144. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABREDO

Ordenantza, arautzen dituena erabilera anitzeko gelen erabilera eta horren prezio publikoak. Behin betiko onespena

Cabredoko Udalak, 2026ko apirilaren 22an egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen dituena erabilera anitzeko gelen erabilera eta horren prezio publikoak. Jendaurrean jarri zen, argitaratuz 2026ko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 12an.

Jendaurrean egoteko epea igaro denez inork aurkeztu gabe alegazio, kexa nahiz oharrik, behin betiko onetsi da ordenantza, zeinaren testua jaso baita iragarki honen eranskinean (hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari –Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea–).

Cabredon, 2026ko uztailaren 3an.–Alkatea, Gorka Sancho Pérez de Albéniz.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA CABREDOKO ERABILERA ANITZEKO GELEN ERABILERA ETA HORREN PREZIO PUBLIKOAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea erabilera anitzeko gelen erabilera eta luperketa. Gela horiek daude Udalak Hilerriko Bidea kaleko 3an duen eraikinean (1. poligonoko 163. lurzatia), Cabredon.

2. artikulua. Erabilera.

Erabilera anitzeko gelen helburua da Cabredoko herriaren beharrak asetzea, bilkura areto gisa.

Bertan egiten ahalko dira era guztietako jarduerak, Cabredoko herritarren arteko harremanak sustatzeko: bilerak, hitzaldiak, eta kultura sustatuko duten era guztietako jarduerak, esaterako ikastaroak, lantegiak, etab. Geletan jarduerak egiten ahalko dira, baldin, Udalaren iritziz, ez badute sortzen eragozpenik edo arrisku posiblerik udalerrian, izan jarduera motarengatik, izan zaborrengatik, zaratengatik eta abar.

Alkateak erabakita, gela hauek hirugarrenei lagatzen ahalko zaizkie, ikastaroak edo hitzaldiak emateko.

Udalak gelaren erabilera ukatzen ahalko du, baldin eta uste badu bertan eginen diren jarduerak ohitura onen kontrakoak, erabat pribatuak edo antzekoak direla.

Udalak erabilera ukatzen ahalko du, baldin jarduera desegokitzat jotzen badu.

Erabiltzaileak ezin izanen du lokala hasierakoa ez den erabilerarako erabili, Udalak aurretik baimenik eman ez badio.

Baldin ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, erabiltzeko baimena deuseztatzen ahalko da.

3. artikulua. Erabiltzaileak.

Cabredoko Udalak lehentasuna izanen du gelak erabiltzeko.

Gelak erabili nahi dituztenek idatziz eskatu beharko diote aurretik Udalari. Eskabidean zehaztu beharko da zertarako eskatzen den baimena, baita egutegia eta aurreikusten diren ordutegiak ere. Eskaera egiten duen pertsona fisikoa izanen da erantzulea. Gelak erabiltzeko eskaera egin beharko da erabili nahi den eguna baino bost egun lehenago gutxienez. Era berean, azaldu beharko da zer ordutan erabili nahi den.

Alkateak eskaera bakoitza aztertuko du, eta erabakiko, gelaren eskuragarritasunaren arabera.

Eskatzen duten pertsona edo elkarteek erabil ditzakete gelak, eta erabilera onets dadin, justifikatu beharko dute zertarako nahi duten.

Baldin 18 urtetik beherakoek erabili behar badituzte gelak, haien ardura duen pertsona adinez nagusiak bete beharko du eskabidea, eta bere ardura izanen da giltza hartu eta itzultzea.

Gelak erabiltzeko baimena ematen duen ebazpenean jasoko da lokalaren arduradunaren izena; giltza harexen eskuetan utziko da, behar den prezioa ordaindu eta 50 euroko fidantza jarri ondoan.

Funtzionamendurako oinarrizko arauen berri emanen zaio arduradunari, baita giltza itzultzeko orduaren eta tokiaren berri ere.

Bi eskaera badaude ordu bererako, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1. Xedea Udalaren interesekoa da.

