Iragarkia
126. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
41/2026 FORU DEKRETUA, ekainaren 17koa, azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu horren bidez, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.
11/2019 Foru Legeak, martxoaren 11koak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak, ezartzen du departamentu bakoitzean izanen direla zuzendaritza nagusi bat edo gehiago, eta idazkaritza tekniko nagusi bat; horiek departamentuko titularraren menpe daude zuzenean. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuari esleitzen dio zuzendaritza nagusiak sortzea, aldatzea, metatzea edo ezabatzea, bai eta erabakitzea ere zein den bakoitzaren eskumeneko arloa edo arloak, eta zerbitzuak, zerbitzu maila duten unitate teknikoak eta atalak sortzea, aldatzea edo ezabatzea.
Azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuaren bidez, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.
Gaur egun, beharrezkoa da aldaketa batzuk egitea foru dekretu horri Barne Zuzendaritza Nagusiaren esparruan, aurreikuspen batzuen idazketa teknikoa hobetzeko eta Trafiko Zerbitzuaren eta Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren egitura egokitzeko.
Bestalde, Koordinazio Juridikoaren Atala sortzea aurreikusten da, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari atxikia. Atal horrek kudeaketa eraginkorragoa izatea ahalbidetuko du, zerbitzuaren eskumeneko gaien ohiko eta ezohiko kudeaketan arriskuak murriztuko baitira eta berme handiagoa izanen baita txostenak egiteko eta gai juridikoak ebazteko orduan. Hala, unitatearen gaitasun operatiboa indarreko araudiaren eta jurisprudentziaren eskakizunetara egokituko da, eta, une honetan, are Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutu berria aplikatzearen ondoriozko berrikuntzetara ere.
Era berean, Administrazioa Modernizatzeko eta Lanpostuak eta Egitura Planifikatzeko Atalaren eginkizunak aldatzea aurreikusten da, atalaren funtzionamendua sartu diren eta sartuko diren giza baliabide berrietara egokitzeko, bai eta agindu zaizkion proiektu berriei ekiteko ere.
Azkenik, laster irekiko da Barnahus-Nafarroa izeneko baliabidea, helburu duena sexu-indarkeriaren biktima diren adingabeei justizia adiskidetsua eskaintzea ingurune bakar, seguru eta atsegin batean. Horretarako, hura koordinatzeaz arduratuko den atal berri bat sortu beharra dago.
Hori horrela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko ekainaren hamazazpian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuaren aldaketa.
Aldatu egiten da 254/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena. Honela aldatzen da:
Bat.–29. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"29. artikulua. Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren esparru material eta funtzionala.
Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak honako eginkizun hauek izanen ditu:
a) Arriskuei aurrea hartzeko planak eta programak diseinatu eta abian jartzea babes zibilaren arloan.
b) Babes zibilaren gaineko azterketa teknikoak egitea.
c) Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan aplikagarriak diren babes zibileko planak prestatu, ezarri eta haien eraginkortasuna mantentzea.
d) Larrialdietarako tokian tokiko planak homologatzeko prozesua kudeatzea.
e) Nafarroako Foru Komunitateko baliabideen katalogoak, arriskuen katalogoa eta mapa eta jarduera arriskutsuen katalogoak prestatu eta etengabe eguneratzea.
f) Babes zibileko laguntza-planetarako baliabideak planifikatu eta kudeatzea, bereziki irrati-komunikazioetakoak eta telekomunikazioetakoak.
g) Larrialdiak kudeatzeko zentroa zuzentzea.
h) Larrialdien gaineko informazio sistemak diseinatu, abian jarri eta kudeatzea.
i) Administrazio eta teknika arloetan, Babes Zibileko koordinazio organoen euskarria izatea.
j) Jarduera sailkatuei eta, oro har, arriskuen prebentzioari eta babes zibilari buruzko espedienteak direla-eta, ikuskatze jarduketak egitea eta egin beharreko txosten teknikoak kudeatzea, Barneko Zuzendaritza Nagusiko organo teknikoa baita.
k) Berekiak ez diren entitateekin larrialdien arretarako eta babes zibilerako sinatutako itun eta hitzarmenak prestatu eta kudeatzea.
l) Udaltzaingoak koordinatzea babes zibilaren eta larrialdien arloan.
m) Nafarroako Babes Zibileko Batzordean parte hartzea, hari buruzko arau erregulatzailean zehaztuko den moduan.
n) Larrialdietarako telekomunikazio sareak ezartzea eta kudeatzea.
