126. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTABIAKO KONTZEJUA

Aldaketa, Zirkulazioa eta ibilgailuen trafikoa arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Artabiako Kontzejuak, 2026ko martxoaren 26ko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Zirkulazioa eta ibilgailuen trafikoa arautzen dituen ordenantza.

Jendaurrean jartzeko iragarkia argitara eman zen 2026ko 82. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 28an, eta jendaurreko aldian inork ez zuen alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta jarraian ematen da argitara haren testua.

Artabian, 2026ko ekainaren 10ean.–Kontzejuko burua, Óscar Julián Olivan Ocáriz.

ZIRKULAZIOA ETA IBILGAILUEN TRAFIKOA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25. artikuluan ezartzen duenez, udalerriek izanen dituzte kasu guztietan trafikoaren, ibilgailuak aparkatzearen eta mugikortasunaren arloko eskumenak, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legeriaren arabera (manuaren g letra).

Hala, Allingo Udalak bere eskumenen artean ditu, besteak beste, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren, ibilgailuen aparkatzearen, mugikortasunaren eta bide-segurtasunaren alorretako eskumenak, jarraikiz arau honi: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa –EDL 1990/13970–), apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 artikuluarekin loturik (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea).

Manu horrekin bat, Allingo Udalak erabaki zuen, 2026ko martxoaren 6an egin bilkuran, Artabiako Kontzejuari eskuordetzea alor hauetan dituen eskumenak: trafikoa, ibilgailu motordunen zirkulazioa, ibilgailuen aparkatzea, mugikortasuna eta bide-segurtasuna; hori guztia horretarako onetsitako hitzarmenaren arabera. Halaber, Artabiako Kontzejuak, 2026ko martxoaren 12an egin bilkuran, erabaki zuen onartzea Allingo Udalak bere esku utzitako eskumenak.

Ildo horretan, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluan zehazten da Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduko aurreikuspena, eta, gai horrekin loturik, honako eskumen hauek aitortzen dizkie udalerriei, besteak beste:

a) Beren titulartasuneko hiri barruko bideetan trafikoa arautzea, antolatzea, kudeatzea, zaintzea eta diziplina ezartzea, beren agenteen bitartez, bai eta bide horietan egindako arau-hausteak salatu eta zehatzea ere, betiere hori ez badu beste administrazio batek berariaz esleituta.

b) Hiri barruko bideen erabilera arautzea zirkulazioko kontzeju-ordenantzen bidez, aparkalekuak erabiltzaile guztien artean berdintasunez banatzeko, ibilgailuen zirkulazioaren arintasuna eta karriken oinezko erabilera kaltetu gabe, bai eta aparkaldi mugatuko neurriak ezartzea ere, aparkalekuak txandaka erabil daitezen bermatzeko, bereziki aintzat hartuta desgaitasun baten ondorioz mugikortasuna urrituta duten eta ibilgailuak erabiltzen dituzten pertsonen premiak, pertsona horiek gizarteratzen laguntzeko.

c) Hiri barruko bideetako ibilgailuak ibilgetzea, ibilgailuok aparkaldi mugatuko eremuetan aparkatzea baimentzen duen titulurik ez daukatenean edota baimendutako denbora gainditzen dutenean, harik eta ibilgailuaren gidaria identifikatzen den arte.

Ibilgailuak hiri barruko bideetatik kentzea eta gordailuan uztea, zirkulazioa oztopatzen edo zailtzen badute, zirkulaziorako arriskua sortzen badute, edota aparkaldi mugatuko eremuetan gaizki aparkatuta badaude, betiere ibilgailuak ibilgetzeko artikulu honetan ezarritako baldintzak betez. Bizikletak kendu eta gordailuan uzteko eskumena dute, baldin eta abandonaturik badaude edo, lotuta egonik, ibilgailuen edo pertsonen zirkulazioa oztopatzen badute edo hiri-altzariak hondatzen badituzte.

Eskumen-esparru gaitzaile horrekin, Artabiako Kontzejuak arau-esparru orokorra ezarri nahi du, trafikoa hobetzeko eta ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa ahalik eta gehien bateratzeko. Hori horrela, zirkulatzeko, gelditzeko eta aparkatzeko eremuak arautzen dituen ordenantza ezarri du.

1. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honek unean-unean indarrean dagoen Estatuko araudian xedaturikoa osatzen du. Ildo horretan, hauek dira Kontzejuaren titulartasuneko hiri barneko bide guztietan aplikatzeko egungo arau nagusiak: Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko legearen testu bategina (6/2015 Legegintzako Errege Dekretua), hura garatzen duen Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra, eta Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko zehapen prozeduraren erregelamendua (aldaketak barne).

