129. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2090/2026 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi murriztua onesten baita aholkulari juridikoaren lanpostua betetzeko izangaien zerrenda bat eratzeko, hautaproba bat eginez, gero bitarteko izendapenak egiteko.

Ikusi da langileen beharra dagoela Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan; hartara, bidezkoa da deialdi bat egitea aholkulari juridikoaren lanpostua bitarteko izendapenen bidez betetzeko izangaien zerrenda bat eratzeko, hautaproba bat eginez, xedea izanik Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan sortzen diren beharrak betetzea.

Deialdi hau onetsi da honako hauetan ezarritakoa babes harturik: urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretua, Aholkularitza Juridikoa arautzen duena; abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena, eta hura garatzen duen gainerako araudia.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea aholkulari juridikoaren lanpostua betetzeko izangaien zerrenda bat eratzeko deialdia, hautaproba bat eginez, gero bitarteko izendapenak egiteko, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan sortzen diren beharrak bete daitezen.

2. Deialdiaren testua onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri dena.

3. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela ebazpen hau eta ebazpen honen eranskin gisa ageri den deialdiaren testua.

4. Ebazpen hau eta eranskina jakinaraztea Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari eta epaimahaiko kide izendatutakoei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko ekainaren 23an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Gloria Arancón Largo.

ERANSKINA.–DEIALDI MURRIZTUA, AHOLKULARI JURIDIKOAREN LANPOSTUA BETETZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT ERATZEKO, HAUTAPROBA BAT EGINEZ, GERO BITARTEKO IZENDAPENAK EGITEKO

Honako hauek arautuko dute deialdia:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, hautaproba bat eginez, gero bitarteko izendapenak egiteko, Nafarroako aholkulari juridikoaren lanpostua bete dezaten, sortzen diren beharren arabera, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzen duen araudian xedatutakoarekin (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

Deialdi honen ondorioz, bitarteko izendapenetarako izangaien zerrenda bat sortuko da, subsidiarioa; hortaz, hura erabili baino lehen bitarteko izendapenetarako aurretik dagoen langile finkoen beste edozein zerrenda erabiliko da.

1.2. Bitarte baterako izendatzen direnek aholkulari juridikoaren eginkizunak beteko dituzte.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioa izatea.

b) A mailako lanpostu finko batean behin betiko aritzeko izendatua izatea, eta lanpostuan sartzeko Zuzenbideko lizentziadun edo gradudun titulua berariaz eskatu izana.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, bai eta hautapen-prozesu osoan ere, dei egiten zaien unean eta bitarteko izendapen aldiak iraun bitartean.

3.–Eskabideak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Prozedura honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute izena emateko eskaera, Internet bidez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Administrazioetako langileentzako deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuta.

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio eskaneatu hau, kasuaren arabera:

Bat.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute organo eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez, edo, bestela, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non egiaztatuko baita organo eskudun horri eskatu diotela %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren aitorpena.

Hala ere, azken kasu horretan, deialdi honetan plaza hutsak aukeratzeko ezarritako epea ireki baino lehen lortu beharko da aitorpen hori, modu frogagarrian. Bestela, interesdunak galdu eginen ditu %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonentzako erreserba txandaren bidez parte hartzeari loturiko eskubide guztiak.

Bi.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atarian dagoen deialdiaren web-fitxan argitaratzeko.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen-prozesuaren barneko ondorengo jarduketetan ere, gezurrezko izen bat erabiliko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak identifikatzeko, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun eta gardentasun printzipioak aplikatzea.

4.2. Izangai baztertuek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko, eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Epe hori zenbatzen hasiko da behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik aurrera. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdi honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak daukana aztertuta, eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Joseba Asiain Albisu jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia.

–Ordezko epaimahaiburua: María Belén López Carballo andrea, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Gobernuaren Idazkaritzako, Erakundeekiko Harremanetako eta Araugintzako Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Luis Ibarrola Berasain jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Zerga Aferen Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: Javier Asún Esparza jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Lan arloko Aferen Ataleko burua.

—Epaimahaikidea: Silvia Domenech Alegre andrea, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusia.

–Ordezko epaimahaikidea: Mikel Laurenz Itoiz jauna, Nafarroako Parlamentuko legelaria.

–Epaimahaikide idazkaria: Miguel Panero Vital jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko aholkulari juridikoa.

–Ordezko epaimahaikide idazkaria: Maite López Martínez de Morentin andrea, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko aholkulari juridikoa.

5.2. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo, beharrezkoa bada, haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6.–Probaren garapena.

