Iragarkia
144. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2169/2026 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko antolaketako goi mailako teknikarien bederatzi plaza oposizio bidez betetzeko.
Abenduaren 27ko 307/2023 Foru Dekretuaren bidez (2023ko 269. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 29koan), 2023ko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Lan publikoaren eskaintza partzial hori Estatuaren 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio, eta hartan sartu ziren, besteak beste, antolaketako goi mailako teknikarien plaza huts batzuk, A mailakoak.
Abenduaren 27ko 118/2024 Foru Dekretuaren bidez (2024ko 264. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ekoan), 2024ko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Lan publikoaren eskaintza partzial hori 2024ra luzatutako Estatuaren 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasa espezifikoari dagokio, eta hartan sartu ziren, besteak beste, antolaketako goi mailako teknikarien plaza huts batzuk, A mailakoak.
Apirilaren 30eko 42/2025 Foru Dekretuaren bidez (2025eko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 8koan), 2025eko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Eskaintza hartan sartu ziren, besteak beste, antolaketako goi mailako teknikarien plaza huts batzuk, A mailakoak.
Abenduaren 18ko 146/2025 Foru Dekretuaren bidez (2025eko 258. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ekoan), 2025eko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Lan publikoaren eskaintza partzial hori Estatuaren 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio, eta hartan sartu ziren, besteak beste, antolaketako goi mailako teknikarien plaza huts batzuk, A mailakoak.
Halaber, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren otsailaren 18ko 537/2026 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko antolaketako goi mailako teknikarien plaza hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zen.
Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 2166/2026 Ebazpenaren bidez, deklaratu zen bete gabe gelditu zirela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko antolaketako goi mailako teknikarien plaza huts batzuk lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdian eskainitako plazak.
Aurrekoa kontuan harturik, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko antolaketako goi mailako teknikarien bederatzi plaza betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Plazak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.
Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko antolaketako goi mailako teknikarien bederatzi plaza sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak.
2. Deialdiaren testua onestea; ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Herritarren Arretarako Bulegoak eta Erregistroak Koordinatzeko Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko uztailaren 2an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa), Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra.
ERANSKINA.–ANTOLAKETAKO GOI MAILAKO TEKNIKARIEN BEDERATZI PLAZA OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA
Honako hauek arautuko dute deialdia:
Oinarriak
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko antolaketako goi mailako teknikarien bederatzi plaza betetzea sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez. Plazak A mailakoak dira eta. II. eranskinean zerrendatuta daude.
1.2. Bederatzi plaza hutsak txanda hauetan banatuko dira:
–4 plaza txanda irekian.
–5 plaza igoera txandan.
1.3. Igoera txandako plaza hutsen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Bestalde, igoera txandako plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko berariazko baldintzak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.
2.–Baldintzak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea. 65 urtekoa da adin hori.
Dena dela, enplegu publikoan sartzen utziko zaie 65 urte bete dutenei, baldin eta ez badute osatu beren gizarte-aurreikuspeneko sisteman erretiro-saria jasotzeko eskubidea sortzeko ezarritako gabealdia, edo baldin eta ez badituzte osatu pentsioa osorik kobratzeko beharrezkoak diren kotizazio urteak.
c) Unibertsitate titulu hauetako bat izatea: gradua, lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.
Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, homologazio egiaztagiria edo baliokidetasun ziurtagiria eduki beharko da, kasuan kasukoa. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten pertsonei.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko baldintzak:
Txanda honetako izangaiek, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte, aurreko atalean adierazitakoez gain:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak ematen ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.
Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute igoera-txandan, hartan parte hartzeko gainerako baldintzak betetzen badituzte.
b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.
2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako berariazko betebeharrak:
Desgaitasuna duten izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzak betetzeaz gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.
2.1.4. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako berariazko baldintzak:
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima gisa aitortuak izan beharko dute.
2.1.5. Euskarazko jakite-maila bat ezarrita duen plaza elebidun bat eskuratu nahi izanez gero, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera maila hori egiaztatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat izatea (titulu edo ziurtagiri horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen dira, –2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa–), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.
2.1.6. Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik (zehazki, arau honetan tipifikatutako delitu batengatik: Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. titulua), ezta gizakien salerosketaren delitu batengatik ere (zehazki, arau honetan tipifikatutako delitu batengatik: Zigor Kodearen VII bis titulua).
