144. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2178/2026 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Foruzaingoko inspektore izateko hamasei plaza betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak.

Abenduaren 18ko 146/2025 Foru Dekretuaren bidez (2025eko 258. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ekoan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2025eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona, eta hartan sartu ziren, besteak beste, Nafarroako Foruzaingoko inspektoreen hamasei plaza, funtzionario araubidekoak eta B mailakoak.

Geroago, Barneko zuzendari nagusiak uztailaren 1ean emandako 5930E/2026 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foruzaingoko inspektore plaza batzuk berariazko lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da.

Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretuaren 10.2 artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, sartzen diren promozio berrien prestakuntza prozesuak bukatu aurretik, deialdia eginen da plaza hutsak lehiaketa bidez edo berariazko lehiaketa bidez betetzeko, lanpostu berdina duten funtzionarioen artean.

Hori hala izanik ere, kontuan harturik plaza hutsak betetzea presakoa dela, eta 57/2002 Foru Dekretuan aurreikusitakoaren babesean, oposizio bidez sartzeko deialdi hau onesten da, foruzain-inspektoreen plazak lehiaketa bidez edo berariazko lehiaketa bidez betetzeko deialdiarekin batera, eta erabakitzen da administrazioan sartzeko deialdi honetan beteko diren plazak izanen direla deialdia onetsi den baina ebatzi gabe dagoen lehiaketaren edo berariazko lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen direnak.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 40. artikuluak ezartzen du hauek izanen direla inspektore lanpostua lortzeko modua eta prozedurak:

–Plazen bi heren barne igoeraren bidez, kategoriaz igotzeko lehiaketaren prozedura erabiliz, Nafarroako Polizietako inspektoreordeen artean, baldin eta hiru urte baino gehiagoko antzinatasuna badute enplegu horretan, bai eta B mailan sartzeko eskatzen den titulazioa ere, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan xedatutakoarekin bat. Aurreko apartatuan aipatzen diren deialdietan, kasuko poliziako kideentzako barne igoerarako txanda bat ezarriko da, eta beste txanda bat gainerako plaza hutsekin, Nafarroako Polizia guztietako kideentzat irekia, ezarritako betebeharrak betetzen badituzte. Apartatu honen aplikazioaren ondorioetarako, hiru plaza huts bakoitzetik lehendabizikoa eta hirugarrena barne igoerako txandarako erreserbatuko dira, eta bigarrena, txanda irekirako.

–Plazen heren bat beteko da Nafarroako Polizietan sartzeko hautaprobak eginez, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen direnak, B mailan sartzeko eskatzen den titulazioa izan eta deialdian ezartzen diren gainerako baldintzak betetzen dituztenen artean. Txanda horretan betetzen ez diren plazak barne igoera bidez beteko dira.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foruzaingoko inspektore izateko hamasei plaza kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak onestea. Plaza horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak dira.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea, Nafarroako Foruzaingoko inspektore izateko hamasei plaza betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak.

2. Deialdiaren testua onestea; ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari, Barneko zuzendari nagusiari, Foruzaingoko buruari eta izendatu diren epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko uztailaren 2an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa), Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra.

ERANSKINA.–DEIALDIA, NAFARROAKO FORUZAINGOKO INSPEKTORE IZATEKO HAMASEI PLAZA BETETZEKO, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZERBITZUKOAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foruzaingoko inspektore izateko hamasei plaza betetzea. Plaza horiek funtzionarioen araubidekoak dira, B mailakoak, Nafarroako Foruzaingoari atxikiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak; zehazki, eskainiko dira Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren uztailaren 1eko 5930E/2026 Ebazpenaren bidez onetsitako berariazko lehiaketaren deialdiaren ondorioz bete gabe gelditzen diren plazak. Plaza hutsak hautatzeko egintzaren aurretik zehaztuko dira haien plantilla-zenbakiak eta destinoak.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Hautapen prozedura hau ondoko arauek erregulatuko dute: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 57/2002 Foru Dekretua, martxoaren 25ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foruzaingoko Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua; 30/2005 Foru Dekretua, martxoaren 25ekoa, zeinaren bidez zehazten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak; aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.

3.–Nafarroako Foruzaingoko inspektore lanpostua lortzeko prozedurak.

3.1. Hamasei plaza hutsak Nafarroako Foruzaingoko inspektore lanpostua lortzeko bi prozedura hauen bidez beteko dira:

–10 plaza barne igoerako txandan, kategoriaz igotzeko lehiaketaren prozeduraren bidez, bi txandatan bereizirik:

  • 7 plaza barne igoerako txandan, Nafarroako Foruzaingoko kideentzat (barne igoerako txanda).
  • 3 plaza igoera txanda irekian, Nafarroako polizia kidego guztietako kideendako (igoera txanda irekia).

–5 plaza oposizio bidez, Nafarroako Foruzaingoan inspektore gisa sartzeko.

–Plaza 1 genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan.

3.2. Oposizioan betetzen ez diren plazak kategoriaz igotzeko lehiaketaren prozedurari gehituko zaizkio, barne igoerako txandari, hain zuzen.

Halaber, igoera txanda irekian betetzen ez diren plazak ere barne igoerako txandari gehituko zaizkio.

Barne igoerako txandan plazaren bat bete gabe gelditzen bada izangaiak ez direlako iritsi hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora, orduan bete gabekotzat deklaratuko da eta ez zaie gehituko igoera txanda irekikoei.

Bestalde, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan bete gabe gelditzen diren plaza hutsak barne igoerako txandakoei gehituko zaizkie.

Barne igoerako txandan dauden plazak baino izangai gehiagok gainditzen badute prozesua, txanda horretan plaza eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute igoera txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

3.3. Plaza hutsak hautatzeko egintzaren aurretik zehaztuko da zenbat plaza huts hauta daitezkeen prozedura eta txanda bakoitzean (aipatu egintza deialdiaren 9. oinarrian azaltzen dena da).

4.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

4.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

4.1.1. Barne igoerako txandako izangaiak:

a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, jabetza hartzearen egunetik hasita, Nafarroako Foruzaingoko inspektoreorde lanpostuan.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

c) Unibertsitateko gradudun titulua, unibertsitateko diplomadun titulua, ingeniari teknikoarena, arkitekto teknikoarena edo horietako baten baliokidea den beste titulu bat izatea, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izatea, edo horietako bat eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, homologazio egiaztagiria edo baliokidetasun ziurtagiria eduki beharko da, kasuan kasukoa. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten pertsonei.

d) Bigarren jarduerako egoera administratiboan deklaratua ez izatea.

4.1.2. Igoera txanda irekiko izangaiak:

a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, jabetza hartzearen egunetik hasita, Nafarroako polizia kidego bateko inspektoreorde lanpostuan.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

c) Unibertsitateko gradudun titulua, unibertsitateko diplomadun titulua, ingeniari teknikoarena, arkitekto teknikoarena edo horietako baten baliokidea den beste titulu bat izatea, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izatea, edo horietako bat eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, homologazio egiaztagiria edo baliokidetasun ziurtagiria eduki beharko da, kasuan kasukoa. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten pertsonei.

d) Bigarren jarduerako egoera administratiboan deklaratua ez izatea.

4.1.3. Aurreko baldintza guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, plazaren jabetza hartu arte.

Izangaiek baldintza horiek frogatu beharko dituzte deialdiaren oinarrietan ezartzen den unean.

