Irakaslana koordinatzeko organoak.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuek eta Bigarren Hezkuntzako institutuek irakaskuntza koordinatzeko organo hauek izanen dituzte:

a) Taldeko irakasle taldeak.

b) Koordinazio didaktikorako departamentuak.

c) Hezkuntza eta lanbide orientaziorako departamentua.

d) Koordinazio pedagogikorako batzordea.

e) Tutoretza.

2. Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeek gobernu organo hauek izanen dituzte irakaslana koordinatzeko:

a) Taldeko irakasle taldeak.

b) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zikloko irakasle taldeak.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen koordinazio didaktikorako departamentuak.

d) Hezkuntza laguntzako unitatea.

e) Koordinazio pedagogikorako batzordea.

f) Tutoretza.

3. Artikulu honetan aipatzen diren ikastetxeetatik edozeinetan Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen badira, heziketa zikloko irakasle taldeak ere izanen dituzte.

4. Hezkuntza laguntzako espezialisten parte-hartzea errazteko, taldeko irakasle taldeek aukera ematen ahalko dute langile horiek egokitzat jotzen dituzten koordinazio bilera guztietara joateko. Betiere, beren borondatez bertaratuko dira, eta hitza izanen dute, baina botorik ez.

5. Artikulu honetan jasotakoaz gain, eta, hala badagokio, ikastetxe horiek dituzten irakaslana koordinatzeko organoen osaerari, eskumenei eta funtzionamenduari buruzko kontu guztiei dagokienez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren I. tituluaren V. kapituluan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiko zaio.

13. artikulua. Koordinazio didaktikorako departamentuen osaera.

1. Oro har, koordinazio didaktikorako departamentu bat eratzen ahalko da irakaskuntza espezialitate bakoitzeko, betiere gutxienez hiru irakaslek osatzen badute.

2. Atalase horretara iristen ez diren espezialitateak diziplinarteko departamentuetan integratuko dira, curriculum- eta antolaketa-kidetasuneko irizpideen arabera.

3. Aurreko atalean aurreikusitako ondorioetarako, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste, espezialitateak taldekatzeko:

a) Jakintza esparru edo curriculum arlo berekoak izatea.

b) Antzeko ikasgaiak izatea (edo osagarriak), eta, hala badagokio, antzeko esparru, arlo edo moduluak (edo osagarriak).

c) Ematen diren irakaskuntzen koordinazio didaktiko egokia bermatzeko beharra.

4. Hezkuntza sistemaren antolaketaren koherentzia bultzatzeko, Hezkuntza Departamentuak jarraibideak ematen ahalko ditu espezialitateak diziplinarteko departamentuetan taldekatzeko orientabideak ezartzeko.

5. Diziplinarteko departamentuetan bildutako espezialitateen kasu guztietan, i*asgai, esparru, arlo edo modulu bakoitzaren programazio didaktikoak egiteko eta eguneratzeko arduradunak espezialitate horietan irakasteko eskumena duten irakasleak izanen dira, edo, hala badagokio, ikastetxearen funtzionamendu plantillan esleitu zaizkien ikasgai, esparru, arlo edo moduluetan irakasle gisa dihardutenak, betiere departamentuko buruak zuzenduta eta gainbegiratuta.

6. Salbuespen gisa, behar bezala justifikatutako inguruabarrak gertatzen direnean, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahalko du koordinazio didaktikorako departamentu bat eratzeko artikulu honen 1. apartatuan adierazitako irakasle kopurura iritsi gabe ere.

7. Artikulu honetan jasotakoaz gain, eta koordinazio didaktikorako departamentuen osaerari, eskumenei eta funtzionamenduari dagokienez, bai eta departamentuetako buru izanen diren pertsonen izendapenari eta eskumenei dagokienez ere, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 52., 53., 54., 55. eta 56. artikuluetan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiko zaio.

14. artikulua. Koordinazio pedagogikorako batzordea.

1. Koordinazio pedagogikorako batzordea irakaslana koordinatzeko organo bat da, hezkuntzaren, jarduera pedagogikoaren eta curriculumaren inguruko gaien antolamendua koordinatzeaz arduratzen dena. Alde horretatik, ikastetxeko hezkuntza proiektua, etapa bakoitzeko curriculumaren zehaztapena eta urteko programazio orokorra bat datozela ziurtatzen du.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetako eta Bigarren Hezkuntzako institutuetako koordinazio pedagogikorako batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:

a) Ikastetxeko zuzendaritza taldeko kideak, kide bakarreko alboko gobernu organoak barne, halakorik badago.

b) Koordinazio didaktikorako departamentuetako buruak.

c) Heziketa zikloaren koordinatzaileak, ikastetxean Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen badira.

d) Hezkuntza eta lanbide orientaziorako departamentuko burua.

e) Irakasleen klaustroko beste edozein pertsona, ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauek ezar dezaketena.

3. Hauek izanen dira Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeetako koordinazio pedagogikorako batzordeko kideak:

a) Ikastetxeko zuzendaritza taldeko kideak, kide bakarreko alboko gobernu organoak barne, halakorik badago.

b) Haur eta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzetako zikloko irakasle taldeen koordinatzaileak.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzetako koordinazio didaktikorako departamentuetako buruak.

d) Heziketa zikloaren koordinatzaileak, ikastetxean Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen badira.

e) Hezkuntza laguntzako unitateko koordinatzailea.

f) Irakasleen klaustroko beste edozein pertsona, ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauek ezar dezaketena.

Bestalde, Haur Hezkuntzako irakaskuntzetako lehen zikloko maila guztiak edo batzuk ematen dituzten Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeetako koordinazio pedagogikorako batzordean, lehen ziklo horretako hezkuntza taldearen koordinatzailea ere sartuko da.

4. Bederatzi unitate baino gutxiago dituzten ikastetxeetan, koordinazio pedagogikorako batzordearen eginkizunak irakasleen klaustroak hartuko ditu bere gain.

5. Artikulu honetan jasotakoaz gain, koordinazio pedagogikorako batzordearen eskumenei eta funtzionamenduari buruzko kontu guztiei dagokienez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 68. eta 69. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio, hurrenez hurren, eta, nolanahi ere, koordinazio pedagogikorako batzordearen urteko plan bat eta, ondoren, haren bukaerako memoria egin beharko dira, indarrean dagoen gainerako araudian ezarritakoa errespetatuz.

15. artikulua. Tutoreak.

1. Otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 70. artikuluan ezarritakoaren arabera, ikasle talde bakoitzerako tutore bat izendatuko da.

2. Otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 70.3 artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe, eta taldearen ezaugarriek edo beste inguruabar batzuek hala gomendatzen dutenean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuek, Bigarren Hezkuntzako institutuek eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeek tutoretza-lanetan lagunduko duten neurriak garatzen ahalko dituzte, beren baliabideen kontura, erreferentziazko tutorearekin lankidetzan aritzeko.

3. Tutoreak eta, hala badagokio, gainerako tutoretza-figurak zuzendariak izendatuko ditu, ikasketaburuak proposatuta; betiere, dagokion ikastaldearen irakasle taldeko norbait hautatuko du. Izendapena ikasturte baterako izanen da.

