144. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2179/2026 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi murriztu bat onesten baita Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat eratzeko, hautaproba bat eginez, gero bitarteko izendapenak egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Nafarroako Administrazio Auzitegiak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproba bat eginez izangaien zerrenda bat eratzeko, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen lanpostuan aritzeko, bitarte baterako izendapenaren bitartez. Izan ere, zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Nafarroako Administrazio Auzitegian sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko da.

Deialdi hau onetsi da honako hauetan ezarritakoa babes harturik: irailaren 25eko 87/2024 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Erregelamendu Organikoa onesten duena; abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena, eta hura garatzen duen gainerako araudia.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdi bat onestea hautaproba bat eginez izangaien zerrenda bat eratzeko, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen lanpostuan aritzeko, bitarte baterako izendapenaren bitartez. Izan ere, zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Nafarroako Administrazio Auzitegian sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko da.

2. Deialdiaren testua onestea; ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

3. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela ebazpen hau eta ebazpen honen eranskin gisa ageri den deialdiaren testua.

4. Ebazpen hau eta eranskina jakinaraztea Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari eta epaimahaiko kide izendatutakoei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko uztailaren 2an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa), Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra.

ERANSKINA.–DEIALDI MURRIZTUA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIKO KIDEEN LANPOSTUAN ARITZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT ERATZEKO, HAUTAPROBA BAT EGINEZ, GERO BITARTEKO IZENDAPENAK EGITEKO

Honako hauek arautuko dute deialdia:

Oinarriak

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, hautaproba bat eginez, gero bitarteko izendapenak egiteko, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen lanpostua bete dezaten, sortzen diren beharren arabera, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzen duen araudian xedatutakoarekin (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

1.2. Bitarte baterako izendatzen direnek Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen eginkizunak beteko dituzte.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioa izatea.

b) A mailako lanpostu finko batean behin betiko aritzeko izendatua izatea, eta lanpostuan sartzeko Zuzenbideko lizentziadun edo gradudun titulua berariaz eskatu izana.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, bai eta hautapen-prozesu osoan ere, dei egiten zaien unean eta bitarteko izendapen aldiak iraun bitartean.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Prozedura honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute izena emateko eskaera, Internet bidez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Administrazioetako langileentzako deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuta.

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio eskaneatu hau, kasuaren arabera:

Bat.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute organo eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez, edo, bestela, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non egiaztatuko baita organo eskudun horri eskatu diotela %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren aitorpena.

Hala ere, azken kasu horretan, deialdi honetan plaza hutsak aukeratzeko ezarritako epea ireki baino lehen lortu beharko da aitorpen hori, modu frogagarrian. Bestela, interesdunak galdu eginen ditu %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonentzako erreserba txandaren bidez parte hartzeari loturiko eskubide guztiak.

Bi.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaiak onartzea.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atarian dagoen deialdiaren web-fitxan argitaratzeko.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen-prozesuaren barneko ondorengo jarduketetan ere, gezurrezko izen bat erabiliko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak identifikatzeko, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun eta gardentasun printzipioak aplikatzea.

4.2. Izangai baztertuek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko, eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Epe hori zenbatzen hasiko da behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik aurrera. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratzeko.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdi honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak daukana aztertuta, eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: María Jesús Balana Asurmendi andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Bigarren Ataleko burua.

Ordezkoa: Joseba Asiain Albisu jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia.

–Epaimahaikidea: Raúl Antonio Cruzado Espinoza jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Hirugarren Ataleko burua.

Ordezkoa: María Jesús Moreno Garrido andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko burua.

–Epaimahaikidea: Ana María Román Puerta andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

Ordezkoa: Iñaki Chourraut Aguirre jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Epaimahaikidea: Langileen Batzordearen ordezkari bat.

Ordezkoa: Langileen Batzordearen ordezkari bat.

–Epaimahaikide idazkaria: María García Unciti andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko idazkaria.

Ordezkoa: Maite Tellechea Olaiz andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

5.2. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo, beharrezkoa bada, haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6.–Probaren nondik norakoak.

6.1. Hautaproba 2026ko irailetik aurrera hasiko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Hautapen-prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Hautapen-prozesua proba teoriko-praktiko baten bidez eginen da. Epaimahaiak planteatutako bi kasu idatzi eta ebatzi beharko dira, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren eskumenei dagozkien gai juridikoekin loturikoak. Gaiok deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendan jasota daude.

Proba egiteko 5 ordu izanen dira gehienez.

Proba egin bitartean, izangaiek zilegi izanen dute egoki jotzen dituzten lege-testuak kontsultatzea, paperezko euskarrian, baldin eta haietan ez bada doktrinazko edo jurisprudentziazko iruzkinik. Izangai bakoitzak eramanen du material hori, epaimahaiak probaren unean ezartzen dituen mugekin. Ezin izanen da beste edozein testu edo dokumentazio kontsultatu, ezta gailu elektronikorik edo bestelako materialik erabili ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

Proba plika sistemaren bidez eginen da.

6.3. Probak 100 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren %50, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak.

6.4. Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

6.5. Proba egiteko behar diren eta posible diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat duten izangaientzat, eskaeran hala eskatzen badute.

6.6. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, kalifikazio-epaimahaiak www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

7.–Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Proba bukatutakoan, kalifikazio-epaimahaiak proba gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du, eskuratutako kalifikazioak adierazita puntuazio-ordenan, eta zerrenda hori Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari igorriko zaio, onets dezan, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

7.2. Berdinketarik egonez gero, ebatziko dira kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, eta abiatuko da zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik.

8.–Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda eta deia.

8.1. Hautapen-prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, bitarte baterako izendapenerako izangaien zerrenda onetsiko da Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, zeina Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.eus) argitaratuko baita.

8.2. Oinarri honetan aipatzen den zerrendan dauden izangaiei deituko zaie lortutako puntuazioaren arabera.

Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen lanpostuan dauden beharrak aldi baterako betetzeko, funtzionarioak bitarte baterako izendatuko dira, zerrendan duten hurrenkerari jarraituz, eta bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 32. artikuluan ezarritakoarekin eta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Erregelamendu Organikoa onesten duen irailaren 25eko 87/2024 Foru Dekretuaren 11.4 artikuluan ezarritakoarekin.

8.3. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak baztertu eginen dira hautapen-prozesutik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

9.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere.

10.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak emandakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Espainiako Konstituzioa.

2.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

5.–29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena.

6.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

7.–Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua (azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsia).

8.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

9.–Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

10.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

11.–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia).

12.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena.

13.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia).

14.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

15.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzkoa.

16.–18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa.

17.–13/2000 Foru Lege Orokorra, abenduaren 14koa, Tributuei buruzkoa.

18.–Nafarroako Administrazio Auzitegia. Urriaren 18ko 279/1990 Foru Dekretuaren II. kapitulua (foru dekretu horrek hein batean garatzen du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako toki entitateen egintza eta erabakien inpugnazioari dagokionez).

19.–Herritarren segurtasuna. 2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena. 4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

20.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

21.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

22.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa. 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa.

23.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

24.–4/2020 Foru Legea, otsailaren 27koa, Nafarroako Sinboloei buruzkoa.

25.–1954ko abenduaren 16ko Legea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzkoa.

26.–Aurreko arauen erregelamenduzko garapena.

Iragarkiaren kodea: F2609766