126. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2051/2026 EBAZPENA, ekainaren 18koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enologo plaza bat oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Abenduaren 27ko 115/2024 Foru Dekretuaren bidez (2024ko 264. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ekoan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2024ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, 2024ra luzatutako Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean aurreikusitako ordezte-tasa espezifikoari dagokiona. Eskaintza hartan, besteak beste, enologoen plaza huts batzuk sartu ziren, funtzionarioen araubidekoak eta A mailakoak.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 12ko 1280/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enologoen plaza hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren uztailaren 3ko 1952/2025 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enologo plaza huts bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi zen, eta deialdiko plaza bete gabe gelditu dela deklaratu zen.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enologo plaza bat oposizio bidez eta sarrera-prozedurari jarraikiz betetzeko deialdia onestea, bai eta haren oinarriak ere.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enologo plaza bat oposizio bidez eta sarrera-prozedurari jarraikiz betetzeko deialdia onestea, bai eta haren oinarriak ere.

2. Deialdiaren testua onestea; ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Herritarren Arretarako Bulegoak eta Erregistroak Koordinatzeko Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko ekainaren 18an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Gloria Arancón Largo.

ERANSKINA.–DEIALDIA, ENOLOGO PLAZA BAT OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da enologo plaza bat betetzea, oposizio bidez eta txanda irekian. Plaza A mailakoa eta funtzionarioen araubidekoa da, plantilla organikoan 10582 zenbakia du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari atxikita dago, B motako gidabaimena edukitzeko betebeharra du eta Erriberrin du destinoa.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea. 65 urtekoa da adin hori.

Dena dela, enplegu publikoan sartzen utziko zaie 65 urte bete dutenei, baldin eta ez badute osatu beren gizarte-aurreikuspeneko sisteman erretiro-saria jasotzeko eskubidea sortzeko ezarritako gabealdia, edo baldin eta ez badituzte osatu pentsioa osorik kobratzeko beharrezkoak diren kotizazio urteak.

c) Enologiako gradudun edo lizentziadun titulu unibertsitarioa izatea, edo baliokidetzat hartutako beste bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Era berean, baldintza hori egiaztatutzat joko da baldin eta izangaiak, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko gradudun edo lizentziadun titulua edo ingeniaritzako edo arkitekturako titulua badu, edo horietako bat lortzeko moduan badago, eta, gainera, enologo lanbidean jarduteko gaikuntza profesionala badu, enologo lanbidean, mahastizaintza eta ardogintzako teknikari espezialista lanbidean eta ardogintzako teknikari lanbidean aritzeko gaikuntza arautzen duen ekainaren 28ko 595/2002 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera (2002ko 160. Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 5ekoa).

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, homologazio egiaztagiria edo baliokidetasun ziurtagiria eduki beharko da, kasuan kasukoa. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten pertsonei.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

2.1.2. Desgaitasuna dutenentzako berariazko betebeharrak:

Desgaitasuna duten izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzak betetzeaz gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.

2.1.3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako berariazko betebeharrak:

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, 2.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima gisa aitortuak izan beharko dute.

2.1.4. Gidabaimena izatea eskatzen duen plaza bat eskuratu nahi izanez gero, B motako gidabaimena edukitzea.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikaz aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, nabigazio bide honi jarraituz: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa, "Herritarrentzako lan deialdiak", deialdi honen fitxan sartuta.

%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan edo bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko eta gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 41,60 euro da.

Telematika bidez ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera egiaztatzeko (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.

Bi.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute organo eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez, edo, bestela, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non egiaztatuko baita organo eskudun horri eskatu diotela aitor dakiela %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutela.

Hala ere, azken kasu horretan, deialdi honetan plaza hutsak aukeratzeko ezarritako epea ireki baino lehen lortu beharko da aitorpen hori, modu frogagarrian. Bestela, interesdunak galdu eginen ditu %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonentzako erreserba txandaren bidez parte hartzeari loturiko eskubide guztiak.

Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, komenigarritzat jotzen dituzten agiriak aurkezten ahalko dituzte egokitzapenak justifikatzeko.

