144. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

455/2026 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak.

Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzen dituzten jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak onestearen aldeko txostena egin du.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onestea, irakaskuntza horiek Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko. Jarraibideak eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2026ko ekainaren 30ean.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA.–2026-2027 IKASTURTEAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN DISEINUKO GOI MAILAKO ARTE IRAKASKUNTZAK EMATEN DITUZTEN IKASTETXE PUBLIKOEN ANTOLAKETA ETA JARDUNA ARAUTZEKO JARRAIBIDEAK

Ikasturte hasierako jarraibideek zehazten eta argitzen dituzte indarreko araudiaren alderdi batzuk, eta arautzen dituzte arautu gabeko beste batzuk, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ezartzen dituzte ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak.

Jarraibideak bi kapitulutan daude bereizita:

Lehenbizikoa urteko programazio orokorrari buruzkoa da. Hor, besteak beste, ematen dira ikastetxearen hobekuntza planak prestatzeko argibideak, bai eta ebaluazioetan duten parte-hartzearen gaineko jarraibideak ere, hobetu daitezkeen arloak detektatzeko.

Bigarrenean, antolaketaren alderdi batzuk zehazten dira, ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.

I.–Urteko programazio orokorra

A) Alderdi orokorrak.

1. Xedapen orokorrak.

Urteko programazio orokorra (UPOa) ikastetxearen plangintza, antolaketa eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da. Haren bidez zehazten dira, ikasturte bakoitzerako, ikastetxearen proiektu instituzionala (hezkuntza proiektua), antolaketa eta funtzionamendu arauak eta kudeaketa proiektua.

Urteko programazio orokorraren esparruan, ikastetxeek erabaki hauek hartuko dituzte ikasturte bakoitzerako:

a) Pedagogiaren eta curriculumaren arloan jarduteko plan, proiektu eta programei buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapena izanen dira.

b) Antolaketari eta funtzionamenduari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapena izanen dira.

c) Baliabideen kudeaketari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko kudeaketaren zehaztapena izanen dira.

UPOa prestatzeko eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko, orientazio gida bat egonen da eskuragai eskola kudeaketako Educa sisteman (adibideak jasotzen ditu).

Urteko programazio orokorrari buruzko informazioa Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeko hezkuntza komunitatearen eskura egonen da.

2. Informazioa biltzeko iturriak.

Urteko programazio orokorra egiteko, honako iturri hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:

a) Ikastetxearen proiektu instituzionala.

b) Aurreko ikasturtearen bukaerako memorian proposatutako hobekuntza arloak, zeinek kasu guztietan barne hartuko baitituzte emaitzen memorietan jasotako hobekuntza proposamenak, emaitza akademikoen analisiaren ondoriozkoak.

c) Urte anitzeko hobekuntza plana, ikastetxearen autoebaluazio prozesuaren ondoriozkoa.

d) Dagoen zuzendaritza proiektua edo plan estrategikoa.

e) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak igorritako gomendioak, aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondoriozkoak.

f) Hezkuntza Departamentuak ikasturte hasieran emandako jarraibideak.

g) Ikastetxeak ezarritako beste programa batzuk.

h) Ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.

i) Ikastetxeko plan digitala.

3. Edukia: atalak eta garapena.

Urteko pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapenean jasoko dira, ikasturte bakoitzerako, ikastetxeen pedagogiaren eta curriculumaren jardunari buruzko erabakiak. Urteko programazio orokorraren atal hauetan bilduko dira:

a) Ikastetxearen urteko plana.

b) Koordinazio didaktikorako departamentuen eta beste talde batzuen urteko planak.

c) Tutoretza ekintzaren urteko plana.

d) Urteko bizikidetza plana.

e) Programazio didaktikoak.

f) Ikasturtean garatu beharreko proiektu, programa eta plan propioak.

g) Ikasturtean garatu beharreko beste proiektu, programa eta plan instituzional batzuk.

h) Ikastetxeko urteko prestakuntza plana.

i) Ikastetxearen urteko plan digitala.

j) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

k) Urteko programazio orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.

l) Eranskinak.

Kasu guztietan, urteko programazio orokorraren atal bakoitza egokituta egonen da musikako goi mailako arte irakaskuntzen berezitasunera eta diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen berezko ezaugarrietara.

Ikastetxearen urteko plana bideratuta egonen da lehentasunezkotzat jotzen diren alderdiak hobetzera, eta urteko programazio orokorraren funtsezko elementua izanen da, gainerako jarduketa planak orientatu eta zehaztuko dituena.

