2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AMESKOABARRENA
Ordenantza, arautzen dituena eguzki-energia biltzeko instalazioak. Behin betiko onespena
Ameskoabarrengo Udalak, 2025eko maiatzaren 19an egindako osoko bilkura berezian, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen duena eguzki-energia biltzeko instalazioak jartzea Ameskoabarrenean.
Onespenaren erabakia argitaratu zen 2025eko 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 13an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, ordenantza behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Zudairin (Ameskoabarrena), 2025eko irailaren 3an.–Alkatea, Estibaliz Erdocia Ormazabal.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA EGUZKI-ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK, AMESKOABARRENGO UDAL-MUGARTEAN
SARRERA
CO2 isuriak murrizteko helburua hartu du Europak, eta hori lortzeko oinarrietako bat da energia berriztagarriak ekoiztea eta erabiltzea. Xede horretara bideratutako ekintzen artean dago, bereziki, bultzatzea eraikinetan ezar daitezela norberaren kontsumorako energia sortzeko eguzki-instalazioak.
Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: batetik, lurraldean modu antolatuan ezartzea eta, bestetik, natura- eta hiri-balio nagusiak zaintzea.
Ameskoabarrengo Udalak eguzki-energia biltzeko instalazioak arautu nahi ditu bere udal-mugartean; horretarako, baldintza batzuk ezarriko ditu, bultzatzeko autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak nahiz termikoak, eta instalaziook egokiak izateko ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik.
Ordenantza idatzi da behar den koherentzia gordez udal planeamenduarekiko, eta jarraikiz lurzoruaren erabilerek eta eraikuntzek ingurura egokitzeko duten betebeharrari.
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea, Ameskoabarrengo udal-mugartean ezartzeko eguzki-energia biltzeko instalazioak, zelula fotovoltaikodun panelen bidez biltzeko edo panel kolektore termikoen bidez biltzeko.
2 artikulua. Aplikazio-eremua.
Ordenantza honen aplikazio-eremua Ameskoabarrengo udal-mugarte guztia da.
3. artikulua. Definizioak.
Eguzki-plakak edo -panelak dira eguzkiaren erradiazioen energia biltzen duten gailuak, eta hura energia termiko edo energia elektriko bihurtzen dutenak:
–Eguzki-instalazio termikoek zuzenean baliatzen dute eguzkitik jasotzen dugun energia, fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko, batez ere.
–Eguzki-instalazio fotovoltaikoek edo termoelektrikoek baliatzen dituzte zenbait material erdieroaleren ezaugarri fisikoak, argindarra sortzeko, eguzki-erradiaziotik abiatuta.
Ordenantza honek, era berean, arautzen ditu eguzki-instalazioak, panel fotovoltaikoz nahiz termikoz osatuak, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza-erabileraren sailkapena, Ameskoabarrengo Udal Plan Orokorraren arabera.
4. artikulua. Instalazioen xedea.
Eguzki-instalazioak baimenduko dira, baldin badira, neurri batean edo osorik, eraikinen energia beharrizana asetzeko, dela etxeko ur beroa sortzeko (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako argindarra sortzeko, jarraikiz apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuari (errege dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak).
Hirigintza-erabilera bizitegitarako ez den eremuetan, baimenduta dago, autokontsumorako argindarra sortzeaz gain, elektrizitate-soberakinak sortzea ere, energia-sarera igortzeko, indarrean den araudiari jarraikiz.
5. artikulua. Udal Planaren barnean, Eraikinen Babes Katalogoan dauden eraikinak.
Eguzki-panelak jarri ahal izateko 1, 2A, 2B Babes Mailetako eta Elementu Berezien Katalogoko eraikinetan (Ameskoabarrengo Udal Plan Orokorraren barnean), panelak paratzeko eskaerak bidaliko zaizkio Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusiari, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.
6. artikulua. Hirugarrenei eragindako kalteen erantzukizuna.
Instalazioek ez dute islarik sortu behar, baldin arriskua ekartzen badute bide-segurtasunerako edo kalte egiten badiete beste batzuei. Eskatzaileen erantzukizuna izanen da halako eraginik ez izatea. Baldintza hori betetzen ez bada, lizentzia errebokatu daiteke, eta, orobat, eragin dezake titularrak instalazioa kendu behar izatea.
II. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK, BIZITEGI-ERABILERAKO HIRI-LURZORUAN ETA LURZORU URBANIZAGARRIAN
7. artikulua. Instalazioak, lehendik dauden bizitegi-eraikinetan.
1. Eguzki-panelak paratu daitezke bizitegi-eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:
–Plakak planokideak izanen dira estalkiaren isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo estalkiko leihoen antzera. Oinplanoan, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat, edo zenbait.
–Gutxienez 0,50 m banandu beharko dira mehelinetatik, argi-zuloetatik edo estalkiko leihoetatik, bizkar-limetatik eta limatxokonetatik. Gutxienez 1,00 metroko tartea izanen da teilatu-hegalen ertzetatik. Zenbait panel-eremu daudenean, elkarrengandik gutxienez 0,50 m bananduta egon beharko dute.