4. Ikasketaburuak koordinatuko du irakasleen tutore-lana, hezkuntza eta lanbide orientaziorako departamentuaren edo, hala badagokio, hezkuntza laguntzako unitatearen laguntzarekin. Ildo horretan, ikasturtean zehar, tutoreekin elkartzeko aldizkako bilerak antolatu eta zuzenduko ditu. Bilera horietan, irakasleen klaustroko beste edozein pertsona ere egoten ahalko da, ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauetan hala ezarrita badago.

5. Tutoreak, hezkuntza eta lanbide orientaziorako departamentuaren edo, hala badagokio, hezkuntza laguntzako unitatearen laguntza teknikoarekin, kontuan hartuta taldeko ikasleen ezaugarri eta premiak, ikasturterako ezarritako tutoretza planean eta hezkuntza eta lanbide orientazioko planean programatutako tutoretza jarduerak eginen ditu.

6. Artikulu honetan jasotakoaz gain, tutoreen eskumenei eta tutoretzaren funtzionamenduari buruzko kontu guztiei dagokienez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 71. eta 72. artikuluetan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiko zaio, hurrenez hurren.

16. artikulua. Koordinaziorako beste batzorde, talde eta figura batzuk.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuek, Bigarren Hezkuntzako institutuek eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeek, beren antolaketarako autonomia baliatuz, beren hezkuntza proiektua hedatzen lagunduko duten koordinazio batzorde, lantalde eta figura guztiak eratzen ahalko dituzte, beren baliabideen kontura. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak irakasleen klaustroko edozein kideri esleitzen ahalko dizkio haren antolaketa eta funtzionamendu egokirako zeregin espezifikoak.

2. Era berean, ikastetxeek erantzuna eman beharko diete Hezkuntza Departamentuak sustatutako hezkuntza proiektu edo programak ezartzeko erabakitzen dituen koordinazio batzorde, lantalde eta figura guztiei.

3. Artikulu honetan jasotakoa betetze aldera, ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauetan ikastetxean osatzen diren koordinazio batzorde, talde eta figura guztien funtzionamendu araubidea jaso beharko da. Araubide horretan, besteak beste, eginkizun horiek betetzeko ardura duten pertsonei esleitutako zereginen zerrenda jasoko da.

17. artikulua. Taldeko delegatuak.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuek eta Bigarren Hezkuntzako institutuek taldeko delegatuak izanen dituzte, ikastetxeko talde bakoitzeko ikasleek libreki aukeratuak, bai eta delegatuen batzorde bat ere. Batzorde hori taldeetako delegatuek eta ikasleek ikastetxeko eskola kontseiluan dituzten ordezkariek osatuko dute.

2. Era berean, Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeek taldeko delegatuak eta delegatuen batzorde bat izanen dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzetako mailetan eta, hala badagokio, Lanbide Heziketako irakaskuntzetako mailetan. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzetako mailetan, ikastetxe horiek, beren antolaketarako autonomia baliatuz, taldeko delegatuak edukitzen ahalko dituzte. Horretarako, aukera horri helduz gero, ikastetxeek beren antolaketa eta funtzionamendu arauetan jaso beharko dute, eta autonomia izanen dute irakaskuntza horietan ematen diren ikasmaila guztietan edo soilik batzuetan inplementatzeko. Halakoetan, delegatu horien hautapen prozedura eta eginkizunak –zeinak, hurrenez hurren, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 82. eta 83. artikuluetan jasota baitaude– irakaskuntza horien berezitasunera eta ikasleen adinera eta ezaugarrietara egokituko dituzte.

3. Artikulu honetan jasotakoaz gain, eta taldeko delegatuei, delegatuen batzordeari eta haien eginkizunei dagokienez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 82., 83., 84. eta 85. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

18. artikulua. Ordutegi orokorra.

1. Zuzendaritza taldeak, klaustroa entzun ondoren, prestatzen duen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuen, Bigarren Hezkuntzako institutuen eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeen ordutegi orokorra eskola kontseiluak onetsi beharko du, eta, gutxienez, honako alderdi hauek jasoko ditu:

a) Ikastetxeak zer ordutan eta zer baldintzatan egon behar duen irekita, ikastetxeen erabilerari buruzko araudian horretarako ezarritakoaren arabera.

b) Eskola-jardueren ordu banaketa. Ordutegi hori irizpide pedagogikoen arabera antolatuko da, eta ez da ordu librerik izanen ikasleen ordutegiaren barnean. Irakasleek ordutegi bat edo beste nahiago izateak ezin izanen du inola ere oztopatu irizpide horiek erabiltzea.

c) Eskola jarduerez bestelako jardueren ordu banaketa, betiere, ikasleen eskola ordutegia eten gabe prestatuko da. Irakasleen klaustroaren bilerak, ebaluazio saioak eta ikastetxeko langileak ez diren kideak dituzten organoen bilerak, arrazoitutako salbuespena izan ezik, ahal den guztietan, eskola ordutegitik kanpo eginen dira, kasuan kasuko gobernu edo koordinazio organoetako kide guztiak bertaratu ahal daitezen.

2. Langileak partekatzen dituzten ikastetxeek ados jarri beharko dute, ikastetxeko ordutegi orokorra prestatu baino lehen, langile horiek bi ikastetxeetako jarduerak bateratu ahal izan ditzaten.

3. Ikastetxeak eta haien instalazioak eskola-orduetatik kanpo erabiltzeko, ikastetxeen erabilerari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiko zaio.

4. Artikulu honetan ezarritakoaz gain, ikastetxeek Hezkuntza Departamentuak horretarako arauz xedatzen duena bete beharko dute, bai eta irakaskuntza bakoitzaren egutegia eta eskola ordutegia prestatzeko ikasturte bakoitzerako gidalerroak ematen dituzten jarraibideetan ezartzen dena ere.

III. KAPITULUA.–Autonomia pedagogikoa

19. artikulua. Ikastetxeen autonomia pedagogikoari buruzko xedapen orokorrak.

1. Autonomia pedagogikoa esaten zaio ikastetxeek curriculuma beren ingurunera egokitzeko, beren hezkuntza eskaintza zehazteko eta ikasleen eta familien beharrei eta iguripenei erantzuteko erabakiak hartzeko duten gaitasunari. Autonomia pedagogikoa bideratuko da, beti, ikastetxeko hezkuntza jarduera etengabe hobetzera, ikasleen garapen integralera eta ikasle guztien emaitza akademikoak hobetzera. Nolanahi ere, ikastetxeek lortutako emaitzak aurkeztu beharko dituzte.

2. Ikastetxeek autonomia pedagogikoa izanen dute beren hezkuntza proiektua eta beren urteko programazio orokorra egiteko, onesteko eta gauzatzeko.

