124. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZOAINIBAR-ARRIASGOITI

Aldaketa, Ibarreko herrietan festa-ekitaldiak egiteko laguntza ekonomikoak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak, 2026ko maiatzaren 27an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen aldaketa bat Lizoainibar-Arriasgoitiko herrietan festa-ekitaldiak egiteko laguntza ekonomikoak arautzen dituen ordenantzan.

Erabaki hori argitaratu zen 2026ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 24an, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduak betez, aipatu ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Lizoainibar-Arriasgoitin, 2026ko ekainaren 12an.–Alkatea, Koldo Albira Sola.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA LIZOAIN-ARRIASGOITIKO HERRIETAN FESTA-EKITALDIAK EGITEKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea Lizoain-Arriasgoitiko herrietako festetan ekitaldiak egiteko laguntzak.

2. artikulua. Onuradunak.

Laguntzen onuraduntzat hartuko da laguntzak eskatzen dituen pertsona fisikoa, dagokion herriko bizilagunak ordezkatuz eta jarraikiz ordenantza honen I. eranskinean ageri den ereduari.

Onuradunak eguneratuak izan behar ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ez da egon behar azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako ezein egoeratan (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra, hemendik aurrera DLO). Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar du eskaerarekin batera, II. eranskineko ereduaren arabera.

3. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

DLOren 14. artikuluarekin bat, honako hauek dira, besteak beste, onuradunaren betebeharrak:

a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den helburua betetzea, edo proiektua gauzatzea, edo jarduera egitea edo jokabidea hartzea.

b) Organo emaileari edo, halakorik bada, erakunde laguntzaileari justifikatzea bete direla betebeharrak eta baldintzak, eta gauzatu eta bete direla dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua.

c) Organo emaileak egiten dituen egiaztatze jarduketak onartzea eta horietan eskatzen den informazio guztia ematea.

d) Organo emaileari edo erakunde laguntzaileari komunikatzea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, frogatzea eguneratuak dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

f) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztapenen eta kontrolen xede izaten ahal dira eta.

g) Ordenantza honen 8. artikuluan adierazitako hedapen neurriak hartzea.

h) DLOren 37. artikuluan zehazten diren kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

4. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Aurrekontuko partida berariazkoan zehaztuko da laguntzetarako gastuaren zenbatekoa.

Urtean behin bakarrik emanen da festetarako dirulaguntza, herri bakoitzeko. Herri bakoitzeko, 500 euro emanen da gehienez festa-egun bakoitzeko.

Hala ere, eta Udalbatzaren interesekoa izanez gero, posible izanen da, Osoko Bilkurak urteko lehen bilkuran hartutako akordioaren bitartez, zenbateko hori aldatzea, akordioan zehaztutakoaren arabera.

Ulertuko da hiru festa-egun direla baldin musika emanaldiak badaude bi egunetan bederen eta, gainera, beste bi ekitaldi gutxienez baldin badaude egun bakoitzeko festa-egitarauan. Ulertuko da bi festa-egun direla baldin musika emanaldiak badaude bi egunetako batean bederen eta, gainera, beste bi ekitaldi baldin badaude egun bakoitzeko festa-egitarauan.

Ulertuko da festa-egun bat dela baldin musika emanaldi bat badago eta, gainera, beste bi ekitaldi baldin badaude festa-egitarauan.

Ez da inoiz dirulaguntza handiagorik emanen justifikatutako zenbatekoa baino, alegia, enpresaren IFKa duten tiketekin edo fakturekin justifikatutakoa baino.

5. artikulua. Dirulaguntzak emateko prozedura.

Eskaerak festa-ekitaldia izan den urtean egin behar dira, betiere deialdia Udalaren iragarki-taulan argitaratu ondoren.

Honako hauek aurkeztu behar dituzte eskatzaileek:

a) Eskaera-orria (ikus 1. eranskina).

b) Egindako gastuaren frogagiriak (tiketak edo fakturak), bai bankukoak, bai jarduerak gauzatzen dituzten enpresek ofizialki egindakoak. Horietan argi eta garbi utzi beharko da urte berean ordaindu dela, ez baitira diruz lagunduko beste urte batzuetan egindako jarduerak.

c) Festetako kartela edo, bestela, antolatutako festa-ekitaldien zerrenda.

Herri bakoitzeko festak bukatu eta gero ordainduko dira laguntzak.

Tramitazioan akatsak atzemanez gero, bost eguneko epea ematen ahalko da akats horiek zuzentzeko.

6. artikulua. Ekitaldi diruz lagungarriak.

Honako hauek izanen dira diruz lagungarriak: musika emanaldiak, herri-hamaiketakoak, haur jokoak, puzgarriak, festen antolaketari lotutako gastuak (ekipoak alokatzea, komunak) eta festen bestelako jarduerei lotutakoak.