Lau.–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek izaera hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak frogatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atarian dagoen deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozeduraren barneko ondorengo jarduketetan ere, gezurrezko izen bat erabiliko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak identifikatzeko, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun eta gardentasun printzipioak aplikatzea.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko, eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Epe hori zenbatzen hasiko da behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik aurrera. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.

4.4. Funtzio publikora sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa ez da itzuliko baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Sonia Fuentetaja González andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: María Teresa Larumbe Álvarez andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Alfredo Rueda Díez jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Enologia Bulegoko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Álvaro Echávarri Urbiola jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Nerea Iturmendi Vizcay andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko irakaslea.

Ordezko epaimahaikidea: Íñigo Arozarena Martinicorena jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.

Ordezko epaimahaikidea: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.

Idazkaria: Tania Bernaldo de Quirós Miranda andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

Ordezko idazkaria: Teresa Nagore Ferrer andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2027ko urtarriletik aurrera hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin emanen ditu argitara hurrengo probetako deiak, deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan. Bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, eta adieraziko du oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko behar diren eta posible diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat duten izangaientzat, eskaeran hala eskatzen badute.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba:

Proba teorikoa izanen da. Test motako gehienez 90 galderari erantzun beharko zaie, idatziz, deialdi honen I. eranskinean agertzen den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Proba hau egiteko, hiru ordu izanen dira gehienez.

Lehenbiziko proba honetan, gehienez ere, 30 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ezin da erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza.

6.3.2. Bigarren proba:

Proba teorikoa izanen da. Bertan, epaimahaiak proposatutako gehienez 20 galderari erantzun beharko zaie, deialdi honen I. eranskinean agertzen den gai-zerrendako berariazko zatiari buruz.

Proba idatzi hori egiteko lau ordu izanen dira gehienez.

Proba honetan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ezin da erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza.

6.3.3. Hirugarren proba:

Teoriko-praktikoa izanen da. Epaimahaiak proposatutako bi kasu teoriko-praktiko garatu eta ebatzi beharko dira, idatziz. Kasu horiek deialdi honetako I. eranskineko gai-zerrendako berariazko zatian jasota dauden gaiekin lotuak eta lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko behar diren ezagutzei buruzkoak izanen dira.

Proba idatzi hori egiteko lau ordu izanen dira gehienez.

Hirugarren proban 40 puntu lortzen ahal dira gehienez. Kasu bakoitzean gehienez 20 puntu eman daitezke.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Bazterturik geldituko dira, orobat, kasuetako batean zero puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.

Proba egiteko ezin da erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza.

6.4. Bigarren eta hirugarren probak gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen dira.

6.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

7.–Proba gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera. Orobat, zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko du, betebeharrak betetzen diren egiaztatzeko eta plaza hutsak hautatzeko izapideak egin daitezen.

7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, hirugarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren proban eta lehenbizikoan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horrexetan.

7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du hura ebazteko. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan atera den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.–Betebeharrak frogatzea eta plaza hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

a) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia, betebehar hori duen plaza bat eskuratu nahi izanez gero.

8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak plaza hutsak hautatzeko egintzarako deia eginen du, argitara emanez hauta daitezkeen plaza hutsen zerrenda eta hautaketara deitutako izangaien zerrenda (plaza hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe duten plaza hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, plaza hutsak eskuratzeko.

8.3. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu plaza huts batean edo bestean jarduteko, plazen hautaketa hasi aurretik, haren desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Era berean, hautaprobak gainditu eta genero-indarkeriaren biktima direla frogatzen duten emakumezko izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak hautatzeko, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-ordena.

Hautaprobak igoera txandatik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiaren xede diren plaza hutsak aukeratzeko, txanda irekiko izangaien aurretik, baina kontuan hartuta, betiere, desgaitasuna dutela egiaztatzen duten izangaientzat eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeentzat ezarritako salbuespena.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin plaza hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko plazetan sartzen ahal direnak.

