124. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CINTRUÉNIGO

Akats zuzenketa, udaltzain-agenteen plaza bat betetzeko oposizioan (kopurua handitzen ahalko da)

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2026ko ekainaren 22an egin bilkura berezian, erabaki hau hartu zuen:

Ikusirik espedientean dauden dokumentuak eta kontuan harturik aurrekari hauek:

Lehenbizikoa.–2026ko apirilaren 13an, Udaleko Gobernu Batzarrak erabaki zuen deialdi honen oinarriak onestea: deialdia, oposizio bidez bete dadin udaltzain-agenteen plaza bat (indarreko plantilla organikoan A11 zenbakia du), Cintruénigoko Udaltzaingoan aritzeko (plaza kopurua handitzen ahalko da). Deialdia argitaratu zen 2026ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 30ean.

Bigarrena.–Akats material bat atzeman da aipatu ebazpenaren bidez onetsi ziren oinarrietan; hain zuzen ere, III. eranskinean –bigarren probari (gaitasun fisikoa) dagozkion ariketak–, zalutasun probaren (Barrow-en testa) atalean, zirkuituaren eskemaren azpian. Honako hau dio:

"Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 25"8 segundo gizonezkoendako, eta 27"5 segundo emakumeendako".

Aitzitik, proba horri dagozkion denborak eta puntuazioak jasotzen dituen taulan adierazten da gai izateko gehieneko denbora hau dela: 23"9 segundo gizonezkoendako, eta 26"9 segundo emakumeendako.

Zuzenbideko oinarriak:

Ikusi da akats material bat egin zela oinarrietan; izan ere, III. eranskinean (Barrow-en testa), zirkuituaren eskemaren azpian, proba egiteko gehieneko denbora bat jaso zen, eta hori ez dator bat probaren emaitzak jasotzen dituen ondorengo balorazio-taularekin.

Agerikoa da, beraz, hasieran egindako akats materiala edo egitatezkoa; izan ere, akatsa nabaria da administrazio-espedientea ikusita, eta ez da inolako araurik interpretatu edo galdekatu behar hura atzemateko.

Hortaz, atzemandako akats materiala zuzendu behar da, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109. artikuluari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Izan ere, artikulu horretan esaten denez, administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, noiznahi zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak.

Azaldutakoarekin bat,

ERABAKITZEN DA:

1. Zuzentzea akats material bat III. eranskinean –bigarren probari (gaitasun fisikoa) dagozkion ariketak–, zalutasun probaren (Barrow-en testa) atalean, zirkuituaren eskemaren azpian:

Honako hau dioen tokian:

"Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 25"8 segundo gizonezkoendako, eta 27"5 segundo emakumeendako".

Honako hau behar du:

"Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 23"9 segundo gizonezkoendako, eta 26"9 segundo emakumeendako".

2. Agintzea ebazpen hau argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta toki erakundearen atarian (deialdiaren web-fitxan) eta Udalaren iragarki-taulan.

Erabaki honen aurka, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen denetik hasita.

Cintruénigon, 2026ko ekainaren 22an.–Alkatea, Oscar Bea Trincado.

Iragarkiaren kodea: L2608943