Iragarkia
119. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZARRAKAZTELU
Udal igerilekuak erabiltzeko erregelamendua. Behin betiko onespena
Zarrakazteluko Udalak, 2025eko maiatzaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Zarrakazteluko udal igerilekuen funtzionamenduaren erregelamendua.
Iragarkia 2025eko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 17an.
Jendaurrean egoteko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, erregelamendua behin betikoz onetsitzat jo da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.
Horiek horrela, erregelamenduaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.
Zarrakaztelun, 2026ko ekainaren 4an.–Alkatea, Olaia Fraile Gracia.
ZARRAKAZTELUKO UDAL IGERILEKUAK ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da araudi bat ezartzea, arautuko duena Zarrakazteluko udal igerilekuen erabilera.
2. artikulua. Honako hauek osatzen dituzte instalazioak: jostetarako igerilekua, plisti-plasta ibiltzeko igerilekua, aldagelak, berdegunea, jolastokia, haurrentzako parkea, pilotaleku estalia, taberna eta terraza, bai eta egin daitezkeen handitze eta/edo aldaketak ere.
3. artikulua. Erabiltzaileek erraz ikusteko eta eskuratzeko moduan jarriko dira kartelak, non agertuko baitira denboraldiko tarifak eta irekitzeko eta ixteko ordutegia.
Orobat, txarteldegian erregelamendu honen ale bat egonen da, kontsultatzeko.
4. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan sartzeak berekin dakar erregelamendu honetako arauak onartu behar izatea.
II. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK IREKITZEA ETA IXTEA
5. artikulua. Zarrakazteluko udal igerilekuetako instalazioak udan soilik irekiko dira. Salbuespena pilotaleku estalia da, hura urte osoan zehar baitago irekia.
Udalak ezarriko du zehazki zer alditan egonen diren irekita.
6. artikulua. Instalazioak 11:00etatik 21:00etara egonen dira irekita.
Tabernako ordutegia tabernaz arduratzen denak ezarriko du.
7. artikulua. Zarrakazteluko Udalak erregelamendu honetan jasotako egutegi eta ordutegiak aldatzen ahal ditu, hala behar duenean, eta egoera klimatikoa dela eta.
Orobat, instalazioak aldi baterako ixten ahalko ditu, baldin eta honako gorabeheraren bat jazotzen bada: epidemia, osasun-babes eskasa, kalte material larriak instalazioetan, modu larrian eragitea bizikidetzari, istripu hilgarria edo antzeko beste arrazoi batzuk.
8. artikulua. Baldin instalazioak irekitzea edo ixtea eteteko erabakiak kalterik eragiten badie abonua dutenei, Zarrakazteluko Udalak ez du erantzukizunik izanen.
III. KAPITULUA–ABONATUAK
9. artikulua. Abonatuak dira udarako abonua eskuratu dutenak.
Nahitaez eduki behar da herritar txartela.
10. artikulua. Herritar txartelak ez du baliorik izanen baldin eta argazkirik ez badu, zuzenketak edo urratuak baditu edo apurtuta edo osatu gabe badago. Horrelakorik gertatuz gero edo txartela galduz gero, titularrak beste bat egiteko eskatu beharko du, eta ordaindu (5 euro).
11. artikulua. Herritar txartela pertsonala eta besterenezina da. Hortaz, titularrak ez den beste norbaitek erabiltzen badu, horrek arau-haustea ekarriko du. Instalazioko langileek NANa edo antzeko beste agiriren bat erakusteko eskatzen ahalko dute, dagokion egiaztapena egiteko.
IV. KAPITULUA–ABONATU GABEAK
12. artikulua. Abonatu ez direnak jarraian ageri diren moduetan soilik sartzen ahalko dira kirol-instalazioetara, eta dagokion kuota ordaindu beharko dute:
–Hamabostaldiko abonua eskuratuta.
–Eguneko sarrera ordainduta.
–Kirol ikastaroetan izena emanda.
–Tabernara dohainik sartzen ahalko dira 13:00 eta 15:30 artean eta 20:00etatik aurrera.
13. artikulua. Hamabostaldiko abonua dutenek eskubidea dute instalazioetara sartzeko eta horiek erabiltzeko, udan, 15 egunez (jarraian edo txandakatuta).
Nahitaez eduki behar da herritar txartela, eta txartela irakurgailutik pasatu behar da instalaziora sartu edo handik irteten den bakoitzean.