Bide publikoaren erabiltzaile guztiek bete behar dituzte bai ordenantza honetako aginduak, bai oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioaren arloan indarrean dagoen araudia. Aldi berean, beharturik daude agintariekin edo haien agenteekin lankidetzan aritzera, haien zeregina errazteko eta beren eginkizunak betetzeko, baita ibilgailuen edo oinezkoen zirkulaziorako arrisku, traba edo oztopoak saihesteko jarraibideei men egiteko ere.

2. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea. Eskumenak

1. Kontzejuko agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea erabilera publikoko bideetan, baita jabetza pribatukoak direnetan etan ere. Horren ondorioz, Kontzejuaren baimena izan ezean, partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, eta arau-hauste astuntzat hartuko dira.

2. Agintari eskudunek aldi baterako aldatzen ahalko dute Kontzejuko guneren bateko zirkulazioaren antolamendua, eta/edo debekatzen ahalko dute pertsonak edo ibilgailuak tokiren batera sartzea; horretarako, beharrezkoak diren seinaleak behin-behinean paratzen edo kentzen ahalko dituzte, eta beharrezko neurriak hartu, dela segurtasuna eta zirkulazio egokia bermatzeko, dela Kontzejuak antolaturiko edo baimenduriko ekintzak edo jarduerak egiteko.

3. Kontzejuko agintaritzak aldi baterako debekatzen ahalko du ibilgailuak aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatu eginen dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurria noiz hasiko den adierazten duten seinaleen bidez.

4. Alkatetzak ordenantzaren aplikazioa aldatzen edo eteten ahalko du, osorik edo zati batean, hala gomendatzen duten arrazoi edo inguruabarrak direla medio; balizko arau-aldaketak behar besteko aurrerapenarekin iragarriko dira, Kontzejuan eskuragarri dauden transmisio-bide guztiak erabiliz.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

I. KAPITULUA.–PORTAERA ETA ZIRKULAZIO ARAU OROKORRAK

3. artikulua. Arau orokorrak.

Hiri barneko bideetako erabiltzaileek, edozein motatako ibilgailuetako gidariek eta oinezkoek bete beharko dituzte beren izaeragatik aplikagarri zaizkien legezko zehaztapenak; orobat, betetzekoak izanen dira zirkulazio-seinaleek une oro adierazten dituzten aginduak, eta agintaritzaren agenteek emaniko jarraibideei men egin beharko diete. Era berean, saihestu beharko dituzte zirkulazioa bidegabeki oztopatzen duten portaerak, bai eta pertsonei edo ondasunei arriskuak, galerak, eragozpenak edo kalteak eragiten dizkietenak ere.

Kontzejuan zirkulatzen ari diren ibilgailuek ez dute atera behar zarata desegokirik seinale akustikoak erabiltzeagatik, behar ez bezalako azelerazioengatik, bolumen handiko musika-ekipamenduengatik eta eragozpenak eta kutsadura akustikoa eragiten dituzten ezohiko beste inguruabar batzuengatik. Ildo beretik, debekaturik dago ihesbide askea edo eragingabea duten ibilgailuekin zirkulatzea (ihes-hodi aldatuak).

Debekaturik dago bideetara objektuak edo likidoak botatzea edo isurtzea, baldin eta suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskuak, edo galtzadak eta espaloiak hondatzea eragiten badute. Debekaturik dago, orobat, ibilgailuak bidean konpontzea edo garbitzea.

4. artikulua. Oinezkoak.

Arau orokor gisa, oinezkoendako espaloi, pasabide edo berariazko ingurunerik ez dagoenean, oinezkoek galtzadaren ezkerraldetik igaro beharko dute.

Oinezkotzat joko dira, ondorio guztietarako, oinez doazenak bizikletak edo patineteak eskuetan dituztelarik.

Aurrekoa gorabehera, gurpil-aulkia erabiltzen duten mugikortasun urriko pertsonek galtzadaren erdigunetik ahalik eta urrunen igaro beharko dute, beharrezko babes-neurriak hartuta, istripuak ekiditeko.

Galtzadak gurutzatzeko, seinaleztatutako pasabideak erabiliko dituzte, eta, pasabiderik ez dagoenean, ikuspen egokia duten tokietatik igaroko dira, ahal dela bazterretik eta bidearen ardatzarekiko norabide perpendikularrean, eta aldez aurretik ziurtatuko dute ez dagoela ibilgailurik hurbilean.

5. artikulua. Bizikletak.

1. Bizikletak ibilgailutzat hartzen dira trafikoaren arloko legeria betetzearen ondorioetarako, eta, alde horretatik, arau hauek bete beharko dituzte, besteak beste:

–Galarazita dago bizikletan ibiltzea soinu-aparatuetara konektaturiko kaskoak edo aurikularrak erabiliz.

–Bizikletaz ibili bitartean, ez da manipulatzen ahal telefono mugikorrik, ezta zirkulazioarekin bateraezina den bestelako gailurik ere.

–Gainerako gidariendako muga berberak ezarriko dira edari alkoholdunen, estupefazienteen eta antzeko substantzien kontsumoari dagokionez.

