124. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1226E/2026 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi honen testua: deialdia, batetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTEen) 5 plaza oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta, bestetik, hautaproben bitartez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

Abenduaren 27ko 117/2024 Foru Dekretuaren bidez, 2024. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun-langileentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetarako, zehazki, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan-eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio (aurrekontuak 2024rako luzatu ziren).

Abenduaren 27ko 120/2024 Foru Dekretuaren bidez, 2024. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun-langileentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetarako, zehazki, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasa espezifikoari dagokio (aurrekontuak 2024rako luzatu ziren).

Apirilaren 30eko 43/2025 Foru Dekretuaren bidez, 2025. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun-langileentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetarako, zehazki, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasa espezifikoari dagokio (aurrekontuak 2025erako luzatu ziren).

Azaldutakoaren arabera, bidezkoa da onestea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTEen) 5 plaza sarrera prozedurari jarraikiz eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia, bai eta deialdiaren oinarriak ere.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, batetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTEen) 5 plaza oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautaproben bidez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

2. Deialdiaren testua onestea; ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio-bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin, eta aintzat hartuz Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren urtarrilaren 12ko 7/2026 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.

Iruñean, 2026ko ekainaren 4an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Juan Antonio Guajardo Remacha.

ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRIAK

DEIALDIA, ANATOMIA PATOLOGIKOAREN ARLOKO TEKNIKARI ESPEZIALISTEN (APTEen) 5 PLAZA OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUAN

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdiko plazak.

Deialdi honen xedea da anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten 5 plaza betetzea oposizio-lehiaketa bidez. Destinoak honako hauek izanen dira:

–5 Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan. Plaza zenbakiak: 61973, 73306, 73795, 73796 eta 73797.

1.2. Plazen banaketa txandaka.

Azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, deialdiko plazak honako ordena korrelatibo honen arabera banatuko dira:

–Lehenengoa, hirugarrena, bosgarrena eta abar, igoera txandan.

–Bigarrena, laugarrena, seigarrena eta abar, txanda irekian.

Plaza hutsak betetzeko hurrenkera txanda irekitik hasiko da kontatzen. Hortaz, honela beteko dira deialdi honetako plazak:

–3 plaza, txanda irekian.

–2 plaza, igoera txandan.

Igoera txandako plazaren bat hutsik geldituz gero txanda horretako izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekira igaroko dira.

Era berean, igoera txandako plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Hori horrela, deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiak txanda irekian onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte azkeneko txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak, eta baldin eta kontrakoa adierazten ez badute.

1.3. Deialdi honen xedea da, halaber, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bidez izangaien zerrendak osatzea, izangai horiek anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTEen) lanpostuan aritzeko, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez.

1.4. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, A mailako osasun-langileei izan ezik (A.1 eta A.2 estamentuak), aplikatu beharreko baremoak arautzen dituena.

97/2024 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duena.

6/2025 Foru Dekretua, otsailaren 12koa, zeinaren bidez aldatzen baitira azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua (haren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautu zen) eta martxoaren 3ko 44/2003 Foru Dekretua (haren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuen ordainsari osagarriak zehaztu eta esleitzen dira).

7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko ezohiko eta premiazko neurriak onesten dituena.

202E/2025 Foru Agindua, ekainaren 6koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira betetzeko zailak diren lanpostuak zehazteko irizpideak eta lanpostu horiek betetzeko pizgarriak.

205E/2025 Foru Agindua, ekainaren 16koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan betetzeko zailak diren lanpostuen zerrenda zehazten duena.

Gainerako arau osagarriak.

1.5. Publizitatea.

Deialdi hau eta haren ondoriozko egintzak honako hauetako batean edo gehiagotan argitaratuko dira:

–Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

–O-NOZeko enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu/), erlaitz honetan: "Oposizioak", "Osasun arloko kategoriak", "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua", "Anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialistak (APTEak)".

1.6. Lanpostuaren sailkapena.

Deialdiko lanpostua C maila edo taldekoa da, eta sailkaturik dago "Osasun arloko teknikariak" estamentuan, "Anatomia Patologikoa eta Zitologia" espezialitatean (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapena: urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, zeinaren bidez erregulatzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea, Eranskina).

1.7. Ordainsariak.

Lanpostuaren ordainsariak izanen dira urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak.

1.8. Lanaldia.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.9. Irakaskuntza.

Hala agintzen baitu Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun-langileek parte hartuko dute graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

1.10. Lotura organikoa.

Anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTEen) plaza bat lortzen duena dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta geldituko da, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoaren arabera (foru dekretu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautu zen).

