1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
46/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 5ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita 41/2015 Foru Agindua, otsailaren 16koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana. Agindu haren bidez onetsi zen 560 eredua, "Elektrizitatearen gaineko zerga berezia. Autolikidazioa" izenekoa, eta ezarri ziren hori aurkezteko modua eta prozedura.
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 16ko 41/2015 Foru Aginduaren bidez onetsi zen "Elektrizitatearen gaineko zerga berezia. Autolikidazioa".
Foru agindu hori abenduaren 27ko 125/2024 Foru Aginduak aldatu zuen, artikuluetan informazio betebeharra garatzeko, aipatuta dagoena Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 102.3 artikuluan eta uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zerga Berezien Erregelamenduaren 147.4 artikuluan.
Hala, 560 eredua aurkeztuz, subjektu pasiboak bi betebehar betetzen ditu: zerga autolikidatzea eta aldizkako aitorpen informatibo bat aurkeztea.
560 ereduaren eduki eguneratua argitaratuz, foru agindu hau onestearen helburua da zerga betebehar horiek errazago betetzea. Eredu horretan jasota daude "likidazio-koadroa" eta "aitortutako kuoten eta zenbatekoen banakapen-taula", hurrenez hurren bat datozenak zergaren autolikidazioarekin eta aitorpen informatiboarekin.
Nafarroako Foru Komunitateak foru agindu hau onesteko duen eskumena Hitzarmen Ekonomikoaren 35.5 artikuluan oinarritzen da. Artikulu horrek xedatzen du ezen, Foru Komunitateari dagozkion zerga berezien ordainarazpenean, Foru Komunitateak aplikatuko dituela Estatuko lurraldean unean-unean indarra duten oinarrizko printzipioak, arau substantiboak eta arau formalak. Hala ere, gaikuntza ematen dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aitorpena eta diru-sarrera egiteko ereduak onesteko, zeinek gutxienez ere araubide erkideko lurraldeko datu berak jasoko baitituzte, eta orobat, aitorpena eta diru-sarrera egiteko epeak finkatzeko, zeinak ez baitira sobera bereiziko Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik.
Zerga Berezien Erregelamenduaren 147. artikuluak gaikuntza ematen dio Ogasuneko ministroari betebehar horiek betetzeko lekua, modua, epeak eta eredua ezartzeko. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluari jarraikiz, gaikuntza hori Nafarroako Gobernuan tributuen arloko eskumena duen departamentuko titularrari ematen zaiola ulertu behar da.
Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu ahalaren erabilera bat dator premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.
Zergaren Erregelamenduaren 147. artikulu horrek emandako gaikuntza baliatuz,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 16ko 41/2015 Foru Agindua aldatzea. Horren bidez onetsi zen 560 eredua, "Elektrizitatearen gaineko zerga berezia. Autolikidazioa" izenekoa, eta ezarri zen hori aurkezteko modua eta prozedura.
Aldaketa hauek egiten dira otsailaren 16ko 41/2015 Foru Aginduan:
Bat.–Izenburua.
Lehen artikulua.–41/2015 Foru Agindua, otsailaren 16koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, 560 eredua onesten duena, "Elektrizitatearen gaineko zerga berezia. Autolikidazioa eta aitorpen informatiboa" izenekoa.
Bi.–1. artikulua.
"560 eredua onesten da, "Elektrizitatearen gaineko zerga berezia. Autolikidazioa eta aitorpen informatiboa" izenekoa, formatu elektronikokoa, zeinaren edukia I. eranskinean jasota baitago".
Hiru.–6.1 artikulua.
"1. Aurkezpen elektronikoa Internet bidez egiteko, web inprimakia erabiliz, prozedura hau erabiliko da:
1. 560 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.
2. Web formularioko beharrezko datu guztiak bete.
Aitorpen informatiboa egiteko, aitortutako kuoten eta zenbatekoen banakapenarekin, CSV formatuko fitxategi bat erantsiko da. Fitxategi horren edukia II. eranskinean ezarritako diseinu logikoetara egokitu beharko da.
3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak baliozkotuko du".
Lau.–7. artikulua, bigarren paragrafoa.
"Lurralde erregistroan inskribatzeko eskaera bide elektronikoa erabiliz eginen da, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orriaren bidez. Horretarako artikulu honetan onesten den inskribatze-txartela bete beharko da, zeina III. eranskinean baitago".