2. Agindu hauek errespetatu beharko dituzte berariaz:

–Denak daude behartuta aldi oro oinezkoen lehentasuna errespetatzera eta beren abiadura oinezkoenera egokitzera.

–Galtzadaren zabalerak eragozten ez badu, paraleloan edo binaka zirkulatzen ahalko dute errei beretik.

–Bizikletek oinezkoen abiadurara egokitu beharko dute zirkulazio mugatuko edo oinezkoendako guneetatik zirkulatzen ari direnean.

–Gau-partean zirkulatzeko, besteek ikus ditzaten, behar adina elementu izan beharko dituzte, bai eta aurreko argia eta atzeko islatzailea ere.

–Debekaturik dago jarrera arriskutsuekin zirkulatzea, hala nola gurpil bakarrean bermatuta, beste ibilgailu batzuek atoian eramanda, sigi-sagan, ibilgailuen edo oinezkoen artean, behar bezala erabiltzea zailtzen duten edo homologatutako atoi-sistemetan behar bezala paratuta ez dauden objektuak kargatuta. Galarazita dago, orobat, beste pertsona bat garraiatzea, salbuespen batekin: adindun batek adingabe bat garraiatzea, horretarako homologaturiko aulkian.

6. artikulua. Ziklomotorrak eta motozikletak.

Zirkulazio-arau orokorrak behar bezala betez eta eskatzen zaizkien segurtasun-neurriak betez zirkulatu beharko dute, gehiegizko zaratarik egin gabe. Orobat, saihestu eginen dituzte behar ez bezalako azelerazioak; elementu guztiak behar bezala homologatuta izanen dituzte, eta argi laburrak, berriz, piztuta. Hirigunean zehar debeku dute paraleloan zirkulatzea.

7. artikulua. Mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak.

Mugikortasun pertsonalerako ibilgailutzat hartzen dira plaza bakarra duten eta motor elektrikoz propultsatuta dauden gurpil bakarreko edo gehiagoko ibilgailuak; halako ibilgailuek 6 eta 25 km/h arteko gehieneko abiadura izan dezakete diseinuz, eta ibilgailu motordun gisa hartzen dira ondorio guztietarako. Ildo horretan, azken horien arau guztiak zaizkie aplikagarri.

Ibilgailu horiek arau hauek bete beharko dituzte: galtzadatik ibili beharko dute beti, gidariek kaskoa jarri beharko dute eta ezinen dute gainditu 20 km/h-ko abiadura egoiliarrei mugatutako trafiko-eremuetan. Horrez gain, erantzukizun zibileko asegurua eduki beharko dute, honako hauekin bat: uztailaren 24ko 5/2025 Legea (Ibilgailu motordunen zirkulazioko erantzukizun zibilari eta aseguruari buruzko legearen testu bategina aldatzen duena, zeina urriaren 29ko 8/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), uztailaren 14ko 20/2015 Legea (Aseguru- eta berraseguru-entitateen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenari buruzko legea), eta urtarrilaren 28ko 52/2026 Errege Dekretua (aldatzen dituena Ibilgailuei buruzko Erregelamendu Nagusia eta abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretua, zeinak aurreko erregelamendua onesten baitu Ibilgailu Pertsonal Arinen Erregistroa arautzeko).

8. artikulua. Automobilak.

Gidatzean, ibilgailu automobilen gidariek Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko legearen xedapenak bete beharko dituzte, eta zorrotz bete beharko dituzte, orobat, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko legearen testu artikulatuaren II. tituluan eta hura garatzen duen erregelamenduan jasotako arau guzti-guztiak.

Ibilgailu motordunek bizikleten eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen zirkulazioa erraztuko dute, eta arau hauek beteko dituzte:

–Bizikleten eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen abiadurara egokituko dira.

–Ez dute egiten ahalko aurreratzeko maniobrarik zirkulazio-errei berean.

–Galtzadatik zirkulatuz gero, ez diete eraso egiten ahalko bizikleten, zikloen edo mugikortasun urriko pertsonendako ibilgailuen gidariei.

9. artikulua. Beste garraiobide batzuk.

1. Ez dira hartuko ibilgailu motordun gisa mugikortasun urriko pertsonendako ibilgailuak (gurpil-­aulki elektrikoak edo scooter egokituak); beraz, zirkula dezakete oinezkoendako eta zirkulazio mugatuko espazioetan barna, baina oinezkoen igarotze-abiaduran.

2. Gidabaimenik behar ez duten autoak motordun ibilgailutzat hartzen dira eta, beraz, zirkulazio-­muga berberak dituzte eremu mugatuetan. Orobat, xedapen berberak bete behar dituzte aparkalekuei dagokienez ere.

3. Nekazaritzako ibilgailuek baimenduta daukate Kontzejuko bideetatik zirkulatzea, eta gainerako ibilgailu motordunei aplikatzen zaizkien zehaztapen berberak aplikatuko zaizkie, nahiz eta ez duten aparkatzen ahalko.

4. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailutzat hartzen ez diren monopatinen, irristailuen edo antzeko gailuen erabiltzaileek oinezkoen igarotze-abiaduran zirkulatu beharko dute, eta beste ibilgailu batzuek ez dituzte inola ere eramaten ahalko arrastaka.

10. artikulua. Oztopoak bide publikoan.

Debeku da oinezkoen edo ibilgailuen ohiko trafikoa eragozten ahal duen edozein oztopo bide publikoan paratzea, salbu eta Kontzejuak espresuki baimentzen badu, inguruabar bereziak jazotzen direnean. Baimen horretan, errespetatu beharreko baldintzak ezarriko dira, eta interesdunaren kontura izanen da behar diren segurtasun- eta seinaleztapen-neurri guztiak hartzea.

Kontzejuko agintaritzak oztopoak kentzen ahalko ditu interesdunaren kontura, honako kasu hauetan:

–Bideen erabiltzaileendako arriskutsuak badira.

–Behar den baimenik erdietsi ez bada.

–Hura paratzea arrazoirik gabekoa gertatu bada.

–Baimendutako epea amaitu bada edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

II. TITULUA.–GELDITZEA ETA APARKATZEA

11. artikulua. Arau orokorrak.

Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko edo pertsonen zirkulazioa eragotziko, eraikinetatik sartzea eta ateratzea barne, ezta arriskurik sortuko ere karrikaren gainerako erabiltzaileei; zainduko da non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.

Horretarako gaituriko tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

Gidariek ezin izanen dute motorra piztuta utzi ibilgailua geldirik edo aparkaturik dagoenean, ibilgailuaren barruan ez badaude.

12. artikulua. Gelditzea.

1. Gelditzea da ibilgailu bat bi minutu baino gutxiagoan ez mugitzea, gidaria ibilgailu barrutik atera gabe. Salbuespen gisa, gidaria ibilgailutik ateratzen bada, hurbil egon beharko du, hala behar badu, ibilgailua mugitu ahal izateko.

2. Espaloirik gabeko kaleetan, gelditzen ahalko da gutxienez ere 0,50 metro utzita gertuen dagoen fatxadatik. Halakoetan, nahitaezkoa izanen da larrialdi-argiak erabiltzea, maniobra horren berri emateko.

3. Ohiz kanpokotzat jotzen da bigarren ilaran gelditzea edo ibilgailuei seinaleztatutako higiezinetara sartzea galaraztea, eta, beraz, premiazko arrazoiak direla medio bakarrik egiten ahalko da, gidaria ibilgailutik irten gabe, betiere galtzada erabiltzeko eskubide hobea duenaren lehentasun egokiari eusten bazaio.

4. Debeku da kasu hauetan gelditzea:

–Seinaleek debekatzen dutenean.

–Zirkulazioa eragozten edo zailtzen denean (bereziki elkarguneetan eta horien inguruetan, baldin eta beste ibilgailu batzuei bira egitea zailtzen bazaie); beste gidariak arauz kontrako maniobrak egitera behartzen denean; karrikaren zabalera dela-eta, galtzadak ibilgailu-zutabe bat pasatzen uzten ez denean; edo trafiko-seinaleak ikustea eragozten denean, besteak beste.

–Garraio publiko, eskola-garraio edo taxietarako geralekuetan eta zamalan, pasabide eta, oro har, erreserbako leku izateko seinalatu eta mugatutako tokietan.

13. artikulua. Aparkatzea.

Aparkatzea da ibilgailu bat 10 minututik gora geldirik uztea. Ez da aparkatze gisa ulertuko ibilgailua 10 minutu igaro aurretik mugitzen bada, eta pertsonak edo salgaiak utzi eta jasotzeko soilik gelditzen bada.

Beste erabiltzaileek gainerako espazioa ahalik eta ongien erabiltzeko moduan aparkatuko da beti.

Ibilgailuek ilaran aparkatu beharko dute, hau da, eraikinekin paraleloan. Eraikinera ahalik eta itsatsien aparkatuko da, gurpilen eta eraikinaren artean gehienez 50 zentimetroko tartea utziz.

Nolanahi ere, gidariek beren ibilgailuak aparkatu beharko dituzte berez ez abiatzeko moduan.

Ziklomotorrek, bizikletek eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek honela aparkatu beharko dute:

–Motozikleten kasuan, bi ibilgailuren arteko bateriaerdian eginen da.

–Bizikletak aparkatzen ahalko dira beste leku batzuetan, ez badute oztopatzen oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorri normala, ez bada eragozten edo aldatzen hiri-altzarien funtzionaltasuna, eta ez badira bermatzen elementu begetalen eta bankuen kontra.

–Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak motorrendako eta bizikletendako egokituriko lekuetan aparkatu beharko dira.

Debeku da aparkatzea:

–Debeku hori seinale bidez adierazten den tokietan.

