1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1428/2026 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitara dadila erabaki hau: "Erabakia, 40 urtetik gorakoak esperientzia profesionala edo lanekoa egiaztatuz Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa ofizialetan sartzeko araudia onesten duena".
2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2026ko ekainaren 23an hartutako erabakia, 40 urtetik gorakoak esperientzia profesionala edo lanekoa egiaztatuz Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa ofizialetan sartzeko araudia onesten duena.
"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, 40 URTETIK GORAKOAK ESPERIENTZIA PROFESIONALA EDO LANEKOA EGIAZTATUZ NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO IKASKETA OFIZIALETAN SARTZEKO ARAUDIA ONESTEN DUENA
534/2024 Errege Dekretuak, 2024ko ekainaren 11koak, graduko unibertsitateko ikasketa ofizialetara sartzeko baldintzak, sarrera-probaren oinarrizko ezaugarriak eta onartua izateko prozedurari buruzko oinarrizko araudia onetsi zituen, eta haren 32. artikuluak, zehazki, 40 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzea arautzen du, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte: ikasketa jakin batekin lotutako esperientzia profesionala edo lanekoa izatea, unibertsitatean beste bide batzuetatik sartzeko gaitzen duen titulazio akademikorik ez izatea eta ikasturtea hasten den urte naturalean 40 urte betetzea edo beteak izatea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan, gaur egun, sarbide hori Gobernu Kontseiluak 2011ko maiatzaren 26an hartutako erabaki batek arautzen du, zeinak 40 urtetik gorakoak esperientzia profesionala edo lanekoa egiaztatuz graduko ikasketa ofizialetan sartzeko prozedura ezartzen baitu. Denbora asko igaro denez erabaki hori indarrean jarri zenetik, beharrezkoa da hura eguneratzea, bai prozedura hori egungo arau esparrura egokitzeko, bai eta haren argitasuna hobetzeko eta aplikazio praktikoa errazteko.
Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeak proposaturik, hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2026ko ekainaren 23an egindako bileran hartu duen,
ERABAKIA:
Lehenbizikoa.–Onestea 40 urtetik gorakoak esperientzia profesionala edo lanekoa egiaztatuz Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa ofizialetan sartzeko araudia.
Bigarrena.–Araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta izanen da aplikatzekoa.
Hirugarrena.–Erabaki hau aditzera ematea Irakaskuntzako Errektoreordetzari, Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetzari, Ikastegietako Zuzendaritzei eta Fakultateko Dekanotzei, Irakaskuntza Zerbitzuari eta Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalari.
Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea. Haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita".
Iruñean, 2026ko ekainaren 23an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
ERANSKINA.–40 URTETIK GORAKOAK ESPERIENTZIA PROFESIONALA EDO LANEKOA EGIAZTATUZ NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO IKASKETA OFIZIALETAN SARTZEKO ARAUDIA
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
1.–Araudi honen xedea da esperientzia profesionala edo lanekoa egiaztatzen duten 40 urtetik gorako pertsonak Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzeko prozedura arautzea, bat etorriz 2024ko ekainaren 11ko 534/2024 Errege Dekretuan ezarritakoarekin (534/2024 Errege Dekretua, 2024ko ekainaren 11koa, graduko unibertsitateko ikasketa ofizialetara sartzeko baldintzak, sarrera-probaren oinarrizko ezaugarriak eta onartua izateko prozedurari buruzko oinarrizko araudia arautzen dituena).
2.–Aipatutako Errege Dekretuaren 32. artikulua betez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak egiaztaturik dauden ikasketa-planen memorian jasoko ditu ikasketa bakoitzari lotutako egiaztapen irizpideak eta esperientzia profesionalaren edo lanekoaren eremua, eskatzaileak ordenatu ahal izateko. Hori guztia, bat etorriz 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuarekin, Unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituenarekin. Irizpide horien artean, izangaiek elkarrizketa pertsonal bat egin beharko dute, eta geroago errepikatzen ahalko da.
2. artikulua. Sartzeko baldintzak.
Bide horretatik sartzeko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte izangaiek:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoan emandako ikasketa jakin batekin lotutako esperientzia profesionala edo lanekoa izatea.
b) Unibertsitatera beste bide batzuetatik sartzeko gaitzen duen titulazio akademikorik ez izatea.
c) Ikasturtea hasten den urte naturalean 40 urte betetzea edo beteak izatea.
3. artikulua. Deialdia.
Ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak urtero argitaratuko du bide horretatik sartzeko deialdi bat, eta onarpen prozesuetan behar bezala parte hartzeko modua ematen duten epeak ezarriko ditu.
4. artikulua. Eskaeren tramiteak.
