126. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

340E/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 9koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, toki entitateei dirulaguntzak emateko 2026ko deialdi bat onesten duena, autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak garatzearren (jubilotekak). DDBN kodea: 911766.

Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez (Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea), botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: hobetzea pertsona guztien bizi-kalitatea eta sustatzea haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; sustatzea autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena; sustatzea kohesio soziala eta elkartasuna; prebenitzea pertsonen eta taldeen bazterketa egoerak eta haietaz arduratzea; eta erantzutea mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei. Orobat, xedatzen du Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela tresna gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezartzeko.

Agindu hori eman zen jarraikiz Nafarroako Foru Komunitateak gizarte-laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboari, aintzat hartuz abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikulua (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa). Agindu hori lotu behar da Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluarekin; izan ere, horren arabera, botere publikoek bilatuko dute, beren politikan, desgaitasun fisiko, sentsorial eta psikikoak dituztenen aurreikuspen, tratamendu, birgaitze eta integrazioa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du zer araubide juridiko orokor aplikatu behar zaien onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei. Arau horren 17. artikuluak ezartzen ditu dirulaguntzak emateko prozedurak, eta bertan adierazten da norgehiagoka bidezkoa izanen dela ohiko prozedura. Foru legeak aurreikusten du ezen, salbuespenez, baldin hala aurreikusten bada oinarri arautzaileetan, proposatuko dela dirulaguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa hainbanatzea dirulaguntzaren onuradunen artean. Horixe gertatzen da deialdi honetan; izan ere, nahi da ahalik eta toki entitate onuradun gehien izatea.

Osasunaren Mundu Erakundeak zahartze aktibotzat jotzen du bizitza osasungarria izateko itxaropena handitzeko prozesua. Zahartze prozesu horrek berekin dakar optimizatzea osasunerako, segurtasunerako eta parte hartzeko aukerak, bizi kalitatea hobetzeko, pertsonak zahartu ahala, betiere ikuspegi integrala izanik, hartara aukerak eta ahalbideak izan ditzaten beren garapen biologiko, psikologiko eta sozialari eusteko.

Prozesu horri esker, adinekoek indartzen ahalko dute beren ongizate fisikoa, soziala eta mentala, beren bizi ziklo osoan, eta gizartean parte hartuko dute, beren behar, nahi eta gaitasunen arabera, betiere zainketak kontuan izanik, eta segurtaturik laguntza behar dutenean emanen zaizkiela babesa, segurtasuna eta zainketa egokiak.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, herrialdeek zahartzeari aurre egiten ahalko diote baldin gobernuek, nazioarteko erakundeek eta gizarte zibilak aldarrikatzen badituzte zahartze aktiboko politikak eta programak, hobetuko dituztenak herritar zaharrenen osasuna, parte-hartzea eta segurtasuna.

Nafarroari dagokionez, Zahartze aktibo eta osasungarrirako 2017-2022 aldiko Estrategiaren barnean, zahartze aktiboa landu da arlo estrategiko eta jarduketa-ildo guztietan, garatu dadin laguntza-zerbitzu komunitario, hurbil, malgu eta eskuragarrien eskaintza bat. Zerbitzu horiek aukera eman behar dute nahi den tokian zahartzeko, segurtasunez, eta deserrotzea saihesteko. Jubilotekak dira tarteko baliabide ez-finalistak. Haien bitartez adinekoak atxiki nahi dira beren ingurunean, eta horretarako sustatzen da adinekoak komunitatean txertatzea eta bertan aktiboki parte hartzea, eta jarraitzea egiten baloratzen dituzten gauzak, baita gaitasuna galtzen hasten direnean ere. Adinekoei ikusgaitasuna eta protagonismoa emanez prebenitzen dira adinarengatiko diskriminazioa (adinkeria), abusua eta tratu txarrak, eta sustatzen dira tratu onean oinarritutako jardunbideak.

