126. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTABIAKO KONTZEJUA

Ordenantza fiskal orokorra, tributuak kudeatzeko, biltzeko eta ikuskatzeko. Behin betiko onespena

Artabiako Kontzejuak, 2026ko martxoaren 26an egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza fiskal orokor bat, kontzejuko tributuak kudeatzeko, biltzeko eta ikuskatzeko.

Jendaurrean jartzeko iragarkia argitara eman zen 2026ko 82. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 28an, eta jendaurreko aldian inork ez zuen alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta jarraian ematen da argitara haren testua.

Artabian, 2026ko ekainaren 10ean.–Kontzejuko burua, Óscar Julián Olivan Ocáriz.

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA, KONTZEJUKO TRIBUTUAK KUDEATZEKO, BILTZEKO ETA IKUSKATZEKO

1. artikulua. Oinarri juridikoa eta izaera.

Ordenantza hau ezartzen da jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau Kontzejuko mugarte osoan ezarriko da, indarra hartzen duen unetik beretik, harik eta aldatu edo indargabetzen den arte.

3. artikulua. Zerga-egitatea.

Zerga-egitatea da tributu bakoitza eratzeko legean zehaztutako aurrekontua, eta hura gauzatzeak sortzen du zerga-betebehar nagusia.

Tributu bakoitzaren legeak osatu egin dezake zerga-egitatearen zehaztapen zehatza, aipatuz zergapetzen ez diren kasuak.

4. artikulua. Ordaintzera behartutako subjektuak.

A.–Zergapekoak.

Zergapekoak dira zerga-betebeharrak dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, jarraikiz zerga arloko araudiari.

Besteak beste, Tributuei buruzko Lege Orokorrak ezartzen du honako hauek direla zergapekoak:

a) Zergadunak.

b) Zergadunaren ordezkoak.

c) Ordainketa zatikatuak egitera behartuta daudenak.

d) Atxikitzaileak.

e) Konturako sarrerak egitera behartuta daudenak.

f) Jasanaraztera behartuta daudenak.

g) Jasanarazpena jasatera behartuta daudenak.

h) Atxikipena jasatera behartuta daudenak.

i) Konturako sarrerak jasatera behartuta daudenak.

j) Oinordekoak.

k) Zerga-salbuespenen, -itzulketen edo -hobarien onuradunak, subjektu pasibo ez direnean.

Zergapekoak izanen dira, orobat, zerga arloko araudiak zerga-betebehar formalak betetzera behartzen dituenak.

Zergapekotzat hartuko dira, halaber, Legeak hala ezartzen duen kasuetan, jaraunspen jasogabeak, ondasun erkidegoak eta gainerako entitateak, baldin, nortasun juridikorik ez izanik ere, eratzen badute unitate ekonomiko bat edo ezarpena jar dakiokeen ondare bereizi bat.

Eta zergapekoak izanen dira, halaber, Legeak adierazten dituen erantzule solidarioak eta subsidiarioak.

B.–Subjektu pasiboak: zergaduna eta zergadunaren ordezkoa.

Subjektu pasiboa da zergapeko bat, Legearen arabera bete behar duena tributu-betebehar nagusia, bai eta hari dagozkion betebehar formalak ere, zergadun gisa nahiz haren ordezko gisa. Ez du subjektu pasiboaren izaera galduko zerga-kuota beste zergapeko batzuei jasanarazi behar dienak, salbu tributu bakoitzaren legeak besterik xedatzen badu.

Zergaduna da zerga-egitatea gauzatzen duen subjektu pasiboa.

Ordezkoa da subjektu pasibo bat, bete behar duena, legearen ezarpenagatik eta zergadunaren ordez, zerga-betebehar nagusia, bai eta horri dagozkion betebehar formalak ere. Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako zerga-betebeharren zenbatekoa, legeak besterik adierazi ezean.

C.–Oinordekoak: pertsona fisikoen ondorengoak eta pertsona juridikoen nahiz nortasunik gabeko erakundeen ondorengoak.

1. Pertsona fisikoen oinordekoak.

a) Zergapekoak hiltzean, jaraunsleei transmitituko zaizkie gauzatu gabeko zerga-betebeharrak, galarazi gabe legeria zibilean finkatzen dena jaraunspena eskuratzeari buruz. Inoiz ere ez zaio zehapenik transmitituko beste bati. Erantzulearen betebeharra ere ez da transmitituko, non eta ez den hil aurretik jakinarazi erantzukizuna bideratzeko erabakia.

b) Kausatzailea hiltzen den egunean zerga-zorra likidatuta ez egoteak ez du eragotziko sortutako zerga-betebeharrak ondorengoei transmititzea; kasu horretan, jarduketak haietako edozeinekin eginen dira, eta jarduketa horien ondoriozko likidazioa jakinarazi beharko zaie espedientean agertzen diren interesdun guztiei.

c) Jaraunspena jaso gabe dagoen bitartean, jaraunspen jasogabearen ordezkariak bete beharko ditu kausatzailearen zerga-betebeharrak.

2. Pertsona juridikoen eta nortasunik gabeko erakundeen oinordekoak.

a) Bazkide, partaide edo titularkideei eskualdatuko zaizkie likidatutako eta desegindako sozietateek eta nortasun juridikodun erakundeek betekizun dituzten zerga-betebeharrak, baldin eta legeak mugatzen badu bazkide, partaide edo titularkideen ondare-erantzukizuna, eta era solidarioan bete beharko dituzte nahitaez, muga dutela dagokien likidazio-kuotaren balioa.

b) Aldiz, legeak ez badu mugatzen bazkide, partaide edo titularkideen ondare-erantzukizuna, haiei osoki eskualdatuko zaizkie sozietateek eta nortasun juridikodun erakundeek betekizun dituzten zerga-betebeharrak, eta era solidarioan bete beharko dituzte nahitaez.

c) Sozietatearen edo erakundearen nortasun juridikoa azkentzen den unean zerga-zorra likidatuta ez egoteak ez du eragotziko sortutako zerga-betebeharrak ondorengoei eskualdatzea, eta jarduketa horiek edozein ondorengorekin egiten ahalko dira.

d) Oinordekoei eskatzen ahalko zaizkie artikulu honetan aipatutako sozietate eta entitateek egindako arau-hausteengatik izan litezkeen zehapenak, apartatuetan ezarritako moduan.

5. artikulua. Zerga erantzuleak.

Dagokion ordenantza fiskalak, legearen arabera, zerga-zorraren erantzule solidario edo subsidiario gisa eratzen ahalko ditu beste pertsona edo erakunde batzuk, zordun nagusiekin batera. Kontrakorik agintzen duen legezko arau espresurik izan ezean, erantzukizuna beti subsidiarioa izanen da.

1. Erantzule solidarioak.

Hauek izanen dira zerga-zorraren erantzule solidarioak:

a) Zerga arloko arau-hauste bat eragiten dutenak edo egiten aktiboki laguntzen dutenak. Horien erantzukizuna zehapenera ere zabalduko da.

b) Jaraunspen jasogabeen, ondasun erkidegoen eta gainerako erakundeen partaideak edo titularkideak, baldin, nortasun juridikorik gabekoak izanik ere, eratzen badute zergapetzen ahal den batasun ekonomiko bat edo ondare bereizi bat, erakunde horien zerga-betebehar materialei dagokienez bakoitzak dituen partaidetzen proportzioan.

c) Ustiategien edo jarduera ekonomikoen titulartasunean edo jardueran oinordeko direnak, edozein kontzepturengatik, aurreko titularrak bere gain hartutako zerga-betebeharrengatik eta horiek betetzetik eratorritakoengatik. Erantzukizuna, orobat, zabalduko da behar diren diru-sarrerak ez egitetik eratorritako betebeharretara, hots: egin diren edo egin behar diren atxikipenak eta konturako sarrerak ez egitetik eratorritako betebeharretara.

Ondoren aipatzen diren pertsona edo entitate hauek ere zerga-zorraren erantzule subsidiarioak izanen dira, harik eta berdintzen den arte zerga administrazioak bahitu edo besterentzen dituen ondasunen edo eskubideen balioa:

a) Pagatzera behartutakoaren ondasunak edo eskubideak eskualdatzen edo ezkutatzen dituztenak, edo horretan laguntzen dutenak, zerga administrazioaren lana galarazteko asmoz.

b) Beren erruz edo zabarkeriaz bahitzeko aginduak betetzen ez dituztenak.

c) Jakinda badirela enbargoa, kautelazko neurriak edo berme bat eratu dela, laguntzen dutenak enbargatutako ondasun edo eskubideak ostentzen, edo laguntzen dutenak kautelazko neurri baten edo berme baten xede diren ondasun eta eskubideak ostentzen, edo halakoak onartzen dituztenak.

d) Zordunaren ondasunak gordetzen dituzten pertsona edo entitateak, baldin enbargoaren jakinarazpena jaso ondoren, laguntzen badute ondasunak ostentzen, edo halakoak onartzen badituzte.