Baldintza hori egiaztatzearren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari baimena eman beharko zaio abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez araututako Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralari eska diezaion ziurtagiri hori, edo, bestela, erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.
2.2. Baldintza horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.
3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabidek, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, nabigazio bide honi jarraituz: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa "Herritarrentzako lan deialdiak" atalaren barnean, deialdi honi dagokion fitxan, hain zuzen.
%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan edo bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
41,60 euroko tasa ordaindu behar da, funtzio publikoan sartzeko eta gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik.
Telematika bidez ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.
b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.
Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera egiaztatzeko (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, aurkeztu beharko du kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiria, eta bertan agertu behar da zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.
Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:
Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute, eta ez badute ematen langabezia-egoera kontsultatzeko baimenik, kasu horretan bakarrik, aurkeztu beharko dute kasuan kasuko enplegu-bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.
Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, aurrekoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 atalean aipatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, edo Nafarroako Foru Komunitateari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak.
Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute organo eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez, edo, bestela, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non egiaztatuko baita organo eskudun horri eskatu diotela %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren aitorpena.
Hala ere, azken kasu horretan, deialdi honetan plaza hutsak aukeratzeko ezarritako epea ireki baino lehen lortu beharko da aitorpen hori, modu frogagarrian. Bestela, interesdunak galdu eginen ditu %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonentzako erreserba txandaren bidez parte hartzeari loturiko eskubide guztiak.
Lau.–%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, komenigarritzat jotzen dituzten agiriak aurkezten ahalko dituzte egokitzapenak justifikatzeko.
Bost.–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek izaera hori frogatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atarian dagoen deialdiaren web-fitxan argitaratzeko.
Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen-prozesuaren barneko ondorengo jarduketetan ere, gezurrezko izen bat erabiliko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak identifikatzeko, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun eta gardentasun printzipioak aplikatzea.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko, eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Epe hori zenbatzen hasiko da behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik aurrera. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratzeko.
4.4. Funtzio publikora sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa ez da itzuliko baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Luis Antonio Tarrafeta Sayas jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zerbitzuko zuzendaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: Alberto Viana Górriz jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Estatistiken eta Informazio Kudeaketaren Ataleko burua.
–Epaimahaikidea: Nerea Fernández Estanga andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Informatikako Proiektu eta Sistemen Ataleko burua.
Epaimahaikide ordezkoa: María Carmen Valles López andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko antolaketako goi mailako teknikaria.
–Epaimahaikidea: Juan Antonio Rozas Aranguren jauna, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Konponbide Korporatiboen Zerbitzuko zuzendaria.
Epaimahaikide ordezkoa: Silvia Ojer Torres andrea, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuko zuzendaria.
–Epaimahaikidea: Iker Iriarte Ariztimuño jauna, Langileria Batzordearen ordezkaria.
Epaimahaikide ordezkoa: Nerea Macuso Moreno andrea, Langileria Batzordearen ordezkaria.
–Idazkaria: Maite Lus Zufía andrea, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Aholkularitza Ataleko burua.
Ordezko idazkaria: José Miguel Herrán Azanza jauna, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Ataleko burua.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, baldin gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Oposizioa 2027ko urtarriletik aurrera hasiko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin emanen ditu argitara hurrengo probetako deiak, deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan. Bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, eta adieraziko du oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Hautaprobak egiteko behar diren eta posible diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat duten izangaientzat, eskaeran hala eskatzen badute.
6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:
6.3.1. Lehenbiziko proba:
Teoriko-praktikoa izanen da, eta 20 galdera motz erantzun beharko dira, epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendako I. eta II. zatietako gaiei buruz jarriko dituenak.
Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, gehienez zenbat denbora dagoen proba hau egiteko.
Epaimahaiak jarriko duen ordenagailuarekin eginen da proba hau. Proba egiteko ez da inolako testurik ez dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, hiztegirik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, oharrak hartzeko mutur lodiko boligrafo urdinaz edo beltzaz besterik.
Proba horretan 20 puntu lortzen ahal dira gehienez. Horietatik, bost puntu gai-zerrendako I. zatiari buruzko galderetakoak izanen dira eta hamabost puntu II. zatikoari buruzkoak. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Proba hau egiteko ezin da inolako testu edo dokumenturik kontsultatu.
