120. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1297/2026 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, deialdia onesten da sariak emateko ongarritze nitrogenatuaren eta bioestimulazio begetalaren arloei buruz 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan egindako ikasketa amaierako lan hoberenei.

DELSO Fertilizantes enpresaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetza tresnak, hau da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko DELSO AGRO-NEXT Katedrak, beharrezkotzat jotzen du ezagutza sortzea ongarritze nitrogenatuaren eta bioestimulazio begetalaren arloetan, unibertsitateko ikasleentzako eta sektoreko profesionalentzako prestakuntza- eta ikerketa-jardueren bidez.

Hori horrela, Nafarroako Unibertsitate Publikoko DELSO AGRO-NEXT Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak, 2026ko jarduera-programaren barnean, erabaki bat hartu zuen onesteko ongarritze nitrogenatuaren eta bioestimulazio begetalaren arloei buruz 2024-2025 eta 2025 2026 ikasturteetan Campus Iberuseko unibertsitateetan (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Lleidako Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea eta Errioxako Unibertsitatea) egin eta defendatu diren ikasketa amaierako lan hoberenei (gradukoak nahiz masterrekoak) sariak emateko deialdiaren oinarriak.

Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoko DELSO AGRO-NEXT Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak egin duen proposamena eta akta.

Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT

Lehenbizikoa.–Deialdia onestea sariak emateko, ebazpen honen eranskinean dauden oinarrien arabera, ongarritze nitrogenatuaren eta bioestimulazio begetalaren arloei buruz 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan Campus Iberuseko unibertsitateetan (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Lleidako Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea eta Errioxako Unibertsitatea) egin eta defendatu diren ikasketa amaierako lan hoberenei (gradukoak nahiz masterrekoak).

Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko. Gastua, 4.000 euro-koa gehienez, sarietarako izanen da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren DELSO AGRO-NEXT Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2026ko ekitaldirako duen gastuen aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:

30.30.00.001B 480.25 Katedren sariak 4.000,00 euro (EX 2026/0001087).

Halako sariak ondare irabazpentzat hartzen dira Nafarroan, eta ez dute atxikipenik, ez baitira lehiaketa, joko edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.

Hirugarrena.–Sari hauen deialdia egiten da:

–Gradu amaierako lan hoberenarentzako sari bat, 2.000,00 eurokoa.

–Master amaierako lan hoberenarentzako sari bat, 2.000,00 eurokoa.

Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoko DELSO AGRO NEXT Katedraren zuzendaritzari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari eta Barne Kontrolerako Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea. Horretaz gainera, DELSO AGRO-NEXT Katedraren webgunearen bidez ere zabalduko da ebazpen hau (https://www.unavarra.es/catedra-delso-agronext).

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Martín Larraza Quintana, Ikerketako errektoreordea.–Iruñean, 2026ko ekainaren 9an.

DEIALDIAREN OINARRIAK.–NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO DELSO AGRO-NEXT KATEDRAREN IKASKETA AMAIERAKO LAN HOBERENENTZAKO SARIEN I. EDIZIOA

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta DELSO Fertilizantes enpresak, hau da, DELSO AGRO NEXT Katedra osatzen duten entitateek, beharrezkotzat jotzen dute ezagutza sortzea ongarritze nitrogenatuaren eta bioestimulazio begetalaren arloetan, unibertsitateko ikasleentzako eta sektoreko profesionalentzako prestakuntza- eta ikerketa-jardueren bidez.

Ildo horretan, Katedrak deialdia egiten du bi sari emateko 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan Campus Iberuseko unibertsitateetan (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Lleidako Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea eta Errioxako Unibertsitatea) aurkeztu eta gainditu diren gradu amaierako lan eta master amaierako lan hoberenei. Unibertsitate horietako graduko eta masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkez daitezke, baldin eta ikasketa amaierako lana ikasturte horietan eta arlo hauetan egin bazuten: ongarritze nitrogenatua eta bioestimulazio begetala.

Horiek horrela, DELSO AGRO-NEXT Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak deialdi hau egiten du.