4.2. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) 18 urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

Dena dela, enplegu publikoan sartzen utziko zaie 65 urte bete dutenei, baldin eta ez badute osatu beren gizarte-aurreikuspeneko sisteman erretiro-saria jasotzeko eskubidea sortzeko ezarritako gabealdia, edo baldin eta ez badituzte osatu pentsioa osorik kobratzeko beharrezkoak diren kotizazio urteak.

c) Unibertsitateko gradudun titulua, unibertsitateko diplomadun titulua, ingeniari teknikoarena, arkitekto teknikoarena edo horietako baten baliokidea den beste titulu bat izatea, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izatea, edo horietako bat eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, homologazio egiaztagiria edo baliokidetasun ziurtagiria eduki beharko da, kasuan kasukoa. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten pertsonei.

d) Behar diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea deialdiko lanpostuari dagozkion eginbeharrak betetzeko, eta ez egotea deialditik arrazoi medikoengatik baztertzeko egoeran (IV. eranskineko egoera batean).

e) Dolozko delitu batengatik kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ere, eta ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

g) Su-armak eraman eta, kasua bada, erabiltzeko konpromisoa hartzea. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez hartuko da konpromisoa.

Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaz jabetu arte. Aurreko hori ez zaio aplikatuko gidabaimenari; izan ere, deialdi honen 10.2.2 oinarrian aurreikusitako prestakuntza ikastaroan onartutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunean bete beharko da betebehar hori.

Izangaiek baldintza horiek frogatu beharko dituzte deialdiaren oinarrietan ezartzen den unean.

4.3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandako izangaien berariazko betebeharrak:

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, 4.2 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima gisa aitortuak izan beharko dute.

5.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

5.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Herritarrentzako lan-deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuz.

5.3. Tasak.

41,60 euroko tasa ordaindu behar da, funtzio publikoan sartzeko eta gora egiteko hautapen prozesuetan parte hartzeko eskubideengatik.

Telematika bidez ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Tasa ordaintzetik salbuetsita daude hautapen proben deialdia argitaratu baino hilabete lehenagotik gutxienez langabe gisa inskribaturik daudenak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera egiaztatzeko (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, aurkeztu beharko du kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiria, eta bertan agertu behar da zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

5.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

5.4.1 Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–Tasa ordaintzetik salbuetsita dauden izangaiek enplegu bulegoak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, baita errentarik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere (biak ala biak aurreko atalean aipatutako agiriak). Errentei buruzko adierazpen hori aurkeztu beharko da, bakar-bakarrik, eskaeran ez bada adierazi horretarako utzi den tokian.

Bi.–Igoera txanda irekian parte hartzen duten izangaiek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

Organo eskudunak emandako ziurtagiria, frogatzen duena interesdunak gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela inspektoreorde lanpostuan, jabetza hartu zuen egunetik hasita; orobat agertuko da jatorrizko lanpostuan zer-nolako egoera administratibotan dagoen interesduna (jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian), zein den haren lanbide-identifikazioko zenbakia, eta Nafarroako zein polizia kidegotakoa den edo atxikipeneko toki entitatea zein den.

Hiru.–Kategoriaz igotzeko lehiaketaren prozeduran parte hartzea eskatzen duten izangaiek, bi txandetako edozeinetan parte hartzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Deialdiaren 4. oinarriko 4.1.1.c) eta 4.1.2.c) ataletan eskatzen diren tituluetako baten fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Alegaturiko merezimenduak frogatzen dituzten agiriak, II. eranskineko baremoaren araberakoak, eta, horiekin batera, alegatzen diren merezimenduak jasotzen dituen zerrenda bat.

Igoera txanda irekian parte hartzen dutenek egindako zerbitzuei buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eskumena duen administrazio publikoak emana, non zehatz-mehatz agertuko baita zer zerbitzu eman den lanpostu bakoitzean, II. eranskineko baremoari jarraikiz, berariaz adierazita zer egunetan hasi eta bukatu ziren zerbitzu horiek, bai eta egokitzat jotzen den beste edozein datu ere.

Aurrekoa gorabehera, ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo deitzaileak epaimahaiaren esku jarriko baititu, hark balora ditzan:

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nahiz Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen ikastaroak eta hizkuntzen ezagutza frogatzen duten agiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

Bestalde, barne igoerako txandan parte hartzen duten foruzainek ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo deitzaileak epaimahaiaren esku jarriko baititu, hark balora ditzan:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako eta aitortutako zerbitzuak.

5.4.2. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek izaera hori frogatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak frogatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako administrazio publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.

5.4.3. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

6.–Izangaiak onartzea.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atarian dagoen deialdiaren web-fitxan argitaratzeko.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozesuaren barneko ondorengo jarduketetan ere, gezurrezko izen bat erabiliko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak identifikatzeko, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun eta gardentasun printzipioak aplikatzea.

6.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko, eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Epe hori zenbatzen hasiko da behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik aurrera. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.

6.4. Izangairen bat kanporatzen bada berari egotz dakiokeen arrazoi bategatik, ez zaizkio parte hartzeko tasak itzuliko.

6.5. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.6. Bi igoera txandetan parte hartzen dutenen kasuan, aurreko ataletan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan datu hauek baizik ez dira jasoko: lanbide-identifikazioko zenbakia, Nafarroako zein polizia kidegotakoa den edo atxikipeneko toki entitatea zein den, eta zein igoera txandatan aurkezten den.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Eugenio Ros Fernández jauna, komisario nagusia, Nafarroako Foruzaingoko Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Arloko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Miguel Ruiz Marfany jauna, komisario nagusia, Nafarroako Foruzaingoko Ikerketa Kriminalaren Arloko burua.

–Epaimahaikidea: Santiago Zabalza Sorbet jauna, komisarioa, Nafarroako Foruzaingoko Polizia Zientifikoaren Dibisioko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Carlos Yárnoz Arrarás jauna, komisarioa, Nafarroako Foruzaingoko Dibisio Tekniko Orokorreko burua.

–Epaimahaikidea: Pablo Bailo Cabello jauna, komisarioa, Nafarroako Foruzaingoko Tafallako Polizia Etxeko burua.

Ordezko epaimahaikidea: José Antonio Gurrea Martínez jauna, komisarioa, Nafarroako Foruzaingoko Lizarrako Polizia Etxeko burua.

–Epaimahaikidea: Alberto Zubieta Goñi jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Miguel Ángel Ferrer Chavarría jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Idazkaria: Noelia Zubieta González andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Barneko Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketako Ataleko burua.

Ordezko idazkaria: Juan Antonio Sola Ibarra jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Barneko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

7.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, baldin gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute kalifikazio epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

Behin epaimahaia eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixotzen bada edo haien aldi baterako absentzia-egoera justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

7.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotzen diren abstenitzeko arrazoietako bat gertatzen bada.

Izangaiek, halaber, zilegi dute kalifikazio epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautapen prozedura nola eginen den.

8.1. Hautaprobak 2026ko azarotik aurrera izanen dira.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen diren kategoriaz igotzeko lehiaketako proba teoriko-praktikoa eta oposizioko lehen proba.

Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

8.2. Hautapen prozedurak, hala kategoriaz igotzeko lehiaketakoak nola oposiziokoak, oinarri honen hurrengo ataletan deskribatzen dira. Hautaprobak deialdiko I. eranskineko gai-zerrendan adierazten diren gaiei buruzkoak izanen dira, eta hartan ezarritako ordena berean eginen dira.

Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.

8.3. Lehiaketa nola eginen den, kategoriaz igotzeko prozeduran.

8.3.1. Lehiaketak bi fase izanen ditu. Lehenbiziko fasean honako hauek izanen dira: proba teoriko-praktiko bat lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz, proba psikotekniko bat eta merezimenduen balorazioa; bigarren fasean, berriz, foruzain-inspektore lanposturako prestakuntza ikastaroa gainditu beharko da (deialdiaren 10. oinarrian jasotakoa).

Kategoriaz igotzeko lehiaketan, epaimahaiak elementu hauek baloratuko ditu, hurrenkera honetan eta elkarren segidan:

a) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba teoriko-praktikoa: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

b) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere hamabost (15) puntu.

c) Merezimenduak:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.

–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

–Sariak: gehienez ere bi koma berrogeita hamar (2,50) puntu.

–Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita sei koma berrogeita hamar (26,50) puntu.

8.3.2. Lehiaketako lehenbiziko fasea.

Lehenbiziko faseak elementu hauek izanen ditu:

8.3.2.1. Proba teoriko-praktikoa:

100 galderako galdetegi bat erantzun beharko da, idatziz. Galderak Nafarroako Foruzaingoko inspektore lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzkoak izanen dira, I. eranskineko gai-zerrendako I. zatian oinarrituak. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena; eta erantzun oker bakoitzarengatik zuzen erantzundako galdera baten balioaren herena kenduko da.

Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Proba egiteko, ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik edo gailu elektronikorik erabili ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

Proba 25 puntuz baloratuko da, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 12,50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, epaimahaiak modu kodifikatuan argitaratuko ditu izangaiek proba honetan lortzen dituzten puntuazioak.

8.3.2.2. Proba psikoteknikoa:

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoari noraino egokitzen zaizkion neurtu beharrez.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko du proba hori. Ebaluazio talde berak eginen die proba izangai guztiei, eta diskrezioz jokatuko da, halako moduan non bermatu beharko baita ebaluazio taldeak ez duela jakinen zein izangairi dagozkion aurreko probaren emaitzak.

Unitate horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Proba hau ez da baztertzailea izanen eta 0tik 15 puntura baloratuko da.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, epaimahaiak modu kodifikatuan argitaratuko ditu izangaiek proba honetan lortzen dituzten puntuazioak.

8.3.2.3. Merezimenduen balorazioa:

Lanpostuaren eginkizunei eta edukiei buruzko proba teoriko-praktikoa gainditzen duten lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduak baizik ez ditu baloratuko epaimahaiak.

Alegatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Merezimendu horiek frogatzeko agiriak telematika bidez aurkeztuko dira online eskaeran, 5.2 oinarrian adierazitako helbidearen bitartez, eta, horiekin batera, alegatzen diren merezimenduak jasotzen dituen zerrenda bat.

Aurrekoa gorabehera, ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo deitzaileak epaimahaiaren esku jarriko baititu, hark balora ditzan:

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nahiz Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen ikastaroak eta hizkuntzen ezagutza frogatzen duten agiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

Bestalde, barne igoerako txandan parte hartzen duten foruzainek ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo deitzaileak epaimahaiaren esku jarriko baititu, hark balora ditzan:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako eta aitortutako zerbitzuak.

Igoera txanda irekian parte hartzen dutenek egindako zerbitzuei buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eskumena duen administrazio publikoak emana, non zehatz-mehatz agertuko baita zer zerbitzu eman den lanpostu bakoitzean, II. eranskineko baremoari jarraikiz, berariaz adierazita zer egunetan hasi eta bukatu ziren zerbitzu horiek, bai eta egokitzat jotzen den beste edozein datu ere.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

Merezimenduen baremazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du lehiakide bakoitzak lortutako puntuazioa, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

Erreklamazioen epea igarota eta horiek ebatzita, epaimahaiak baremazioko behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu.

8.3.3. Lehiaketaren lehenbiziko fasearen emaitzak.

Lehiaketaren lehenbiziko fasea bukaturik, epaimahaiak hura gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du, igoera txanda bakoitzaren arabera bereizirik (barnekoa eta irekia), lortutako puntuazio ordenan, handienetik txikienera, lehiaketako elementu bakoitzean lortutako puntuazioak batuta. Kontuan hartuko da euskarak, merezimendu gisa, balorazio desberdina duela, zein eremutan duen atxikipena bete beharreko lanpostu hutsak.

Berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzurako lanetan antzinatasun onarturik handiena dutenen alde joko da. Horrekin ere berdinketak baldin badirau, izangai zaharrenaren alde joko da.

8.4. Oposizioa nola eginen den, sarrerako prozeduran.

8.4.1. Oposizioak bi fase izanen ditu. Lehenbiziko fasean, ezagutza probak, proba fisikoak eta psikoteknikoak eginen dira, eta bigarrenean, berriz, foruzain-inspektore lanposturako prestakuntza ikastaroa gainditu beharko da (deialdiaren 10. oinarrian jasotakoa).

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, epaimahaiak modu kodifikatuan argitaratuko ditu izangaiek ariketetan lortzen dituzten puntuazioak.

8.4.2. Oposizioko lehenbiziko fasea.

Lehenbiziko fasean proba hauek egin beharko dira:

8.4.2.1. Lehenbiziko proba: teoriko-praktikoa.

Lehenbiziko proba teoriko-praktikoa izanen da, eta bi ariketa izanen ditu; bi ariketak egun berean eginen dira, bata bestearen atzetik.

Epaimahaiak, ariketak hasi baino lehen, bi ariketa horietako bakoitzaren gehieneko iraupena finkatuko du.

Proba egiteko, ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik edo gailu elektronikorik erabili ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

Oposizioko proba honetan, gehienez ere, 150 puntu lor daitezke. Proba honetako bi ariketak baztergarriak izanen dira, eta bazterturik geldituko dira haietako bakoitzean gutxienez ezarritako puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

a) Lehenbiziko ariketa:

Deialdiaren I. eranskinean dagoen gai-zerrendaren I. zatiko gaiei buruzko galdetegi bat erantzun beharko da, idatziz. Test moduko 100 galdera izanen dira: bakoitzean lau erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzarengatik zuzen erantzundako galdera baten balioaren herena kenduko da.

Ariketa horretan gehienez 100 puntu lortzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

b) Bigarren ariketa:

Deialdiaren I. eranskinean dagoen gai-zerrendaren II. zatiko gaiei buruzko galdetegi bat erantzun beharko da, idatziz. Test moduko 50 galdera izanen dira: bakoitzean lau erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzarengatik zuzen erantzundako galdera baten balioaren herena kenduko da.

Ariketa horretan gehienez 50 puntu lortzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

8.4.2.2. Bigarren proba: proba fisikoak.

Deialdiaren III. eranskinean agertzen diren proba fisikoen ariketak egin beharko dira.

Proba hasi baino lehen, izangaiek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuko dute. Bertan berariaz adieraziko dute badutela proba egiteko nahikoa den sasoia eta osasun egoera. Adierazpen hori epaimahaiari emanen zaio deia egiten den unean. Proba egiteko eskubidea galduko dute adierazpena sinatzen ez dutenek edo hura sinatzeko moduan ez daudenek, eta prozesutik kanpo geldituko dira, ondorio guztietarako.