ñ) Arrisku mailei lotutako aginte-taulak eta adierazleak prestatzea, eta haien jarraipena, balorazioa eta zabalkundea egitea Barneko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparruan.
o) Arrisku-mapa eta -adierazleak prestatzea Barneko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparruan, eta haien jarraipena eta balorazioa egitea.
p) Larrialdien arloko Informazio eta Alertarako Foru Sarea sortzea eta kudeatzea.
q) Foru Komunitateko Babes Zibileko Larrialdi Planen Erregistroa eta Larrialdiei eta Hondamendiei buruzko Datuen Erregistroa bultzatzea eta sortzea.
r) Azterlanak egitea larrialdietarako prestatu beharraren kultura garatzeko, eta hautematen diren arriskuak murriztu edo ezabatzeko prebentzio neurriak ezartzen eta gauzatzen parte hartzea, Barneko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen arlo guztiekin koordinaturik.
s) Herritarrek, boluntarioen erakundeen bidez, segurtasuneko eta autobabeseko jardueretan borondatez parte har dezaten bultzatzea Barneko Zuzendaritza Nagusiaren plangintza estrategikoarekin bat etorriz.
t) Zuzendaritza Nagusiak agintzen dion beste edozein eginkizun, edo indarra duten xedapenek esleitzen dizkiotenak".
Bi.–30. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"30. artikulua. Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren egitura.
Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:
a) SOS Nafarroa Atala.
b) Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Atala.
c) Larrialdietako Prebentzio, Informazio eta Prestakuntza Atala".
Hiru.–31. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"31. artikulua. SOS Nafarroa Atalaren esparru material eta funtzionala.
SOS Nafarroa Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:
a) 112 SOS Nafarroa larrialdiak kudeatzeko zentroaren kudeaketa material eta operatiboa, haren funtzionamendurako erregelamenduan agindutakoari jarraikiz.
b) Larrialdietan baliabideak mobilizatzeko protokoloak prestatu eta mantentzea, baita gaitasunen eta baliabideen katalogoak eta, oro har, informazioa eta datu-baseak ere.
c) Operadoreen eta aretoko buruen jarduera kudeatzea eta gainbegiratzea.
d) Eguneroko jardueraren parteak, abisuak eta jakinarazpenak egitea, eta jarduerak behar duen laguntza administratiboa ematea.
e) Zentroari atxikitako langileen lan araubidea kontrolatzea, baita txandak, egutegia eta ordutegiak ere.
f) 112 SOS Nafarroa zentroan aritzen diren osasun arloko koordinatzaileen goi koordinazio funtzionala egitea.
g) Larrialdiak kudeatzeko zentroari atxikitako langileen etengabeko prestakuntza gainbegiratzea.
h) Egindako prestazioak aztertzea eta ebaluatzea.
i) Larrialdietako deien erantzuna kudeatzen dituzten beste zentro batzuekin koordinatzea.
j) Nafarroako Babes Zibileko sistemari atxikitako boluntariotza-erakundeekin koordinatzea, suhiltzaile boluntarioen elkarteekin izan ezik, haiek Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren esparruan sartzen baitira.
k) Nafarroako Babes Zibileko Alarma eta Alerta Sarea ustiatzea, zeharkakotasunez eta haren eskumena duen organoarekin koordinaturik.
l) Hedabideekin kolaboratzea eta parte hartzea babes zibilari buruz antolatzen diren zabalkunde- eta prestakuntza-kanpaina eta ekimenetan.
m) Aireko bitartekoen kudeaketa.
n) Ariketa eta simulakroetan parte hartzea, baita babes zibilaren arloan ezartzen diren beste zeinahi prebentzio jardueretan ere.
ñ) Aholkularitzako eta aurrea hartzeko batzorde teknikoetan eta babes zibileko larrialdi bat dela-eta eratzen diren batzordeetan parte hartzea, baita, kasua bada, zaintza operatibo teknikoan ere, halakorik ezartzen bada ezohiko koordinazioa behar duten larrialdietarako erantzuna prestatze aldera.
o) Larrialdiak kudeatzeko baliabide teknologikoen eta informazio sistemen beharrak baloratzea eta bideratzea.
p) Zerbitzuko zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun, edo indarra duten xedapenek esleitzen dizkiotenak".
Lau.–32. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"32. artikulua. Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Atalaren esparru material eta funtzionala.
1. Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:
a) Larrialdietan esku hartzeko eta zerbitzu operatiboen jarduketa bateratuetarako protokoloak prestatu eta mantentzea.
b) Zehaztuko diren ikuskatze eta kontrol prozeduren bidez, zerbitzu operatiboen jarduketa eta ezarritako protokoloak betetzen direla gainbegiratzea.
c) Protokoloak aplikatzean gertatzen diren ohiz kanpoko egoerak ebaztea, halakorik izanez gero, eta berehala zuzentzea larrialdiak kudeatzeko sistemaren funtzionamenduan gertatzen diren akatsak, halakorik izanez gero.
d) Larrialdietako planetan, kasuan kasuko aktibatze mailan, kudeaketarako laguntza teknikoa ematea eta, zuzendaritza teknikoa edo aholku batzordea oraindik eratu gabe dagoenean, zuzendaritza eta koordinazio eginkizunak bere gain hartzea.
e) Babes zibileko informazio eta alarma sistemen eta sareen definizioa eta jarraipen teknikoa.
f) Larrialdiei erantzuteko eta babes zibilaren arloko erabaki, itun edo hitzarmen proposamenak prestatzea eta haien jarraipena egitea.
g) Osasun zerbitzuekin batera aritzea larrialdiak planifikatzean eta kudeatzean, osasun kontuei dagokienez, baita hil edo biziko larrialdiez arduratzeko berariazko protokoloak prestatzean ere.
h) Larrialdietarako osasun garraioko sarea kudeatzea, osasun zerbitzuekin koordinatuta.
i) Babes zibileko plan bereziak direla-eta, simulakroak koordinatu eta antolatzea.
j) Nafarroako Gobernuak onetsi beharreko babes zibileko planak proposatu eta prestatzea, baita haiek ezartzea eta haien eraginkortasunari eustea ere.
k) Tokiko edo eskualdeko planen prestaketa eta ezarpena bultzatu eta koordinatzea, haien prestaketa toki entitateen esku dagoenean.
l) Babes zibileko lurralde planak, udal planak eta udalez gaindiko planak homologatzeko proposamena eta azterketa teknikoa egitea.
m) Hondamendi arriskuen eta arrisku berezi eta berariazkoen gaineko ebaluazioak egitea.
n) Istripu larri eta txikiei buruzko eta, oro har, gertatzen diren larrialdi eta hondamendiei buruzko azterketak eta estatistikak egitea.
ñ) Txostenak egitea, aholkularitza ematea eta parte hartzea lurralde antolamenduarekin eta hirigintzarekin lotutako eztabaida-organoetan, arriskuei eta babes zibilaren plangintzari dagokienez.
o) Larrialdiei eta hondamendiei buruzko datuak erregistratzea.
p) Larrialdien arloko Informazio eta Alertarako Foru Sarea sortzea eta kudeatzea.
q) Larrialdiak kudeatzeko zentroko ekipoen eta instalazioen eta, bereziki, larrialdiak kudeatzeko sistemaren mantentze-lanak.
r) Nafarroako Foru Komunitatean izaten diren larrialdiei erantzuteko irrati-komunikazioen sareaz arduratzea eta haren jarraipen teknikoa egitea, eta sare hori lehendik dauden sare sektorialekin koordinatzea.
s) Zerbitzu berekietan instalatutako komunikazio sistemen eta baliabideen inbentarioa egitea eta kontrolatzea, are haien erabilera babes zibilarekin nahiz herritarren segurtasunarekin loturiko beste zerbitzu, erakunde edo instituzio batzuei laga bazaizkie ere.
t) Nafarroako Suhiltzaileen eta Babes Zibileko eta Larrialdietako zerbitzuen informazio sistema berekia, aginte-koadroak eta telekomunikazio sistemak diseinatu eta abian jartzea.
u) Zuzendaritza Nagusiak agintzen dion beste edozein eginkizun, edo indarra duten xedapenek esleitzen dizkiotenak.
2. Larrialdiei, bai modu orokorrean, bai babes zibileko planetan aktibatzen diren faseetan arreta emateko goian aipatutako eginkizunak betetzeko, segurtasun arloko goi mailako teknikariak egonen dira, bai eta, hala badagokio, larrialdien kudeaketarekin lotutako beste teknikari batzuk ere. Haien txandak, guardiak eta lana antolatzeko sistema bat ezarriko da halako moduan non bermatuko baita, gutxienez, aipatutako langileetako bat eskuragarri egonen dela uneoro, eta horrela bermatuko da etengabeko arreta.