Izendapen proposamen hori deialdiaren fitxan argitaratuko da, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

9.2. Proposatutako izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan izendapen proposamena argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean:

A.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzeko interesdunak betetzen dituela lanpostuko berezko eginkizunetan aritzeko beharrezkoak diren baldintza psikofisikoak.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

B.–Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jatorrizko administrazioan jardunean daudela, edo borondatezko eszedentzian daudela eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

C.–2.1.1.b) oinarrian adierazitako ondorioetarako, Gizarte Segurantzak edo organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. oinarrian aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea, baldin eta hutsik geratu den plazaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak beste agiriren bat behar izanez gero bere eskudantziak erabiltzeko, proposaturiko izangaiari eskatuko dio, eta hark agiri hori aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan.

9.6. Ezarritako prozeduraren arabera plaza epe barruan eta behar bezala hautatzen ez bada, hautapen prozesuari uko egiten bazaio, deialdian plaza betetzeko ezarritako baldintzak betetzen ez badira edo eskatutako dokumentazioa ezarritako prozeduraren arabera epe barruan eta behar bezala aurkezten ez bada, plaza hutsen hautaketaren emaitza ez da aldatuko.

Administrazioko organo eskudunak gainditzen dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea.

10.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko, eta plaza hutsak esleituko dizkie.

10.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza-hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, baldin izendatutakoak afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen dituzte: edo segitzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan, babes harturik martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori dena, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zehazki, bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Izendatzen diren izangaiek izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute plazaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.

Aipatutako epean izangairen bat plazaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.4. Baldin eta funtzionario izaera eskuratzen duten izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, lanpostuan batere aritu gabe eta haiek eskatuta, hutsik gelditzen den plaza ere beteko da deialdiaren 9.4 atalean ezarritako moduan.

10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko plazak.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, deialdiaren fitxan argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere.

12.–Administrazio erroaren eremuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta plazarik lortzen ez duten izangaiekin:

a) Probak gainditu arren plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen prozesua gainditu arren plaza lortu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.

Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Zati orokorra.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.

3. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidea: haren iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasuneko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.

4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen-esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedurak eta ebazpenak.

6. gaia.–14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa: Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Gobernuaren lege-mailako xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege-mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

8. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazioen arteko harremanak.

9. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".

10. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak; epemugak eta epeak.

11. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: administrazio egintzak: administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

12. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Exekuzioa. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

13. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

14. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

15. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa: IV. titulua: Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

16. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

17. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: Xedapen orokorrak. Datuen babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

18. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Berariazko zatia.

1. gaia.–Nafarroako nekazaritzako administrazio antolaketa, 255/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

2. gaia.–905/2022 Errege Dekretua, urriaren 25ekoa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko esku-hartzea arautzen duena.

3. gaia.–28/2015 Legea, uztailaren 30ekoa, Elikagaien Kalitatea Defendatzeari buruzkoa. 12/2013 Legea, abuztuaren 2koa, elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzkoa.

4. gaia.–24/2003 Legea, uztailaren 10ekoa, Mahastiei eta Ardoari buruzkoa.

5. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024ko apirilaren 11ko 2024/1143 (EB) Erregelamendua, ardoen, edari destilatuen eta nekazaritzako produktuen adierazpen geografikoei buruzkoa, bai eta nekazaritza produktuen espezialitate tradizional bermatuei eta haientzako aukerako kalitate terminoei buruzkoa ere, zeinaren bidez aldatzen baitira 1308/2013 (EB), 2019/787 (EB) eta 2019/1753 (EB) erregelamenduak eta indarrik gabe uzten baita 1151/2012 (EB) Erregelamendua.

6. gaia.–Batzordearen 2019ko martxoaren 12ko 2019/934 (EB) Erregelamendu Eskuordetua, zeinaren bidez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua osatzen baita gai hauei dagokienez: alkohol-gradua handitu dezaketen mahastizaintza-eremuak; baimendutako praktika enologikoak eta aplikatu beharreko murrizketak mahastizaintzako produktuen ekoizpenean eta kontserbazioan; azpiproduktuetarako gutxieneko alkohol-ehunekoa eta horien desagerrarazpena; eta MANBko fitxen argitalpena.

