126. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5556E/2026 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, beren eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko eta Helpbidea proiektua zabaltzeko, 2026. urtean. DDBN kodea: 911568.

Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistema – SITNAren 2016-2019 eperako Plan Estrategikoak ezarri zuen, bere ildo estrategikoen artean, Helpbidea izeneko web aplikazioa sortzea, hots, web bisore geografiko bat, SITNA APIan oinarritua, ahalbidetzen duena Nafarroako posta helbide bat aurkitzea, hainbat irizpide konbinatuz: udalerria, entitate bakana, bidea, ataria, etxearen izena edo helpbideako IDa (helbidearen identifikatzaile unibokoa).

Haren ezarpenaren ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitatean eraikin sakabanatuen kopuru handia dagoenez, beharrezkoa da toki entitateek eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko jarduketak egin ditzaten sustatzea, azken helburua izanik non dauden errazago jakitea, bereziki larrialdi zerbitzuek; era berean, beharrezkoa da Helpbidea proiektua herritarren eta beste interes-talde batzuen artean zabaltzea, eraikin sakabanatuei esleitutako helpbidea kodeen erabilera errazteko eta sustatzeko.

Horretarako, 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek honako partida hau jaso dute: F43001 F4400 4609 134102, "Babes zibilerako seinaleztapena finantzatzea" izenekoa. Haren xedea da finantzatzea toki entitateek beren eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko egiten dituzten jarduketak, betiere 2026an gauzatzen badituzte.

Ondorio horiekin, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Horrenbestez, ikusirik espedientean dauden txostenak, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuaren aldeko txostena dagoenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, beren eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko eta Helpbidea proiektua zabaltzeko, 2026. urtean.

2. Deialdi honetako oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean ageri direnak.

3. 10.000 euroko gastua baimentzea, 2026rako Nafarroako Gobernuaren gastu-aurrekontuko honako partida honen kargura: F43001 F4400 4609 134102, "Babes zibilerako seinaleztapena finantzatzea".

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.

5. Deialdi honen, oinarrien eta haren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin bat.

6. Ebazpen hau igortzea Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzura, Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatura.

Iruñean, 2026ko ekainaren 9an.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.

NAFARROAKO TOKI ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, BEREN ERAIKIN SAKABANATUAK LOKALIZATZEKO ETA SEINALEZTATZEKO ETA HELPBIDEA PROIEKTUA ZABALTZEKO, 2026. URTEAN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Oinarri arautzaile hauen xedea da deialdi honi aplikatu beharreko araudia ezartzea: Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia, beren eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko jarduketak egin ditzaten, jarduketa horiek 2026. urtean gauzatzen badira.

Deialdi honen ondorioetarako, eraikin sakabanatutzat joko dira biztanleguneetatik kanpoko katastro-lurzatietan daudenak. Bi motatakoak izanen dira:

a) Bizilagunak dituzten eraikinak edo bizigarriak direnak.

b) Toki entitateek, beharrezkoa dela iritzita, sartu nahi dituzten beste eraikin mota batzuk, esaterako bordak, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiak eta beste.

Diruz lagundutako jardueraren helburuak honako hau du oinarri: dudarik gabeko garrantzia du, pertsonen eta beren ondasunen segurtasunaren ikuspuntutik, eraikin sakabanatuak aurkitzen eta horietara iristen laguntzeak, bereziki larrialdi zerbitzuentzat.

2.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak honako honen kargura finantzatuko dira: Nafarroako Gobernuaren 2026ko ekitaldirako gastu-aurrekontuko "Babes zibilerako seinaleztapena finantzatzea" izeneko F43001 F4400 4609 134102 partida, 10.000 euroko zuzkidura duena.

3.–Onuradunak eta betebeharrak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak izan daitezke deialdi honetako dirulaguntzen onuradun (halakotzat hartuko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan zehaztutakoak). Horretarako, eraikin sakabanatuen helbideak sartuta izan behar dituzte Nafarroako Gobernuaren Posta Helbideen Kudeatzailean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

4.–Gastu diruz lagungarriak eta egin beharreko jarduerek bete beharrekoak.

Gastuak diruz lagungarriak izateko, nahitaezkoa izanen da ondoren zehazten diren jardueretakoak izatea, eta jarduera horiek 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 26ra bitarte egitea, biak barne, eta justifikatzeko epea bukatu aurretik ordainduak izatea. Ondorio horietarako, fakturazioaren eguna zein den, horixe hartuko da gastua egin den eguntzat.