14. artikulua. Eguneko sarreraren bidez instalazioak erabiltzen ahal dira egun osoan. Igerilekuen eremuan dagoen bitartean, txarteldegian erositako tiketa izanen da horretarako bide emanen dion kredentziala.
15. artikulua. Kirol ikastaroetan izena emateak eskubidea ematen du aipatutako ikastaroetara sartzeko soilik, hau da, ezin izanen dira instalazioak erabili beste inolako jardueretarako. Ezin izanen da instalazioan sartu 15 minutu baino lehenago, jarduera hasi aurretik. Jarduera bukatu eta hurrengo 20 minutuetan atera beharko da. Ordutegi horiek bete ezean, ohartarazpena eginen zaie, eta berriro ere arau-hauste berean berrerortzen badira, jardueran baja emanen zaie, hartan jarraitzeko eskubide oro galduko dute eta ezin izanen dute kuotaren itzulketarik eskatu.
Ikastaroetan parte hartzen dutenak adingabeak badira, haiekin doazenek ez dute sarrerarik ordaindu beharko, baina instalazioetan soilik egoten ahalko dira aurreko paragrafoan ezarritako denbora.
16. artikulua. Zarrakazteluko Udalak bestelako sarbideak ezartzen ahalko ditu, bai eta erregelamendu honetan ezarritakoak aldatu ere.
V. KAPITULUA–ERABILTZAILEAK ONARTZEA
17. artikulua. Instalazioetako langileek, alkatearen edo Kiroletako zinegotziaren bidez, erabaki dezakete erabiltzaile gehiago ez onartzea denbora baterako, honako zergati hauen arabera:
–Jende gehiegi egotea instalazioetan.
–Sartu nahi duenak molestatzea beste abonatu edo erabiltzaileak edo instalazioetako langileak.
–Sartu nahi duena mozkortuta egotea edo ez egotea higiene-baldintza fisiko edo mental egokietan.
–Arestian aipatutako karguetan ari direnek aski justifikatutzat jotzen dituzten bestelako arrazoiak egotea.
–Matxurak, istripuak edo erabilera-baldintza desegokiak egotea, edo Zarrakazteluko Udalak egoki jotako beste arrazoiren bat.
18. artikulua. Langileek eskatzen ahal dute erakustea NANa edo antzeko beste agiriren bat, erabiltzailearen nortasuna eta adina egiaztatzeko.
VI. KAPITULUA.–KUOTAK
19. artikulua. Abonatuen eta erabiltzaileen kuotek prezio publikoen izaera dute, eta zerbitzua baliatzeagatiko prestazioak ordaintzen dituzte, zerbitzua erabili ala ez.
20. artikulua. Udalak urtero ezarriko ditu kuotak, adinaren arabera bereizita, honela:
–Benjamina: kasuan kasuko urtean 6 urte edo gutxiago betetzen dituena.
–Haurra: kasuan kasuko urtean 7 eta 11 urte artean betetzen dituena.
–Gaztea: kasuan kasuko urtean 12 eta 16 urte artean betetzen dituena.
–Heldua : kasuan kasuko urtean 17 urte edo gehiago betetzen dituena.
–Erretiratua: Estatuak erretiroa hartzeko ezarritako adinera iristen dena. Erretiratua bada, baina adin horren azpitik badago, egoera hori frogatzen duen ziurtagiri ofizial bat aurkeztu beharko du (administrazio publiko batek emana).
21. artikulua. Benjaminen kategoriako abonatuek ez dute kuotarik ordaindu beharko. Edonola ere, beti gurasoek edo tutoreek lagunduta sartu beharko dute.
22. artikulua. Kuotak banakakoak dira, eta honako kasu hauetan soilik jasotzen ahalko dira hobariak:
–Familia ugaria izatea.
–Desgaitasunen bat edukitzea. Halakotzat hartuko dira ziurtagiri ofizialaren bidez frogatzen dutenak %65eko edo hortik gorako desgaitasuna dutela (ziurtagiria administrazio publiko batek eman beharko du).
–Denboraldiko abonu bat baino gehiago eskuratzen dituzten familia-unitateetan, lehenbizikoa –betiere zenbateko handienekoa– ezarritako prezioan eskuratuko da; bigarrena %10 merkeagoa izanen da; hirugarrena, %20 merkeagoa, eta laugarrena %30, eta horrela gainerakoak. Deskontua aplikatzeko, familia-unitateak aldi berean erosi behar ditu abonu guztiak. Familia-unitatea hauek osatzen dute: legezko guraso edo tutoreek eta 24 urtetik beherako ondorengoek, familia-unitatearen mendekoak badira.