1.–Ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak zer epe eta modu ezartzen dituen urte bakoitzean, haiei jarraikiz aurkeztuko dute eskaera 40 urtetik gorakoek.
2.–Eskabideekin batera, gutxienez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Unibertsitatera beste bide batzuetatik sartzeko gaitzen duen titulazio akademikorik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
b) Curriculum vitaea, izangaiaren esperientzia profesionala edo lanekoa zehazki jasoko dituena, baita haiek baloratzeko behar den dokumentazioa ere (7. artikuluan dago jasoa dokumentazio hori).
3.–Izangaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoak emandako graduko titulazio ofizial bakar batean eskatzen ahalko du onarpena. Titulazio hori, halaber, izangaiaren esperientzia profesionalarekin edo lanekoarekin lotua egon beharko da.
5. artikulua. Ebaluazio batzordea.
1.–Eskaerak jasotzen dituen titulazio bakoitzerako ebaluazio batzorde bat eratuko da, eta hura arduratuko da bide horretatik sartzeko eskaerak aztertu eta ebaluatzeaz. Batzorde bakoitza honako hauek osatuko dute gutxienez:
–Dekanoa edo zuzendaria, edo hark eskuordetutako zuzendaritza-taldeko pertsona.
–Titulazioan eskolak ematen dituzten bi irakasle.
2.–Izangai bakoitzak zer titulaziotan sartu nahi duen, titulazio hari loturiko esperientzia profesionala edo lanekoa ba ote duen zehaztu beharko du batzorde bakoitzak, eta, halaber, sartzeko kalifikazio bat esleituko die izangaiei.
6. artikulua. Eskaeren ebaluazioa.
1.–Ebaluazio batzordeek irizpide hauei jarraikiz baloratuko dituzte eskaerak:
–Izangai bakoitzaren ezagutzak eta gaitasunak nola egokitzen zaizkion titulazioaren konpetentziei; izangaiak zer gradutan sartu nahi duen, gradu horren memorian zehaztuta daude titulazioaren konpetentziak.
–Izangaiaren esperientzia profesionala edo lanekoa, sartu nahi duen graduari dagokionez.
2.–Ebaluazio batzordeek bi fasetan jardunen dute:
a) Lehenbiziko fasea: izangaiaren esperientzia profesionala edo lanekoa baloratzea. Izangaiak zer gradutan sartu nahi duen, graduko memoriarekin lotutako gaitasun profesionala edo lanekoa egiaztatu ote duen ikusi beharko du batzordeak, bat etorriz 7. artikuluarekin.
Ebaluazio batzordeak 0tik 10era arteko puntuazioa esleituko dio izangai bakoitzari. Fase hau gainditutzat jotzeko, 5eko puntuazioa lortu beharko da. Puntuazioa hiru zifra dezimalekin adieraziko da, eta milaren hurbilenarekin biribilduko da; distantziakidea bada, goiko milarenarekin.
b) Bigarren fasea: elkarrizketa. Aurreko fasea gainditu dutenek elkarrizketa pertsonal bat egin beharko dute ebaluazio batzordearekin. Zer irakaskuntzatan sartu nahi den, izangaia hartan sartzeko egokia ote den egiaztatzea izanen da helburua, bai eta izangaiak emandako dokumentazioari buruz sakonago mintzatzea ere.
Ebaluazio batzordeak elkarrizketaren akta eginen du, eta "Gai" edo "Ez gai" kalifikazioa emanen dio izangai bakoitzari. Fase hau gainditutzat jotzeko, "Gai" kalifikazioa lortu beharko da.
7. artikulua. Esperientzia profesionala edo lanekoa baloratzea.
1.–Ebaluazio batzordeak 0tik 10era baloratuko du izangaiak eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa. Honako alderdi hauek ebaluatuko ditu: eskatutako ikasketekin lotutako eremu eta jardueretan interesdunak zer-nolako esperientzia profesionala eta lanekoa duen, zenbat denbora aritu den eta konpetentziei dagokienez zer maila lortu duen.
Alderdi horiek egiaztatzeko, kasuan kasuko enpresen edo erakundeen ziurtagiriak, lan-kontratuak eta lan-bizitzari buruzko txostenak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, lanbide-kategoria eta egindako jardueren xehetasunak adierazten dituztenak.
2.–Eskaerak baloratzeko, ebaluazio batzordeak baremo hau aplikatu beharko du:
a) Esperientzia profesionala edo lanekoa (7 puntu gehienez): graduko ikasketekin lotutako lanpostuetan izandako antzinatasun egiaztatua.
b) Prestakuntza osagarria (3 puntu gehienez): bide formalak (arautuak, titulua lortzera bideratuak), informalak (arautuak, titulurik ematen ez dutenak) eta ez-formalak (arautu gabeak).