Zahartze Osasungarrirako 2020-2030 Hamarkadarako Planak dioenez, familia ereduaren aldaketek berekin ekarri dute zainketen krisia, eragin baitute desorekatzea adinekoei eman behar zaien arreta. Gaur egun, epe luzeko zainketei buruzko ikuspegiak oinarritzen dira, neurri handi batean, egituratu gabeko laguntzan, hau da, gehienbat familiek eta bereziki emakumeek emandako laguntzan. Zaintzaileek presio handia jasan behar izaten dute, eta batzuetan ez daukate zaintzarako behar den prestakuntzarik, ezta laguntza-neurririk ere.

Ildo beretik, Nafarroako Gobernuak laguntza eman nahi die ezaugarri hauek dituzten entitateei, haien proiektuak finantzatuz: ahalmen ekonomiko txikia izatea eta populazio zahartuen beharrei erantzutea, populazio horiek egonik geografikoki sakabanatuak eta zerbitzu komunitarioetatik urruti.

Horregatik guztiagatik, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak beharrezkotzat jotzen du politika horiek hobetzeko lan egitea, erantzun egokia emateko, horretarako sustatuz autonomia pertsonala, prebentzioa eta arreta ematea mendekotasuna dutenei.

Ikusirik espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak, argi dago egokia eta interes publikokoa dela deialdi hau onestea, eta legezkoak direla deialdia eta oinarri arautzaileak.

Horrenbestez, arau hauen bidez eman zaizkidan eskudantziak erabiliz: 14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa; eta 71/2023 Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena.

AGINTZEN DUT:

1. Toki entitateei dirulaguntzak emateko 2026ko deialdi bat onestea, autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak garatzearren (jubilotekak).

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaeren arabera:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

920005-93100-4609-231B02: Dirulaguntza toki entitateei, autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programetarako

2026

200.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea foru agindu honen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2026ko ekainaren 9an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–DEIALDIA, DIRULAGUNTZAK EMATEKO TOKI ENTITATEEI, 2026AN JUBILOTEKA PROGRAMAK FINANTZATZTEKO, HELBURU DUTENAK AUTONOMIA SUSTATZEA ETA MENDEKOTASUNARI AURREA HARTZEA, ZAURGARRIAK DIREN EDO DESGAITASUNA DUTEN ADINEKOENTZAT. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea, jarduketa-eremua eta helburua.

Deialdi honen xedea da arautzea nola eman dirulaguntza batzuk toki entitateei, jubiloteka programak egiteko, helburu dutenak adinekoen autonomia sustatzea eta mendekotasunari aurrea hartzea. Programak 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra garatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitatean.

Bigarrena.–Toki entitateek bete beharrekoak.

Dirulaguntza hauen onuradunak izan daitezke Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak eta gizarte zerbitzuen mankomunitateak, baldin aurkezten badituzte 2026. urtean egiten dituzten jubiloteka programak, sustatze aldera adinekoen autonomia eta mendekotasunaren prebentzioa.

Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debeku-egoeraren batean dauden toki entitateak eta gizarte zerbitzuen mankomunitateak.

Entitate bakoitzak jubiloteka programa bakarra aurkezten ahalko du. Programa bat beste toki entitate batzuekin batera aurkezten duten entitateek ezin izanen dute bakarka beste proiekturik aurkeztu.

Hirugarrena.–Jubiloteka programek bete beharreko baldintzak.

a) Jubilotekek gutxienez zortzi hilabetean egin behar dituzte beren programak 2026an.

b) Programan, egunean gutxienez 3 ordu izanen dira, astean gutxienez 3 egunetan, edo, bestela, egunean 2 ordu gutxienez, astean gutxienez 4 egunetan.

Salbuespenez, baldin mankomunitate batean jubiloteka zerbitzua ematen bada, fisikoki, herri batean baino gehiagotan, zerbitzuaren asteko orduak izanen dira guztira, gutxienez 8, mankomunitateko herri guztien artean. Horretarako, aurkeztu beharko da orduen banaketa plangintza, herrien arabera.

c) Jubiloteka programan arlo hauek guztiak landuko dira:

c.1) Jarduera fisikoa eta gaikuntza funtzionala. Programen helburua izanen da autonomia fisikoa sustatzea edo mantentzea, eta horretarako jarduera fisikoak diseinatu eta eginen dira: giltzadurak mugitzea, muskuluak luzatu eta indartzea, koordinazio orokorra, oreka, gorputz jarrera zuzendu eta doitzea. Azken batean, xedea izanen da tonu muskularrari eustea eta giltzaduren mugimendua zabaldu edo mantentzea, bai eta osasunaren hobekuntza eta erorikoen prebentzioa sustatzea ere.