7.gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2117 (EB) Erregelamendua, honako erregelamendu hauek aldatzen dituena: 1308/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde erkidea sortu zuena; 1151/2012 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako eta elikadurarako produktuen kalitate araubideei buruzkoa; 251/2014 (EB) Erregelamendua, mahastizaintza eta ardogintzako produktu usaingozatuen adierazpen geografikoen definizioari, deskripzioari, aurkezpenari, etiketatzeari eta babesari buruzkoa; eta 228/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzaren sektorean neurri espezifikoak ezartzen dituena Batasuneko eskualde ultraperiferikoen alde.

8. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamendua, produktu ekologikoen ekoizpen ekologikoari eta etiketatzeari buruzkoa, zeinaren bidez indargabetzen baita Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamendua.

9. gaia.–5/2023 Foru Legea, martxoaren 9koa, Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrei buruzkoa.

10. gaia.–4/2022 Foru Legea, martxoaren 22koa, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzkoa.

11. gaia.–Elikagaien industriako kalitatearen homologazioa, ziurtapena eta normalizazioa. Erakundeak. Araudia. Prozesuen eta produktuen UNE arauak. ISO 9000 arauak. Kalitate-eskuliburuak. Kalitatearen auditoretzak.

12. gaia.–Arriskuen analisia eta kontrol puntu kritikoak upategietan. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 852/2004 (EE) Erregelamendua, elikagaien higieneari buruzkoa.

13. gaia.–Nafarroako geografia fisikoa. Eskema orokor geologikoa, orografikoa, klimatikoa, hidrologikoa eta landarediarena. Nafarroako geografia ekonomikoa. Nafarroako ekonomia eta haren sektorekako banaketa: makromagnitudeak eta enplegua. Aurrekariak eta bilakaera. Espainiarekin alderatzea.

14. gaia.–Agroklimatologia. Tenperatura- eta euri-erregimenen azterketa. Nekazaritzako izozte eta lehortze arriskuen azterketa. Ur balantzea. Laboreen ur beharrak neurtzeko metodoak. Nafarroako ezaugarri agroklimatikoak.

15. gaia.–Mahastizaintzako ekoizpenaren faktoreak. Lurzorua eta klima. Faktore fisikoak eta kimikoak. Klima eta mahastia. Mahastizaintza-konstanteak. Mahastiak ezartzeko baldintzatzaileak.

16. gaia.–Mahatsondoaren organografia eta fisiologia. Sustraiak, enborrak eta besoak, aihen berdeak eta aihenak. Anpelografia. Ziklo begetatiboa eta ugaltze zikloa. Urtetik urterako eta urteko ziklo begetatiboa.

17. gaia.–Mahastizaintzako teknikak mahastien kudeaketan eta mahatsaren konposizioan: oreka begetatiboa eta produktiboa mahastizaintzan. Kalitatea neurtzeko teknikak. Kalitatea hobetzeko laborantza-teknikak. Mahastian landaredia modu ezberdinetan erabiltzea.

18. gaia.–Txertakak mahatsondoaren laborantzan. Ingurunearekiko erresistentziak eta egokitzapenak. Mahatsondoa biderkatzea eta txertatzea, biderketa motak. Txertaketa egiteko behar diren faktoreak. Txertaketa motak.

19. gaia.–Mahastietako gidatze-sistemak, dentsitatea eta landaketa-esparrua. Gidatzeko moduak. Landareak eratzeko printzipio orokorrak eta inausketa-sistemak. Inausteko arauak. Berdeko eragiketak.

20. gaia.–Doitasunezko mahastizaintza. Mahastia monitorizatzeko datuak eskuratzea. Mahastizaintzako hurbileko sentsoreak eta teledetekzioa. Mahastiaren zonifikazioa.

21. gaia.–Nekazaritza-ekoizpenaren sistema iraunkorrak. Jardunbide jasangarriak mahastian eta upeltegian. Ekoizpen ekologikoa, organikoa edo biologikoa eta haren tipologiak, biodinamika, permakultura. Ziurtapen ekologikoa Europar Batasunean eta ziurtapen erakundeak. Ekoizpen integratua. Mahastizaintza birsortzailea.

