129. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Lekualdatze-lehiaketa berezia, zoonosi arduradunaren plaza bat betetzeko

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak deialdi bat onestea erabaki zuen, 2026ko ekainaren 15ean, honako oinarri hauekin bat:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa berezi bidez zoonosi arduradunaren 1 plaza betetzea Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko, funtzionarioen araubidekoa eta C mailakoa, Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorrari atxikia eta plantilla organikoan 1-306600-1 zenbakiarekin identifikatua.

1.2.–Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko, inongo kasutan, parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Lekualdatze-lehiaketa berezi hau honako arau hauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeko aginduak; 7/2025 Foru Legea, 2025eko ekainaren 4koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaleko lanpostuak betetzeko deialdietan aplikatuko diren merezimenduen baremoak ezartzeko 2005eko azaroaren 22an hartutako erabakia; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honen oinarriak.

3.–Lanpostuaren betekizunak eta funtzioak.

3.1. Betekizunak.

Indarrean den araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartzen dutenek betekizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta esleitutako plazaz jabetzeko unean:

a) Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) C mailakoa edo taldekoa izatea.

c) Lekualdatze-lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioak lanpostu-erreserbarik gabeko borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian badaude, betiere deialdian eskatzen diren betekizunak betetzen badituzte, zerbitzu aktibora itzuliko dira eta plaza esleituko zaie.

d) Honako titulu hauetako bat edukitzea:

–Batxilergoko, bigarren mailako Lanbide Heziketako edo horietako baten baliokidea den titulua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

e) B motako gidabaimena edukitzea.

3.2. Lanpostuaren funtzioak:

–Zoonosi Unitateko jarduerak, baliabideak eta instalazioak gainbegiratzea.

–Unitateko lakiolari laguntzaileen lanak gainbegiratzea.

–Eman beharreko zerbitzuak Elikagai eta Zoonosi Ikuskaritzako zerbitzuarekin koordinatuta antolatzea.

–Unitatera atxikitako langileen lan-txandak koordinatzea eta, hutsegiteak, baimenak eta gorabeherak kudeatzea.

–Ordutegiak, antolaketa-koadranteak eta programatutako zerbitzuak betetzen direla gainbegiratzea.

–Ordutegi arruntetik kanpoko aparteko zerbitzuak eta premiazko jarduketak antolatzea.

–Unitateak egindako jarduerei buruzko informazioa biltzea.

–Unitateko hornitzaileei harrera egitea.

–Instalazioak, animalien bizitokiak, lanabesak eta ibilgailuak osasun- eta funtzionamendu-baldintza higieniko egokietan edukitzea.

–Animaliak jaso, mantentze-lanak egin, elikatu, behatu, zaindu, eta animaliak instalazioetan sartu eta ateratzeko zerbitzuak eman, eta lanak berezko dituen beste eginbehar batzuk, hala nola animaliei dagozkien auzietan ofizioz edo hala eskatuta esku hartu kexa, salaketa eta gorabeheretan animaliak tartean daudenean; parte eta txostenak betetzea; argazki-agiriak; beharrezko datuak bilatu, eta partikularrei informazioa eman.

–Erregistroak, espedienteak eta administrazio-agiriak behar bezala betetzen direla gainbegiratu.

–Tasak eta prezio publikoak kobratu.

–Ibilgailuak gidatu.

–Materialik, elikagairik, animaliak harrapatzeko eta norbera babesteko ekiporik badagoela kontrolatu.

–Materialak, ibilgailuak eta ekipamenduak erostea, aldatzea edo baja ematea proposatu.

–Instalazioak, ibilgailuak eta lan-ekipoak gainbegiratu, prebentziozko mantentze-lan zuzentzaileak egiteko.

–Sartu berri diren langileak prestatu eta erakutsi unitateko lan egiteko erak zein diren.

–Langileak teknikoki aholkatu honako arloetan: animaliak nola harrapatu eta gobernatu, eta haien ongizatea eta segurtasuna.

–Lan-protokolo eta -jarraibideak egiten eta eguneratzen parte hartu.

–Herritarrei erantzun.

