126. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Zerbitzu Anitzetako Alorreko langileen 2026rako lan-egutegia

Orkoiengo Udaleko alkateak, 2026ko ekainaren 4an emandako 206/439 Ebazpenaren bidez, Zerbitzu Anitzetako Alorreko udal langileen lan-egutegia onetsi du. Hona hemen, hitzez hitz, haren xedapen-zatia:

Alkatetza honek agindu zuen espediente bat abiaraz zedila Udal honen zerbitzura aritzen diren langileen 2026ko lan-egutegiak onesteko; alde batetik, langile publikoei, oro har, aplikatu beharreko egutegia, eta, bestetik, zerbitzu anitzetako langileen egutegi espezifikoa.

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 59. artikuluan (legegintzako foru dekretu horren bidez onesten da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina) honako hau ezartzen da: "Lanpostuei dagokien lanaldia erregelamendu bidez ezarriko da".

Lanaldia eta lan-ordutegia finkatzeari dagokionez, negoziazio kolektiboaren bidez erabaki beharko da administrazioaren ordezkarien eta langile publikoek hautatutako sindikatuetako ordezkarien artean; horrela ezartzen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 83.6.h) artikuluan (legegintzako foru dekretu horren bidez onesten da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina).

Kontuan hartu da langile lan-kontratudunen lanaldiri dagokionez zer esaten den urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 34. artikuluan (onesten duena Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina). Kontuan hartu da lanaldia negoziatzeko deia egin zela 2026ko maiatzaren 21ean eta 29an, baina ez zela akordiorik lortu sindikatu-ordezkaritzarekin.

Ikusirik 390/2025 Ebazpena, ekainaren 5ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2026ko jaiegunen egutegi ofiziala; eta ikusirik, orobat, Udalak 2025eko azaroaren 26an hartutako erabakia, zeinaren bidez onetsi baitzen 2026ko irailaren 29a, San Migel eguna, tokiko jai eguna izatea Orkoiengo Udalean.

Ikusirik familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko hartu ziren babes-neurriak, 2026ko lanaldiaren malgutasunari dagokionez.

Ikusirik 2026ko maiatzaren 22ko justifikazio eta arrazoi txostena, zeinaren bidez azaldu baitzen 2026rako lan-egutegi espezifikoa behar zela zerbitzu anitzetako langileentzat, eta ebazpen honi erantsi zaio txostena, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 88. artikuluan xedatutakoarekin bat ("Onartutako txostenak eta irizpenak ebazpenaren testuari gehituko zaizkio; izan ere haien onarpena ebazpenerako arrazoitzat hartuko da"). Horrez gain, Orkoiengo 2025eko jaietako programak aztertu dira.

Ikusirik Nafarroako Administrazio Auzitegiak emandako probidentzia, 26-00249 gora jotzeko errekurtsoari dagokiona. Errekurtso hori José Ignacio Ropero Sánchezek, Orkoiengo Udaleko funtzionarioen LAB sindikatuko ordezkariak, aurkeztu zuen Orkoiengo Udalak emandako ebazpen baten aurka, zeinaren bidez lan-egutegi espezifiko bat ezarri baizitzaien zerbitzu anitzetako langileei. Errekurtsoan, hain zuen, azaldu zuen ez zegoela arrazoi nahikorik zerbitzu anitzetako langileek 2026rako lan-egutegi propioa izateko, eta, zehazkiago, ez zegoela arrazoi nahikorik derrigorrez lan egin beharreko egunak zehazteko, oporrak edo baimenak eskatzeko aukerarik gabe. Dena den, segurtasun juridikoa bermatze aldera, eta ebazpen honi gehitutako justifikazio eta arrazoi txostena ikusita (2026ko maiatzaren 22ko justifikazio eta arrazoi txostena, zeinaren bidez azaldu baitzen 2026rako lan-egutegi espezifikoa behar zela zerbitzuko anitzetako langileentzat), 2026ko lan-egutegia onesteko ebazpena sustatu nahi da.

Aintzat hartuta alkatetza honi dagokiola lan-egutegia onesteko eskumena, hala xedatuta baitago Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.2.h) artikuluan.

Horrenbestez,

Jarraikiz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikuluan xedatutakoari (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea),

EBAZTEN DUT

Lehenengoa.–2026ko lan-egutegia ezartzea Orkoiengo Udaleko Zerbitzu Anitzetako Alorrean diharduten langileentzat. Honako hauek izanen dira jaiegunak:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Martxoak 9: San Jose.

–Apirilaren 2a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 3a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 6a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.

–Irailaren 29a: San Migel. Herriko jaia.

–Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

–Azaroaren 2a: Santu Guztien Egunaren biharamuna.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Bigarrena.–Onestea 2026ko Orkoiengo Udaleko langile publikoen lan-egutegi orokorra eta Orkoiengo Udaleko zerbitzu anitzetako langileen lan-egutegi espezifikoa (I. eta II. eranskinak).

Hirugarrena.–Zehaztea Zerbitzu Anitzetako Alorreko langileen lanaldia zazpi ordu eta hogei minutukoa izanen dela egunean, astelehenetik ostiralera.

Laugarrena.–Urteko orduen soberakinagatik, honako egun hauek ezartzea lanik gabeko egun gisa:

–Martxoaren 20a.

–Uztailaren 6a.

–Irailaren 28a.

–Abenduaren 24a.

Bosgarrena.–Langile guztiek lan egin beharreko aldiak eta lanegunak zehaztea; hortaz, egun horietan ezin izanen da oporrik edo baimenik eskatu. Honako hauek izanen dira:

–Urtarrilaren 5a.

–Otsailaren 20a.

–Apirilaren 29 eta 30a.

–Ekainaren 8tik 26ra, ekainaren 20ko eta 21eko asteburua barne.

–Irailaren 21etik 25era.

–Abenduaren 23a, 30a eta 31.

Seigarrena.–Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiten laguntzeko neurriak aplikatzea, lanaldiaren malgutasunari dagokionez (dokumentua eranskin gisa gehitu da).

Zazpigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, bai eta Udalaren egoitza elektronikoan ere.

Orkoienen, 2026ko ekainaren 4an.–Alkate udalburua, Alejandro López Orejuela.

Iragarkiaren kodea: L2608406