1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2389E/2026 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Trafiko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita Nafarroako Foru Komunitateko bide-sarean radar-kabinak eta trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko gailuak instalatzeko eta erabiltzeko.
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.3 artikuluak ezartzen duenez, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arloan, Nafarroari dagozkio, bere esku dituen ahalmen eta eskumenez gain, bai Estatuaren legeria betearazteko eskumena, bai eta trafikoa zaindu eta kontrolatzeko lanak ere, hori guztia bere foru araubidearen eta lege organiko horretan xedatutakoaren arabera.
Apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan. Errege dekretu hori abuztuaren 27ko 841/2024 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen.
Ondoren, apirilaren 8ko 277/2025 Errege Dekretuaren bidez, zabaldu egin ziren apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateari trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren eginkizunak. Zehazki, eskualdatzeari buruzko akordioaren B).1 apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eginkizunak zabaldu ziren, 2026ko uztailaren 1etik aurrera arau-hausteak detektatzeko eginkizuna sartu baitzen, trafikoari eta ibilgailu motordunen zirkulazioari buruzko araudian ezarritako administrazio zehapenak ezartzeko ahalmenaren esparruan, alde batera utzita toki entitateei dagozkien zehapenak.
Radar-kabinak instalatzeak eta erabiltzeak, bai eta trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko gailuak ere, gehiegizko abiaduraren faktorea murrizten laguntzen du. Eta faktore hori da, hain juxtu, bide-sarean gertatzen diren trafiko-istripuen ondoriozko istripu-tasa baldintzatzen duten ohiko faktore erabakigarrienetako bat.
Esperientziak erakutsi duenez, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako zinemometroak erabiltzea modurik eraginkorrenetako bat da zirkulazio-abiadura kasuan kasuko bidean markatutako mugetara egokitu dadin.
Ildo horretan, Trafikoa Koordinatzeko Atalak proposatu du Nafarroako Foru Komunitateko hiriarteko bide-sarean abiadura kontrolatzeko sistemak ezartzea. Neurri horren helburua da bide-istripuak prebenitzea eta murriztea, trafikoa baretzea eta azpiegituraren segurtasun operatiboa hobetzea.
Abiadura kontrolatzeko asmoz baimendu nahi diren sistema horiek Estatuko Administrazio Orokorrak eskualdatu ditu, eta operatibo eta behar bezala ziurtatuta daude Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak instalatu zituenetik.
Bat etorriz segurtasun indar eta kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan eta aipatutako lege organikoa garatzen duen apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuan ezarritakoarekin, bideokamerak eta trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko beste edozein bitarteko instalatu eta erabili nahi izanez gero, trafikoa arautzeko eskumena duen administrazio publikoaren baimena beharko da.
Horren ondorioz, eta Trafikoa Koordinatzeko Atalak proposatuta, Barneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 10eko 267E/2024 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz (ebazpen horren bidez, Trafikoko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetu zaizkio langileen, kontratazio publikoaren eta trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arloko zenbait eskudantzia),
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Baimena ematea, 2026ko uztailaren 1etik aurrera, ebazpen honen I. eranskinean zerrendatutako bide eta kilometro-puntuetan radar-kabinak eta trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko gailuak instalatzeko eta erabiltzeko.
Bigarrena.–Kontrolatu beharreko lekuetan, herritarrei jakinaraziko zaie irudiak hartzeko gailuak daudela, horretarako informazio seinaleak jarriz.
Hirugarrena.–Bide-segurtasunari buruzko araudiaren aurkako arau-hauste administratibotzat har litezkeen egitateak jasotzen dituzten irudiak bidaliko zaizkie behar diren zehapen prozedurak izapidetu eta ebazteko eskumena duten organoei. Grabazioak zigor arloan ez-zilegiak izan daitezkeen egitateak jasotzen baditu, grabazio horiek agintaritza judizial eskudunari igorriko zaizkio.
Laugarrena.–Bide-segurtasunari buruzko araudiaren aurkako arau-hauste administratibotzat har litezkeen egitateak jasotzen dituzten irudiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Datu Pertsonalen Tratamendurako Jardueren Erregistroan sartuko dira, eta zilegi izanen da datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatzea, helbide elektroniko honetan: https://www.navarra.es/eu/datuen-babesa.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Barneko Zuzendaritza Nagusiari, Barneko Zuzendaritza Nagusiko Berrikuntza Teknologikoaren Atalari, Trafiko Zerbitzuari, Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Ondare Zerbitzuari eta Kontrol eta Zehapen Atalari.
Iruñean, 2026ko ekainaren 25ean.–Trafiko Zerbitzuko zuzendaria, José Javier Boulandier Herrera.
I. ERANSKINA.–BIDE ETA KILOMETRO-PUNTU HAUETAN RADAR-KABINAK ETA TRAFIKOAREN KONTROL, ERREGULAZIO, ZAINTZA ETA DIZIPLINARAKO IRUDIAK HARTZEKO GAILUAK INSTALATZEA ETA ERABILTZEA
SERIE ZENBAKIA ZINEMOMETROA | SERIE ZENBAKIA KABINA | MOTA INSTALAZIOA | BIDE MOTA | ERREPIDEA | KPa | NORANZKOA | TKZa |
2897 | TRA-C-1223 | KABINA | Autobia | A-1 | 401,561 | GORANZKOA | NAFARROA |
2896 | TRA-C-1222 | KABINA | Errepide arrunta | N-121-A | 32,56 | GORANZKOA | NAFARROA |
2901 | TRA-C-1175 | KABINA | Autobia | A-15 | 127,67 | BEHERANZKOA | NAFARROA |
73105 | TRA-C-1380 | KABINA | Errepide arrunta | N-121-A | 25,9 | BEHERANZKOA | NAFARROA |
2882 | TRA-P-1202 | ARKUA | Autobidea | AP-68 | 218,2 | GORANZKOA | NAFARROA |
2895 | TRA-C-1221 | KABINA | Errepide arrunta | N-113 | 91,358 | BEHERANZKOA | NAFARROA |
73105 | TRA-C-1390 | KABINA | Errepide arrunta | N-121-A | 60,230 | GORANZKOA | NAFARROA |
Iragarkiaren kodea: F2609285