6.3.2. Bigarren proba:
Teoriko-praktikoa izanen da, eta 30 galdera motz erantzun beharko dira, epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendako II. eta III. zatietako gaiei buruz jarriko dituenak.
Proba hau egiteko hiru ordu izanen dira gehienez.
Epaimahaiak jarriko duen ordenagailuarekin eginen da proba hau. Proba egiteko ez da inolako testurik ez dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, hiztegirik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, oharrak hartzeko mutur lodiko boligrafo urdinaz edo beltzaz besterik.
Proba horretan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.3.3. Hirugarren proba:
Praktikoa izanen da. Kasu teoriko-praktiko batzuk ebatzi beharko dira, epaimahaiak proposatuak deialdiaren I. eranskineko gai-zerrendako II. eta III. zatietako gaiei buruz, eta lanpostuaren berezko funtzioak garatzeko beharrezkoak diren ezagutzei buruz.
Proba hau egiteko lau ordu izanen dira gehienez.
Epaimahaiak jarriko duen ordenagailuarekin eginen da proba hau. Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik kontsultatzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabiltzen ere. Mahai gainean boligrafoa eta oharrak hartzeko orri zuriak besterik ez da egoten ahalko. Orriak epaimahaiak emanen ditu.
Proba horretan 50 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.4. Plika sistemaren bidez eginen dira probak.
6.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.
7.–Proba gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio-epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, baldintzak betetzen diren egiaztatu eta plaza hutsak hautatzeko izapideak egin daitezen.
7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, hirugarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehenengo proban eta bigarrenean lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horrexetan.
7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du hura ebazteko. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, eta abiatuko da zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik.
8.–Betebeharrak frogatzea eta plaza hutsak hautatzea.
8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:
a) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
b) Euskarazko jakite-maila ezarrita duen plaza elebidunen bat eskuratu nahi duten pertsonek eskatutako maila hori egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute. Tituluak edo ziurtagiriak bat etorri beharko du Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotako tituluen zerrendan (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan, deialdi honen 2.1.6 atalean xedatutakoaren arabera.
c) Adingabeekin ohiko harremana izatea dakarren lanpostu bat lortu nahi izanez gero, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututako Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, baldin eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari ziurtagiri hori eskatzeko baimena eman ez bazaio.
8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak plaza hutsak hautatzeko deia eginen du, argitara emanez hauta daitezkeen plaza hutsen zerrenda eta hautaketara deitutako izangaien zerrenda (plaza hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe duten plaza hutsak hautatzeko.
Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.
Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, plaza hutsak eskuratzeko.
8.3. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.
Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu plaza huts batean edo bestean jarduteko, plazen hautaketa hasi aurretik, haren desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
Era berean, hautaprobak gainditu eta genero-indarkeriaren biktima direla frogatzen duten emakumezko izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak hautatzeko, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-ordena.
Hautaprobak igoera txandatik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiaren xede diren plaza hutsak aukeratzeko, txanda irekiko izangaien aurretik, baina kontuan hartuta, betiere, desgaitasuna dutela egiaztatzen duten izangaientzat eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeentzat ezarritako salbuespena.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Behin plaza hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko plazetan sartzen ahal direnak.
Izendapen proposamen hori deialdiaren fitxan argitaratuko da, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.
9.2. Proposatutako izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan izendapen proposamena argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean:
A.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:
a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.
b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzeko interesdunak betetzen dituela lanpostuko berezko eginkizunetan aritzeko beharrezkoak diren baldintza psikofisikoak.
c) Zinpeko adierazpena edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
B.–Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jatorrizko administrazioan jardunean daudela, edo borondatezko eszedentzian daudela eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
C.–2.1.1.b) oinarrian adierazitako ondorioetarako, Gizarte Segurantzak edo organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.
9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. oinarrian aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea, baldin eta hutsik geratu den plazaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak beste agiriren bat behar izanez gero bere eskudantziak erabiltzeko, proposaturiko izangaiari eskatuko dio, eta hark agiri hori aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan.
9.6. Ezarritako prozeduraren arabera plaza epe barruan eta behar bezala hautatzen ez bada, hautapen prozesuari uko egiten bazaio, deialdian plaza betetzeko ezarritako baldintzak betetzen ez badira edo eskatutako dokumentazioa ezarritako prozeduraren arabera epe barruan eta behar bezala aurkezten ez bada, plaza hutsen hautaketaren emaitza ez da aldatuko.
