126. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1426/2026 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitara dadila erabaki hau: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketetan prestakuntza osagarriko unibertsitate jarduerengatik kredituak aitortzen dituen araudia aldatzea onesten duena".

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2026ko ekainaren 23an hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketetan prestakuntza osagarriko unibertsitate jarduerengatik kredituak aitortzen dituen araudia aldatzea onesten duena.

"ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO IKASKETETAKO PRESTAKUNTZA OSAGARRIKO UNIBERTSITATE JARDUERENGATIK KREDITUAK AITORTZEKO ARAUDIA ALDATZEN DUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2023ko apirilaren 25eko erabaki baten bidez, prestakuntza osagarriko unibertsitate jarduerengatik kredituak aitortzeko araudia onetsi zuen. Erabaki hori 2023ko maiatzaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Hura onetsi zenetik izaniko esperientziak agerian utzi du komenigarria dela aldaketa txikiak egitea haren argitasuna eta eraginkortasuna hobetzeko.

Batetik, detektatu da beharrezkoa dela espresuki arautzea kredituak jatorrizko espedientean txertaturik izan gabe tituluz aldatu nahi duten ikasleen kredituen tratamendua.

Bestetik, jarduera administratiboak agerian utzi du aitortzekoak diren jarduerak sei hilean behingo ebazpen baten bidez onesteak alferrikako kudeaketa-lana dakarrela, eta efizienteagoa dela onespen hori urtean behin ematea (ikasturtean behin), tramitazioa errazteko eta prozedurari segurtasun juridiko handiagoa emateko.

Proposaturiko aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Batzordeari aurkeztu zitzaion 2026ko ekainaren 15ean egindako bilkuran.

Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetzak proposaturik, haren kideek aldez aurretik eztabaida eginda, 2026ko ekainaren 23an egindako bileran, hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Aldatzea graduko ikasketetako prestakuntza osagarriko unibertsitate jarduerengatik kredituak aitortzeko araudia, Gobernu Kontseiluak 2023ko apirilaren 15ean onetsia, erabaki honen eranskinean ezarritako baldintzetan.

Bigarrena.–Araudi hau 2026-2027 ikasturtetik aurrera aplikatuko zaie kredituak aitortzeko prozedurei.

Hirugarrena.–Erabaki hau aditzera ematea Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetzari, Irakaskuntzako Errektoreordetzari, Irakaskuntza Zerbitzuari, Antolamendurako eta Kalitaterako Atalari, fakultate eta eskoletako dekanotza eta zuzendaritzei eta Ikasleen Kontseiluari. Erabaki hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratzea.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea. Haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita."

Iruñean, 2026ko ekainaren 23an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA.–ALDAKETAK, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO IKASKETETAKO PRESTAKUNTZA OSAGARRIKO UNIBERTSITATE JARDUERENGATIK KREDITUAK AITORTZEKO ARAUDIARI EGITEKOAK

Lehenbizikoa.–21.artikuluari 5. apartatua erantsi zaio, eta honela geldituko da:

"5. Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko titulu batetik bestera aldatzeagatik, jatorrizko titulua lortzeko kontatu ez diren prestakuntza osagarriko jardueren ECTSak soilik hartzen ahalko dira kontuan destinoko tituluetan, haiek txertatzeko prezio publikoak ordaindu eta gero".

Bigarrena.–25.artikuluaren 2. puntuari bigarren paragrafo bat erantsi zaio, eta honela geldituko da:

"Prestakuntza osagarriko kredituak ikaslearen espedientean txertatu nahi izanez gero, ikasleak aukera du ikasturte horretako matrikulan ageri diren aukerako irakasgaiak desmatrikulatzeko eskaera bat aurkezteko. Hala eginez gero, eskaera hori egiteko epemuga ikasturteko egutegi administratiboaren araberakoa izanen da, zehazki, seihileko bakoitzean irakasgai horiei espresuki uko egiteko prozedurarako ezarritakoaren araberakoa".

Hirugarrena.–Araudiak "sei hilean behingo ebazpenak" esaten duenean, "urtean behingo ebazpen" esan behar du.

Iragarkiaren kodea: F2609166