126. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

279E/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 12koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita kudeaketa-esleipen bat egitea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, 2026ko ekitaldian osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetarako.

Bizimodu osasungarriak sustatzea, besteak beste jarduera fisikoa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren 2022-2025 Osasun Publikoaren Planean sartutako programetako bat da, bai eta zahartze aktibo eta osasungarriaren estrategiarekin lotutako proiektu estrategiko nabarmenetako bat ere. Jarduera fisikoa toki mailan sustatzea da tresna baliagarrienetako bat eskaintza herritarren osasun beharretara egokitzeko, toki entitateak herritarrengandik hurbil daudelako eta errealitate soziokulturala eta jarduera fisikoa egitearekin lotutako beste faktore batzuk ezagutzen dituztelako.

Bestalde, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren jarduketetako bat da laguntzak ematea toki entitateetan jarduera fisikoko eta osasuneko proiektuak bultzatzeko, tresna baliagarriak baitira bizitza osasuntsua eta osasungarria sustatzeko eta pertsonen gaitasun funtzionala mantentzeko eta handitzeko. Izan ere, zahartze aktiboan eragiten dute, eta bizi-kalitatea hobetzen.

Horretarako, 2026ko ekitaldirako Nafarroako aurrekontu orokorretan, honako gastu-partida hauek daude:

–Osasun Departamentua:

  • 520001 51200 4609 313909 "Osasunaren sustapena. Toki entitateak" izeneko partida, 50.000 euroko kreditu erabilgarria duena.

–Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua.

  • A50002 A5100 4609 336102 "Toki entitateentzako dirulaguntza, jarduera fisikoa eta kirola preskribatzeko" izeneko partida, 175.000 euroko kreditua duena.

Dirulaguntza horien izaera ikusita, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuak 2026ko maiatzaren 14an sinatutako proposamenarekin bat etorriz, bidezkoa da, eraginkortasun-arrazoiak direla eta, organo bakar batek hartzea bere gain dirulaguntzen deialdia egin, eman eta ordaintzeko lana.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.1 artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera material edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko organo edo zuzenbide publikoko entitate bati esleitu ahal izanen zaizkio, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, dela eraginkorragoak izateko, dela jarduera horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak ezartzen duenez, Foru Administrazio publikoko organoek ahalmena izanen dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak beste organo edo erakunde batzuei esleitzeko, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Foru lege horren 14.3 artikuluak jasotzen du kudeaketa-esleipena egin daitekeela beste departamentu baten mendeko erakunde baten alde. Horretarako, bi departamentuetako titularrek batera emandako baimena behar da.

Aurrekoarekin bat etorriz, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak erabaki baten testua aurkeztu du, izenpetua izan dadin. Testu horren bidez batera baimentzen da kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, 2026ko ekitaldian osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetarako.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Baimentzea kudeaketa-esleipen bat egitea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, 2026ko ekitaldian osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetarako, eta batera hartu den erabakia formalizatzea, eranskinean ageri dena.

2. Esleipen honen ondoriozko gastuak Osasun Departamentuak finantzatuko ditu, partida honen kargura: "Osasunaren sustapena. Toki entitateak" izeneko 520001-51200-4609-313909 partida, Osasun Departamentuaren gastu-aurrekontukoa.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Iruñean, 2026ko ekainaren 12an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

ERANSKINA.–16/2026 FORU AGINDUA, EKAINAREN 2KOA, KULTURA, KIROL ETA TURISMOKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ARGITARA EMATEN BAITA OSASUNEKO KONTSEILARIAK ETA KULTURA, KIROL ETA TURISMOKO KONTSEILARIAK 2026KO MAIATZAREN 28AN HARTURIKO ERABAKIA. ERABAKI HORREN BIDEZ, BATERA BAIMENTZEN DA KUDEAKETA-ESLEIPEN BAT EGITEA NAFARROAKO KIROLAREN ETA JARDUERA FISIKOAREN INSTITUTUARI, TOKI ENTITATEEI ZUZENDUTAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDI BAT ONETSI ETA IZAPIDETU DEZAN, OSASUNERAKO JARDUERA ETA ARIKETA FISIKOA PRESKRIBATZEKO PROIEKTUAK EGITEKO 2026KO EKITALDIAN

Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluaren 3. apartatuarekin, Osasuneko kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2026ko maiatzaren 28an harturiko Erabakiaren bidez, batera baimendu zen kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, toki entitateei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat onetsi eta izapidetu zezan, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak egiteko 2026ko ekitaldian.

