119. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TAFALLA

Oposizioa, gizarte-hezitzailearen plaza bat betetzeko barne-igoera murriztuan. Izendapena

Tafallako Udalaren alkateak 2026ko ekainaren 4an emandako ebazpenaren bidez, xedatzen da izendapen bat egitea, hautapen prozesu hau gainditu duen izangaiaren alde: gizarte-hezitzailearen plaza bat betetzeko deialdia, oposizio bidez, barne-igoera murriztuan.

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2026ko otsailaren 12an hartutako erabakiaren bidez, deialdi bat onetsi zen, gizarte-hezitzailearen plaza bat betetzeko, oposizio bidez, barne-igoera murriztuan, eta plantillan plazarik gehitu gabe (2026ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 5ekoa).

Deialdi horretan, honako hau dago jasota: "1.3. Prozesu honetarako deia egin da bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

1.4. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia, behar diren hautaprobak gainditu ondotik betiere, gizarte-hezitzailea izanen da eta B mailan sartuko da plazaz jabetzen denetik. Hala, aurretik betetzen zuen plaza automatikoki amortizatuko da, eta, ondorioz, plaza kopurua ez da gehituko plantilla organikoan.

1.5. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak mailaz igo aurretik zuen araubide juridikoa, funtzionarioa izan nahiz lan-kontratuduna izan. Eskubide pasiboen araubide berari ere eutsiko dio".

Tafallako Udaleko alkatearen 2026ko martxoaren 30eko ebazpenaren bidez, onartutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi zen, eta oposizioko proba egiteko eguna, ordua eta tokia ezarri ziren.

Prozesua bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak proposamena egin du gainditu duen izangaia izendatzeko.

Horiek guztiak horrela, eta deialdiaren 8.1 oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz, bidezkoa da dagokion izendapena egitea.

Ondorioz, eta arau hauek ematen dizkidaten eskumenez baliatuz: apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena; azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretua, onesten duena Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua; eta aplikatu daitezkeen gainerako arauak,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Nerea Biurrun Abaigar izendatzea Tafallako Udaleko gizarte-hezitzaile (B maila), bat etorriz kalifikazio-epaimahaiak egindako izendapen-proposamenarekin. Barne-igoeraren aurretik zeukan araubideari eutsiko dio (funtzionarioa edo lan-kontratuduna).

Bigarrena.–Izendatutako izangaiak izendapenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo hamar egun naturalen barnean hartu beharko du plazaren jabetza, hala xedatuta baitago deialdiko baldintzen 8.2 oinarrian. Izangaiak ez badu jabetza hartzen aipatu epearen barnean, gizarte-hezitzaile izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Hirugarrena.–Ebazpen hau igortzea Langileen Unitatera, behar diren izapideak egin ditzan, plantilla organikoan jasota geratzeko mailaz igo diren interesdunak betetzen zuen plaza modu automatikoan amortizatu dela. Hori guztia, bete beharrez xedatuta dagoena abuztuaren 30eko 351/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan eta aipatutako deialdiaren 1. oinarrian.

Laugarrena.–Izendapen-ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aipatutako deialdiaren 8.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Zerbitzu Ekonomikoen eta Toki Garapenaren Alorrera, behar diren ondorioak izan ditzan; haren berri ematea Udalbatzari, kide anitzeko organo horrek egiten duen hurrengo osoko bilkuran, eta, orobat, dagokion espedientean sartzea.

Seigarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea interesdunari, ohartaraziz erabaki honek administrazio bideari amaiera ematen diola eta haren aurka honako errekurtso hauek aurkez daitezkeela:

a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Iruñeari dagokion auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Atalari, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Tafallan, 2026ko ekainaren 4an.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.

Iragarkiaren kodea: L2608155