Iragarkia
129. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1427/2026 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, agintzen da argitara dadila erabaki hau: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia onesten duena".
2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2026ko ekainaren 23an hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia onesten duena.
"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKERTZAILEAK KONTRATATZEKO ARAUTEGIA ONESTEN DUENA.
Indarrean dagoen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartutako erabaki baten bidez onetsi zen, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko apirilaren 12an hartutako erabaki batez bidez aldatu zen.
Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak eta 2022ko irailaren 5eko 17/2022 Legeak, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 14/2011 Legea aldatzen duenak, aldaketa garrantzitsuak txertatu dituzte unibertsitateetako ikertzaileen kontratazioari aplikatu beharreko lege eremuan. Araudi eremu horrek, besteak beste, unibertsitateak gaitzen ditu ikertzaileak kontratatzeko, ikerketa-lerroei lotutako ikerketa jarduerak edo zerbitzu zientifiko-teknikoak gara ditzaten. Aldaketa horiek, besteak beste, ikertzaileak ikerketa-lerroen kargura kontratatzea errazten dute. Halaber, Europako Batzordeak babestutako Human Resources Strategy for Researchers zigilua lortu denez, gardentasun, merezimendu eta berdintasun helburuekin lerrokatu behar da kontratazio araudia, eta Arautegiak esplizituki adierazi behar ditu helburu horiek. Bestalde, indarrean dagoen Arautegiak ez zituen izaera iraunkorreko ikertzaile figuren funtzioak eta ordainsariak zehaztasunez arautzen.
Horregatik guztiagatik, beharrezkoa zen indarrean dagoen kontratazio Arautegia berrikustea aldaketa horiek txertatzeko. 2026ko maiatzaren 26ko Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluko bileran, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegi berriaren proposamena aurkeztu zen, eta hamar egun balioduneko epea ireki zen zuzenketak aurkezteko. Epe horretan, artikulu baten idazketa aldatzea proposatzen zuen zuzenketa bat jaso zen, transakzioa egin zen, eta Gobernu Kontseiluaren osoko bilkurak onartu zuen.
Hala, adierazitako guztia kontuan hartuta, Ikerketako errektoreordeak proposaturik, hau da Gobernu Kontseiluak, 2026ko ekainaren 23an egindako bileran, hartu duen
ERABAKIA
Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia.
Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Erabaki honek 2026ko urriaren 1ean hartuko du indarra.
Laugarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/200 Lege Organikoaren 38. artikuluan eta Unibertsitatearen Estatutuen 144.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin".
Iruñean, 2026ko ekainaren 23an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKERTZAILEAK KONTRATATZEKO ARAUTEGIA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
1.–Arautegi honen xedea da NUPekin laneko lotura duten ikertzaileen eta ikerketari laguntza emateko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen kontratazioa arautzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren interes estrategikoen esparruan.
2. artikulua. Definizioa.
Arautegiaren ondorioetarako, hauek hartzen dira ikertzailetzat, 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak zehazten duenaren arabera: behar den titulazioaren jabe izanda ikerketan jarduten dutenak, ikerketa honela ulertuta betiere: gizakiari, kulturari, gizarteari eta abarri buruzko ezagutza handitzearren modu sistematikoan egindako sormen lana, ezagutza horiek aplikazio berriak sortzeko erabiltzea eta haien transferentzia eta dibulgazioa.
Ikerketari laguntza emateko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak, bestetik, ikertzaile arduradun baten zuzendaritzapean eta ikerketari laguntzeko zeregin teknikoetan dihardutenak dira.
3. artikulua. Esparru orokorra.
1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak, arautegi honetan ezarritako moduan, zilegi izanen du ikertzaileak kontratatzea, LOSUren 77. artikuluarekin bat etorriz, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legean ezarritako lan kontratuen modalitateen bidez.
2.–Zilegi izanen du, halaber, lege hauetan ezarriak dauden lan kontratuen modalitateen bidez kontratatzea ikertzaileak: Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina eta 32/2021 Errege Lege Dekretua, 2021eko abenduaren 28koa, Lan erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua eraldatzeko presako neurriei buruzkoa.
3.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak bermatu eginen du kontratazio prozesuak kontratazio irekiaren, gardenaren eta merezimenduetan oinarrituaren printzipioei jarraikiz eginen direla (OTM-R), bat etorriz Ikertzailearen Europar Gutunarekin eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodearekin.
Horretarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoak sustatutako hautaketa-prozesuek honako hauek bermatuko dituzte: aukera-berdintasuna, diskriminaziorik eza, gardentasuna, merezimenduen ebaluazio objektiboa eta hautagaitzak egokiak izatea eskatutako profiletarako.
4. artikulua. Araubide juridikoa.
1.–Arautegi honen xede diren ikertzaileak honako arau hauetan ezarria dagoenak arautuko ditu: Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa, eta haren garapen-araudia; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea; Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina, 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; 32/2021 Errege Lege Dekretua, 2021eko abenduaren 28koa, Lan erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua eraldatzeko presako neurriei buruzkoa; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina, 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; Nafarroako Foru Komunitateak bere eskumenen esparruan ematen dituen xedapenak; NUPen Estatutuak, arautegi hau, hitzarmen kolektiboa, bai eta dagokion lan kontratuak eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.
2.–Arautegi honen xede diren ikertzaileak eta laguntza emateko langileak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa-institutuetako bati atxikita egon beharko dira, Unibertsitateak horri dagokionez aplikatzekoa duen araudian ezartzen den moduan.
Era berean, lanpostuen deialdietako baldintza eta betebeharrak aplikatuko zaizkie, baita ikerketa-proiektua finantzatzeko deialdien edo ikertzaileak kontratatzeko laguntza-deialdien oinarri eta/edo ebazpenetako baldintzak eta betebeharrak ere (haietan oinarritzen baita dagokion kontratua).
5. artikulua. Kontrataziorako printzipioak.
1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikertzaileak kontratatzeko prozesua honako printzipio hauek arautuko dute:
a) Gardentasuna, berma daitezen deialdiaren publizitatea, ebaluazio irizpideen argitasuna eta hartutako erabakien trazabilitatea.
b) Merezimendua eta gaitasuna, izangaiak beren ibilbide zientifiko, tekniko eta profesionalaren kalitatea, garrantzia eta egokitasuna kontuan harturik ebalua daitezen.
c) Aukera-berdintasuna eta diskriminaziorik eza, diskriminaziorik egin ez dadin jaiotza, jatorria, generoa, sexu orientazioa, adina, desgaitasuna, erlijioa edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo sozial dela-eta.
d) Kualifikazioaren eta esperientziaren aitortza, izangaiak zenbait herrialde edo sektoreetan eskuratutakoa barne.
e) Mugikortasunaren eta diziplinartekotasunaren balioespena, elementu garrantzitsuak baitira ikertzailearen garapen profesionalean.
2.–Printzipio horiek kontratazio prozesuaren fase guztiei aplikatzekoak izanen dira, barne hartuta profilaren definizioa, eskaintzaren argitalpena, hautagaitzen ebaluazioa eta azken hautaketa.
II. KAPITULUA.–FIGURA IRAUNKORRAK
6. artikulua. Figura iraunkorren lan kontratazioa.
1.–NUPek, estrategikotzat jotzen dituen ikerketa-jarduerak garatzeko egiaztatutako premien arabera, ikertzaile lanpostuak sortzea eta denbora mugagaberako betetzea onesten ahalko du, bai eta dagokion hautaprobetarako deialdia egin ere.
2.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen lanpostu zerrenda eta/edo haren aldaketak onesten direnean sortuko dira lan kontratu mugagabea duten langileei zuzendutako ikertzaile lanpostuak.
3.–NUPek zilegi izanen du ikertzaileei iraupen mugagabeko kontratuak egitea, modalitate edo kategoria hauen arabera betiere:
1. Bikaintasuneko ikertzaileen kontratua.
Bikaintasuneko ikertzaileen kontratua Espainian eta nazioartean esperientzia egiaztatua izanik beren ikerketa-arloan merezimendu oso aipagarriak dituzten ikertzaileekin formalizatuko da, deialdi bakoitzean ezarritakoarekin bat etorriz. Nazioartean ikerketa-ibilbide aparta izanik lidergo gaitasun bikaina egiaztatzen duten hautagaiak hartuko dira kontuan.