Administrazioko organo eskudunak gainditzen dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea.
10.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko, eta plaza hutsak esleituko dizkie.
10.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza-hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, baldin izendatutakoak afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen dituzte: edo segitzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan, babes harturik martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori dena, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zehazki, bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Izendatzen diren izangaiek izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute plazaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.
Aipatutako epean izangairen bat plazaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.4. Baldin eta funtzionario izaera eskuratzen duten izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, lanpostuan batere aritu gabe eta haiek eskatuta, hutsik gelditzen den plaza ere beteko da deialdiaren 9.4 atalean ezarritako moduan.
10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko plazak.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.
12.–Administrazio erroaren eremuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.
12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta plazarik lortzen ez duten izangaiekin:
a) Hautapen prozesua gainditu arren, plaza lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Hautapen prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda.
12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen prozesua gainditu arren plaza lortu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.
Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.
Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.
Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.
13.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
I. zatia.
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia.
2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua. Europako Batzordea. Europar Batasuneko Justizia Auzitegia.
3. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidea: Haren iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasuneko estatuetako ordenamendu juridikoarekiko loturak.
4. gaia.–13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
5. gaia.–Foru erakundeak (I): Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Kontuen Ganbera: eskumenak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa.
6. gaia.–Foru erakundeak (II): Nafarroako Gobernua. Eginkizunak, osaera, izendapena eta kargu-uztea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Erantzukizun politikoa.
7. gaia.–Administrazio zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege-mailako xedapenak. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Erregelamendu-ahalmena.
8. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: 40/2015 Legea (I). Sektore publikoaren jarduketa- eta funtzionamendu-printzipioak. Administrazioetako organoak. Hitzarmenak eta administrazioen arteko harremanak.
9. gaia.–Foru Komunitateko Administrazioa: 11/2019 Foru Legea. Xedapen orokorrak. Foru Administrazio Publikoaren antolaketa. Araubide juridikoa eta eskumenen erabilera. Kide anitzeko organoak.
10. gaia.–Administrazio-egintzaren teoria: egintzen baldintzak. Eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.
11. gaia.–Funtzio publikoa Nafarroan: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. Langile motak, hautapena, administrazio egoerak, lanpostuak betetzea, eskubideak eta betebeharrak.
12. gaia.–Araubide ekonomiko-finantzarioa: 13/2007 Foru Legea, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa. Nafarroako aurrekontu orokorrak: edukia, onespena, betetzea eta gastu eta sarreren likidazioa.
II. zatia.
–Egiturak eta giza baliabideak.
1. gaia.–Kudeaketa publikoa (I). Joera berriak kudeaketa publikoan. Administrazio tradizionaletik kudeaketa publiko berrira eta gobernantza publiko adimendunera.
2. gaia.–Erakunde egitura aplikatuak: Mintzbergen eskema kontzeptuala. Botere sareak eta gatazka erakundeetan. Erakunde informala.
3. gaia.–Enplegu publikoa. Enplegu publikoaren kudeaketarako tresnak (I). Giza baliabideen kudeaketarako plangintza eta tresnak.
4. gaia.–Enplegu publikoa. Enplegu publikoaren kudeaketarako tresnak (II). Administrazio publikoetako langileen eta lanpostuen erregistroak.
5. gaia.–Enplegu publikoa. Giza baliabideen plangintza administrazio publikoetan (I). Enplegu publikoaren plangintza estrategikoa eta egituraketa.
6. gaia.–Euskarabidea erakunde autonomoa. 240/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, zeinaren bidez onesten baitira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak.
–Politika publikoen estrategia, plangintza eta ebaluazioa.
7. gaia.–Esku-hartze publiko bat diseinatu eta planifikatzea (I): esku-hartze publikoen zikloa. Nafarroako Gobernuaren Gida Orokorra.
8. gaia.–Politika publikoen ebaluazioa (I): politika publikoen ebaluazioak diseinatu eta gauzatzea. AEVAL agentziaren ebaluazio kontzeptua. Ebaluazio baten faseen oinarriak.
9. gaia.–Politika publikoen ebaluazioa (II): Nafarroako ebaluazio esparrua. Politika publikoen ebaluaziorako plan gidaria (2024-2027).