2. Erantzule subsidiarioak.

Hauek izanen dira zerga-zorraren erantzule subsidiarioak:

a) Zerga arloko arau-hausteak egin dituzten pertsona juridikoen izatezko edo zuzenbidezko administratzaileak, baldin eta ez badituzte beharrezko egintzak egin zerga arloko betebeharrak eta eginbeharrak betetzeko, onartu badute beren mende daudenek betebeharrak ez-betetzea, edo hartu badituzte arau-hausteak ahalbidetzeko erabakiak. Horien erantzukizuna zehapenetara ere zabalduko da.

b) Jarduera utzi duten pertsona juridikoen izatezko edo zuzenbidezko administratzaileak, haiek sortutako zerga-betebeharrengatik, baldin eta jarduera uztearen unean egiteke badaude, eta ez badute egin ordaintzeko beharrezkoa zena, edo hartu badituzte ez ordaintzea eragin duten erabakiak edo neurriak.

c) Konkurtso administrazioaren partaideak eta sozietate eta entitateen likidatzaileak, oro har, baldin eta ez bazituzten egin behar ziren kudeaketak, oso-osorik bete zitezen egoera horien aurretik sortutako zerga-betebeharrak, zergapekoei zegozkienak. Egoera horien ondoko zerga-betebeharrei eta zehapenei dagokienez, administratzaile gisa erantzunen dute, administrazio eginkizunak esleituak dituztenean.

d) Zerga-zorra ordaintzean, legez atxikitako ondasunen eskuratzaileak.

e) Aduanetako agenteak eta komisiodunak, jarduten dutenean beren komitenteen izenean eta horien kontura.

f) Haien jarduera ekonomiko nagusiari dagozkion obren exekuzioa edo zerbitzuak ematea kontratatzen edo azpikontratatzen duten pertsonak edo entitateak, hain zuzen ere, langile, profesional edo beste enpresaburu batzuei atxiki beharreko zenbatekoei edo jasanarazi beharreko tributuei dagozkien zerga-betebeharrengatik, kontratazioaren edo azpikontratazioaren xede diren obrei edo zerbitzuei dagokien zatian.

3. Erantzuleentzako prozedura.

3.1. Erantzukizuna deklaratzea.

a) Erantzukizuna noiznahi deklaratzen ahal da, likidazioa egin edo autolikidazioa aurkeztu ondoren, legeak besterik xedatu ezean.

b) Likidazioa emateko eskumena duen organoari dagokio erantzukizuna deklaratzeko administrazio-egintza emateko eskumena.

c) Erantzuleei aldez aurretik entzunaldia egiteak ez du galaraziko horiek duten eskubidea izapide hori baino lehen egoki iritzitako alegazioak egiteko eta beharrezkotzat jotzen duten dokumentazioa aurkezteko.

d) Erantzukizuna deklaratzeko egintza erantzuleei jakinaraziko zaie. Eduki hau izanen du jakinarazte egintzak:

–Erantzukizuna deklaratzeko erabakiaren testu osoa, honako hauek adierazita: gaikuntza ematen duen egintzaren aurrekontua eta aurrekontu horren likidazioak.

–Egintza horren aurka ezartzen ahal diren aurkaratze-bideak, zer organori aurkeztu behar zaizkion eta horiek aurkezteko epea.

–Erantzuleei eskatutako zenbatekoa ordaintzeko lekua, epea eta modua.

e) Erantzukizuna deklaratzeari buruzko erabakiaren kontrako erreklamazio edo errekurtsoaren bidez, aurkaratzen ahalko dira, gaikuntza ematen duen egintzaren aurrekontuaz gainera, baita aurrekontu horretako likidazioak ere. Betiere, errekurtso edo erreklamazio horien ondorioz, ez dira berrikusten ahalko irmo bilakatu diren likidazioak, soilik erantzulearen betebeharraren zenbatekoa.

f) Erantzuleak borondatezko epean ordaintzeko epea izanen da ezarrita dagoena abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52. artikuluan (Nafarroako Tributuei buruzko Foru Legea). Erantzuleak epe horretan ordaintzen ez badu, zorra premiamendu bidez eskatuko zaio, eta ezarriko da aipatutako legearen artikulu beraren arabera dagokion exekuzio epeko errekargua.

3.2. Erantzukizuna eskatzeko prozedura.

a) Honako hau izanen da erantzukizun solidarioa eskatzeko prozedura, kasuen arabera:

–Baldin erantzukizuna deklaratu bada eta erantzuleari jakinarazi bazaio eratorritako zorra borondatez pagatzeko epea bukatu aurretik, noiznahi, aski izanen da ordaintzeko eskatzea behin epe hori igaro ondoren.

–Gainerako kasuetan, behin eratorritako zorra ordaintzeko borondatezko epea igaro ondoren, organo eskudunak erantzukizuna deklaratzeko egintza emanen du, eta erantzuleari jakinaraziko zaio.

b) Honako hau izanen da erantzukizun subsidiarioa eskatzeko prozedura: behin kobraezintzat deklaratu ondoren zordun nagusia eta, hala badagokio, erantzule solidarioak, erantzukizuna deklaratzeko egintza emanen du artikulu honen arabera eskumena duen organoak, eta erantzule subsidiarioari jakinaraziko zaio.

3.3. Zergapekoen eskubideak eta bermeak.

Zergapekoek honako eskubide hauek dituzte, besteak beste, jarraikiz abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 9. artikuluari (Nafarroako Tributuei buruzko Foru Legeari):

a) Eskubidea du zerga administrazioaren aldetik informazioa eta laguntza jasotzeko, bere tributu betebeharrak betetzeko, betebehar horien eduki eta irismenari dagokienez.

b) Eskubidea du itzul dakizkion, foru lege honetan ezarri bezala, bidegabeki egindako diru-sarrerak eta ofizioz egoki direnak, eta, horretaz gain, berandutze-interesak, ezarrita daudenak foru lege honen 50.2.c) artikuluan, eta ez da beharrezkoa izanen hartarako errekerimendurik egitea.

59. artikuluan xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordainketa atzeratu eginen du, baldin eta subjektu pasiboak ez baditu bere tributu-betebeharrak egunean; hain zuzen ere, betebehar horiek bete arte atzeratuko du ordainketa.

Itzulketa horiei dagokienez, subjektu pasiboak Nafarroako Foru Ogasunarekiko bere tributu-betebeharrak egunean ez dituen epeetan, ez da berandutza-interesik sortuko. Era berean, prozeduran subjektu pasiboari egozten ahal zaizkion gainerako atzerapenak ez dira kontuan hartuko, sortutako berandutze-interesen epea kontatzeko ondorioetarako.

c) Eskubidea du dirua itzul dakion (foru lege honek agintzen duen moduan) egintza baten exekuzioa eteteko edo tributu-zor baten ordainketa geroratu edo zatikatzeko jarri dituzten abal eta beste bermeen kostua, baldin eta epai edo administrazio-ebazpen irmo batek deklaratzen badu egintza edo zor hori bidegabea dela osorik edo hein batean; eta legezko interesa ere ordainduta, horretarako eskaerarik egin beharrik gabe; eskubidea du, halaber, jarritako bermea proportzionalki gutxitzeko, aurkeztutako errekurtsoa edo erreklamazioa hein batean baiesten denean.

d) Eskubidea du partedun den prozeduren izapideak zertan diren jakiteko.

e) Eskubidea du jakiteko nor diren zerga administrazioko agintari eta langileak, hots, eskubidea du jakiteko bera interesduna den tributu kudeaketako prozedurak izapidetzeko ardura duten zerga administrazioko agintari eta langileak.

f) Eskubidea du eskatzeko berak aurkezten dituen aitorpenen ziurtagiria eta kopia.

g) Eskubidea du berriz ez aurkezteko lehendik aurkezturik dituen eta zerga administrazioak bere esku dituen dokumentuak.

h) Eskubidea du, legeetan aurreikusitako moduan, errespeta dadin zerga administrazioak lortu dituen datu, txosten edo aurrekarien ezkutuko izaera. Horiei ematen ahal zaien erabilera bakarra da benetan aplikatzea tributuak edo bitartekoak, administrazioak horien kudeaketa esleitua duenean, eta ezin izanen zaizkie hirugarrenei laga edo jakinarazi, salbu legeetan aurreikusitako kasuetan.

i) Eskubidea du behar bezalako errespetuz eta begiramenez trata dezaten zerga administrazioko langileek.

j) Eskubidea du, baldin zerga administrazioaren jarduketek eskatzen badute berak parte hartzea, jarduketak ahalik eta arinen izanen zaion moduan egiteko.

k) Eskubidea du alegazioak egin eta dokumentuak aurkezteko. Hala, erakunde eskudunek kontuan hartuko dituzte dokumentu horiek, kasuan kasuko ebazpen-proposamena idazterakoan.

l) Eskubidea du entzunaldiaren izapidean entzuna izateko, ebazpena eman baino lehen.

m) Eskubidea du informazioa jasotzeko, erosi edo eskualdatuko diren ondasun higiezinen balioaz.

n) Eskubidea du informazioa jasotzeko, zerga arloko ikuskaritza egiaztatzen edo ikertzen hastean, egiaztatze eta ikertze horien izaeraz eta irismenaz, bai eta ekintza horiek dirauten bitartean dituen eskubide eta betebeharrez ere, eta eskubidea du, halaber, ekintza horiek egin daitezen foru lege honetan agindutako epeetan.

6. artikulua. Egoitza fiskala.

Egoitza fiskala da zergapekoak duen kokalekua, zerga administrazioarekin dituen harremanetan.

Hauek izanen dira egoitza fiskalak:

a) Pertsona fisikoentzat, ohiko bizilekua. Ulertuko da biztanleen erroldan ageri den helbidea dela, salbu kontrako frogarik bada eta jakinarazpenetarako espresuki beste helbide bat adierazten bada.

b) Pertsona juridikoentzat, haien egoitza soziala, betiere bertan baldin badago zentralizatua haien administrazio kudeaketa eta negozioen zuzendaritza. Horrela ez bada, aipatutako kudeaketa edo zuzendaritza gauzatzen diren tokia izanen da.