1.11. Hizkuntzak.

Nafarroako edozein administrazio publikotan euskara edo hizkuntza komunitarioren bat jakin beharra duten plazetan sartzen direnek, geroago, beren administrazio publikoko beste plaza huts batzuk betetzeko prozesuetan parte hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta horietan aritzeko hizkuntza hori nahitaez jakin behar bada.

Xedapen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak interesdunari aukera ematen bazion baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2.–Baldintzak:

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Txanda irekia.

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Anatomia Patologiko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikari titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Izangairen batek alegatzen badu eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dioten ikasketa baliokideak dituela, baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko du, edo, bestela, Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroleko Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztu.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Bat etorriz Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.1.2. Igoera txanda.

Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea (funtzionarioa, estatutupekoa edo lan-kontratudun finkoa) eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona deialdia egin duen administrazio bereko beste plaza finko edo aldi baterakoren batean ari bada lanean.

b) Deialdiko lanpostuaren maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea, eta beste kategoria batekoa.

c) 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den titulazioa izatea eta gutxienez bost urteko antzinatasuna aitorturik izatea administrazio publikoetan.

2.2. Euskaraz jakitea derrigorrezkoa den plazetan sartzeko, beharrezkoa den ezagutza maila izan behar da.

Ezagutza maila hori frogatzeko, lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkezten direnean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera dagokion titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da; zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

2.3. Kasu guztietan, izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte betebehar horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segitu, harik eta izendatzen dituzten arte.

3.–Eskaera, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Inskripzioa egiteko epea.

Inskripzio-eskaera aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Inskripzio-eskaera eta tasen ordainketa telematika bidez eginen dira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orriaren bidez (https://empleosalud.navarra.es/eu/oposiciones), erlaitz honetan: "Oposizioak", "Osasun-arloko kategoriak", "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua", "Anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialista (APTEa)", eta gero "Inskripzioa" sakatuz.

%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan edo bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 26 euroko tasa ordaindu behar da telematikoki. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.

b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.

Salbuespen hori frogatzeko, izangaiek baimena ematen ahal diote Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari kontsulta egin diezaion dagokion erakundeari. Kontsulta hori egiteko baimenik ematen ez badute, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.

c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan bakar-bakarrik parte hartzea eskatzen dutenak.

3.4. Inskripzio-eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Inskripzio telematikoa egiteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, kasuaren arabera:

–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute, eta langabezia-egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.

–Deialdian igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak baldin badira, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, hauek guztiak jasotzen dituena: zer araubide juridiko duten, zer egunetan izendatu edo kontratatu zituzten, aitortua duten antzinatasuna, zer maila edo taldetakoak diren eta zer administrazio-egoeratan dauden.

–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) Desgaitasun maila egiaztatzen duen agiria.

b) Organo eskudunari %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortzeko eskatu diotela frogatzen duen agiria. Betiere, aitorpen hori lortu beharko da, modu frogagarrian, deialdi honetan plaza hutsak aukeratzeko ezarritako epea ireki baino lehen. Bestela, interesdunak galduko ditu txanda horretan parte hartzearekin lotutako eskubide guztiak, hots, %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortua dutenentzako erreserba txandaren bidez parte hartzearekin lotutako eskubide guztiak.

%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, komenigarritzat jotzen dituzten agiriak aurkezten ahalko dituzte egokitzapenak justifikatzeko.

–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek izaera hori frogatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak frogatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

3.5. Gainerako betebeharrei dagokienez, azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 9. oinarrian ezarri den epean eta moduan.

3.6. Anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTEen) aldi baterako kontratazioetarako osatuko diren zerrendetan egoteko behar den dokumentazioa deialdi honen 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu beharko da.

4.–Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian argitara dadila aginduko du.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen-prozeduraren barruko ondorengo jarduketetan ere, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak identifikatzeko, gezurrezko izen bat erabiliko da, bakoitzari modu automatikoan esleituko zaiona parte hartzeko eskaera-orria aurkezten duenean, deusetan galarazi gabe publikotasun- eta gardentasun-printzipioak aplikatzea.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, eta, akatsik egin badute, zuzendu. Erreklamazio horiek telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren web-orrian argitara dadila. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ebatzitzat joko dira aurkeztutako erreklamazioak.