10. gaia.–Politika publikoen ebaluazioa (III): jarraipen sistemak eta adierazleak. Nafarroako ebaluaziora bideratutako jarraipen sistema baterako gida.
–Proiektuak eta kalitatea.
11. gaia.–Europako Batzordearen PM² proiektuen kudeaketarako metodologia-Open PM² (I): metodologia.
12. gaia.–Europako Batzordearen PM² proiektuen kudeaketarako metodologia-Open PM² (II): antolaketa eta funtzioak.
13. gaia.–Europar Batasunaren zenbait urtetarako finantza-esparrua (2021-2027): "Europar Batasunaren finantza-unibertsoa".
14. gaia.–Europako lurralde arteko lankidetza: INTERREG programak (printzipioak, helburuak eta egitura). POCTEFA 2021-2027 mugaz haraindiko programa: A. Sarrera. B. Proiektuaren diseinua. D. Proiektuen administrazio- eta finantza-kudeaketa.
–Datuaren teknologia eta kudeaketa.
15. gaia.–Informazio sistemak eta haien baldintzak: Informazio sistemen plangintza estrategikoa. Bideragarritasun azterlanak. Erauzketa, dokumentazioa, balidazioa eta baldintzen negoziazioa negozioaren eta ITren artean.
16. gaia.–Datuen hedapena: Datuak eta estatistikak aurkeztea. Mezua transmititzea. Estatistikak bistaratzea. Taulak. Grafikoak. Mapak. Bistaratze-teknika emergenteak. Irisgarritasun kontuak.
–Sinplifikazioa eta prozesuak.
17. gaia.–Administrazioa sinplifikatzeko eta arrazionalizatzeko esparruak: Nafarroako Gobernuaren administrazioa sinplifikatzeko esparru dokumentua.
18. gaia.–Irisgarritasuna, inklusioa eta zerbitzuen diseinu unibertsala: irisgarritasunerako lau WCAG printzipioak. Herritarrak erdigunean jartzen dituen diseinu inklusiboa eta erabiltzailearen esperientzian eta erabateko esperientzian (UX/TX) oinarritutako ikusmoldeak.
–Gobernu irekia eta komunikazioa.
19. gaia.–Gobernantza publikoa eta gobernu ona: 19/2013 Legea. Jarduera publikoaren gardentasuna.
20. gaia.–Nafarroako Gobernuaren identitate korporatiboa eta instituzionala. 4/2016 Foru Dekretua, urtarrilaren 27koa, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.
21. gaia.–Aukera berdintasuna eta zeharkakotasuneko genero ikusmoldea (I): 3/2007 Lege Organikoa. Berdintasunaren printzipioa, diskriminazioaren kontrako tutoretza, babes juridikoa eta generoaren zeharkakotasuneko aplikazioa estatuko politiketan.
22. gaia.–Aukera berdintasuna eta zeharkakotasuneko genero ikusmoldea (II): 17/2019 Foru Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. Foru Komunitateko ekitate egiturak, departamentuetako berdintasun planak, eta exijentzia metodologikoak inpaktu txostenetan.
III. zatia.
–Egiturak eta giza baliabideak.
1. gaia.–Kudeaketa publikoa (II). Eraldaketak kudeaketa publikoan. Baldintza historikoak eta tradizio administratiboa.
2. gaia.–Kudeaketa publikoa (III). Gobernu digitaletik gobernu irekira.
3. gaia.–Enplegu publikoa. Enplegu publikoaren kudeaketarako tresnak (III). Plantilla organikoak eta lanpostuen zerrendak Espainiako enplegu publikoan.
4. gaia.–Enplegu publikoa. Giza baliabideen plangintza administrazio publikoetan (II). Langileen egituraketa.
5. gaia.–Enplegu publikoa. Giza baliabideen plangintza administrazio publikoetan (III). Hautapena eta sarrera enplegu publikoan.
6. gaia.–Enplegu publikoa. Giza baliabideen plangintza administrazio publikoetan (IV). Lanbide karrera eta garapena. Jardunaren ebaluazioa.
7. gaia.–Enplegu publikoa. Merezimendua babestea arbitrariotasunaren gainetik (I). Interes orokorra enplegu ahalmenetan.
8. gaia.–Enplegu publikoa. Merezimendua babestea arbitrariotasunaren gainetik (II). Inpartzialtasun bermeak. Merezimenduaren lehentasuna.