c.2) Arlo kognitiboa. Programetan, goi mailako gaitasun kognitiboak estimulatu eta birgaituko dira, hala nola arrazoimena, adimenaren mantentzea eta entrenatzea buru-zalutasuna, kontzentrazioa, eta hizkuntza eta oroimena. Horrela lortu nahi da narriadura kognitiboa atzeratzea, eta pertsonek lehendik dituzten gaitasunak garatzea, ahalik eta autonomia handienarekin egiteko eguneroko jarduerak eta hartzeko erabakiak.

c.3) Arlo emozional-afektiboa eta soziala. Programen helburua izanen da sustatzea adinekoen erresilientzia eta ongizate emozionala eta mentala, eta, hala, behar diren tresnak ematea, ongizate emozional handiagoa izan dezaten.

Era berean, diseinatzen ahalko dira programa batzuk helburu dutenak aholkularitza, prestakuntza eta informazioa ematea adineko eta/edo mendeko pertsonen zaintzaile ez-profesionalei. Programa horiek diseinatzean, bilatuko da informazioa eta aholkularitza sustatzea, bai eta taldekako esku hartze psikoedukatiboak ere, familia zaintzaileentzat. Sustatuko dira tratu onean oinarritutako jardunbideak.

d) Jubiloteka programetan kontratatu behar dira, batetik, osasunaren edo gizartearen arloko unibertsitate-titulua duten profesionalak, programa diseinatzeko, eta bestetik, programa gauzatuko duten profesionalak, erabiltzaileak zuzenean artatuko dituztenak; azken horiek izan beharko dute gizarte eta/edo osasun arloko prestakuntza arautua gutxienez. Salbuespenez, baldin toki entitate edo mankomunitate batean zailtasun bereziak badituzte eskatutako lanbide-profila lortzeko, baimendu daiteke, justifikatu ondoren, kontratatzea bestelako prestakuntza duten profesionalak.

Laugarrena.–Jubiloteka programen hartzaileek bete beharrekoak.

Programa hauen hartzaileak izanen dira mendekotasunik ez izanik ere ahultasun zantzuak dituztenak, 65 urtetik gorakoak badira, eta desgaitasuna duten 60 urtetik gorakoak.

Mendekotasun moderatua duten pertsonek ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta funtzionaltasun-maila nahikoa badute programan parte hartzeko. Mendekotasun moderatua duten pertsonek ezin izanen dute inola ere bete jubilotekako plazen %30 baino gehiago.

Jubilotekako jarduerak egokitu behar dira parte-hartzaile bakoitzaren egoerara, kontuan izanik haren osasun egoera, desgaitasuna eta/edo mendekotasuna.

Inola ere ez da dirulaguntzarik emanen erabiltzaileen etxeetan egiten diren programetarako.

Bosgarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

Hauek izanen dira gastu diruz lagungarriak, jubiloteka programak gauzatzeko: entitate onuradunak 2026ko urtarriletik urrira bitartean kontratatutako langileen gastuen %50. Langile horiek zuzenean jardunen dute adinekoekin, eta izan beharko dute gizarte eta/edo osasun arloko prestakuntza arautua gutxienez, salbu hirugarren oinarrian jasotako salbuespenean.

Ez dira gastu diruz lagungarriak izanen modu presentzialean gauzatzen ez diren jubiloteka proiektuak, zuzeneko arretarako langilerik ez dutenak edota jubilotekaren lokaletan egiten ez direnak.

Ez da inola ere diruz lagunduko aurrekoaz bestelako kontzepturik.

Toki entitate bakoitzak 20.000,00 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez ere jubilotekako zuzeneko arretako langileen gastuetarako.

Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak eta dokumentazio orokorra aurkezteko 30 egun natural izanen dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Nahitaez telematikoki egin beharko da eskaera. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren webguneko deialdiaren fitxan "eskatu" botoia sakatu beharko da, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio-unitateari zuzenduko zaio. Fitxarako sarbidea hau izanen da:

https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/convocatoria-de-subvenciones-a-entidades-locales-para-el-desarrollo-de-programas-de-jubiloteca-1

Dokumentazioa deialdi honetako ereduen arabera aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar onartzea deialdi hau arautzen duten oinarriak.

Zazpigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Eskaera: deialdiaren web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera aurkeztu beharko da.

2. Proiektu teknikoa: deialdiaren web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera aurkeztu beharko da.

Formatuari dagokionez, gehienez 20 orrialdetan egin beharko da, behar bezala zenbakituta, DIN A4 tamainan; zenbaketatik kanpo utziko dira azala eta aurkibidea. Letra mota Arial edo antzekoa izanen da, gutxienez 11 puntuko neurrikoa, eta lerroartea bakuna. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute, eta ezin izanen dute orrialde osoa hartu. Aipatu orrialde kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko kopuruan sartzen dena bakarrik baloratuko du.

Idazketari dagokionez, proiektu teknikoa hizkuntza argi eta zehatzean idatziko da, nahasmendua edo anbiguotasuna eragin dezaketen adierazpenak saihestuz; hizkuntza inklusiboa erabiliko da eta genero-ikuspegia sartuko da, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita.

3. Profesionalen titulazioaren kopia. Hau da, dirulaguntzaren xede diren adinekoen programetan zuzenean esku hartzen dutenena.

Baldin dokumenturen bat jadanik badago Foru Komunitateko Administrazioaren esku, entitate interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, eta adierazi zer dokumentu den eta dokumentua dagoen administrazio espedientearen zenbakia, eta dokumentu hori datu babestua baldin bada, jarraikiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduari edo abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako Lege Organikoa) eta hura garatzeko araudiari, baimena emanen zaio Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuari hartan sartzeko.

Zortzigarrena.–Eskaera zuzentzea.

Eskaerarekin batera aginduzko agiriak aurkezten ez badira, oso-osorik ez badaude edo deialdiaren web-orrian eskuragarri dauden ereduak errespetatzen ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezean ulertuko dela haren eskaeran atzera egin duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri bezala.

Orobat, instrukzio-organoak noiznahi eskatzen ahalko du deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria, baita behar diren agiriak ere, frogatzeko osorik betetzen direla oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak.

Eskaeraren zuzenketa edo dokumentazio osagarria aurkeztea izapidetuko da Nafarroako Gobernuaren webgunean dagoen deialdiaren fitxan, "Zuzendu" botoia sakatuta. Fitxarako sarbidea tramiteen bilatzailean dago: www.navarra.eus, "Laguntzak eta dirulaguntzak" botoia.

Bederatzigarrena.–Antolatu, instruitu eta ebazteko prozedura.

1. Deialdi honen ondorioetarako, Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari esleitu zaizkio dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eginkizunak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak du eskumena dirulaguntzak emateari buruzko prozedura ebazteko.

2. Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira, aurkezten diren eskaerak erkatuz, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

3. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa izanen da 2026ko urtarriletik urrira bitartean kontratatutako langileen gastuaren %50, baldin behar adinako aurrekontu kontsignaziorik bada horretarako. Langile horiek zuzeneko arreta emanen diete adinekoei edo mendekotasuna dutenei, eta aurkeztutako proiektua gauzatuko dute. Langile horiek izan beharko dute gizarte eta/edo osasun arloko prestakuntza arautua gutxienez, salbu hirugarren oinarrian jasotako salbuespenean.

4. Entitate batek, gehienez, 20.000,00 euroko dirulaguntza jaso dezake.

5. Baldin balorazio ekonomikoaren ondoriozko diru zenbatekoa, guztira, handiagoa bada aurrekontuko kontsignazioa baino, hainbanatu eginen dira baremoa aplikatzearen ondoriozko zenbatekoak.

Hamargarrena.–Balorazioa, eta prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaera guztiak ebaluatu eta gero, egiaztatuko da proiektuak bete dituela arreta arlo guztiak eta artatu beharreko pertsonen ezaugarriak bat datozela deialdiaren oinarrietan ezarritakoarekin.

Dirulaguntza jasoko dute deialdi honen 3. eta 4. oinarrien araberako proiektua aurkezten duten entitateek. Ez zaie dirulaguntzarik emanen oinarri horien araberako proiektua aurkezten ez dutenei.