Epaimahaiak eskatuz gero, izangaiak behartuak daude dopinaren kontrako kontrola egitera, proba fisikoak egin bitartean edo beste egun batean. Kontrola egin daiteke ariketa batean lortutako sailkapenari jarraikiz, edo ausaz aukeratzen direnei bakarrik. Horretarako deialdia idatziz eginen da, Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziaren neurrien arabera ezarrita dagoen dopinaren kontrol ofizialetarako inprimakia erabiliz. Jardunbide debekatuak detektatzeko eta egiaztatzeko analisiak behar den organo espezializatuak eginen ditu. Izangaiak kontrol hori egiteari uko eginez gero edo trabak jarriz gero, edo adierazten zaion tokian eta orduan agertzen ez bada behar bezala justifikatu gabe, hautapen prozesutik baztertuko da berehalakoan. Baztertzeko arrazoi izanen da, orobat, trabak jartzea dopin kontrola legeak aurreikusi bezala egiteko, kasurik ez egitea, bidegabeki luzatzea eta gordeka ibiltzea, baita, egitez edo omisioz, kontrola egitea eragozten, nahasten, galarazten edo saihesten duten gainerako jokabideak ere, eta, betiere, izangaiak nahita ekiditea hartu beharreko laginak biltzea, egitez edo omisioz.

Horren ondorioetarako, debekatuak egonen dira Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2025eko abenduaren 2ko Ebazpenaren eranskinean heldu diren substantziak, gai farmakologikoak, dopin metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuak dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2025eko 295. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 9koan).

Debekatuta dagoen edozein substantzia hautemanez gero, ukitutako izangaia hautapen prozesutik baztertuko da, deusetan galarazi gabe izangaiak kontraanalisia egin diezaiotela eskatzeko duen eskubidea, baita kalifikazio epaimahaiari bidezko alegazioak aurkezteko aukera ere.

Oinarri honetan jasotako probak ikus-entzunezko baliabideen bidez grabatuko dira. Grabazio horien helburu bakarra izanen da epaimahaiak lagungarri bat izatea probak epaitzeko, probak egiteko moduari dagokionez, baina ez du balioko izangaiek probak egiten emandako denborak neurtzeko. Era berean, grabazio horiek ez dira proba fisikoak egiten diren egunetik harago gordeko.

Hori deusetan galarazi gabe, federazioetako epaileek gainbegiratu eta erabakiko dute ea probak oinarri hauetan ezarritakoari jarraikiz egiten diren, bai eta puntuazioak oinarri hauen arabera ematen diren ere.

Izangairen batek ezin badu proba hau egin arriskuko haurdunaldia edo erditzea dela kausa, eta egoera hori behar bezala justifikatzen bada, epaimahaiak baloratuko du ea proba hori egitea atzera daitekeen izangai horientzat bakarrik. Izangai horien egoera hautapen prozesua bukatzearen baldintzapean geratuko da, eta atzeratutako proba gainditzearen baldintzapean; baina atzerapena ezin izanen da luzatu beste izangaiek prozesua arrazoizko epeen barruan ebatz dadin daukaten eskubidea urratzeraino, eta epaimahaiak inguruabar hori baloratu beharko du. Edonola ere, proba hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratu baino lehen egin beharko da.

Epaimahaiak ezarriko du proba fisikoak egiteko hurrenkera.

Proba honetan, "gai" edo "ez-gai" kalifikazioak emanen dira.

Proba honetako ariketaren batean "ez-gai" kalifikazioa lortzen duten izangaiak kanporatuak geldituko dira, deialdi honetako III. eranskinean ezarritako jarraibideen arabera.

8.4.2.3. Hirugarren proba: proba psikoteknikoa.

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoari noraino egokitzen zaizkion neurtu beharrez.

Proba hau Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko talde berak eginen die izangai guztiei, halako moduan non diskrezioa bermatuta egonen baita.

Unitate horrek txosten psikoteknikoan parte-hartzaile bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Gaitasun psikoteknikoaren proba 0tik 50 puntura baloratuko da. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

8.4.3. Oposizioaren lehenbiziko fasearen emaitzak.

Oposizioaren lehenbiziko faseko probak bukaturik, epaimahaiak hura gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du, lortutako puntuazioaren arabera, hautaproba bakoitzean lortutako puntuazioa batuz.

Berdinketarik gertatuz gero, lehenbiziko proban puntu gehien lortzen dutenen alde joko da, eta, berdinketak badirau, bigarren proban lortutako puntuak hartuko dira aintzat.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, berdinketa ebatziko da kalifikazio epaimahaiak berariaz antolatuko duen jendaurreko ekitaldi batean eginen den zozketa bakar baten bidez. Berdindutako izangai guztien artean, bat hautatuko da ausaz. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena.

8.4.4. Gaitasun psikofisikoaren azterketa.

Oposizioaren lehenbiziko fasea gainditzen duten izangaiek gaitasun psikofisikoaren azterketa bat gainditu beharko dute, deialdiaren 4.2.d) oinarrian ezarritako baldintza betetzen dutela frogatzeko. Epaimahaiak zehaztuko du zenbat izangaik egin beharko duten azterketa hori, plaza hutsen kopurua kontuan hartuta.

Kontuan harturik gerta daitekeela izangai batzuek azterketa hori ez gainditzea, eskaintzen diren plazak baino izangai gehiago dei ditzake epaimahaiak gaitasun psikofisikoaren azterketara; dena dela, horrek ez die eskubide gehigarririk ekarriko deitutakoei, eta egindako hautaproben ondoriozko eskubideak izanen dituzte bakarrik.

Horretarako, oposizioaren lehenbiziko fasearen behin betiko emaitzak argitaratzearekin, epaimahaiak behar diren izangaiak deituko ditu, deialdiaren 13. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eginen du osasun azterketa hori, kontuan hartuz deialdiaren IV. eranskineko bazterketa medikoen taula; izangaiak "gai" edo "ez-gai" deklaratuko dira azterketa horretan.

Gaitasun psikofisikoaren azterketaren emaitzak ikusita, epaimahaiak hautapen prozesuko bajak zehaztuko ditu.

9.–Plaza hutsak hautatzea.

9.1. Igoerako prozeduran, epaimahaiak lehiaketaren lehenbiziko faseko emaitzak argitaratu ondoan hautatuko dira plaza hutsak; sarrerako prozeduran, berriz, oposizioko emaitzak argitaratu ondoan.

Orobat, plaza hutsak hautatzeko egintza hori prestakuntza ikastaroa hasi baino lehen eginen da.

9.2. Nafarroako Foruzaingoko kideentzako barne igoerako txandan parte hartu duten izangaiak izanen dira lehenak plaza hutsak hautatzen; bigarrenik, igoera txanda irekikoek hautatuko dituzte; eta, hirugarrenik, oposizio bidezko sarrera prozedurako izangaiek. Azken horien artean, lehentasuna izanen dute segurtasun indar edo kidegoren batekoak direnek.

Aurrekoa gorabehera, hautaprobak gainditu eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumezko izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak hautatzeko.

9.3. Barne Zuzendaritza Nagusiak plaza hutsak hautatzeko egintzarako deia eginen du, hautaketa egiteko epea zehaztuz. Horretarako, honako hauek emanen ditu argitara: hauta daitezkeen plaza hutsen zerrenda; prozedura eta txanda bakoitzean zenbat plaza hauta daitezkeen, deialdi honen hirugarren oinarriarekin bat; eta prozedura bakoitzeko izangaien zerrenda, plaza hutsak hautatzeko duten lehentasun ordenari jarraikiz, puntuazio ordenaren arabera, eta aintzat hartuta euskarak, merezimendu gisa, balorazio desberdina duela bete beharreko plaza hutsen arabera.