9. gaia.–Merezimenduen eta hizkuntzen balorazioa Foru Administrazioan: 97/2024 Foru Dekretua, merezimenduen balorazioari buruzkoa.
10. gaia.–Ikaskuntzara bidean, prestakuntzatik harago. Irakaskuntza eta ikaskuntzako aldaketak eta joerak lanbide ingurunetan.
11. gaia.–Gaikuntza teknologiko eta digitala: DigComp 2.2 esparrua. Konpetentzia digitalaren arloak (informazioa, komunikazioa, sorkuntza, segurtasuna, arazoak konpontzea), langile publikoari aplikatuta. Ziurtapena.
12. gaia.–Laneko segurtasun eta osasunari buruzko oinarrizko kontzeptuak (NOPLOI). Lana eta osasuna. Arrisku-faktoreak.
13. gaia.–103/2017 Foru Dekretua, euskararen erabilerari buruzkoa. Hizkuntza eskakizunak.
14. gaia.–Hizkuntza politika eta hizkuntza plangintza. Hizkuntza plangintzaren metodologia. Nafarroako Gobernuaren hizkuntza planak.
–Politika publikoen estrategia, plangintza eta ebaluazioa.
15. gaia.–Esku-hartze publiko bat diseinatu eta planifikatzea (II): prestakuntza fasea eta diagnostiko fasea.
16. gaia.–Esku-hartze publiko bat diseinatu eta planifikatzea (III): inplementaziorako prestaketa eta plangintza fasea.
17. gaia.–Aurrekontuen eta estrategiaren arteko lotura Nafarroan. Nafarroako aurrekontu orokorren proiektuarekin lotutako dokumentazioa-Aurrekontu programen araberako deskribapenaren egitura (0 fitxak).
18. gaia.–Politika publikoen ebaluazioa (IV): ebaluaziorako aukeren protokoloak. Ebaluazio aukeren analisia eta testuinguru instituzionala. Ebaluazio mandatuak formalizatzeko prozedura eta tresnak.
19. gaia.–Ebaluazioaren zabalkundea eta kontu-ematea: emaitzen komunikazio eraginkorra (Ivàlua ikusmoldea). Ebaluazioak sortutako ebidentzia erabiltzea ekosistema publikoa etengabe hobetzeko tresna gisa.
20. gaia.–Garapen jasangarri eta instituzionala: Nazio Batuen 2030 Agenda eta haren helburuak (GJH) Nafarroarako. Garapen jasangarrirako Espainiako estrategia. Jasangarritasuneko aurrerapen eta ebaluazio txostenak.
21. gaia.–Lurralde plangintza eta jasangarritasuna: zeharkakotasun sektoriala berrikuntza politiketan. Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren eta Jasangarriaren Estrategia (S4), lehiakortasun faktoreak eta motorrak.
–Proiektuak eta kalitatea.
22. gaia.–Europako Batzordearen PM² proiektuen kudeaketarako metodologia-Open PM² (III): hasiera, plangintza eta gauzatze faseak.
23. gaia.–Europako Batzordearen PM² proiektuen kudeaketarako metodologia-Open PM² (IV): jarraipena eta kontrola. Itxiera fasea.
24. gaia.–Kontratazio publikoa, exekuziorako tresna gisa: 2/2018 Foru Legea. Atariko titulua, kontratuen tipologia, kontratistak, publizitate arauak eta adjudikaziorako prozedura formalak.
25. gaia.–11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa. Oinarri arautzaileak, laguntzak emateko prozedurak, justifikazioa, kontrola, finantza kudeaketa eta itzulketen lege araubidea.
26. gaia.–Kalitate eta hobekuntza gida administrazio publikoetan. Kalitate eta hobekuntzarako tresnak.
–Datuaren teknologia eta kudeaketa.
27. gaia.–Europako Agenda Digitala: Europarako agenda digital bat. 2030 Iparrorratz digitala: Europaren ikusmoldea Hamarkada Digitalerako.
28. gaia.–Eraldaketa digitala Nafarroan: Nafarroako 2030 Estrategia Digitala. Helburuak, ikuspena eta funtsezko dimentsioak (konektibitatea, ekitate jasangarria, datuen gobernua, trebakuntza eta lurralde arrakala).
29. gaia.–Softwarearen bizi zikloaren eta etengabeko entregaren oinarriak: analisia, diseinua, eraikuntza, ezarpena eta sistemen proba (kutxa zuria/beltza, funtzionalak, estreskoak). Metodologia arinak.