–Gelditzea debekatua dagoen kasu guztietan.

–Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.

–Zamalanetarako tokietan.

–Bigarren ilaran, lehenbiziko ilaran ibilgailu bat dagoenean, edo edukiontzi bat, mutiloi bat edota bestelako babes-elementuren bat dagoenean.

–Haien zabaleragatik, bakarrik ibilgailu bat pasatzen ahal den bideetan.

–Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten edo oztopatzen zaionean.

–Obrak, aldairak, merkatu txikiak edo ekitaldi publikoak egin ahal izateko zehazten diren tokietan, betiere horren berri ematen bada gutxienez ere hogeita lau ordu lehenagotik.

–Aparkaldi mugaturako edo ordutegi mugaturako gaitutako lekuetan, horretarako baimena ematen duen bereizgarria paratu gabe, edo ibilgailua ezarritako gehienezko denboraz goitik aparkatuta dagoenean, eta, horren ondorioz, eragotzi edo zaildu egiten duenean behar bezala aparkatutako ibilgailu bat irtetea.

–Aurretik adierazi ez diren gainerako tokietan, oinezkoendako, ibilgailuendako edo animaliendako arriskutsua denean.

–Debekaturik dago hirigunean kamioiak, nekazaritzako makinak eta tona askoko makinak aparkatzea, gaitutako eremuetan eta industrialdean izan ezik.

14. artikulua. Aparkaleku murriztuko eremuak.

Kontzejuak aparkaleku kontrolatu eta mugatuak ezartzen ahalko ditu, erabiltzaile guztien artean espazio publikoa zentzuz eta zuzentasunez erabiliko dela bermatzeko. Horretarako, zenbait eratako eremuak daude:

–Oinezkoendako eremua: eremu honetan debeku da ibilgailuak zirkulatzea, erreserbatua dago oinezkoak ez beste inor sartzeko, eta zamalanetarako geldiuneak daude.

–Hiriguneko aparkalekuak: eremu hauetan mugarik gabe aparkatzen ahal da, udan izan ezik, orduan Artabiako Kontzejuak emandako baimen-txartela eduki beharko baita.

Baimena ibilgailuen aitzineko haizetakoen barnealdean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Baimena bakarra izanen da eskatzaile eta ibilgailu bakoitzeko.

–Udako aparkalekuak: aparkaleku mugatuko eremuak, udako hilabeteetarako, zutikako bide seinaleztapenen bidez identifikatuak; edozein ibilgailuk aparkatzen ahalko du, baina gehienez 15 orduz egoten ahalko da 9:00etatik 23:59ra (edo, hala badagokio, tokian bertan instalatutako zutikako bide seinaleztapenetan kasu bakoitzean ezartzen diren ordu-tarteetan).

Ibilgailuak 9:00etatik 21:00etara sartzen ahalko dira, eta sartzen diren egun bereko 23:59ak baino lehen atera beharko dira.

Kontraesanik izanez gero ordenantza honetan eta seinaleetan adierazitako ordutegiaren artean, zutikako bide seinaleztapenak gailenduko dira.

Aparkaleku mota horretan denbora mugatua duten erabiltzaileek frogatu beharko dute zer ordutan iritsi diren, horretarako gaitutako aplikazio baten bidez.

–Aniztasun funtzionala duten pertsonek bereizgarria izan beharko dute beraiei erreserbaturiko espazioak baliatzeko.

Joan nahi duten tokitik hurbil ez badago aniztasun funtzionala dutenek aparkatzeko leku erreserbaturik, udaltzainek baimena emanen dute beste tokiren batean aparkatzeko, baina zirkulazioari ahalik eta trabarik txikiena egiteko moduan. Edonola ere, ezin izanen dute aparkatu debekatutako tokietan, baldin eta horrek ibilgailua kentzea eragiten badu, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera

15. artikulua. Zamalanak.

Zamalanetarako gunea bide publikoaren gaineko espazioa da, halakotzat identifikatuta edo mugatuta eta seinaleztatuta dagoena, zeinean aparkatzen ahalko baitute baimenduriko ibilgailuek, zamalanak egiteko behar-beharrezkoa den denboran.

Kontzejuak ezarriko du zeintzuk diren zamalanetarako gune horiek. Erreserbatutako eremu hori berariaz adieraziko da dagozkion seinaleekin eta ordutegi-mugekin. Ez badago zehazturik zutikako bide seinaleztapenen bidez –seinaleen edukia baitago beste edozeinen gainetik–, 7:00etatik 11:00etara eginen da.

Zamalanak egin ahal izateko, baimenduriko ibilgailutzat hartuko dira automobilak ez diren ibilgailuak, baldin eta salgaiak garraiatzeko baimena badute eta definizio horrekin ibilgailuaren dokumentazioan sailkatuta badaude edo salgaiak garraiatzeko txartela badute.