4.4. Izangairen bat kanporatzen bada berari egotz dakiokeen arrazoi bategatik, ez zaio azterketa eskubideengatik ordaindutako tasa itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen interesdunei onartzea ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betebeharrak betetzen dituztela. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketako plazak bete gabe gelditu direla adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburu titularra: María Teresa Bedia Gutiérrez andrea. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialista.

–Ordezko epaimahaiburua: Francisco Ankor González Mayorga jauna. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialista.

–Epaimahaikide titularra: Marta Arriola Osés andrea. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialista.

–Ordezko epaimahaikidea: Elvira Carro Roldán andrea. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialista.

–Epaimahaikide titularra: María Elena Aragón Falces andrea. Tuterako Osasun Barrutiko anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialista.

–Ordezko epaimahaikidea: María José Caballero Fernández andrea. Tuterako Osasun Barrutiko anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialista.

–Epaimahaikide titularra: Ana Moreno Barcos andrea. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialista. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Batzordeak izendatua.

–Ordezko epaimahaikidea: Eliane Mendoza Lizaldez andrea. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialista. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Batzordeak izendatua.

–Idazkari titularra: Ana Beamonte Arejula andrea. Tuterako Osasun Barrutiko Profesionalen Zerbitzuko burua.

–Ordezko idazkaria: Miguel Cobo de la Fuente jauna. Lan-harremanetako diplomaduna, Tuterako Osasun Barrutiko Profesionalen Zerbitzukoa.

Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bertan izan gabe kideen gehiengo osoa, gutxienez. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen arazo guztiak.

5.3. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Tutera kalea 20, 31003 Iruña.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioa 2026ko urrian hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia zer toki, egun eta ordutan izanen den.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldiaren barruan ariketa hau egin beharko da: test motako hainbat galderaz osatutako galdetegi bat erantzutea idatziz, I. eranskinean agertzen den gai-zerrendari buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko, zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Oker erantzunez gero, penalizazioa aplikatuko da. Galdera kopurua, penalizazioa eta ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko ditu proba hasi baino lehen.

6.3.2. Oposizioaldia honela baloratuko da:

Oposizioaldian 60 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.3.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agertzen ez dena oposizioalditik baztertua geldituko da, eta, beraz, lehiaketatik.

6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, prozesuan parte hartzeko eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Ariketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu oposizioaldiko behin betiko puntuazioak.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.

Merezimenduak telematikoki aurkeztu beharko dira, deialdiaren web-orriaren bidez, baremoan adierazitako atalen arabera dagokien kategoria hautatuta. Merezimenduak aurkezteko, hamar egun balioduneko epea izanen da, oposizioaldiko behin betiko emaitza argitaratzen denetik.

Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Ez dira merezimendu hauek aurkeztu beharko, epaimahaiaren esku jarriko baitira zuzenean, balorazioa egin dezan:

–Nafarroako Gobernu osoan egindako zerbitzuak.

–Web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratu dituztelako eta O-NOZeko deialdien datu basean daudelako.

6.4.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu eskuratzen ahalko dira.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Osasun teknikariak" estamentuan eta "Anatomia Patologikoa eta Zitologia" espezialitatean sailkaturik dagoela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateen izendapenen indarreko sailkapenean (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

–Lantokia.

–Estamentua eta/edo espezialitatea.

–Egindako zerbitzuen iraupena, zer egunetatik zer egunetara adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuen kasuan, ziurtagiri horretaz gain, aurkeztu beharko da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan bizitzaren txostena.

6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiek aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Baldin eta merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

6.4.6. Lehiaketaldia bukaturik, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko du balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta bost egun balioduneko epea irekiko da alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lehiaketaldiko behin betiko puntuazioak.

7.–Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.

Azken puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuaziorik altuena duenak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, lehentasuna emanen zaio guztira puntuazio handiena lortzen duenari, deialdi honen eranskineko baremoaren atalen hurrenkerari jarraikiz. Berdinketak badirau, azpiatalen hurrenkerari jarraikiko zaio.

Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, deialdiaren web-orrian, prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran. Gero, prozesua gainditu eta puntuaziorik handiena izateagatik, deialdiko plaza kopuruan sartzen diren izangaiak funtzionario izendatzeko edo langile lan-kontratudun finko gisa kontrata ditzatela baimentzeko proposamena eginen dio administrazio-organo eskudunari.

8.–Zentroa hautatzea eta esleitzea.