Modalitate horretako lan kontratuak baldintza hauen arabera eginen dira:
a) Bikaintasuneko ikertzaileen eginkizun orokorrak honako hauek izanen dira:
–Ikertzaile nagusi gisa ikerketa-talde handien gidari izatea. Talde horietan, ikertzaile egonkorrak edo lankidetza-akordio edo -hitzarmenen bidezko lotura dutenak egonen dira, ikerketa-ibilbidearen edozein etapatan daudela, eta laguntza emateko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak ere egoten ahalko dira.
–Doktoratu aurreko ikertzaileak, doktoratu ondokoak eta finkoak koordinatzea eta haien mentore izatea, bai eta, halakorik badago, beste eginkizun batzuez gain ikerketa-jarduera esleitua duten beste figura batzuen kasuan ere.
–Atxikita duten ikerketa-institutuan lehendik dauden ikerketa-lerro estrategikoak indartzea eta sendotzea, besteak beste, lehiaketetako finantzaketa lortuz, eragin handiko kanaletan ekoizpen zientifikoa handituz, Espainiako eta nazioarteko sareak eta lankidetzak sortuz edo indartuz eta ikertzaileei prestakuntza emanez.
–Atxikita duten ikerketa-institutuarentzat interes estrategikoa duten ikerketa-lerro berriak proposatzea eta horien buru izatea, betiere ikerketa-institutuaren gobernu organoek onetsi ondoren.
–Atxikita duten ikerketa-institutuaren ikerketa-jarduera finantzatzeko baliabideak biltzeko estrategiak definitzea, arreta berezia jarrita Espainiako eta nazioarteko lehiaketen deialdietan, batez ere Europakoetan, eta, bestetik, ezagutzaren transferentziarekin eta ikerketa-emaitzak gizarteari eta enpresa-sareari helaraztearekin loturiko jarduerak sustatzea. Horren ildotik, gidari gisa aritu beharko dira horiek denak martxan jartzen eta gauzatzen, betiere atxikita duten ikerketa-institutuko gobernu organoaren onespena badute.
–Deialdian bertan ezarritako baldintzak betetzea, bai eta, oro har, Europako Batzordeak ikertzaileen ibilbidea sailkatzearren ezarritako sistemaren R4 mailan ikertzaileei esleitzen zaizkienak ere.
b) Kontratuaren iraupena mugagabea izanen da, eta bost urtean behin ebaluazio zientifiko-teknikoa izanen du. Hala, kontratu mugagabea duten ikertzaileei ikerketa-jarduna ebaluatuko die Ikerketa Batzordeak, 5 urtetik behin kontratua hasi denetik. Ebaluazioan aplikatzekoak diren irizpideak eta prozedura aldez aurretik onetsi beharko ditu Ikerketa Batzordeak, eta honako merezimendu eta gaitasun hauek bederen hartu beharko dira kontuan, hemen adierazitako balorazio tarteekin:
• Argitalpen zientifikoak (%0tik %10era).
• Lehiaketa bidezko ikerketa-proiektuetan lider izatea (%40tik %60ra).
• Ezagutzaren transferentziarako jarduerak (%10etik %30era).
• Ikertzaileei prestakuntza ematea eta talentudunen mentore izatea (%10etik %20ra).
Ikerketa-jardunaren ebaluazioa positiboa izan dadin, ikerketa-jardunaren baremoan gehienez lor daitekeen puntuazioaren %35 gutxienez lortu beharko da ebaluatu beharreko aldian.
Ebaluazio negatiboa izateak kontratua iraungitzea ekarriko du, eta 3 hilabete lehenago emanen da azkentzearen berri.
c) Ordainsaria unibertsitateko katedradun batek arduraldia osoan duenaren parekoa izanen da oinarrizko soldatari, destinoko osagarriari eta osagarri espezifikoaren osagai orokorrari eta berariazkoari dagokienez. Horretaz gain, zilegi izanen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleei ikerketako banakako merezimendu gisa esleitutako osagarria jasotzea, bai eta irakaskidego horri dagokion produktibitate osagarriaren baliokidea jasotzea ere, biak irakaskidegoko kideen baldintza berberetan, hau da, kontuan hartuta seiurteko bakoitzean egindako ikerketa-jardunaren ebaluazioa.
Halaber, ikerketan aritzeagatik beste osagarri bat ere jasotzen ahalko dute, zeinaren zenbateko ekonomikoa honako batura honen baliokidea izanen baita: unibertsitateko katedradunaren figurak berariazko osagarriaren irakaskuntza-merezimenduen osagai gisa jasotakoa gehi irakaskuntzako banakako merezimendu gisa jasotakoa. Unibertsitateko katedradunen baldintza berberetan lortuko dute, eta beharrezkoa izanen dute ikerketa-jardunaren ebaluazioari buruz b apartatuan adierazitako baremoan lor daitekeen gehieneko puntuazioaren %60 gutxienez lortzea.
Hala badagokio, Ikerketa Batzordeak ikerketa-gaietan eskumena duen errektoreordetzari bidaliko dio proposamena, eta hark berretsi beharko du Gobernu Kontseiluari bidali aurretik; Gobernu Kontseiluak, bestetik, proposamena Gizarte Kontseiluari bidaltzea onetsi beharko du, hala badagokio, Gizarte Kontseiluak osagarria onets dezan.
d) Modu horretan kontratatzen diren ikertzaileek aukera izanen dute irakasle lan osagarrietan aritzeko, proposatutako ikerketa-jarduerarekin lotutako lanetan, gehienez ere urtean 80 orduz, baldin eta aldez aurretik hala adosten badute irakaskuntza horren ardura duen sailarekin, eta administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunen araudi indarduna betez.
2. Ikertzaile finkoen kontratua.
Ikertzaile finkoen kontratua doktoretza-titulua jaso duten ikertzaileekin formalizatuko da, dagokion deialdian ezartzen denaren arabera. Halaber, ikertzaileek egiaztatu beharko dute doktoratu ondoko ibilbide nahikoa dutela ikerketa-jarduerak modu autonomoan egiteko, bai eta ekoizpen zientifikorako eta ikerketa-proiektuetan parte hartzeko gaitasun egiaztatua dutela ere.
Modalitate horretako kontratuak baldintza hauen arabera eginen dira:
a) Ikertzaile finkoen eginkizun orokorrak honako hauek izanen dira:
–Ekarpen nabarmena egitea lehiaketa bidezko ikerketa-proiektuen diseinuari, plangintzari eta garapenari, bai Espainiakoei, bai nazioartekoei (bereziki Europakoei), eta emaitza zientifikoak lortzen eta zabaltzen ere laguntzea.
–Ikerketa-lanen egile edo egilekide izatea eta eragina duten eta kalitatezkoak diren hedabideetan argitaratzea lan horiek, ekarpenak etengabe egin diezazkioten atxikita duten ikerketa-institutuaren ekoizpen zientifikoari.
–Ikerketa-ibilbidearen hasierako edo tarteko etapetan dauden ikertzaileei laguntza emateko eta haien mentore izateko zereginak egitea, bereziki doktoratu aurreko ikertzaileei eta, hala badagokio, doktoratu ondokoei laguntzekoak. Horrela, zientziaren arloan prestatzen, ikerketa-konpetentziak eskuratzen eta dagozkien lan-ildoak garatzen lagunduko diete, alde batera utzi gabe beste ikertzaile batzuei dagokien gainbegiratze lana. Era berean, ikertzaile finkoen ardura izanen da laguntza emateko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak koordinatzea, halakorik balego.
–Atxikita duten ikerketa-institutuaren finantzaketa lortzeko jardueretan parte hartzea, eta, horretarako, lehiaketen deialdietarako proposamenak prestatzen, aurkezten eta kudeatzen laguntzea, bai eta finantzatutako proiektuak gauzatzen ere.
