Iragarkia
129. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
47E/2026 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Komunikazio Zerbitzuko zuzendariak emana, deialdi bat onesten duena laguntzak eman dakizkien lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen Nafarroako titularrei, 2026an haur eta gazteei zuzendutako ikus-entzunezko lanak bikoizteko. DDBN kodea: 913108.
2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan onetsi da Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiaren gastu programarako beste partida bat, diruz laguntzeko haurrei eta gazteei zuzendutako ikus-entzunezko lanen euskarazko bikoizketa. Laguntzaren zenbatekoa 50.000 euro izanen da.
Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen artean dago, batetik, laguntzak ematea ikus-entzunezko ekoizpenetarako, eta, bestetik, harremanetan egotea Nafarroako telebistetako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematen dituzten enpresa pribatuekin.
Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko prozedura ere.
Ondorioz, laguntza hauen oinarriak deialdi publiko bidez ezarri eta eman behar dira argitara, hain zuzen ere lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen Nafarroako titularren bidez bermatu dadin haur eta gazteentzako ikus-entzunezko eskaintza handiagoa dagoela, gaur egungo merkatuak ez baitu nahikoa eta kalitate onarekin eskaintzen.
Ikusirik Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalak egindako txostena; Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 11E/2025 Ebazpenaren bitartez eskuordeturiko ahalmenaz erabiliz; eta bat etorriz Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuaren 2.3 artikuluan xedatutakoarekin,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea deialdi bat, laguntzak eman dakizkien lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen Nafarroako titularrei, 2026ko ekitaldian Nafarroako Foru Komunitateko haur eta gazteei zuzendutako ikus-entzunezko edukiak euskarara bikoizteko.
2. Deialdiaren oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi hau finantzatzeko 50.000 euroko gastua baimentzea, zeina aplikatuko baita 2026ko gastu aurrekontuaren 060003 06100 4709 921504 (Haurrei eta gazteei zuzendutako ikus-entzunezko materiala euskarara bikoizteko laguntzak) aurrekontu partidaren kargura.
4. Ebazpen hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atariaren tramiteen katalogoan argitaratzea.
5. Ebazpen hau Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Komunikazio Zerbitzuko Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
6. Ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2026ko ekainaren 15ean.–Komunikazio Zerbitzuko zuzendaria. Eskuordeturiko eskumena erabiliz (Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 11E/2025 Ebazpena), Javier Solano Marzo.
HAURREI ETA GAZTEEI ZUZENDUTAKO IKUS-ENTZUNEZKO LANAK EUSKARARA BIKOIZTEKO LAGUNTZEN 2026KO DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Oinarri hauen xedea da Foru Komunitateko haurrei eta gazteei zuzendutako euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza areagotzea. Horretarako, diruz lagunduko dira hirugarrenek berriki ekoitzitako ikus-entzunezkoak emititzeko eskubideak erosteko gastuak (2020. urtetik ekoitzitako lanak, urte hori barne), bai eta lan horiek euskarara modu profesionalean bikoizteko eta azpititulatzeko gastuak ere.
Deialdi honetatik kanpo geratuko dira jatorriz euskaraz ekoitzitako ikus-entzunezko lanak edo dagoeneko euskarara bikoiztutako bertsio bat dutenak.
Halaber, deialditik kanpo geratuko dira euskarara bikoizteko eta azpititulatzeko beste laguntza publiko batzuk jaso dituzten ikus-entzunezko lanak.
2. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren ikus-entzunezko lan motak eta aurrekontua.
Diruz laguntzen ahal diren bi ikus-entzunezko lan mota ezartzen dira, bat etorriz adingabeak telebistaren aurrean babesteko mekanismoen erabilera arautzen duen urtarrilaren 19ko 4/2009 Foru Dekretuarekin.
–1. mota, haurrentzako ikus-entzunezkoak: hartzaile ororentzako gomendatutako ikus-entzunezko lanak eta zazpi urte baino gehiagokoentzako lanak. Gehienez ematen ahal den zenbatekoa. 25.000 euro.
–2. mota, gazteentzako ikus-entzunezkoak: hamabi urte baino gehiagokoentzako lanak. Gehienez ematen ahal den zenbatekoa: 25.000 euro.
Dirulaguntza jasotzeko aurkezten diren edukiak edo eduki taldeak fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izaten ahalko dira.
Telebista operadoreek ezin izanen dute, inola ere ez, bi motengatiko dirulaguntza jaso.
Dirulaguntza hau finantzatzeko gehieneko aurrekontua 50.000 euro da.