Ez da inola ere oztopatu edo zaildu behar oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa, ez eta atarietara, merkataritza-lokaletara edo pasabideetara sartzea ere; horregatik, debekaturik dago salgaiak uztea galtzadan, bazterbidean eta oinezkoendako guneetan. Lanak, ahal delarik, eginen dira ibilgailuak galtzadaren bazterretik gertuen duen aldetik, eta behar diren baliabideak erabilita azkar burutu ahal izateko.

Debekaturik dago zamalanetarako guneetan aparkatzea ezarritako ordutegiaren barruan.

III. TITULUA.–SARBIDE MURRIZTUKO EREMUAK ARAUTZEA

16. artikulua. Zirkulazio murriztuko eremuak mugatzea.

Artabiako Kontzejuak, mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko segurtasun-beharragatik edo beste edozein arrazoirengatik, ezartzen ahalko ditu zirkulazio kontrolatuko eremuak , eta, ildo horretan, erabat edo partzialki debekatzen edo mugatzen ahalko du haietan zirkulatzea eta/edo aparkatzea. Eremu horietan, oinezkoendako trafikoari edo motorrik gabeko inguruneei emanen zaie lehentasun osoa, eta, beraz, haietara sartzera baimenduriko ibilgailuek gehienez 20 km/h-ko abiaduran zirkulatzen ahalko dute –polizia-ibilgailuek edo ibilgailu sanitarioek izan ezik–.

Era berean, Artabiako Kontzejuaren arabera, eta ordenantza honen ondorioetarako, udako denboraldia izanen da ekainaren 1etik irailaren 30era bitartekoa, baita Aste Santuko oporraldia ere.

Gune horiek dagokien seinaleztapena izanen dute haien sarrera eta irteeran; haien sarbidea hesi eta/edo pilote bidez arautuko da, eta egoiliarrek bakarrik lortzen ahalko dute sartzeko giltza. Gaur egun, hauek zehazten dira:

–Oinezkoendako eremua.

Udako aldian oinezkoendako eremua izanen da Kale Nagusiaren, La Langa kalearen eta Eliza kalearen arteko eremua, hots, pilotalekuak eta aldameneko parkeak mugatzen dutena (ikus erantsitako mapa). Ondorioz, hilabete horietan, trafikoa mugatuta egonen da, eta erreserbatuta pertsona eta salgaiak utzi eta jasotzeko.

Zamalanak egin behar dituzten ibilgailu komertzialek horretarako egokitutako ordutegietan eta lekuetan egiten ahalko dute.

Guztiz debekatuta dago udako aldian eremu horretan aparkatzea.

–Herrigunea.

Herrigunea, oinezkoendako eremua izan ezik, trafiko-espazio baketsu eta arautu gisa antolaturik dago. Horretarako, sarbidea erreserbaturik dago baimena dutenendako, eta gainerako herritarrek mugaturik edukiko dute udako aldian. Tarte horiek zutikako seinaleetan zehaztuko dira, ongi ikusteko moduko lekuetan paraturik.

Era berean, aparkalekuei buruzko berariazko araudia ezarri da udako aldirako. Aparkatzeko txartela dutenek baino ezin izanen dute aparkatu gaitutako espazioetan, ordenantza honetan xedatuarekin bat.

17. artikulua. Baimendu izaera.

Ordenantza honen ondorioetarako, ulertuko da baimendua dela aparkatzeko txartela duen oro, betiere txartela Artabiako Kontzejuak eman badu. Txartel horrek baimena ematen du ibilgailu zehatz bat hirigunean aparkatu ahal izateko udako aldian zehar.

Baimenduak izanen dira, eta, ondorioz, txartela eta/edo sartzeko agintea eskuratzen ahal dute, baldintza hauek betetzen dituztenak:

1. Pertsona fisikoa izatea eta Artabian erroldatuta egotea.

Txartela zer ibilgailutarako eskatzen den, ibilgailu horrek, eskatzailearen izenean egoteaz gain, leku berean egotea helbideratua.

2. Artabiako Kontzejuari aparkatzeko txartela eskatzea eta harengandik lortzea.

3. Halaber, aparkatzeko txartela honako hauek eskatzen ahalko dute:

–Artabiako ohiko egoiliar izan gabe, Artabiako Kontzejuko etxebizitzetan bizi direnak.

–Egiaz bigarren etxebizitza gisa erabiltzen diren etxebizitzen edo lurzatien jabeek/errentariek, baldin ordenantza honen eremuaren barnean badaude.

–Eremu horretan bizi diren adinekoak zaintzen edo ardurapean dauzkaten senideek edo pertsonek eskatzen ahalko dute behar bezala egiaztatu ondotik, betiere eskatzaileek ez badute beren bizilekua ordenantza honek mugaturiko eremuetan.

4. Kontzejuko zerbitzuek beharrezko iritzitako ikerketa-lan guztiak eginen dituzte inguruabar horiek egiaztatzeko, eta utzi eginen zaio egoiliar izateari, baldin eta horretarako inguruabarren bat betetzeari uzten bazaio; halako kasuetan, beraz, baliogabetu eginen da lorturiko gaikuntza.