Aipatu foru legearen 14. artikuluaren 6. apartatuak xedatzen du kudeaketa-esleipena eraginkorra izan dadin beharrezkoa dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea oso-osorik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta Osasuneko kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2026ko maiatzaren 28an harturiko Erabakia, zeinaren bidez batera baimentzen baita kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, toki entitateei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat onetsi eta izapidetu dezan, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak egiteko 2026ko ekitaldian. Foru agindu honen eranskin gisa argitaratzen da erabaki hori.

2. Foru agindu hau igortzea Osasun Publikoaren Institutura, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutura, Osasun Departamentuko eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara eta departamentu horietako kontu-hartzailetza delegatuetara.

Iruñean, 2026ko ekainaren 2an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

KULTURA, KIROL ETA TURISMO DEPARTAMENTUAREN ETA OSASUN DEPARTAMENTUAREN ARTEKO ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ BATERA BAIMENTZEN BAITA KUDEAKETA-ESLEIPEN BAT EGITEA NAFARROAKO KIROLAREN ETA JARDUERA FISIKOAREN INSTITUTUARI, OSASUNERAKO JARDUERA ETA ARIKETA FISIKOA PRESKRIBATZEKO PROIEKTUAK EGITEKO 2026KO EKITALDIAN

Iruñean, sinadura elektronikoen egunean.

Batetik, Rebeca Esnaola Bermejo andreak, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak,

Bestetik, Fernando Domínguez Cunchillos jaunak, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariak,

AZALTZEN DUTE:

–Lehenik:

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua erakunde autonomo bat da, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuari atxikia (departamentu horren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuaren 3.2 artikulua). Azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onetsi ziren. Foru dekretu horretan, ezarri zen Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren eskumenak direla, besteak beste, honako hauek: modu autonomoan edo lankidetzan sustatzea heziketa fisikoa eta kirola bultzatzeko programak eta jarduerak herritarren kolektibo guztientzat, kirolak berezkoak dituen balio sozialak eta hezkuntzakoak sustatzea, eta neurriak hartzea berdintasuna bermatzeko kirol arloan, beste entitate batzuekin elkarlanean, publikoak zein pribatuak izan.

Bestalde, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren 2. apartatuaren b) letraren arabera, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua Osasun Departamentuko Osasun Zuzendaritza Nagusiari atxikitzen zaio. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren 10. artikuluaren g) letrak zuzendari kudeatzaileari esleitzen dio "dirulaguntzen deialdiak onestea eta ebaztea, Osasun Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideen arabera". Halaber, aipatu foru dekretuaren 26. artikuluaren 2. apartatuko f) letrak Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuari esleitzen dio osasunaren sustapenaren eta osasun-hezkuntzaren arloan ezartzen diren plan eta programen plangintza, garapena eta ebaluazioa egiteko eskumena (osasun-arloko informaziorako, komunikaziorako eta gizarte-ekintzarako estrategiak eta neurri tekniko, politiko eta ekonomikoak barne), bai eta dagozkion dirulaguntzak kudeatzeko eskumena ere.

–Bigarrenik:

Nafarroako 2026ko aurrekontu orokorretan, honako partida hauek daude:

  • Osasun Departamentua:
    • 520001-51200-4609-313909 "Osasunaren sustapena. Toki entitateak" partida; 50.000 euroko kopurua dago erabilgarri 2026rako.
  • Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua:
    • A50002-A5100-4609-336102 "Toki entitateek jarduera fisikoa eta kirola preskribatzeko dirulaguntza" partida, 175.000 euroko kreditua duena 2026rako.