–Ikerketa-emaitzak transferitzeko eta haiei balioa emateko estrategiak garatzen laguntzea, eta, horretarako, lankidetzan aritzea ikerketa-emaitzak babestera, sektore produktiboarekin elkarlanean aritzera eta ezagutza gizarteari transmititzera bideratutako ekimenetan.
–Deialdian bertan ezarritako baldintzak betetzea, bai eta, oro har, Europako Batzordeak ikertzaileen ibilbidea sailkatzearren ezarritako sistemaren R3 mailan ikertzaileei esleitzen zaizkienak ere.
b) Kontratuaren iraupena mugagabea izanen da, eta bost urtean behin ebaluazio zientifiko-teknikoa izanen du. Hala, kontratu mugagabea duten ikertzaileei ikerketa-jarduna ebaluatuko die Ikerketa Batzordeak, 5 urtetik behin kontratua hasi denetik. Ebaluazioan aplikatzekoak diren irizpideak eta prozedura aldez aurretik onetsi beharko ditu Ikerketa Batzordeak, eta honako merezimendu eta gaitasun hauek bederen hartu beharko dira kontuan, hemen adierazitako balorazio tarteekin:
• Argitalpen zientifikoak (%10etik %20ra).
• Lehiaketa bidezko ikerketa-proiektuetan lider izatea (%20tik %40ra).
• Ezagutzaren transferentziarako jarduerak (%10etik %30era).
• Ikertzaileei prestakuntza ematea eta talentuaren mentore izatea (%10etik %20ra).
Ikerketa-jardunaren ebaluazioa positiboa izan dadin, ikerketa-jardunaren baremoan ezarritako puntuazio osoaren %35 gutxienez lortu beharko da ebaluatu beharreko aldian. Ebaluazio negatiboa izateak kontratua iraungitzea ekarriko du, eta 3 hilabete lehenago emanen da azkentzearen berri.
c) Ordainsaria unibertsitateko irakasle titular batek arduraldia osoan duenaren parekoa izanen da, oinarrizko soldatari, destinoko osagarriari eta osagarri espezifikoaren osagai orokorrari eta berariazkoari dagokienez. Horretaz gain, zilegi izanen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleei ikerketako banakako merezimendu gisa esleitutako osagarria jasotzea, bai eta irakaskidego horri dagokion produktibitate osagarriaren baliokidea ere, biak irakaskidegoko kideen baldintza berberetan, hau da, kontuan hartuta seiurteko bakoitzean egindako ikerketa-jardunaren ebaluazioa.
Halaber, ikerketan aritzeagatik beste osagarri bat ere jasotzen ahalko dute, zeinaren zenbateko ekonomikoa honako batura honen baliokidea izanen baita: unibertsitateko irakasle titularraren figurak berariazko osagarriaren irakaskuntza-merezimenduen osagai gisa jasotakoa gehi irakaskuntzako banakako merezimendu gisa jasotakoa. Unibertsitateko irakasle titularren baldintza berberetan lortuko dute, eta beharrezkoa izanen dute ikerketa-jardunaren ebaluazioari buruz b apartatuan adierazitako baremoan lor daitekeen gehieneko puntuazioaren %60 gutxienez lortzea.
Hala badagokio, Ikerketa Batzordeak ikerketa-gaietan eskumena duen errektoreordetzari bidaliko dio proposamena, eta hark berretsi beharko du Gobernu Kontseiluari bidali aurretik; Gobernu Kontseiluak, bestetik, proposamena Gizarte Kontseiluari bidaltzea onetsi beharko du, hala badagokio, Gizarte Kontseiluak osagarria onets dezan.
d) Modu horretan kontratatzen diren ikertzaileek aukera izanen dute irakasle lan osagarrietan aritzeko, proposatutako ikerketa-jarduerarekin lotutako lanetan, gehienez ere urtean 80 orduz, baldin eta aldez aurretik hala adosten badute irakaskuntza horren ardura duen sailarekin edo institutuarekin, eta administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunen araudi indarduna betez.
III. KAPITULUA.–KONTRATU MODALITATE ESPEZIFIKOAK
7. artikulua. Kontratu modalitate espezifikoak.
Bat etorriz Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoan ezarritakoarekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoak modua izanen du, dela Unibertsitatearen beraren finantzaketarekin, dela kanpoko finantzaketarekin, ikertzaileak kontratatzeko, honako kategoria edo modalitate hauen arabera:
1.–Doktoratu aurreko kontratua.
Halako kontratuen helburua da lizentziadunek, ingeniariek, arkitektoek, 300 ECTStik gorako graduren bat (ECTS, European Credit Transfer System) edo unibertsitate masterren bat dutenek edo haien baliokidea den titulazioren bat dutenek ikerketa-lanak egitea proiektu espezifiko eta berri baten esparruan, baldin eta NUPeko doktoretza-programa batean onartu badituzte. Langile horiek prestakuntzan dauden doktoretza aurreko ikertzailetzat hartuko dira.
Horretaz gain, kontratuaren xedea doktoretza ondoko orientabidea ematea ere izanen da hamabi hilabetez gehienez. Nolanahi ere, kontratuaren iraupena ezin izanen da d) apartatuan adierazitako gehienekoa baino luzeagoa izan.
Baldintza hauen arabera eginen da kontratua:
a) Figura:
Doktoratu aurreko ikertzailea.
b) Eginkizun orokorrak:
–Ikerketa-lanak egitea, beren prestakuntzara bideratuak, proiektu, kontratu edo hitzarmen espezifiko eta berri baten esparruan.
–Deialdian bertan ezarritakoak.
c) Izangaiek bete beharrekoak.
–NUPeko doktoretza-programa batean matrikulatuta egotea kontratua formalizatzen den unean.
–Deialdiaren xede den lanpostuarekin lotutako baldintza espezifikoak, bai eta ikerketa-proiektua finantzatzeko edo prestakuntzaldiko ikertzaileak kontratatzeko emandako laguntzaren ebazpenak eskatutakoak ere.
d) Kontratuaren ezaugarriak:
–Kontratua iraupen mugatukoa eta arduraldi osokoa izanen da.
–Kontratuaren iraupena urtebetekoa izanen da gutxienez, eta lau urtekoa gehienez. Kontratuaren iraupena lau urte baino gutxiagokoa izanen dela adosten denean, luzatzen ahalko da, eta gutxienez ere urtebeteko iraupena izan beharko dute luzapenek. Prestakuntzan dagoen doktoretza aurreko ikertzaileak garatutako jarduera doktoretza-programako edo doktoretza-eskolako batzorde akademikoak ebaluatuko du urtero, programan irauten duen denbora-tartean, eta kontratua indargabetzeko aukera egonen da atxikita duten doktoretza-programako batzorde akademikoak kontrako txostena egiten badu ebaluazioan.
–Nolanahi ere, desgaitasuna duen pertsona batekin egiten denean kontratua, kontratuaren iraupena sei urterako izanen da gehienez ere, luzapenak barne, ikerketa-jardueraren ezaugarriak eta jarduerako mugak kontuan hartuta.
–Inongo langilerik ezin izanen da kontratatu modalitate horren bidez, entitate berean edo beste batean, lau urte baino gehiagorako (egon daitezkeen luzapenak barne), aurreko paragrafoan aipatzen diren desgaitasuna duten pertsonen kasuan izan ezik, haientzat denbora-tartea ez baita izanen sei urtetik gorakoa.
–Aurreko paragrafoetan ezarritakoa galarazi gabe, langilea aurretik ere modalitate horren bidez kontratatua izan dela-eta lau urteko gehieneko eperako edo desgaitasuna duten pertsonen kasuan sei urterako gelditzen den denbora-tartea urtebete baino txikiagoa bada, kasu bakoitzean ezarritako gehieneko eperako gelditzen den denborarako hitzartuko da kontratua edo bere luzapena.
–Kontratuaren iraupenaren zenbaketa eten eginen da egoera hauetakoren bat gertatzen bada kontratuak irauten duen bitartean: aldi baterako ezintasuna; lanaldi osoko baimena hartzea haurdunaldiagatik, haurdunaldian edo esnea emateko aldian arriskua izateagatik, haur baten jaiotzagatik, amatasunagatik, aitatasunagatik, haur bat adopzioan edo harreran hartzeagatik edo adopzio xedez zaintzeagatik edo esnea emateko baimena lanaldi osoetan metatua izateagatik, edo halako zerbaitekin zerikusia duen antzeko egoeraren batengatik; lanaldi osoko baimena hartzea kontziliazioagatik edo adingabeak, senideak edo mendeko pertsonak zaintzeagatik; eszedentzia hartzea seme-alabak edo senideak zaintzeagatik; eta genero indarkeriagatik.