Honako hauek dira jarduera diruz lagungarriak:

a) Eraikin sakabanatu bakoitzaren identifikazio plakak egitea. Gutxienez ere 200 mm x 120 mm-ko neurria izanen dute. Handiagoak jarriz gero, garaieraren eta zabaleraren arteko proportzio hori errespetatu beharko da. Aire zabalean eusteko moduko materialekoak izanen dira (euriari, eguzkiari, izotzari eusteko modukoa), gutxienez ere dIbond aluminioak duen kalitatekoak. Honako hauek izanen dituzte gutxienez: "helpbidea-112" logotipoa, gorriz eta grisez, goiko aldean, ezkerreko ertzean, eta eraikin sakabanatu bakoitzaren helpbidea identifikatzailea, beltzez, Liberation Sans Bold letra motarekin. III. eranskineko adibidearekin bat etorriko dira.

Aukeran, toki entitatearen logotipoa irudika daiteke plakan, goiko eskuineko ertzean, eta etxearen edo eraikinaren izena behealdean, erdian (ez da izanen helpbidea kodea baino handiagoa). Adibideak ikus daitezke III. eranskinean.

Esteka honetan ikus daitezke plaken ezaugarriak eta adibide batzuk:

https://pcsitna.navarra.es/eu/helpbidea

Diruz lagunduko da plakarik ez duten eraikin sakabanatuetarako plakak egitea, eta plaka akastunak ordeztea. Nolanahi ere, diruz lagungarri diren identifikazio plaken kopuruak ezin izanen du gainditu kasuko toki entitateak Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean sartuta dituen eraikin sakabanatuen kopurua, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

b) Metrobaserriren diseinua. Deialdi honen ondorioetarako, Metrobaserri mapa topologiko bat da, zeinak metroko planoen itxura erabiliz ahalbidetzen baitu azkar eta aise aurkitzea toki entitate bateko eraikinak, bizilagunak dituztenak nahiz bizigarriak direnak, baita horietara iristea ere. Deialdi honetako 1. klausulan definitutako a) motako eraikin sakabanatuei dagozkien Metrobaserriren diseinu-gastuak baizik ez dira diruz lagunduko.

Gutxienez ere adieraziko ditu ibilbidea eta eraikin sakabanatu bakoitzaren helpbidea identifikatzailea. Planoak gutxienez ere PDF formatua izanen du.

Metrobaserriren adibideak ikus daitezke esteka honetan:

https://pcsitna.navarra.es/eu/helpbidea

Toki entitateek eginak badituzte dagoeneko Metrobaserriak, horiek eguneratzea ere diruz lagungarria izanen da.

c) Bidegurutzeetan seinaleak jartzea, multzokatzaileetarako eta eraikin sakabanatuetarako norabidea agertzeko. Seinale horiek aire zabalean egoteko moduko erresistentzia duten materialekoak izanen dira, eta ikusteko moduko leku batean jarri beharko dira. Ahal dela, panelen hondoa horia izanen da.

Eraikin sakabanatuak aurkitzeko seinaleak izan beharko ditu, gutxienez ere, eraikin sakabanatuaren multzokatzailea edo izena(k) eta haren helpbidea identifikatzailea. Aukeran, beste elementu batzuk erants daitezke, hala nola eraikin sakabanaturainoko distantzia, toki entitatearen logotipoa edo eskema txiki bat, hainbat multzokatzaile eta/edo eraikin sakabanatu dituzten panelen kasuan.

Seinaleen adibideak IV. eranskinean daude.

d) Metrobaserri planoarekin eta udalerriko eraikin sakabanatuekin liburuxkak egitea, herritarren eta zerbitzu interesdunen artean banatzeko. Proiektuaren helburuari, erabilgarritasunari eta interesari buruzko informazioa sar daiteke. "helpbidea-112" logotipoa erantsi beharko da.

Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak oinarrizko diseinua ezarriko du, jarduerek izan beharko duten gutxieneko edukiarekin. Halaber, zerbitzu horrek baimena eman beharko du bestelako diseinuak edo edukiak sartzeko.

e) Metrobaserri planoa eta udalerriko eraikin sakabanatuak dituzten kartelak eta/edo panelak egitea, toki entitateak interesgarritzat jotzen dituen puntu estrategikoetan jartzeko. Kanpoaldean jartzea aurreikusita badago, aire zabalean egoteko erresistentzia duen materiala erabili beharko da.

"helpbidea-112" logotipoa erantsi beharko da.

f) "helpbidea-112" logotipoa duten euskarri itsasgarriak inprimatzea (etiketa itsasgarriak, imanak eta antzeko elementuak). Horietan idazteko aukera izan behar da, hartzaile bakoitzak bere eraikin sakabanatuaren helpbidea kodea idatz dezan eta toki irisgarri batean jar dezaten, ikusteko moduan egon dadin 112 SOS Nafarroa larrialdietarako telefonora bidali behar izanez gero.