Langile horiek Barneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez izendatuko dira, eta bertan antolatu eta ezarriko da, orobat, haien txanden eta guardien araubidea. Horren ondorioetarako, izendaturiko langileek aplikatzekoa den araudiaren araberako ordainsariak jasoko dituzte".
Bost.–33. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"33. artikulua. Larrialdietako Prebentzio, Informazio eta Prestakuntza Atalaren esparru material eta funtzionala.
Larrialdietako Prebentzio, Informazio eta Prestakuntza Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:
a) Arriskuen prebentziora bideratutako ekintza mota oro programatzea.
b) Beste entitate eta erakunde batzuei aholkularitza teknikoa ematea arriskuen prebentzioari buruz.
c) Hondamendien eta istripu larri zen txikien kontrako segurtasunaren gaineko ikerketa teknikoak egitea.
d) Suteen eta bestelako arriskuen kontrako segurtasun neurrien gaineko txostena egitea behar diren espediente administratiboetan, batez ere, ingurumenean eragina duten jarduerei buruzkoetan.
e) Ezbeharren ikerketa teknikoen prozesuetan parte hartzea, zergatik sortu eta garatu diren zehazteko. Horretarako, arlo horrekin zerikusia duten eginkizunak eta eskumenak dauzkaten entitate eta erakundeekin koordinatuta arituko dira.
f) Suteen eta bestelako arriskuen kontrako segurtasun neurriei buruzko jardueren ikuskapen-plana prestatu eta haren segimendua egitea. Plana eskudunak diren beste departamentu-unitateekin lankidetzan arituz beteko da, protokoloak agindutako moduan.
g) Informazio- eta prestakuntza-jarduerak diseinatu, sustatu, abiarazi, kudeatu eta ebaluatzea, autobabeserako eta babes zibilerako neurriak zabaltzeko, bai larrialdiei aurre egiteko ardura duten langileei, baita arrisku edo larrialdien eraginpean gerta litezkeen pertsona eta taldeei ere.
h) Sustapen eta zabalkunderako behar beste ekintza egitea Nafarroako gizartearen maila guztietan autobabesaren kultura ezarri eta garatzeko herritarren artean.
i) Nafarroako Foru Komunitateko Babes Zibileko Larrialdietarako eta Autobabeserako Planen Erregistroa sortzea eta bultzatzea.
j) Zerbitzuko zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun, edo indarra duten xedapenek esleitzen dizkiotenak".
Sei.–34. artikulua aldatzen da, 7. atalera eramaten baita (Trafiko Zerbitzua), eta honela idatzita geldituko da:
"34. artikulua. Trafiko Zerbitzuaren esparru material eta funtzionala.
Trafiko Zerbitzuak honako eginkizun hauek izanen ditu:
a) Trafikoko eta bide segurtasuneko politikak bultzatu, koordinatu eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatean.
b) Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako baimenak izapidetzea.
c) Trafikoaren eta bide segurtasunaren arloko zehapen espedienteak izapidetzea.
d) Jarduerak planifikatu, zuzendu eta koordinatzea segurtasuna eta arintasuna hobetzeko hiriarteko bideetan, bide tarteetan eta trafiko-dentsitate handiko gune arriskutsuetan eta zeharbideetan.
e) Neurketa-ekipo berriak ezarri, erosi eta mantentzeko aukera aztertzea bideen erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko.
f) Trafikoa arautzeko neurri bereziak ezartzea, Nafarroako Foru Komunitateko errepideetarako indarrean dagoen legeriaren arabera.
g) Bide hezkuntzako eta bide prestakuntzako jarduera-programak eta zabalkunde-kanpainak garatzea.
h) Trafikoari eta bide ezbeharrei buruzko datu estatistikoak prestatzea eta haien berri zabaltzea.
i) Zuzendaritza Nagusiari proposatzea zer jarraibide bete behar dituen udaltzainen jardunak zirkulazio arauak bete eta interpretatzeko, Estatuarekin koordinatuta.
j) Analisiak, azterlanak eta txostenak egitea, baita bide segurtasuna hobetzeko proposamenak ere.
k) Sistemak proposatu eta ezartzea, Nafarroan trafikoa arautu eta zaintzeko ardura duten agenteek ematen dituzten zerbitzuen kalitatea hobetze aldera.
l) Zuzendaritza Nagusiak agintzen dion beste edozein eginkizun, edo indarra duten xedapenek esleitzen dizkiotenak".
