1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1429/2026 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitara dadila erabaki hau: "Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluaren erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatzen duena".
2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2026ko ekainaren 23an hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatzen duena.
"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO TEKNIKARIEN ETA KUDEAKETAKO ETA ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA ORGANIKOA ALDATZEN DUENA.
1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak plantilla organikoa onetsi egin behar dela ezartzen du. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileei aplikatu beharrekoa Unibertsitatearen Estatutuen 106. artikuluaren arabera. Plantilla horretan, lanpostuak zerrendatu behar dira, behar bezala sailkaturik, eta adierazi behar da bakoitza zein mailari dagoen atxikia, eta, bidezkoa denean, zein diren lanpostuan aritzeko egiaztatu behar diren betebehar espezifikoak, bai eta izendapen librearen bidez bete daitezkeen lanpostuak eta ezarritako ordainsari osagarriak erregelamenduaren arabera esleituak dauzkatenak ere.
Gobernu Kontseiluak 2009ko urriaren 6an hartutako erabaki baten bidez –zeina errektoreak 2009ko urriaren 30ean emandako 1600/2009 Ebazpenaren bidez argitaratu baitzen–, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa onetsi zen. Plantilla hori askotan aldatu da, urtero argitaratzen da, eta urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoera eta egitura organikoa islatzen ditu. Hain zuzen, 2026ko maiatzaren 7an argitaratu zen azkenekoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 88. zenbakian, errektoreak 2026ko apirilaren 17an emandako 825/2026 Ebazpenaren bidez.
Egiaztatu denez, zenbait aldaketa egin behar dira plantilla organiko hori benetan dauden premietara egokitzeko.
Proposamena Negoziazio Mahaian aurkeztuta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ordezkaritza duten sindikatuei entzun ondoren, hau da kudeatzaileak, 2026ko ekainaren 23an egindako bileran, Gobernu Kontseiluari proposatu dion
ERABAKIA
Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoaren zenbait aldaketa onestea. Eranskin gisa gehitu den memorian daude aldaketa horiek.
Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Erabaki honek Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki-ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunean izanen ditu ondorioak.
Laugarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, Gobernu Kontseiluari zuzendua, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita".
Iruñean, 2026ko ekainaren 23an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
ERANSKINA.–MEMORIA: NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO TEKNIKARIEN ETA KUDEAKETAKO ETA ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA ORGANIKOAREN ALDAKETAK
2026. URTEKO EKITALDIA
A.–Egitura-aldaketak.
A.1.–Unitate organikoak sortzea.
Unitate organiko hau sortu da:
KUDEATZAILETZA / IRAKASKUNTZA ZERBITZUA / GRADUONDOKO IKASKETETARAKO ETA IRAKASKUNTZAREN PROGRAMAZIORAKO ATALA / GRADUONDOKOEN UNITATEA / NAZIOARTEKO GRADUONDOKOEN BULEGOA.
Justifikazioa:
Nafarroako Unibertsitate Publikoak nazioartekotzearen alde egindako apustu estrategikoak eragin zuzena du irakaskuntzen arloan, eta horren emaitza da atzerriko unibertsitateekin lankidetzan ematen diren nazioarteko masterren kopuruak gora egitea etengabe, bai master bikoitzen kasuan, bai unibertsitatearteko masterren kasuan.
Titulazio horien kudeaketa akademikoa eta administratiboa askoz ere konplexuagoa da estatu mailan ohikoak diren titulazioen aldean; izan ere, titulazio horiek herrialde askotakoak izanda, askotarikoak dira arau esparruak, egutegi akademiko eta administratiboak, kalitate sistemak eta ikasketen egiaztapena eta aitorpena.
2025-2026 ikasturtetik, Unibertsitateak bere gain hartu zuen Erasmus Mundus Joint Master in Cutting-Edge Technologies for Sustainable Agriculture (SUSTAGRI) masterraren koordinazioa, eta horrek erronka handia ekarri dio, kudeaketa ekonomiko handia eta Unibertsitateko zerbitzu askorekiko transbertsalitatea eta interakzioa eskatzen baititu (Esku-hartzea, Zerbitzu Juridikoak, Antolamendua eta Kalitatea, Aurrekontuak, Kudeaketa Ekonomikoa, Kontabilitatea, Nominak, Ikerketa, Unibertsitatearen Arreta Bulegoa, etab.).