Departamentuek (eta irakaslana koordinatzeko beste organo batzuek, bidezkoa bada) helburuen eta ekintzen plan propioa izanen dute. Horren bidez, urteko planean zehaztutako lehentasunezko helburuak lortzen laguntzeaz gain, helburu propioak edo ikastetxeko beste plan espezifiko batzuetatik ateratako helburuak ere formalizatuko dituzte.

Ikastetxeko urteko plan digitala kanpoan aurkezteko esportatu behar den dokumentua denez, Educan horretarako prestatu den txantiloian sartu beharko da.

Urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: gobernu-organoen eta irakaslana koordinatzeko organoen osaera eta lan planak, ikastetxearen egutegi eta ordutegi orokorra, taldeak eratzeko eta tutoretzak esleitzeko irizpideak, ikastetxearen ordutegiak –orokorra, ikasleena eta irakasleena– egiteko irizpideak eta, orobat, ebaluazioen egutegia.

Era berean, diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoek beste edozein atal gehitzen ahalko dute ikasturterako antolamenduaren eta funtzionamenduaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.

Urteko kudeaketaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: urteko aurrekontua eta kudeaketa kontua, irakasleen, zaintzen eta jagoletzaren plantilla, instalazioak eta ekipamendua, ikastetxeko larrialdi plana eta, hala badagokio, kalitatearen kudeaketako baldintzak.

Era berean, diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoek beste edozein atal gehitzen ahalko dute ikasturterako baliabide kudeaketaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.

4. Prestaketa.

Azterturik kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak eta oharrak eta ekarpenak, urteko programazio orokorraren atalak idatziko dira.

Ikastetxeko urteko programazio orokorraren prestaketaz zuzendaritza-taldea arduratuko da. Horretarako, kontuan hartuko ditu ikastetxeko kide anitzeko gobernu-organoek edo koordinazio pedagogikorako batzordeak beren eskumen-esparruetan aurrez onetsitako proposamenak, baita hezkuntza komunitateko beste edozeinek egindako proposamenak ere. Xede horiekin, prozesua zuzendu eta koordinatuko du, egitekoak zehaztuko ditu eta dokumentuak nork idatziko dituen erabakiko du. Era berean, prestaketa prozesurako tresnak jarri eta epeak finkatuko ditu.

Urteko programazio orokorra prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan. Sartzen diren planen egitura operatiboak erraztuko du plana gauzatzea eta haren segimendua egitea, honako hauek zehaztuta: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.

Urteko programazio orokorra Educa aplikazioarekin eginen da, horretarako txantiloi eta operatibo propioa erabiliz. Kalitatea kudeatzeko sistema (KKS) ezartzeko eta mantentzeko programan parte hartuz gero, UPOa Kadinet tresnaren bidez prestatzen ahalko da.

Urteko programazio orokorra ikastetxeko kontseiluak onetsi beharko du; eta hezkuntzaren, pedagogiaren eta curriculum-zehaztapenaren inguruko alderdi guztiek irakasleen klaustroaren onespena beharko dute. Onetsi ondoren, urteko programazio orokorra hezkuntza komunitateko kide guztiek bete beharko dute nahitaez.

5. Tramitazioa, jarraipena eta ebaluazioa.

Behin onetsirik, urriaren 31 baino lehen, UPOa Educa aplikazioan argitaratuko da. Ikastetxeetan ere utziko da, hezkuntza komunitateak eskura izan dezan.

Salbuespen gisa, gerora sortutako inguruabarrak gertatzen direnean, urteko programazio orokorra ikasturtean zehar aldatzen ahalko da. Berriz onetsi beharko da, 4. atalean (Prestaketa) ezarritakoarekin bat, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorri.

Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak eta arduradunek aldizkako jarraipena eginen dute Educa aplikazioan eta, hala badagokio, Kadinet tresnan, gutxienez hiru hilean behin, jakiteko nola garatzen ari diren urteko programazio orokorra osatzen duten plan, proiektu eta programak, honako hauek kontuan hartuta:

a) Dagokion atal espezifikoan, urteko programazio orokorrak honako hauek zehaztu beharko ditu: jarraitu beharreko prozedura, informazioa biltzeko irizpideak, arduradunak eta epeak. Bermatu beharko du aztertu eta baloratzen dela zenbateraino garatu diren planteatutako ekintzak, lortu diren proposatutako helburuak, nola bete diren erantzukizunak eta ezarritako epeak bete diren.

b) Urteko programazio orokorraren atal bakoitza ebaluatzeko prozesuak berekin ekarriko du iturri desberdinetatik datu garrantzitsuak biltzea eta datu horiek aztertzea eta interpretatzea urteko programazio orokorrean bertan aurreikusitako irizpideei jarraituz. Azken hausnarketak eta balorazioak aztertuko du zerk eragin dituen emaitzak, eta esku hartzeko ildoak ezarriko ditu, hurrengo ikasturtera begirako hobekuntza proposamen koherenteak zehaztuta.