Zazpi.–35. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"35. artikulua. Trafiko Zerbitzuaren egitura.
Trafiko Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:
a) Trafikoa Koordinatzeko Atala.
b) Bide Prestakuntzako eta Hezkuntzako Atala.
c) Laguntza Juridikoaren eta Zehapenen Atala.
d) Berrikuntza Teknologikoaren Atala.
Zortzi.–36. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"36. artikulua. Trafiko Atalaren esparru material eta funtzionala.
Trafikoa Koordinatzeko Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:
a) Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako baimenak izapidetzea, Foru Komunitatearen lurraldean.
b) Foru Komunitatearen lurraldean egiten diren kirol probek eta bestelako ekitaldiek trafikoan duten eraginari buruzko txostena egitea.
c) Nafarroan jarduten duten trafiko-poliziek eta udaltzainek Istripuen Biktimen Erregistro Nazionalean grabatutako datuen txostena, jarraipena eta kontrola egitea.
d) Nafarroako Foru Komunitateko bideetako trafikoari eta bide-istripuei buruzko datu estatistikoak prestatzea eta zabaltzea.
e) Trafikoari eta ibilgailuen zirkulazioari buruzko kontuetan koordinatzea trafikoaren eta ibilgailuen zirkulazioaren arloko agintaritzaren agenteekin, deusetan galarazi gabe toki korporazioen eskudantziak.
f) Ibilgailuen zirkulazioa murrizteko arau bereziak aztertzea eta proposatzea.
g) Bere eskumenen esparruaren barruan agintzen zaion beste edozein eginkizun".
Bederatzi.–37. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"37. artikulua. Bide Prestakuntzako eta Hezkuntzako Atalaren esparru material eta funtzionala.
Bide Prestakuntzako eta Hezkuntzako Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:
a) Gidariendako eskola partikularrei beren jarduera garatzeko ematen zaizkien baimenak izapidetzea, baita baimen horiek aldatzea, kontrolatzea eta ikuskatzea ere.
b) Gidariei osasun azterketak egiteko zentroentzako baimenak izapidetzea, baita baimen horiek aldatzea, kontrolatzea eta ikuskatzea ere.
c) Prestakuntza-zentroei bide sentsibilizazioaren eta bide berreziketaren arloan ikastaroak emateko baimenak izapidetzea, baita baimen horiek aldatzea, kontrolatzea eta ikuskatzea ere.
d) Herritarrentzako bide segurtasuneko dibulgazioko, prestakuntzako eta hezkuntzako ekintzak eta kanpainak egitea, eta hezkuntza-administrazioarekin lankidetzan aritzea bide segurtasuneko hezkuntza-ekintzak programatzeko ikastetxeetan.
e) Bide hezkuntzaren arloko lankidetza-hitzarmenak aztertzea eta kudeatzea.
f) Bere eskumenen esparruaren barruan agintzen zaion beste edozein eginkizun".
Hamar.–38. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"38. artikulua. Laguntza Juridikoaren eta Zehapenen Atalaren esparru material eta funtzionala.
Laguntza Juridikoaren eta Zehapenen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Trafiko Zerbitzuari aholkularitza juridikoa ematea trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloan.
b) Txosten juridikoak egitea Trafiko Zerbitzutik izapidetzen diren administrazio espedienteak eta kontratazio publikoko espedienteak ebazteko.
c) Trafiko Zerbitzuaren berezko gaiei buruzko araudia biltzea eta mantentzea.
d) Trafiko Zerbitzuari dagozkion gaietan, interes juridikoa duen informazioaren jarraipena eta bilketa egitea.
e) Barne Zuzendaritza Nagusiaren eskumen esparruko zehapen espedienteak izapidetzea, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arlokoak, bai eta administrazio bidean berrikusteko prozedurak izapidetzea ere.
f) Trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloko zehapen espedienteei buruzko azterlanak eta estatistikak egiten kolaboratzea.
g) Herritarrei laguntza eta informazioa ematea trafikoari eta ibilgailu motordunen zirkulazioari buruz.
h) Bere eskumenen esparruaren barruan agintzen zaion beste edozein eginkizun".
Hamaika.–39. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"39. artikulua. Berrikuntza Teknologikoaren Atalaren esparru material eta funtzionala.