22. gaia.–Intsektuek mahatsondoan sortutako izurriteak. Sintomatologia, kalteak eta kanpoko faktoreak.

23. gaia.–Mahatsondoaren gaixotasun kriptogamikoak, ziklo biologikoa, sintomatologia, kalteak eta kanpoko faktoreak.

24. gaia.–Akaroek, bakterioek, legamiek, fitoplasmek eta birosiak mahatsondoan sortutako izurriteak eta gaixotasunak, ziklo biologikoa, sintomatologia, kalteak eta kanpoko faktoreak.

25. gaia.–Biokimika enologikoa. Ardoaren konposizioa: mahatsaren eta ardoaren osagai biokimikoak; biosintesiaren eta degradazioaren bideak.

26. gaia.–Muztioaren transformazio biokimikoak; hartzidura alkoholikoaren eta malolaktikoaren biokimika.

27. gaia.–Enologian aplikatzeko biologia molekularra. Produktu eratorrien biokimika. Ardoaren aldaketen biokimika.

28. gaia.–Mikrobiologia enologikoa. Hartziduren teknologia eta ardoaren gaixotasunak: interes enologikoko multzo mikrobianoak. Lizunak, legamiak, bakterio laktikoak eta bakterio azetikoak.

29. gaia.–Ardo-legamiak. Ekologia eta garapen baldintzak hartzidura alkoholikoan. Hautatzeko irizpideak.

30. gaia.–Bakterio laktikoak. Ekologia eta garapen baldintzak hartzidura malolaktikoan. Hautatzeko irizpideak.

31. gaia.–Hartzidura glizeropirubikoa. Bigarren mailako produktuen eraketa. Nitrogenoaren eta sufrearen metabolismoa.

32. gaia.–Ardoaren alterazioen mikrobiologia. Ardoen kontrol eta egonkortasun mikrobianoa.

33. gaia.–Laborantzako teknika mikrobiologikoak, eta mikroorganismo enologikoen identifikazioa, karakterizazioa eta jarraipena.

34. gaia.–Laborategiko lanaren antolaketa eta arauak. Laborategiko materiala ezagutzea. Erreaktibo kimikoen erabilera; mota; kategoriak; etiketak, piktogramak eta arrisku-oharrak interpretatzea.

35. gaia.–Analisi fisiko-kimiko eta mikrobiologikoa enologian, tresneria, kalitate-kontrola, prozesu analitikoa, eta laginak hartzea eta prestatzea. Muztioen eta ardoen oinarrizko analisi komunak.

36. gaia.–Analisi kualitatibo eta kuantitatibo klasikoa. Azido-base bolumetriak, konplexuen formazioko bolumetriak, oxidazio-erredukzio bolumetriak, prezipitazioko bolumetriak. Bereizteko teknikak.

37. gaia.–Analisi enologikoaren teknika instrumentalak. Potentziometria. Konduktimetria. Errefraktometria. Espektrofotometria ikusgaia-UV.

38. gaia.–Mahats-bilketa: heldutasuna, bilketa, garraioa eta harrera. Mahats-bilketaren tratamendu mekanikoa. Mahats-bilketaren zuzenketak. Mahatsa upeltegian prozesatzea eta kontrolatzea. Sulfitatzea. Upeleratzea: egitea, eta upeleratzeko moduak eta ontziak.

39. gaia.–Ardo beltzen elaborazioa. Hartzidura alkoholikoaren kontrola, hartzidura-geldialdiak, beratzearen kontrola. Prentsaketa: prentsa motak eta ardoen kalitatea. Hartzidura malolaktikoaren kontrola. Ardoa egiteko gailu automatikoak.

40. gaia.–Ardo zurien elaborazioa, helburuak, metodoak, mahats-bilketaren manipulazioa eta tratamenduak, hartziduren kontrola eta tratamenduak. Lohia kentzea. Barrikako hartzidura eta/edo ontzea.