Informazio hori deialdiaren fitxan argitaratuko da, deialdi honen 13. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barnean, zein plaza nahiago duten, foruzain-inspektore izateko plaza hutsen artetik.

10.–Prestakuntza ikastaroa.

10.1. Plaza hutsen hautaketa egin eta gero, prestakuntza ikastaroan behin-behinean onartutako izangaien behin-behineko zerrenda prestatuko du epaimahaiak, kontuan izanik onartutako izangaien kopurua ezin dela izan deialdian iragarritako plaza hutsen kopurua baino handiagoa. Eranskin honen 13. oinarrian xedaturikoarekin bat argitaratuko da zerrenda hori.

Horrekin batera, eta aldi berean, epaimahaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari behar den komunikazioa igorriko dio, hark zehaztu ditzan prestakuntza ikastaroa hasteko eguna, ordua, tokia eta bestelako jarraibide batzuk.

10.2. Prestakuntza ikastaroan behin betiko onartuak izateko, behin-behineko zerrendan proposaturiko izangaiek honako jarduketa hauek eginen dituzte:

10.2.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketaren prozedurako izangaiak:

Izangaiek zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa eskatuko diote kide diren administrazio publikoari, Nafarroako Foruzaingoko inspektore lanposturako prestakuntza ikastaroa hasten den egunetik aurrerako ondorioekin. Hori guztia, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 24.2 artikuluan eta abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoaren arabera ere.

Kategoriaz igotzeko prestakuntza ikastaroa egin bitartean, izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dira.

10.2.2. Oposizioko izangaiak:

Izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, zehaztuko den bidea erabiliz, hamar egun balioduneko epean, prestakuntza ikastaroan behin-behinean onartutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita:

–Deialdiko 4. oinarrian, 4.2.c) atalean, eskatzen diren tituluetako baten fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epearen barnean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

–Zinpeko adierazpena edo promesa, adieraziz Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

–B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren aurreko aldearen eta atzeko aldearen fotokopia.

–Hala izanez gero, deialdiaren 12.2 atalean aipatzen den aukeraz baliatu dela adierazten duen agiria.

–Erantzukizuneko aitorpena, agertzen duena su-armak eramateko konpromisoa eta, hala balegokio, horiek erabiltzekoa.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari baimena emateko agiria, datuak kontsulta ditzan Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralean, frogatzeko betetzen dela deialdiaren 4.2.e) oinarrian ezarritako baldintza. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari kontsulta hori egiteko baimena ematen ez dioten izangaien kasuan, baldintza hori betetzen dutela frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute. Izangaiak baimena eman ondoan, Barne Zuzendaritza Nagusiak Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralari eskatuko dio ziurtatu dezala izangaiak ez duela aurrekari penalik, edo haiek baliogabetu direla. Ziurtagiri hori espediente pertsonalari erantsiko zaio.

–4.2.b) oinarrian adierazitako ondorioetarako, Gizarte Segurantzak edo organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Atal honetan eskatzen diren agirietako edozein behar den moduan ez aurkezteak eta horretarako ematen den epean akatsak ez zuzentzeak berekin ekarriko du izangai hori hautapen prozesutik baztertzea, deusetan galarazi gabe eskaera faltsutzeagatik legokiokeen erantzukizuna.

Aurreko ataletan aurreikusitako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa denarekin beteko da baja, eta oinarri honetan prestakuntza ikastaroan parte hartzeko adierazi bezala jokatuko da izangai horrekin. Hala behar bada, Nafarroako Foruzaingoko kideentzako barne igoerako txandan hurrengoa den izangaiarekin beteko da.

Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak beste agiriren bat behar izanez gero bere eskudantziak erabiltzeko, proposaturiko izangaiari eskatuko dio, eta hark agiri hori aurkeztu beharko du, deialdiko atal honetan ezarritako moduan.

10.3. Dokumentazio guztia aurkeztuta eta baldintza guztiak betetzen direla frogatuta, prestakuntza ikastaroan behin betiko onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du epaimahaiak. Prestakuntza ikastaro hori egitea izanen da lehiaketaren nahiz oposizioaren bigarren fasea.

10.4. Izangaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikitzea.

10.4.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketaren prozedurako izangaiak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikiko dizkio.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak araudian ezarritako ordainsariak pagatuko dizkie igoera txandako izangaiei, haiek Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxiki eta zerbitzu berezietako egoeran deklaratu ondoan.

Prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, izangaiek berehalakoan itzuli beharko dute jardunera, jatorrizko administrazioan zerbitzu berezietan deklaratuak izan aurretik zuten plazara.

10.4.2. Oposizioko izangaiak.

Prestakuntza ikastaroan parte hartzen duten izangaiak praktiketako funtzionario izendatuko dira, aurretik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak direnak izan ezik, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera. Azken kasu horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei jakinarazten zaie ezen, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikiak izan ondoan, norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentzia eskatu beharko dutela beren atxikipen eremu organikoko idazkaritza tekniko nagusian edo langileria unitatean. Baimen hori ezarrita dago Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 14. artikuluan.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikiko ditu izangaiak, eta beharrezkoak diren praktiketako funtzionarioen izendapenak eginen ditu.

Izangaiek araudian ezarritako ordainsariak jasoko dituzte eta Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dira, eta, hala badagokio, araubide horretan alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenen kasuan, bertan segituko baitute.

10.5. Prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, baztertzailea izanen da eta irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz arautuko da (Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesteko foru dekretua).

Prestakuntza ikastaroaren kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da.

Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarentzat.

Prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak izangaien kalifikazioen zerrenda igorriko dio epaimahaiari, prestakuntza ikastaroan "gai" kalifikazioa lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena egin dezan.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du hautapen prozeduran jarraitzeko eskubidea galtzea. Hori gertatuz gero, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio berehala.

Prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, hautapen prozesuan baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionario izaten segituko dute plazaz jabetu arte.

Bat etorriz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 artikuluarekin, izangairen batek gainditua badu deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Horretarako, egiaztagiri ofizial bat aurkeztu beharko da, frogatzeko ikastaroetako edukiak berdinak edo baliokideak direla eta, orobat, zer kalifikazio lortu ziren baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten erakunde publikoek eman dituztenean, edo Eskolak berak lehenago emanak direnean, baldin eta edukiak baliokideak badira. Horrelakoetan, eta hala badagokio, kalifikazioa ere emanen du, bai guztirakoa, bai ikastaroaren arlo bakoitzari dagokiona.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartuak izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, izangaiei edozein unetan agintzen ahalko zaie osasun proba gehiago egiteko, behar diren guztiak, frogatzeko segitzen dutela betetzen deialdiaren 4.2.d) atalean eskatzen den baldintza. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza ikastaroak irauten duen bitartean, izangaiei edozein unetan egiten ahalko zaie listuaren, odolaren edo gernuaren analisia, bai eta, zientziaren edo teknikaren egoeraren arabera, egokitzat jotzen den eta droga toxikoen, estupefazienteen edo substantzia psikotropikoen kontsumoa detektatzeko ofizialki homologatuta eta baimenduta dagoen beste edozein analisi.