Aurreko irizpideen arabera ezin denean zehaztu egoitza fiskala non dagoen, lehenetsiko da ibilgetuaren baliorik handiena dagoen lekua.

c) Jaraunspen jasogabeen kasuan, ondasun erkidegoen kasuan eta, nortasun juridikorik gabekoak izanik ere, zergapetzen ahal den batasun ekonomiko edo ondare bereizi bat eratzen duten gainerako entitateen kasuan, aurreko letrako arauak aplikatuko dira.

d) Espainian bizi ez diren pertsona edo erakundeen kasuan, egoitza fiskala zehaztuko da tributu bakoitzaren araudian ezarritakoaren arabera.

Zergapekoek egoitza fiskala komunikatu beharko diote administrazioari, eta, aldatzen bada, horren berri ere bai. Jarduera ekonomikorik egiten ez duten pertsona fisikoek ez badute hori betetzen, arau-hauste arina izanen da, eta zehapena 100 euroko diruzko isun finkoa izanen da.

7. artikulua. Zerga-oinarria.

Zerga-oinarria da zerga-egitatea neurtu edo baloratzean ateratzen den diru magnitudea edo bestelako magnitudea.

Tributu bakoitzaren legeak ezarriko ditu zerga-oinarria zehazteko metodoak, eta oinarri hori zehazten ahalko da honako hauen bitartez: zuzeneko zenbatespen metodoak, zenbatespen objektiboa eta zenbatespen zeharkakoa.

Zerga administrazioak ezin baditu zerga-oinarria zehazteko beharrezkoak diren datuak eskuratu, hainbat arrazoirengatik (aitorpenak ez aurkeztea edo aitorpen ez-osoak edo ez-zehatzak aurkeztea; ikuskapen jardunari jarkitzea, hura oztopatzea, aitzakia jartzea edo ukatzea; kontabilitateko edo erregistroko betebeharrak funtsean ez betetzea; eta kontabilitateko liburu eta erregistroak edo haietan jasotako eragiketen egiaztagiriak desagertu edo suntsitzea, ezinbesteko arrazoiak tarteko), zenbatespen metodoa zeharkakoa izanen da, eta oinarriak edo etekinak zehaztuko dira honako bitarteko hauek edo hauetako batzuk batera aplikatuz:

a) Horretarako garrantzitsuak diren datu eta aurrekariak aplikatzea.

b) Halako elementu batzuk erabiltzea zeinek frogatzen duten, zeharka, badirela ondasunak eta errentak, bai eta dagokion sektore ekonomikoan normalak diren diru-sarrerak, salmentak, kostuak eta etekinak ere, kontuan hartuta zergen ikuspegitik alderatu behar diren produkzio edo familia unitateak.

c) Baloratzea zergapekoen magnitude, indize, modulu edo datuak, antzeko kasuetan edo baliokideetan eskuratutako datuen edo aurrekarien arabera.

Likidazio oinarria da zerga-oinarriari, hala badagokio, legean ezarritako murriztapenak egitearen emaitza.

8. artikulua. Hobariak eta salbuespenak.

Ez da beste zerga onurarik onartzen ahalko Kontzejuaren tributuetan, salbu lege mailako arauetan berariaz aurreikusitakoak edo nazioarteko itunen aplikaziotik eratorritakoak.

Nolanahi ere, aitortzen ahalko dira toki-erakundeek beren ordenantza fiskaletan ezartzen dituzten zerga onurak ere, legeak berariaz aurreikusitako kasuetan. Zehazki, eta ordenantza horiek aurreikusten dituzten baldintzetan, kuotaren %5erainoko hobaria ezartzen ahalko dute subjektu pasiboen alde, baldin eta finantza erakunde batean helbideratzen badituzte aldizkako epemugako zorrak, ordainketak aurreratzen badituzte edo egiten badituzte diru-sarrerak biltzeko lankidetza eskatzen duten jarduerak.

Tokiko tributuen arloan zerga onurak ezartzen dituzten legeek zehaztuko dituzte konpentsazio formula egokiak. Formula horiek kontuan hartuko dute zer aukera dagoen aipatutako zerga onurak ezartzen zaizkien zergetatik toki-erakundeek lortutako baliabideak etorkizunean hazteko.

9. artikulua. Karga-tasa, kuota likidoa eta zerga-zorra.

Hauxe da karga-tasa: kuota osoa lortzeko, likidazio oinarriari aplikatzen zaion zifra, koefizientea edo ehunekoa.

Kuota osoa honela zehaztuko da:

a) Likidazio oinarriari karga-tasa aplikatuz.

b) Tarifa bat aplikatuz (horren ondoriozko zenbatekoa).

c) Dagokion ordenantzan horretarako ezarritako kopuru finkoaren arabera.

d) Aurreko b) eta c) letretan adierazitako prozedurak batera aplikatzearen ondoriozko zenbatekoaren arabera.

Zerga-zorra da subjektu pasiboak Kontzejuaren diruzaintzari zor dion zenbatekoa; izanen da aurreko paragrafoan aipatutako kuota, edo konturako ordainketak egiteko betebeharretatik ateratzen dena.

Honako hauek eratuko dute:

a) Zerga-betebehar nagusiaren ondorioz ordaindu beharreko kuota edo zenbatekoa, edo konturako ordainketak egiteko betebeharren ondorioz ordaindu beharreko kuota edo zenbatekoa.

b) Berandutze-interesa.

c) Garaiz kanpo aitortzeagatiko errekarguak.

d) Epe exekutiboko errekarguak.

e) Oinarri edo kuoten gainean legez eskatzen ahal diren errekarguak, dela diruzaintza publikoaren alde dela beste erakunde publiko baten alde.

Ez dira zerga-zorraren parte izanen abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren III. tituluan xedatutakoaren arabera ezartzen diren zerga arloko zehapenak (Nafarroako Tributuei buruzko Foru Legea), baina horien bilketan aplikatuko dira lege horren III. tituluko V. kapituluan jasotako arauak.

10. artikulua. Zorra iraungitzea eta ordaintzea.

Zerga-zorrak azkentzen ahalko dira ordaintzeagatik, preskripzioagatik, konpentsazioagatik edo barkamenagatik.

A.–Ordainketa.

Zerga-zorraren ordainketa eskudirutan egin behar da. Efektu tinbratuen bitartez ere egiten ahalko da, hala xedatzen denean.

Zerga-zor bat eskudirutan ordaindu dela ulertuko da baldin zenbatekoa Kontzejuaren bulegoan ordaindu bada, edo behar bezala baimendutako entitateetan. Efektu tinbratuen kasuan, zerga-zorra ordainduta dagoela ulertuko da baldin zehaztutako moduan erabiltzen badira.

Zerga bakoitzaren araudian ezarritako epeetan eta moduan ordaindu beharko da.

B.–Preskripzioa.

Lau urteren buruan preskribatuko dira:

a) Administrazioak duen eskubidea zerga-zorra zehazteko, dagokion likidazioa eginez.

b) Administrazioak duen eskubidea eskatzeko ordaindu daitezela tributu-zor likidatu eta autolikidatuak.

c) Honako hauek eskatzeko eskubidea: tributu bakoitzaren araudiaren araberako itzulketak, sarrera bidegabeen itzulketak eta bermeen kostuaren diru-itzultzea.

d) Honako hauetatik eratorritako itzulketak eskuratzeko eskubidea: tributu bakoitzaren araudiaren araberako itzulketak, sarrera bidegabeen itzulketak eta bermeen kostuaren diru-itzultzea.

Preskripzio epea etenda geldituko da kasu hauetan:

1. Aurreko a) letraren kasuan:

–Zerga administrazioaren edozein egintzagatik, betiere zergapekoak horren berri duela formalki, baldin egintza horrek berekin ekarri behar badu zerga-zorraren elementu guztiak edo zati bat onartzea, erregularizatzea, egiaztatzea, ikuskatzea, ziurtatzea eta likidatzea.

–Edozein erreklamazio edo errekurtso aurkeztuta.

–Zergapekoaren edozein jarduketa fede-emaile dela medio, baldin jarduketa horrek berekin ekarri behar badu zerga-zorra likidatzea edo autolikidatzea.

2. Aurreko b) letraren kasuan:

–Zerga administrazioaren edozein ekintzagatik, betiere zergapekoak horren berri formalki duela, baldin zerga-zorra benetan biltzera bideratuta badago.

–Edozein erreklamazio edo errekurtso aurkeztuta.

–Zergapekoaren edozein jarduketa fede-emaile dela medio, baldin jarduketa horrek berekin ekarri behar badu zerga-zorra ordaintzea edo azkentzea.

3. Aurreko c) letraren kasuan:

–Zergapekoaren edozein jarduketa fede-emaile dela medio, baldin jarduketa horrek berekin ekarri behar badu autolikidazioa itzultzea, diru-itzultzea edo zuzentzea.

–Edozein erreklamazio edo errekurtso mota aurkeztuta, izapidetuta edo ebatzita.

4. Aurreko d) letraren kasuan:

–Zerga administrazioak itzultzeko edo dirua itzultzeko egiten duen edozein ekintzagatik.

–Zergapekoaren edozein jarduketa fede-emaile dela medio, zeinaren bidez eskatzen baita itzulketa ordaintzea edo diru-itzultzea.

–Edozein erreklamazio edo errekurtso mota aurkeztuta, izapidetuta edo ebatzita.