3. Ikastetxeen autonomia pedagogikoari dagokionez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren II. tituluan xedatutakoari jarraikiko zaio, non, besteak beste, honako alderdi hauek arautzen baitira:

a) Ikastetxeen antolaketa pedagogikoari buruzko alderdiak, hala nola: hezkuntza proiektuaren eta urteko programazio orokorraren edukia, prestaketa, onespena eta ebaluazioa.

b) Ikastetxeen autonomia pedagogikoa baliatzeari buruzko alderdiak, hala nola: curriculuma zehaztea eta egokitzea; programazio didaktikoak eta ikasgelako programazioak; hizkuntzen tratamendua; ikasgaiak eta, hala badagokio, arloak esparrutan antolatzea; hautazkotasuna; eta proiektuak, programak eta planak; bai eta jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak definitzea, programatzea eta gauzatzea ere.

c) Hezkuntza prozesuei buruzko alderdiak, hala nola: eskolak ematea, ikasleak ebaluatzea, tutore-lana eta ikasleen desberdintasun indibidualei erantzutea.

4. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, ikastetxeen autonomia pedagogikoa beren irakaskuntzen berezitasunera eta berezko ezaugarrietara egokituko da, kontuan hartuta indarrean dagoen araudian jasotakoa eta kapitulu honen artikuluetan ezarritako zehaztapenak.

20. artikulua. Plangintza pedagogikoko agiriak.

1. Ikastetxeen plangintza pedagogikoko oinarrizko agiriak hezkuntza proiektua eta urteko programazio orokorra dira.

2. Era berean, ikastetxeek beste agiri batzuen bidez zehazten ahalko dute epe ertainerako plangintza, hala nola zuzendaritza proiektuaren bidez edo plan estrategikoaren bidez, non ikasturtetik gorako aldietarako helburuak eta lan ildoak ezarriko baitira.

21. artikulua. Hezkuntza proiektua.

1. Ikastetxearen hezkuntza proiektua plangintza pedagogiko eta instituzionaleko agiri bat da. Bertan, ikastetxearen nortasunaren ezaugarriak zehazten dira, jarduteko helburuak eta lehentasunak ezartzen dira, testuinguru sozioekonomikoarekin bat, eta ikastetxearen balioak jasotzen dira, ikasle guztiek kalitatezko hezkuntza jasotzeko asmoz. Horrela, ikastetxeko jarduera guztiei zentzua eta orientazioa ematen zaie.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuen, Bigarren Hezkuntzako institutuen eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeen hezkuntza proiektuak honako atal hauek izanen ditu:

a) Testuinguru sozioekonomiko eta kulturalaren ezaugarriak.

b) Nortasun ezaugarriak.

c) Misioa, ikuspegia eta balioak: ikastetxeak esku hartzeko gida gisa ezartzen dituen helburuak, jarduteko lehentasunak eta balioak.

d) Hezkuntza eskaintza.

e) Etapen edo irakaskuntzen curriculumaren zehaztapena.

f) Ikastetxearen hizkuntza proiektua.

g) Irakurketa plana.

h) Inklusio plana, ikasleen desberdintasun indibidualei arreta emateko neurriak jasoko dituena.

i) Tutoretza plana.

j) Bizikidetza plana.

k) Hezkidetza plana.

l) Ikastetxeko plan digitala.

m) Proiektu, programa eta plan propioak.

n) Hobekuntza plana.

3. Nolanahi ere, hezkuntza proiektuaren atal bakoitza egokituta egonen da etapa edo irakaskuntza bakoitzaren antolamenduaren berezitasunera eta ikastetxe bakoitzaren berezko ezaugarrietara.

4. Artikulu honetan jasotakoaz gain, hezkuntza proiektua prestatu, onetsi eta ebaluatzeari buruzko kontu guztiei dagokienez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 95. artikuluan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiko zaio.

22. artikulua. Urteko programazio orokorra.

1. Urteko programazio orokorra ikastetxearen plangintzarako, antolaketarako eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da. Izan ere, ikastetxearen hezkuntza proiektua, antolaketa eta funtzionamendu arauak eta kudeaketa proiektua zehazten ditu ikasturte bakoitzerako.

2. Urteko programazio orokorraren esparruan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuek, Bigarren Hezkuntzako institutuek eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeek erabaki hauek hartuko dituzte ikasturte bakoitzerako:

a) Pedagogiaren eta curriculumaren arloan jarduteko plan, proiektu eta programei buruzko erabakiak. Erabaki horiek ildo pedagogikoaren eta curriculumaren urteko zehaztapena izanen dira.

b) Antolaketari eta funtzionamenduari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapena izanen dira.

c) Baliabideen kudeaketari buruzko erabakiak. Erabaki horiek kudeaketa arloaren urteko zehaztapena izanen dira.

23. artikulua. Urteko programazio orokorraren edukia.

1. Ildo pedagogikoaren eta curriculumaren urteko zehaztapenean jasoko dira, ikasturte bakoitzerako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuen, Bigarren Hezkuntzako institutuen eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeen jarduketa pedagogikoari eta curriculum arloko jarduketari buruzko erabakiak, zeinak urteko programazio orokorraren atal hauetan islatuko baitira:

a) Ikastetxearen urteko plana.

b) Irakaslana koordinatzeko organoen urteko planak:

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuen eta Bigarren Hezkuntzako institutuen kasuan, plan horiek honako hauek izanen dira: koordinazio didaktikorako departamentu bakoitzaren urteko plana, hezkuntza eta lanbide orientaziorako departamentuaren urteko plana eta koordinazio pedagogikorako batzordearen urteko plana. Ikastetxe horietan Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen badira, urteko programazio orokorrak heziketa zikloko irakasle talde bakoitzaren urteko plana ere jaso beharko du.

–Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeen kasuan, plan horiek honako hauek izanen dira: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzetako zikloko irakasle talde bakoitzaren urteko plana, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen koordinazio didaktikorako departamentu bakoitzaren urteko plana, hezkuntza laguntzako unitatearen urteko plana eta koordinazio pedagogikorako batzordearen urteko plana. Ikastetxe horietan Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen badira, urteko programazio orokorrak heziketa zikloko irakasle talde bakoitzaren urteko plana ere jaso beharko du.

c) Urteko inklusio plana, ikasleen desberdintasun indibidualei arreta emateko neurriak jasoko dituena.

d) Urteko tutoretza plana.

e) Urteko bizikidetza plana.

f) Urteko hezkidetza plana.

g) Ikastetxearen urteko plan digitala.

h) Ikastetxearen urteko hizkuntza proiektua.

i) Programazio didaktikoak.

j) Ikasturtean garatu beharreko beste proiektu, programa eta plan instituzional batzuk.

k) Ikasturtean garatu beharreko proiektu, programa eta plan propioak.

l) Ikastetxeko urteko prestakuntza plana.

m) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

n) Urteko programazio orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.

ñ) Eranskinak.

Nolanahi ere, urteko programazio orokorraren atal bakoitza egokituta egonen da etapa edo irakaskuntza bakoitzaren antolamenduaren berezitasunera eta ikastetxe bakoitzaren berezko ezaugarrietara.

Ikastetxearen urteko plana bideratuta egonen da lehentasunezkotzat jotzen diren alderdiak hobetzera, eta urteko programazio orokorraren funtsezko elementua izanen da, gainerako jarduketa planak orientatu eta zehaztuko dituena.

2. Urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: gobernu organoen eta irakaslana koordinatzeko organoen osaera eta lan planak, ikastetxearen egutegi eta ordutegi orokorra, taldeak eratzeko eta tutoretzak esleitzeko irizpideak, ikastetxeko ordutegiak –orokorra, ikasleena eta irakasleena– egiteko irizpideak, ebaluazioen egutegia –barnekoak eta kanpokoak– eta familiekiko tutoretzarako ordutegi eta egutegiak.

Era berean, ikastetxeek beste edozein atal gehitzen ahalko dute ikasturterako antolaketaren eta funtzionamenduaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.

3. Kudeaketaren arloaren urteko zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: urteko aurrekontua eta kudeaketa kontua, irakasleen, guardien eta zaintzaren plantilla, instalazioak eta ekipamendua, ikastetxeko larrialdi plana eta, hala badagokio, ikastetxeko zerbitzu osagarriak eta kalitatea kudeatzeko baldintzak.

Era berean, ikastetxeek beste edozein atal gehitzen ahalko dute ikasturterako baliabideen kudeaketaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.

4. Urteko programazio orokorra Hezkuntza Departamentuak ezartzen duen formatuan eta euskarrian eginen da, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura egonen da.

24. artikulua. Urteko programazio orokorra prestatzea eta onestea.

1. Ikastetxeko urteko programazio orokorraren prestaketaz zuzendaritza taldea arduratuko da. Horretarako, aldez aurretik, kontuan hartuko ditu ikastetxeko kide anitzeko gobernu organoek edo koordinazio pedagogikorako batzordeak beren eskumen esparruetan aurrez onetsitako proposamenak, baita hezkuntza komunitateko beste edozeinek egindako proposamenak ere. Xede horiekin, prozesua zuzendu eta koordinatuko du, egitekoak zehaztuko ditu eta dokumentuak nork idatziko dituen erabakiko du. Era berean, prestaketa prozesurako tresnak jarri eta epeak finkatuko ditu.

2. Urteko programazio orokorra egiteko, honako iturri hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:

a) Ikastetxearen hezkuntza proiektua.

b) Dagoen zuzendaritza proiektua edo plan estrategikoa.

c) Urte anitzeko hobekuntza plana, ikastetxearen autoebaluazio prozesuaren ondoriozkoa.

d) Aurreko ikasturtearen bukaerako memorian proposatutako hobekuntza arloak, zeinek kasu guztietan barne hartuko baitituzte hobekuntza proposamenak, jasota daudenak barne eta kanpoko proben emaitza akademikoen analisiaren ondoriozko emaitzen memorietan.

e) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak igorritako gomendioak, aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondoriozkoak.

f) Hezkuntza Departamentuak ikasturte hasieran emandako jarraibideak.

g) Ikastetxeak ezarritako beste programa batzuk.

h) Ikastetxeko plan digitala.

i) Ikastetxearen Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.

3. Azterturik kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak eta oharrak eta ekarpenak, urteko programazio orokorraren atalak idatziko dira.

4. Urteko programazio orokorra prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan. Sartzen diren planen egitura operatiboak erraztuko du plana gauzatzea eta haren segimendua egitea, honako hauek zehaztuta: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.

5. Urteko programazio orokorra egiteko prozesuan, zuzendaritza taldea Hezkuntza Departamentuak ikasturte bakoitzerako ezarritako formatura eta euskarrira egokitu beharko da.

6. Urteko programazio orokorra eskola kontseiluak onetsi beharko du; eta hezkuntzaren, pedagogiaren eta curriculum-zehaztapenaren inguruko alderdi guztiek irakasleen klaustroaren onespena beharko dute. Onetsi ondoren, urteko programazio orokorra hezkuntza komunitateko kide guztiek bete beharko dute nahitaez.

7. Urteko programazio orokorra Hezkuntza Departamentuaren esku jarriko da, beranduenik kasuan kasuko ikasturteko urriaren 31n. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du ea bat datorren indarrean dagoen araudiarekin eta ikastetxearen plangintza instituzionalarekin, beharrekin eta emaitzekin, eta, hala badagokio, zuzenketak eta doikuntzak eskatuko ditu. Era berean, urteko programazio orokorrari buruzko informazioa ikastetxeko hezkuntza komunitatearen eskura egonen da.

8. Salbuespen gisa, gerora sortutako inguruabarrak gertatzen direnean, urteko programazio orokorra ikasturtean zehar aldatzen ahalko da. Halakoetan, berriz onetsi beharko da, artikulu honetako 6. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorriko zaio.

25. artikulua. Urteko programazio orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.

1. Ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta arduradunek aldizkako jarraipena eginen dute, gutxienez, hiru hilean behin, jakiteko noraino garatu diren urteko programazio orokorra osatzen duten plan, proiektu eta programak, honako hauek kontuan hartuta:

a) Dagokion atal espezifikoan, urteko programazio orokorrak honako hauek zehaztu beharko ditu: jarraitu beharreko prozedura, informazioa biltzeko irizpideak, arduradunak eta epeak. Bermatu beharko du aztertu eta baloratzen dela zenbateraino garatu diren planteatutako ekintzak, lortu diren proposatutako helburuak, nola bete diren erantzukizunak eta ezarritako epeak bete diren.

b) Urteko programazio orokorraren atal bakoitza ebaluatzeko prozesuak berekin ekarriko du iturri desberdinetatik datu garrantzitsuak biltzea eta datu horiek aztertzea eta interpretatzea urteko programazio orokorrean bertan aurreikusitako irizpideei jarraituz. Azken hausnarketak eta balorazioak aztertuko du zerk eragin dituen emaitzak, eta esku hartzeko ildoak ezarriko ditu, hurrengo ikasturtera begirako hobekuntza proposamen koherenteak zehaztuta.

2. Ikasturteko eskola-jarduerak bukatu ondoren, ikastetxeko eskola kontseiluak, irakasleen klaustroak eta zuzendaritza taldeak azken ebaluazioa eginen dute, jakiteko noraino bete den urteko programazio orokorra. Ebaluazio hori ikasturte bukaerako memorian jasoko da. Horretarako, arduradun bakoitzak aztertuko eta baloratuko ditu dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak.

3. Era berean, bukaerako memorian honako hauek jasoko dira: ikasleen emaitza akademikoen eta mailaz igotzeko emaitzen ebaluazioa, errendimendu akademikoaren bilakaera eta ikastetxeak parte hartu duen barne eta kanpoko ebaluazioen emaitzak.

Horretarako, bukaerako memoriak txosten bat jasoko du, non xehetasunez aztertuko baitira ikasleek barne eta kanpoko ebaluazioetan lortutako ikaskuntzaren emaitzak, ikastetxearen ibilbideari eta erreferentziako beste adierazle batzuei dagokienez, aztertuta emaitza horiek zerk sortu dituen eta, hala badagokio, zer gabezia eta disfuntzio atzeman diren curriculumeko elementuen, elementu materialen, antolaketakoen eta pertsonalen funtzionamenduan.

4. Ikastetxeko zuzendaritza taldeari dagokio urteko programazio orokorraren bukaerako memoria egitea, Hezkuntza Departamentuak ikasturte bakoitzerako ezartzen dituen formatura eta euskarrira egokituta.