–Kontratuak irauten duen bitartean, ondoren adieraziko diren arrazoiengatiko baimenak lanaldi murriztuan hartuz gero, kontratua luzatu eginen da murriztu den lanaldi-zatiaren baliokide den denboran: haur baten jaiotza; amatasuna; aitatasuna; haur bat adopzioan edo harreran hartzea edo adopzio xedez zaintzea; lanaldia murriztea esnea emateko; haur goiztiarraren jaiotza edo haurra ospitaleratzea erditzearen ondoren; legezko zaintza; minbizia edo gaixotasun larria duten adingabeak zaintzea; gaixotasun larria duten edo istripu bat izan duten senitartekoak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzea; genero indarkeria; edo lanaldia murriztu bada antzeko arrazoiren batengatik, edo kontziliazioagatik, edo adingabeak, senideak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzeagatik.
–Prestakuntzan dagoen doktoretza aurreko ikertzaileak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eginen dute idatziz kontratua, lehenbizikoa langilea baita eta bigarrena enplegatzailea. Doktoretza-programako matrikula erantsi behar zaio kontratuari, programaren ardura duen unitateak, edo, bestela, doktoretzako edo graduondoko eskolak emandako dokumentua alegia.
–Modu horretan kontratatutako ikertzaileek aukera izanen dute irakasle lan osagarrietan aritzeko, gehienez ere urtean 60 orduz, baldin eta aurretik hala adosten badute irakaskuntza horren ardura duen sailarekin edo institutuarekin. Doktoratu aurreko kontratuaren iraupen osoa 180 ordukoa izanen da gehienez ere.
e) Ordainsariak:
Kontratuaren ordainketa ezin izanen da izan bere aplikazio esparruko hitzarmen kolektiboetan kategoria baliokideetarako ezarritako lansariaren %56 baino txikiagoa lehenbiziko bi urteetan, %60 baino txikiagoa hirugarren urtean, eta %75 baino txikiagoa laugarren urtean. Ezin izanen da izan, bestetik, urtero ezartzen den lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa, Langileen Estatutuaren Legeari buruzko Testu Bateginaren 27. artikuluaren arabera.
2.–Ikertzaile doktoreen sarbide kontratua.
Ikertzaile doktoreen sarbide kontratuaren modalitateko lan kontratuak baldintza hauen arabera eginen dira:
a) Figura:
Doktoratu ondoko ikertzailea.
b) Eginkizun orokorrak:
–Batez ere ikerketa- eta garapen-lanak, jakintza transferitzekoak eta berrikuntzakoak egitea, ikertzaileek hobekuntza eta espezializazio profesionaleko maila handia lortzera bideratuak eta beren esperientzia profesionala egonkortzea ekarriko dutenak.
–Deialdian bertan ezarritakoak.
c) Izangaiek bete beharreko baldintzak:
–Doktorearen titulua edukitzea edo haren baliokidea den titulu bat.
–Deialdiaren xede den lanpostuarekin lotutako baldintza espezifikoak, bai eta ikerketa-proiektua finantzatzeko edo prestakuntzaldiko ikertzaileak kontratatzeko emandako laguntzaren ebazpenak eskatutakoak ere.
d) Kontratuaren ezaugarriak:
–Kontratua iraupen mugatukoa eta arduraldi osokoa izanen da.
–Kontratuak ez du hiru urte baino gutxiago irauten ahalko, eta gehienez 6 urtera arte luzatzen ahalko da. Nolanahi ere, desgaitasuna duen pertsona batekin egiten denean kontratua, kontratuaren iraupena sei urterako izanen da gehienez ere, luzapenak barne, ikerketa-jardueraren ezaugarriak eta jarduerako mugak kontuan hartuta. Luzapenak ez dira urtebete baino laburragoak izaten ahalko, salbu eta langilea aurretik ere modalitate horren bidez kontratatua izan dela-eta sei urteko gehieneko eperako edo desgaitasuna duten pertsonen kasuan zortzi urterako gelditzen den denbora-tartea urtebete baino txikiagoa bada; kasu horietan, egoera bakoitzean ezarritako gehieneko eperako gelditzen den denborarako hitzartuko da kontratua edo bere luzapena.
Kontratuaren bigarren urtea amaitzen denean, NUPek zilegi izanen du modalitate horretan kontratatutako ikertzaileak ebaluatzea. Urteko luzapenak emateko, NUPek dagokion deialdietan ezartzen duen helburuak betetzeko sistemari edo finantzatzaileak ezarritakoari jarraituko zaio, eta bikaintasun irizpideak izanen dituzte arau. Oro har, hau da luzapenak emateko arrazoi bakarra: ikertzaile kontratatuak ekoizpen zientifiko bat egin duela egiaztatzea, gutxienez ere ekarpen batekoa, kontratuaren indarraldiko hamabi hilabeteetan, CNEAIren irizpideen araberakoa dagokion jakintza-arloan.
–Kontratuaren gehieneko iraupenaren zenbaketa eten eginen da egoera hauetakoren bat gertatzen bada kontratuak irauten duen bitartean: aldi baterako ezintasuna; lanaldi osoko baimena hartzea haurdunaldiagatik, haurdunaldian edo esnea emateko aldian arriskua izateagatik, haur baten jaiotzagatik, amatasunagatik, aitatasunagatik, haur bat adopzioan edo harreran hartzeagatik edo adopzio xedez zaintzeagatik edo esnea emateko baimena lanaldi osoetan metatua izateagatik, edo halako zerbaitekin zerikusia duen antzeko egoeraren batengatik; lanaldi osoko baimena hartzea kontziliazioagatik edo adingabeak, senideak edo mendeko pertsonak zaintzeagatik; eszedentzia hartzea seme-alabak edo senideak zaintzeagatik; eta genero indarkeriagatik.
Kontratuak irauten duen bitartean, ondoren adieraziko diren arrazoiengatiko baimenak lanaldi murriztuan hartuz gero, kontratua luzatu eginen da murriztu den lanaldi-zatiaren baliokide den denboran: haur baten jaiotza; amatasuna; aitatasuna; haur bat adopzioan edo harreran hartzea edo adopzio xedez zaintzea; lanaldia murriztea esnea emateko; haur goiztiarraren jaiotza edo haurra ospitaleratzea erditzearen ondoren; legezko zaintza; minbizia edo gaixotasun larria duten adingabeak zaintzea; gaixotasun larria duten edo istripu bat izan duten senitartekoak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzea; genero indarkeria; edo lanaldia murriztu bada antzeko arrazoiren batengatik, edo kontziliazioagatik, edo adingabeak, senideak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzeagatik.
–Modu horretan kontratatzen diren ikertzaileek aukera izanen dute irakasle lan osagarrietan aritzeko, proposatutako ikerketa-jardunarekin lotutako lanetan, gehienez ere urtean 100 orduz, baldin eta aldez aurretik hala adosten badute irakaskuntza horren ardura duen sailarekin edo institutuarekin, eta, hala dagokionean, atxikita duen ikerketa-institutuaren baimena badu.
e) Ordainsariak:
Ordainsaria finantzatzaileak deialdi bakoitzean ezarritakoa izanen da, eta NUP baldin bada finantzatzailea, ez da izanen irakasle laguntzaile doktorearen kategoriarako ezarritako ordainsaria baino txikiagoa.
3.–Ikertzaile ospetsuaren kontratua.
Ikertzaile ospetsuaren modalitateko kontratuak Espainiako edo atzerriko ikertzaile ospetsuekin egiten ahalko dira; doktore titulua izan beharko dute, bai eta nazioartean ospe sendoa ere, arlo zientifikoan edo teknikoan egiten dituzten ekarpenen bikaintasunean oinarritua. Halaber, teknologoekin ere egiten ahalko dira halako kontratuak, baldin eta nazioartean ospe sendoa badute beren ekarpenen bikaintasunean oinarritua, bai ikerketa-teknika zehatzen aurrerapenari dagokionez, bai eta sortu duten ezagutzaren eta berrikuntzaren balorizazioari eta transferentziari dagokienez ere.