30. gaia.–Nafarroako Gobernuaren agertoki teknologikoa (2024ko ekaineko bertsioa). Estandar teknologikoetarako sarrera. Plataforma telematiko korporatiboa. Atariko plataforma. Extr@ (espedienteen kudeatzaile korporatiboa).
31. gaia.–Negozio-adimena eta kudeaketa-analitika (Business Intelligence): arkitektura, erauzketa eta eraldaketa prozesuak (ETL). Diseinua, analisia eta meatzaritza, erabakiak hartzen dituzten aginte tauletan aplikatuak.
32. gaia.–Datuaren Gobernua (Data Governance): datuaren estrategia zentrala, datu korporatiboaren kudeaketa eta kalitatea. Teknologiak, ontologiak, semantika eta estandarrak, informazio publikoaren katalogo eta multzoetan aplikatuak. UNE espezifikazioen funtsezko oinarriak-Datuaren gobernua, kudeaketa eta kalitatea.
33. gaia.–Datu espazioak. "Datos.gob.es" ataria eta Gaia-X.
34. gaia.–Nafarroako Datuaren Bulegoa eta 106/2022 Foru Dekretua.
35. gaia.–Teknologia emergenteak: adimen artifizial sortzailea. Aplikazioa prozesuetan. IA agentikoa.
36. gaia.–Europar Batasuneko IAri buruzko Legea (AI Act.). Goi mailako ikuspena.
37. gaia.–Datu pertsonalen babesa ekosistema digitalean: 2016/679 (EB) Erregelamendua (RGPD) eta 3/2018 Lege organikoa (LOPDGDD). Eskubide digitalak, printzipioak, legitimazio oinarriak eta kontrol agintarien zeregina.
38. gaia.–RGPDa. Datuen babesaren arloko inpaktu ebaluazioaren txostenaren eredua (EIPD) sektore publikorako.
39. gaia.–Segurtasun Eskema Nazionala: erantzukizunak eta funtzioak. RGPDarekin batera. IKTen segurtasun gida (CCN-STIC 801).
–Sinplifikazioa eta prozesuak.
40. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa (I): Estatuko oinarrizko araudia. e-Administrazioa 39/2015 Legean eta 40/2015 Legean (jarduketa, espedienteak, artxiboa, erregistroa, jakinarazpenak eta egoitza elektronikoa).
41. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa (II): autonomia erkidegoetako araudia. Administrazio elektronikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan 11/2019 Foru Legearen arabera. Ad intra eta ad extra harremanak.
42. gaia.–EBko pasabide digital bakarra. EUDI wallet-a.
43. gaia.–Identitate, balidazio eta konfiantza digitalen oinarriak: identitate digitala kudeatzea. Sinadura elektronikorako, ziurtagirietarako eta zigiluetarako sistemak administrazioan. Segurtasun mailak, faktore anitzeko autentifikazioa, LDAP sistemak.
44. gaia.–Artxiboak eta informazioaren gobernantza Nafarroan: 9/2026 Foru Legea, maiatzaren 20koa, Artxiboei, Dokumentuen Kudeaketari eta Dokumentu Ondareari buruzkoa. Informazio-aktiboen eta dokumentu-kudeaketaren gobernantza Nafarroako administrazio publikoetan eta haien sektore publiko instituzionaletan.
45. gaia.–e-EMGDE v3 eskema: definizioa eta ezaugarri nagusiak, eredu kontzeptuala, eskemaren deskribapen orokorra.
46. gaia.–Elkarreragingarritasuna: Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala. Xedapen orokorrak. Oinarrizko printzipioak. Antolaketako elkarreragingarritasuna. Elkarreragingarritasun semantikoa. Elkarreragingarritasun teknikoa. Azpiegitura eta zerbitzu komunak. Teknologiaren berrerabilera eta transferentzia. Sinadura elektronikoa eta ziurtagiriak.
47. gaia.–Administrazio kudeaketaren hiperautomatizazioa: espedientearen digitalizaziotik prozesuen robotizazioaren paradigmara (RPA).
48. gaia.–Interakzio omnikanala eta herritarrekiko etengabeko harremana: herritarrei arreta emateko ereduen bilakaera. Kanal anitzeko plataformak, txatboten integrazioa, Contact Center sistemak eta Customer Journey-aren analitika sektore publikoan.