41. gaia.–Ardo gorrien elaborazioa, helburuak, metodoak. Muztioa ateratzea. Barrikako hartzidura eta/edo ontzea. Ardo gorriak munduan, eremu ekoizle nagusiak eta haien berezitasunak.

42. gaia.–Ardo apardunen elaborazioa. Ardo apardun motak eta ardoa egiteko metodoak: aspaldiko metodoa, sistema tradizionala, ontzi handien sistema eta zuzeneko gasifikazioaren sistema.

43. gaia.–Beratze karbonikoko ardo beltzak. Printzipioak eta oinarria. Bilketa, garraioa eta upeleratzea. Anaerobiosia abian jartzea. Ardoen ezaugarriak.

44. gaia.–Ardoa egiteko prozesu bereziak, usteldura nobleko ardoak, ardo erdi gozoak eta gozoak, ardo oparoak, ardo laranjak, likore-ardoak eta izotz-ardoak.

45. gaia.–Ardoa egiteko prozesuak kontrolatzeko praktikak (inokulazioak eta hartziduren segimendua). Legamia-populazioen bilakaera hartzidura alkoholikoan. Legamien jatorria. Hautatutako legamiak erabiltzea.

46. gaia.–Azido tartarikoaren egonkortzea. Helburuak, kristalen eraketaren jatorria, egonkortzea egiteko metodoak.

47. gaia.–Gardentzea eta iragazketa. Helburuak. Gardentze-substantziak, gardentze motak jatorriaren arabera, gardentzeko modurik egokiena ardo motaren arabera, aplikazio modua. Iragazketa motak, iragazki motak.

48. gaia.–Ardoa botiletan ontzea. Helburuak, botila motak. Ardoa ontzeko gelaren baldintzak. Ardoaren osaeran gertatzen diren aldaketa garrantzitsuenak.

49. gaia.–Zurak ardoa egiteko eta ontzeko duen garrantzia. Erabiltzen diren zur motak eta gordailuen formatuak. Erabiltzen diren zuhaitz-espezie nagusiak eta zuraren jatorri geografikoa. Zurarekin ontzeak ardoan dituen ondorioak. Upel-oholak, listoiak, ezpalak edo zerrautsa erabiltzea ardoa egiteko prozesuan.

50. gaia.–Ardoak beste material batzuetako gordailuetan (buztinezkoak, hormigoizkoak, harrizkoak edo plastikozkoak) elaboratzea eta ontzea. Ardoaren osaeran gertatzen diren aldaketarik garrantzitsuenak eta ardoaren ontze prozesuan dituen ondorioak.

51. gaia.–Industria enologikoaren material osagarriak: biltegiratzeko lokalak eta ardorako ontziak. Gehigarri eta lagungarri enologikoak: dosiak eta erabiltzeko moduak.

52. gaia.–Industria enologikoko ontziak, tapoiak jartzea, botilak kapsulatzea edo lakratzea eta etiketak jartzea. Erabiltzen diren materialak, formatuak, prestatzeko eta egokitzeko lanak, behar diren makina eta ekipoak.

53. gaia.–Industria enologikoko detergenteak eta desinfektatzaileak. Gordailuak eta barrikak desinfektatzeko eta garbitzeko metodologiak, metodo fisikoak eta kimikoak. Lanen planifikazioa.

54. gaia.–Elaborazio prozesuan behar den makineria, eta segurtasunari eta higieneari buruzko legedia aplikatzea enologia industrian. Laneko segurtasunaren kudeaketa. Arriskuak eta prebentzioa.

55. gaia.–Ardoaren analisi sentsoriala eta hari lotutako estatistika. Dastaketaren erabilera eta zientzia. Dastaketa eta mahastizaintzaren eta ardogintzaren kultura. Analisi sentsorialerako tresnak. Zentzumenen bidezko azterketa. Dastaketa-panelak prestatzea.

56. gaia.–Zentzumenen mekanismoak eta mezuak. Ikusmena eta ikusizko azterketa. Usaimena eta usainak. Dastamena eta zaporeak. Dastamen eta usaimen orekak.

