1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
39/2026 FORU DEKRETUA, ekainaren 17koa, zeinaren bidez aldatzen baita apirilaren 5eko 84/1990 Foru Dekretua, Nafarroan Industrialdeak eta Industria Jarduerak Ezartzeko Arauak onesten dituena.
ZIOEN AZALPENA
Nafarroan Industrialdeak eta Industria Jarduerak Ezartzeko Arauak onesten dituen apirilaren 5eko 84/1990 Foru Dekretua erreferentziazko araudia izan zen Nafarroako eskualdeetan industrialdeak antolatzeko, haren bidez determinazio zehatzak ezarri baitziren industrialdeak kokatzeko, sustatzeko eta kudeatzeko.
Halaber, "jabeturik industria jarduera batzuk lurzoru urbanizaezinean kokatzeko behar handiagoa zegoela edo desegokiak zirela hiri lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian paratzeko", beharrezkotzat jo zen foru dekretuan bertan zehaztea zein izanen ziren jarduera baimengarriak, jarduera horiek kokatzeko eta antolatzeko baldintzak, haien betebehar estetikoak, lehendik zeuden jarduerak handitzeko betekizunak eta hirigintza baimena lortzeko agiriak.
Foru dekretu hori aldarrikatu zenetik 30 urte baino gehiago pasatu dira, eta haren eduki batzuk erabat gainditu ditugu bai kontzeptualki bai metodologikoki, hainbat arrazoirengatik: lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko legedian zenbait aldaketa egin dira, Nafarroa osorako lurralde antolamendurako tresnak onetsi dira, eta aurrera egin dugu lurraldea paisaiaren ikuspuntutik kudeatzeko ezagutzei dagokienez.
Oraingo aldaketa honek zubi lana egin nahi du landa lurzoruko industria jarduerei buruzko araudi zaharraren eta etorkizunean eginen den araudi aldaketa sakonagoaren artean. Azken aldaketa hori gauzatuko da lurraldearen antolamenduari buruzko legea berrikusteko abian den prozesua bukatzen denean. Oraingo aldaketa honen oinarrietan, landa inguruneari garrantzi handia eman zaio, haren bidez bermatuko baita eskualdearen lurralde garapena jasangarria, orekatua eta kohesionatua izatea. Hala, oinarri hauek bultzatzen dute landa lurzoruaren ikuspuntua aldatzea, eta lurralde ondasuntzat hartzea, bai eta despopulazioaren aurkako borrokan lagunduko duen faktoretzat ere. Izan ere, landa lurzoruak baliabide ekosistemikoak eta lurzoru emankorrak eskaintzen dizkigu, "lurzoru urbanizagarririk" ez dagoenean jarduera ekonomikoak har ditzake eta jadanik eraikia dagoen ondarea du, bai eta azpiegiturak ere, askotan behar beste erabiltzen ez direnak. Ildo horretan, aldaketa honek Nafarroako despopulazioaren aurkako estrategia garatzen du, estrategia horrek sustatzen baitu "garapen ekonomikorako dauden potentzialtasun endogenoak baliatzea, betiere ingurunea eta baliabideak arriskuan jarri gabe". Eta horretarako, bultzatzen du "ondareko baliabideen garrantzia azpimarratzea" (4.1 ardatza) eta "hirigintzako tresnak egokitzea herriek dituzten aukeren arabera" (5.2 ardatza).
Aldaketa honek, lehenik eta behin, lurzoru urbanizaezinean ezar daitezkeen industria jardueren zerrenda eguneratzen du. Jarduera horiek 6. artikuluan jasotzen dira. Bigarrenik, industria jarduerak ezartzeko lurralde baldintzak jasotzen ditu, zeinak lurralde antolamenduko planetan arautzen baitira. Hirugarrenik, eraikinen ezarpena eta barne urbanizazioa baldintzatzen dituzten zenbait determinazio ezabatzen edo aldatzen ditu, ez direlako beharrezkoak edo desegokiak direlako proiektuak errealitatean gauzatzeko. Azkenik, industrien ezarpenari buruz foru dekretuan zehazten diren zenbait baldintza malgutzen ditu, eta ahalbidetzen du kokaleku berean enpresa bat baino gehiago ezartzea edo lotura duten industria jarduerak ezartzea, enpresa berak garatzen dituenean.
Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren irizpenaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko ekainaren hamazazpiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Aldatzea 84/1990 Foru Dekretua, apirilaren 5ekoa, Nafarroan Industrialdeak eta Industria Jarduerak Ezartzeko Arauak onesten dituena.
Bat.–6. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"6. artikulua. Jarduera baimengarriak.
Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruz indarrean den legedian ezarritako ondorioetarako, lurzoru urbanizaezineko industria jarduera baimengarritzat joko dira honako hauek:
a) Baliabide naturalen erauzketarekin edo aprobetxamenduarekin lotutako jarduerak, betiere baliabide horiek industria jarduera kokatzen den landa ingurunekoak badira.
b) Nekazaritzari loturiko jardueretara bideratutako eraikuntza bereziak, hala nola olio errotak, upeltegiak, gaztandegiak eta nekazaritzako elikagaien beste antzeko instalazio batzuk.
c) Nekazaritzako elikagaien industria isolatuak.
d) Hiri lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren berezko erabileretarako arriskutsuak gerta daitezkeen jarduerak, hala nola substantzia lehergarriak (su karga handikoak) fabrikatu edo manipulatzea, edo erregai kopuru handiak biltegiratzea.
e) Materialak edo hondakinak aire zabalean uzteko lur azalera handiak behar dituzten jarduerak, hartzen duten azaleraren %20tik gorako eraikin itxirik instalatzea edo eraikitzea behar ez dutenak.
f) Jarduerak, zeinak ezarri ahal izateko azalera eraikigarri handiak edukitzea edo lurzoruaren eremu handi bat eraldatzea eskatzen duten –dela jardueraren berezko ekoizpen beharrengatik dela ezartzen zaizkien ingurumen eta lurralde arloko baldintzengatik–, baldin eta beren bizkar hartzen badituzte obrak eta jarduera ezartzearen ondorioak. Hartara, azalera handiak eskatzen dituzten jarduerak izanen dira kokalekuari dagokionez gutxieneko neurri batzuk behar dituztenak:
–Iruñerriko 'Metropolialdea' azpieskualdean: 100.000 metro koadroko lursaila edo 20.000 metro koadroko azalera eraikia, jarduera lehen aldiz ezartzen denean.
–Nafarroako gainerako eskualde eta azpieskualdeetan: gutxienez 60.000 metro koadroko lursaila edo eraikitzeko 12.000 metro koadroko azalera, jarduera lehen aldiz ezartzen denean.
Apartatu honetan aipatzen diren eskualdeak dira Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean zehazten direnak.
g) Despopulazio arriskua duten lurralde eremuetan –betiere despopulazio arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ezarritakoaren arabera– edo lurralde eremu bateko kokaguneen egiturak justifikatzen duenean, baimengarriak izanen dira lehendik dauden eraikinak edo instalazioak edo erabiltzen ez direnak berrerabiltzen dituzten jarduerak. Ez da kontuan hartuko instalazio horiek zertarako erabili izan diren edo zer lurzoru kategoriatan kokatzen diren, eta baimentzen ahalko dira baldin eta ez bada arriskuan jartzen lurraldearen garapen antolatua, eta jarduera berria desegokia ez bada ingurune geografiko horretan".
Bi.–7. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"7. artikulua. Jarduerak kokatzeko baldintzak.
1. Lurralde antolamenduko planekin bat etorriz, dekretu honetan araututako jarduerak baimenduko dira gorde beharreko lurzoruen kategoria duten lurretan kokatzeko. Hala ere, ez dira baimengarriak izanen azpi-azpikategoria hauetan:
a) LUEGrdI: H - Hezeguneak.
b) LUEGrdI: Ingurumen balioagatik gorde beharreko lurzoru urbanizaezina: udalarentzat ingurumen interesa duten elementuak (EIAM).
c) LUEGrdNU: ML - Mendiko larreak.
d) LUEGrdNU: Natura aldetik ustiatzeko balioa izateagatik gorde beharreko lurzoru urbanizaezina: ingurumen eta ekoizpen balioa duten basoak (BAP).