11.–Prozesua gainditu dutenen zerrenda eta izendapen proposamena.

Epaimahaiak, izangaiek prestakuntza ikastaroan erdietsitako kalifikazioak jaso ondotik, espedientean bilduko ditu, prozesua gainditu dutenen zerrenda onetsiko du (deialdian ateratako guztirako puntuazioaren arabera ordenatuta) eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio izendapen proposamena. Proposamen hori deialdiaren web-fitxan argitaratuko da, 13. oinarrian ezarritakoarekin bat.

12.–Izendapena eta jabetza hartzea.

12.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foruzaingoko inspektore izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta plaza hutsak esleituko dizkie.

12.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiei Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie eta bertan afiliatuko dira, eta araubide horrek babestuko ditu, salbu eta aurrez afiliatuta badaude Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den Eskubide Pasiboen araubidean, kasu horretan direnek aukeratzen ahalko baitute, izendatuak izan aurretik, araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatzea.

12.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izangaiek izendapenaren ebazpenean adierazten den egunean hartu beharko dute plazaren jabetza.

Jabetza hartzearekin batera bukatutzat emanen da praktiketako funtzionarioaren izendapena, egoera horretan zeudenentzat.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean plazaz jabetzen ez direnek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario bihurtzeko eta Nafarroako Foruzaingoko inspektore lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

13.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere.

14.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak emandakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

I. zatia.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Gobernuaren lege mailako xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

3. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

4. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

5. gaia.–Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

6. gaia.–Administrazio egintzak: Administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

7. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: Prozeduran interesdun direnak. Administrazio publikoen jarduera: jarduteko arau orokorrak; epemugak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena.

8. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua: II. kapitulua. Administrazio publikoetako organoak eta VI. kapitulua. Hitzarmenak. III. titulua. Administrazioen arteko harremanak.

9. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua: V. kapitulua. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa. 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa: IV. titulua. Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

10. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa: I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: I. kapitulua. Foru Administrazio Publikoa. II. kapitulua. Foru Administrazio Publikoaren antolaketa. III. kapitulua. Eskumenen erabileraren araubide juridikoa. IV. kapitulua. Kide anitzeko organoak. III. titulua: I. kapitulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa. VI. titulua: I. kapitulua. Pertsonen eskubideak.

11. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

12. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: I. kapitulua. Gardentasuna jarduera publikoan. III. kapitulua. Publizitate aktiboa. III. titulua: I. kapitulua. Arau orokorrak. II. kapitulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeko prozedura. III. kapitulua. Aurkaratze araubidea. VI. titulua: Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

13. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

14. gaia.–7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, Arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzkoa: I. kapitulua. Xedapen orokorrak. II. kapitulua. Printzipioak, tratamenduaren zilegitasuna eta bideozaintza. III. kapitulua. Pertsonen eskubideak.

15. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: I. titulua. Berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: I., II. eta III. tituluak.

16. gaia.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. V. titulua. Arretarako eta oneratzeko baliabideak eta zerbitzuak. VII. titulua. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra. VIII. titulua: I. kapitulua. Laguntza juridiko espezializatua.

17. gaia.–Zigor Kodea: Atariko titulua: Zigor bermeak eta Zigor Legearen aplikazioa. I. liburua: I. titulua. Zigor arloko arau-hausteak. II. titulua: Delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. V. titulua: I. kapitulua. Erantzukizun zibila eta horren hedadura. II. kapitulua. Erantzukizun zibila duten pertsonak.

18. gaia.–Prozedura Kriminalaren Legea. II. liburua: I. titulua: Salaketa. III. titulua: Polizia judiziala. V. titulua: Delitua egiaztatzea eta delitugilea nor den ikertzea. VI. titulua: II. kapitulua. Atxiloketa. IV. kapitulua. Defentsa eskubidea erabiltzea, abokatuaren laguntza eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua.

19. gaia.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, "Habeas Corpus" prozedura arautzen duena. Espainiako zigor arloko jurisdikzio-ordena eta Nafarroako barruti judizialak.

20. gaia.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun indarrek eta kidegoek leku publikoetan bideokamerak erabiltzeari buruzkoa.

21. gaia.–769/1987 Errege Dekretua, ekainaren 19koa, Polizia Judiziala arautzeari buruzkoa.

22. gaia.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

23. gaia.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

24. gaia.–227/2023 Foru Dekretua, urriaren 25ekoa, Nafarroako Foruzaingoaren lanaldi, ordutegi eta ordainsarien erregelamendua onesten duena.

25. gaia.–57/2002 Foru Dekretua, martxoaren 25ekoa, Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena.

26. gaia.–55/2010 Foru Dekretua, irailaren 13koa, Nafarroako Foruzaingoko funtzionarioen jardueran laneko arriskuen prebentziorako arauak ezartzen dituena.

27. gaia.–72/2016 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Foruzaingoaren Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duena.

28. gaia.–170/2016 Foru Agindua, urriaren 11koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoko Ikuskapen Orokorraren Arloaren egitura organikoa garatzen duena.

29. gaia.–171/2016 Foru Agindua, urriaren 11koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoko Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloaren egitura organikoa garatzen duena.

30. gaia.–172/2016 Foru Agindua, urriaren 11koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoko Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Arloaren egitura organikoa garatzen duena.

31. gaia.–173/2016 Foru Agindua, urriaren 11koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoko Herritarren Segurtasunaren Arloaren egitura organikoa garatzen duena.

32. gaia.–174/2016 Foru Agindua, urriaren 11koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoko Ikerketa Kriminalaren Arloaren egitura organikoa garatzen duena.

33. gaia.–132/2021 Foru Agindua, urriaren 8koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Foruzaingoaren zerbitzu karta emakumeen kontrako indarkeria kasuetan jarduteko.

34. gaia.–56/2017 Foru Agindua, apirilaren 5ekoa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren araubidezko armak arautzen dituena.

35. gaia.–85/2008 Foru Agindua, otsailaren 20koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren uniforme, ezaugarri eta kredentzialei buruzkoa.

36. gaia.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duena.

37. gaia.–27/2011 Foru Dekretua, apirilaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duena.

38. gaia.–Plangintza estrategikoa, prozesuetan oinarritutako kudeaketa eta aginte-koadroak.

39. gaia.–Kudeaketa aurreratuaren eredua.

40. gaia.–Lidergoa.

41. gaia.–Gatazkak konpontzeko bitartekaritza.

42. gaia.–2024-2027 Plan Estrategikoa: 4. puntua. 24-27 Estrategia. 7. puntua. Gobernantza.

II. zatia.

1. gaia.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa.

2. gaia.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: II. liburutik (Delituak eta horiei dagozkien zigorrak): I. titulua. Giza hilketa eta giza hilketaren formak; III. titulua. Lesioak; VI. titulua. Askatasunaren aurkako delituak; VII. titulua. Torturak eta osotasun moralaren aurkako beste delituak; VII bis titulua. Gizakien salerosketa; VIII. titulua. Sexu-askatasunaren aurkako delituak; IX. titulua. Sorospen-eginbeharra ez betetzea; X. titulua. Bizitza pribatuaren, norberaren irudirako eskubidearen eta egoitzaren bortxaezintasunaren aurkako delituak; XI. titulua. Ohorearen aurkako delituak; XIII. titulutik (Ondarearen, eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delituak), I., II., III., IV., V., VI., IX. eta X. kapituluak; XVI. titulutik (Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari, eta historia ondarearen eta ingurumenaren babesari buruzko delituak), III. eta IV. kapituluak. XVI bis titulua. Animalien aurkako delituak. XVII. titulutik (Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak), II., III. eta IV. kapituluak; XIX. titulukoa (Administrazio publikoaren aurkako delituak), I., II., III. eta IV. kapituluak; XXII. titulutik, II., III., V. eta VI. kapituluak.