6.1. Hautaproba 2026ko urritik aurrera hasiko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Probaren idatzizko atalerako zein irakurketa publikoaren atalerako dei bakarra eginen da; izangai guztiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aurkeztu beharko dute. Hautapen-prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Prozesua gauzatzeko, bi ataleko proba teoriko-praktiko bat eginen da.

Probaren lehenbiziko atalean, izangaiek idatzi prozesal bat egin beharko dute (demanda, demandaren erantzuna, ondorioak, etab.) epaimahaiak planteatuko dien kasu praktiko baten gainean; kasu horrek lotura izanen du Aholkularitza Juridikoaren berezko eskumenen gai juridikoekin, zeinak deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendan jasota baitaude.

Idatzizko atal hori egiteko 4 ordu izanen dira gehienez.

Probaren idatzizko atala egin bitartean, izangaiek zilegi izanen dute egoki jotzen dituzten lege-testuak kontsultatzea, paperezko euskarrian, baldin eta haietan ez bada doktrinazko edo jurisprudentziazko iruzkinik. Izangai bakoitzak eramanen du material hori, epaimahaiak probaren unean ezartzen dituen mugekin. Ezin izanen da beste edozein testu edo dokumentazio kontsultatu, ezta gailu elektronikorik edo bestelako materialik erabili ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

Ondoren, probaren bigarren atala egiteko hitzordua emanen zaie izangaiei, haien ariketa epaimahaiaren aurrean irakur dezaten; jendaurreko irakurketa horretan ahoz erantzun beharko diote planteatu eta garatutako kasuaren edozein alderdiri loturik epaimahaiak aipatzen dien gai funtsezko zein prozesal orori.

Probaren balorazioa bateratua izanen da, hau da, idatzizko atala eta epaimahaiak egindako galderei ahoz emandako erantzuna osotara baloratuko dira, 100 puntuz gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren %50 lortzen ez duten izangaiak.

6.3. Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

6.4. Proba egiteko behar diren eta posible diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat duten izangaientzat, eskaeran hala eskatzen badute.

6.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, kalifikazio-epaimahaiak www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

7.–Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Proba bukatutakoan, kalifikazio-epaimahaiak proba gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du, eskuratutako kalifikazioak adierazita puntuazio-ordenan, eta zerrenda hori Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari igorriko zaio, onets dezan, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

7.2. Berdinketarik egonez gero, ebatziko dira kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, eta abiatuko da zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik.

8.–Aholkulari juridikoaren lanpostuan jarduteko izangaien zerrendak eta deia.

8.1. Hautapen-prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, bitarte baterako izendapenerako izangaien zerrenda onetsiko da Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, zeina Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.eus) argitaratuko baita.

8.2. Oinarri honetan aipatzen den zerrendan dauden izangaiei deituko zaie lortutako puntuazioaren arabera.

Aholkulari juridikoen lanpostuan dauden beharrak aldi baterako betetzeko, funtzionarioak bitarte baterako izendatuko dira, bat eginez abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 32. artikuluan ezarritakoarekin (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

8.3. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak baztertu eginen dira hautapen-prozesutik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

9.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, deialdiaren fitxan argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere.

10.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak emandakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua.

2. gaia.–Espainiako Konstituzioa.

3. gaia.–2/1979 Lege Organikoa, urriaren 3koa, Konstituzio Auzitegiarena.

4. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

5. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

6. gaia.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.

7. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. 14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa.

8. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

9. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa.

10. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. 68/2009 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako administrazio publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituena. 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duena. 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena. 11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duena. 117/1985 Foru Dekretua, ekainaren 12koa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen diziplina araubidearen erregelamendua.

11. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

12. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

13. gaia.–1889ko uztailaren 24ko Errege Dekretua, zeinaren bidez Kode Zibila argitaratzen baita.

14. gaia.–1/1973 Legea, martxoaren 1ekoa, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioa onesten duena.

15. gaia.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa.

16. gaia.–2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena. 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onesten duena.

17. gaia.–29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena.

18. gaia.–1/2000 Legea, urtarrilaren 7koa, Prozedura Zibilari buruzkoa.

19. gaia.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Prozedura Kriminalaren Legea.

20. gaia.–36/2011 Legea, urriaren 10ekoa, Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duena.

21. gaia.–4/1984 Foru Dekretua, urtarrilaren 5ekoa, Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoa arautzen duena. 52/1997 Legea, azaroaren 27koa, Estatuari eta herri erakundeei lege gaietako laguntza emateari buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: F2609324