2. Cabredoko auzotarrek erabiliko dute.

3. Eskatzeko ordena.

4. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

Ordutegiak: goizeko bederatzietatik gaueko hamabiak arte erabil daitezke gelak.

Bertan egiten den ekitaldi bakoitzaren arduradunaren kargura izanen da garbitzea gela, mahaiak eta instalazioak. Sortutako zaborra bildu, eta edukiontzira eraman beharko da.

Ordutegiari eta/edo garbiketa betebeharrak ez betetzea arrazoi aski izanen da gelaren erabilera ukatzeko, bete ez dituenari.

Ahalik eta gutxien erabiliko da argia, berogailua eta ura, aurreztearren energia eta dirua.

Baldin gela egoera txarrean badago jarduera burututakoan, erabiltzaileek ezin izanen dute hura berriz erabili, kaltearen ordaina eman arte.

Udalak ez ditu gidatzen ezta onesten ere lagatako lokalean egitekoak diren jarduerak. Elkarteek ez dute inolako mendekotasun harremanik Udalarekin, eta hark ez ditu bere gain hartuko, ez zuzenean ez subsidiarioki, lokalaren barnean gertatzen diren kalte material, pertsonal nahiz moralak.

Baimentzen da bertan egitea jarduerak, nahiz eta horretarako kontratatu behar izan langileak edo profesionalak, autonomoak nahiz bestelakoak.

Eskaeraren arabera, Udalak baimentzen ahalko du gelak eskatzaile batek baino gehiagok erabiltzea aldi berean.

Erabiltzaileek gelak eta materialak zeuden bezala utzi behar dituzte.

Betiere, ulertuko da eskaera sinatzen duena izanen dela egindako kalteen erantzulea.

5. artikulua. Prezio publikoak.

Fidantzatako ezarritako zenbatekoaz gain, erabiltzeko eskaeraren ardura duenak aurretik ordaindu beharko ditu prezio publiko hauek:

–Egun batez erabiltzeagatik, hitzaldietarako, ikastaroetarako, prestakuntza ekintzetarako, jendearen bileretarako eta abarretarako:

  • Cabredon erroldatuek: 20 euro.
  • Cabredon erroldatu gabeek: 30 euro.

–Berogailua erabiltzeagatik: 10 euro.

Cabredoko Udalak urtero finkatuko ditu prezio publikoak.

Udalak prezio publikoak murrizten ahalko ditu, baita ordaintzetik salbuetsi ere, baldin gelak erabiltzen badira Udalaren interesekoak diren kultura edo gizarte jarduerak egiteko.

6. artikulua. Espazioak eta/edo ekipamendua erabiltzeko eskubidea galtzea.

Lokala erabiltzeko eskubidea honelakoetan galduko da:

–Gaizki edo behar ez bezala erabiltzea instalazioak, altzariak eta baliabideak.

–Ez betetzea espazioak eta baliabideak erabiltzeko ordutegiak, ordutegia gainditzeagtik.

–Behin eta berriz eta nahita haustea erregelamendu honen edozein artikulu.

–Lokala garbi ez edukitzea edo garbi ez uztea, erabili ondoren.

–Kalteak eragitea lokalean, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaleko gainerako ondasun higigarrietan.

–Lokalean sartzeko giltzen kopiak egitea, Udalaren baimenik gabe.

–Erabiltzen den lokaleko giltza ez itzultzea.

AZKEN XEDAPENA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honi kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko udal arau guztiak. Zehazki, eta indarrean sartzearekin batera, indarrik gabe geldituko dira honako hauek: Ordenantza, arautzen dituena Cabredoko erabilera anitzeko gelaren erabilera eta horretarako prezio publikoak (argitaratu zen 2017ko 166. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 29an), eta Cabredoko kultura eta aisiako gela erabiltzeko erregelamendua, Cabredoko Udaleko osoko bilkurak onetsia 2019ko martxoaren 30ean.

Iragarkiaren kodea: L2609662