Hobariak aplikatzeko, dagozkion agiriak aurkeztu beharko dira eta agiriok indarrean egon behar dute.
23. artikulua. Behin ordainduta ezarritako kuotak, Udalak ez dizkie kuotak itzuliko abonatuei eta erabiltzaileei, arrazoiak edozein direla ere, salbu eta Administrazioak akatsik egin badu.
VII. KAPITULUA.–ESKUBIDEAK
24. artikulua. Hona hemen abonatu eta erabiltzaile guztien eskubideak:
–Gozatzea igerilekuen esparruaren barnean dauden instalazioez, altzariez, tresnez eta materialez.
–Instalazioetan libreki sartzea, herritar txartela edo sarrera erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.
–Iradokizunak eta arrazoitutako kexak idatziz aurkeztea Zarrakazteluko Udalean.
–Udalari eskatzea bete dezala araudi honetan ezarritakoa.
–Entzunak izatea eta errekurtsoak aurkeztea, baldin eta zehapen-espedienteak abiarazten badira beren kontra edo familiakoen edo igerilekura lagun egitera joaten direnen kontra.
25. artikulua. Abonatuak zigortzen badituzte, eta zigor horren ondorioz ezin badituzte instalazioak erabili aldi batez, beren eskubideak galduko dituzte zigorrak irauten duen bitartean.
VIII. KAPITULUA.–BETEBEHARRAK
26. artikulua. Hona hemen abonatu eta erabiltzaile guztien betebeharrak:
–Erregelamendu honetan jasotako nahitaezko arauak betetzea.
–Errespetuz tratatzea gainerako erabiltzaileak, bizikidetasun egokirako behar den jokabidea agertuz.
–Men egitea edozein langilek eta kanpoko langile kontratatuek egiten dizkieten ohartarazpen, kargu-hartze, aholku edo antzekoei.
–Udalak ematen dituen xedapen guztiak betetzea, bai eta erregelamendua guztiz betetzea ere.
–Udal langileek eskatzen dieten aldiro erakustea NANa edo antzeko beste agiri bat.
–Instalaziora sartzeko edo handik irteteko nahitaez pasatu beharko da herritar txartela sarbideak kontrolatzeko irakurgailutik eta/edo txarteldegiko langileei erakutsi.
IX. KAPITULUA–INSTALAZIOEI BURUZKO ARAUAK
27. artikulua. Instalazioei buruzko arau orokorrak.
1. Funtsezkoa da erabiltzaileen eta Udaleko langileen artean "elkarrekiko errespetuaren" kontzeptuari eustea. Hain zuzen, men egin beharko zaie langileek –sorosleak barne– emandako jarraibide guztiei.
2. Ez da onartuko 8 urtetik beherakoak sartzea, 18 urtetik gorako batekin ez bada, hura izanen baita haiek egiten duten guztiaren erantzule esparruaren barnean dauden bitartean. Modu aktiboan zaindu beharko dituzte, etengabe.
3. Udalak ez du erantzukizunik izanen instalazioetan desagertzen diren gauzen gainean. Instalazioaren eguneroko garbiketan aurkitutako objektuak bi astez gordeko dira txarteldegian.
4. Kirol-esparruan daudenen irudiak hartzea, baldin eta nor diren erakusten badute edo irudiok horiek identifikatzeko bide ematen badute, datu pertsonalen tratamendu gisa joko da, eta, hortaz, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko du.
5. Zarrakazteluko Udalak ez du erantzukizunik izanen instalazioetako erabiltzaileek dituzten istripuen gainean, eragilea instalazioko akats bat izan ezean. Halakoetan, Udalaren erantzukizuna izanen da aurreikusita dagoena harpidetuta daukan erantzukizun zibileko aseguru-polizan.
28. artikulua. Igerilekuei buruzko arau orokorrak.
1. Ur bazterrera eta igeri-ontzira joateko nahitaez dutxetatik pasatu beharko da. Bainatu aurretik nahitaez dutxatu behar da.
2. Ur bazterrean oinutsik ibili beharko da, edo txankletak jantzita.
Ur bazterrera ezin da oinetakoak jantzirik sartu, salbu eta Udaleko langileak, garbitze, mantentze edo zaintza lanetan ari badira.
3. Debeku da ur bazterretan eta igeri-ontzietan erretzea, jatea edo hondakinak sortzen dituen beste zernahi egitea.
4. Igerilekuen esparruan ezin da sartu beirazko elementurik edo bereziki hauskorra den objekturik. Salbuespena tabernaren ingurua da.