"helpbidea-112" logotipoa esteka honetan dago eskuragarri:

https://pcsitna.navarra.es/eu/helpbidea

Erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuan duen balioa baino handiagoa.

Betiere, deialdi honetatik kanpo gelditzen dira elementu horietako edozein ezartzeko edo paratzeko gastuak.

Nafarroako Gobernuaren Lurraldeko Informazio Sistemen Atalari eskatuko zaizkio helpbidea kodeak, mezu elektroniko bat bidaliz sitna@navarra.es helbidera.

5.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, laguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

6.–Eskaerak aurkeztea, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak egiaztatzea.

6.1.–Ez da eskaera bat baino gehiago onartuko jarduketa bererako. Toki entitate baten baino gehiagoren eskaerak jasotzen badira jarduketa bererako, jarduketa gauzatuko duen erakundeari emanen zaio dirulaguntza.

6.2.–Epea:

Eskaerak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.3.–Aurkezteko modua:

Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekaren bidez.

Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzura zuzenduko dira.

Interesdunen batek bertaratuta aurkezten badu eskaera, modu telematikoan aurkeztuz zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-eguntzat.

6.4.–Aurkeztu beharreko agiriak:

Laguntza-eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren arabera aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6.5.–Zuzenketa:

Baldin dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola erakunde eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa eransten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari errekerimendua eginen zaio, okerra zuzen dezan errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta eskaerak baloratzeko irizpideak.

7.1.–Dirulaguntzak emateko prozedura:

Dirulaguntza hauek prozedura arruntaren bidez emanen dira, norgehiagoka bidez, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, hurrengo puntuan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoaren araberakoa izanen da.

7.2.–Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak:

Puntuazio altuenetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

1. Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean sartutako eraikin sakabanatuen portzentajea, kontuan harturik toki entitateak kudeatzaile horretan sartutako eraikin guztiak. Toki entitate bakoitzari dagokion puntuazioa emanen zaio, taula honekin bat:

ERAIKIN SAKABANATUEN PORTZENTAJEA

PUNTUAK

%50etik gora

30 puntu

%40 eta %50 artean

25 puntu

%30 eta %39 artean

20 puntu

%20 eta %29 artean

15 puntu

%10 eta %19 artean

10 puntu

%10etik behera

5 puntu

2. Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean sartutako eraikin sakabanatuen kopurua. Toki entitate bakoitzari dagokion puntuazioa emanen zaio, taula honekin bat:

ERAIKIN SAKABANATUEN KOPURUA

PUNTUAK

300 baino gehiago

70 puntu

250etik 300era

60 puntu

200etik 249ra

50 puntu

150etik 199ra

40 puntu

100etik 149ra

30 puntu

50etik 99ra

20 puntu

20tik 49ra

10 puntu

20 baino gutxiago

5 puntu

Behin balorazio irizpide guztiak aplikatu ondoren eskatzaile batzuk (bi edo gehiago) berdindurik badaude, lehenetsiko da Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean eraikin sakabanatu gehien duena. Hala eta guztiz ere berdinketak badirau, 2025eko urtarrilaren 1ean biztanle gehien duen eskatzailearen alde eginen da, NASTATek argitaratutako azken adierazlearekin bat (https://nastat.navarra.es/eu/indicadores/indicadores-municipales). Aurreko irizpideak aplikatu ondoren ere berdinketak badirau, zozketa bidez ebatziko da.

8.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Eskaeren lehentasun hurrenkera ezarrita, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion onuradun bakoitzari 4. oinarrian azaldutako jarduketengatik, jarraian ematen den ordenari jarraikiz eta aurrekontu-kontsignazioaren gehieneko mugara iritsi arte.

–Identifikazio plakak egiteak ekarritako gastuek %80ko dirulaguntza jasoko dute, eta gehienez ere 10,50 euro identifikazio plaka bakoitzeko.

–Metrobaserri planoak diseinatzeak ekarritako gastuek %80ko dirulaguntza jasoko dute, eta gehienez ere 2.000,00 euro mapa bakoitzeko.

–Bidegurutzeetako seinaleak egiteak ekarritako gastuak proportzioan finantzatuko dira, aurreko kontzeptuengatiko esleipenaren ondorioz gelditzen den kredituaren eta kontzeptu honetarako eskatutako zenbatekoen arabera. Kontzeptu honetarako aurrekontuan jasotakoaren %80 izanen da diruz lagungarria, gehienez ere.