–Eguzki-panelen azalerak eta argi-zuloen edo estalkiko leihoen azalerak, baturik, ezin izanen du okupatu azaleraren %60 baino gehiago, kokatuta dauden isurialdean.
–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian gelditu eraikinen estalkian eta fatxadetan, esaterako biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro elektrikoak, kanalizazioak eta abar.
2. Baldin eta estalki lauak edo zabaltzak badaude antolamenduz kanpo deklaraturik ez dauden eraikin batzuetan, baimendurik egonen da eguzki-panelak paratzea, honako baldintza hauek betez gero:
–Karelen atzeko aldean egon beharko dute panelek, eta gelditu beharko dute horien gehieneko garaieraren azpitik.
–Ez da baimenduko baldin eta karelak gardenak badira –baranda, sareta edo beira motakoak–, eta instalazioa bistan uzten badute, salbu, aldi berean, proposatzen badira neurri egokiak hura ikustea galarazteko.
3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri. Oin berriko eraikinetan, exekuzio-unitateko lurzoruetan, proposatzen ahalko da, salbuespenez, eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, baldin ongi integratzen badira eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udalak baimendu beharko ditu espresuki osoko bilkuran.
8. artikulua. Bizitegi-eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gaineko instalazioak.
Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:
–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikinerako obra-lizentzia ematen denean.
–Eraikuntzaren lerrokadurek mugatuko dute okupa daitekeen eremua, udal planak ezarritakoaren arabera; gehienez ere, lurzoru librearen %40. Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,60 metro baino altuagoak, lurretik neurtuta.
–Bisualki integratu beharko dira ingurunean. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak jartzea eskatzen ahalko du (zuhaitzak, heskaiak eta bestelakoak).
III. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK, INDUSTRIA/BILTEGI ERABILERAKO
HIRI-LURZORUAN ETA LURZORU URBANIZAGARRIAN
9. artikulua. Instalazioak, industria/biltegi erabilerako eraikinetan.
1. Eguzki-panelak paratu daitezke industria-eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:
–Plakak planokideak izanen dira estalkiaren isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo estalkiko leihoen antzera. Oinplanoan, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat, edo zenbait.
–Gutxienez 0,50 m banandu beharko dira mehelinetatik. Gutxienez 1,00 metroko tartea izanen da teilatu-hegalen ertzetatik. Zenbait panel-eremu daudenean, elkarrengandik gutxienez 0,50 m bananduta egon beharko dute.
–Eguzki-panelen azalerak eta argi-zuloen edo estalkiko leihoen azalerak, baturik, ezin izanen du okupatu azaleraren %80 baino gehiago, kokatuta dauden isurialdean.
–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian gelditu eraikinen estalkian eta fatxadetan, esaterako biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro elektrikoak, kanalizazioak eta abar.
2. Baldin eta estalki lauak edo zabaltzak badaude antolamenduz kanpo deklaraturik ez dauden eraikin batzuetan, baimendurik egonen da eguzki-panelak paratzea, honako baldintza hauek betez gero:
–Karelen atzeko aldean egon beharko dute panelek, eta gelditu beharko dute horien gehieneko garaieraren azpitik.
–Ez da baimenduko baldin eta karelek instalazioa bistan uzten badute, salbu, aldi berean, proposatzen badira neurri egokiak hura ikustea galarazteko.
3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri. Oin berriko eraikinetan, exekuzio-unitateko lurzoruetan, proposatzen ahalko da, salbuespenez, eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, baldin ongi integratzen badira eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udalak baimendu beharko ditu espresuki osoko bilkuran.
10. artikulua. Industria/biltegi-eraikin bati lotutako lurzati libre pribatuaren gaineko instalazioak.
Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:
–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikinerako obra-lizentzia ematen denean.
–Eraikuntzaren lerrokadurek mugatuko dute okupa daitekeen eremua, udal planak ezarritakoaren arabera; gehienez ere, lurzoru librearen %50. Bisualki integratu beharko dira ingurunean. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak jartzea eskatzen ahalko du (zuhaitzak, heskaiak eta bestelakoak).
–Jartzen ahalko dira, orobat, ibilgailuen aparkalekua babesteko baimendutako teilape arinen gainean eta markesinen estalkiaren gainean, edo horien elementu gisa.
IV. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK, ZUZKIDURA-ERABILERAKO HIRI-LURZORUAN ETA LURZORU URBANIZAGARRIAN ETA JABARI PUBLIKOKO LURZORUAN
11. artikulua. Instalazioak, zuzkidura-eraikinetan edo ekipamendu publikoetarako eraikinetan.
1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan paratu daitezke, honako baldintza hauek betez gero:
–Plakak planokideak izanen dira estalkiaren isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo estalkiko leihoen antzera. Oinplanoan, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat, edo zenbait.
–Gutxienez 0,50 m banandu beharko dira mehelinetatik, argi-zuloetatik edo estalkiko leihoetatik, bizkar-limetatik eta limatxokonetatik. Gutxienez 1,00 metroko tartea izanen da teilatu-hegalen ertzetatik. Zenbait panel-eremu daudenean, elkarrengandik gutxienez 0,50 m bananduta egon beharko dute.