5. Igerilekuen esparruan ezin da erabili beste erabiltzaileei eragozpenak sortzen ahal dizkien elementurik (koltxoi puzgarriak, pilotak, ur-pistolak, jostailuak, baloiak eta abar).
Debeku horretatik kanpo gelditzen dira igeriketako betaurrekoak, hegalak, eta haurrentzako mahukak edo burbuilak.
Plisti-plastako igerilekura jostailuak eramaten ahalko dira, betiere gainerako erabiltzaileei enbarazurik eragiten ez badiete.
6. Ur bazterrean eta igeri-ontzian debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak. Ezin da lasterka ibili, baloiekin jostatu, joko bortitzetan aritu edo uretan modu zakarrean murgildu. Hau da, ez da egin behar, oro har, gainerako erabiltzaileei eragozpena eragiten dien deus edo uraren kalitateari eragiten dion deus.
7. Legez ezarrita dago (urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuaren 26. artikulua) bainulari kopuru mugatua egon daitekeela igeri-ontzi bakoitzean. Kopuru horretara iritsiz gero, igerilekuan jende gehiagori sartzea galarazten ahal zaio denbora batean.
8. Sorosleek, igerilekuen esparruan, eskumena dute edozeini kargu hartzeko eta arauak betetzen ez dituztenen kontrako zehapenak proposatzeko. Gorabehera horien berri eman beharko diete beti Udaleko langileei. Arau-haustea zer egunetan gertatu den, egun horretara mugatuko da zehapena. Arau-haustea ordenantza honetako IX. kapituluan tipifikatutakoen artean badago (diziplina-araubidea arautzen da kapitulu horretan), 31. artikulutik 42. artikulura bitartean ezarritakoa aplikatuko da.
9. Jantziak: gorputz osoa estaltzen duten jantziak baimenduta daude, baldin eta bainatzeko soilik badira, eta egokiak.
10. Jostetarako igerilekua:
a. Igeri-ontzira sartu nahi dutenek nahitaez erabili behar dute txanoa.
b. Ez da onartuko 8 urtetik beherakoak sartzea, 18 urtetik gorako pertsona batek lagunduta ez bada, hura izanen baita haurrek egiten duten guztiaren erantzule.
c. Erabiltzaileek ezin izanen dituzte erabili ikastaroetarako edo beste jarduera batzuetarako erreserbatutako eremuak jarduerok irauten duten bitartean.
29. artikulua. Berdeguneari buruzko arau orokorrak.
1. Berdegunera ezin da sartu botilarik, beirazko ontzirik edo antzeko hauskortasuna duen beste edozein objektu.
2. Ezin da itzalkinik erabili.
3. Hamakak erabiltzen ahalko dira, baina gorde beharko dira horretarako prestatutako tokietan.
4. Ezin izanen da kirolik egin (horretarako prestatutako pistatik kanpo), ez eta jostaketa bortitzik edo lasterketarik ere, eta ezin izanen da musika-aparaturik erabili, ez eta gainerako erabiltzaileei enbarazu egiten ahal dien deus ere edo zerbitzuaren kalitatean eragina izan dezakeen deus ere.
30. artikulua. Aldagelei eta beste alderdi batzuei buruzko arau orokorrak.
1. Aldageletan armairuak erabiltzea dago.
2. Debeku da armairu bat erreserbatzea edo itxirik uztea biharamunerako. Arau hori betetzen ez duenari isuna ezarriko zaio. Orobat, armairuan gorde duen materiala handik aterako da eta beste nonbaiten utziko, isuna ordaintzen den arte.
3. Udala ez da aldageletan edo armairuetan utzitako objektuen erantzule.
X. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
31. artikulua. Zehapenak nahitaez lotu beharko zaizkio prozedurari, eta horiek jartzerakoan kapitulu honetan xedatutakoari jarraitu beharko zaio.
32. artikulua. Edozein kategoriatako abonatuek edo erabiltzaileek egin ditzaketen arau-hausteak izan daitezke arinak, astunak edo oso astunak.
Hurrengo artikuluetan azalduta daude talde bakoitzari dagozkion arau-hausteak. Dena den, adibideak baino ez dira, eta horrek ez du esan nahi beste batzuk egon ezin direnik, zeinak kalifikatuko baitira adibide horiekin duten analogiaren arabera.