Ikasturtea bukatzean, ikastetxeko kontseiluak, irakasleen klaustroak eta ikastetxeko zuzendaritza-taldeak azken ebaluazioa eginen dute, jakiteko noraino bete den UPOa. Ebaluazio hori ikasturte bukaerako memorian jasoko da –Educa aplikazioan, eta, hala badagokio, Kadinet tresnan–. Horretarako, arduradun bakoitzak aztertuko eta baloratuko ditu dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak.

Era berean, bukaerako memorian, ikasleen emaitza akademikoei eta mailaz igotzeari buruzko ebaluazioa sartuko da, ikasleen errendimendu akademikoak izandako bilakaerarekin batera.

Horretarako, bukaerako memorian txosten bat gehituko da, ikasleen emaitza akademikoen analisi zehatza biltzen duena, eta, horrekin batera, gogoeta eginen da emaitza horiek eragin dituzten zergatiei buruz, eta, hala badagokio, curriculum-elementuen, materialen, antolaketa-elementuen eta baliabide pertsonalen funtzionamenduan atzeman diren gabezia eta disfuntzioei buruz.

Bukaerako memoria ikastetxeko kontseiluak onetsi beharko du; eta hezkuntzaren, pedagogiaren eta curriculum-zehaztapenaren inguruko alderdi guztiek irakasleen klaustroaren onespena beharko dute.

Behin onetsita, ikasturte bukaerako memoria ikastetxeko ikuskatzailearen eskura jarriko da, Educaren bidez, ekainaren 30ean beranduenez.

6. Gainbegiratzea.

Ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzaileak UPOa eta ikasturte bukaerako memoria gainbegiratuko ditu, egiaztatzeko bat datozela indarreko araudiarekin eta ikastetxearen behar eta emaitzekin, eta, hala badagokio, behar diren zuzenketak eta doikuntzak egitea eskatuko du.

7. UPOaren eranskinak.

Eranskin gisa, UPOarekin batera aurkeztu behar dira programazio didaktikoen adostasun agiriak, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak. Beraz, diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoak izanen dira programazio horiek gordetzeko arduradunak. Dena dela, beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak berariaz eskatzen ahalko du programazioa, hainbat arrazoirengatik: auzia irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartzen delako, kalifikazioen kontrako erreklamazioak egin direlako, analisi estatistikoak egin behar direlako edo beste arrazoi batzuk direla medio.

Programazio didaktikoen adostasun ereduak eskuragarri egonen dira Educan, UPOan, eranskin gisa.

B) UPOaren gaineko argibideak.

1. Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen ordutegia prestatzeko irizpideak.

Ordutegia zuzendaritza-taldeak prestatuko du, UPOan aurreikusitako jarduerak beteko direla bermatzeko moduan eginen da, eta ikastetxeko kontseiluak onetsi beharko du. Honako hauek bilduko ditu, gutxienez:

a) Eskola jardueren ordu banaketa, betiere irizpide pedagogikoei jarraituz egina. Irakasleek ordutegi bat edo beste nahiago izateak ezin izanen du inola ere oztopatu irizpide horiek erabiltzea. Orduen banaketa egitean, aurretik esandakoaz gain, indarreko araudian ezarritakoa hartu beharko da kontuan.

b) Eskola izaerakoak izan gabe, ikasleentzat prestatzen diren beste jarduera batzuen ordu banaketa.

c) Urtarrileko, maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Apirilaren 30aren aurretik, ikastetxeek aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko dute Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

d) Irakasleen ordutegi orokorra.

e) Irakasleen banakako ordutegia.

II.–Antolaketari dagozkion alderdiak

1.–Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen funtzionamendu organikoari buruzko alderdiak.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzek Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan eta Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan jadanik dauden kide bakarreko eta kide anitzeko gobernu-organoak partekatuko dituzte. Era berean, departamentuen egitura eta KPBa ere partekatuko dira (irakaslana koordinatzeko organoak).

1.1. Koordinatzaileak eta arduradunak.

1.1.1. Goi mailako arte irakaskuntzen koordinazioa.

Ikasketa horietan behar bezala jarduten dela bermatzeko asmoz, goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailearen figura sortuko da, honako eginkizun hauek izanen dituena:

a) Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien programazio didaktikoak prestatzeko lana koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, horien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko.

c) Zuzendaritza-taldeari eta klaustroari ikastetxearen proiektu instituzionalari eta urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.

d) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bidezko organoek finkatzen dituzten gidalerroen arabera.

e) Ikasketa planeko irakasgaien programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea, eta ebaluazio horrek aholkatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.

f) Ikasturtearen bukaeran memoria bat egitea eta horretan programazio didaktikoaren garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea.

g) Ebaluazio eta kalifikaziorako irizpide komunak prestatzea.