Ikertzaile ospetsuaren modalitateko lan kontratuak baldintza hauen arabera eginen dira:
a) Figura:
Ikertzaile ospetsua.
b) Eginkizun orokorrak:
–Zuzendari aritzea ikertzaile nagusi gisa pertsonek osaturiko taldeetan, ezagutza eta berrikuntza ikertzeko edo transferitzeko zentroetan eta/edo dagokion jakintza-esparruan oso garrantzitsuak diren programa zientifiko eta teknologiko berezietan, NUPek ezarritako eginkizun eta helburuen esparruan.
c) Kontratuaren ezaugarriak:
–Kontratuaren iraupena aldeek adostutakoa izanen da, eta, nolanahi ere, kontratuaren iraupena honekin egonen da lotua: horretarako aurrekonturik ba ote dagoen. Gainera, egon daitezkeen luzapenak Unibertsitateak ezarritako helburuen araberakoak izanen dira.
–Kontratua iraungi egiten ahalko da NUPen ukoagatik, idatziz jakinarazia hiru hilabete lehenago, enplegatzaileak bidezko arrazoiengatik kontratua desegiteko aukerak baztertu gabe.
–NUPek uko egiten badu, kontratupeko ikertzaileak eskubidea izanen du Langileen Estatutuaren Legeari buruzko Testu Bateginean bidegabeko kaleratzerako ezarritako kalte-ordaina jasotzeko, aurreabisua egiteko betebeharra erabat edo partzialki ez betetzeagatik dagokiona baztertu gabe.
–Enplegatzaileak ezarritako jarraipen objektiboaren sistemak ezarritakoa beteko du kontratuak. Ikerketa-jardueraren ebaluazioa 3 urtean behin eginen da, edo kontratua amaitzean, iraupena txikiagoa bada. Ebaluazio positiboa lortzeko bete behar diren helburuak behar den deialdian zehaztuko dira kasu bakoitzerako.
–Lanaldiaren iraupena, ordutegiak, jaiegunak, baimenak eta oporrak kontratuaren klausuletan ezarriko dira.
–Kontratupeko ikertzaileek ezin izanen dute lan kontraturik egin beste entitate batzuekin, Unibertsitateak berariaz baimendu ezean edo kontrakoa dioen hitzarmen idatziri izan ezean, eta langileen bateraezintasunei buruzko araudia betetzea baztertu gabe.
–Modu horretan kontratatzen diren ikertzaileek aukera izanen dute irakasle lan osagarrietan aritzeko, proposatutako ikerketa-jardunarekin lotutako lanetan, gehienez ere urtean 100 orduz, baldin eta aldez aurretik hala adosten badute irakaskuntza horren ardura duen sailarekin edo institutuarekin, eta, hala dagokionean, atxikita duen ikerketa-institutuaren baimena badu.
d) Ordainsariak:
NUPen eta ikertzailearen artean adostuko da kasu bakoitzean.
IV. KAPITULUA.–IKERKETA-LERROEKIN EDO ZERBITZU ZIENTIFIKO-TEKNIKOEKIN LOTUTAKO IKERKETA ZIENTIFIKO ETA TEKNIKOKO JARDUERA ESPEZIFIKOAK EGITEKO KONTRATUAK
8. artikulua. Ikertzaileen kontratuak ikerketa-lerroekin edo zerbitzu zientifiko-teknikoekin lotutako ikerketa zientifiko eta teknikoko jarduera espezifikoak egiteko.
1.–2021eko abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriarekin eta 2022ko irailaren 5eko 17/2022 Legearen hamargarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi izanen du ikertzaileak aldi jakin baterako kontratatzea Errekuperazioko, Eraldaketako eta Erresilientziako Planaren jarduerak egiteko, proiektuak gauzatzeko behar den denboraz, ez luzeago.
Berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipio konstituzionalak errespetatuz eginen dira kontratuak, eta Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 14/2021 Errege Lege Dekretuan ezarritakoa betez (2021eko uztailaren 6koa).
2.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak kontratu mugagabeak sinatzen ahalko ditu, bat etorriz Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23bis eta 32bis artikuluetan ezarritakoarekin.
Kontratu horiek profil baten barneko jarduera jakin batzuk garatzeko eginen dira soil-soilik, hots, ikerketa-lerroei edo zerbitzu zientifiko-teknikoei lotutako jarduerak egiteko, lerro horien kudeaketa zientifiko-teknikoa barne. Ikerketa-lerroak, zehazki, zenbait jarduera biltzen dituen ardatz tematiko baten inguruan sistematikoki eraikitako ezagutzak, kezkak, produktuak eta proiektuak dira.
Ikerketa-lerroak, bestalde, NUPeko ikerketa-institutuen jardueretan edo ikerketa-taldeen katalogoan definituko dira, edo, bestela, Ikerketako errektoreordeak definitzen ahalko ditu ikerketaren kudeaketarako eta laguntzarako zerbitzuen esparruan. Institutuko zuzendariak, edo ikerketa-lerroa atxikia duten ikerketa-taldearen ikertzaile arduradunak edo Ikerketako errektoreordeak berak aldez aurretik justifikatu beharko dute zer profil behar den ikerketa-lerroaren edo zerbitzu zientifiko-teknikoen esparruan jarduerak garatzeko.
Kontratua iraungi eginen da baldin eta xede dituen jarduerak amaitu egiten badira edo aurrekontu nahikorik ez badago kontratua gauzatu aurretik definitutako profiletako bakoitzean garatu beharreko lanak egiteko. Kasu horretan, ikerketa-lerroaren esparruan kontratatua egon den ikertzaileak kontratua bukatzeagatiko kalte-ordaina jasoko du, aplikatu beharreko araudian ezarritakoa.
3.–Sarbide baldintzak, bete beharreko funtzioak eta lansari kondizioak zein diren, ikerketa zientifikoko eta teknikoko proiektu espezifikoak egiteko kontratatutako ikertzaileak honako kategoria hauetakoren batean sailkatuko dira:
–Proiektuko laguntzailea. Titulua: gradua, diplomatura, arkitektura teknikoa, ingeniaritza teknikoa edo hezkuntzaren alorreko ministerio eskudunaren arabera Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 2. mailari (graduari) dagozkion titulazioak.
–Proiektuko lankidea. Titulua: gradua (300 ECTSkoa gutxienez), unibertsitate masterra, lizentzia, arkitektura, ingeniaritza edo hezkuntzaren alorreko ministerio eskudunaren arabera Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. mailari (masterrari) dagokion titulazioren bat.
–1. motako proiektuko lankide doktorea. Titulua: doktorearen titulazioa.
–2. motako proiektuko lankide doktorea. Titulua: doktorearen titulazioa, gutxienez 4 urteko antzinatasuna duena.
4.–Kategoria horien arabera kontratatzen direnek ikertzaile izaera izanen dute, salbu eta besterik esaten bada dagokion deialdian.
Lanaldi osoa izanen dute oro har, baina zilegi izanen da lanaldi txikiagoak ezartzea. Kasu horretan, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategineko 12. artikuluan araututako lanaldi partzialeko kontratuaren bidez arautuko dira. Lanaldi partziala lanaldiaren %50ekoa izanen da gutxienez ere.
a) Eginkizun orokorrak:
–Ikertzailea zein ikerketa-lerro edo zerbitzu zientifiko-teknikorako hautatu den, ikerketa zientifiko eta teknikoko proiektu eta jarduera horietan laguntzeko eta/edo haiek garatzeko erabiliko du arduraldi osoa.
–Deialdian bertan ezarritakoak.
b) Ordainsariak:
–Aplikatzekoa den araudian ezartzen dira kategoria bakoitzaren urteko ordainsari gordinak.
–Aukera egonen da proiektuan ezarritako helburuak betetzeagatik ordainsariak ordaintzeko. Horretarako, deialdian ezarriak egon behar dira, eta proiektuaren arduradunak bukaerako txosten bat egin behar du hori justifikatzeko.