33. artikulua. Arau-hauste arinak dira udal igerilekuetako arauak eta erregelamenduak urratzen dituzten egitate txikiak, modu arinean eragiten dietenak gizarte-bizikidetzari eta/edo gizarte-usadioei eta eragiten dutenak tratu desegokia ematea Udaleko langileei.
Zehazki, honako hauek dira arau-hauste arinak:
a. Instalazioak eta zerbitzuak behar ez bezala erabiltzea.
b. Eremu bakoitzaren berariazko araudia ez errespetatzea.
c. Kirol-instalazioak erabiltzea adostutako egun eta/edo orduetatik kanpo.
d. Kalte txikiak eragitea instalazioetan, edo hirugarren pertsonen material edo ondasunetan, ardurarik edo zuhurtziarik gabe jokatzeagatik.
e. Aldaketak egitea, baimenik gabe, altzarietan, iragarki-tauletan edo karteletan.
f. Gaizki tratatzea gainerako erabiltzaileak edo Udaleko edo kanpoko enpresetako langileak.
g. Antzeko beste edozein arau-hauste.
34. artikulua. Arau-hauste astunak dira gizarte-bizikidetzan eta gizarte-usadioetan eragin handia dutenak, indarrean dauden xedapenak larriki hausten dituztenak, instalazioetako langileekiko errespetu-falta dakartenak, edo bertako instalazioei edo materialei eta haien interes orokorrei kalte larria eragiten dietenak.
Era berean, astuntzat hartuko dira abonatuek edo erabiltzaileek egindako arau-hauste arinak, baldin eta aurretik ere zehapena jasoa badute.
Zehazki, honako hauek dira arau-hauste astunak:
a. Arau-hauste arintzat jotakoak, baldin eta Udalaren interesei nabarmen egiten badiete kalte edo bizikidetza baketsua kolokan jartzen badute. Orobat, arau-hauste arinak behin eta berriro eginez gero, astuntzat joko dira, igarotako denbora edozein dela ere.
b. Iraintzea eta errespeturik gabe tratatzea Udalean ari diren langileak, bertakoak zein kanpoko enpresetakoak.
c. Ordena publikoko eskandaluak edo liskarrak sustatzea edo horietan parte hartzea adiskidetzari lagundu gabe.
d. Udal instalazioetara sartzea beste norbaiten herritar txartela baliatuta.
e. Beste pertsona batzuei arrisku fisikoa edo instalazioei matxurak eragin diezazkiekeen zuhurtziagabekeria oro.
f. Uko egitea Udaleko langileei emateari beharrezko datuak eta edozein arau-hauste argitzeko beharrezkoa den dokumentazio pertsonala.
g. Men ez egitea Udalean ari diren langileek egindako ohartarazpenei (bertakoek nahiz kanpoko enpresetakoek).
h. Jarrera gogaikarria izatea.
i. Legez baimenduta ez dauden substantziak erabiltzea, toxikomaniak eragiten dituztenak.
j. Edozein motatako pintadak egitea.
k. Irain, laido edo mehatxu larriak egitea edonori.
l. Eskandalu publikoa sor dezakeen egintza oro.
m. Antzeko beste edozein arau-hauste.
35. artikulua. Arau-hauste oso astunak dira aurreko artikuluan adierazitako egitateak, baldin eta oso nabarmen kalte egiten badiete Udalaren interesei, edo oso kalte larriak eragiten badituzte gizarte-bizikidetzan edo instalazioetako langileei zor zaien errespetuan.
Zehazki, honako hauek dira arau-hauste oso astunak:
a. Arau-hauste astun gisa jotakoak, baldin eta oso nabarmen egiten badiete kalte Udalaren interesei, bizikidetza baketsua oso larriki jartzen badute kolokan edo behin eta berriz egiten badira.
b. Ohartarazi ondoren, arau-hauste astun bat egiten jarraitzea.
c. Edozein pertsonari eraso fisikoa egitea. Horrek esparrutik zuzenean kanporatzea ekarriko du.
d. Enplegatu bati mehatxu egitea, lanean ari denean, enplegatua Udalekoa izan edo kanpoko enpresa batekoa izan.
e. Istilu larriak sortzea gizarte edo kirol ekintza batean, edozein bitartekoren bidez.
f. Modu bidegabean jabetzea igerilekuen esparruko edozein objektuz edo gainerako erabiltzaileen edozein objektuz. Horrek esparrutik zuzenean kanporatzea ekarriko du.
g. Igerilekuetako erabiltzaileendako eta instalazioetarako ondorio larriak izan ditzakeen ekintza edo zuhurtziagabekeria oro.