Zergapekoaren preskripzio epea etendakoan, etenduraren eragina gainerako zergapekoentzat ere izanen da, erantzuleak barne. Dena dela, betebeharra mankomunatua bada, eta zergapekoetako bakar bati erreklamatzen bazaio dagokion zatia, epea ez zaie gainerakoei etenen.

Baldin zor likidatu bat baino gehiago badago zergapeko bakar baten kargura, egoki den zorrari dagokionez bakarrik etenen da preskripzioa.

Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, baita zerga-zorra ordaindu den kasuetan ere, eta ez da beharrezkoa izanen zergadunak eskatzea edo hura salbuestea.

Preskripzio lortuak zerga-zorra azkentzen du.

C.–Konpentsazioa.

Konpentsazioa ofizioz edo zergapekoak eskatuta erabakiko da.

Zergapeko baten zerga-zorrak erabat edo partzialki azkentzen ahalko dira, konpentsazioa eginez, administrazio-egintza bidez zergapekoaren alde aitortutako kredituekin, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan.

D.–Barkamena.

Zerga-zorrak legearen arabera baino ez dira barkatzen ahalko, bertan zehazten diren zenbatekoan eta betekizunekin.

11. artikulua. Zerga-zorraren bermeak.

Kontzejuaren diruzaintzak lehentasuna izanen du, mugaeguneratutako eta ordaindu gabeko zerga kredituak kobratzeko, lehiatzen denean beste hartzekodun batzuekin batera, salbu eta direnean jabari, bahi, hipoteka edo bestelako eskubide erreal batzuen hartzekodunak, eta horiek behar bezala inskribaturik daudenean dagokion erregistroan, Kontzejuaren diruzaintzaren eskubidea jasotzen den eguna baino lehen.

Erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunak edo eskubideak edo horien zuzeneko produktuak aldizka zergapetzen dituzten tributuetan, Kontzejuak lehentasuna izanen du, beste edozein hartzekodun edo eskuratzaileren gainetik (nahiz eta horiek beren eskubideak inskribatu) zorrak kobratzeko, hots: ordainketa eskatzen den urte naturalari eta aurrekoari dagozkien zorrak (sortutakoak eta ordaindu gabekoak) kobratzeko.

12. artikulua. Tributu-kudeaketa.

A.–Tributu-kudeaketa.

Kontzeju honek kudeatuko ditu Kontzejuko tributuak, jarraikiz honako arau hauei, kudeaketari aplikatu behar baitzaizkio: Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea, zergak eta zerga bilketaren kudeaketaren xede diren gainerako baliabideak arautzen dituzten arauak, nazioarteko edo nazioz gaindiko entitateen itunak, akordioak, hitzarmenak eta gainerako arauak, eta uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretua eta hura garatzeko arauak.

Tributu-kudeaketa da beharrezko administrazio eginkizunak gauzatzea, zeregin hauek betetzeko:

a) Aitorpenak, autolikidazioak, datuen komunikazioak eta zerga eragina duten gainerako agiriak jasotzea eta izapidetzea.

b) Zerga araudian ezarritako itzulketak egiaztatzea eta egitea.

c) Zerga onuren bidezkotasuna aitortzea eta egiaztatzea, jarraikiz kasuan kasuko prozedura arautzen duen araudiari.

d) Fakturatzeko betebeharra kontrolatzea eta haiek errazteko akordioak egitea, tributuan eragina duten heinean.

e) Behar diren jarduketak egitea, kontrolatzeko betetzen dela zerga aitorpenak eta bestelako betebehar formalak aurkezteko betebeharra.

f) Datuak egiaztatzeko jarduketak egitea.

g) Balioak egiaztatzeko jarduketak egitea.

h) Egiaztapen mugatuko jarduketak egitea.

i) Egindako egiaztatze eta egiaztapen jarduketen ondoriozko tributu-likidazioak egitea.

j) Zerga ziurtagiriak ematea.

k) Identifikazio fiskaleko zenbakia ematea eta, hala badagokio, errebokatzea, berariazko araudian ezarritako baldintzetan.

l) Zergen erroldak eratzea eta mantentzea.

m) Zergei buruzko informazioa eta laguntza ematea.

n) Zergak aplikatzeko gainerako jarduketak egitea, ez daudenak sartuta ikuskapen eta bilketa eginkizunetan.

B.–Hasteko bideak.

Tributu-kudeaketa honela hasiko da:

a) Autolikidazio batengatik, datuen komunikazio batengatik edo beste edozein aitorpen mota batengatik.

b) Zergapekoak egindako eskaera baten ondorioz.

c) Ofizioz, zerga administrazioak.

B.1. Zerga aitorpentzat hartuko da zerga administrazioan aurkezten den dokumentu oro, baldin aitortzen edo adierazten badu zergen aplikaziorako garrantzitsua den edozein gertaera. Aitorpen bat aurkezteak ez dakar berekin zergapekoak onartzea edo aitortzea zerga-betebeharra bidezkoa dela.

B.2. Autolikidazioak aitorpen mota bat dira, non zergapekoek, administrazioari zerga likidatzeko behar diren datuak emateaz gain eta beste datu informatibo batzuk emateaz gain, bere kabuz egiten baititu zerga zorra zehazteko eta ordaintzeko egin behar diren eragiketak, zerga zorra zehazteko eta diru-sarrera egiteko, edo, hala badagokio, itzuli edo konpentsatu behar zaion kopurua zehazteko.

Zergapekoek aurkeztutako autolikidazioak egiaztatzen eta ikuskatzen ahal ditu administrazioak, eta, behar izanez gero, egoki den likidazioa eginen du.

Baldin zergapeko batek uste badu autolikidazio batek kalte egin diela bere interes bidezkoei, eskatzen ahalko du autolikidazio hori zuzentzeko, jarraikiz erregelamendu bidez araututako prozedurari.

Autolikidazio baten zuzenketak eragiten badu itzulketa bat, zerga arloko araudiaren ondorioz, eta sei hilabete igarotzen badira ordainketa agindu gabe, Kontzejuaren zerga administrazioari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, Kontzejuaren zerga administrazioak ordaindu beharko du itzulketaren zenbatekoaren gaineko berandutze-interesa, zeina zehaztu baita uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren 98. artikuluan, zergapekoak eskatu beharrik gabe. Ondorio horietarako, sei hilabeteko epea hasiko da autolikidazioa aurkezteko epea akitzen denetik, edo, epe hori akituta badago, zuzenketa eskaera aurkezten denetik.

Autolikidazio baten zuzenketak eragiten badu bidegabeko diru-sarrera bat itzultzea, Kontzejuaren zerga administrazioak berandutze-interesa ordainduko du, 177/2001 Foru Dekretuaren 98. artikuluan adierazitako baldintzetan.

Era berean, zergapekoek aurkezten ahalko dituzte autolikidazio osagarriak edo aitorpen edo komunikazio osagarri edo ordezkoak, horretarako ezarritako epean edo epe hori gainditu eta gero, betiere ez badu preskribatu administrazioak zerga zorra zehazteko duen eskubideak. Azken kasu horretan, garaiz kanpokotzat hartuko dira.

B.3. Datuen komunikaziotzat hartzen da zergapekoak Administrazioari aurkeztutako aitorpena, hark zehaztu dezan itzuli beharreko zenbatekoa, hala badagokio. Komunikazio hori aurkeztuz gero, ulertuko da itzultzeko eskaera egin dela.

C.–Ebazteko betebeharra, ebazteko epeak eta berariazko ebazpenik ez izatearen ondorioak.

Zergak aplikatzeko prozeduretan, Kontzejuaren zerga administrazioak berariazko ebazpen bat eman behar du, honako hauetan zehaztutako epeetan eta ondorioekin: abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 79. eta 87. artikuluak (Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra), edota prozedura bakoitza arautzen duen araudia.

Berariazko ebazpena emateko epeak eten eginen dira beste administrazio publiko batean edozein izapide gauzatzen den bitartean.

Alderdi batek eskatuta zerga onurak aitortzeko edo emateko hasitako prozeduretan, ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, ezetsi eginen da, galarazi gabe administrazioak berariazko ebazpena emateko duen betebeharra.

D.–Tributu arloko jakinarazpenak.

Jakinarazpenen araubidea izanen da administrazio-arau orokorretan aurreikusitakoa, abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritako berezitasunekin (Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak), baita tokian tokiko zergen gainerako arau erregulatzaileetan ezarritako berezitasunekin ere.

Interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan, jakinarazpena eginen da zergapekoak edo haren ordezkariak horretarako adierazitako lekuan, edo, halakorik ezean, bataren edo bestearen egoitza fiskal gisa zehaztuta dagoen lekuan.

Ofizioz hasitako prozeduretan, jakinarazpena leku hauetan egiten ahalko da: zergapekoaren edo haren ordezkariaren egoitza fiskal gisa ageri den lekuan, lantokian, jarduera ekonomikoa gauzatzen den lekuan, edo horretarako egokia den beste edozein lekutan.

Jakinarazpena egiten bada zergapekoak edo haren ordezkariak horretarako adierazitako lekuan, edo bataren edo bestearen egoitza fiskalean, eta, entregaren unean bertan ez badaude, haren ardura hartzen ahalko du toki edo helbide horretan dagoen eta nor den adierazten duen edozeinek, eta, orobat, haren ardura hartzen ahalko du jakinarazpenetarako adierazitako tokia edo zergapekoaren edo haren ordezkariaren egoitza fiskala kokatuta dagoen bizilagunen edo jabeen komunitateko langileek.