–Zoonosi Unitateko ekipamendu informatikoak eta elektronikoak erabili, erabiltzaile mailan.

–Albaitariei lanetan lagundu (txertatu, identifikatu, eutanasia bidez hil, botikak eman).

–Zoonosi Unitateak dituen beste lan-jarraibide batzuetan berariaz jasotakoak.

–Bere mailarekin eta kategoriarekin bat haien kargu uzten diren zereginak oro.

4.–Eskabideak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak 10 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.

4.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.

4.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea modu telematikoan aurkezteko unean, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Deialdi honen I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak egiaztatzeko agiriak.

–Lan-bizitzaren txostena, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana, eta emandako zerbitzuen ziurtagiria, lan egin duten administrazio publikoek emana, bete dituzten lanpostuak egiaztatzeko. Horretatik salbu geratuko dira Iruñeko Udalean emandako zerbitzuen inguruko merezimenduak, horiek ofizioz egiaztatuko baitira.

–Desgaitasun bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria –organo eskudunak emana– aurkeztu beharko dute.

4.4. Aski izanen da agirien kopiak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

Administrazioak edonoiz eskatzen ahalko dizkie izangaiei deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Izangaiek behar bezala ordenaturik aurkeztu eta justifikatu beharko dituzte merezimenduak, I. eranskineko baremoan ageri den puntuazio-eskemari jarraituta.

5.–Izangaiak onestea.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren webgunean argitara dadila aginduko.

5.2. Baztertutako izangaiek erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko aukera izanen dute bost egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda deialdiaren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta. Erreklamazioak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten den bidetik aurkeztuko dira.

5.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.4. Baztertutako izangairik ez balego, behin betiko zerrenda onetsiko da zuzenean, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko da.

5.5. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadila aginduko.

6.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

6.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Carlos Eguizabal Villanueva, Iruñeko Udaleko Osasuneko idazkari teknikoa.

Epaimahaiburu ordezkoa: Patxi Iriarte Echenique, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko zuzendaria.

Epaimahaikidea: María Angeles Medrano Pérez, Iruñeko Udaleko albaitaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Raquel Pérez Luqui, Iruñeko Udaleko albaitaria.

Epaimahaikidea: Alberto García Zabalegui, Iruñeko Udaleko albaitari kudeatzailea.

Epaimahaikide ordezkoa: María Resano Zuazu, Iruñeko Udaleko albaitaria.

Epaimahaikidea: Mónica Sánchez Ibáñez, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Vanesa Eguiluz González, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko giza baliabideetako teknikaria.

Idazkari ordezkoa: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko giza baliabideetako teknikaria.

6.2. Epaimahaia eratu beharko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengoa bildu gabe.

6.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko du deialdiaren oinarriak aplikatzean sortzen ahal diren arazo guztiei buruz.

6.6. Epaimahaiak aholkulari espezializatuak edukitzen ahalko ditu; aipatu aholkulariak beraien espezialitate teknikoetan soilik ariko dira, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.7. Hautaketa prozesuak honako elementu hauek izanen ditu:

–Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez ere 25 puntu.

–Merezimenduen kalifikazioa: 75 puntu bitarte.

–Txosten psikoteknikoa: 15 puntu bitarte.

7.–Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez ere 25 puntu.

7.1. Proban batik bat praktikoak diren ariketak egin beharko dira, Zoonosi Arduradunaren lana egiteko beharrezkoak diren ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak baloratzeko.

Proban lanpostuaren berezko zereginei eta deialdiaren xedea den gaitegiaren edukiei lotutako kasu praktiko bat edo batzuk egin beharko dira.

Izangaiek animaliak babesteko gune batean gertatzen ahal diren egoera errealetan edo alegiazkoetan aritzeko gaitasuna erakutsi beharko dute, honakoak barne: erabakiak hartzea, baliabideak antolatzea eta jarduketa-protokoloak ezartzea.