8.1. Destinoko zentroaren hautaketa eta esleipena eginen da izangaiak izendatzeko proposamena edo langile lan-kontratudun finko gisa kontratatzeko baimena argitaratu baino lehen, izangaiek egindako eskaeren arabera, parte hartzeko txanda kontuan hartuta, eta, betiere, lanpostu horietan sartzeko oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

8.2. Lehenik, igoera txandan parte hartzen dutenek hautatuko dute, eta, ondoren, txanda irekikoek.

Nafarroako Foru Komunitateak onetsitako araudiaren arabera egiten diren sarrera deialdietan, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortua duten izangaiek eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, plaza lortuz gero, edozein txandatan parte hartuta, eta izaera hori frogatzen badute, lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak hautatzeko orduan, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-ordena.

8.3. Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu plaza batean edo bestean jarduteko, plazak hautatzen hasi aurretik, egokiena esleituko zaio, horren gainean egiten den txostena aztertu eta gero.

8.4. Honako hau izanen da hautaketa egiteko prozedura:

–Hautaketa egin baino lehen, hautatu dezaketen izangaien zerrenda eta aukeratzen ahal dituzten zentroen eta plazen zerrenda argitaratuko dira. Informazio hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.

–Parte-hartzaileek telematika bidez eginen dituzte eskaerak, deialdiaren web-orriaren bidez, hamar egun balioduneko epean, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaera horietan, hautatu nahi dituzten plazak zerrendatu beharko dituzte, lehentasunaren arabera ordenatuta.

8.5. Organo deitzaileak puntuazio-ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du plazak hautatzeko eta esleitzeko egintza, eta horren emaitzaren berri emanen du deialdiaren web-orriaren bidez.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Administrazio organo eskudunak behar den izendapen proposamena eginen du plazen hautaketa egin ondoren plaza lortzen duten izangaien alde. Proposamen hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian argitaratuko da.

9.2. Proposamena argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, proposatutako izangaiek kasu bakoitzerako adierazten diren agiri hauek helarazi beharko dizkiote Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Sarrerarako eta Lanpostuak Betetzeko Atalari, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta lanpostuari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

g) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari.

9.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak diren izangaiek 9.2.1 ataleko b), e) eta g) letretan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

9.2.3. Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak diren izangaiek, 9.2.1 atalean adierazitako dokumentazioaz gainera, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertu beharko baita funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, administrazio publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haien administrazio egoera.

Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Salbuespenez, jatorrizko agiriak eskatzen ahalko dira.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Administrazio-organo eskudunak, ebazpen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, edo langile lan-kontratudun finko gisa kontratatzeko baimena emanen du, eta plaza hutsak esleituko dizkie.

10.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza-hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Bestalde, langile lan-kontratudun finkoek dagokien araubide juridikoaren ondoriozko eskubide eta eginbehar guztiak izanen dituzte.

Nafarroako Administrazio Publikoetako edozein montepioren eskubide pasiboen araubidean afiliatuta daudenek aukeran izanen dute Administrazioari dagokion montepioan jarraitzea edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

10.3. Izendapena edo, hala badagokio, kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak. Izendapen ebazpenean ezartzen den egunean hartuko dute plazen jabetza hautatutako pertsonek, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.

10.4. Jabetza hartzen ez dutenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario bihurtzeko edo langile lan-kontratudun finko gisa kontratatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte.

10.5. Deialdiko plazak beteko direla ziurtatzeko, baldin eta izangairen batek uko egiten badu, baldintzak betetzen ez baditu, dagokion epean eta moduan plaza aukeratzen ez badu edo izendapen-proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu, administrazio-organo eskudunak plaza hutsak beteko ditu prozesua gainditu dutenen zerrendan jarraian agertzen diren izangaiekin.

Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hautaketa. Beraz, funtzionario edo kontratatu berriei egoera horien ondoriozko plazak esleituko zaizkie.

10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko bete gabe gelditu direla oposizio-lehiaketako plazak. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.7. Errekurtsoren bat jartzen bada deialdi honen aurka edo oposizio-lehiaketaren garapenaren edo ebazpenaren aurka, oposizio-lehiaketa ez da irmoa izanen harik eta errekurtsoak ebazten diren arte.

11.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak prestatzea.

11.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatzeko eta gero horiek kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo zerrendek indarra hartzeko unean indarrean den foru aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko (2024ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa).

11.2. Kontrataziorako zerrenda motak.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontratazioetarako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.3. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.