–Liburuxkak, kartelak eta/edo panelak egiteak eta euskarri itsasgarriak inprimatzeak ekarritako gastuak proportzioan finantzatuko dira, aurreko kontzeptuengatiko esleipenaren ondorioz gelditzen den kredituaren eta kontzeptu honetarako eskatutako zenbatekoen arabera. Aurrekontuan jasotakoaren %80 izanen da diruz lagungarria, gehienez ere.

9.–Dirulaguntza ematea.

Eskaerak ebaluatu ondoren, eta instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Barne Zuzendaritza Nagusiko titularrak ebatziko du dirulaguntzak ematea aurreko oinarrian xedatutakoaren arabera, aurrekontu-kontsignazioaren gehieneko mugara arte.

Ebazpen arrazoitu batean, dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jasoko da, adierazita helburua eta emandako zenbatekoa, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Laguntzak emateko ebazpena 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Dirulaguntzak onesteko ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, www.navarra.eus helbideko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan.

Ebazpenaren aurka, esanbidezkoa ala isilbidezkoa izan, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, deialdi honen 15. oinarrian adierazitako moduan.

10.–Epeak, justifikatzeko modua eta ordainketa.

10.1.–Oro har, laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira. Jarraian aipatzen diren agiriak igorri behar zaizkio Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari, 2026ko azaroaren 26ra bitartean, hori barne. Telematika bidez eginen da hori, nahitaez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez:

1. Egindako jarduketen memoria, non zehaztuko baitira deialdi honen kargura egindako jarduerak.

2. Fakturak eta horiek ordaindu izanaren ziurtagiriak.

3. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinaren araberakoa.

4. Diruz lagundutako zenbatekoak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitako mugak gainditzen baditu, hornitzailea efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin hautatu izanari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, oinarri hauetan ezarritakoaren arabera eta V. eranskineko ereduarekin bat. Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 81. artikuluan aurreikusitako zenbatekoak gaindituz gero, toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, egiaztatzen edo jakinarazten duena kontratazioan bete direla apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritako lege aginduak.

10.2.–Dirulaguntza eskaeran aurkeztutako aurrekontuko gastu guztiak justifikatu ezean, dirulaguntzaren ordainketa gutxitu eginen da egiaz egindako gastuaren proportzioan, deialdi honen 8. oinarrian ezarritako portzentajeekin bat.

11.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

b) Dirulaguntza zertarako ematen den, xede zehatz horretarako bakarrik erabiltzea.

c) Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren aurrean justifikatzea betebehar eta baldintzak bete direla.

d) Diruz lagundutako jarduera bera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu izanaren berri ematea Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

f) Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari ematea dirulaguntzaren xede den jarduerari buruz behar duen informazio guztia.

g) Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduera nola betetzen ari den egiaztatzeko lanak onartzea une oro.

h) Diruz lagundutako jarduerak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin direla aipatzea egiten diren edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

i) Ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuagatiko edo generoagatiko diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

j) 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean, obra bat gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen horniduraren edo zerbitzu prestazioen kasuan, entitateak frogatu beharko du proiektua efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Alderdi horiek V. eranskinean adierazitakoaren arabera justifikatuko dira.

Gastu diruz lagungarriak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 81. artikuluan aurreikusitako zenbatekoak gaindituz gero, toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, egiaztatzen edo jakinarazten duena kontratazioan bete direla apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritako lege aginduak.

12.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen xedeko dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein dirulaguntzarekin, beste administrazio publiko batzuenak izan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak edo partikularrenak, Espainiakoak nahiz nazioartekoak.

Deialdi honetako dirulaguntzen xedeko jarduerak egiteko ematen diren dirulaguntzen zenbateko osoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo jarduera horietarako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.–Onuradunaren betebeharrak ez betetzea eta itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da osorik, diruz lagundutako jarduketa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Barne Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze interesak barne.

14.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen dirulaguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen mende egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

15.–Errekurtsoak.

Dirulaguntza arautzen duten oinarrien kontra eta horiek aplikatzearen ondoriozko egintzen kontra, interesdunek zilegi dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

16.–Aplikatzekoa den araudia.

Oinarri arautzaile hauetan berariaz ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

I-II-III-IV-V. ERANSKINAK.–AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA:

Tramiteen katalogoan daude eskuragarri, laguntza-deialdiaren fitxan:

https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on/-/line/subvenciones-a-entidades-locales-de-navarra-para-la-realizacion-de-actuaciones-de-localizacion-y-senalizacion-de-sus-diseminados-y-de-divulgacion-del-proyecto-helpbidea-en-el-ano-2026

Iragarkiaren kodea: F2608456