Proban, besteak beste, honako jarduketa hauek egin beharko dira:

–Animaliak harrapatzeko, baretzeko eta garraiatzeko ekipamenduak egoki hautatzea eta erabiltzea (begiztak, sareak, garraiatzeko kutxak, kaiola-tranpak eta beste baliabide batzuk).

–Zakurren eta katuen jokaerak identifikatu eta interpretatzea, erasokortasun, beldur, estres, otzantasun adierazleak eta beste jokabide garrantzitsu batzuk baloratu eta animaliak segurtasunez gobernatzeko.

–Animaliak gobernatu, horiengana hurbildu, eutsi eta ostatu emateko teknikak erabili, pertsonen segurtasuna eta animalien ongizatea bermatuta.

–Animalien babeserako gune batean dauden animalien bizitokiaren egoera, higienea, garbitasuna, inguru aberastua eta ongizatea ebaluatzea.

–Animaliak babesteko gune baten antolaketa eta funtzionamenduarekin lotutako egoerak konpontzea, tokiak banatzea, eginbeharrak koordinatzea eta gorabeheren kudeaketa barne.

–Jarduketa protokoloak ezartzea derrigorrean deklaratu beharreko gaixotasunen aurrean, amorruarendako prestatuta daudenak bereziki, gaixotasunaren susmoa edo berrespena gertatzen denean, indarrean dagoen araudiarekin eta kontingentzia planekin bat.

–Laneko arriskuen prebentzioko neurriak, segurtasun eta higiene arauak identifikatu eta ezartzea, eta norbera babesteko ekipoak erabiltzea.

–Zerbitzuari atxikitako langileak antolatu, gainbegiratu eta koordinatzea, barne harturik lanak banatu, gorabeherak konpondu, txanden artean koordinatu eta oinarrizko zerbitzuak kontrolatzea.

–Garbiketa-, elikatze-, animaliak gobernatze-, instalazioetako mantentze-lanak eta zerbitzuaren kalitate-kontrola egoki egiten direla gainbegiratzea.

–Baliabide materialen kudeaketa, hornigaiak kontrolatzea, biltegiak antolatzea eta ekipamendu-beharrak ebaluatzeko kudeaketa egitea.

–Herritarrei harrera egitea, agiriak kudeatzea, albaitaritzako zerbitzuekin koordinatzea, eta eskumena duten beste administrazio eta autoritateekin komunikatzea.

Proba baloratzeko honakoak hartuko dira bereziki kontuan: jarduketak egiteko segurtasuna, animaliaren ongizatea, antolatzeko gaitasuna, gorabeherak konpontzea, hartutako erabakiak teknikoki egokiak izatea, eta giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzeko eraginkortasuna.

Epaimahaiak aurretik zehaztuko ditu probaren gehieneko iraupena, eskura egonen diren baliabide materialak eta ebaluatzeko irizpide zehatzak.

Bigarren ariketa honetan gehienez ere 25 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 12,5 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

7.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

7.3. Probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.4. Proba deialdiko II. eranskinean zehazten den gaiei buruzkoa izanen da.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

7.5. Hautaproba egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko zaizkie, probak egiteko denboraren eta bitartekoen aldetik, desgaitasunen bat aitortua eduki eta eskabidean hala eskatu duten izangaiei.

Proba amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean, argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta baloratutako elementu bakoitzaren behin-behineko emaitzen aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.

8.–Merezimenduen kalifikazioa.

8.1. Proba praktikoa gainditu dutenen merezimenduak baino ez dira baloratuko.

8.2. Kalifikazio-epaimahaiak eginen du merezimenduen balorazioa, honako baremo honekin bat:

a) apartatua, administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu gehienez ere.

b) apartatua, prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez ere.

c) apartatua, puntuazio gehigarria, hizkuntzak ezagutzeagatik: 15 puntu gehienez ere.

8.3. Izangai bakoitzak aurreko bi apartatuetan alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen I. eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

8.4. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta apartatu bakoitzerako ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

8.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiaketan parte hartzen duten izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduen gainean.

8.6. Merezimenduen balorazioaren aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 5 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.