5. Bukaerako memoria eskola kontseiluak onetsi beharko du; eta hezkuntzaren, pedagogiaren eta curriculum-zehaztapenaren inguruko alderdi guztiek irakasleen klaustroaren onespena beharko dute. Behin onetsita, bukaerako memoria Hezkuntza Departamentuaren esku jarriko da, beranduenik kasuan kasuko ikasturteko ekainaren 30ean. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du ea bat datorren indarrean dagoen araudiarekin eta ikastetxearen plangintza instituzionalarekin, beharrekin eta emaitzekin, eta, hala badagokio, zuzenketak eta doikuntzak eskatuko ditu.

26. artikulua. Curriculumaren zehaztapena.

1. Ikastetxeei dagokie, beren autonomia pedagogikoa baliatuz, indarrean dagoen araudian onetsitako curriculum ofiziala zehaztea eta egokitzea. Zehaztapen hori hezkuntza proiektuaren parte izanen da, eta ikastetxearen hezkuntza eskaintzako etapa edo irakaskuntza guztien ikasketa plana jasoko du.

2. Curriculumaren zehaztapena esaten zaio ikastetxeak hainbat konturi buruz hartzen dituen erabakien multzoari, hala nola: helburuen garapena, konpetentziak, oinarrizko jakintzak, metodoak, baliabide didaktikoak, ebaluazio irizpide eta prozedurak eta irakaskuntza-programazioak orientatzen dituzten beste curriculum- eta pedagogia-elementu batzuk. Erabaki horiek programazio didaktikoetan zehazten dira, eta azken horiek, halaber, ikasgelako programazioetan garatzen dira. Curriculumaren zehaztapenaren asmoa da koherentzia ematea irakasleek kasuan kasuko etapan zehar egiten dituzten jarduketen multzoari.

3. Etapa bakoitzeko ikasketa planen curriculumaren zehaztapenak honako atal hauek izanen ditu:

a) Ikasleen irteera-profila, etapako curriculumaren arabera.

b) Etaparen helburuak.

c) Ikasgaien eta, hala badagokio, esparruen, arloen eta moduluen antolaketa eta banaketa.

d) Hezkuntza ibilbideak eta hautazkotasuna.

e) Heziketa ildoa eta ildo pedagogikoa.

f) Zeharkako edukiak.

g) Ebaluatzeko eta errekuperatzeko sistema.

h) Mailaz igotzea eta titulazioa.

i) Ikasleen desberdintasun indibidualei erantzutea.

j) Programazio didaktikoak prestatzeko irizpideak.

k) Erreferentziazko araudi espezifikoa.

4. Etapako curriculumaren zehaztapenari erantsitako dokumentu gisa, koordinazio didaktikorako departamentuek eta, hala badagokio, zikloko irakasle taldeek egindako programazio didaktikoak erantsiko dira.

5. Hezkuntza Departamentuak ikastetxeen curriculuma zehazten lagunduko du, irakaslanaren programaziorako gida eta eredu irekiak eskainiz, bai eta ikasleen eta irakasleen premiei erantzuteko bestelako curriculum-materialak eta material didaktikoak ere.

6. Artikulu honetan jasotakoaz gain, curriculumaren zehaztapena prestatzeari eta onesteari buruzko kontu guztiei dagokionez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 101. artikuluan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiko zaio.

7. Haur Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeen kasuan, kontuan hartu beharko da artikulu honetan curriculumaren zehaztapenari buruz egindako aipamen guztiak irakaskuntza horien proposamen pedagogikoari buruzkoak direla.

27. artikulua. Programazio didaktikoak.

1. Programazio didaktikoa ikasgai bakoitza eta, hala badagokio, esparru, arlo edo modulu bakoitza planifikatu, garatu eta ebaluatzeko tresna espezifiko bat da, non curriculumeko elementuak zehaztu eta hezkuntza maila bakoitzera egokitzen baitira.

2. Programazio didaktikoak ikastetxeak hartutako eredua errespetatu beharko du beti, eta elementu hauek izanen ditu:

a) Ikasgaiaren edo, hala badagokio, esparruaren, arloaren edo moduluaren identifikazioa, kasu guztietan haren maila zehaztuta.

b) Funtsezko konpetentziak.

c) Konpetentzia espezifikoak.

d) Ebaluazio irizpideak.

e) Oinarrizko jakintzak eta horien sekuentzia edo denbora-banaketa.

f) Ebaluazio prozedura eta tresnak.

g) Kalifikazio irizpideak.

h) Errekuperaziorako sistema.

i) Metodologia.

j) Material eta baliabide didaktikoak.

k) Ikasleen desberdintasun indibidualei arreta emateko neurrien aurreikuspena.

l) Jarduera osagarriak.

m) Zeharkako elementuak.

n) Gelako programazioak prestatzeko irizpideak.

ñ) Programazioaren segimendua eta ebaluazioa.

3. Nolanahi ere, programazio didaktikoen elementu bakoitza kasuan kasuko etaparen edo irakaskuntzaren antolamenduaren berezitasunera, etapako curriculumaren zehaztapenera eta ikastetxe bakoitzaren berezko ezaugarrietara egokituko da.

4. Koordinazio didaktikorako departamentuetako kideek eta, hala badagokio, zikloko irakasle taldeetako eta heziketa zikloko irakasle taldeetako kideek aldizkako jarraipena eginen dute, gutxienez, hiru hilean behin, jakiteko noraino garatu diren programazio didaktikoa osatzen duten elementuak, programazioan bertan adostutako adierazle operatiboen arabera.

5. Jarraipen horretan, ezarritako adierazleak aztertu eta baloratuko dira. Adierazleak honako hauek izan daitezke, besteak beste:

a) Konpetentzia espezifikoen garapena.

b) Aurreikusitako oinarrizko jakintzen betetze maila.

c) Metodologiaren eta aplikatutako estrategia didaktikoen eraginkortasuna.

d) Erabilitako material eta baliabide didaktikoen egokitasuna.

e) Ikasleen desberdintasun indibidualei arreta emateko neurrien eraginkortasuna.

f) Ikaskuntzan lortutako emaitzen egokitzapena.

g) Ebaluazio eta errekuperazio prozesuen egokitasuna: irizpideak, prozedura eta tresnak.

h) Egindako jarduera osagarrien betetze maila eta erabilgarritasuna.

6. Artikulu honetan jasotakoaz gain, programazio didaktikoen gaineko kontu guztiei dagokienez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 103. artikuluan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiko zaio.

28. artikulua. Ikasgelako programazioak.

1. Ikasgelako programazioa berariazko tresna bat da, zeinari esker irakasle bakoitzak behar adinako aurrerapenarekin planifika baitezake ikasleekin ikasgelan egin beharreko eguneroko jarduera. Ikasgelako programazioak programazio didaktikoa zehazten eta garatzen du, xede dituen ikasleen ezaugarrien arabera.

2. Ikasgelako programazioak ikastetxeak hartutako eredua errespetatu beharko du beti, eta elementu hauek izanen ditu:

a) Erreferentziako unitate didaktikoa.

b) Konpetentzia espezifikoak.

c) Oinarrizko jakintzak.

d) Jarduerak, zereginak edo ikaskuntza-egoerak.

e) Ebaluazio jarduerak.