3. gaia.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena: II. liburua. VIII. titulua. Konstituzioaren 18. artikuluan aitortutako eskubideak mugatzen dituzten ikerketa neurriak.

4. gaia.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzukizun penala arautzen duena: Atariko titulua. I. titulua. Legearen aplikazio esparrua. II. titulua. Neurriak. III. titulua. Prozeduraren instrukzioa. VIII. titulua. Erantzukizun zibila.

5. gaia.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babestekoa.

6. gaia.–137/1993 Errege Dekretua, urtarrilaren 29koa, Armen Erregelamendua onesten duena: Atariko kapitulua. Xedapen orokorrak: 1. atala. Xedea eta esparrua, 2. atala. Definizioak, 3. atala. Arauzko armen sailkapena, 4. atala. Debekatutako armak. IV. kapitulua. Armen titulartasunari buruzko dokumentazioa. V. kapitulua. Lizentziak, baimen bereziak eta arma txartelak: 1. atala. Lizentziak, oro har, eta txartelak. 2. atala. Armak erabiltzeko baimen bereziak adingabeentzat. VII. kapitulua. Xedapen komunak armak eduki eta erabiltzeari buruz. 1. atala. Xedapen orokorrak. VIII. kapitulua. Zehapen-araubidea. IX. kapitulua. Gordailututako eta konfiskatutako armak.

7. gaia.–PJC/406/2024 Agindua, maiatzaren 7koa, zeinaren bidez argitaratzen baita Segurtasun Nazionaleko Kontseiluak onetsitako Terrorismoaren aurkako Estrategia Nazionala (2023).

8. gaia.–PJC/846/2025 Agindua, uztailaren 29koa, zeinaren bidez argitaratzen baita Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren 2025eko uztailaren 14ko Erabakia, Krimen Antolatuaren eta Delinkuentzia Larriaren aurkako Estrategia Nazionala (2025) onesten duena.

9. gaia.–PCI/487/2019 Agindua, apirilaren 26koa, zeinaren bidez argitaratzen baita Segurtasun Nazionaleko Kontseiluak onetsitako Zibersegurtasuneko Estrategia Nazionala (2019).

10. gaia.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.

11. gaia.–19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa.

12. gaia.–16/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Jokoari buruzkoa.

13. gaia.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

14. gaia.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra: Atariko titulua. I. titulua: Portaera arau orokorrak zirkulazioan. II. titulua: Ibilgailuen zirkulazioa. III. titulua: Beste zirkulazio arau batzuk. IV. titulua, I., II. eta VI. kapituluak.

15. gaia.–818/2009 Errege Dekretua, maiatzaren 8koa, Gidarien Erregelamendu Orokorra onesten duena: I. titulutik, I., II. eta III. kapituluak. IV. titulua. V. titulua.

16. gaia.–2822/1998 Errege Dekretua, abenduaren 23koa, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra onesten duena: I. titulua. II. titulutik, I. kapitulua. IV. titulutik, I., II. eta III. kapituluak.

17. gaia.–254/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena: I. kapitulua. Xedapen orokorrak; II. kapitulua. Barne Zuzendaritza Nagusia.

18. gaia.–2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena: I., II. eta III. kapituluak.

19. gaia.–25/2007 Legea, urriaren 18koa, komunikazio elektronikoei eta komunikazio sare publikoei buruzko datuak zaintzeari buruzkoa.

20. gaia.–Polizia-deontologia: Legea betearazteaz arduratzen diren funtzionarioentzako jokabide kodea (NBEren Batzar Nagusiaren 34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa). Poliziari buruzko adierazpena (Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarraren 690 (1979) Ebazpena). Poliziaren Etikaren Europako Kodea (Europako Kontseiluko Ministroen Batzordearen Rec. (2001)10 Gomendioa, 2001eko irailaren 19koa).

21. gaia.–4/2015 Legea, apirilaren 27koa, Delituaren Biktimaren Estatutuari buruzkoa.

22. gaia.–1/2025 Jarraibidea, zeinaren bidez protokolo berria ezartzen baita genero-indarkeriaren arrisku maila polizialki baloratzeko eta kudeatzeko eta kasuen jarraipena egiteko VioGén-2 sistemaren bidez.

23. gaia.–Segurtasun indar eta kidegoek jarduteko protokoloa, gorroto delituetarako eta diskriminazioari buruzko lege arauak urratzen dituzten jokabideetarako (Barne Ministerioa). 2023ko edizio berrikusia.

II. ERANSKINA.–LEHIAKETAREN BAREMOA

Merezimenduak baloratzeko baremoa.

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.

a) Nafarroako polizia kidegoetan egindako zerbitzuak:

a.1) Nafarroako polizia kidego batean, polizia edo agente lanetan, edo Nafarroako udal agente gisa, egiazki eta lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: puntu bat (1,00).

a.2) Nafarroako polizia kidego batean, kaboari edo agente lehenari dagozkion lanetan, egiazki eta lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: bat koma hogeita bost (1,25) puntu.

a.3) Nafarroako polizia kidego batean, sarjentu edo inspektoreorde lanetan, egiazki eta lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: bat koma berrogeita hamar (1,50) puntu.

b) Administrazio publiko baten mendeko beste segurtasun indar eta kidego batzuetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: zerbitzu urte bakoitzeko, 0,50 eta 1,50 puntu artean, a.1), a.2) eta a.3) ataletan ezarritako banaketaren arabera, dagokion polizia kidegoan zer lanpostu edo kategoria dauden, horren arabera.

c) Edozein administrazio publikotan polizia kidegoetakoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: zero koma hogeita bost (0,25) puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

B) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu, gehienez.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: zero koma hamar (0,10) puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (hamar –10– eskola-ordu), eta gehienez ere hamar (10) puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko (1) balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko (1) iraupena agertzen duten ziurtagiriei hamabi (12) kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta ez bete erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatutakoak.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: hiru (3) puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa den.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere bi (2) puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere lau (4) puntu.

5) Doktore edo lizentziadun maila, deialdian eskatutako titulazioaren gainean: gehienez ere bi (2) puntu.

6) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere lau (4) puntu.

Oharrak B) atal osorako:

1. Poliziaren eginkizunari lotutako merezimenduak bakarrik baloratuko dira atal honetan. Ez dira inolaz ere baloratuko sarrerarako edo igoerarako prestakuntza ikastaroak.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa hogeita bost (25) puntukoa izanen da gehienez.

C) Sariak: 2,50 puntu gehienez.

1. Zerbitzu goraipagarrien plakagatik: 1,25 puntu.

2. Zerbitzu goraipagarrien dominagatik: 0,75 puntu.

3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.

D) Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita sei koma berrogeita hamar (26,5) puntu.

–Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira: 5 puntu bakoitzagatik, gehienez ere.

Frantsesa, ingelesa edo alemana merezimendu gisa baloratuko dira plantilla organikoan hala ezarria daukaten plazetan.