–Salbuespen gisa, kontratua ikerketa-proiektu edo -jardueren kargura formalizatzen denean, baldin eta haien helburu nagusia ikertzaile talentudunak erakartzea bada eta esleipen ebazpenak edo dirulaguntza-hitzarmenak berariaz ezartzen badituzte kontratatutako pertsonek jaso beharreko ordainsari zehatzak, dokumentu horietan zehaztutako zenbatekoetara egokitzen ahalko dira ordainsariak, nahiz eta ez izan arautegi honetan dagokion kontratu kategoriari esleitutakoak.
Kasu horietan, ikerketa-gaietan eskumena duen errektoreordeak salbuespen hori aplikatzeko baimena eman beharko du, betiere aldez aurretik egiaztatuta deialdian, ebazpenean edo dirulaguntza-hitzarmenean ezarritakoarekin bat datorrela.
9. artikulua. Teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen kontratua ikerketa-lerroei lotutako ikerketa zientifiko eta teknikoko jardueretan laguntza emateko.
1.–Institutuko zuzendariak edo ikerketa-taldearen arduradunak teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen lan kategorietako langileak kontratatzea eskatzen duenean, ordainsariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan langile horientzat ezarritakoak izanen dira.
2.–Teknikariei eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei aplikatzekoak zaizkien arauek gobernatuko dute hautatzeko eta deitzeko prozesua.
10. artikulua. Beste kontratu modalitate batzuk.
1.–Gorago aipatutako modalitateez gainera, NUPek zilegi izanen du ikertzaileak kontratatzea lan kontratuen beste modalitate batzuen bidez, hots, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginean edo aplikatu beharreko beste araudietan ezarritako modalitateen bidez.
Ikerketa-lanak edo ikerketari laguntzekoak egiteko beharrezkoa bada, NUPek aukera izanen du lanaldi partzialeko lanak kontratatzeko, aldi jakin baterako, legez kontratazio modalitate hori erabiltzea zilegi den kasuetan Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
2.–Era berean, ikerketa zientifiko eta teknikoko proiektu espezifikoak egiteko, prestakuntza-kontratuak ere egiten ahalko dira baldin eta ikertzaileek betetzen badituzte Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 11. artikuluan ezarritako baldintzak.
V. KAPITULUA.–HAUTAKETA-PROZESUA
11. artikulua. Hautaketa-prozedura.
1.–Ikertzaile kontratatuak hautatzeko prozesuak deialdi espezifikoen bidez eginen dira, eta berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipio konstituzionalak bermatuko dituzte, bai eta publizitate printzipioa ere.
2.–Dagozkion legeetan eta indarrean den ordenamendu juridiko aplikagarrian ezarritakoak gobernatuko ditu arautegi honek aipatzen dituen deialdiak.
12. artikulua. Deialdien edukia.
1.–Deialdiek, gutxienez, datu hauek izanen dituzte:
–Lanpostua finantzatzeko funtsen jatorria.
–Deialdiaren xedea.
–Zein ikerketa-lerro duen atxikita.
–Hornituko diren lanpostuen identifikazioa, egin beharreko eginkizunen eta lanpostuaren profilaren behar adinako azalpenarekin.
–Kontratuaren lanaldia eta ordainsaria, baita iraupenaren aurreikuspena ere, beharrezkoa bada.
–Izangaiek bete beharreko baldintzak, nolako profila eduki behar duten eta zer eginkizun izanen dituzten.
–Hautaketa-prozesuaren azalpena, baremazio irizpideak eta puntuazioa.
–Hautaketa Batzordearen osaera eta ordezko batzordearena, halakorik badago.
–Eskabide eredua, curriculum eredua, eta eskabideak aurkezteko epea.
–Prozesuan sortzen diren ebazpenak argitaratzeko lekuak.
2.–Entitate finantzatzaileak eskatzen duenean, edo deialdia nazioartean zabaldu nahi denean, oinarriak eta dokumentazio gehigarri guztia ingelesera itzuli eta ingelesez ere argitaratuko dira.
13. artikulua. Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Orokorrean, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean, izangaiek sarbiderako baldintza orokorrak bete beharko dituzte, baita deitzen den lanposturako baldintza espezifikoak ere (deialdietan zehazturik egonen dira).
Izangaiek espainiar nazionalitatea ez badute, kontratua egiten den egunean eduki beharko dituzte 23.2 artikuluan adierazitako baimenak.
14. artikulua. Eskaerak.
1.–Orokorrean, eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da gutxienez, deialdia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
2.–Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 33. artikuluan ezarritako presako tramitazio prozeduraren bidez egiten ahalko dira Ikerketa-lanak garatzeko berehalako premiei erantzuten dieten deialdiak.
3.–Deialdietan parte hartzeko eskaerak modu elektronikoan aurkezten ahalko dira soilik, dela Unibertsitatearen erregistro elektronikoan xede horretarako ezarritako moduaren bidez (Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez sartzen da bertara), dela Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako moduaren bidez.
15. artikulua. Onartuen eta baztertuen zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea bukaturik hautagai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira, eta gutxienez 5 egun balioduneko epea zabalduko da zuzenketak edo erreklamazioak egiteko. Epe hori bukatu ondoren, hautagai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean argitaratuko dira behin betiko zerrendak.
16. artikulua. II. kapituluan adierazitako ikertzaile figuretarako deialdiak.
1.–NUPek, estrategikotzat jotzen dituen ikerketa-jarduerak garatzeko egiaztatutako premien arabera, eta betiere aurrekonturik baldin badago, kontratu mugagabea duten ikertzaile lanpostuak betetzeko deialdiak egiten ahalko ditu.
2.–Kontratu mugagabeko ikertzaile lanpostuen proposamena lanpostua atxikia duen ikerketa-institutuaren erabakiz eskatuko zaio Ikerketako errektoreordeari. Ikerketako errektoreordeak, Ikerketa Batzordeari entzun ondoren, Gobernu Kontseiluari aurkeztuko dio proposamena –zeinak lanpostuari zer profil dagokion adieraziko baitu–, lanpostua bete dadila onets dezan, eta, bidezkoa bada, deialdia baimendu dezan.
3.–Deialdiak Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, baita Europako Euraxess Jobs atarian edo nazioartean zabalkundea duten beste atari zientifiko batzuetan ere.
17. artikulua. II. kapituluan adierazitako kontratuetarako hautaketa-prozedurak.
1.–Iraupen mugagabeko kontratazioa duten ikertzaileak oposizio lehiaketa bidez hautatuko dira, publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuz, eta bi fase izanen ditu.
2.–Lehenbiziko fasea baztertzailea izanen da, eta izangaien merezimenduak egiaztatu eta kalifikatzea izanen du helburu. Proba bat izanen da, non izangaiak ahoz eta jendaurrean azalduko baititu, gehienez ere hogeita hamar minutuan, alegatutako merezimenduak eta curriculum vitaean azaldutako lan zientifikoa.
Ondoren, Hautaketa Batzordeak izangaiarekin eztabaidatuko du, gehienez ere ordubetez, ahozko azalpenaren edukiari buruz. Egoki iritzitako galdera guztiak egiten ahalko ditu, eta, batez ere, ikerketan landutako gai garrantzitsuenekin zerikusia dutenak.
3.–Oposizioko bigarren fasearen helburua izangaiaren merezimenduak, konpetentziak eta gaitasunak parte hartzen duen lanpostuaren ezaugarri eta eginkizunekin bat datozela egiaztatzea izanen da. Izangaiak, gehienez ere ordubetez, deitutako lanpostuaren xedea den jakintza-arloari edo espezialitateari dagokionez garatzen ahal duen jarduerari buruzko ikuspuntua azaldu beharko du ahoz eta jendaurrean, bai eta izaten ahal dituen bilakaera-ildoak ere. Ondoren, Batzordeak izangaiarekin eztabaidatuko du, gehienez ere ordubetez, azaldutako eduki zientifikoei buruz eta garrantzitsutzat jotzen dituen alderdi guztiei buruz. Espezialitateari buruz eta izan dituen berrikuntza eta aurrerapen zientifikoei buruz duen ezagutza hartuko da aintzat, bai eta arloaren eta ikerketa-lerroen etorkizuneko bilakaerari buruz duen ikuspegia ere.