1.1.2. Mugikortasun programen arduraduna.

Mugikortasun programen arduraduna arituko da Erasmus + programa (eta ezar daitezkeen beste programa batzuk) garatu eta egoki funtzionatzeko behar diren ekintzak ikastetxean ezarri, abiarazi eta gauzatzeko aplikatzen diren prozesuen koordinatzaile gisa, ikasketaburuak gainbegiraturik. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek izaten duten parte-hartzea kudeatzea.

b) Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinaraztea ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek aurreikusiak dituzten joan-etorriei buruzko informazioa, joan-etorri horiek egin baino lehen.

2.–Irakaskuntzen ordu banaketa.

Ikasleak irakaskuntza hauetan sartzeko modua, irakasle-ikasle ratioa eta irakaskuntzen iraupena egokituko zaizkio indarra duen araudian ezarri denari.

3.–Programazio didaktikoak.

Indarreko ikasketa planaren arabera ematen diren irakasgaien programazio didaktikoak irakaskuntza horietarako indarra duen araudira egokituko dira. Honako hauek jasoko dituzte:

a) Inplikatutako konpetentzia orokorrak, zeharkakoak eta berariazkoak.

b) Edukiak eta haien denbora banaketa.

c) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

d) Ebaluatzeko prozedurak eta irizpideak.

e) Kalifikazio irizpideak.

f) Erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.

g) Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak.

Irakasgai bakoitzaren programazioaren edukia jendaurrean jarri beharko da ikasturtea hastean, hezkuntza komunitateko kide guztiek horren berri izanen dutela bermatzeko.

Koordinazio didaktikorako departamentuetako buruek programazioaren jarraipena eginen dute. Departamentuko bilkuren aktetan jarraipen horren berri jasoko da.

Ikastetxeko zuzendaritzak egiaztatu eginen du programazio horiek jarraibide hauetan ezarri dena betetzen duten. Hala ez bada, zuzendaritzak kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio programazioa, berregin dezan.

Programazio didaktikoak prestatzeko, eskura izanen dira orientatzeko gida bat eta programazio-eredu irekiak, eskola kudeaketako Educa sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Programazioak).

Programazio didaktikoak, ahal dela, Educa aplikazioan bertan eginen dira, horretarako prestatutako txantiloi bat erabiliz.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak irakasgaien programazio didaktikoen prestaketa gainbegiratuko du.

4.–Lanaldia.

4.1. Alderdi orokorrak.

225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioendako finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.

Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.

Irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduan argitaratutako Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren ondorioz, lanaldi osoa duten irakasleek astean 18 eskola-ordu izanen dituzte. Foru aginduan aipatu zuzeneko irakaskuntzako orduen murrizketa honela aplikatuko da: ordubete ikastetxearen koordinazio lanetarako eta plangintza instituzionaleko agiriak prestatzeko; eta beste ordubete ikastetxeak parte hartzen duen proiektu, programa edo planak egiteko zein foru aginduan adierazitako zereginetarako.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.

Irakasleek astean hogeita hamar ordu emanen dituzte ikastetxeko jardueretan eta beste batzuetan, urteko lanaldia osatu arte. Banaketari dagokionez, ikus 5.2 atala.

4.2. Orduen banaketa.

Ikastetxearendako zuzenean eman beharreko orduak honela banatuko dira:

4.2.1. Zuzeneko irakaskuntza-orduak eta eskola-orduak.

Astero, oro har, Hezkuntza Departamentuak ezartzen eta indarra duen araudian finkatzen diren zuzeneko irakaskuntza-orduak eta eskola-orduak beteko dira.

Eskola-orduak zenbatzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailea.

Goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzaileak zuzeneko irakaskuntzako eta eskola-orduetako 2 ordu erabiliko ditu astean, gehienez, bere karguari dagozkion zereginetarako, bai eta, ikastetxearen beharrek horretarako bide ematen badute, gehienez ere 2 ordu osagarri. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

b) Mugikortasun programen arduraduna.