Era berean, eta beren autonomia pedagogikoa baliatuz, ikastetxeek adosten duten beste edozein elementu sartzen ahalko dute.

3. Kasu guztietan, ikasgelako programazioaren elementu bakoitza egokituta egonen da etapa edo irakaskuntza bakoitzaren antolamenduaren berezitasunera eta ikastetxe bakoitzaren berezko ezaugarrietara.

4. Artikulu honetan jasotakoaz gain, ikasgelako programazioen gaineko kontu guztiei dagokienez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 104. artikuluan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiko zaio.

29. artikulua. Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

1. Jarduera osagarriak esaten zaie programazio didaktikoaren barruan dauden eta ikasleek nahitaez ikastetxean egon behar duten eskola-ordutegiaren barruan egiten diren jarduera didaktiko bereziei. Eta bereziak dira egiten diren momentu edo tokiagatik, edo ikastetxeak gehiago inplikatu behar duelako (giza baliabide eta baliabide material gehiago jarri behar dituelako).

2. Eskolaz kanpoko jarduerak esaten zaie programazio didaktikotik kanpo dauden eta, orokorrean, curriculum-ordutegitik kanpo ikasleekin egiten diren hezkuntza jarduerei.

3. Aurreko atalean ezarritakoa gorabehera, eta indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz, ez dira eskolaz kanpoko jardueratzat hartuko ikasleei arreta emateko Hezkuntza Departamentuak arauz zehazten duen ordutegiaren barruan egiten direnak.

4. Jarduera osagarriek eta eskolaz kanpoko jarduerek bat etorri behar dute ikastetxearen hezkuntza proiektuarekin, eta proiektu hori garatzen lagundu behar dute. Jarduera horiek planifikatzean, helburuak, hartzaileak, arduradunak, egiteko unea eta lekua, ikasleek parte hartzeko modua eta behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak zehaztuko dira, aurrekontu-kostua eta balizko kuotak barne, eta, betiere, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 88. artikuluan xedatutako doakotasun bermeak benetan betetzen direla errespetatuko da.

5. Ikastetxeko zuzendariordeak ikastetxean egiten diren mota horretako jarduera guztien erregistro eguneratua izanen du, honako hauek adierazita: data, ordua, iraupena, edukia, parte-hartze maila, aurrekontuan jasotako kostua eta jarduera bakoitzean gauzatu den guztizkoa. Erregistro hori ikastetxearen urteko memoriari erantsiko zaio, egindako jarduera bakoitzaren balorazioa barne.

Zuzendariordetzaren figurarik ez badago, erregistro horren erantzukizuna otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 19. artikulua aplikatuz dagokion pertsonari egokituko zaio.

6. Ikastetxe batek urteko programazio orokorrean sartuta ez dauden mota horretako jarduerak egin nahi baditu, eta eskola kontseiluan aldez aurretik izapidetu ezin badira, zuzendaritza taldeak, salbuespenez, jarduera horiek baimentzen ahalko ditu. Kasu horretan, ondoren, urteko programazio orokorra aldatu egin beharko da, eta berriz onetsi, foru agindu honen 24.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorri.

7. Artikulu honetan jasotakoaz gain, jarduera osagarriei eta eskolaz kanpokoei buruzko kontu guztiei dagokienez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 109., 110. eta 111. artikuluetan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiko zaio.

30. artikulua. Langileen jardunaren eta ikastetxeko prestakuntza-plangintzaren garapena.

1. Ikasturte hasieran, ikastetxeko zuzendaritza taldeak zehaztuko du zer behar dituen ikastetxeak prestakuntza instituzionalari dagokionez, honako hauek kontuan hartuta: ikastetxearen proiektu estrategikoetan eta plangintzarako dokumentuetan jasotako helburu eta lehentasunak, barneko eta kanpoko ebaluazio probetan ateratako emaitzak, Hezkuntza Departamentuak proposatutako plan eta lehentasunezko ildoak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egindako gomendioak eta, orobat, klaustroek eta irakasle taldeek egindako lanetik eratorritako prestakuntza beharrak.

2. Hautematen diren beharretatik abiatuta, zuzendaritza taldeak ikastetxeko prestakuntza instituzionalaren urteko plana eginen du, Hezkuntza Departamentuak egindako eskaintza kontuan hartuta. Plan horrek ezarriko ditu lortu nahi diren helburuak, ikasturtean zehar garatuko diren prestakuntza ekintzak, gauzatzeko egutegia eta jarraipen eta ebaluazio tresnak.

3. Ikastetxeko prestakuntza plan instituzional horretako prestakuntza ekintzak klaustro osoari edo irakasle talde bati zuzenduta egon daitezke. Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoak, planak eta lehentasunezko ildoak garatzeko asmoz proposatzen diren prestakuntza ekintzak lehentasunezkoak izanen dira, eta irakasleek nahitaez egin beharko dituzte nahitaezko prestakuntzarako duten urteko lanorduen kopuruaren kontura.

4. Ikastetxearen prestakuntza instituzional hori zuzendaritza taldeak planifikatuko du, irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du.

5. Irakasleek nork bere kasa parte hartzen ahalko dute ikastetxearen prestakuntza-plangintzatik kanpo antolatzen diren beste prestakuntza jarduera batzuen deialdietan.

6. Artikulu honetan jasotakoaz gain, ikastetxearen prestakuntza-plangintzaren gaineko kontu guztiei dagokienez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 126. artikuluan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiko zaio.

IV. KAPITULUA.–Kudeaketarako autonomia

31. artikulua. Ikastetxeen kudeaketarako autonomiari buruzko xedapen orokorrak.

1. Kudeaketarako autonomia esaten zaio ikastetxeek beren baliabide ekonomiko eta materialak eta giza baliabideak administratzeko duten gaitasunari.

2. Ikastetxeek beren kudeaketa proiektua egin, onetsi eta gauzatzeko autonomia izanen dute.

3. Ikastetxeen kudeaketarako autonomiari dagokionez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren III. tituluan xedatutakoari jarraikiko zaio, non, besteak beste, honako alderdi hauek arautzen baitira:

a) Ikastetxeen kudeaketari buruzko alderdiak, hala nola: kudeaketa proiektuaren edukia, prestaketa, onespena eta ebaluazioa.

b) Ikastetxeen kudeaketa ekonomikoari buruzko alderdiak, hala nola: ikastetxearen urteko aurrekontua, kudeaketa kontuak eta tasak.

c) Pertsonen kudeaketari buruzko alderdiak, hala nola: irakasleen plantillaren proposamena, lanbide jardunaren garapena eta ikastetxearen prestakuntza-plangintza.

d) Baliabide materialen kudeaketari buruzko alderdiak, hala nola: ikastetxearen mantentzea eta kontserbazioa; ekipamendua eta obren, zerbitzuen eta horniduren kontratazioa; baliabide eta bitarteko digitalak; hezkuntza arloko informazioaren kudeaketa; eta ikastetxeen webguneak.

e) Ikastetxeak kudeatzeko beste elementu batzuei buruzko alderdiak, hala nola: ikastetxeetako sarbidea, zerbitzu osagarriak, ikasleen osasuna eta segurtasuna, datuen babesa eta kalitatea kudeatzeko sistemak, arriskuen prebentzioa, larrialdi plana eta ikastetxeen erabilera soziala.

4. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, ikastetxeen kudeaketarako autonomia beren irakaskuntzen berezitasunera eta berezko ezaugarrietara egokituko da, kontuan hartuta indarrean dagoen araudian jasotakoa eta kapitulu honen artikuluetan ezarritako zehaztapenak.

32. artikulua. Kudeaketa proiektua.

1. Ikastetxeek kudeaketa proiektu bat izanen dute, hezkuntza proiektuaren eta ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauen zerbitzura egonen dena, proiektua garatu ahal izateko.

2. Kudeaketa proiektuan kudeaketa ekonomikoa eta pertsonen kudeaketa jasoko dira, eta ikastetxeko baliabide materialak nola antolatu eta erabiliko diren azalduko da.

3. Kudeaketa proiektuak elementu hauek izanen ditu:

a) Kudeaketa ekonomikoari dagokionez, zeina otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren III. tituluko II. kapituluan jasoa baitago, urteko aurrekontua, kudeaketa-kontuak eta tasen kobrantza eta likidazioa aipatuko dira.

b) Pertsonen kudeaketari dagokionez, zeina otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren III. tituluaren III. kapituluan jasota baitago, plantillen prestaketa eta ikastetxearen prestakuntza-plangintzaren eta lanbide jardunaren garapena aipatuko dira.

c) Baliabide materialen kudeaketari dagokionez, zeina otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren III. tituluko IV. kapituluan jasota baitago, instalazioen eta ekipamenduaren mantentzea eta kontserbazioa eta bitarteko eta baliabide material eta digitalen hornidura aipatuko dira.

d) Beste kudeaketa elementu batzuei dagokienez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren III. tituluko V. kapituluan xedatutakoari jarraikiko zaio.

4. Horrez gainera, kudeaketa proiektuak jasangarritasun plan bat izanen du, indarrean dagoen araudian jasotzen diren baldintzetan prestatua.

5. Nolanahi ere, kudeaketa proiektuaren atal bakoitza egokituta egonen da etapa edo irakaskuntza bakoitzaren antolamenduaren berezitasunera eta ikastetxe bakoitzaren berezko ezaugarrietara.

6. Artikulu honetan jasotakoaz gain, kudeaketa proiektua prestatu, onetsi eta ebaluatzeari buruzko kontu guztiei dagokienez, otsailaren 25eko 14/2026 Foru Dekretuaren 119. artikuluan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiko zaio.

33. artikulua. Arriskuen prebentzioa.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuek, Bigarren Hezkuntzako institutuek eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeek ingurune segurua sustatuko dute, ikasleen, familien eta hezkuntza komunitateko kide diren irakasleen eta irakasle ez diren langileen segurtasuna eta ongizatea bermatzeko.

2. Ikastetxeko zuzendaritza taldeak mantendu eta garatuko ditu unitate administratibo arduradunak, ikastetxea segurua izan dadin bermatzeko asmoz, ezartzen dituen laneko arriskuen prebentziorako ildoak.

3. Ikastetxeko zuzendaritza taldeak ikastetxean laneko arriskuak prebenitzeko egiten diren aldizkako ebaluazioetan proposatzen diren segurtasun neurri eraginkorrak hartuko ditu hautematen diren arriskuak arintzeko.

4. Ikastetxe batean lanean hastean, zuzendariak lanpostu horri lotutako arriskuen berri eman beharko die bertan lan egiten duten guztiei.

5. Era berean, ikasturte bakoitzaren hasieran, ikastetxeko zuzendariak irakasleen klaustroari, irakasle ez diren langileei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei jakinaraziko die badagoela jarduketa protokolo bat ikastetxeko langileei egiten zaizkien kanpoko erasoen aurrean. Irakasleak, irakasle ez diren langileak eta hezkuntza komunitateko gainerako kideak ikasturtea hasi ondoren hasten badira lanean ikastetxean, zuzendariak ziurtatu beharko du ahal bezain laster jakinarazten zaiela informazio hori.

6. Hezkuntza komunitateko edozein kidek ikastetxeko langileen aurka lantokian bertan egindako kanpoko eraso baten berri badu, zuzendariari jakinaraziko dio.

7. Ikastetxeko zuzendariari dagokio kanpoko erasoen protokoloa ofizioz aktibatzea ezagutzen duen era horretako edozein egoeraren aurrean, eta Hezkuntza Departamentuari jakinaraztea, hark zehazten dituen bideak erabiliz.

8. Era berean, ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna izanen da bermatzea kanpoko erasoen aurrean jarduteko protokoloa eskuragai dagoela, bai eta laneko arriskuen prebentzioaren ardura duen administrazio unitateko ordezkarien funtzioei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa ere.

Horretarako, zuzendariak ziurtatu beharko du aipatutako protokoloa eta informazioa ikastetxearen barne dokumentazioaren bidez eskuragai daudela. Aurrekoa gorabehera, web-orria duten ikastetxe guztiek lehentasunezko leku batean eta erraz ikusteko moduan jarri beharko dute aipatutako protokoloa eta informazioa.

9. Ikastetxeek, ikasleen osasun arretari dagokion guztian, indarrean dagoen araudian eta, hala badagokio, administrazio eskudunek horretarako ematen dituzten jarraibide espezifikoetan ezarritakoari jarraikiko diote. Aurrez jakin daitezkeen eta aurrez jakin ezin daitezkeen larrialdi egoeretan ikasleen osasun arreta errazteko eta ikastetxean sendagaiak emateko prozedurari dagokionez, ikastetxeek behar den arduraz jokatuko dute eta, betiere, administrazio eskudunek ezarritakoa beteko dute.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan, Bigarren Hezkuntzako institutuetan eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeetan beste irakaskuntza batzuk ematea.

Foru agindu honen 2.2 artikuluan ikastetxe mota bakoitzerako adierazitakoez bestelako irakaskuntzak ematen dituzten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuak, Bigarren Hezkuntzako institutuak eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeak Hezkuntza Departamentuak horretarako xedatzen duenera ere egokitu beharko dira, eta irakaskuntza horien antolamenduaren berezitasunera eta ikastetxe bakoitzaren ezaugarrietara moldatu.

Bigarren xedapen gehigarria.–Lanbide Heziketako irakaskuntzetako heziketa ziklo bakarra ematen duten ikastetxeen berezitasunak.

Foru agindu honen aplikazio eremuan sartzen diren eta Lanbide Heziketako irakaskuntzetako heziketa ziklo bakarra ematen duten ikastetxe guztietan, honako hauek hartuko dituzte beren gain hari esleitutako eskumenak eta koordinatzaileari esleitutakoak, hurrenez hurren: kasuan kasuko koordinazio didaktikorako departamentuak eta departamentu horretako buruak.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Landa eskolak.