Bost.–I. eranskina gehitzen zaio otsailaren 16ko 41/2015 Foru Aginduari. Foru agindu honen I. eranskin gisa agertzen da.
Sei.–II. eranskina gehitzen zaio otsailaren 16ko 41/2015 Foru Aginduari. Foru agindu honen II. eranskin gisa agertzen da.
Zazpi.–Otsailaren 16ko 41/2015 Foru Aginduaren I. eranskina, aurrerantzean, III. eranskina izanen da.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2026ko ekainaren 5ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
I. ERANSKINA.–560 EREDUA
560 eredua jaitsi (PDFa).
II. ERANSKINA.–FITXATEGIEN DISEINU LOGIKOAK, AITORTUTAKO KUOTEN ETA ZENBATEKOEN BANAKAPENA
Testu-formatuko fitxategi bat inportatu behar da, eta eremuak (;) karakterearekin bereizi.
Eremu guztietan zerbait idatzi behar da nahitaez. Eremu bat bete nahi ez bada, puntu eta koma (;) jarri behar da.
Gehienez ere 5000 erregistro inportatu daitezke.
Inportatu beharreko erregistroaren formatua:
EREMUA | LUZERA | MOTA | AZALPENA | EGIAZTAPENA |
1 | 6 | AN | Zerga-araubidea | Nahitaezko eremua |
2 | 13 | AN | EIK | Nahitaezko eremua |
3 | 15,2 | N | Zerga-oinarria | Nahitaezko eremua |
4 | 15,2 | N | Murrizketaren zenbatekoa | Nahitaezko eremua |
5 | 15,2 | N | Likidazio oinarria | Nahitaezko eremua |
6 | 15,3 | N | Kopurua | Nahitaezko eremua |
7 | 17 | AN | Hartzailearen IFZa | Aukerako eremua |
8 | 13 | AN | Hartzailearen EIKa | Aukerako eremua |
9 | 1 | AN | Tentsioa | Aukerako eremua |
10 | 1 | AN | Kontzeptua | Aukerako eremua |
11 | 15,2 | N | Kuota osoa | Aukerako eremua |
12 | 15,2 | N | Gutxieneko kuota osoa | Aukerako eremua |
Datu-motak:
AN: balio alfanumerikoak.
N: balio numerikoak (positiboak zein negatiboak).
Adibideak:
94.1;ES00031L3000A;689580.99;0;689580.99;12345.678;;;;R;;;
94.2;ES00031L3000A;689580.99;0;689580,99;12345.678;;;;D;;;
94.3;ES00031L3000A;689580.99;0;689580.99;12345.678;;;;D;;;
94.4;ES00031L3000A;689580.99;0;689580.99;12345.678;;;;R;;;
94.5;ES00031L3000A;2500;0;2500;13;aXXXXXXXX;ES0000XXX00XX;;;;;
94.6;ES00031L3000A;2500;0;2500;14;aXXXXXXXX;ES0000XXX00XX;;D;;;
94.7;ES00031L3000A;2500;0;2500;23;aXXXXXXXX;ES0000XXX00XX;;;;;
94.8;ES00031L3000A;2500;0;2500;233;aXXXXXXXX;;;D;;;
94.9;ES00031L3000A;3;0;3;8;aXXXXXXXX;;;R;;;
94.10;ES00031L3000A;3;0;3;8;aXXXXXXXX;;;R;;;
98.1C;ES00031L3000A;689580.99;26770.66;662810.33;12345.678;aXXXXXXXX;ES0000XXX00XX;;R;;;
98.1E;ES00031L3000A;689580.99;586143.84;103.44;13.1;aXXXXXXXX;ES00 ES0000XXX00XX;A;R;;;
98.2;ES00031L3000A;2500;2500;0;21;aXXXXXXXX;;;D;;;
98.3;ES00031L3000A;2500;2500;0;21;aXXXXXXXX;;;R;;;
Eremuen deskribapena.