h. Jarrera bortitza edo eskandaluzkoa edukitzea.
i. Legez baimenduta ez dauden substantziak banatzea, toxikomaniak eragiten dituztenak. Horrek esparrutik zuzenean kanporatzea ekarriko du.
j. Kalte larriak eragitea, nahita, Udalaren edo hirugarren pertsona baten ondasunetan.
k. Kalte larriak eragitea, nahita, igerilekuen esparruko objektuetan eta instalazioetan.
l. Instalazioetako langileek hala eskatuta, instalaziotik irteteari uko egitea.
m. Banaka edo taldean men ez egitea enplegatuei, Udalekoei zein kanpoko enpresetakoei.
n. Antzeko beste edozein arau-hauste.
36. artikulua. Arau-hausteek beren kalifikazioaren araberako zehapena izanen dute.
a. Arau-hauste arinek zehapen ekarriko dute instalazioa denbora batean erabili ezina: egun batetik 14 egunera bitarte.
b. Arau-hauste astunek instalazioa denbora batean (15 egunetik hilabetera bitarte) erabili ezina ekarriko dute zehapen.
c. Arau-hauste oso astunak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko zaizkio, kasu bakoitza azter dezan eta behar den zehapena ezar dezan. Instalazioa erabili ezina ekarriko du: hilabete batetik betiko erabili ezinera bitarte. Dena den, horretaz gain, Udalak legezko akzioak abiarazten ahal ditu arau-hauslearen aurka. Zehapen horrek ekarritako kanporatzeak ondorioak izanen ditu komunikazioa egiten den unetik.
37. artikulua. Zehapenak mailakatzeko, kontuan hartuko dira arau-hauslearen inguruabarrak, hala nola adina edo intentzionalitatea, egindako arau-haustearen garrantzia eta ondorioa, edo antzeko beste edozein inguruabar.
38. artikulua. Ezarritako zehapena gorabehera, arau-hausleak kalteren bat eragiten badu instalazioetan edo beste ondasun material batzuetan, ordaindu beharko du konpontzeak, ordezteak, garbitzeak edo beste bat erosteak dakarren kostua.
39. artikulua. Zarrakazteluko Udalak udaleko langile bati edo batzuei ahalmena emanen die arau-haustea lehen instantzian zehazteko eta zehapena kautelazko neurri gisa tipifikatzeko.
Zenbatuko da ustezko arau-haustea egin denetik dagokion zehapena ezarri arte igarotako denbora, zehapenaren ondorioetarako, baldin eta aldi horretan zehapena bete bada.
Kautelazko neurri gisa, eta gehienez 72 orduz, Udaleko langileek edo segurtasun-indar eta kidegoek instalaziotik kanporatzen ahalko dute erabiltzailea edo abonatua, baldin eta hark jaramonik egiten ez badie esandakoei edo ahozko ohartarazpenei, eta abonua baliorik gabe uzten ahalko dute, arduradunari gertatutakoaren berri eman arte.
40. artikulua. Inkulpatuak egitateei buruzko deskargu-plegua aurkezten ahalko du, bere burua defendatzeko:
a) Enplegatuak hasiera batez arau-hauste arin gisa tipifikatu badu, 24 orduko epean, enplegatuek arau-haustea behin-behinean tipifikatu dela jakinarazten duten unetik zenbatzen hasita.
b) Arau-hauste astunen eta oso astunen kasuan, gehienez ere 72 orduko epean, instrukzio-organoaren zehapen-proposamena jakinarazten den unetik aurrera.
41. artikulua. Zehapen-espedientea ebazteko eskumena duen administrazio organoa honako hau da:
–Arau-hauste arin eta astunen kasuan: Udaleko alkatea edo, hala badagokio, zinegotzi ordezkaria. Aldez aurretik, Kirol Arloko Gerentziak edo haren ordezkoak dagokion zehapen-espedientea instruituko du.
–Arau-hauste oso astunen kasuan: Udaleko Gobernu Batzarra. Aldez aurretik, Kirol Arloko Gerentziak edo haren ordezkoak dagokion zehapen-espedientea instruituko du.
42. artikulua. Orobat, honako errekurtso hauek jar daitezke zehapenaren aurka:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau egin eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten denetik hasita.
c) Arestian aipatutako errekurtsoen aurretik, aukeran: berraztertzeko errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio jakinarazten den egintza eman duen udal organoari, hilabeteko epean, jakinarazpen honen biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENA
Erregelamendu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunean jarriko da indarrean.
Iragarkiaren kodea: L2608158
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