–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian gelditu eraikinen estalkian eta fatxadetan, esaterako biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro elektrikoak, kanalizazioak eta abar.
2. Baimentzen da eguzki-panelak jartzea estalki lauetan edo zabaltzetan, betiere honako baldintza hauekin:
–Karelen atzeko aldean egon beharko dute panelek, eta gelditu beharko dute horien gehieneko garaieraren azpitik.
–Ez da baimenduko baldin eta karelek instalazioa bistan uzten badute, salbu, aldi berean, proposatzen badira neurri egokiak hura ikustea galarazteko.
3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri. Oin berriko eraikinetan, salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.
12. artikulua. Instalazioak, zuzkidura-eraikinei atxikitako lurzati librean edo ekipamendu publikoetarako eraikinei atxikitako lurzati librean.
Eremu librearen %50 okupatzen ahalko dute gehienez. Bisualki integratu beharko dira ingurunean. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak jartzea eskatzen ahalko du (zuhaitzak, heskaiak eta bestelakoak).
Gainera, jartzen ahalko dira ibilgailuen aparkalekua babesteko baimendutako teilape arinen eta markesinen gainean, edo horien elementu gisa.
13. artikulua. Altzari eta ekipamendu publikoko elementuen gaineko instalazioak.
Baimentzen da eguzki-panelak jartzea ekipamendu publikoko elementuen gainean, hala nola aparkalekuen markesinak, portxeak, kioskoak, haurren jolastokiak, eta hiri-altzarietako elementuen gainean, hala nola farolak, informazio-zutabeak, pergolak, etab. Azalera estaliaren %100 okupatzen ahalko dute elementu bakartuak direnean, edo elementuaren estalkia bera eratzen ahalko dute.
Baldin badira beste batzuei atxikitako eraikuntzak edo elementuak, panelak gutxienez 0,50 m bananduko dira.
V. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK, LURZORU URBANIZAEZINEAN
14. artikulua. Lurzoru urbanizaezinerako aurretiazko baimenak.
1. Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren 64/2006 Foru Aginduan, berariaz arautua dago lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzea, eraikinen estalkietan ez beste batzuetan, bai eta instalazio horien sarbideak eta linea elektrikoak ere.
Ingurumen-eraginari buruzko txostena egin beharko da, jarraikiz 17/2020 Foru Legeari (Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen Foru Legea), salbu oinarrizko araudia aplikatuz ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar bada.
2. Eraikin berriei lotutako instalazioen kasuan, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko beharrezkoa izanen da arauzko baimena lortzea ezartzekoa den jarduera berrirako, zeina eman beharko baitu Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak, hala dagokionean.
3. Lehendik dauden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, horiek ezarri baldin baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aurretiazko baimenik izapidetzea.
15. artikulua. Instalazioak, lurzoru urbanizaezineko eraikinetan.
1. Eguzki-panelak jartzen ahal dira eraikinen estalki inklinatuetan. Plakak planokideak izanen dira estalkiko isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo "velux" motako estalkiko leihoen antzera. Okupatutako eremua gutxienez 0,50 m bananduko da teilatu-hegalen ertzetatik.
2. Baldin eta estalki lauak edo zabaltzak badaude antolamenduz kanpo deklaraturik ez dauden eraikin batzuetan, panelek karelen atzeko aldean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehieneko garaieraren azpitik. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak jartzeko eskatzen ahalko du.
3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri. Salbuespenez, proposatzen ahalko da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.
4. Eragin bisualak edo ingurumen eraginak izan daitezkeen kasuetan, Udalak eskatzen ahalko du neurriak har daitezela eragin horiek minimizatzeko, eta, hirigintza araudiak neurri horiek baimentzen ez baditu, baimena ukatzen ahalko du.
VI. KAPITULUA.–IZAPIDETZEA
16. artikulua. Lizentzia eskatzea. Erantzukizunpeko adierazpena.
1. Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, beharrezkoa izanen da obra-lizentzia eskatzea Udalari, edo, egoki denean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea; behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.
2. Betiere, Udalaren obra-lizentzia beharko dute instalazioek, baldin eta aurretik behar badituzte beste erakunde publiko batzuen hirigintza-baimenak edo bestelakoak, aplikatu beharreko legediari jarraikiz. Udal lizentzia eman aurretik, behar diren baimenak izapidetuko dira.
3. Teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoa aurkeztu beharko da, baldin egin nahi badira hala behar duten obrak, jarraikiz indarrean den 38/1999 Legeari (Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legea).
Gainerako kasuetan, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.
4. Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenen kalterik gabe. Eskatzailea izanen da obrek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.
Xedapen indargabetzaile bakarra.
Indarrik gabe gelditzen dira Ameskoabarrengo Udal Planeko arauetan eguzki-energia biltzeko instalazioei edo eguzki-panelei buruz jasotzen diren xedapen guztiak.
Iragarkiaren kodea: L2511609