Ezin dute aldi baterako kontrataziorako zerrendetan izena eman kategoria horretan berean plaza finkoa jabetzan dutenek.

11.4. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.

Dokumentazioa aurkezteko eta aukerak hautatzeko, hamar egun balioduneko epea izanen da, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Telematikaz eginen da, dagokion kategoriara sartuz esteka honen bidez: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion.

11.4.1. Titulazioa.

Aldi baterako kontrataziorako zerrendan onartua izan nahi duenak frogatu beharko du baduela deialdian eskatzen den titulua.

Kontratazio zerrendetan egon nahi dutenek, adierazitako web-orriaren plataformaren bidez, kontsultatzen ahalko dute beren titulazioa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren datu-baseetan eta Hezkuntza Ministeriokoetan badagoen.

Haien titulazioa ez badago lehen adierazitako datu-base haietako batean ere, plataforma horren bidez aurkeztu beharko da. Hala egin ezean, interesduna ez da kontratazio zerrendetan sartuko.

11.4.2. Egindako zerbitzuak.

Oposizioaldia gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Izangaiak ikusten badu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez ditu berriz erantsi beharko.

–Zerbitzuak Nafarroako Gobernuan edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar horiek egiaztatzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzak ofizioz erantsiko baitu.

–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Gobernutik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak egindako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagiri horietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, zer egunetatik zer egunetara adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.

11.4.3. Kontratazio-zerrenden esparruak eta motak aldatzea.

Interesdunek aukera izanen dute deialdian inskribatzeko eskaeran hautatutako zerrenda mota (kontratu luzeak edo laburrak) eta esparruak aldatzeko, murrizteko edo zabaltzeko.

11.4.4. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.

Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea, modu telematikoan, ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo gutxiagokoa bada.

Izangaiek, hala nahi badute, eskatzen ahalko dute deitu diezaietela bakarrik lanaldiaren %50eko edo gutxiagoko kontratazioak eskaintzeko.

Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.

11.5. Euskara.

Aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaiek noiznahi egiaztatzen ahalko dute euskararen ezagutzaren betebeharra, zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.

11.6. Desgaitasuna duten pertsonak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.

Desgaitasun-egoera noiznahi frogatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna frogatzen den unean.

Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Frogagiri hori ofizioz eginen dute balorazio- eta orientazio-talde eskudunek.

11.7. Indarrean jartzea.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute plaza eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.

12.–Zerrendak prestatzea aldi baterako barne-igoerarako, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

12.1. Aldi baterako barne-igoerako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, honako hauei jarraikiz jokatuko da: 347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuak hornitzea arautzen duena; eta 379E/2025 Foru Agindua, urriaren 28koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baita lanpostuak aldi baterako barne-igoeraren bidez betetzeko prozedura Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan; edo zerrenda horiek indarrean jartzen direnean indarrean den araudia.

12.2. Aldi baterako barne-igoeran parte hartu nahi duenak eskaeran adierazi beharko du interes hori, eta, era berean, zein lan-esparrutarako jaso nahi dituen deiak, aldez aurreko barne-egokitzapenean zehaztutakoen artean. Esparrurik aukeratzen ez badu, ulertuko da izangaiak guztietan sartuta egon nahi duela.

Hala ere, nahi izanez gero, hasierako aukera horiek 10 egun balioduneko epean aldatzen ahalko dira, deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Horrez gain, esparruen aukerak urtero aldatzen ahalko dira, otsailean eta irailean. Aldaketa horrek indarra izanen du, hurrenez hurren, urte bakoitzeko martxoaren 1etik eta urriaren 1etik aurrera sortzen diren igoera-eskaintzetarako.

12.3. Zerrenda horietan egon nahi dutenek baldintza batzuk bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta haiek betetzen jarraitu prozedura guztian; hauek dira baldintzok:

a) Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea, eta anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTEen) lanpostuari dagokion maila-taldetik edo kategoriatik beheragoko batean sailkatua egotea. Ondorio horietarako, beheragoko kategoriako lanpostutzat joko dira maila berekoak izanda destinoko edo berariazko osagarri txikiagoak jasotzen dituztenak.

b) Jarduneko zerbitzuan edo eszedentzia berezian egotea. Nolanahi ere, deia egiten den unean eta sustapen-aldian, jarduneko zerbitzuan egoteko baldintza bete beharko da.

c) Lanpostu horretarako eskatzen den titulazioa izatea eta 2.1.1 oinarrian ezarritako gainerako baldintzak betetzea.