–Hirugarrenik:

Jarduera fisikoa da gaur egungo morbimortalitate-kargarekin lotuta dagoen faktore garrantzitsuetako bat. Lau gaixotasun kroniko nagusiak prebenitzeko 4X4 Estrategiaren barnean ageri diren lau arrisku faktoreetako bat da (besteak dira elikadura desorekatua, tabakismoa eta alkohol gehiegi edatea).

Bizitzeko molde osasungarriak sustatzea –horien artean ariketa fisikoa– da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren 2022-2025 aldirako Osasun Publikoan jasotako programetako bat. Orobat, nabarmendutako proiektu estrategikoetako bat da, Zahartze Aktibo eta Osasungarrirako Estrategiarekin batera eratzen dena.

Jarduera eta ariketa fisikoa tokian-tokian sustatzea da tresna erabilgarrienetako bat eskaintza biztanleriaren osasun beharretara egokitzen laguntzeko, eskualde bakoitzean ariketa fisikoarekin lotuta dauden baliabideak koordinatzen laguntzeko eta ariketa fisikoaren efizientzia areagotzen joateko.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren jarduketen artean dago laguntzak ematea, jarduera fisikoaren eta osasunaren arloko programen eta proiektuen antolaketa bultzatu eta sustatzeko, toki entitateen bidez eta kirola sustatzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko helburu nagusia duten beste entitate batzuen bidez.

–Laugarrena:

Bi departamentuetan badirenez aurrekontuko partida batzuk udal entitateei ariketa fisikoa sustatzeko dirulaguntzak emateko, bidezkoa da, eraginkortasunagatik, administrazio organo bakarra izatea deialdia onartzeaz, hura tramitatzeaz eta aipatu dirulaguntzak emateaz arduratuko dena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.1 artikuluak xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dutela beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien mendekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, ondoko apartatuetan xedatuarekin bat.

Aipatutako 14. artikuluaren 3. apartatuan ezartzen da ezen kudeaketa-esleipena departamentu berekoa ez den administrazio organo bati edo beste departamentu baten mendeko erakunde edo entitate publiko bati egiteko, bi departamentu horien titularrek batera emandako baimena beharko dela.

Horrenbestez,

ERABAKITZEN DUTE:

Lehenbizikoa.–Baimentzea kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, toki entitateei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat onetsi eta izapidetu dezan, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak egiteko 2026ko uztailaren 1etik azaroaren 30era bitartean.

Bigarrena.–Esleipena indarrean egonen da dagozkion dirulaguntza-deialdien likidazioa egiten den datara arte (2027an).

Hirugarrena.–Kudeaketa-esleipenaren xedeko prozeduren ondoriozko gastuen finantzaketa, aldez aurretik behar diren tramiteak egin eta gero, aurrekontuko partida hauen kargura eginen da:

–Osasun Departamentua:

  • 520001-51200-4609-313909 "Osasunaren sustapena. Toki entitateak" partida. 905.000 euroko hasierako kreditua du 2026ko gastuen aurrekontuan, eta 50.000 euro erabiltzen ahal dira osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetarako.

–Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua:

  • A50002-A5100-4609-336102 "Toki entitateek jarduera fisikoa eta kirola preskribatzeko dirulaguntza" partida. 175.000 euroko kreditua du 2026ko gastuen aurrekontuan, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetarako.

Azken partida horren zenbatekoa handitzen edo aldatzen ahalko da, beste partida batzuetako soberakinak aprobetxatzeko.

Laugarrena.–Erabaki hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutura, Osasun Departamentuko eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara eta departamentu horietako kontu-hartzailetza delegatuetara.

Eta erabaki honen edukiarekin ados daudela erakusteko, bi aldeek sinatu dute, goian adierazitako lekuan eta egunean.

Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2608662