8.7. Lehiatzaileek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasun handiena dutenen alde joko da. Berdinketak bere horretan badirau, kalifikazio-epaimahaiak xede horrekin eginen duen zozketa bakarraren bidez ebatziko da.

9.–Txosten psikoteknikoa: 15 puntu bitarte.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Zerbitzuak, dagozkion probak egin ondoren, izangai bakoitzaren inguruko txosten psikotekniko bat eginen du, eta bertan izangai bakoitzaren egokitze-maila baloratuko du deialdiak xede duen lanpostuaren izaera eta ezaugarrietarako. Zerbitzu horrek izangai bakoitzari txosten psikoteknikoan ematen dion puntuazioa loteslea izanen da lehiaketaren kalifikazio-epaimahaiarentzat.

Proba honen emaitzen aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.

Probak egin aurretik, plazaren gaitasun-profila jakinaraziko zaie parte-hartzaileei, deialdiaren web-fitxan (www.pamplona.es/eu helbidean).

10.–Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren arabera.

10.1. Kalifikazio-epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, Udalaren webgunean argitaratuko ditu izangai guztien behin betiko puntuazioak, eta Giza Baliabideetako zuzendariari igorriko dio izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, espediente osoarekin batera.

11.–Plazak esleitzea eta jabetzan hartzea.

11.1. Giza Baliabideetako zuzendariak plaza esleitu eta dagokion izendapena eginen du, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.2. Izangaiak esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean hartu beharko du plazaren jabetza, eta deialdia egin duen organoak ebazpenean bertan ezartzen ahalko du plazaz jabetzeko eguna.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta haiek aplikatzeko epaimahaia sorburu ez duten egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko administrazioarekiko auzien atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2026ko ekainaren 15ean.–Giza Baliabideetako zuzendaria, Xabier Burgui Vergara.

I. ERANSKINA.–BAREMOA

a) apartatua.–Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak.

1. Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdian eskatutako maila / talde eta titulazioko lanpostuetan: 1 puntu urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, aurrekoez besteko lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan emandako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

2. Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak.

4. Funtzionarioek zerbitzu berezien egoeran edo eszedentzia berezian eta unitate organiko baten burutzan emandako aldiak halako egoeretara igaro zirenean zeukaten lanpostuan emandako zerbitzu gisara baloratuko dira. Horren ondorioetarako, ez da aintzat hartuko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean prestakuntza eta hobekuntzarako jardueretan emandako denbora, apartatu honen 1. puntuan xedatutakoarekin bat baloratuko baita.

5. Honako a) apartatu honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

b) apartatua.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta bestelako merezimenduak.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 15 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua ageri ez den ziurtagiriei 1 kredituko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da erakunde antolatzailearen baldintza bete ez baina Administrazioak aginduta edo haren oniritziarekin eginak diren prestakuntza-saioetan parte hartu izana, halako prestakuntza-saiotzat joko direlarik espresuki sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatutakoak.

5. Apartatu honetan ez dira baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, ez unibertsitatekoak ezta unibertsitatez bestekoak ere.

2. Hitzaldien edo komunikazioen aurkezpena biltzarretan edo jardunaldietan, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo saridunak egin eta lanak aldizkari espezializatuetan argitaratu izana: bi puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek egina den edo taldekoa, eta biltzarra edo argitalpena zer esparrutakoa den (tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa).

3. Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatu edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak baloratu beharrekoa, haien iraupenaren arabera.

4. Deialdian eskatutako titulazio eta espezialitate akademikoez bestelakoak: gehienez ere 2 puntu.

5. Deialdian eskatutako titulazioaren doktore edo lizentzia gradua: gehienez ere 2 puntu.

6. Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratzekoak: besteak beste, sektore pribatuan egindako lanak, prestakuntza-bekak edo –egonaldiak eta parte hartzea kontsulta–, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: gehienez ere 2 puntu.

Oharrak, b) apartatu osorako:

1. Apartatu honetan, deialdi honen xede den lanpostuarekin zuzeneko zerikusia duten merezimenduak baloratuko dira, ez besterik.