4.–Baremazio irizpideak, Hautaketa Batzordearen osaera eta gainerako xehetasun aipagarriak behar diren deialdiekin batera argitaratuko dira.
5.–Hautaketa Batzordea Ikerketako errektoreordeak proposatutako aditu talde batek osatuko du, Ikerketa Batzordeari entzun ondoren, dagokion deialdian zehaztutako irizpideei jarraituz.
6.–Hautaketa Batzordearen txostenekin bat etorriz, lanpostua edo lanpostuak betetzeko proposamena eginen da zazpi laneguneko epean gehienez ere, proba amaitzen den egunetik kontatzen hasita. Horri begira, batzordeak errektoreari proposatuko dio, arrazoiak emanez eta izaera loteslearekin, izangai guztien zerrenda, izendatzeko lehentasun ordenaren arabera sailkatuta. Izangaiak ez dira lehiaketara deitu diren lanpostuak baino gehiago izanen. Zilegi izanen da, halaber, deitutako lanpostua ez betetzeko Batzordearen proposamenarekin amaitzea prozesua.
7.–Hautaketa Batzordearen jarduera amaitu eta hurrengo zazpi laneguneko epean, Batzordeko idazkariak Unibertsitateko Idazkaritza Nagusian aurkeztuko du lehiaketaren administrazio espedientea.
8.–Hautaketa Batzordeak egindako balorazioa eskatzen ahalko dute izangaiek.
9.–Izangaiek zilegi izanen dute Hautaketa Batzordearen proposamenaren aurkako erreklamazioa aurkeztea, errektoreari zuzendua, gehienez ere hamar egun balioduneko epean.
10.–Erreklamazio Batzordeak aztertuko du erreklamazioa (errektoreak horretarako izendatutako batzordeak).
11.–Erreklamazio Batzordeak deialdiari buruzko espedientea aztertuko du, lehiatzaileen aukera-berdintasunaren printzipioak eta merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua bermatu direla zaintzeko.
12.–Erreklamazio Batzordeak berretsi eginen du, edo ez, erreklamaturiko proposamena, hura jaso eta hiru hilabeteko epean beranduenez. Hiru hilabeteko epean ez bada berariazko ebazpenik eman, erreklamazioari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.
13.–Errektoreak, Erreklamazio Batzordeari entzunda, behar den ebazpena emanen du. Errektorearen ebazpenek administrazio bidea agortzen dute.
18. artikulua. III. eta IV. kapituluetan adierazitako ikertzaile figuretarako deialdiak.
1.–Kontratazio deialdi hauek publikoak izanen dira, eta NUPeko Ikerketa Zerbitzuak eta Giza Baliabideen Zerbitzuak kudeatuko dituzte, bat etorriz ikerketa-lerroen edo zerbitzu zientifiko-teknikoen arduradunek, Ikerketako errektoreordeak eta ikerketa-institutuetako edo ikerketa-taldeetako arduradunek emandako datuekin.
2.–Deialdi guztiak Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Era berean, entitate finantzatzaileak hala eskatzen badu edo nazioartean zabalkundea eman nahi bazaie deialdiei, Euraxess Jobs europar atarian edo nazioarteko zabalkunderako beste atari zientifiko batzuetan emanen dira argitara, ingelesera itzulita.
3.–Deialdiak ikerketa-gaietan eskumena duen errektoreordearen oniritziarekin izapidetuko dira, ikerketa-institutuko zuzendariak, ILAZTeko zuzendariak edo ikerketa-taldearen arduradunak proposatuta, zeinak kontratazioa eskatzen baitu, kontratazio honen hasierako kostua egozten zaion unitate organikoaren arduradunaren adostasunarekin, horretarako finantzaketa duela, edo errektoreordearen beraren oniritziarekin, baldin eta I+G+Bko programa propio eta/edo estrategikoak edo zerbitzu zientifiko-teknikoen lerro propioak garatzeko ikertzaileak kontratatu behar badira. Hasierako eginkizunek 6 hilabeteko iraupena izan beharko dute gutxienez.
4.–Salbuespen gisa, ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Unibertsitate Publikoan deialdi espezifiko bat onestea III. kapituluan eta IV. kapituluan jasotako figurak kontratatzeko, baldin eta kontratatutako pertsonaren hautaketa aurretiazko hautaketa-prozedura ireki eta lehiaketazko baten bidez egin badu laguntza finantzatzen duen erakundeak (besteak beste, unibertsitateko langileak prestatzeko laguntzak, unibertsitateko ikertzaileak prestatzeko laguntzak, Juan de la Cierva, Ramón y Cajal, MSCA Postdoctoral Fellowships, edo Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemaren edo nazioarteko programen antzeko beste laguntza batzuk), edo hautaketa-prozedura zentralizatuak baliatzen dituzten laguntza-programen erakunde koordinatzaileak (besteak beste, MSCA COFUND, MSCA Doctoral Networks edo antzeko beste programa batzuk). Kasu horietan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak zuzenean formalizatzen ahalko du dagokion kontratua, laguntza emateko ebazpenean eta aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren arabera.
19. artikulua. III. kapituluan adierazitako figura espezifikoetarako hautaketa-prozedurak (salbu ikertzaile ospetsuaren figurarako eta ikerketa-lerroei edo zerbitzu zientifiko-teknikoei lotutako jarduera zientifiko-teknikoak egitea xede duten kontratazioetarako direnak, zeinak IV. kapituluan baitaude jasoak).
1.–Izangaiak hautatzeko, haietako bakoitzak curriculumean alegatutako merezimenduak balioetsiko dira, Hautaketa Batzordeak aldez aurretik erabakitako balorazio irizpide espezifikoen arabera, betiere deialdiaren xedean eta profilean ezarritakoari jarraikiz.
2.–Deialdian hala ezartzen bada, zilegi izanen da proba bat egitea, nahitaezkoa izanen dena. Beraz, deitutako izangairen bat ez bada bertaratzen ezarritako egun, leku eta orduan, eskubideak galduko ditu. Proba hori deialdian ezarritako xedearekin eta profilarekin egonen da loturik. Proba egiteko, gutxienez ere lau egun baliodun lehenago deituko zaie izangaiei.
3.–Halaber, elkarrizketa bat egiteko aukera egonen da baremoa aplikatu ondoren, deialdian hala ezartzen bada, eta elkarrizketa hori, orduan, nahitaezkoa izanen da. Beraz, deitutako izangairen bat ez bada bertaratzen ezarritako egun, leku eta orduan, eskubideak galduko ditu. Izangaiak deialdiaren lanpostuak betetzeko egokiak ote diren baloratzea izanen da helburua. Elkarrizketa egiteko, gutxienez ere lau egun baliodun lehenago deituko zaie izangaiei.
4.–Gutxienez ere 5 egun balioduneko erreklamazio epearekin argitaratuko dira behin-behineko emaitzak. Ikusirik erreklamazioak edo iraganik epe hori inongo erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
5.–Lanpostua betetzeko behin betiko proposamena egin ondoren, Batzordeak enplegu erreserbako zerrenda bat sortzeko aukera izanen du gainerako izangaiekin, handienetik txikienerako puntuazioaren arabera ordenatua. Lanpostua eskuratu duen pertsonak uko egiten dionean, bere behin betiko baja gertatzen bada edo ezaugarri berak dituzten lanpostuen geroko beharrak betetzeko erabiltzen ahalko da zerrenda hori.
VI. KAPITULUA.–HAUTAKETA BATZORDEA
20. artikulua. Arau komunak.
1.–Hautaketa batzordeen osaerak kideen inpartzialtasun, esperientzia, kualifikazio eta konpetentzia printzipioak errespetatu behar ditu, eta ahalegina egin behar da gizonen eta emakumeen kopuru orekatua izan dezan, salbu eta ezinezkoa bada behar bezala arrazoitutako zio oinarritu eta objektiboengatik.
2.–Batzordea behar bezala eratzeko eta erabakiak hartzeko, honako batzordekide hauek egon beharko dira: batzordeburua edo haren ordezkoa, idazkaria edo haren ordezkoa eta gutxienez gainerako kideen erdiak.