Eman beharreko zenbatekoa ezarriko da entitate bakoitzak aurkezten duen langileria-gastuaren arabera, eta aurrekontu kontsignazioa eta eskaera kopurua ikusita egiten den hainbanaketaren arabera.

Ikusita instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenak, dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emanen du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak.

Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie, eta bertan adieraziko dira ebazpena emateko aintzat hartu diren oinarriak, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak. Dirulaguntza emanez gero, zehaztuko dira helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako Gobernuko webgunean argitaratuko dira dirulaguntzak emateko ebazpenak. Argitalpen horretan honako hauek adieraziko dira: deialdia, aurrekontuko zer kredituri egozten zaizkion dirulaguntzak, entitate onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Toki entitateek beteko dute deialdi honetako 13. oinarrian eskatzen den publizitatea, egoki iritzitako bitartekoak erabiliz.

Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira legez ezarritako gehieneko epean, hau da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.4 artikuluan ezarritakoan. Epe hori bukatuta, entitate interesdunek ulertzen ahalko dute eskaera ezetsi egin dela. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da berariazko edo presuntziozko ebazpenaren kontra, eta zuzendu beharko zaio Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, bat etorriz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala) eta urriaren 1eko 39/2015 Legearekin (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

Hamaikagarrena.–Bateragarritasuna.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea bateragarria da jarduera bera egiteko jasotzen diren beste batzuekin.

Hala ere, diruz lagundutako zenbatekoak –bakarrik edo horri baturik beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuk– ez du gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Hamabigarrena.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Onuradunaren kontuan eginen da ordainketa, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu daiteke eta, hala badagokio, aldatu, esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta. Ziurtagiri digitala edo Cl@ve erabili behar da sartzeko. Onuradunak ezin badu bere kontua url horretan erregistratu, ez duelako ziurtagiri digitalik edo Cl@ve sarbiderik, laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, aurkeztu beharko du transferentzia bidez ordaintzeko eskaera bat, behar den inprimakia hartuta url honetatik: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak.

Oro har, dirulaguntza ordainduko da jarraikiz azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluari (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea), jarduera egin dela frogatu ondoren, bat etorriz eranskin honen 12. oinarriarekin.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntza justifikatzea.

1. Dirulaguntzaren justifikazio partziala.

Nafarroako Gobernuaren webgunean jarritako deialdiaren fitxako "Justifikatu" botoiaren bidez aurkeztuko da.

Entitateek gastuen justifikazioa aurkeztu beharko dute, beranduenik kasuan kasuko urteko azaroaren 10ean Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Dirulaguntzari aplikatzen zaizkion langileria-gastuen zerrenda.

Proiektua entitateko langileekin egiten bada, zerrenda horrekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira: nominak eta horiek ordaindu izanaren ordainagiriak; langileen zerrenda izenduna (RNT), web-orritik deskargatutao jatorrizko agiriarekin, jasotzen dituena diruz lagundutako programak gauzatzen dituzten profesionalak; kotizazioen likidazio agiriak (RLC), eta entitateak horiek ordaindu izanaren ordainagiriak. Aurkeztu behar dira, orobat, justifikatutako aldiei dagozkien PFEZaren (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga) hiru hileko ordainketa-gutunak (715 eredua), zerga horren konturako diru-­sarrerei dagozkienak.

Gastuen zerrenda hori telematika bidez igorriko dute entitateek, eta izan beharko dute entitatearen legezko ordezkariaren sinadura digitala. Adierazi beharko da, era berean, egotzitako gastuok dirulaguntza honetara baizik ez direla aurkeztu.

Proiektua gauzatzen bada aholkularitza tekniko baten kontratazioaren bidez, aurkeztu beharko dira zerbitzuaren fakturak eta ordainagiriak.

Organo kudeatzaileak posta elektronikoz bidaliko die entitateei onartutako gastuen zerrenda, gastuen aldaketak barne (halakorik baldin badago), eta ziurtatuko du onartutako dokumentazioa aurkeztu izana Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian, jasotako dirulaguntza justifikatzeari begira.