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da arautzea ongarritze nitrogenatuaren eta bioestimulazio begetalaren arloei buruz 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan Campus Iberuseko unibertsitateetan (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Lleidako Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea eta Errioxako Unibertsitatea) aurkeztu eta gainditu diren gradu amaierako lan (GAL) eta master amaierako lan (MAL) hoberenei sariak emateko prozedura, betiere publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera.

2.–Finantzaketa.

Deialdi honek 4.000,00 euroko aurrekontua du guztira, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2026ko gastuen aurrekontuko "Katedren sariak" izeneko 30.30.00.001B 480.25 partidaren kargura ordainduko dira (EX 2026/0001087). Nafarroako Unibertsitate Publikoaren DELSO AGRO-NEXT Katedrak jarriko du zenbateko hori.

3.–Deialdiko sariak.

Deialdia egiten da nekazaritza jasangarriagoa egiteko ongarritze nitrogenatuaren eta bioestimulazio begetalaren arloei buruz 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan Campus Iberuseko unibertsitateetan (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Lleidako Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea eta Errioxako Unibertsitatea) aurkeztu eta gainditu diren ikasketa amaierako lan hoberenei honako sari hauek emateko:

–GAL hoberenarentzako sari bat, 2.000,00 eurokoa.

–MAL hoberenarentzako sari bat, 2.000,00 eurokoa.

Epaimahaiak zilegi du edozein kategoriatan bi sari ex aequo ematea. Kasu horretan, erdi bana banatuko da saria bi irabazleen artean.

Halako sariak ondare irabazpentzat hartzen dira Nafarroan, eta ez dute atxikipenik, ez baitira lehiaketa, joko edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.

4.–Hautagai izateko baldintzak.

Campus Iberuseko unibertsitateetako (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Lleidako Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea eta Errioxako Unibertsitatea) graduko eta masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkez daitezke, baldin eta ikasketa amaierako lana nekazaritza jasangarriagoa egiteko ongarritze nitrogenatuaren eta bioestimulazio begetalaren arloei buruz egin badute 2024-2025 eta 2025 2026 ikasturteetan, hau da, ikasketa amaierako lanak defendatzeko deialdietan 2024ko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era. Gainera, lanaren kalifikazioak gutxienez "Oso ongi 8,0" izan behar du.

5.–Hautagaitzak aurkezteko modua.

Deialdian parte hartu nahi dutenek inprimaki normalizatu bat bete behar dute, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan aurkeztu; Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez sartzen da horra. Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

1. Ikasketa Amaierako Lanaren memoria, PDF formatuan.

2. Espediente akademikoa, kalifikazioa 0tik 10era bitarteko puntuazioarekin adierazita.

3. Azalpen labur bat, aditzera ematen duena ikasketa amaierako lanak saria zergatik merezi duen eta zer ekarpen egiten dion proposatutako arloetakoren bati (orrialde bat gehienez).

Dokumentu horiez gain, aurkeztutako lana dibulgatzeko bideo bat ere aurkeztu beharko da. Bideoa hiru minutukoa izanen da, eta gaztelaniaz eta formatu horizontalean grabatu beharko da; hartan, IALa hizkera errazean eta jende guztiarentzat irisgarria den moduan aurkeztuko da. Bideoak MP4 formatuan bidali beharko dira, RedIRISen "File Sender" bidez. Horretarako, parte hartzeko eskaera jaso ondoren, NUPek eskatzaileari gonbidapen bat bidaliko dio eskabidean adierazi duen posta elektronikora. Haren bidez, zenbait jarraibide adieraziko dira bideoa bidaltzeko.

Hautagaitzak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2026ko urriaren 15ean bukatuko da.

Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

6.–Saridunen betebeharrak.

Saridunek nahi bezala erabiliko dute jasotako diru kopurua, eta ordainketa Nafarroako Unibertsitate Publikoko DELSO AGRO-NEXT Katedrak antolatuko duen ekitaldi publiko baten ondoren eginen da.

Deialdiaren oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.

Dagokion espedientea izapidetu ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak dirua itzultzeko ebazpen bat emanen du, dirua itzultzeko baldintzak eta epeak adierazita. Ebazpen horrek administrazio bidea agortzen du, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Saridunek konpromisoa hartzen dute sariak emateko ekitaldian parte hartzeko, baita DELSO AGRO-NEXT Katedran deialdi honekin lotuta programatzen diren dibulgazio ekitaldietan ere.