Zerga-araubidea: Nahitaezko eremua. Taula honen arabera beteko da:
KODEA | AZALPENA |
94,1 | Salbuetsia, ZBLren 94.1 artikuluaren arabera |
94,2 | Salbuetsia, ZBLren 94.2 artikuluaren arabera |
94,3 | Salbuetsia, ZBLren 94.3 artikuluaren arabera |
94,4 | Salbuetsia, ZBLren 94.4 artikuluaren arabera |
94,5 | Salbuetsia, ZBLren 94.5 artikuluaren arabera |
94,6 | Salbuetsia, ZBLren 94.6 artikuluaren arabera |
94,7 | Salbuetsia, ZBLren 94.7 artikuluaren arabera |
94,8 | Salbuetsia, ZBLren 94.8 artikuluaren arabera |
94,9 | Salbuetsia, ZBLren 94.9 artikuluaren arabera |
94,10 | Salbuetsia, ZBLren 94.10 artikuluaren arabera |
98,1A | Murriztapenarekin, ZBLren 98.1 a) artikuluaren arabera |
98,1 B | Murriztapenarekin, ZBLren 98.1 b) artikuluaren arabera |
98.1C | Murriztapenarekin, ZBLren 98.1 c) artikuluaren arabera |
98.1D | Murriztapenarekin, ZBLren 98.1 d) artikuluaren arabera |
98.1e) | Murriztapenarekin, ZBLren 98.1 e) artikuluaren arabera |
98.1f) | Murriztapenarekin, ZBLren 98.1 f) artikuluaren arabera |
98,2 | Murriztapenarekin, 98.2 artikuluaren arabera |
98,3 | Murriztapenarekin, 98.3 artikuluaren arabera |
ZOGI | Zerga onurarik gabe (erabilera industrialak) |
ZOGB | Zerga onurarik gabe (bestelako erabilerak) |
EIKa: zergadunari dagokion EIKa, banakapenaren datuak EIKaren arabera aitortu behar baitira. Datu hau banaka eta nahitaez bete behar da, autolikidazioa modu zentralizatuan aurkezten bada.
Zerga-oinarria: aitorpenaren xedeko hornidura edo kontsumoari dagokion zerga-oinarriaren zenbatekoa. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 26. eta 27. artikuluetan ezarritakoaren arabera –balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako– zehaztuko litzatekeen zerga-oinarria da, elektrizitatearen gaineko zerga bereziaren kuotak kenduta, lotuta ez dauden pertsonen artean eta balio erantsiaren gaineko zerga aplikatzen den lurraldean kostu bidez egiten den energia elektrikoaren hornidura baterako.
Zerga-oinarriaren zenbatekoa eurotan eta bi dezimalekin adierazi behar da, hirugarren dezimala 5etik gorakoa izan edo 5etik beherakoa izan, goitik edo behetik biribilduz, hurrenez hurren.
Onura fiskalik gabeko horniduretan edo kontsumoetan, datu hori lortzeko, aitorpenaren xedeko aldian egindako horniduren edo kontsumoen zerga-oinarriak batuko dira, industria-erabilerei dagokiena eta beste erabilera batzuei dagokiena bereizita.
Murriztapena: aitortutako zerga-oinarriaren gainean aplikatutako murriztapenaren zenbatekoa.
Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 98. artikuluaren 1. paragrafoan xedatutako murriztapenetako bat aplikatu bada, zenbatekoa aitortutako zerga-oinarriaren %85 izanen da. Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 98. artikuluaren 2. edo 3. apartatuetan xedatutako murriztapenetako bat aplikatu bada, zenbatekoa aitortutako zerga-oinarriaren %100 izanen da. Murriztapenik aplikatu ez bada, zenbatekoa zero izanen da.
Murriztapenaren zenbatekoa eurotan eta bi dezimalekin adierazi behar da, goitik biribilduz (hirugarren dezimala 5etik gorakoa bada) edo behetik (hirugarren dezimala 5etik beherakoa bada).
Likidazio-oinarria: likidazio-oinarriaren zenbatekoa. Hauxe izanen da: zerga-oinarriaren eta murriztapenaren arteko aldea, biak likidazioaren xedeko aldian sortutako zerga-egitateari lotuak. Murriztapenik aplikatu ez bada, zerga-oinarriaren zenbatekoa adierazi beharko da.
Likidazio-oinarria eurotan eta bi dezimalekin adierazi behar da, goitik biribilduz (hirugarren dezimala 5etik gorakoa bada) edo behetik (hirugarren dezimala 5etik beherakoa bada).