3. oinarria.–Onuradunak.
1. Dirulaguntza hauek eskuratzen ahalko dituzte lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen Nafarroako titularrek, tokiko mailakoak zein autonomia mailakoak izan. Telebista operadore bakoitzak gehienez ere hiru dirulaguntza eskaera aurkezten ahalko ditu mota bakoitzeko.
2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako inguruabarren bat dutenei.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
1. Gastu diruz lagungarritzat jotzen dira dirulaguntzaren xede diren jardueren izaerarekin bat datozenak: ekoizpenen emisio eskubideak erostea, bikoizketa- eta azpititulatze-gastuak eta obra iragartzeko publizitate-ekintzak eta autosustapenak.
2. Gainera, eskatzaile bakoitzak bere langile propioen gastuak aurkezten ahalko ditu, diruz lagunduko diren emisioetarako beharrezko kudeaketa- eta izapidetze-zerbitzu gisa; haien zenbatekoa ez da izanen diruz lagundutako ikus-entzunezko eduki bakoitzaren zenbateko guztiaren %10 baino handiagoa.
3. Dirulaguntzaren onuradunek ezin izanen dute ez gastu zuzenik ez zeharkakorik erreklamatu, ez badaude deialdi honen 4.1 eta 4.2 oinarrietan jasota.
4. Deialdi honetako laguntzen eskatzaileek nahitaez jakinarazi beharko dute, hala badagokie, beste laguntza publiko batzuk eskatu dituztela dirulaguntza honetara aurkeztutako ikus-entzunezko lana emititzeko edo bikoizteko eskubideak erosteko.
5. Telebistek ezin izanen dituzte deialdi honen bidez finantzatzen ahal diren langileen gastuak aurkeztu ikus-entzunezkoen ekoizpenerako edo euskara sustatzeko laguntza publikoen beste deialdi batzuetara.
6. Deialdi honetan azpikontratazioa egiten ahalko da. Kasu horietan, diruz lagungarriak diren gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
5. oinarria.–Laguntzak eskatzeko prozedura.
1. Deialdian interesa duten telebistek hogei eguneko epean erregistratzen ahalko dituzte eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, deialdia tramitatzeko eskura egonen den fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on?tramiteId=144246). Eskaera-eredua eta aurkeztu beharreko gainerako agiriak eskuragarri egonen dira fitxan bertan. Eskaerarekin batera, telebista operadore eskatzaileak justifikatu beharko du behar diren bitartekoak dituela –bereak edo sareko operadore bati kontratatuak–, seinalea hedatzeko emisio-lizentzia zein barrutitarako duen, barruti horrek estaltzen duen esparru osoan.
2. Eskaeran, telebista operadore bakoitzak, ikus-entzunezko bat emititzeko eskubideak erosiko dituenean, honako hauek adierazi beharko ditu: ikus-entzunezkoak zer eduki duen (adibidez, film luze bat) edo zer eduki talde duen (adibidez, film laburren bilduma bat edo hainbat kapituluko telesail bat), eta lanaren deskribapen orokorra; antenan izanen dituen paseen aurreikuspena eta egutegia; edukia webgunean eskainiko den, hala badagokio, nahieran kontsumitzeko, eta horren egutegia; memoria tekniko bat, 7. oinarriaren arabera kudeaketa unitateak eskaintza baloratu ahal izateko nahikoa informaziorekin, eta memoria ekonomiko bat, aurreikusitako gastuak, gastu zuzenak eta azpikontratatzekoak xehakatzen dituena.
3. Eskaera aurkezteak berekin dakar formalki eta espresuki onartzea oinarri arautzaile hauetan eta kasuan kasuko deialdian zehazten diren baldintzak.
4. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, organo kudeatzaileak berrikusiko ditu eta, akatsik edo hutsik aurkituz gero, telebista operadore interesdunari jakinaraziko dizkio. Interesdunak 10 eguneko epea izanen du eskaera zuzendu edo/eta agindutako agiriak entregatzeko. Halaber, adieraziko zaio ezen errekerimendua betetzen ez bada, laguntza-eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Prozeduraren tramitazioarekin aurrera jarraituko da, nahiz eta arazo intzidental hori dirulaguntzak emateko azken ebazpenean ebatziko den.
5. Laguntzen deialdiei dagozkien jakinarazpen telematikoak interesdunak eskaeran emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bitartez eginen dira. Horretarako, telebista operadoreak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du.
6. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.