–Aurreko atalean ezarritakoaz gain, euskararen ezagutza baloratuko da plazak dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauei jarraikiz:

a) Eremu euskaldunean: 11,5 puntu gehienez.

b) Eremu mistoan: 6,9 puntu gehienez.

Eremu mistoan euskara merezimendu gisa baloratuko da plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan.

Oharrak D) atal osorako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5 (edo baliokideak).

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

III. ERANSKINA.–PROBA FISIKOAK

1.–Erresistentzia testa (3.000 metro).

Azalpena: irteera marraren atzean zutikako jarreran dagoela, eta bi oinak ere marraren atzean dituela, izangaiak, seinale akustikoa entzutearekin batera abiatu eta 3.000 metro egin beharko ditu ezarritako denboran, lasterka, oinez edo bi modalitate horiek konbinatuz. Ezin da oinetako takodunik erabili. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko.

Denbora taula eta horren araberako puntuazioa:

ADINA GIZONAK

EGIN BEHARREKO DENBORA

KALIFIKAZIOA

35 edo gutxiago

14’

GAI

36 eta 40 artean

15’

GAI

41 eta 45 artean

16’

GAI

46 eta 50 artean

17’

GAI

51 edo gehiago

18’

GAI

ADINA EMAKUMEAK

EGIN BEHARREKO DENBORA

KALIFIKAZIOA

35 edo gutxiago

18’

GAI

36 eta 40 artean

19’

GAI

41 eta 45 artean

20’

GAI

46 eta 50 artean

21’

GAI

51 edo gehiago

22’

GAI

2.–Pisua jasotzeko proba (banku press-a, 35 kg gizonentzat eta 25 kg emakumeentzat).

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 35 kiloko pisua jaso behar du 30 segundoan, eta ezarritako gutxieneko jasoaldiak egin. Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz heldu eta hatzak itxirik, sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (eskuen arteko distantzia 80 cm izanen da gehienez, barrarekin kontaktuan dauden hatz erakusleen arteko tartea neurtuta). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da eskularrurik erabili, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ezta jantzia kendu ere, bizkarrak bankua zuzenean uki dezan. Kamiseta galtzaren barrenetik sartu beharko da, eta gorputzari itsatsita gelditzen dela ziurtatu. Ukondoak agerian.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira, eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko. Epaileak ozenki kontatuko ditu banan-banan jasoaldiak.

Izangaiak behar baino lehen bukatzen badu proba, ukondoak bertikalki erabat luzatuz bukatu beharko du.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.

Egin beharreko jasoaldien taula eta bakoitzagatik emanen den puntuazioa:

ADINA GIZONAK

JASOALDIAK

KALIFIKAZIOA

35 edo gutxiago

30

GAI

36 eta 40 artean

25

GAI

41 eta 45 artean

21

GAI

46 eta 50 artean

18

GAI

51 edo gehiago

16

GAI

ADINA EMAKUMEAK

JASOALDIAK

KALIFIKAZIOA

35 edo gutxiago

20

GAI

36 eta 40 artean

19

GAI

41 eta 45 artean

18

GAI

46 eta 50 artean

17

GAI

51 edo gehiago

16

GAI

IV. ERANSKINA.–BAZTERTZEKO ARRAZOI MEDIKOEN TAULA

Begien sistema.

–Urrutiko begi-zorroztasuna zuzenketarik gabe (begien barneko lenteak ez dira lente zuzentzailetzat hartuko ondorio hauetarako):

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikuseremu monokularra: ez da izanen 120° baino txikiagoa plano horizontalean, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikuseremuko ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsirik eza.

–Keratotomia erradiala.

Entzuteko sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB-eko edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

Mintzamena.

–Afasia, disfonia, disfemia (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

Sistema muskuloeskeletikoa.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, ondorio funtzionalen arabera.

–Prozesu artikularrak, ondorio funtzionalen arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoen arteko diskoaren nahasmenduak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en gaixotasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (ondorio funtzionalen arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak (ondorio funtzionalen arabera).

Digestio sistema.

–Crohn-en gaixotasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitis aktiboak.

–Gutxiegitasun hepatikoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak.

–Uzki-esfinterraren ihesa.

Sistema kardiobaskularra.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmia eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa, gaizki kontrolatua.

–Arterietako hipotentsioa.

–Gutxiegitasun benosoa eta linfatikoa.

Arnas sistema.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Gaixotasun interstizialak edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

Nerbio sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Funtzio gorenen eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, judizioa eta funtzio exekutiboak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren beste nahasmendu batzuk.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, ondorio funtzionalen arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren gaixotasunak, ondorio funtzionalen arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Mugimenduaren beste nahasmendu batzuk (tikak, mugimenaren estereotipiak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.

Psikiatria.

–Nahasmendu mental organikoak, alde batera utzita prozesu automugatuak eta itzulgarriak edo arintzen ari direnak.

–Substantzia psikotropikoen eta alkoholaren kontsumoaren ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak.

–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, nahasmendu depresibo errepikariak, depresio-aldi larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena dutenak.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

Sistema genitourinarioa.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-ihesa.

–Giltzurrun-polikistosia.

Sistema endokrinologikoa.

–Guruin endokrinoen eritasun metaboliko oro, baldin eta zerbitzuari dagozkion eginkizunak betetzea mugatzen edo eragozten badu edo horretarako pronostiko kaltegarria badu.

–Ordezko terapia jarraitua behar duten eritasun endokrinometabolikoak.

–Bestelako gaixotasun endokrinometabolikoak, pronostikatzeko moduko alterazio morfologiko edo funtzionalak sortzen dituztenak, edo zerbitzuari dagozkion eginkizunak osotara betetzea mugatzen edo eragozten dutenak, edo lanbide jarduerak berezko dituen eskakizun operatiboengatik larriagotzen ahal direnak.

–Hipotalamo-hipofisario ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison-en gaixotasuna, Cushing-en sindromea, feokromozitoma eta guruin suprarrenalen beste nahasmendu batzuk.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

Dermatologia.

–Orbainak eta larruazalaren prozesu kronikoak, haien zabalera, ondorio funtzionalak eta kokapena direla-eta polizia baten eginkizunetan aritzeko gaitasuna gutxitzen badute.

Hematologia.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mielougalkorrak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfougalkor kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en gaixotasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (heparinak, sintroma), interferona, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

Neoplasiak.

–Gaixotasun neoplasikoen aurrekariak ebaluatzeko, egungo egoera fisikoari, patologiaren pronostikoari eta ondorio funtzionalei erreparatuko zaie.

Gaixotasun sistemikoak eta beste batzuk.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa.

–Obesitatea (GMI > 30).

–Edozein organoren transplanteetan, gaitasuna baloratuko da bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

Alderdi orokorrak.

Patologia baztertzaileak polizia eginkizunetan aritzeari begira dituzten ondorio funtzionalen eta pronostikoaren arabera baloratuko dira.

Edozein aparaturen edo sistemaren beste edozein patologia, sekuela edo ezaugarri somatiko, baldin eta polizia lanak betetzea nabarmen eragozten duen edo mugatzen duen ondorio funtzionalik badu.

Izangaiek, azterketa medikoa egiten ari diren unean, epe laburrean hobetu daitekeen patologia bat badute, berriz deitzen ahalko zaie azterketa mediko hori osorik edo partez errepikatzeko, behin betiko txostena egiteko.

Iragarkiaren kodea: F2609757