2. 25 puntukoa izanen da gehienez ere b) apartatu honi dagokion puntuazioa.

c) apartatua.–Puntuazio gehigarria, hizkuntzak jakiteagatik: 15 puntu gehienez ere.

–Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan-hizkuntza baitira, gehienez ere 5 puntu hizkuntza bakoitzeko.

  • Hizkuntza horietan Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari 5 puntu emanen zaizkio, gehienez ere. Titulu edo ziurtagiri hori eduki ezean, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailen baliokidea den titulua edo ziurtagiria baloratuko da, honela: A1: 1 puntu/A2: 2 puntu/B1: 3 puntu/B2: 4 puntu/C1: 5 puntu.

–Euskara jakiteagatik, plantilla organikoaren arabera plazan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean: 6,9 puntu gehienez.

  • Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren euskarazko C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari 6,9 puntu emanen zaizkio, gehienez ere. Titulu edo ziurtagiri hori eduki ezean, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailen baliokidea den titulua edo ziurtagiria baloratuko da, honela: A1: 1,375 puntu/A2: 2,75 puntu/B1: 4,125 puntu/B2: 2.76 puntu/C1: 6,9 puntu.

II. ERANSKINA.–GAITEGIA

Zati orokorra.

1. Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak; I. kapitulua: printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan, I., II. eta III. kapituluak.

2. Iruñeko Udalaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia: betearazpen-laburpena.

Zati espezifikoa.

1. Animaliak harrapatzeko, gobernatzeko eta segurtasunez garraiatzeko teknikak (zakurrak, katuak). Ekipamendua erabiltzea: begiztak, sareak, animaliak garraiatzeko kutxak, kaiola-tranpak...

2. Zakurren eta katuen animalia-portaerak identifikatzea (oldarkortasuna, beldurra, otzantasuna...)

3. Bizitokiaren oinarrizko premiak. Bertan dauden animalien zainketa eta higienea, eta animaliak aberasteko eta haien ongizatea hobetzeko neurriak. Animalien bizitokien ezaugarriak.

4. Amorrua duen zakur baten aurrean jarduteko protokoloa: Itxian bizi diren animalien eta basa-animalien lurreko amorrua kontrolatzeko 2023ko Espainiako kontingentzia plana. 3. apartatua.

5. Laneko segurtasuna eta higienea, eta norbera babesteko ekipoak: 31/1995 Legea eta 773/1997 Errege Dekretua.

6. Animaliak babesteko gune baten antolaketa eta funtzionamendua. Zerbitzuaren egitura eta antolaketa. Funtzionamendurako tokiak eta eremuak banatzea. Eguneroko eginbeharrak koordinatzea. Funtzionamendurako barne-protokoloak. Gorabeherak kudeatzea.

7. Langileak antolatzea: Eginbeharrak banatu eta gainbegiratzea. Txanden arteko koordinazioa. Barne-komunikazioa. Gorabeherak konpontzea eta taldeko lana. Antolaketa-koadranteak sortu eta jarraipena egitea. Oinarrizko zerbitzuak betetzea. Bertaratze-kontrola eta absentismoaren kontrola. Zerbitzu arruntak eta aparteko zerbitzuak antolatzea.

8. Zerbitzuak eta kalitate-kontrola gainbegiratzea. Garbiketa-, elikatze-, gobernatze- eta mantentze-lanak ongi egiten direla ikuskatzea. Protokoloak egiaztatzea. Behar materialak eta antolaketa-beharrak aztertzea.

9. Instalazioak eta baliabide materialak kudeatzea. Hornigaiak eta materialak kontrolatzea. Instalazioak eta ekipamenduak zaindu eta oinarrizko mantentze-lanak egitea. Biltegiak antolatu eta izakinak kontrolatzea.

10. Herritarrei harrera egitea eta oinarrizko kudeaketa administratiboa. Herritarrei informazioa ematea. Animaliak jasotzeari eta adoptatzeari buruzko agiriak kudeatzea, bai eta gorabeherei buruzkoak ere. Albaitaritzako zerbitzuekin eta eskumena duten autoritateekin koordinatzea.

Iragarkiaren kodea: L2609332