Berrikuntza Teknologikoaren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:
a) Barne Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparruan, trafikoarekin, bide segurtasunarekin eta ibilgailu motordunen zirkulazioarekin lotutako aginte-koadroak eta arrisku-adierazleak prestatzea, baloratzea eta zabaltzea.
b) Barne Zuzendaritza Nagusiari esleitutako eskumenak gauzatzeko baliabide teknologikoen eta informazio sistemen beharrak baloratzea, bereziki trafikoarekin, bide segurtasunarekin eta ibilgailu motordunen zirkulazioarekin lotutakoak, bai eta neurketa-ekipoak aztertzea (besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren bide-tarteko radarrak, etilometroak eta zinemometroak), haien egoera etengabe ebaluatzea, mantentze-lanak egitea eta ekipo berrien beharrak xedatzea ere.
c) Baliabide teknologikoei eta informazio sistemei buruzko eskaerak bideratzea arlo horretan eskumena duen zuzendaritza nagusira, bereziki trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloko eskumenak bere gain hartzeko behar diren baliabide eta sistemei buruzkoak.
d) Trafiko Zerbitzuko atalei laguntza teknologikoa ematea.
e) Nafarroako hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistema eta Trafikoa Kudeatzeko Zentroa kudeatzea.
f) Bide publikoetako trafikoaren egoerari buruzko informazioa zabaltzea herritarrei.
g) Babes zibileko larrialdietan laguntza eta aholkularitza emateko dauden aholkularitzako eta aurrea hartzeko batzorde teknikoetan parte hartzea, baita lan batzordeetan ere, Babes Zibilarekin koordinaturik.
h) Zerbitzuko zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun, edo indarra duten xedapenek esleitzen dizkiotenak".
Hamabi.–59. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"59. artikulua. Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuaren egitura.
Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:
a) Egituraren Antolaketako, Plantillako eta Langileen Ordainsarietako Atala.
b) Barne Igoeraren eta Aldi Baterako Kontratuen Atala.
c) Koordinazio Juridikoaren Atala".
Hamahirugarrena.–61 bis artikulua gehitzen da. Hauxe da testua:
"61 bis artikulua. Koordinazio Juridikoaren Atalaren esparru material eta funtzionala.
Koordinazio Juridikoaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Laguntza juridikoa ematea Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari.
b) Koordinazio juridikoa eta laguntza juridikoa ematea Egituraren Antolaketako, Plantillako eta Langileen Ordainsarietako Atalari eta Barne Igoeraren eta Aldi Baterako Kontratuen Atalari.
c) Txosten juridikoak egitea Egituraren Antolaketako, Plantillako eta Langileen Ordainsarietako Atalaren eta Barne Igoeraren eta Aldi Baterako Kontratuen Atalaren eskumeneko prozedurei buruz.
d) Txosten juridikoak egitea indarrean dauden xedapenen bidez Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari esleitutako edo agindutako beste eginkizun batzuen esparruan.
e) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dioten beste edozein eginkizun, edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaion beste edozein".
Hamalau.–67. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"67. artikulua. Administrazioa Modernizatzeko eta Lanpostuak eta Egitura Planifikatzeko Atalaren esparru material eta funtzionala.
Administrazioa Modernizatzeko eta Lanpostuak eta Egitura Planifikatzeko Atala Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari atxikita dago zuzenean, eta foru dekretu honen 40. artikuluaren ap), aq), ar), as), at), au), av), aw), ax) eta ay) letretan ezarritako eginkizunak beteko ditu, eta, bereziki, honako hauek:
a) Zuzendaritza nagusiari laguntza eta aholku ematea estrategia bat definitzearren administrazioa funtzio publikoaren arloan modernizatzeko.
b) Epe ertain eta laburreko jarduerak garatu eta proposatzea funtzio publikoaren arloko estrategia hedatzeko.
c) Bete beharreko helburu estrategikoak prestatzea, eta haien jarraipena eta ebaluazioa egitea.
d) Zuzendaritza nagusiari laguntzea funtzio publikoa eraldatzeko proiektuak bultzatzen.
e) Behar diren txostenak eta azterketak egitea funtzio publikoaren arloan administrazioa hobetzeko eta eraldatzeko proiektuak ezartzeko dauden beharrei eta baliabideei buruz.
f) Lanpostuak ikuspegi estrategikotik antolatzeko plangintza garatzea eta proposatzea.
g) Unitateen azterketa funtzionala mantentzea eta erakundean duten sailkapena balidatzea.