3.–Kideen izendapena behar diren deialdietan jakinaraziko da.
4.–Batzordeek behar bezala zainduko dute deialdian eta arautegian ezarritakoa betetzen dela, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak errespetatzen direla bermatuko dute eta objektibotasunez, independentziaz eta zorroztasun profesionalaz jokatzeko konpromisoa izanen dute. Bestalde, batzordean parte hartzeagatik ezagutzen dituzten datu pertsonalei buruzko konfidentzialtasuna errespetatuko dute, eta Batzordearen eztabaidak isilpean gorde, eta dagozkien lanak behar bezala egiteko beharrezkoa den arduraldia bermatuko dute.
5.–Beharrezkoa bada, batzordeak aukera izanen du kanpoko adituen aholkua eskatzeko, beste sektore batzuetako profesionalena barne, egokia iruditzen bazaio.
21. artikulua. Langileak hautatzea ikerketa-lerroekin edo zerbitzu zientifiko-teknikoekin lotutako jarduera zientifiko-teknikoak egiteko.
1.–Ikerketa-lerroekin edo zerbitzu zientifiko-teknikoekin loturiko I+Dko jarduerak eginen dituzten ikertzaileen hautaketa-prozesuetan, hiru kidek osatuko dute Hautaketa Batzordea. Hautaketa Batzordeko kide guztiek NUPekin lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaileak izan behar dira eta doktore tituluaren jabe izan.
2.–Hautaketa Batzordea honako hauek osatuko dute:
a) Ikerketako errektoreordeak edo hark eskuordetutako pertsonak.
b) Ikerketa-institutuko zuzendariak edo ikerketa-lerroa atxikirik duten ikerketa-taldeko arduradunak.
c) Unitate organikoaren arduradunak proposatutako pertsona batek.
3.–Ordezko hautaketa batzorde bat izendatuko da, hiru kidek osatua hori ere.
4.–Institutuetako zuzendariek edo ikerketa-taldeko arduradunek Ikerketa Zerbitzuan aurkeztu beharko dute langileak kontratatzeko eskaera, dagokion ikerketa-lerroaren edo zerbitzu zientifiko-teknikoen kargura. Eskaera egiteko, Unibertsitatearen egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen inprimaki normalizatua erabili beharko dute. Kontratazioaren gastua zer unitate organikoari egozten zaion, unitate horretako arduradunaren oniritzia izan beharko du eskaerak.
5.–Eskaera horretan, institutuko zuzendaria edo ikerketa-lerroa edo zerbitzu zientifiko-teknikoak atxikirik duten taldeko arduraduna identifikatzeko datuak jasoko dira, eta zehatz-mehatz adieraziko dira honako hauek: lerroaren identifikazioa, erakunde finantzatzailea, deialdia (halakorik baldin badago), egin beharreko jarduerak, eskatutako lan kategoria, kontratuaren iraupen denbora, arduraldiaren ehunekoa, izangaiek bete beharreko baldintzak eta balorazio irizpideak.
VII. KAPITULUA.–KONTRATAZIOA
22. artikulua. Kontratuaren formalizazioa.
1.–Hautatutako izangaiak NUPeko Giza Baliabideen Zerbitzuan formalizatu beharko du kontratua, dagokion prozeduraren arabera eta kontratuaren hasiera-eguna baino lehen.
Kontratuaren sinadura pertsonala eta ordezkaezina da. Eginkizunak betetzen hasi baino lehen sinatu behar da kontratua.
2.–Europar Batasunekoak ez diren beste estatu batzuetako nazionalitatea duten pertsonek, eta Europar Batasunean egonagatik ere langileen zirkulazio askea aplikagarria ez zaien pertsonek bizileku baimena eta besteren kontura lan egiteko baimena eduki behar dute, edo baimen horren salbuespenarekin baldin eta 4/2000 Lege Organikoaren 41. artikuluko zirkunstantziak badaude eta aipatu 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onesten duen 2011ko apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzen bada.
3.–Europako Unibertsitate Eremutik kanpo lortutako titulazioen kasuan eta Espainian homologatutako edo parekatutako titulazioa eskatzen denean, kontratuaren sinadura, deialdian ezarritako egunean, hura lortzearen baldintzapean egonen da.
4.–Doktoratu aurreko kontratuen kasu zehatzean, kontratua sinatzen ahalko da baldin eta onuradunak atzerriko hezkuntza-sistemetan lortutako titulu bat badauka, titulua homologatu beharrik gabe, betiere NUPek aldez aurretik egiaztatzen badu titulua frogatzen duen prestakuntza-maila Espainiako unibertsitate masterreko titulu ofizial baten prestakuntza-mailaren baliokidea dela eta tituluak ahalmena ematen duela hura eman duen herrialdean doktoretzako ikasketetan sartzeko. Horrek guztiak inolaz ere ez du ekarriko interesdunak aldez aurretik duen tituluaren homologazioa, eta ez zaio beste ezertarako aitortuko, ezpada doktoretzako ikasketetan sartzeko.
5.–Arautegi honen arabera kontratatutako langileak 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legean ezarritako bateraezintasunen araubidearen mende egonen dira. Lege horren 4.1 artikuluaren ondorioetarako, ordezko irakaslearen lanpostu bat betetzea irakasle elkartuaren lanpostu bat betetzearen baliokidetzat joko da, eta errektoreari dagokio bateragarritasun hori baimentzea.
Kontratua indarrean denean kontratupeko pertsona bateraezintasun kausaren batean erortzen bada, kontratua iraungiko da arrazoi horrengatik, 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legearen arabera dagokion aukera eskubidea baztertu gabe, beharrezkoa bada.
6.–Arautegi honen arabera kontratatzen diren ikertzaileen datu pertsonalak araudi hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.
23. artikulua. Ikerketa-lerro edo zerbitzu zientifiko-tekniko berean langileak kontratatzeko beharrak.
Ikerketa-lerro edo zerbitzu zientifiko-tekniko beraren barnean langileak kontratatzeko beharrak sortzen direnean lehenagoko beste baten profil eta funtzio berdinekin, aurreko deialdiren batean hautaketa-prozesua gainditu duten langileak kontratatzen ahalko dira, lehentasun ordenaren arabera, eta betiere hautaketa-prozesu horren deialdiak hiru urte baino gehiagoko antzinatasuna ez badu.
Xedapen gehigarri bakarra.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak Estatuko, Nafarroako Foru Komunitateko, beste autonomia erkidego batzuetako edo beste edozein entitate edo erakundetako hautaketa-deialdi edo -prozeduren babesean hautatutako ikertzaileak kontratatu behar baditu, dagokion deialdian ezarritako baldintza eta berezitasunetara egokituko da kontratazioa, hargatik eragotzi gabe araudi hau aplikatzea dagokion deialdiari edo hautaketa-prozedurari aurka egiten ez dion guztian.
Xedapen iragankor bakarra.
Arautegi hau indarrean jarri aurretik deitutako prozeduretan hautatuak izan diren ikertzaileak kontratatzeko, dagokion deialdian eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegian xedatutakoa hartuko da kontuan. Arautegi hori Gobernu Kontseiluaren 2017ko maiatzaren 3ko erabaki baten bidez onetsi zen, eta Gobernu Kontseiluaren 2022ko apirilaren 12ko erabaki baten bidez aldatu.
Era berean, ikertzaileen indarreko kontratuek haien kontratazioa babesten duen hautaketa-prozesuan ezarritakoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia –Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartutako erabaki baten bidez onetsia eta Gobernu Kontseiluak 2022ko apirilaren 12an hartutako erabaki baten bidez aldatua– eta horrekin bat datozen xedapenak bete beharko dituzte.
Xedapen indargabetzaile bakarra.
Indarrik gabe gelditzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia –Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartutako erabaki baten bidez onetsia eta Gobernu Kontseiluak 2022ko apirilaren 12an hartutako erabaki baten bidez aldatua–, bai eta erabaki honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak ere.
Azken xedapen bakarra.
Arautegi honek 2026ko urriaren 1ean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: F2609168
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