Une honetan, Unibertsitatea beste unibertsitate batzuekin negoziatzen ari da beste Erasmus Mundus partzuergo batzuen kide izateko, dela koordinatzaile gisa, dela kide gisa, eta partzuergo horiek berekin ekarriko dute unibertsitate master berriak ezartzea.
Bestalde, NUPek UNITA Europako unibertsitateen aliantzan parte hartzen duenez, eta aliantza osatzen duten unibertsitateekin batera titulu bikoitzak eta unibertsitatearteko tituluak ezartzeko ahalegina egin denez, unibertsitate masterreko zenbait titulu ezarriko dira NUPen hemendik gutxira (unibertsitateartekoak eta master bikoitzak), eta horien kudeaketak orain arte ezezagunak diren aukera berriak dakartza berekin.
Horrenbestez, beharrezkoa da Nazioarteko Graduondokoen Bulegoa sortzea Graduondoko Ikasketetarako Atalean, programa horien guztien kudeaketa bateratzeko eta horien kudeaketa koordinatua eta eraginkorra izan dadin lortzeko.
A.2.–Unitate organikoak atxikipenez aldatzea.
Unitate organiko honen atxikipena aldatu da:
LEHENGO ATXIKIPENA | ORAINGO ATXIKIPENA |
KUDEATZAILETZA / GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUA / OSASUNAREN SUSTAPENERAKO ETA JASANGARRITASUNERAKO ATALA / DIBERTSITATEAREN ETA INKLUSIOAREN UNITATEA | ERREKTORETZA / DIBERTSITATEAREN ETA INKLUSIOAREN UNITATEA |
Justifikazioa:
Gaur egun, unitate hori Osasunaren Sustapenerako eta Jasangarritasunerako Atalari atxikita dago; atal hori Giza Baliabideen Zerbitzuaren mendekoa da, eta, horren gainetik, Kudeatzailetzaren mendekoa.
Bat etorriz Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoarekin (LOSU), zeinak honako hau esaten baitu espresuki: "Dibertsitatearen unitateen ardura izanen da inklusiorako eta diskriminazioaren aurkako politika unibertsitarioen garapena modu transbertsalean koordinatzea eta politika horiek unibertsitatearen jarduera eta eginkizun guztietan sartzea".
Arau agindu horrek indartu egiten du halako unitateen izaera estrategiko, transbertsal eta egituratzailea, eta horrek justifikatu egiten du funtzio horrekin bat datorren kokapen organikoa ematea komeni dela. Ildo horretan, bidezkotzat jotzen da Dibertsitatearen eta Inklusioaren Unitatea organikoki Errektoretzaren mende jartzea. Aldaketa horrek aukera emanen du Unitatearen ikusgarritasun instituzionala indartzeko, zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzeko eta Unibertsitateak inklusioaren arloan bultzatzen dituen politikei koherentzia eta efikazia handiagoak emateko, modu zuzenagoan lerrokatuko baitira lehentasun estrategikoekin eta gobernantzarekin lotuta daudenekin.
Modu berean, unitate horren mendekotasun funtzionala Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetzari atxikita jarraitzea proposatzen da; horri esker, bermatu eginen da unitatearen jarduerak behar bezala bideratzen direla, nitateak ikasleentzako eta unibertsitateko komunitatearentzako politikekiko lotura duela eta esparru horretako lan ildoekiko koherentzia duela.
A.3.–Unitate organikoak izenez aldatzea.
Unitate organiko honen izena aldatu da:
LEHENGO IZENA | ORAINGO IZENA |
UNIDAD POSTGRADO (GRADUONDOKO UNITATEA) | UNIDAD POSGRADO (GRADUONDOKOEN UNITATEA) |
Justifikazioa:
Gaztelaniazko bertsioan atalaren izenarekin koherentzia mantentzea: Sección Posgrado y Programación Docente (Graduondoko Ikasketetarako eta Irakaskuntzaren Programaziorako Atala).
B.–Lanpostuen aldaketa.
B.1.–Funtzionario lanpostuak sortzea.
Lanpostu hauek sortu dira:
KUDEATZAILETZA / IRAKASKUNTZA ZERBITZUA / GRADUONDOKO IKASKETETARAKO ETA IRAKASKUNTZAREN PROGRAMAZIORAKO ATALA / GRADUONDOKOEN UNITATEA.
Bulegoburua.