Herriarentzat diru-sarrerak ekar ditzaketen gastuen fakturek edo tiketek ez dute balioko gastuak justifikatzeko. Hau da, ez dira gastu diruz lagungarrien frogagiritzat hartuko taberna-barretarako edarien fakturak, ez bertaratutako pertsonen artean ordaintzen diren otorduen catering-fakturak, ez eta bertaratutako pertsonen artean ordaintzen diren janari-produktuen catering-fakturak ere.

Ahal dela, toki publikoetan egin beharko dira festa-ekitaldiak, festak publikoak izan daitezen eta guztion parte-hartzea erraztu dadin.

7. artikulua. Ebazteko eskumena duen organoa.

Eskaerak baloratzeko eta ebazteko eskumena duen organoa alkatea da, edo Osoko Bilkura, zenbateko diruz lagungarriaren eta gastuak baimentzeko arauen arabera.

8. artikulua. Dirulaguntzen publizitatea.

Honako testu hau jaso beharko dute onuradunek festetako karteletan: "Colabora el Ayuntamiento del Valle de Lizoain-Arriasgoiti / Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalaren laguntzarekin", Udalak berak emaniko Udalaren armarriarekin.

Kartelak ele bitan egonen dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Itzulpenik behar izanez gero, Udalak eginen du.

Kartelak ez dira iraingarriak izanen, ezta sexistak ere, eta idazkera inklusiboa izanen dute. Ahal diren baliabide guztien bidez emanen zaie publizitatea festei.

Udalak kartela argitara dezan errazteko, posta elektroniko bidez igorri behar zaio festak hasi baino astebete lehenago, gutxienez. Honako helbidera bidali behar da: lizoain@izaga.es.

9. artikulua. Dirulaguntza ematea.

Ordenantza honetan ezarritako baldintza guztiak bete behar dira dirulaguntzak emateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Araudi honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu.

I. ERANSKINA.–ESKAERA-ORRIA

LAGUNTZA ESKAERA, IBARREKO HERRIETAKO FESTAK ANTOLATZEKO

ESKATZAILEA (izen-deiturak):

HERRI HONETARAKO ESKATZEN DA LAGUNTZA:

ZER EGUNETAN EGINEN DIREN FESTAK:

ZER FESTA-EGUNETAN IZANEN DEN MUSIKA:

FROGATUTAKO GASTUEN ZENBATEKOA:

DIRUA KOBRATZEKO BANKU-KONTUA: (20 digitu)

AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK:

–FESTA-EGITARAUAREN KOPIA

–GASTUEN ZERRENDA, ZENBATEKOAK ZEHAZTUTA

–ORDAINKETAREN FROGAGIRIAK

OHARRAK

Lizoainen, 20...............(e)ko ........................................aren ...........(e)(a)n

Eskatzailearen sinadura

LIZOAINIBAR-ARRIASGOITIKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA.–ONURADUN IZATEAREN ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA

Izena: .............................................................................. NANa: .........................................................

ADIERAZTEN DUT:

Ez dudala azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat bera ere (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra). Hona hemen debeku horiek:

a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea, edo kondenaturik egotea delitu hauengatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, influentzia trafikoa, iruzurrak eta ordainarazpen legez kanpokoak edo hirigintzako delituak.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatua izatea, ezein prozeduratan kaudimengabea deklaratua izatea, konkurtsoan deklaratua izatea –salbu horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duenean–, kontu-hartze judizialaren mende egotea edo Konkurtsoei buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera gaitasungabeturik egotea, konkurtsoa kalifikatzen duen epaian finkatutako desgaikuntza aldia bukatu gabe dagoela.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateko administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak egotea martxoaren 30eko 3/2015 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean (lege horrek arautzen du Estatuko Administrazio Orokorraren goi-karguen jarduna) edo abenduaren 26ko 53/1984 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean (lege horrek hizpide du administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasuna), edo izatea ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan arautzen diren hautetsietariko edozein, bertan edo gai horiei buruzko araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan (Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoa).

e) Egunean ez izatea indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

f) Egoitza fiskala izatea erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

g) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozko ordainketak, erregelamendu bidez xedatzen diren baldintzetan.

h) Dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzearekin zehatua izatea ebazpen irmo baten bidez, lege honen edo horrela ezartzen duten beste lege batzuen arabera.

i) Ezin dira onuradun bilakatu ordenantza honen 11.3 artikuluan, bigarren paragrafoan, aipatutako elkarteak, haietako edozein kidek aurreko debekuren bat urratuz gero.

j) Dirulaguntzak biltzeko debekuak orobat eraginen die beste enpresa batzuei, baldin eta, ikusita haien kudeatzaileak nor diren edo beste inguruabar batzuk, pentsatzekoa bada debeku hori jaso duten enpresen jarraipen edo eratorriak direla, eraldaketa, bat egite edo oinordetza bidez.

Lizoainen, ..........................(e)ko ..................................................aren .......................(e)(a)n

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: L2608648