–Gobernu irekia eta komunikazioa.
49. gaia.–Foru Administrazioa XXI. mendean. Gardentasun autonomikoa eta instituzionala Foru Komunitatean 5/2028 Foru Legetik aurrera. Gobernu Irekiaren bigarren plana. Iruzurraren kontrako Nafarroako Bulegoa eta Nafarroako Gobernuko Gardentasunaren Kontseilua.
50. gaia.–Datu irekien estrategiak (Open Data): IKTen zeregin sistemikoa gobernua irekitzeko politiketan. Datu formatuak, ontologiak eta sektore publikoko informazioaren berrerabilpenari buruzko Europako Zuzentarauaren (RISP) inpaktua.
51. gaia.–31/2022 Foru Legea, azaroaren 28koa, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoa.
52. gaia.–Herritarren parte-hartzea, baterako sorkuntza eta berrikuntza demokratikoa: 12/2019 Foru Legea, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa. Herritarrek parte-hartzeko prozesuak. Herritarren ekimenak. Administrazio antolaketa.
53. gaia.–Adimen eta Informazio instituzional publikoa: Nafarroako Estatistika Sistema (Nastat). 11/1997 Foru Legearen printzipio orokorrak. Nafarroako Estatistika Plana (2025-2028) eta Nafarroako estatistika-adierazle publikoen sistemak (SIEN).
54. gaia.–Berrikuntza soziala. HELIX gida, berrikuntza sozialeko ekimenen ebaluazioari buruzkoa. Bost bektoreen garrantzia.
55. gaia.–Komunikazio instituzionala eta harreman soziala: Nafarroako Gobernuaren komunikazio argirako gida. Herritarrenganako hurbilpen semantikorako estrategia metodologikoak. Hizkuntza inklusiboa, ez diskriminatzailea eta irisgarria.
56. gaia.–Komunikazio digital instituzionala, hedabideak eta irudi korporatiboa: administraziorako sare sozialetako estrategiak, zerbitzuko atari instituzionalak, ildo editorial korporatiboa eta informazio arkitektura web publikora zuzendua.
II. ERANSKINA.–GOI MAILAKO TEKNIKARIEN PLAZA HUTSAK
PLAZA | DEPARTAMENTUA | ATXIKIPEN ESPARRUA | ARAUBIDE | HERRIA | SEXU-DELITUEN ZIURTAG. | HIZKUNTZAK | GIDABAIMENA |
832 | BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DEPARTAMENTUA | FUNTZIO PUBLIKOKO ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | |||
3756 | UNIBERTSITATEKO, BERRIKUNTZAKO ETA ERALDAKETA DIGITALEKO DEPARTAMENTUA | TELEKOMUNIK. ETA DIGITALIZAZIOKO ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | SARRIGUREN | |||
3839 | UNIBERTSITATEKO, BERRIKUNTZAKO ETA ERALDAKETA DIGITALEKO DEPARTAMENTUA | TELEKOMUNIK. ETA DIGITALIZAZIOKO ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | SARRIGUREN | |||
6090 | BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DEPARTAMENTUA | FUNTZIO PUBLIKOKO ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | |||
7473 | INDUSTRIAKO ETA ENPRESEN TRANTSIZIO EKOLOGIKO ETA DIGITALERAKO DEPARTAMENTUA | TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA DIGITALEKO, ENPRESA I+G+BKO ETA EKINTZAILETZAKO ZUZENDARITZA NAGUSIA | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | |||
8609 | UNIBERTSITATEKO, BERRIKUNTZAKO ETA ERALDAKETA DIGITALEKO DEPARTAMENTUA | TELEKOMUNIK. ETA DIGITALIZAZIOKO ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | SARRIGUREN | |||
11527 | MEMORIA ETA BIZIKIDETZAKO, KANPO EKINTZAKO ETA EUSKARAKO DEPARTAMENTUA | EUSKARABIDEA-EUSKARAREN NAFAR INSTITUTUA | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | EUSKARA, C1 | ||
11897 | ESKUBIDE SOZIALETAKO, EKONOMIA SOZIALEKO ETA ENPLEGUKO DEPARTAMENTUA | SUSTAPEN ETA ERALDAKETA DIGITALAREN ZERB. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | |||
11953 | BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DEPARTAMENTUA | JUSTIZIA ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | X |
Iragarkiaren kodea: F2609767
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