1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-araubideari jarraikiz tramitatuko da. Prozedura hau, funtsean, honakoan datza: aurkezturiko eskaeren konparaketa egitea, proiektuak baloratzea haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko, eta balorazio onena lortu dutenei dirulaguntzak esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.
2. Prozeduraren organo kudeatzailea Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atala izanen da. Organo horrek eginen ditu prozedura sustatzeko eta espedientea tramitatzeko beharrezko jardunak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako legezkotasunaren, publikotasunaren, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioen arabera.
3. Organo kudeatzaileak ebaluatuko ditu ikus-entzunezko edukiak ekoizteko proiektuak. Hark ebazpen proposamen bat igorriko dio Komunikazio Zerbitzuko zuzendaritzari. Proposamen horretan, baloratutako proiektuen zerrenda azalduko da (lortutako puntuaziorik handienetik txikienera ordenatuak), baita dirulaguntza hartzeko proposatzen diren eskatzaileen zerrenda ere, esleitu zaien zenbatekoarekin. Proposamenean berariaz adieraziko da onuradun guztiek betetzen dituztela dirulaguntza jasotzeko eskatutako baldintzak, eta, horretarako, behar den dokumentazioa eskatuko zaie onuradun gisa proposatutako telebistei.
4. Oinarri hauetan ezarritako bi kategorietako bat hutsik geratuz gero, beste kategorian aurkeztutako bigarren proiektu onena diruz laguntzen ahalko da, baldin eta ezarritako gutxieneko balorazioa gainditu badu, jarraikiz programek jasotako puntuazio ordenari. Oinarri hau aplikatuz ematen diren laguntzak ez dira aintzat hartuko kategoria bakoitzean operadore bererako ezarri diren gehieneko zenbatekoen baturan.
5. Komunikazio Zerbitzuko zuzendaritzak, ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen arloko eskumena baitu, ebazpena emanen du deialdiaren xedeko laguntzak emateko eta esleitzeko, diruz lagunduko den eskaeren zerrenda adieraziz eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuz; halaber, prozedurak iraun artean gertatu diren gorabehera guztiak ebatziko ditu.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.
6. Laguntza emateko ebazpena operadore interesdunei jakinaraziko zaie, gehienez bi hilabeteko epean deialdi honetara eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik. Epe hori ebazpenik espresuki jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute operadore interesdunek.
7. oinarria.–Balorazio-irizpideak eta puntuazioak.
Eskaerak ebaluatzeko, ondoren zehazten diren irizpideei jarraituko zaie; guztira, 100 puntu dira:
1. Euskaraz bikoizteko eta emititzeko proposatutako ikus-entzunezko lanaren eraginaren aurreikuspena, gehienez ere 40 puntu. Neurtzeko, aintzat hartuko dira, beste neurri batzuen artean, lanak nolako arrakasta izan duen jatorrizko herrialdean (zinema aretoetan edo bideo plataformetan izandako ikustaldiak), aurkeztu den jaialdietan, halakorik izan bada, edo izen handiko zinemagintzako kritika webguneetan.
2. Ikus-entzunezko lanaren izaera eta hezkuntza balioak, gehienez ere 15 puntu. Neurtuko da ikus-entzunezko lanak nolako balioa duen haurrak eta gazteak balioetan hezteko, bai eta beste arlo hauetan ere: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, sexu aniztasuna, bizikidetza eta tratu ona, arrazismoaren aurkako borroka eta migratzaileen harrera ona, desgaitasun fisiko edo intelektualak dituzten pertsonen aniztasun funtzionalaren errespetua eta ezagutza, indarkeriaren gaitzespena eta biktimen aitortza.
3. Proiektuen audientzia. Cíes SL enpresak eta, harekin lankidetzan, beste batzuen artean, Nafarroako Gobernuak eginiko audientziaren azterlana aintzat hartuko da, eta 2024an Nafarroako Foru Komunitatean eguneroko audientzia handiena duen telebistak –deialdira aurkeztutakoen artean, betiere– 15 puntu jasoko ditu bere proposamenetan. Halaber, puntu horiek emanen zaizkie aurkezten diren gainerako telebistei, aipatu azterlanak jasotako audientziaren arabera eta honako arau honen arabera:
15 X telebista operadorearen eguneko audientzia |
Gehien ikusi den telebista operadorearen eguneko audientzia |
Cíes azterlanak ikuskatzen ez dituen telebista operadoreen kasuan, edo 1.000 ikusletik beherako datuak dituztenen kasuan, 0 puntu emanen zaie atal honetan.