Baloratzeko egintzaren akta eginen da, izangaiek atal bakoitzean izandako puntuazioak jasoko dituena.
3.–Balorazioa egiteko, agiri hauek aurkeztu beharko dira gutxienez:
a) Izangaiaren esperientzia profesionalaren edo lanekoaren laburpen xehatua; esperientzia honako hauen bidez egiaztatu beharko da:
–Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko kotizazioa justifikatzen duen lan-bizitzaren txostena, edo, hala badagokio, dagokion erakundearen ziurtagiria.
–Laneko kontratua eta emandako zerbitzuen ziurtagiria edo orria, emandako zerbitzuen eta/edo egindako eginkizunen kategoria zehaztuta.
b) Jasotako eta emandako (halakorik badu) ikastaroen zerrenda, ikastaro bakoitzaren ziurtagiriarekin batera. Ziurtagiria prestakuntza eman duen enpresak edo erakundeak emana izan beharko da, eta ikastaroaren edukia, data eta iraupena jaso beharko ditu.
Ez da baloratuko curriculumean behar bezala egiaztatuta ez dagoen alderdirik.
8. artikulua. Sartzeko kalifikazioa.
1.–Elkarrizketaren ondoren "gai" direnek gainditua izanen dute sartzeko prozesua. Sartzeko kalifikazioa lehenbiziko fasean lortutakoa izanen da, hau da, esperientzia profesionala edo lanekoa baloratzeko fasean (6. artikulua).
2.–Ebaluazio batzordeak sarbidearen arloan eskumena duen unitate administratiboari bidaliko dizkio bi faseetako aktak, unitateak emaitzen txartela egin dezan.
9. artikulua. Erreklamazioak.
1.–Lehenbiziko fasearen balorazioaren aurka, izangaiek zilegi dute erreklamazioa aurkeztea edo/eta akatsak zuzentzea ebaluazio batzordearen aurrean, hamar egun balioduneko epean, balorazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; horretarako, eskabide bat bidali beharko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoaren bidez.
Bigarren fasearen balorazioaren aurka, izangaiek zilegi dute erreklamazioa aurkeztea ebaluazio batzordearen aurrean, hiru egun balioduneko epean, balorazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; horretarako, eskabide bat bidali beharko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoaren bidez.
Ebaluazio batzordeak bost egun balioduneko epean ebatziko ditu erreklamazioak, epea amaitzen denetik zenbatzen hasita.
2.–Erreklamazio guztiak ebatzi ondoren, Unibertsitateko errektoreak edo hark eskuordetutako errektoreordeak behin betiko kalifikazioak ezartzen dituen ebazpena emanen du, eta erreklamatzaileei jakinaraziko die. Ebazpen horrek administrazio bidea agortuko du.
3.–Ebazpenaren aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea ebazpena eman zuen organoaren aurrean, edo zuzenean aurkaratzea Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Atalean, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena jakinarazi eta hurrengo egun baliodunetik kontatzen hasita. Berraztertzeko errekurtsoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistro elektronikoaren bitartez aurkeztuko da.
10. artikulua. Onarpena graduko ikasketa unibertsitarioetan.
1.–Eskatutako titulazioan ikaspostu bat lortzeko, 5eko kalifikazioa edo handiagoa lortu duten izangaiek onarpen eskaera bat aurkeztu beharko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak horretarako ezarritako epeetan. Onarpena Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko araudian ezarritakoaren araberakoa izanen da.
2.–Onarpen eskaera aurkeztu ondoren, izangaiak beren artean lehiatuko dira gradu bakoitzean haientzat ezarritako ikaspostuen ehunekoaren barnean, bat etorriz 2024ko ekainaren 11ko 534/2024 Errege Dekretuan ezarritakoarekin (534/2024 Errege Dekretua, 2024ko ekainaren 11koa, graduko unibertsitateko ikasketa ofizialetara sartzeko baldintzak, sarrera-probaren oinarrizko ezaugarriak eta onartua izateko prozedurari buruzko oinarrizko araudia arautzen dituena).
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.
Indargabeturik gelditzen da esperientzia profesionala eta lanekoa egiaztatuz 40 urtetik gorakoak graduko ikasketa ofizialetan sartzeko prozedura ezartzen duen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2011ko maiatzaren 26an hartua.
Azken xedapenetan lehena.–Garapena eta interpretazioa.
Ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzari ahalmena ematen zaio araudi honetan xedatutakoa betetzeko beharrezko jarraibideak eman ditzan.
Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.
Araudi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2027tik aurrerako deialdietan izanen da aplikatzekoa.
Iragarkiaren kodea: F2609161