7.–Sariaren epaimahaia.

Sariak emanen dituen epaimahaia lau kide hauek osatuko dute:

–DELSO AGRO-NEXT Katedraren Batzorde Mistoaren burua, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–DELSO AGRO-NEXT Katedraren zuzendaria, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle dena, edo hark eskuordetutako pertsona.

–DELSO AGRO-NEXT Katedraren Batzorde Mistoko bi kide.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko DELSO AGRO-NEXT Katedraren zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta, horretarako, epaimahaikideei dei eginen die. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketa-lanak eginen ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

8.–Sariaren esleipena.

Epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan aurkeztutako lanei buruz erabakitzeko.

1) Jorratutako gaiak zenbateko interesa duen eta zein neurritan egokitzen den deialdiaren arloetara.

2) IALaren kalitate zientifikoa eta teknikoa. Zenbateko zehaztasunez erabiltzen diren iturriak eta nolakoa den lanaren barne sendotasuna.

3) Estiloa zuzena ote den, eta IALa aurkezteko eta azaltzeko modua argia ote den (bideoa).

Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio sariak emateko proposamena. Errektoreordeak dagokion ebazpena emanen du, ikasketa amaierako lan hoberenei sariak emateko. Ebazpen horretan, saritutako hautagaien izena besterik ez da agertuko, eta gainontzeko hautagaitzak atzera bota direla ulertuko da.

Ekitaldi publikoa eginen da sariak emateko.

Edozein sari eman gabe utz daiteke epaimahaiaren iritziaren arabera, edo hautagairik ez dagoelako. Zilegi da, halaber, edozein sari ex aequo ematea, epaimahaiari hala egitea egokia iruditzen bazaio.

Sariak emateko ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren DELSO AGRO-NEXT Katedraren webgunean argitaratuko da, sariak banatzeko ekitaldi publikoaren aurretik.

Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren kontra, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

9.–Irudi eskubideak, datuak argitaratzeko eskubideak eta konfidentzialtasun betebeharrak.

Nabarmendu beharra dago deialdiko parte-hartzaileen bideoak webgunean, sare sozialetan eta Interneten zabaltzen ahalko direla. Datuen babesari buruzko araudiarekin eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren aginduekin bat etorriz, bideoak soilik zabalduko dira haien egileek horretarako baimena eman badute. Horretarako, deialdi honetan parte hartzeko eskabidearen inprimakian zabalkuntza hori baimentzeko borondatezko aukera gaituko da.

Enpresaren edo erakunderen batekin konfidentzialtasun hitzarmen edo betebehar bat sinatua eta indarrean duten ikasketa amaierako lanek akordio horretan ezarritakoa bete beharko dute.

10.–Datuen babesa.

Deialdi honetako parte-hartzaileek emandako datu pertsonalak araudi hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena; eta 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (DBEDBLO).

Datuen tratamenduaren xedea ongarritze nitrogenatuaren eta bioestimulazio begetalaren arloetan ezagutza sortzea da, eta, horretarako, ikasketa amaierako lan hoberenei bi sari emateko deialdia egiten da. Hortaz, tratamenduaren oinarri juridikoa botere publikoa baliatzea eta interes publikoaren misioa betetzea da, DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera. Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.

Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak. Halaber, grabatutako bideoko ahotsa, irudia eta bestelako edukia tratatuko dira.

Datuen tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk erabiltzeko ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera idatziz, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko Lege Organikoko 11. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera.

11.–Argitaratzea eta zabaltzea.

Deialdi honetako oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren DELSO AGRO NEXT Katedraren webgunean argitaratuko dira (www.unavarra.es/catedradelso). Horrez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoko DELSO AGRO-NEXT Katedrak bermatuko du Campus Iberuseko gainontzeko unibertsitateetan zabalduko direla.

Deialdi hau aplikatzeko emandako gainontzeko egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren DELSO AGRO-NEXT Katedraren webgunean baino ez dira argitaratuko.

12.–Errekurtsoak.

Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2608552