4. Berrinbertsioa Nafarroako ikus-entzunezko sektorean, 15 puntura arte.
Honako hauek baloratuko dira:
–Nafarroako ikus-entzunezko enpresak azpikontratatzea bikoizketarako eta azpititulatzeko: gehienez ere 7,50 puntu. 7,50 puntu emanen zaizkio Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin zuzeneko gastuan edo azpikontratazioan kopuru handiena bermatzen duen programari. Kategoria bakoitzeko gainerako programak honako formula honi jarraituz baloratuko dira:
7,5 X gastu-ehunekoa Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin |
Nafarroako ikus-entzunezko enpresetan gastu handiena duen telebistaren ehunekoa |
–Nafarroako ikus-entzunezko proiektuen antenarako edo emititzeko eskubideak eskuratzea: 7,5 puntu bitarte. Nafarroako profesional edo enpresek zuzendu, ekoitzi edo/eta banatutako produktuak dira, hau da, ikus-entzunezko produktu horien eskubideak nagusiki Nafarroako konpainiarenak dira, baldin eta telebista operadoreak sozietatean parte hartzen ez badu. 7,50 puntu emanen zaizkio programaren aurrekontu osoaren gainean kontzeptu horregatik gastu ehunekorik handiena duen programari. Kategoria bakoitzeko gainerako programak honako formula honi jarraituz baloratuko dira:
7,5 X programaren gastuaren ehunekoa Nafarroako ikus-entzunezko produktuen antena-eskubideak |
Kontzeptu honengatik gasturik handiena duen programaren gastuaren ehunekoa, Nafarroako ikus-entzunezko produktuen antena-eskubideak eskuratzeagatik |
5. Diruz lagundutako ikus-entzunezko lanaren online eskaintza, gehienez ere 15 puntu. Telebistak bere webgunean diruz lagundutako lana Nafarroako biztanleentzat nahieran kontsumitzeko eskuragarri izateko konpromisoa hartzen duen hilabete bakoitzeko (2025eko irailetik abendura bitarte), 5 puntu jasoko ditu.
Baztertuta geldituko dira 7.1 eta 7.2 oinarrietako puntuazioak batuta gutxienez 25 puntu lortu ez dituzten proposamenak, eta ez dira oinarri honetako gainerako irizpideen arabera puntuatuko.
8. oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.
1. Dirulaguntzaren onuradun diren telebistek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Laguntza ematen duen organoaren aurrean jarduera egin dela justifikatzea eta laguntza emateko finkaturiko betebeharrak, baldintzak eta helburua betetzea.
b) Nafarroako Gobernuak eginen dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapen eta finantza kontrolak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.
c) Organo kudeatzaileari idatziz jakinaraztea onetsitako proiektuan egin nahi den edozein aldaketa. Jakinarazpen hori erregistratu eta 15 egun balioduneko epean organo kudeatzaileak ez baldin badio berariaz aldaketa horri ezezkorik ematen, komunikazio betebeharra bete dela eta proposaturiko aldaketa onartu dela joko da.
d) Onuradunek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.
e) Dirulaguntzaren xedeko programetarako lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dagokion organoari. Horrelakoetan zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueran funts horiek nola erabili diren justifikatu beharko da. Laguntza horiek jaso direla jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
f) Jasotako dirulaguntzaren erabilerari buruzko frogagiriak gutxienez 10 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jarduketen xede izan daitezkeen bitartean.
g) Irisgarritasun arloko oinarrizko araudia betetzea programetan, eta zehazki entzumen desgaitasuna duten pertsonentzat, diruz lagunduko diren ikus-entzunezko edukietan euskarazko azpitituluak eginez.
h) Behar bezala identifikatzea, diruz lagundutako edukietako bakoitzaren amaierako kredituetan, Nafarroako Gobernuak eginiko finantzaketa proiektuaren eskubideak erosteko eta bikoizketa egiteko. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, ele bitan, gutxienez hiru segundoz. Finantzaketa horren berri eman beharko da, halaber, telebista operadoreak telebista programa hauen zabalkundea eta publizitatea egiteko aurreikusten dituen sustapen- edo autosustapen-espazioetan.
2. Dirulaguntzen onuradunek aplikatu beharreko foru araudian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, hau da, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoak. Horretarako, dirulaguntza jasoko dela jakinarazten den egunetik hasi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute, laguntzaren fitxaren bitartez, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari dagokion adierazpena, eskuragarri dagoen eredu normalizatuarekin bat datorrena, eta, betiere, edozein diru-kopuru jaso baino lehen.
3. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
4. Oro har, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
9. oinarria.–Diruz lagundutako ekoitzitako edukiak emititzeko eta hedatzeko baldintzak.
1. Programak lizentziako LTDko kanal nagusiaren bitartez emititzea (kanal bat baino gehiago dutenen kasuan).
2. Ikus-entzunezko edukiak 17:00etatik 22:00 bitarte emititu behar dira.
3. Ikus-entzunezko edukiak gutxienez behin emititu beharko dira 2026ko irailaren 1etik azaroaren 30a bitarte, biak barne, telebista katearen bidez. Modu librean eskaintzen duten operadoreen kasuan, aipatu tartean gutxienez hilabete egon beharko da eskuragarri nahieran kontsumitzeko.
10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Oro har, dirulaguntza azken ordainketa batean ordainduko da, gauzatzeko epea amaitzen denean, eta operadoreak aurretiaz erregistratu badu ondorengo oinarri arautzailean ezarritako dokumentazioa. Horretarako epea 2026ko abenduaren 11ra bitartekoa izanen da, egun hori barne.
2. Edonola ere, dirulaguntzaren onuradun diren telebista operadoreek emanen zaien laguntzaren %100eko aurrerakina eskatzen ahalko dute. Eskaera hilabeteko epean erregistratu beharko da, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egun baliodunetik aurrera, eta dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar izatearen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, bai eta finantza baliabide egokien falta egiaztatzen duten kontabilitateko egoera-orriak ere. 2026ko abenduaren 11ra arteko epea, egun hori barne, izanen dute telebista operadoreek ondorengo oinarri arautzailean ezarritako dokumentazioa aurkezteko eta aurreratutako funts publikoen erabilera egokia justifikatzeko.
3. Konpromisoak ez betetzeagatiko zigorrak:
Operadore batek aurrekontuan aurreikusi badu Nafarroako ikus-entzunezko enpresak azpikontratatzea edo Nafarroako ikus-entzunezko lanen antena-eskubideak erostea eta ez baditu aurreikuspenak betetzen, onartutako laguntza murriztuko da programa hori ekoizteko, egin ez den inbertsio horren %50eko zenbatekoarekin.
Operadoreren batek konpromisoa hartu badu diruz lagundutako edukia web-orrian eskaintzeko, eta ez badu hala egiten edo eskainitako denboran baino gutxiagoan txertatzen badu, dirulaguntzaren %105eko zigorra izanen du nahieran kontsumitzeko eduki hori eskaini ez duen hilabete bakoitzeko.
11. oinarria.–Justifikatzeko modua.
1. Diruz lagundutako jarduera egin ondoan eta dirulaguntza kobratu ahal izateko edo aurreratutako zenbatekoak justifikatzeko, operadore onuradunek dokumentazio hau aurkeztuko dute telematika erabiliz (nafarroa.eus atariko laguntzen tramite fitxaren bidez), fitxa horretan zehazten den formatu eta edukiarekin, deialdi bakoitzean ezarritako epeen barnean:
a) Dirulaguntzaren xedeko proiektuaren gauzatze memoria, aurreikusitako helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne.
b) Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Gastu horiek justifikatzeko taularekin batera karpeta bat aurkeztuko da fakturen kopiekin edo gastuak frogatzeko baliokideak diren bestelako dokumentuekin. Hurrenkeran zenbakituko dira (1, 2, 3... dok.), gastuen justifikaziorako taulan agertzen diren ordena berdinean. Aldi berean, gastua justifikatzen duen faktura edo agiri bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.
c) Hala badagokio, dirulaguntzen deialdi honetan soldata kostuak sartu nahi dituztenek soldata kostuen zerrenda aurkeztu beharko dute, eta zehaztu beharko dute zenbat egozten ahalko zaio diruz lagundutako proiektuan lan egiten duen pertsona bakoitzeko. Gizarte Segurantzaren gastua justifikatzeko, kotizazioen likidazioaren hartze agiri (lehengo TC1) eta langileen izenen zerrenda (lehengo TC2) ofizialak aurkeztu beharko dira, eta dagozkion ordainagiriak.
2. Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak azpikontratatuz gero, azpikontratistek egiten dituzten fakturak behar adina xehakatu beharko dira, argi identifikatu ahal izateko zer jarduerari egozten zaizkion kostuak.
Iragarkiaren kodea: F2608726
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