h) Txostenak egitea administrazioko lanpostuen eta profilen azterketari buruz, beharren azterketari buruz eta haien egokitasunari edo amortizazioari buruz.
i) Unitate organikoetan modernizazio proiektuak inplementatzea, lanpostuak eta haien jarduna kontuan hartuta.
j) Proposatzea eta garatzea zer behar dauden (informazioari eta garapen instrumentalari dagokionez) lanpostuei buruzko informazioa biltzeko, funtzio publikoko gaur egungo prozesuetan hobekuntzak txertatu ahal izateko.
k) Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko administrazio unitateetako erabiltzaileen eskakizun, premia eta gorabehera informatikoak biltzea, identifikatzea, definitzea eta lehenestea, hori guztia digitalizazioaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiarekin lankidetzan.
l) Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusian administrazio elektronikoa bultzatzea, ezartzea eta haren jarraipena egitea, legeetan ezarritakoa betez eta elkarlanean arituz Nafarroako Gobernuan arlo horretan eskumena duen unitatearekin.
m) Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren prozeduren automatizazioa sustatzea, hartarako tresna digitalen bidez.
n) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan jardunaren ebaluazioa koordinatzea.
ñ) Lanpostuen profilak eta irizpideak eguneratzearekin lotutako beste proiektu estrategiko batzuen exekuzioa koordinatzea.
o) Europako finantzaketarako dauden aukerak identifikatzea eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari lotutako Europar Batasunaren programa eta ekimenetarako hautagaitzak aurkezteko proposamenak prestatzea eta horien aurkezpena koordinatzea.
p) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dioten beste edozein eginkizun, edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaion beste edozein".
Hamabost.–79. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"79. artikulua. Justiziako Gizarte Zerbitzuaren egitura.
Justiziako Gizarte Zerbitzuak atal hauek ditu:
a) Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atala.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren Atala.
c) Barnahus Kudeatzeko eta Koordinatzeko Atala".
Hamasei.–81 bis artikulua gehitzen da. Hauxe da testua:
"81 bis artikulua. Barnahus Kudeatzeko eta Koordinatzeko Atalaren esparru material eta funtzionala.
Barnahus Kudeatzeko eta Koordinatzeko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Barnahus-Nafarroa baliabidea koordinatzea eta Nafarroako Foru Komunitatean adingabe eta nerabeen sexu-abusuko egoerak detektatzeko eta horietan esku hartzeko barneko eta departamentuarteko protokoloak egitea eta eguneratzea.
b) Laguntza eta sostengu teknikoa ematea atalaren berezko gaietan esku hartzen duten departamentuei eta erakundeei.
c) Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuarekin koordinatzea aditu-txosten psikologikoak egiteko eta, bereziki, azterketa judizialak eta aurrez eratutako probak egiteko, jurisdikzio zibileko eta zigor arloko jurisdikzioko epaitegi eta auzitegiek eskatuta, sexu-indarkeriaren biktima diren adingabe eta nerabeei eragiten dietenean, deusetan galarazi gabe esleitzen ahal zaizkion beste eginkizun batzuk.
d) Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dagoen araudia betetzen dela gainbegiratzea, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzeko behar diren neurriak hartzea.
e) Zerbitzua ebaluatzeko eta etengabe hobetzeko sistemak sustatzea.
f) Haurtzaroaren, generoaren eta sexu-aniztasunaren ikuspegia txertatzeko diziplina anitzeko lantaldearen lana sustatzea eta integratzea.
g) Atalaren berezko gaiei buruzko prestakuntza-ekintzak sustatzea Nafarroako Gobernuko langileentzat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Zerbitzuarekin lankidetzan.
h) Barnahus-Nafarroa baliabidearen ordezkari lana egitea eta nazioko eta nazioarteko foroetan parte hartzea, hala eskatzen zaionean.
i) Gaiari buruzko estatistikak eta azterlanak egitea, baita urteko memoria ere.
j) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein eginkizun, edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak, bere eskumeneko arloetan".
Hamazazpi.–Bigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"2. Barneko zuzendari nagusiaren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: dirulaguntzak, kontratazioa eta enkarguak, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.
Barneko zuzendari nagusiari dagokio, kasuan kasuko eskumenen esparruan, zehapen espedienteen gainean ebazteko indarra duen legeriak Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari ematen dizkion eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera.