Gainera, jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, entitateek aurkeztu beharko dituzte memoria tekniko bat eta ziurtagiri bat, adierazten duena diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaiola gastua, azken hori udaleko idazkariak sinatua eta kontu-hartzaileak ikus-onetsia, udalean kontu-hartzailerik baldin bada; eta horri guztiari gehituko zaie programarekin lotutako fakturen zerrenda.

b) Diruz lagundutako programak gauzatzeari buruzko memoria teknikoa; deialdiaren web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera aurkeztu beharko da.

Gehienez ere hamar orrialdetan eginen da, behar bezala zenbakituta, azala eta aurkibidea zenbaketatik kanpo, DIN A4 tamainan. Letra mota Arial edo antzekoa izanen da, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroartea, arrunta. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute, eta ezin izanen dute orrialde osoa hartu. Aipatutako orrialde kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak soilik baloratuko du gehieneko orrialde kopuruan sartzen dena.

Memorian, egindako programaren ezaugarri guztiak azaltzeaz gain, adierazi beharko da nola aplikatu den genero-ikuspegia programa gauzatzean, apirilaren 4ko 17/2019 Legearekin bat (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Foru Legea).

Idazketari dagokionez, memoria hizkuntza argi eta zehatzean idatziko da, nahasmendua edo anbiguotasuna eragin dezaketen adierazpenak saihestuz; hizkuntza inklusiboa erabiliko da eta genero-ikuspegia sartuko da, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita.

Gainera, toki entitateak adieraziko du zer publizitate egin duen esanez programa Nafarroako Gobernuak finantzatu duela, Nafarroako Gobernuaren ikur ofizial eta guzti.

c) Diruz lagundutako programaren erabiltzaileen zerrenda, sexua eta, hala badagokio, mendekotasun maila bereizita, euskarri informatikoan. Zerrenda hori deialdiaren web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera aurkeztu beharko da.

d) Diruz lagundutako programaren emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak); deialdiaren web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera aurkeztu beharko da. Diru-sarreren kapituluan, entitateak azalduko ditu diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jasotako diru-sarrerak, zehaztuta funts horien zenbatekoa eta jatorria, barnean direla Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren dirulaguntzak. Diru-sarrerak guztira ezin dira izan diruz lagundutako jarduera egiteko kostuak baino handiagoak. Gastuen atalean gastu guztiak zehaztuko dira, bi kontzeptutan banatuta: langileak eta jarduerak.

e) Baldin gastu diruz lagungarria 12.000,00 eurotik gorakoa bada, ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea hautatu duela jarraikiz efizientzia eta ekonomia irizpideei, merkatuko inguruabarren arabera.

2. Dirulaguntzaren azken justifikazioa.

2027ko otsailaren 28a baino lehen, entitate onuradunak aurkeztu beharko du, jarduera gauzatu izana justifikatzeko dokumentazio gisa, entitatearen memoria teknikoa, aurretik aurkeztu ez badu, barne daudelarik deialdi honetan diruz lagundutako programak, atal honen 1.b puntuan ezarritako baldintzak betez.

Ez da beharrezkoa izanen memoria hau aurkeztea justifikazio partzialean aurkeztu bada.

Hamalaugarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua gauzatzea, entitatearen eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala.

b) Aurkeztea eranskin honen 12. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak.

c) Onartzea laguntza ematen duen organoak egin beharreko egiaztatze lanak, betiere bidezkoak badira, indarreko antolamendu juridikoaren arabera.

d) Diruz lagundutako jardueraren frogagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-lanen xede izan daitezkeen bitartean.

e) Laguntza ematen duen organoari komunikatzea diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Betetzea kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak, entitatearen izaeraren araberakoak.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak erakunde onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

i) Deialdi honen kargura finantzatutako programei edo jarduerei buruzko informazio-, dibulgazio- eta publizitate-jarduera guztiek bete beharko dute uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoa, zehazki, 2. artikuluko betebehar orokorrak eta 4.1b) artikuluko betebehar espezifikoak. Beraz, proiektuaren komunikazio elementu orotan logo ofiziala eta honako testu hau agertuko dira: "Nafarroako Gobernuak finantzatutako programa/jarduera/funtzionamendua".