Eskolako mugikortasun programen arduradunak zuzeneko irakaskuntzako eta eskola-orduetako 2 ordu erabiliko ditu astean, gehienez, bere karguari dagozkion zereginetarako, bai eta, ikastetxearen beharrek horretarako bide ematen badute, gehienez ere ordu osagarri bat. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

c) Bost irakasgai edo gehiago ematen dituzten irakasleak.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan bost irakasgai baino gehiago ematen dituzten irakasleei ordu bat kenduko zaie beren eskola-ordutegitik. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

4.2.2. Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren ordutegian jasotako zuzeneko irakaskuntza-orduak eta eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak batuta, guztira, hogeita bost ordu izanen dira astean.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

b) Astean ordu bat irakasle taldeko kide bakoitzaren eta goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailearen arteko koordinazio lanetarako.

c) Astean bi ordu ikasketen gaineko tutoretza lanak egiteko.

d) Astean ordu bat irakasleek ikastetxeko kontseiluan dituzten ordezkariendako.

e) Zuzendaritza-taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.

a), b), c), d) eta e) puntuetan aipatutako eginkizunen bidez asteko ordutegia betetzen ez duten irakasleei zuzendaritza-taldeak honako hauek esleituko dizkie:

f) Lankidetza orduak Diseinuko Urteko Jardunaldiak prestatzen laguntzeko, webgunearen mantentze-lanetarako eta blogetarako, sare sozialetarako, etab.

g) Irakasle taldeek ikastetxeak parte hartzen duen proiektu instituzional eta solidarioetan lan egiteko orduak.

h) Zaintza-orduak.

i) Beste batzuk.

4.2.3. Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxearendako zuzenean eman behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilero zenbatuko dira, eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:

a) Klaustroaren bileretara joatea.

b) Ebaluazio saioetara eta irakasle taldearen bileretara joatea.

c) Plangintza instituzionalerako tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko lanetan emandako orduak. Era berean, kasu eginen zaie Hezkuntza Departamentuak, hezkuntza proposamenak ikasketa planetara pixkanaka egokitzeko, ezar litzakeen lan-planei. Ikastetxeak behar diren neurriak hartuko ditu irakasle guztiek batera parte har dezaten jarduera horretan.

d) Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuetarako.

e) Prestakuntza instituzionala.

4.2.4. Urteko lanaldia osatu arteko gainerako orduak.

Urteko lanaldia osatu arteko gainerako orduak irakaskuntzako jarduerak prestatzeko eta irakasleen lanbide hobekuntzarako erabiliko dira, eragotzi gabe irakasleek hautapen batzorde eta epaimahaietan edo antzeko jardueretan parte hartzeko duten betebeharra gauzatzea, hala egokitzen zaienean.

5.–Irakasleen ordutegia prestatzea eta onestea.

Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuak, zeina aldatu baitzuen uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriak, ezartzen du ezen irakasleen ordutegiak ikasketaburuak prestatu behar dituela, ikastetxeko zuzendariak onetsi behar dituela eta Educa kudeaketa programaren bitartez jakinarazi behar direla irailaren 30erako. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu horren gaineko erreklamazio guztiak, eta, horretarako, hamabost eguneko epea izanen du.

Ordutegiak prestatzeko, eskola kudeaketako Educa sisteman eskuragarri daude laguntza dokumentuak, kontratuen ordutegi-taula eta irakasleen ordutegiaren kontzeptuak (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Irakasleen ordutegia).

Halaber, eskola kudeaketako Educa sisteman zehaztuko da egoitzaren ordutegia, zenbaketa moten erlaitzean "denbora erreala" hautatuta (Ikasturtea > Ordutegia > Egoitza zehaztea > Ordutegiak kudeatzea > Zenbaketa mota > Denbora erreala).

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikuskatuko du ea zuzena den irakasleen asteko ordutegiaren banaketa (zuzeneko irakaskuntzarako orduak, eskola-orduak eta ordu osagarriak).

Ikastetxeko matrikula burutu ondoren, ikasketaburuak koordinazio didaktikorako departamentuei jakinaraziko die zenbat ikasle izanen diren irakasgai bakoitzean.

Plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan hartuz baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta haien titular ez den irakaslearenak antzekoak diren.

Hezkuntza komunitateko edozein kidek eskura izan beharko ditu irakasle bakoitzaren ordutegiak eta laneko tokia (bai eskola-orduei dagokienez bai tutoretza-orduei, zaintzei, departamentuko bilerei eta abarri dagokienez). Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza ikastetxean zein ordutan egonen den adieraziko da.

6.–Irakasleak eta ikastetxeko langileak lanera ez agertzea.

Aldi baterako ezintasun batengatik norbait lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolak Hezkuntza Departamentuko web-orrian ezarritakoari jarraituko dio:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Aldi baterako ezintasun egoerak jakinarazteko ezarritako epeak betetzen ez badira, ikastetxeko zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudiak ezarritakoaren arabera jardun dezan. Irakasleari ere horren berri eman behar zaio idatziz.

Proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea, ongi bete daitezen epeak, ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako.

Agiriak bidaltzean izandako edozein gorabeheraren berri emateko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.

Ikastetxeetan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEko nahiz Gizarte Segurantzako langileek, zuzendaritza-talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.

Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun ondoriozko baja egoerak jakinarazteaz gainera, 72 orduko epean egin behar dela, gehienez, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarendako lizentzia tramitatzeko komunikazioa, ezarritako prozedurari jarraikiz.

Ordezkapen egoeretan, ordezkoa ez bada egokitu zaion lanpostuan hasten, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, ikastetxeko zuzendaritzak hutsegitearen txosten bat bidaliko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, plaza berriz eskain dadin. Baldin ordezkapen kontratuaren Gizarte Segurantzako afiliazioaren alta tramitatu bada, Gizarte Aseguruen Atalak eskatuta, zuzendaritza-taldeak hutsegiteari buruzko txosten bat egin beharko du, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian alta baliogabetzeko. Ondoren, seccion.seguros.sociales@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko du.

Diseinuko goi mailako ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan, Educa kudeaketa sisteman erregistratu beharko dira ikastetxean bertan emandako baimenak. Norberaren aferetarako baimena ematerakoan, Educa kudeaketa sisteman (Langileak menua > Irakasleak > Berria / Hutsegiteak ikusi) ikus daiteke zenbat ordu hartu duen irakasle bakoitzak ikasturte berean, kontratu bat baino gehiago izan arren.

7.–Zaintza.

Kontuan izanik diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetako ikasleen ezaugarriak, zaintza kontzeptua lotzen da ikastetxeak bere gain hartzen duen ardura honekin: zenbait espazio egon daitezen bermatzea, zeinetan, hala nahi duten ikasleek, beren ikaskuntzaren berezko eginkizunak gauzatu ahal izanen dituzten. Irakaskuntzarako diren eremuen funtzionamendu egokia ere bermatuko da.

Hortaz, eskola-ordutegiaren barnean, zuzendaritza da ikasleen arduraduna; beraz, une oro, zaintzako irakasleren bat egon beharko da ikastetxean.

Educa aplikazioak modulu bat du irakasleen zaintza-orduak kudeatzeko, eta hura erabiltzea gomendatzen dugu. Ikasgelako koadernoaren agendarekin lotuta dago, egin beharreko jarduerak jakinaraztea errazten du, zaintzako irakasleak izendatzeko aukera ematen dio zuzendaritza-taldeari eta prozesuaren estatistika bat eskaintzen du.

8.–Hezkuntza digitalizatzea.

Hezkuntza Departamentuak irakasle sartu berrien eskura jarriko du 15 orduko prestakuntza, zeinetan irakaskuntzan aritzeko oinarrizko tresna digitalak landuko baitira. Zuzendaritza-taldeak prestakuntza instituzional gisa ezartzen ahalko du hori irakasle sartu berriendako.

Hezkuntza digitalizatzeari buruzko gainerako alderdietarako, hala dagokionean, ikastetxeek aplikatuko dute Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 333/2026 Ebazpenaren II. eranskineko II.11 puntuan jasotakoa (ebazpen horren bidez jarraibideak onetsi ziren 2026-2027 ikasturtean arautzeko zer antolaketa eta funtzionamendu izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek).

9.–Nahitaezko prestakuntza.

Irakasleen eskubide eta betebehar bat da etengabeko prestakuntza, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea, irakasleen lanbidea garatuz.

Hala, diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plan bat ezarriko dute. Plan hori zuzendaritza-taldeak prestatuko du, aintzat hartuz, batetik, Hezkuntza Departamentuak proposatutako proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko ildoetatik eratorritako prestakuntzarako beharrak, bestetik, ikastetxeko klaustroetan eta irakasle-taldeetan eginiko lanetik eratorritako prestakuntzarako beharrak, eta, halaber, irakasleentzako laguntza zentroek eginiko hautemate prozesuetan jasotako prestakuntzarako beharrak.

Prestakuntza ekintzak zuzentzen ahalko zaizkio klaustro osoari edo irakasle talde jakin bati. Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoak, programak, planak eta lehentasunezko ildoak gauzatzeko proposatzen diren prestakuntza ekintzek lehentasuna izanen dute, eta irakasleek nahitaez egin beharko dituzte.

Ikasturte bakoitzean 25 ordukoa izanen da nahitaezko prestakuntza instituzionala, baina ordu gehiagokoa izaten ahalko da, baldin beharrezkoa bada, ikastetxeek edo Hezkuntza Departamentuak ezarritako beharrei erantzuteko. Kasu horretan, borondatezkoak izanen dira nahitaezko prestakuntza instituzional horretako 25 orduez gaindiko ekintzak.

Irakasleek egindako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.