Barne Zuzendaritza Nagusiko Trafiko Zerbitzuaren titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, trafikoaren eta bide segurtasunaren arloko zehapen espedienteak ebaztearekin lotutako eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera".
Hemezortzi.–Laugarren xedapen gehigarriaren 1. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"1. Barneko Zuzendaritza Nagusia:
–Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendariarena, zeina Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendaria izanen baita.
–Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Ataleko buruarena, zeina Trafikoa Koordinatzeko Ataleko burua izanen baita.
–Kontrol eta Zehapen Ataleko buruarena, zeina Laguntza Juridikoaren eta Zehapenen Ataleko burua izanen baita.
–Berrikuntza Teknologikoaren Ataleko buruarena, unitate hori Trafiko Zerbitzuari atxikita geldituko baita".
Hemeretzi.–Bosgarren xedapen gehigarria aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"Bosgarren xedapen gehigarria.–Zenbait unitateren atxikipena aldatzea.
Lanpostuak Antolatzeko Atala Egituraren, Lanpostuen Antolaketaren eta Langileen Plantillaren Zerbitzuari atxikia zegoen, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren barrenean; aurrerantzean, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiko Konponbide Korporatiboen Zerbitzuaren mende egonen da, eta honela deituko da: Langileen Prozeduren Bultzada Digitalaren eta Modernizazioaren Atala.
Berrikuntza Teknologikoaren Atala, zeina Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari atxikita baitago, Barne Zuzendaritza Nagusiko Trafiko Zerbitzuari atxikita geldituko da aurrerantzean".
Hogei.–Zazpigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"1. Barneko Zuzendaritza Nagusian unitate hauek sortzen dira:
–Trafiko Zerbitzua.
–Barneko Giza Baliabideen Zerbitzua.
–Langileriaren Kudeaketako Atala.
–Berrikuntza Teknologikoaren Atala.
–Bide Prestakuntzako eta Hezkuntzako Atala.
–Laguntza Juridikoaren eta Zehapenen Atala".
Hogeita bat.–Zazpigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusian unitate organiko hauek sortzen dira:
–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Zerbitzua.
–Koordinazio Juridikoaren Atala. Zuzenbideko lizentzia edo gradua duen A mailako funtzionario batek bete beharko du ataleko burutza".
Hogeita bi.–Zazpigarren xedapen gehigarriari 5. apartatua gehitzen zaio, eta honela idatzita geldituko da:
"5. Honako unitate organiko hau sortzen da Justizia Zuzendaritza Nagusian:
–Barnahus Kudeatzeko eta Koordinatzeko Atala. Ataleko burutza Zuzenbideko, Psikologiako edo Gizarte Laneko gradua edo lizentzia duen A edo B mailako funtzionario batek beteko du, eta sexu-delituen ziurtagiri negatiboa eduki beharko du".
Hogeita hiru.–Hamargarren xedapen gehigarria eransten da, testu hau izanen duena:
"Hamargarren xedapen gehigarria.–Informazioaren segurtasunaren arduraduna Foruzaingoaren esparruan.
Foruzaingoaren Garapen Teknologikoaren eta Kalitatearen Brigadari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Datuak Babesteko eta Informazioaren Segurtasunerako Politikan zehazturik dauden informazioaren segurtasunaren arduradunaren eginkizunak betetzea, bermatzeko eta zaintzeko asmoz Foruzaingoaren esparruan betetzen dela informazioaren segurtasunari buruz indarrean dagoen araudia, datu pertsonalen babesari buruzkoa barne".
Hogeita lau.–Lehenengo xedapen iragankorra aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"Lehen xedapen iragankorra.–Trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloko zehapenak jartzeko eskumena.
Trafikoari eta ibilgailu motordunen zirkulazioari buruzko administrazio zehapenak jartzeko ahalmenari dagozkion eginkizunek 2026ko uztailaren 1etik aitzina izanen dute eraginkortasuna, eta, ordura arte, Estatuko Administrazio Orokorreko organo eskudunei dagokie eginkizun horiek betetzea, apirilaren 8ko 277/2025 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera (errege dekretu horren bidez handitu egin dira apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuaren bidez Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan eskualdatu dizkion eginkizunak)".
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.
Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.
Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari gaikuntza ematen zaie beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.
Azken xedapenetako bigarrena.–Garatzeko ahalmenak.
Ahalmena ematen zaio Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2026ko ekainaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inmaculada Jurío Macaya.
Iragarkiaren kodea: F2608769
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
