1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
32/2026 FORU DEKRETUA, ekainaren 3koa, otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu horren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zer zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 6. artikuluak honako hau xedatzen du: Nafarroako Gobernuak ezarriko du zein diren prezio publikoen xede izan daitezkeen zerbitzu-emateak edo jarduerak, tributuen arloko eskumena duen departamentuak eta zerbitzu edo jarduera horiek betetzen dituen departamentu edo erakundeak batera egindako proposamena kontuan hartuta.
Otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zer zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, zeina atxiki baitzaio Osasun Departamentuko Osasun Zuzendaritza Nagusiari, eskatu du ezar daitezela prezio publikoak Osasun Publikoko Laborategiak egindako analisi kimiko eta mikrobiologikoetarako.
Era berean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eskatu du prezio publikoak ezar daitezela zerbitzuak eman eta jarduerak gauzatzeagatik, bai Nafarroako Foru Komunitateko baso ondareko finketan, bai Nafarroako naturagune babestuetatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kudeatzen dituen horietan.
Horregatik guztiagatik, otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretua aldatu behar da; hala, beste jarduera eta zerbitzu batzuk gehitzen zaizkie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek egiten dituzten eta prezio publikoen mende dauden horiei.
Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2026ko ekainaren 3an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretua aldatzea. Foru dekretu horren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zer zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak.
Otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretuaren 2. artikulua aldatzen da. Foru dekretu horren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zer zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak. Hauxe da testu berria:
"2. artikulua. Prezio publikoen bitartez finantza daitezkeen zerbitzu eta jarduerak.
Honako zerbitzu eta jarduera hauek finantza daitezke prezio publikoen bitartez:
1. Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasuneko higiezinak lagatzea, bertan haren organo edo instituzioen zerbitzuak, bulegoak edo gelak daudenean.
2. Erreprografia edo digitalizazio zerbitzuak, baldin eta jatorrizkoak maileguan hartzen ahal badira edo ez badituzte paregabetzat hartzen.
3. Argazkilaritza kopiak ematea, baldin eta jatorrizkoak maileguan hartzen ahal badira edo ez badituzte paregabetzat hartzen.
4. Maileguan hartutako kopia eta jatorrizkoen bidalketa gastuak ordainaraztea.
5. Txartelak, agiriak eta antzeko dokumentuak ematea, bai eta haiek bikoiztea ere, lapurtu edo galduz gero, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuak eskuratzeko bide ematen badute.
6. Argitalpenak edo aldizkariak saltzea.
7. Izena ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek antolatutako ikastaro, jardunaldi, topaketa, lantegi edo beste edozein jardueratan.
8. Zergadunei laguntzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen-likidazioak prestatzen, haiek aurkezteko ezarritako borondatezko epetik kanpo.
9. Liburutegien arteko mailegu zerbitzua, baldin eta maileguan utzitako liburua ez bada paregabetzat jo.
10. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek antolatutako ikuskizunetan eta jaialdietan sartzea.
11. Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen titulartasuna duten museoetan sartzea.
12. Zinema filmaketak egitea, ikus-entzunezkoak grabatzea edo argazki-erreportajeak egitea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek kudeatzen dituzten eta horien titulartasunekoak diren museoetan, monumentuetan eta beste espazio kultural batzuetan.
13. Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeek ematen dituzten eta derrigorrezko irakaskuntzakoak ez diren hezkuntza-zerbitzuak.
14. Derrigorrezkoa ez den irakaskuntza eskaintzen duten ikastetxeek berezko dituzten hezkuntza jardueren bidez sortutako produktuak saltzea edo zerbitzuak ematea.
15. Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur-eskoletan emandako zerbitzuak.
16. Materiala ematea Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetan erabiltzeko.
17. Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetako espazioak erabiltzea.
18. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen mendeko ikasleen eta kirolarien egoitzek ematen dituzten zerbitzuak.
19. Osasun laguntzak edo prestazioak, pertsonei zuzenean emanak, barne hartuta osasun garraioa, larrialdiko laguntza, laguntza espezializatua, oinarrizko laguntza, prestazio farmazeutikoa, prestazio ortoprotesikoa, produktu dietetikoen prestazioak eta errehabilitazioa, baldin eta laguntza edo prestazio horien kostua erreklamatzen ahal bazaie ordaintzera behartuta dauden hirugarrenei, bat etorrita arau hauekin: Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 83. artikulua, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarria (ekainaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua), eta Osasun Sistema Nazionaleko ohiko zerbitzuen zorroa eta hura eguneratzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren 2.7 artikulua, baita aplikatu beharreko gainerako xedapenak ere.
20. Eraikuntzako materialen kalitatea kontrolatzeko saioak egitea.
21. Mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak, edari alkoholdunak eta deribatuak, eta oliba olioak aztertzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Nafarroako Enologia eta Olio Laborategian.
22. Mendekotasun egoeran daudenei, adinekoei, desgaitasuna dutenei, gaixotasun mentala dutenei, adingabeei eta gizarte bazterketa egoeran dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonei arreta emateko zerbitzuak, Gizarte Zerbitzuen Zorroaren barruan sartuak.
23. Familiei arreta emateko zerbitzuak.
24. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari eta Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroak eta instalazioak erabiltzea.
25. Izena ematea Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatutako programa, jarduera eta auzolandegietan, berariaz gazteei zuzenduta daudenetan.
26. Analisi kimikoak eta mikrobiologikoak egitea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren Osasun Publikoko Laborategian.
27. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kudeatu beharreko naturagune babestuetan eta natura interpretatzeko zentroetan sartzea, bisitatzea edo aparkatzea.
28. Filmak filmatzea, grabatzea eta argazki-saioak egitea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kudeatu beharreko naturagune babestuetan.
29. Ingurumen arloan eskumenak dituen departamentuari atxikitako zentroak eta instalazioak erabiltzea.
30. Baso aprobetxamenduak Nafarroako Foru Komunitatearen baso ondareko finketan".
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira, orobat, Foru Dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak, eta, bereziki, urriaren 24ko 203/1994 Foru Dekretua, ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren museoetan sartzeko araubidea.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2026ko ekainaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2608035