Ikastetxe bakoitza irakasleentzako laguntza zentro (ILZ) bati atxikia dago, han erreferentziazko aholkulari bat du, eta aholkulari horrek prestakuntza instituzionaleko plana egiten laguntzen ahalko dio. Ikastetxeek prestakuntzaren arduradun bat izendatuko dute, harremanetan egon dadin irakasleentzako laguntza zentroko (ILZ) aholkulariarekin. Ez bada inor izendatzen, ikasketaburuak bere gain hartuko du zeregin hori.

Ikasturtearen barnean ikastetxez aldatzen diren irakasleek ikastetxe berriko zuzendariari aurkeztu beharko diote eginiko prestakuntza instituzionalari dagokion ziurtagiria. Prestakuntza instituzionaleko ekintzaren bat hasi eta bukatu gabe izanez gero, ez da jasoko dagokion ziurtagiria. Hala, irakasleak, egin dituen prestakuntza-orduen kopurua frogatu ondoren (jatorrizko ikastetxeko zuzendariak emandako ziurtagiri baten bidez), prestakuntza-orduak osatzen ahalko ditu, jatorrizko ikastetxean hasitako prestakuntzarekin jarraituz edo, bestela, destinoko ikastetxeko prestakuntza jarduerak eginez.

Ezartzeko nahitaezko prestakuntza instituzionaleko zenbat ordu egin behar dituzten kontratu partziala duten irakasleek, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 25 orduei aplikatuko zaie kontratuaren ehunekoa.

Ez dute nahitaezko prestakuntza egin beharko lanaldiaren hereneko edo gutxiagoko kontratua duten irakasleek. Halere, aukera izanen dute prestakuntza hori borondatez egiteko. Interesdunak ez badu prestakuntza egiten, bere kontratuari dagozkion ordu osagarriak erabiliko ditu indarreko araudian jasotako zereginak egiteko.

Nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduen zenbaketa malgutzeko, ikasturte bakoitzean gutxienez 20 ordu egin beharko dira, eta, beraz, elkarren segidako bi ikasturteko aldian egiten ahalko dira gainerako orduak. Edonola ere, bete beharko dira bi urte horiei dagozkien nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 50 orduak. Nolanahi ere, bete egin beharko da Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoei, programei, planei eta lehentasunezko ildoei buruzko prestakuntza.

Irakasle bakoitzak nahitaezko prestakuntzako 10 orduko murriztapena erabiltzen ahalko du ikasturtean zehar dituen beharrizan profesionalen arabera.

Irakasleek ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean frogatu beharko dituzte eginiko prestakuntza ekintzak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratu beharko ditu.

25 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek segitzen ahalko dute prestakuntzarako eskubideaz baliatzen, nahi izanez gero.

10.–Informazio akademikoaren kudeaketa: Educa. Kontabilitate sistema: Ecoeduca.

10.1. Informazio akademikoaren kudeaketa: Educa.

Informazio akademikoa Educa aplikazioarekin kudeatuko da.

Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratzen dira, Educari eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial, laguntzen dutenak aplikazioaren moduluetara ohitzen. Halaber, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira. Educa aplikaziotik bertatik egin daitezke eskaerak, goiburuko gorabeheren ikonoan (@) klik eginez. Atari horretatik bilaketak egiten ahalko dira ohiko prozedurei, zalantzei eta tutorialei dagokienez.

Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu koordinatzaileei, zuzendaritza-taldeei eta administrazioko langileei Educa plataformaren berri emateko.

Zuzendaritza-taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, jasoko du sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa, eta sustatuko du ikastetxean erabiltzea, eta erabilera hori koordinatuko.

Zuzendaritza-taldeak bermatu beharko du, horretarako bideak jarriz, ikasturtea hasi ondoren ikastetxean kudeaketa eta irakaskuntza lanetan hasten diren pertsonek Educa ezagutzen dutela eta badakitela hura erabiltzen.

Ikastetxean Educaren koordinatzaile-lanetan ariko direnen erregistro bat izateko, zuzendariak Educaren ikastetxeko koordinatzailea izendatuko du, eta, aplikazioan, "Educa koordinatzailea" lanpostu osagarria esleituko dio.

Zuzendariak berrikusiko ditu Educatik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta web-orria), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio Educaren laguntza zerbitzuari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.

Ikastetxeen ardura da eguneratuak edukitzea ikastetxean irakaskuntza nahiz kudeaketa lanetan aritzen diren langileen eta ikasleen datu pertsonalak. Nahiz eta aplikazioak aukera ematen duen Cl@ve sistemaren bidez sartzeko (ziurtagiri elektronikoa, NAN elektronikoa, Cl@ve Iraunkorra), gogoan izan oso garrantzitsua dela, Educa baimenak lortzeko, helbide elektroniko pertsonal bat erregistratzea fitxan.