12.4. Zerrenda horretan sartzeko, deialdi honetan zehazten den probako edo probetako puntuazio onenaren %30 lortu beharko da gutxienez.

12.5. Oposizio-lehiaketaren azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne-igoerarako izangaien zerrendak sortuko dira, esparru bakoitzean mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.

Sarrera-deialdi batetik datorren aldi baterako barne-igoerako zerrenda bakoitzean lehentasun-ordena ezartzeko, lehenik eta behin, gainditutako azterketa kopuruari erreparatuko zaio; azterketa kopuru bera gainditu dutenen artean, horietan guztira lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan; eta berdinketak jarraitzen badu, gainditu gabeko azterketen nota gehituta ebatziko da.

Oraindik ere berdinketarik izanez gero, hura hausteko kontuan hartuko da deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna. Berdinketak bere horretan badirau, zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan atera den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

12.6. Titulazioa aurkeztea.

Zerrendan sartzeko, deialdian eskatutako titulazioa aurkeztu beharko da, deialdiaren azken emaitza argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean.

Izangaiaren titulazioa jasoa baldin badago aldi baterako barne-igoerako deiak kudeatzen dituen erakundean, adierazitako web-orrian erakutsiko zaio, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea.

Dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko da, esteka honetan behar den kategorian sartuta: https://empleosalud.navarra.es/eu/.

12.7. Euskara.

Aldi baterako barne-igoerako zerrendei dagokienez, euskararen ezagutza edozein unetan egiaztatzen ahalko da, betiere deia jaso aurretik.

12.8. Desgaitasuna duten pertsonak.

Aldi baterako barne-igoerarako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.

Desgaitasun-egoera noiznahi frogatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna frogatzen den unean.

Aldi baterako barne-igoerarako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela igoeraren xede den lanpostuarekin. Frogagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

12.9. Indarrean jartzea.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako barne-igoerarako izangaien zerrendek indarra hartuko dute plaza eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin, eta aintzat hartuz Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren urtarrilaren 12ko 7/2026 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra, zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Gai-zerrenda, zati orokorra.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua. 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: Atariko titulua.

2. gaia.–2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena: I., II. eta III. kapituluak.

3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua eta II. tituluko VIII. kapitulua. 11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

4. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa. Atariko titulua eta II. eta IV. tituluak.

5. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Gai-zerrenda espezifikoa.

1. gaia.–Anatomia patologikoaren zerbitzuak. Atal espezifikoak eta diagnostikoan duten parte-hartzea. Oinarrizko kontzeptuak: biopsia, pieza kirurgikoa, zitologia eta autopsia. Horietariko bakoitzak diagnostikorako eskatzen duen prozedura-katea.

2. gaia.–Anatomia patologikoko laborategien funtzioak, eremuak eta lanaren antolaketa; materiala eta aparatuak. Horien erabilera, maneiua eta mantentze-lanak. Lagin kirurgikoak jasotzeko eremuan dauden tresnak. Kirurgiako, autopsiako eta zitologiako laginak prozesatzeko eremuan dauden tresnak.

3. gaia.–Dokumentazio klinikoa eta klinikoa ez dena. Dokumentu motak: ospitale barnekoak, ospitalez kanpokoak eta zentroen artekoak. Erabilerak eta aplikazioak. Anatomia patologikoko dokumentazio espezifikoa: klinikoak, erregistrokoak, lanekoak eta estatistikoak. Aplikazio informatikoak: kudeaketakoak eta biltegikoak, eta anatomia patologiko eta zitologiako laborategikoak.

4. gaia.–Material inbentariagarria biltegiratzeko sistemak: materialaren sailkapena eta irizpideak. Biltegiko fitxak egitea. Operazioak: eskaera-proposamenak, albaranak, fakturak, abonamendu/zorduntze orriak, legezko betekizunak. Material mota ezberdinen Anatomia Patologikoko artxiboa.

5. gaia.–Lagin motak. Jasotzeko prozedura: laginen erregistroa eta sailkapena. Azterketa anatomopatologikoak egiteko eskaera txostenak erabiltzeko eta jasotzeko ezarri beharreko kalitate-kontrolak.

6. gaia.–Argazkiak anatomia patologikoan. Irudia erreproduzitzeko sistemak erabiltzea anatomia patologikoan: fotomikroskopioa eta bideo mikroskopioa. Argazkilaritza makroskopikoa. Mikroargazkigintza: mikroskopia optikoa, fluoreszentziakoa eta elektronikoa. Argazkigintzako teknika berriak.