Jakinarazpena egintzat hartuko da, baita interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpena jaso nahi ez duenean ere.

D.1. Agerraldiaren bidezko jakinarazpena.

Administrazioari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ezin bazaio zergapekoari edo haren ordezkariari jakinarazpenik egin, eta gutxienez bitan egin bada saiakera zerga egoitzan edo interesdunak horretarako adierazitako lekuan, haren eskariz hasitako prozedura bada, espedientean jasoko dira jakinarazteko saiakeren inguruabarrak. Saio bakar bat aski izanen da baldin hartzailea ezezaguna bada helbide edo toki horretan.

Kasu horretan, zergapekoa edo haren ordezkaria zitatuko da, jakinarazpena jasotzera ager dadin, iragarki bidez. Iragarki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behin bakarrik interesdun bakoitzarentzat. Hilabete bakoitzeko asteazkenetan argitaratuko dira iragarki horiek, edo, egun horietan aldizkari ofizialik argitaratzen ez bada, aldizkaria ateratzen den lehenbiziko egunean.

Interesdunaren azken bizilekuari dagozkion kontzejuetan ere paratzen ahalko dira ikusgai iragarki horiek. Aipatutako iragarki horiek egiteko, zerga administrazioak erabiltzen ahal ditu baliabide informatikoak, elektronikoak eta telematikoak, betiere aurreikusten denarekin bat.

Argitaratzen denean, egiteko dauden jakinarazpenen zerrenda agertuko da, honako hauek adierazita: zergapekoa edo haren ordezkaria, oinarrian den prozedura, izapidetzeaz arduratzen den organoa, eta horien hartzaileak non eta zein epetan agertu behar duen jakinarazpenaren berri izateko. Betiere, agerraldia 15 egun naturaleko epean egin beharko da, iragarkia Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori iragaten bada inor agertu gabe, jakinarazpena egintzat hartuko da, legezko ondorio guztietarako, agertzeko ezarritako epea bukatu eta biharamunean.

Prozedura baten hasiera edo haren edozein izapide jakinarazitzat jotzen denean zergapekoa edo haren ordezkaria agertu ez delako, prozedura horren ondoz ondoko jarduketak eta eginbideak jakinarazitzat joko dira, eta eutsiko zaio prozeduraren edozein unetan agertzeko duen eskubideari, salbu prozeduran ematen diren likidazioak eta enbargatutako ondasunak besterentzeko akordioak, horiek jakinarazi beharko baitira atal honetan ezarritakoaren arabera.

E.–Tributu arloko kudeaketarako prozedurak: egiaztapena eta ikerketa.

Besteak beste, hauek dira tributu arloko kudeaketarako prozedurak:

a) Autolikidazio bidez, eskaera bidez edo datuen komunikazio bidez hasitako itzulketa prozedura.

b) Aitorpen bidez hasitako prozedura.

c) Datuak egiaztatzeko prozedura.

d) Balioa egiaztatzeko prozedura.

e) Egiaztapen mugatuko prozedura.

Hala, Kontzejuaren zerga administrazioak egiaztatzen eta ikertzen ahalko ditu zerga-betebeharra osatzen duten egitateak, egintzak, elementuak, jarduerak, ustiaketak, negozioak, baloreak eta gainerako inguruabarrak, egiaztatzeko behar bezala betetzen direla hartarako aplikatzekoak diren arauak.

Egiaztatzeko edo ikertzeko eginkizunak gauzatzean, Kontzejuaren zerga administrazioak kalifikatuko ditu zergapekoak egindako egitate, egintza edo negozioak, edozein izanik ere zergapekoak aldez aurretik horiei emandako kalifikazioa.

Zerga-onurak emateko edo aitortzeko egintzak behin-behinekoak izanen dira, baldin eta baldintza bada betetzea etorkizuneko beharkizun jakin batzuk, edo baldintza bada betetzea eman ziren prozeduran egiaztatu gabeko baldintza jakin batzuk. Kontzejuaren zerga administrazioak egiaztatzen ahalko du, tributuak aplikatzeko ondorengo prozedura batean, betetzen direla baldintza edo betekizun horiek, eta, hala badagokio, zergapekoaren zerga egoera erregularizatzen ahalko du, aldez aurretik berrikusi beharrik gabe behin-behineko egintza horiek, jarraikiz abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren VII. kapituluari (Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra).

Erregelamendu bidez arautzen ahalko dira tributu-kudeaketarako beste prozedura batzuk.

13. artikulua. Tributu-likidazioa.

Tributu-likidazioa ebazteko egintza bat da; egintza horren bidez, Kontzejuaren diruzaintzak beharrezkoak diren kuantifikazio eragiketak egiten ditu, eta zehazten du zerga zorraren zenbatekoa edo, hala badagokio, zerga araudiaren arabera itzuli edo konpentsatu beharreko zenbatekoa.

A.–Tributu-likidazio motak.

Tributu-likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.

Hauek hartuko dira behin betiko tributu-likidaziotzat:

a) Ikuskapen prozeduran egindakoak, zerga betebeharraren elementu guztiak egiaztatu eta ikertu ondoren.

b) Tributu arloko araudiak izaera hori ematen dien gainerakoak.

Gainerako kasuetan, tributu-likidazioak behin-behinekoak izanen dira.

B.–Tributu-likidazioen jakinarazpena.

Likidazioak zergapekoei jakinarazi beharko zaizkie, honako honetan ezarritako baldintzetan: abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 99. artikulua (Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra).

Likidazioak honako hauek adierazita jakinaraziko dira:

a) Zergapekoaren identifikazioa.

b) Zerga-zorraren zenbatekoa zehazten duten elementuak.

c) Likidazioen motibazioa, baldin likidazioak egokitzen ez bazaizkie zergapekoak emandako datuei edo zergapekoak egindako araudiaren aplikazioari edo interpretazioari, eta adierazi beharko dira zergapekoak berak emandako funtsezko datuak eta elementuak, bai eta zuzenbideko oinarriak ere.

d) Erabiltzen ahal diren aurkaratze bideak, zer organori aurkeztu behar zaizkion eta horiek aurkezteko epea.

e) Zerga-zorra ordaindu behar den tokia, epea eta modua.

f) Behin-behinekoa ala behin betikoa den.

Aldizka ordainagiri bidez kobratzen diren zergetan, jakinarazi ondoren kasuan kasuko erregistro, errolda edo matrikulan egindako altari dagokion likidazioa, hurrengo likidazioak multzoka jakinaraziko dira, hala adierazten duten ediktuen bidez.

Horretarako, arloko kudeaketako organoak onetsiko ditu erroldak edo matrikulak zergaldi bakoitzean, eta, onartu ondoren, jendaurrean jarriko dira hamabost eguneko epean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Era berean, iragarkia tirada handieneko egunkari batean argitaratzen ahalko da, gutxienez.

14. artikulua. Diru-bilketaren kudeaketa.

A.–Tributu arloko diru-bilketa.

Tributu arloko diru-bilketa da behar den eginkizun administratiboa betetzea, gauzatu daitezen zuzenbide publikoko zerga kredituak eta gainerakoak.

Diru-bilketa egin daiteke:

a) Borondatezko epean, zergapekoak egoki diren epeetan ordainduz edo betez, hots, abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52. artikuluan ezarritako epeetan ordainduz edo betez (Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra). Zerga arautzen duen ordenantzan adierazitako epeetan egin beharko da, edo, halakorik ez bada, artikulu honetan xedatutakoaren arabera.

b) Epe exekutiboan, zergapekoak bere kabuz ordainduz edo betez, edo, halakorik ezean, premiamenduzko administrazio prozeduraren bidez. Epe exekutiboa kasu hauetan hasiko da:

a) Zerga administrazioak likidatutako zorren kasuan, ordaintzeko erregelamenduz ezarritako epea akitu eta biharamunean.

b) Aurkeztutako aitorpen likidazioaren edo autolikidazioaren bidez ordaindu beharreko zorren kasuan, diru-sarrera egiten ez bada, diru-sarrera hori egiteko ezarritako arauzko epea akitzen denean, edo, epe hori akituta badago, haiek aurkeztean.

Aurkezten bada borondatezko epean ordainketa geroratzeko, zatikatzeko edo konpentsatzeko eskaera bat, espediente horiek izapidetu bitartean ezin izanen da epe exekutiboa hasi.

Zehapen baten aurka aurkeztuz gero errekurtso edo erreklamazio bat, behar den moduan eta epean, epe exekutiboa ezin izanen da hasi harik eta zehapena administrazio bidean irmo bilakatu eta borondatez ordaintzeko epea bukatu arte.

Aldizkako epemugadun zerga eta prezio publikoen kasuan, zorra ordaindu beharko da dagokion kobrantza-ediktuan ezarritako epeetan, ordenantza honetan xedatutakoaren arabera, eta argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean behar bezala.

Ordainketa errazteko, zerga administrazioak komunikazio bat bidaliko du, eta ordainketa dokumentu gisa erabiltzen ahalko da.

Lizitazio publikoen edo itunen bidez esleitutako emakiden ondorioz sortutako tasak eta prezio publikoak gauzatuko dira lizitazio prozedura arautzen duen baldintza agirian ezarritako moduan eta unean, edo, halakorik ezean, adjudikazioa, lizitazioa edo ituna egiten denean. Baldin tasek edo prezio publikoek finantzatzen badituzte adjudikaziodunak ematen dituen Kontzejuaren zerbitzuaren gastuak, diru-bilketaren emaitza adjudikaziodunari lagata, Kontzejuko administrazioak aurrekontuari egotzi beharko dizkio eragiketa horiek, gastua fiskalizatu ondoren, kasuan-kasuan dagokion formalizazioko kontabilitate mugimenduaren bidez.