57. gaia.–Ardoaren osaera ikuspegi organoleptikotik. Ardoen osagai nagusiak. Ardoak deskribatzeko gaitasuna. Osagai lurrunkorrak. Kalibrazio probak.

58. gaia.–Ardoen alterazio organoleptikoak. Mahatsak eragindako akatsak. Hartziduran jatorria duten aroma akastunak. Ardoak kontserbatzeko prozesuan gertatzen diren alterazio organoleptikoak.

59. gaia.–Alkoholik gabeko edarien elaborazioa. Lehengaiak eta gai osagarriak, egokitzapena, elaboraziorako prozedura eta eragiketak, kontrol parametroak, makineria eta tresneria.

60. gaia.–Muztio naturalak eta muztio trinkoak, muztio motak, muztioa lortzeko teknikak, muztioaren kontzentrazioa, muztioaren errektifikazioa.

61. gaia.–Ozpina: ozpinaren bioteknologia, ozpina ekoizteko metodoak, ozpin motak. Ardoaren beste azpiproduktu batzuk, azido tartarikoa, ongarriak, erregaiak, olioak, pentsuak, koloragarriak, kosmetikoak eta abar.

62. gaia.–Ardo deribatu eta aromatizatuen eta aperitiboen elaborazioa. Lehengaiak; baimendutako elaborazio, praktika eta tratamenduak.

63. gaia.–Ardotik eratorritako destilatuak, destilazioaren oinarriak. Destilatu motak, destilazioaren faseak, likidoaren eta lurrunaren arteko oreka, destilazio etena, destilazio jarraitua.

64. gaia.–Sagardoaren elaborazioa, historia, araudia, ekoizpen sistemak, elaborazioa eta motak. Sagardoaren ekoizpena Nafarroan.

65. gaia.–Garagardoaren elaborazioa, historia, araudia, ekoizpen sistemak, elaborazioa eta motak.

66. gaia.–Edari destilatuak lortzea, lehengaiak eta gai osagarriak, ardo-pattarrak. Mahats-pattarrak. Elaborazioak eta motak, zahartze prozesua, baimendutako praktikak eta tratamenduak, akabera-eragiketak.

67. gaia.–Mahastizaintzako eta ardogintzako hondakinen kudeaketa: hondakinen kudeaketa eta aprobetxamendua. Hondakin urak arazteko instalazioen eta ekipamenduen kalkulua, diseinua, gauzatzea eta mantentze-lanak. Nekazaritzako elikagaien industriak atmosferara egindako isuriak.

68. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko ardoaren jatorri-deitura babestuak: Nafarroa jatorri-deitura. Erregelamendu arautzailea, baldintza-agiria, egoera, barne hartzen dituen udalerriak, klima, lurzorua eta bakoitzaren barietate adierazgarrienak.

69. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko ardoaren jatorri-deitura babestuak: Errioxa jatorri-deitura kalifikatua. Erregelamendu arautzailea, baldintza-agiria, egoera, barne hartzen dituen udalerriak, klima, lurzorua eta bakoitzaren barietate adierazgarrienak.

70. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko ardoaren jatorri-deitura babestuak: Cava jatorri-deitura. Erregelamendu arautzailea, baldintza-agiria, egoera, barne hartzen dituen udalerriak, klima, lurzorua eta bakoitzaren barietate adierazgarrienak.

71. gaia.–Adierazpen geografiko babestuak eta lur eremuko ardoak Nafarroako Foru Komunitatean. Tres Riberas adierazpen geografiko babestua. Ribera del Queiles adierazpen geografiko babestua. Pago de Arínzano, Pago de Otazu, Prado de Irache, Bolandin eta Larrainzar. Deitura horiek babesten dituen araudia, baldintza-agiriak, barietateak, ardoen ezaugarri organoleptikoak eta baimendutako ontziak, kontrol sistema.

72. gaia.–Enoturismoa Nafarroan. Eskaintza eta eskura dauden baliabideak. Ibilbide eta zentro tematikoak.

Iragarkiaren kodea: F2608889