18. artikulua. Eremu murriztuetako jarduera ekonomikoen titularrek baimendu izaera lortzea.

Ondorio guztietarako, baimendu izaera lortzen ahalko dute merkataritza-, industria-, lanbide- edo zerbitzu-jarduera bat egiten duten edo egin behar duten pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta:

–Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda badaude, jarduera hartarako eta establezimendua dagoen tokirako.

–Lokalak irekitzeko lizentzia badute.

–Ibilgailua jardueraren titularraren izenean badago, behar bezala aseguratua eta azterketa teknikoa egina.

–Aparkatzeko txartel bakarra emanen da pertsona fisiko edo juridikoaren izenean lizentzia fiskalean inskribaturik dagoen ibilgailu bakoitzeko.

Halaber, jarduera ekonomikoen titularrek Kontzejuari eskatzen ahalko diote unean-unean aparkatzeko txartel bat, bezeroei, hornitzaileei edo langileei emateko.

19. artikulua. Baimena erabiltzeko eta berritzeko baldintzak.

Inoiz ez da emanen egoiliar txartel edo urrutiko aginte bat baino gehiago.

Baimena eta urrutiko agintea eskuratzen dituzten eskatzaileak izanen dira haien erantzule, eta, haiek lortzeko baldintzetan eragina izan dezakeen edozein aldaketa izanez gero, astebeteko epea izanen dute Kontzejua jakinaren gainean jartzeko. Hori horrela:

–Baimen berria emanen zaie, baldin eta ibilgailua edo bizilekua aldatzen badute, baina beharrezko baldintzak betetzen jarraitzen badute.

Eremuan sartzeko baldintzak betetzeari utziz gero, urrutiko agintea itzuli beharko da –baita behar den baimena ere–, erabiltzeko moduan behar bezala dagoela.

Baimenak mugagabeak izanen dira, hura emateko baldintzak mantentzen diren bitartean.

Aparkatzeko txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Kontzejuari.

20. artikulua. Zirkulazio mugatuaren salbuespenak.

Bazterturik daude atal honetan ezarritako zirkulazio-mugetatik:

–Bizikletak eta mugikortasun murriztua duten pertsonendako ibilgailuak.

–Zamalanetan ari diren merkataritzako ibilgailuak, horretarako ezarritako ordu eta tokietan.

–Anbulantziak, zerbitzuan ari direnean.

–Autotaxi ibilgailuak, gidaria bolantera jarria eta zerbitzu egiten ari bada.

–Hilotzak eramateko autoak, zerbitzu egiten ari badira.

–Kontzejuko ibilgailuak, suhiltzaileak, anbulantziak edo larrialdi medikoak, gizarte-zerbitzuak, segurtasun-indar eta -kidegoak eta hondakinak biltzeko edo garbitzeko ibilgailuak, guztiak ere zerbitzu egiten ari direnean.

–Baimena duten beste ibilgailu batzuk.

IV. TITULUA.–ABANDONATUTAKO IBILGAILUAK

21. artikulua. Izaera. Esparru materiala.

Ibilgailu abandonatuek hiri-hondakin solidoaren tratamendua izanen dute, eta Kontzejua gaiturik egonen da ibilgailuak tratatzeko zentro baimendu batera eramateko.

Ibilgailu bat abandonatutzat joko da Trafikoari buruzko Estatuko araudian zehaztutako kasuetan, eta zehazki:

a) Hilabetez baino gehiagoz leku berean aparkatuta dagoenean, bere kabuz mugitzea eragozten dioten kalteak dituenean, edo matrikula-plakak falta zaizkionean.

b) Bide publikotik erretiratu ondotik gordailutu eta bi hilabete baino gehiago igaro direnean.

Bizikletei, ziklomotorrei eta bide publikoan dauden bestelako baliabideei dagokienez, baldin eta gurpilik ez badute, mugitzea eragozten duten kalteak badituzte edo ibilgailuaren egoerak argi eta garbi adierazten badu abandonaturik dagoela.

22. artikulua. Prozedura.

1. Ibilgailuak bide publikoan daudenean, Artabiako Kontzejuak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta hamar egun naturaleko epea emanen dio ibilgailua dagoen tokitik erretiratzeko. Ibilgailuak arriskuren bat sortzen ahal badu, hortik kentzen ahalko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.

2. Aitzineko apartatuan aipatutako epean titularrak ez badu ibilgailua kentzen, Kontzejuko gordailura eramanen da.

3. Abandonaturik egoteagatik edo beste arrazoiren batengatik ibilgailu bat gordailura eramaten denetik bi hilabete iraganda, errekerimendua eginen zaio titularrari hilabeteko epean eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidotzat hartuko dela.