Kopurua: aitorpenaren xedeko hornidurari edo kontsumoari dagokion energia elektrikoaren kantitatea.
Kopurua megawatt-ordutan eta hiru dezimalekin adierazi behar da, biribiltzeko arau orokorrak aplikatuz; hau da, laugarren dezimala 5 edo handiagoa bada, hirugarren dezimalari unitate bat gehituko zaio, eta txikiagoa bada, hirugarren dezimala ez da aldatuko.
Onura fiskalik gabeko horniduretan edo kontsumoetan, datu hau lortzeko, aitorpenaren xedeko aldian egindako horniduren edo kontsumoen kopuruak batuko dira, industria-erabilerei dagokiena eta beste erabilera batzuei dagokiena bereizita.
Hartzailearen EIKa: hartzaileari dagokion IFZa. Hartzaileak Espainiako IFZa edo AIZa baldin badu, hori idatziko da. Hartzaileak Espainiako IFZrik edo AIZik ez badu, baina bai BEZaren IFZa –Europar Batasuneko Espainia ez beste estatu kide bateko agintari fiskalek emana–, haren titularitateko BEZaren IFZ zenbakia idatziko da. Hartzaileak ez badu Espainiako IFZrik edo AIZik edo BEZaren IFZrik, daukan identifikazio-zenbakia idatziko da.
Datu hau nahitaez bete behar da hornidurek edo kontsumoek Zerga Bereziei buruzko Legearen 94.5, 94.6, 94.7, 94.8, 98. eta 94.9 artikuluetako onura fiskalak badituzte. Azken kasu horretan, gomendatzen da honako identifikatzaile mota hauek erabiltzea, ordena honetan: IFZa edo AIZa, Europar Batasunaren barruko identifikatzailea, beste batzuk.
Hartzailearen EIKa: hartzaileari dagokion EIKa.
Datu hau nahitaez bete behar da onura fiskala duten horniduren edo kontsumoen kasuan, betiere hartzailearen EIKa galdagarria bada.
Hartzailearen EIKa galdagarria da Zerga Bereziei buruzko Legearen 94.5, 94.6, 94.7 eta 98.1 artikuluetako zerga-onuretarako.
Tentsioa: energia elektrikoaren hornidurari edo kontsumoari dagokion tentsioa. Bakarrik beteko da baldin eta, sektoreko legerian xedatutakoaren arabera, hornidura edo kontsumoa goi-tentsiokoa bada (A letrarekin beteko da).
Onura fiskalik gabeko kontsumoak edo hornidurak direnean, datu hau ez da bete behar.
Kontzeptua: likidazioaren arrazoia: bakarrik bete behar da erregularizazioa egin bada salbuespenaren edo murriztapenaren onuradunak jakinarazitako aldaketen ondorioz (R letrarekin beteko da) edo merkatuko operadoreak jakinarazitako aldaketen ondorioz (D letrarekin beteko da).
Gainerako kasuetan, eta onura fiskalik gabeko kontsumoak edo hornidurak direnean, datu hau ez da bete behar.
Kuota osoa: horniduragatik edo kontsumoagatik kuota oso gisa autolikidatutako zenbatekoa. Zenbatekoa eurotan eta bi dezimalekin adierazi behar da, goitik biribilduz (hirugarren dezimala 5etik gorakoa bada) edo behetik (hirugarren dezimala 5etik beherakoa bada).
Datu hau autolikidatutako zenbatekoarekin bete behar da. Beraz, ez da bete behar salbuetsitako hornidurengatik edo kontsumoengatik, ez eta kuota osoaren zenbatekoarekin autolikidatu direnengatik ere.
Gutxieneko kuota osoa: horniduragatik edo kontsumoagatik gutxieneko kuota oso gisa autolikidatutako zenbatekoa. Zenbatekoa eurotan eta bi dezimalekin adierazi behar da, goitik biribilduz (hirugarren dezimala 5etik gorakoa bada) edo behetik (hirugarren dezimala 5etik beherakoa bada).
Datu hau autolikidatutako zenbatekoarekin bete behar da. Beraz, ez da bete behar salbuetsitako hornidurengatik edo kontsumoengatik, ez eta kuota osoaren zenbatekoarekin autolikidatu direnengatik ere.
Iragarkiaren kodea: F2608200