Era berean, ikastetxe bakoitzaren ardura izanen da bere informazio akademikoa eskuratzeko asmoz programara jotzen dutenen sarbidea kudeatzea. Horrela, bada, ikasleek informazio hori eskuratzeko arazoak dituztenean, lehenbizi ikastetxea arduratuko da, eta ezin baditu bere kasa konpondu, Educaren laguntza zerbitzuarekin harremanetan jarriko da.

Komeni da ikastetxeko langileek jakin dezaten nola erabili Educak gaiturik dituen funtzio guztiak; horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: ikasgelako koadernoa, ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua, akta), emaitzak (Kudeaketa akademikoa > Kalifikazioak > Ebaluazio txostenak), zaintzen kudeaketa, informazio garrantzitsua, ikasturte bukaerako txostenak eta abar.

Educa aplikazioaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, posta elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.

Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta elektronikoko kontuak Educaren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira erabiliko ikasleei eskolak emateko. Kontu gehiago sortu behar badira, komeni da erabiltzea unitate partekatuak eta Googleko taldeak.

Educa Ataria aplikazio bat da, zeina prestatu baita herritarrek beren datu akademikoak eskuratu ditzaten eta kudeaketa telematikoak egin ditzaten: behin-behineko izen-ematea, esaterako, ikasleak onartzeko prozesuan. Komeni da ikastetxeak susta dezala ikasleek aplikazioa erabiltzea; horretarako, ikastetxeko datu akademikoetarako sarbidea emanen die 2026-2027 ikasturtean (Ikastetxea > Sarbidea > Erabiltzaileen kudeaketa).

10.2. Kontabilitate sistema: Ecoeduca.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak ematen dituztenek, Ecoeduca kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.

Ikastetxearen kudeaketa ekonomikoari eragiten dioten kontabilitate-eragiketa guztiak irailaren 6ko 153/2023 Foru Dekretuaren arabera eginen dira (foru dekretu horrek arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa).

11.–Kalitatea kudeatzeko sistema.

Kalitatea kudeatzeko sistemak (KKS) ezarri eta mantentzeko programa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak gidatzen duena, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei dago zuzendua.

Diseinuko goi mailako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek aplikatzen ahalko dute Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 333/2026 Ebazpenaren II. eranskineko II.16 puntuan jasotakoa (ebazpen horren bidez jarraibideak onetsi ziren 2026-2027 ikasturtean arautzeko zer antolaketa eta funtzionamendu izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek).

12.–Laneko arriskuen prebentzioa.

Arriskuen ebaluazioren bat egin bada, ikasturte bukaerako memorian azaldu beharko dira Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposaturik hartu diren prebentzio neurriak, eta, horrekin batera, bete ez diren eta aurreikusitako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.

Ikastetxe batean lanean hastean, zuzendaritzak lanpostu horri lotutako arriskuen berri eman beharko die bertan lan egiten duten guztiei.

Ikasturte bakoitzaren hasieran, ikastetxeko zuzendaritzak irakasleen klaustroari, irakasle ez diren langileei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei jakinaraziko die badagoela jardute protokolo bat ikastetxeko langileen kanpoko erasoen aurrean. Irakasleak, irakasle ez diren langileak eta hezkuntza komunitateko gainerako kideak ikasturtea hasi ondoren hasten badira lanean ikastetxean, zuzendaritzak ziurtatu beharko du ahal bezain laster jakinarazten zaiela informazio hori.

Ikastetxeetako irakasleei edo irakasle ez diren langileei eraso egiten zaienean, ikastetxeko zuzendaritzak ofizioz aktibatuko du kanpoko erasoen protokoloa, eta erasoa jakinaraziko du gorabehera, lan-istripua edo erasoa jakinarazteko fitxaren bidez.

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/accidentes-de-trabajo

Kanpoko erasoen aurrean jarduteko protokolo hori ikastetxearen web-orrian jarriko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeko barne-agirietan agertuko da: Internet, Drive eta abar.

Horrez gain, ikastetxearen web-orrian jarriko dira Hezkuntza Departamentuko prebentzio arloko ordezkarien eginkizunak eta haiekin harremanetan jartzeko datuak, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.

13.–Beste jarraibide batzuk.

13.1. Diseinuko goi mailako irakaskuntzak ematen dituzten langileen jarduerak.

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egiteko, ikastetxeko zuzendaritzaren berariazko baimena beharko dute, bai irakasleek, bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.

13.2. Ikastetxeez kanpoko jendea sartzea.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetako ikasleen artean edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendaritza-taldearen baimena beharko dute. Betiere, baimen hori eman izana idatziz jasoko da ikastetxeko artxiboan.

Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.

13.3. Jarraibide hauen berri ematea.

Zuzendaritza-taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

Iragarkiaren kodea: F2609525