7. gaia.–Laneko arrisku orokorren prebentzioa. Norberaren babesa. Asepsia, esterilizazioa eta epidemiologia. Arrisku espezifikoak eta istripuak: prebentzioa eta tratamendua. Nazioarteko segurtasun arauak.

8. gaia.–Segurtasun eta higiene arauak Anatomia Patologikoaren Zerbitzuko lan-eremuetan. Anatomia patologikoko laborategian substantzia kimikoak eta aparatuak erabiltzearen ondoriozko arriskuak. Hondakin organikoen eta kimikoen tratamendua.

9. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa autopsia gelan: gaixotasun kutsakorrak, material instrumentalaren eta ekipamenduaren erabilera, norberaren babesa eta istripuak. Gelaren, material instrumentalaren eta aparatuen desinfekzioa. Hondakinen maneiua eta tratamendua.

10. gaia.–Eragiketa fisiko-kimikoak Anatomia Patologikoaren Zerbitzuan/Zitologian. Nola prestatu disoluzioak, diluzioak eta tanpoiak.

11. gaia.–Azterketa mikroskopikoaren kontzeptu eta oinarri zientifikoa. Mikroskopio motak: mikroskopio optikoaren deskripzioa, osagaiak, erabilera eta mantentze-lana. Diagnostikoa galarazi edo zailtzen duten artefaktu teknikoak. Digitalizazioa.

12. gaia.–Ehunen prozesamendu histologikoaren oinarri orokorrak. Ehun orokorrak eta espezifikoak finkatzea. Ehunen deskaltzifikazioa eta biguntzea. Ehunen eta pieza kirurgikoen kontserbazioa.

13. gaia.–Parafina-inklusio prozesuen oinarri teorikoa. Inklusioa eskuz egiteko teknika. Ehunak ebakitzeko teknikak. Mikrotomoaren eta kriostatoaren erabilera.

14. gaia.–Koloreztatzeari buruzko oinarri orokorrak. Ohiko koloreztatze histopatologiko interesgarrienak. Maizenik egiten diren koloreztatze espezifikoak. Pigmentuen eta ioi metalikoen identifikaziorako eta tindaketarako metodoak.

15. gaia.–Karbohidrato edo gluzidoen, proteinen, amina biogenoen eta azido nukleikoen histokimika. Histoenzimologia, immunoenzimologia, immunohistokimika eta immunofluoreszentzia teknikak. Tumore-markatzaileak. Mikroorganismoak detektatzeko metodoak.

16. gaia.–Azterketarako eta/edo diagnostikorako teknologia bereziak: ehunen kultiboa, zitofotometria eta morfometria. Azterketa genetikoak: ADN-zundak, ADNaren "in situ" hibridazioa. Polimerasaren kate-erreakzioa (PCR), "in situ" hibridazio fluoreszentea (FISH), gongoil zelatariaren biopsia (OSNA) eta patologia molekularreko bestelako teknikak. Tumoreen erregistroa: laginen kontserbazioa eta erregistro sistemak. Oinarrizko metodologia eta ikerketa aplikatua.

17. gaia.–Azterketa mikroskopikoa: oinarri zientifikoa, oinarrizko kontzeptuak, osagaiak, erabilera, maneiua eta mantentze-lana. Mikroskopio motak, bereziki mikroskopio optiko sinplea eta konposatua eta mikroskopio elektronikoa.

18. gaia.–Organoen oinarrizko fisiologia eta anatomia: arnas-, digestio-, zirkulazio-, gernu- eta ugaltze-sistemak.

19. gaia.–Autopsia gela: tresneria, erabilera eta mantentze-lanak. Hilotzaren eta laginen erregistroa, manipulazioa eta kontrola. Laginak beste zerbitzuetara bidaltzeko protokoloa. Autopsiaren dokumentazioa. Segurtasun baldintzak.

20. gaia.–Hilotza ireki aurreko azterketa eta lanak: hilotza identifikatzea, kontserbatzea, prestatzea eta kanpotik behatzea. Hilotzak berriro osatzea entregatzeko. Hilotzarekiko errespetua eta familiarekiko harremana.

21. gaia.–Gorputzaren barrunbeen eta organoen gaineko prozedurak, teknikak eta disekzioa. Finkatze aurreko hezur-ebakitzeak: saihets-hezurretakoak, ornoetakoak, hezur luzeen epifisia, hezur laburrak. Orno-muina ateratzea, hezur-muinaren, muskuluen eta nerbioen lagina ateratzea. Artikulazioen ikerketa.