Izena: Nazioarteko Graduondokoen Bulegoa.
• Lanpostuaren zk.: 951.
• Maila: B/C.
• Zuzendari lanpostuaren osagarria: %10.
• Bateraezintasunaren osagarria edo mailaren osagarria: %35 edo %12.
• Lanpostuaren osagarria: %4,73 edo %10,20.
• Hizkuntza-eskakizuna: ingelesa (C1).
• Lanaldia: zatitua.
• Herria edo hiria: Iruñea.
Justifikazioa:
Nazioarteko Graduondokoen Bulegoa sortzearen ondorioz, bulogoburutzako lanpostu bat sortu beharra dago.
KUDEATZAILETZA / -- / -- / TEKNOLOGIAREN ETA KUDEAKETAREN UNITATEA.
Unitateko arduraduna.
• Lanpostuaren zk.: 952.
• Maila: B/C.
• Zuzendari lanpostuaren osagarria: %20.
• Bateraezintasunaren osagarria edo mailaren osagarria: %35 edo %12.
• Lanpostuaren osagarria: %4,73 edo %10,20.
• Lanaldia: goizez.
• Herria edo hiria: Iruñea.
Justifikazioa:
Unitateko arduradunaren lanpostua sortzeko arrazoia da, hain zuzen, beharrezkoa izatea koordinazio tekniko eta funtzionala ematea jarduketa-eremu horri, transbertsalitate eta antolaketa-konplexutasun handiak baititu. Unitate horretan kudeatzen eta koordinatzen diren tresna teknologikoek euskarria ematen diete Irakaskuntza Zerbitzuari, Ikerketa Zerbitzuari, Unibertsitatearen Arreta Atalari eta Ikastegien eta Sailen Atalari, eta horrek eskatzen du, batetik, prozesuen ikuspegi integrala izatea eta, bestetik, plangintza egiteko gaitasuna izatea, plangintza horrek bermatu eginen baitu soluzio teknologikoak koherenteak eta efizienteak izanen direla eta lerrokatuta egonen direla arloetako premiekin. Era berean, ezinbestekoa izanen da errektoreordetza eskudunekin koordinatzeko mekanismo egonkorrak ezartzea, horrek ziurtatu egiten baitu proiektuak behar bezala lehenesten direla, baliabideak optimizatzen direla eta Unibertsitatearen helburu estrategikoak betetzen direla.
Bestalde, Unitateak ordezkaritza eta elkarrizketa instituzionaleko funtzioak hartuko ditu bere gain garrantzi bereziko kanpoko eragileekin lan egiteko; eragile horietako bat SIGMA Gestión Universitaria AIE enpresa da, zeina unibertsitatearen kudeaketarako kritikoak diren soluzio teknologikoen arduraduna baita. Era berean, unibertsitatearteko organo eta lantaldeetan parte hartuko du, non esperientziak partekatzen baitira, informazio sistemen bilakaera-ildoak definitzen baitira eta parte hartzen duten unibertsitate guztiei eragiten dieten erabakiak hartzen baitira.
B.2.–Lanpostuen amortizazioa.
Lanpostu hauek amortizatu dira:
1. 950 zenbakiko lanpostua (laneko arriskuetako kudeaketaria) amortizatu da. Funtzionario bat lanera itzultzeagatik sortu zen, eta une honetan ez da beharrezkoa.
2. 178 zenbakiko lanpostua (informatikako kudeaketaria) eta 815 eta 414 zenbakiko lanpostuak (administrari arduradunak) amortizatu dira, Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 27ko erabaki baten bidez onetsitako salbuespenezko sustapen prozesuan erabaki horren lehenbiziko apartatuaren c) letran ezarritakoa aplikatu ondoren.
B.3.–Lanpostu baten aldaketa.
LANPOSTU ZK. | LANPOSTUA | KOKALEKUA | LEHENGO LANALDIA | ORAINGO LANALDIA |
938 | UNITATEBURUA | ERREKTORETZA / DIBERTSITATEAREN ETA INKLUSIOAREN UNITATEA | G | LZ |
Justifikazioa:
Unitate horretako lanpostuek lanaldi zatitua dute batez ere ikasleei arreta emateko; beraz, beharrezkotzat jotzen da Unitateko buruaren lanpostuak gainerako lanpostuen lanaldi bera izatea.
Iragarkiaren kodea: F2609158