Jarduketa horiek justifikatzeko, entitateak aurkeztu beharko du Nafarroako Gobernuaren eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren parte hartzea azaldu izanaren frogagiria. Proiektuari lotutako publizitate, hedapen eta agiri guztietan, edozein dela ere erabilitako bitartekoa, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu behar dira: "Nafarroako Gobernuak-Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak diruz laguntzen dute". Testu horrek urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko ditu, horren bidez arautzen baitira Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera.

Hamabosgarrena.–Hornitzaileen kontratazioa eta azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezaten, hein batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, kontzeptu honetatik kanpo geldituko da horretarako behar diren gastuen kontratazioa.

Baldin zerbitzuak ematen badituzte aholkularitza edo laguntza enpresek eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoa 12.000 eurokoa baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du, dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, hornitzailea hautatu duela efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz. Hori dena, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Kasu horietan, entitate onuradunak kontratuaren baldintzak kontsultatu eta negoziatu beharko ditu helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin, eta sinatuko du eskaintzarik onena egiten duenarekin. Entitate onuradunak gorde beharko ditu kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, aurkeztu beharko da egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, baldin eta, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, behar adina ez badira merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehenago.

Hamaseigarrena.–Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari jakinarazi beharko dizkiote gertatzen diren aldaketa guztiak ere, gertatzen direnak dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako inguruabarretan. Jakinarazpen hori formalki egin beharko da, erregistro elektronikoan aurkeztutako eskabide baten bidez.

Diruz lagundutako entitateek, salbuespen gisa, eskatzen ahalko dute aldatzea diruz lagundutako oinarrizko jarduketen edo programen edukia edota haiek gauzatzeko modua eta epeak, baldin eta ezusteko inguruabarrek aldarazten edo zailtzen badute oinarrizko jarduketak edo programak egitea edo, baliabideak efizientziaz erabilita, lortu badira diruz lagundutako jarduerari aplikatu gabeko soberakinak, eta soberakin horiek erabili nahi badira diruz lagundutako proiektuko jarduerak handitzeko.

Programa aldatzeko eskaeretan, eman beharko dira aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi, eta inguruabar horiek adierazi beharko dira gertatu eta berehala, eta, betiere, diruz lagundutako oinarrizko jarduketak edo programak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan egiten den edozein aldaketak ekar dezake dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, nahiz eta hura onartu Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, edo eskatzen ahalko da zenbatekoa itzultzeko, hala badagokio.

Hamazazpigarrena.–Itzulketa eta ez-betetzeak.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, betetzen ez badira dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak, gertatzen badira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak edo betetzen ez badira deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaindu daitezela eskatzea; hain zuzen, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak jarraituko dio aipatutako artikuluan xedatutakoari, eta ebatzi beharko da hasten denetik hamabi hilabeteko epean.

Dena dela, entitateak bere borondatez eskatzen ahalko du itzultzea justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du, erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da entitateak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

Orobat, entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere eginbeharrak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino bete diren dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak. Ez-betetzeak mailakatuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluaren arabera.

Dagokion dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, epe partzialetan nahiz bukaerakoan, baina aurkezten bada horien ondorengo 5 egunetan, honako hau izanen da atzerapenaren penalizazioa: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa %5 murriztuko da. Atzeratzen den seigarren egunetik aurrera, %1 gehituko da egun bakoitzeko, epe hori bukatu eta, gehienez, hurrengo 15 egun naturalez. Hamabosgarren egunetik aurrera galdu eginen da eskubidea ordaintzeko gelditzen den dirulaguntza jasotzeko, edo itzuli egin beharko da justifikatu gabeko zenbateko aurreratua.

Hamazortzigarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun gertatzen diren entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei dagokienez, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak ezarriko dira erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera, edo, halakorik izan ezean, jarraikiz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluari (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala).

Hemeretzigarrena.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra, bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hogeigarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, aplikatzekoak dira ondoren aipatzen diren arauetan agertzen diren xedapenak: 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa; 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, onesten duena Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa; 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide duena autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea; 1051/2013 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, arautzen dituena mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistemaren prestazioak; 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, hizpide dituena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala; eta 39/2015 Foru Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea.

Iragarkiaren kodea: F2608519