B.–Ordaintzeko bideak.

B.1. Ordaintzeko modua.

Zorrak eskudirutan ordainduko dira, edo, bestela, efektu tinbratuen bitartez, ordenantza bakoitzaren arauetan xedatzen den bezala.

Berariaz xedatzen ez bada, ordainketa eskudirutan eginen da. Zorrak eskudirutan ordaindu behar diren kasuetan, honako bitarteko hauetako bat erabili beharko da:

a) Legezko dirua.

b) Bankuko edo aurrezki kutxako kontu korronteko txeke adostua.

c) Banku-txekea.

d) Kreditu txartela eta zordunketa txartela.

e) Banku edo aurrezki kutxako abonamendu edo transferentzia gutuna, kontzeju honen alde propio irekitako kontuetan.

f) Banku helbideratzea.

g) Bankuko transferentzia.

h) Kontzeju honek eskudirutan ordaintzeko beste edozein bide baimentzen ahalko du, baldin merkataritza trafikoan ohikoa bada eta legez onartuta badago.

Txeke bidezko ordainketen kasuan, txeke horrek, merkataritzako legeriak eskatutako baldintza orokorrak betetzeaz gain, izenduna izan beharko du, Kontzejuko diruzaintzaren alde.

Kreditu eta zordunketa txartelaren bidezko ordainketari dagokionez, ordaintzeko modu hori onargarria izanen da, baldin eta erabili beharreko txartela badago erakunde kudeatzaile eta laguntzaileek horretarako onartzen dituzten txartelen artean. Hala, ordainketa honela egiten ahalko da:

–Saltokiko datafonoak edo saltokiko terminalak (ST) erabiliz; horiek egon behar dute kasuan kasuko zerbitzuak edo jarduerak egiteaz arduratzen diren diru-bilketarako bulegoan edo Kontzejuaren zerbitzuetan.

–Online ordainduz, toki-erakundearen webgunean dagoen ordainketa-pasabide baten bidez, zeina banku erakunde batek eskaini behar baitu. Hala, ordainagiri bat ordaintzen ahalko da banku txartel baten kargura. Horretarako, ordainketa-gutun bat eduki beharko da (ordainagiria, isuna, likidazioa...), ordainketa-pasabidean sartu ahal izateko ordaindu beharreko balioa identifikatzen duten datuak.

Egin beharreko ordainketen muga izanen da erakunde jaulkitzaileak txartel bakoitzari banaka esleitutakoa, eta inola ere ez du gainditzen ahalko Kontzejuko organo eskudunak sarrera agiri bakoitzeko ezartzen duen zenbatekoa. Nolanahi ere, sarrera-dokumentu bererako, ez da baliatzen ahalko onartutako beste edozein ordainketa bitartekorekin batera. Zergapekoek kreditu edo zordunketa txartelen bidez ordaintzen dituzten zenbatekoak ezin dira murriztu txartel horiek erabiltzeagatik dauden deskontuengatik edo bestelako arrazoiengatik. Kreditu eta zordunketa txartelaren bidez egindako sarrerak Kontzejuaren kontu korronteetan sartu diren egunean egindakotzat joko dira, eta ordainbide hori erabiltzeak sortzen dituen komisioak banku gastu gisa izapidetuko ditu diruzaintzak.

Aldizkako epemugadun zorrak direnean, ordainketa helbideratzen ahalko da baimendutako kreditu erakunde laguntzaileetan irekitako kontuetan. Helbideratzea egiteko, zergadunek helbideratze agindua bete beharko dute. Agindu hori kontzeju honetan entregatu beharko da, bertan ezarritako prozeduraren bidez. Beste modu bat da kreditu erakunde laguntzailearen bidez egitea, zorra kobratzeko unean, bere kontuan zordunduta.

Zergadunari "aribideko" zerga betebeharrak betetzen laguntzeko, eta banku helbideratzea ordainketa bide egokiena izan dadin sustatzeko, banku helbideratzeak aurkezteko epea eta aurkeztutako helbideratze aginduak aldatzeko eskaerak zergadunak egin beharko ditu, kobrantzarako borondatezko epea hasi baino gutxienez 2 egun natural lehenago. Bestela, borondatez ordaintzeko hurrengo epetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Ordainketen helbideratzeak epemugarik gabe izanen dute balioa, baldin eta interesdunak ez baditu baliogabetzen, baldin eta kobrantza tresnak aurkeztu behar diren gordailu erakundeak atzera botatzen ez baditu, edo baldin eta administrazioak, arrazoi justifikatuak direla medio, haiek baliogabetzea berariaz xedatzen ez badu. Helbideratutako ordainagiriak behin eta berriz ez ordaintzeak eragiten ahal du administrazioak helbideratzean baja ematea.

Helbideratutako ordainagirien kasuan, ez da beharrezkoa izanen ordainagiria zergadunaren helbidera bidaltzea, eta zorraren datuak sartuko dira bankuko kargua sortzen duen euskarri magnetikoan. Hala, baimendutako finantza erakunde laguntzaileak kontuan dagokion zordunketa egin eta igorri beharko du.

Aginduko da ordaintzera behartutakoen kontuan zorduntzeko, borondatezko epearen mugaegunaren azken hilabeteko lehen egunean. Helbideratzeari kasurik egiten ez bazaio, banketxeak kobrantzarako borondatezko epea akitu baino lehen komunikatuko du, epe exekutiboko bilketa-kudeaketari hasiera emateko mugaegunean.

Banku transferentzia bidez kobratzeko baimendutako sarreren prozeduretan, ordainketa egin dela ulertuko da interesdunak identifikatu dituenean zerga kontzeptua eta ordainagiriaren edo espedientearen zenbakia, eta, beraz, hura aplikatzeko beharrezkoa den informazioa duenean. Bestela, ez da ulertuko zorra ordaindu denik, eta, beraz, zergaduna ez da zerga zorretik askatuko.

B.2. Ordaintzeko tokia.

Kontzejuaren zerga bilketak eta zuzenbide publikoko bestelako diru-sarrerak udalbatzaren kutxan sartuko dira, edota bere titulartasunpean horretarako irekitako banku nahiz aurrezki kontuetan.

B.3. Ordainketa egiteko eta jasotzeko legitimazioa.

Edozeinek egiten ahal du ordainketa, salbu eta bilketa organoak aldez aurretik eta modu fede-emailean jasoa badu zorduna aurka dagoela. Zorduna aurka egoteak ez du ondoriorik sortuko, legezko edo erregelamenduzko xedapen baten ondorioz diru-sarrera egin behar duen edozein pertsonari dagokionez.

Zorra ordaintzen duen hirugarrenak ez du legitimaziorik balia ditzan Administrazioaren aurrean ordaintzera behartutakoari dagozkion eskubideak. Hala ere, baliatzen ahalko ditu ordaintzeagatik soilik eratortzen zaizkion eskubideak.

B.4. Ordainketaren frogagiria.

Honako hauek izanen dira eskudirutan ordaindu izanaren frogagiriak, kasuaren arabera:

a) Ordainagiriak.

b) Organo eskudunek edo ordainketa jasotzeko baimendutako erakundeek sinatutako edo baliozkotutako ordainketa-gutunak.

c) Egindako diru-sarrera frogatzen duten ziurtagiriak.

d) Beste edozein dokumentu, baldin eta kontzeju honek berariaz onartzen badio ordainagiri izaera.

Eskudirutan ordaindu izanaren frogagiriak datu hauek adierazi beharko ditu, gutxienez:

a) Zordunaren izen-abizenak edo sozietatearen izen osoa, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea.

b) Kontzeptua, zorraren zenbatekoa eta zer eperi dagokion.

c) Ordainketaren data.

d) Ordainketa-gutuna eman duen organoa, pertsona edo entitatea.

C.–Diru-bilketako organoak.

Hauek dira kontzeju honetako diru-bilketako organoak, borondatezko epean:

a) Kontzejuaren diruzaintza.

b) Kontzeju honen kreditu erakunde laguntzaileak (CaixaBank eta Nafarroako Rural Kutxa).

Epe exekutiboan, Geserlocal da Kontzejuaren diru-bilketako organoa.

Diru-bilketako laguntzaileak izanen dira baimendutako finantza erakundeak, baina erakunde horiek ez dira inola ere hartuko Kontzejuaren zerga bilketako organotzat. Lankidetza zerbitzua ez da ordainduko.

Laguntzaile gisa jardun nahi duten erakundeek baimena eskatuko diote kontzeju honi, eta, horrekin batera, zerbitzua emateko moduan daudela adierazten duen berariazko adierazpen bat.

Nolanahi ere, baimen hori eskuratzeko, erakunde laguntzaile gisa jardun nahi duten erakundeek egunean izan beharko dituzte zerga betebeharrak. Bestelako edozein kasutan, baimena ukatuko da.

D.–Premiamendu-prozedura.

Premiamendu-prozedura administrazio mailakoa da soil-soilik. Zerga administrazioari baino ez dagokio hartaz arduratzeko eta haren gorabehera guztiak ebazteko eskumena.

Premiamendu-prozedura ofizioz hasi eta bultzatuko da izapide guztietan, eta, hasi ondoren, zerga arloko araudian ezarritako kasuetan eta moduan soilik etenen da.