2. Aurrekoaz gain, Erdialdeko Eremuak eta Ebroko Ardatza izeneko lurralde antolamenduko planen eremuan (4. eta 5. LAPak, hurrenez hurren), gaitasun agrologiko handikoa izateagatik babestu beharreko lurzoruan (LUEGrdNU: SECA), honako hauek baimentzen ahalko dira: nekazaritzari loturiko jardueretara bideratutako eraikuntza bereziak, hala nola oliba errotak, upeltegiak, gaztandegiak eta nekazaritzako elikagaien antzeko beste instalazio batzuk.
3. Bestelako kokapen baldintzei dagokienez, foru dekretu honetan araututako jarduerak ezarriko dira honako tresna hauetan azaltzen diren jarraibideen arabera, betiere horietako bakoitzaren izaera kontuan hartuz:
a) Lurralde antolamenduko planetako Natura Ondareari buruzko PN9-Paisaia eranskina.
b) Planeamendurako Jarraibide Teknikoak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 83. artikuluan edo hura ordezkatzen duen arauan adierazitakoak, foru dekretu honetan araututako jarduerei buruz ematen direnean.
4. Lurzoru urbanizaezinean erabilerak eta jarduerak baimentzeko prozeduretan, aplikatzekoak diren udal plan orokorrek ez badituzte zehazten lurzoru urbanizaezinaren kategoriak eta azpikategoriak lurralde antolamenduko planen arabera, kontsultatuko da azken horiek eskaintzen duten Ingurumeneko Unitateen kartografia orientatzailea, bai eta PN2-Ingurumeneko Unitateak izeneko eranskineko dokumentazioa eta fitxak ere; izan ere, ingurumeneko unitate horiek lurralde antolamenduko planetan ezarritako kategoria eta azpikategorien parekoak dira".
Hiru.–8. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"8. artikulua. Lurzatiak.
1. Jardueren kokaleku diren lurzatiak zatiezinak izanen dira baldin eta jarduera horiek foru dekretu honetan ezarritakoari jarraituz egiten badira; Jabetzaren Erregistroan jaso beharko da haien azalera osoa baimendutako industria jarduerari loturik dagoela.
2. Salbuespenez, baimentzen ahalko da lurzati berean ezartzea foru dekretu honen 6. artikuluan jasotzen ez diren beste enpresa edo jarduera batzuk".
Lau.–9. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"9. artikulua. Gehieneko okupazioa.
Foru dekretu honetan arautzen diren jarduerei loturiko eraikinek eta instalazioek ezin izanen dute okupatu jardueraren eremuak edo lurzatiak hartzen duen azalera osoaren ehuneko 40 baino gehiago".
Bost.–10. artikuluko 1. zenbakia aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"1. Lurzatietan nahitaezkoa izanen da belar, zuhaixka edo zuhaitzez osatutako zerrenda bat ezartzea errepidera ematen duen aurrealde osoan zehar, galtzadaren ertzaren eta ertz horretatik 15 metrora dagoen lerro paraleloaren artean, deusetan ukatu gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren bideen jabari publikoa arautzen duen legean ezarritakoa".
Sei.–11. artikuluko 2. zenbakia aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"2. Ulertuko da aurrekoak ez dituela ukatzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren bideen jabari publikoa arautzen duen legean ezarritako distantziak".
Zazpi.–12. artikuluari 5. zenbakia gehitzen zaio. Hona hemen haren edukia:
"5. Aurreko puntuetan ezarritakoa ez da bete beharko, arrazoi teknikoak edo ingurumen arlokoak tartean badaude eta behar bezala justifikatzen badira".
Zortzi.–13. artikuluko 7. zenbakia aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"7. Lurraldearen antolamenduaren arloan eskumena duen departamentuak eskatzen ahalko du proiektuan sar daitezela azelerazio eta desazelerazio erreiak trafiko azkarra edo ugaria duten bideetarako, edo bideen ezaugarriekin bat datozen bestelako konponbideak sar daitezela".
Bederatzi.–16. artikuluari 5. zenbakia gehitzen zaio. Hona hemen haren edukia:
"5. Ulertuko da aurreko puntuetan ezarritakoak ez duela ukatzen sektoreko araudi aplikagarrian ezarritakoa, ez eta aldez aurretik lortu beharreko baimenak izatea ere".
Hamar.–20. artikuluko 2. zenbakia aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"2. Telekomunikazioak. Lineak lurperatu egin beharko dira".