22. gaia.–Zitopatologiaren hastapenak: zitodiagnostikoaren xedea eta abantailak. Zelularen azterketa, epitelio motak eta hormona sexualak. Laginen erabilerarako ohiko teknikak zitopatologian. Zitologia ginekologikoa: eredu zitologikoak ziklo menstrualeko faseetan eta ugalketa-faseak ez direnetan.

23. gaia.–Umetoki-lepoaren zitologia eta horren anomaliak: Bethesda sistema, germenek eragindako infekzioak, aldaketa onberak. Umetoki barneko gailuaren zitologia. Umetokiko minbizia hautemateko baheketarako zitologia. Bulbaren eta baginaren zitologia. Endometrioaren zitologia.

24. gaia.–Giza papilomaren birusak (GPB) eragindako infekzioa eta horren ondorioak. Umetoki-lepoaren lesio aurre-inbaditzaileak. Esanahi zehaztugabeko atipia ezkatatsua (ASC). Kartzinoma epidermoidea eta adenokartzinoma. Umetoki-lepoko bestelako tumore gaiztoak.

25. gaia.–Arnas aparatuko, digestio aparatuko, isurien, gernuaren eta beste tokietako zitologia esfoliatiboak. Lagin horiek lortzearen, aurre-finkatzearen eta bidaltzearen gaineko orokortasunak.

26. gaia.–Azterketa zitologikoetarako koloreztatze metodorik garrantzitsuenak. Oinarri likidoko zitologiarako teknika bereziak. Ziztaketa-xurgaketa orratz mehearekin (PAAF). Immunohistokimika zitologia diagnostikoan. Diagnostiko molekularreko teknikak.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

1.2. Edozein administrazio publikotan, beste estamentu eta/edo espezialitate batean egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,25 puntu.

1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

Egindako zerbitzutzat hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraituko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin diren lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta hizkuntzak.

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin eta aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.

Bigarren, laugarren eta bosgarren atalak bateragarriak dira, eta ikerketa lan beraren gaineko komunikazioa, txostena eta argitalpena baloratuko dira.

Akta-liburuetan edo abstractetan jasotzen diren komunikazioak, posterrak eta txostenak ez dira argitalpentzat hartuko.

2.1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza-jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa-kreditu bakoitzeko, 0,05 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; eta ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak hainbanatuko dira.

Honako arlo hauetako prestakuntza baloratuko da: laneko arriskuen prebentzioa, informatika, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, genero-indarkeria eta/edo osasuna eta generoa ardatz duen berariazko prestakuntza edo prestakuntza sektoriala.

Atal honetan, erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barnean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Gehienez ere 10 puntu emanen dira.

2.2. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartekoa: lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

–Nazionala: lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Autonomikoa: lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.3. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartekoak: 0,75 puntu.

–Estatukoak: 0,5 puntu.

–Autonomia-erkidegokoak: 0,2 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.4. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea. Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.5. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.6. Irakasle-lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 10 orduko, 0,2 puntu.

Ziurtagirian iraupena agertzen ez bada ez da baloratuko.

Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Ziurtagirietan egiaztatutako aldia ikasturte oso batera iristen ez bada, proportzionalki dagokien puntuazioa emanen zaie.

Gehienez ere puntu bat emanen da.

2.7. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, gehienez ere 2 puntu.

Hizkuntza horiek merezimendu gisa baloratuko dira plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jasota daude Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren otsailaren 2ko 290/2026 Ebazpenean, zeinaren bidez ezartzen baita zer titulazioren eta ziurtagiriren bidez egiaztatuko den ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak ezarritako mailei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan, salbu eta Hezkuntza Departamentuko irakasleei dagozkienak (2026ko 40. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 24koa).

Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.

Euskaraz jakitea baloratuko da azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretuari jarraikiz, plazak kokatuta dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauen arabera:

a) Eremu euskaldunean: merezimenduen baremoko gainerakoari (1. eta 2. atalak) esleituriko puntuazioaren %11; gehienez ere 4,29 puntu.

b) Eremu mistoan: merezimenduen baremoko gainerakoari (1. eta 2. atalak) esleituriko puntuazioaren %7; gehienez ere 2,73 puntu.

Eremu mistoan euskara merezimendu gisa baloratuko da plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan. Balorazio horretatik kanpo geldituko dira euskara jakitea nahitaezkoa duten plazak.

Iragarkiaren kodea: F2608195