Premiamendu-prozedura automatikoki etenen dute diru-bilketako organoek, bermerik jarri beharrik gabe, baldin eta interesdunak frogatzen badu zorra zehaztean akats materiala, aritmetikoa edo egitezkoa gertatu dela bere kaltetan; berdin gertatuko da zor hori ordaindu, barkatu, konpentsatu, geroratu edo eten denean, edo ordainketa eskatzeko eskubideak preskribatu duenean.

1) Premiamendu-prozeduraren hasiera.

Premiamendu-prozedura hasiko da zergapekoari jakinarazitako probidentzia baten bidez. Probidentzia horretan, ordaintzeko dagoen zorra identifikatuko da, errekarguak likidatuko dira eta ordainketa egiteko eskatuko zaio.

Premiamendu-probidentzia nahikotzat hartuko da premiamendu-prozedurari hasiera emateko, eta izanen du zergapekoen ondasun eta eskubideen kontra jotzeko epaitegiko epaiak adina indar.

Premiamendu-probidentziaren aurka egiteko arrazoi hauek baino ez dira onartuko:

a) Zorra erabat azkentzea edo ordainketa eskatzeko eskubideak preskribatzea.

b) Borondatezko epean zorra geroratzeko, zatikatzeko edo konpentsatzeko eskatzea, eta diru-bilketako prozedura eteteko beste zenbait arrazoi izatea.

c) Likidazioa ez jakinaraztea.

d) Likidazioa baliogabetzea.

e) Akatsa egitea edo omisioa izatea premiamendu-probidentziaren edukian, eta horrek eragoztea zorduna edo premiamenduzko zorra identifikatzea.

Epe exekutiboa hasi eta premiamendu-probidentzia jakinarazi ondoren, zerga zorra honako epe hauetan ordaindu beharko da:

a) Baldin probidentziaren jakinarazpena hilabete bakoitzeko 1. egunetik 15. egunera bitartean egiten bada, jakinarazpena jasotzen den egunetik hilabete horretako 20. egunera arte, edo, hura balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera arte.

b) Baldin probidentziaren jakinarazpena hilabete bakoitzeko 16. egunetik azken egunera bitartean egiten bada, jakinarazpena jasotzen den egunetik hurrengo hilabeteko 5. egunera arte, edo, hura balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera arte.

2) Ondasunak eta eskubideak enbargatzea.

Betiere proportzionaltasun printzipioa errespetatuz, zergapekoaren ondasunak eta eskubideak enbargatu eginen dira, honako hauek estaltzeko adinako zenbatekoan:

a) Ordaindu gabeko zorraren zenbatekoa.

b) Diruzaintzan sartu arteko data arte sortu diren edo sortzen diren interesak.

c) Epe exekutiboko errekarguak.

d) Premiamendu-prozeduraren kostuak.

Ez dira enbargatuko legeek enbargaezintzat jotako ondasunak edo eskubideak, ez eta beste batzuk ere, baldin eta uste bada ondasun edo eskubide horiek gauzatzearen kostuak gainditzen duela haiek besterentzean eskuarki lor litekeen zenbatekoa.

Enbargo jarduketa bakoitza eginbidean dokumentatuko da, eta eginbide horren eskumena duen pertsonari jakinaraziko zaio.

Ondasunak edo eskubideak enbargatu ondoren, eginbidea jakinaraziko zaio zergapekoari, eta, hala badagokio, ondasunen hirugarren titularrari, edukitzaileari edo gordailuzainari, baldin jarduketak haiekin egin ez badira, bai eta zergapekoaren ezkontideari ere, enbargatutako ondasunak irabazpidezkoak direnean, bai eta ondasun horien jabekideei edo titularkideei ere.

Enbargo-eginbidearen aurka egiteko arrazoi hauek baino ez dira onartuko:

a) Zorra iraungitzea, edo ordainketa exijitzeko eskubideak preskribatzea.

b) Premiamendu-probidentziaren jakinarazpena ez egitea.

c) Enbargoaren arauak ez betetzea.

d) Diru-bilketako prozedura etetea.

3) Premiamendu-prozedura akitzea.

Honela bukatuko da premiamendu-prozedura:

a) Zor den zenbatekoa ordainduta.

b) Kreditua guztiz edo partzialki kobraezina dela deklaratzen duen erabakiaren bidez, ordaintzeko betebeharra duten guztiak kobraezintzat deklaratu ondoren.

c) Beste arrazoi batengatik zorra azkentzen dela dioen erabakiaren bidez.

Kreditua kobraezintzat jo den kasuetan, berriz ekinen zaio premiamendu-prozedurari, preskripzio epearen barnean, ordaintzeko betebeharra duen pertsonaren bat kaudimenduna dela jakitean.

15. artikulua. Tributu-zorrak geroratzea eta zatikatzea.

1. Ordainketa geroratzeko eta zatikatzeko eskaeran, honako datu hauek jaso behar dira, nahitaez:

a) Eskatzailearen izen-abizenak, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea, eta zer izaera edo ordezkaritza duen, bai eta interesdunaren izen-abizenak edo sozietate izen osoa, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea ere, eta jakinarazpenetarako adierazitako tokia.

b) Zorraren edo zorren identifikazioa, honako hauek adierazita: kontzeptua, kontabilitate erreferentzia, zenbatekoa eta ordaintzeko epea akitzen den eguna, baldin diru-bilketako borondatezko epean badago.

c) Kuota geroratuen edo zatikatuen kobrantza helbideratzeko banku kontuaren datuak.

d) Eskaera egiteko arrazoiak.

e) Epeak eta baldintzak.

f) Ematen den bermea, jarraikiz uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren 50. artikuluari.

g) Tokia, data eta eskatzailearen sinadura.

2. Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Geroratzeko/zatikatzeko eskatzen den zorra justifikatzen duen agiria.

b) Ordezkaritza frogatzen duen agiria.

c) Diruzaintza arazoak direla justifikatzen duen agiria, eragozten diona ordainketa ezarritako epean egitea behin-behinean.

d) Kasuaren arabera kontzeju honek komenigarritzat jotzen dituen beste agiri batzuk.

Zatikatzeak eta geroratzeak onartzeko irizpide objektiboak.

Administrazioari aitortzen zaion diskrezionalitatearekin bat etorriz (jarraikiz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90.-92. artikuluei, biak barne), honako irizpide objektibo hauek ezartzen dira, kontuan hartu beharrekoak, geroratzea edo zatikatzea onartzeko edo ukatzeko, berme dispentsarekin edo gabe, eta horien berri emanen zaio eskatzaileari eskaera egiten duen unean:

Ez da zatikatzerik edo geroratzerik onartuko aldizkako kobrantzen ordainagiriak ordaintzeko borondatezko epean. Autolikidazioak zatikatzen edo geroratzen ahal dira, behin Nafarroako Foru Ogasunak egiaztatu eta begiratu ondoren, eta horiei dagokienez dagozkion likidazioak egin ondoren.

Zehapen espedienteen kasuan, ez da zorraren zatikapenik edo geroratzerik bideratzen ahalko ordaintzeko borondatezko epean; hots, epe exekutiboko zorraren gainean soilik egiten ahalko dira halakoak, eta Nafarroako Foru Ogasunak izanen du horretarako eskumena. Horretarako eskabiderik aurkeztuz gero, automatikoki ezetsitzat joko dira, hargatik eragotzi gabe interesdunari dagokion jakinarazpena egitea.

16. artikulua. Zerga Ikuskapena.

A.–Tributu-ikuskapena.

Tributu-ikuskapena da beharrezko administrazio eginkizunak gauzatzea, zeregin hauek betetzeko:

a) Zerga-betebeharren egitateak ikertzea, administrazioarentzat ezezagun direnak atzemateko.

b) Zergapekoek aurkeztutako aitorpenak egiazkoak eta zehatzak direla egiaztatzea.

c) Zergen aplikazioarekin lotutako informazioa lortzeko jarduketak egitea.

d) Egiaztatzea eskubideen, errenten, produktuen, ondasunen, ondareen, enpresen eta gainerako elementuen balioa, beharrezkoa denean zerga betebeharrak zehazteko.

e) Egiaztatzea betetzen direla zerga onurak edo pizgarriak eta zerga itzulketak lortzeko baldintzak, eta, halaber, egiaztatzea azken horiek nola bete behar dituzten.

f) Egiaztapen eta ikerketa jarduketen ondoriozko zerga likidazioak egitea.

g) Egiaztapen mugatuko jarduketak egitea.

h) Administrazio publikoko organoei aholkuak eta txostenak ematea.

i) Tributu arloko esku-hartze iraunkorrak edo ez-iraunkorrak egitea.

j) Beste xedapen batzuetan ezartzen diren gainerakoak edo agintari eskudunek agintzen dizkiotenak egitea.

B.–Tributuak ikuskatzeko ahalmenak.

Honako hauek aztertuz gauzatuko dira ikuskatze jarduketak: dokumentuak, liburuak, kontabilitate nagusia eta lagungarria, fitxategiak, fakturak, frogagiriak, tributu arloan garrantzia duen gutunak, datu-base informatizatuak, programak eta jarduera ekonomikoei buruzko erregistro eta fitxategi informatikoak. Halaber, ikuskatuko dira administrazioari jakinarazi beharreko edo zerga betebeharretarako behar diren ondasunak, elementuak, ustiapenak eta beste edozein aurrekari edo informazio.