4. Orokorrean eta bidezko arrazoirik izan ezean, ibilgailuak kentzeko eta gordetzeko gastuak horiek gordailutik eraman aurretik ordaindu beharko dira.

V. TITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA

23. artikulua. Ibilgailua erretiratzea.

Ibilgailu bat bide publikotik erretiratu behar bada ordenantza honetako edo indarrean dagoen trafikoari buruzko legeriako zehaztapenen bat ez betetzeagatik, arau-hausleari jasanaraziko zaio garabiaren kostua.

24. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat hartzen dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak.

Arau-haustetzat hartuko dira, orobat, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta haren ondorengo aldaketa eta garapen-erregelamenduetan adierazitakoak.

Honako hauek dira arau-hauste oso arinak:

–Udako aparkalekuan aparkatzeko baimendutako epea (15 ordu) gainditzea.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

–Udako aparkalekuan 72 ordutik gora aparkatuta egotea.

–Zirkulazio mugatuko eremuan aparkatzea baimenik izan gabe.

–Oinezkoendako eremuan aparkatzea zirkulazioa oztopatuz, ibilgailuak eremu horretan zirkulatzeko baimena izanda ere.

–Ordenantza honetan jasotako arauen aurka eginikoak, baldin eta ez badira berariaz jotzen oso arintzat, astuntzat edo oso astuntzat.

Arau-hauste astunak:

–Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko legearen 76. artikuluan halakotzat tipifikaturik daudenak.

–Baimenduaz bestelako ibilgailuan agiri edo bereizgarria erabiltzea.

–Sartzeko baimenik ez duten ibilgailuei aparkatzeko txartela uztea.

–Ordenantza honek arintzat jotako arau-hausteak egitea, zilegi ez den egintza edo omisioaren errudunak ebazpen irmo baten bidezko zehapena hartu badu aurreko hamabi hilabeteetan administrazio bidetik, tipifikazio bereko arau-haustea egiteagatik.

Arau-hauste oso astunak:

–Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko legearen 77. artikuluan halakotzat tipifikaturik daudenak.

–Oinezkoen eremuan sartzeko baimena frogatzen duen bereizgarri edo agiria aldatzea edo haren iruzurrean parte hartzea.

–Ordenantza honek astuntzat jotako arau-hausteak egitea, zilegi ez den egintza edo omisioaren errudunak ebazpen irmo baten bidezko zehapena hartu badu aurreko hamabi hilabeteetan administrazio bidetik, tipifikazio bereko arau-haustea egiteagatik.

Kontzejuko alkateak onetsiko ditu ordenantza honetako xedapenen aurkako arau-hausteak, Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arloko zehapen-prozeduraren erregelamendua eta estatuko araudi osagarria onartzen dituen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuko prozedurari jarraituz. Zehapenak ezartzerakoan, kontuan hartuko da Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko legearen testu bateginaren 80. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa edo unean-unean indarrean dagoen araudia.

25. artikulua. Zehapenen zenbatekoa.

Hau da ordenantza honetan arauturiko zehapenen zenbatekoa:

–Udako aparkalekuan ordaindu beharreko ohiko tarifaren halako bi 15 eta 24 ordu artean aparkatzeagatik.

–Arau-hauste arinak: 100 euro.

–Arau-hauste astunak: 200 euro.

–Arau-hauste oso astunak: 500 euro.

Zehapenen zenbatekoa legez onartutako tarteen barruan ezarriko da beti. Etorkizunean zenbatekoak aldatzen badira, automatikoki eguneratuko dira, une bakoitzean indarrean dagoen zenbatekoaren arabera.

6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 94. artikuluan xedatutakoaren arabera, arau-haustea jakinarazi eta 20 egun naturaleko epean borondatezko ordainketa egin ondoren, amaitu eginen da espedientea, zehapenaren %50eko murrizketarekin, eta alegazioak egiteari uko egitea ekarriko du berekin.

26. artikulua. Zehapen-prozedura.

Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko zehapen prozeduraren erregelamendua onesten duen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuaren 4. eta 5. artikuluen arabera, arau-haustea ikusten duen nornahik edo agintaritzaren agenteek salatzen ahalko dituzte arau-hausteak, eta alkatetzari bidaliko diote buletina, hura baita izapidetzeko eskumena duen organoa.

Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteak izan daitezkeen egitateen berri duen Kontzejuko buruak edo zinegotzi ordezkariak ofizioz hasiko du zehapen-prozedura, trafikoko agenteen edo gertakarien berri duen edozein pertsonaren salaketaren bidez. Hala ere, trafiko-agenteek salatuari berehala jakinarazitako salaketa da zehapen-prozedurari ekiten dion egintza, ondorio guztietarako.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Ordenantza hau indarrean jartzen denetik, indargabetu eginen dira, baliorik eta ondoriorik batere gabe utzirik, kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen edo ordenantza guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

1. ERANSKINA.–MAPA

Iragarkiaren kodea: L2608627