1. Foru agindu honen aplikazio eremuan jasotako ikastetxeez den bezainbatean, landa eskolatzat hartuko dira Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketarako eta funtzionamendurako Erregelamendua garatzen duen ekainaren 30eko 36/2026 Foru Aginduaren I. eranskinean aipatzen diren guztiak, edo, hala badagokio, eranskin horren azken eguneratze indardunean aipatzen direnak.

2. Foru agindu honetan araututakoa betetzea deusetan galarazi gabe, antolaketarako, pedagogiarako eta kudeaketarako autonomiari dagokion guztian, landa eskolatzat hartzen diren ikastetxe publikoek ekainaren 30eko 36/2026 Foru Aginduaren II. tituluan xedatutakoa bete beharko dute, bai eta haren eranskinak ere, edo, hala badagokio, horien azken eguneratzean ezartzen dena.

Laugarren xedapen gehigarria.–Titularra Hezkuntza Departamentua izan gabe, funts publikoekin sostengatutako ikastetxeak.

Foru agindu honetan xedatutakoa subsidiarioki aplikatuko zaie, titularra Hezkuntza Departamentua izan gabe, funts publikoekin sostengatutako ikastetxeei, betiere haien eskumenen eremuan sartzen ez bada.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Informazio eskuragarri eta ulergarria.

Ikastetxeek foru agindu honetan xedatutakoari buruz familiei eta ikasleei igortzen dieten informazio edo komunikazio oro modu argi eta ulergarrian aurkeztu beharko da, kasu bakoitzean behar diren irisgarritasun unibertsaleko neurriak bermatuta.

Seigarren xedapen gehigarria.–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak foru agindu honetan ezarritakoa betetzen dela begiratuko du, bere eskumenen arabera eta bere eginkizunak eta eskudantziak betez.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Berezitasunak.

Foru agindu honen xedearekin eta aplikazio eremuarekin zerikusia duten eta agindu honetan jasotzen ez diren alderdiei buruzko edozein berezitasun Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak ebatziko dute, batera, salbu eta Haur Hezkuntzako lehen zikloari eta landa eskolei dagozkien berezitasunak, horrelakoak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Haur Eskolen Zerbitzuak ebatzi beharko baitituzte, batera.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengo xedapen iragankorra.–2026-2027 ikasturteko koordinazio didaktikorako departamentuak.

2026-2027 ikasturtean, koordinazio didaktikorako departamentuak eratzeari dagokionez, 2025-2026 ikasturtea bukatu aurretik eta foru agindu hau indarrean jarri aurretik baliabideen plangintzarako eta zuzkidurarako aplikatu diren arauzko xedapenen arabera jokatuko da.

Bigarren xedapen iragankorra.–Aplikazio subsidiarioa.

Foru agindu honetan xedatutakoa haren aplikazio eremuan sartuta ez dauden ikastetxe guztietan ere aplikatuko da subsidiarioki, baldin eta, beren hezkuntza eskaintzaren barruan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko irakaskuntzak izanda, horri buruzko araudi espezifikorik ez badute. Nolanahi ere, ikastetxe bakoitzaren berezko ezaugarrietara eta Hezkuntza Departamentuak horretarako xedatzen duenera egokituko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egin dira foru agindu honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehenengoa.–Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 12ko 52/2023 Foru Aginduaren aldaketa (foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko era arautzen da).

Aldatu egiten da foru agindu horren 11. artikuluko ("Arlo edo esparruen kalifikazio eskala") 2. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

"2. Arloen edo esparruen ebaluazioaren emaitzak honela adieraziko dira, hala hiru hilean behingo ebaluazioetan nola amaierakoan: Gutxiegi (GU), kalifikazio negatiboen kasuan, eta Nahikoa (NA), Ongi (ON), Oso Ongi (OO) edo Bikain (BI), kalifikazio positiboen kasuan. Horretarako, kontuan hartuko dira zikloko taldeek kalifikazioa egiteko adostutako irizpideak, arlo edo esparru guztietan kalifikazio prozedura homogeneoa bermatzearren. Hiruhileko errekuperazioei eta gainditu gabeko arlo edo esparruak ebaluatzeari dagokienez, eman beharreko kalifikazioak bat etorri beharko du aipatutako eskalarekin. Horren ondorioetarako, kalifikazioen eskala hori ezin izanen da inola ere mugatu edo murriztu, eta ikasleei kalifikazio eskala horretako termino guztietatik kasuan-kasuan dagokien balioa jarri beharko zaie".

Azken xedapenetako bigarrena.–Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 12ko 53/2023 Foru Aginduaren aldaketa (foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzen da).

Aldatu egiten da foru agindu horren 12. artikuluko ("Ikasgai edo esparruen kalifikazio eskala") 2. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

"2. Ikasgaien edo esparruen ebaluazioaren emaitzak honela adieraziko dira, hala hiru hilean behingo ebaluazioetan nola amaierakoan: Gutxiegi (GU), kalifikazio negatiboen kasuan, eta Nahikoa (NA), Ongi (ON), Oso Ongi (OO) edo Bikain (BI), kalifikazio positiboen kasuan. Horretarako, koordinazio didaktikorako departamentu bakoitzeko kideek adostutako kalifikazio irizpideak hartu beharko dira kontuan, ikasgai edo esparru bakoitzean kalifikazio prozedura homogeneo bat erabiltzen dela ziurtatzeko. Hiruhileko errekuperazioei eta gainditu gabeko ikasgai edo esparruak ebaluatzeari dagokienez, eman beharreko kalifikazioak bat etorri beharko du aipatutako eskalarekin. Horren ondorioetarako, kalifikazioen eskala hori ezin izanen da inola ere mugatu edo murriztu, eta ikasleei kalifikazio eskala horretako termino guztietatik kasuan-kasuan dagokien balioa jarri beharko zaie".

Azken xedapenetako hirugarrena.–Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 10eko 45/2023 Foru Aginduaren aldaketa (foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzen da).

Aldatu egiten da foru agindu horren 10. artikuluko ("Ikasgaien kalifikazio eskala") 2. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

"2. Ikasgaien ebaluazioaren emaitzak, bai hiru hilean behingo ebaluazioetan bai amaierako ebaluazioetan, zenbakizko kalifikazio baten bidez adieraziko dira, dezimalik gabe, 0tik 10erako eskalan, 0 izanik kalifikazio txikiena eta 10 handiena. Horretarako, koordinazio didaktikorako departamentu bakoitzeko kideek adostutako kalifikazio irizpideak hartu beharko dira kontuan, ikasgai bakoitzean kalifikazio prozedura homogeneo bat erabiltzen dela ziurtatzeko. Hiruhileko errekuperazioei eta gainditu gabeko ikasgaiak ebaluatzeari dagokienez, eman beharreko kalifikazioak bat etorri beharko du aipatutako eskalarekin. Horren ondorioetarako, kalifikazioen eskala hori ezin izanen da inola ere mugatu edo murriztu, eta ikasleei kalifikazio eskala horretako termino guztietatik kasuan-kasuan dagokien balioa jarri beharko zaie".

Azken xedapenetako laugarrena.–Indarrean jartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2026ko uztailaren 1ean.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2609673