Ikuskapen-jardueretarako beharrezkoa baldin bada, tributu-ikuskapeneko lanak egiten dituzten funtzionarioek zilegi izanen dute, erregelamenduz zehaztutako baldintzetan, sartzea finketan, negozio-lokaletan eta bestelako establezimendu edo tokietan, baldin haietan egiten badira karga-tasadun jarduerak edo ustiapenak, zergapeko ondasunak badaude, gertatzen badira zergapeko egintzak edo tributu-betebeharren iturri diren kasuak, edo horien frogaren bat baldin badago.

Aurreko paragrafoan aipatutako tokien zaintza duen pertsonak ez badu onartzen zerga arloko ikuskapeneko funtzionarioak sartzea, beharrezkoa izanen da administrazio agintaritzaren baimen idatzia.

Ikuskapen jarduketetan beharrezkoa baldin bada tributudunaren egoitzan sartzea, hots, Konstituzioak babestutako egoitzan, zerga administrazioak nahitaezkoa izanen du horren adostasuna edo bidezkoa den epailearen baimena.

Zergapekoek ikuskatzaileei harrera egin beharko diete eta behar duen laguntza emanen diete beren eginkizunak betetzeko.

Ikuskatzaileen errekerimendua jasotzen duen zergapekoak (bera edo haren ordezkari batek) agertu beharko du jarduketak egiteko ezarritako leku, egun eta orduetan, eta eskatutako agiriak eta gainerako elementuak ekarri beharko ditu, edo ikuskatzaileek erabiltzeko eran izan.

Salbuespenez, eta arrazoituta, ikuskapenak eskatzen ahalko du zergapekoa bera agertzea, baldin egin beharreko jarduketek halakorik eskatzen badute.

Ikuskapen lanak egiten dituzten funtzionarioak joko dira agintaritzaren agentetzat, eta, hala eskatzen bazaie, bulego publikoetatik kanpo beren izaera frogatu beharko dute.

C.–Ikuskapen prozeduraren hasiera.

Honela hasiko da:

a) Ofizioz.

b) Zergapekoak eskatuta.

Zergapekoei ikuskapen prozeduraren jarduketen hasieran adierazi behar zaie jarduketen izaera eta norainokoa, bai eta jarduketa horietan dituzten eskubide eta betebeharrak ere.

Ikuskapen prozeduraren jarduketak izaten ahal dira orokorrak edo partzialak. Partzialak izanen dira baldin ez badie eragiten zerga betebeharraren elementu guztiei, egiaztapenaren xede den aldian, eta zerga bakoitzaren ordenantza fiskaletan adierazten diren kasu guztietan. Bestela, ikuskapen prozedurako jarduketek izaera orokorra izanen dute, zerga betebeharrari eta egiaztatutako aldiari dagokienez.

D.–Ikuskapen jarduketen epeak.

Hamabi hilabetean bukatu beharko dira ikuskatzaileen prozeduraren jarduketak, zergapekoari prozeduraren hasiera jakinarazi eta egun horretatik aurrera zenbatuta. Ulertuko da jarduketak bukatzen direla haien ondoriozko administrazio-egintza jakinarazten denean, edo jakinarazitzat jotzen denean.

Betiere, legez aurreikusitako epeak luzatzeko erabakia hartu nahi bada, nahitaezkoa izanen da arrazoitzea, aipatuz egintzak eta zuzenbideko oinarriak.

E.–Ikuskapen jarduketen bukaera.

Tributuen ikuskapen jarduketak dokumentatuko dira komunikazioetan, eginbideetan, txostenetan eta aktetan.

Ikuskapen jarduketen emaitza dokumentatzeko, aktek aipu hauek jaso behar dituzte, gutxienez:

a) Formalizazioaren tokia eta eguna.

b) Zergapekoaren izen-deiturak edo sozietate izena, osorik, identifikazio fiskalaren zenbakia eta haren zerga egoitza, bai eta jarduketetan parte hartzen duen pertsonaren izen-deiturak eta identifikazio fiskaleko zenbakia ere, adierazita jarduketetan parte hartzeko duen izaera edo ordezkaritza.

c) Zerga-egitatearen edo tributu arloko betebeharraren izatezko baldintzaren oinarrizko elementuak eta hura zergapekoari egoztekoak, bai eta erregularizaziorako zuzenbideko oinarriak ere.

d) Hala badagokio, zergapekoaren zerga egoeraren erregularizazioa eta dagokion likidazio proposamena.

e) Zergapekoa ados dagoen erregularizazioarekin eta likidazio proposamenarekin.

f) Aktaren ondoko prozeduraren izapideak; eta, akta adostasunekoa denean, horren ondoriozko likidazio egintzaren aurka aurkezten ahal diren errekurtsoak, zer organoren aurrean aurkeztu behar diren eta haiek aurkezteko epea.

g) Aktuarioaren iritziz, zerga arloko arau-hausteren bat egon den ala ez.

h) Zerga bakoitzari dagozkion ordenantza fiskaletan ezartzen diren gainerakoak.

17. artikulua. Tributu arloko arau-hauste eta zehapenak.

Arau-hausteen edo zehapenen erregimena honako honetan dago arautua: martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen VI. atala (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

A.–Arau-hausteak.

Zerga arloko arau-hausteak dira dolozko edo erruzko egiteak edo ez-egiteak, edozein zabarkeria maila dutela, legean tipifikatuta eta zehatuta daudenak.

Zerga arloko arau-hausteak arinak edo astunak izan daitezke, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 94. artikuluari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

1. Arau-hauste arintzat hartzen da ez betetzea zerga arloko kudeaketan edozein pertsonari –subjektu pasiboa izan ala ez– eskatzen zaizkion zerga betebeharrak edo betekizunak, baldin arau-hauste astunak ez badira.

2. Arau hauste astunak honako hauek dira:

a) Zerga-zorra osorik edo partez ez ordaintzea, horretarako ezarritako arauzko epeetan.

b) Bidegabe baliatzea edo erdiestea salbuespenak, zerga-onurak edo itzulkinak.

c) Ez aurkeztea, epez kanpo aurkeztea edo modu osatugabe edo okerrean aurkeztea behar diren aitorpenak edo agiriak, toki-erakundeak likida ditzan autolikidazio prozeduraren bidez eskatzen ez diren tributuak.

B.–Zehapenak.

Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak.

Isun finkoen zenbatekoa eguneratzen ahalko da ekitaldi bakoitzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean.

Diru bidezko isun proportzionala aplikatuko da honako hauen gainean: zerga-kuota, ordaindu gabeko kopuruak eta bidegabe lortutako onuren edo itzulketen zenbatekoa.

Tributuen behin-behineko edo behin betiko likidazioak egiteko administrazio-egintzak zer organok eman behar dituzten, horiexek erabaki eta ezarriko dituzte zehapenak, interesdunari entzunaldia eman ondoren; betiere, behar den espedientea irekiko da aurretik.

Zehapenak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Zerga arloko arau-hausteak behin baino gehiagotan egin izana.

b) Toki-erakundearen ikerketa-lanei trabak jarri, uko egin edo aurka egin izana.

c) Arau-haustea egitean iruzurrezko bideak erabili izana edo beste norbaiten bitartez egin izana.

d) Aitorpenik aurkeztu ez izana edo aitorpen faltsu, osatugabe edo zehaztugabeak aurkeztu izana, baldin horrek zerga-zorra gutxitzea badakar berekin.

e) Formazko edo laguntza emateko betebeharrak nork bere kabuz bete ez izana edo berandu bete izana.

f) Eman gabeko datu, txosten edo aurrekariek zer garrantzi izan duten zerga kudeaketari begira, eta, oro har, zer garrantzi izan duen bete ez izanak betebehar formalak, kontabilitatekoak edo erregistrokoak eta toki-erakundeari lagundu edo informatzekoak.

Mailakatze irizpideak aldi berean aplika daitezke.

Aurreko e) eta f) letretan aipatzen diren irizpideak erabiliko dira, soil-soilik, arau-hauste arinei dagozkien zehapenak mailakatzeko. Aurreko d) letran aipatzen den irizpidea erabiliko da, soil-soilik, arau-hauste astunei dagozkien zehapenak mailakatzeko.

Mailakatze irizpide bakoitzaren aplikazioa arau bidez akituko da.

Zerga arloko arau-hauste astunen zehapenen zenbatekoa %30 murriztuko da baldin subjektu arau-hausleak edo, hala balitz, erantzuleak adierazten badu bat datorrela egiten zaion arautze proposamenarekin.

Arau-hauste arin bakoitzak 6,01 eurotik 300 eurora bitarteko zehapena izanen du.

Ikuskatzaileen jarduketari kontra, uko edo traba egiten bazaio, beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, 300 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

Arau-hauste astunei diru-isun proportzionala jarriko zaie, kuotaren %50etik %150era bitartekoa, galarazi gabe aurreko artikuluan aipatutako murrizketa.

Orobat, zilegi izanen da berandutze-interesak eskatzea, epe honi dagozkionak: borondatezko epea bukatzen denetik harik eta zerga-egoera bere onera ekartzen duen likidazioa egin arte.

Azken xedapenetako lehena.–Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du behin betiko onetsitakoan, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluko prozedurari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu testua osorik argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Azken xedapenetako bigarrena.–Ordenantza fiskal orokor hau eta toki-erakunde honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, egin beharko dira onesteko egin diren izapide berberak, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin, zehazki, IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikagarri izanen dira martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (Nafarroako toki ogasunei buruzkoa) eta toki mailako erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Iragarkiaren kodea: L2608644