Hamaika.–21. artikuluko 2. zenbakia aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"2. Espedientean aparkaleku plazen zuzkidura justifikatu beharko da, langile kopuruaren eta aurreikusitako jardueren arabera, eta bermatu beharko da aparkaleku plaza bat izanen dela bi lanpostuko".
Hamabi.–22. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"22. artikulua. Lorategiak eta zuhaitzak.
1. Industria jarduerak ezartzen diren lurzatietan, zuhaitzak eta lorategiak jarriko dira lurzatiaren azaleraren ehuneko 20 okupatuz gutxienez, eta betiere paisaian eta ingurumenean integratzeko irizpideei jarraituz.
2. Lorategi motak eta zuhaitzak aukeratuko dira kontuan hartuz geroko mantentze lanak jasangarriak izan behar direla.
3. Egiten diren eraikuntza eta urbanizazio obretan, lurreko landare geruza zaintzeko ahalegina eginen da, eta beharrezkoa bada gorde eginen da, gero eremu berdeetan hedatzeko, obrak bukatutakoan".
Hamahiru.–29. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"29. artikulua. Altuera.
1. Eraikinek gehienez ere hamar metroko garaiera izanen dute –lurzoruak eraikinarekin bat egiten duen puntu bakoitzetik neurtuta– eta gehienez ere bi solairu izanen dituzte.
2. Gehieneko garaiera gainditzen ahalko dute ekoizpen prozesu teknikoan ezinbestez erabili beharreko elementuek.
3. Salbuespenez eta behar bezala justifikatuta, lurraldearen antolamenduaren arloan eskumena duen departamentuak garaiera handiagoak eta solairu gehiago baimentzen ahalko ditu, beharrezkoa bada ekoizpen prozesurako edo ingurumenean eta paisaian integratzeko".
Hamalau.–30. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"30. artikulua. Lehendik dauden industria.
1. Lehendik dauden eraikin eta instalazio industrialak handitzeko baimena ematen ahalko da, baldin eta ez badaude hirigintzako arau hauste larriaren preskripzio epe barruan eta tokiko planeamenduak ez baditu berariaz deklaratu antolamenduz kanpokotzat, betiere foru dekretu honetan ezarritako baldintzei jarraituz. Lurraldearen antolamenduaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak onartzen ahalko du ezarritako baldintzaren bat betetzetik salbuestea, horretarako ezintasun materiala justifikatzen bada.
2. Debekatuta dago lurzoru urbanizaezineko nekazaritza eta abeltzaintzako instalazioen erabilera aldatzea industria erabilerak gaitzeko, deusetan ukatu gabe 6. artikuluko g) letran ezarritakoa.
3. Lurzoru urbanizaezinean legez ezarritako eraikinetan, industria jardueren aldaketa baimentzen ahalko da, foru dekretu honetan finkatutako baldintzak betetzen badira. Lurraldearen antolamenduaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak behar bezala justifikatuta onartzen ahalko du ezarritako baldintzaren bat betetzetik salbuestea".
Hamabost.–32. artikuluko 2. zenbakia aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"2. Dagokion toki entitateak emandako txostena, sustatzaileak egindako proposamenaren alderdi hauei buruzkoa:
a) Ezarri nahi den jarduera zehaztea, foru dekretu honen 6. artikuluarekin bat etorriz. Adieraziko da jarduera berritik ezartzen den, lehendik dauden industriak handitzen diren edo erabilerak aldatzen.
b) Edozein motatako aurrekariak, baldin eta lehendik dauden industriak handitzen badira, jarduerak aldatzen edo eraikinak legeztatzen badira, edo antzeko bestelako egoerak direnean.
c) Proposamenaren egokitasuna indarrean den hirigintzako udal planeamenduko determinazioen arabera".
Xedapen iragankorretako bakarra.–Abian dauden prozeduretarako araubide iragankorra.
Foru dekretu honek indarra hartzean tramitatzen ari diren lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzeko eskaerak ebazteko, foru dekretu honetan xedatutakoa hartuko da kontuan, eta, beharrezkoa izanez gero, tramitatzeko behar den dokumentazio osagarria eskatuko da.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Iruñean, 2026ko ekainaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.
Iragarkiaren kodea: F2608766