Iragarkia
119. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
333/2026 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak onesten baitira 2026-2027 ikasturtean arautzeko zer antolaketa eta funtzionamendu izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek.
Ebazpen honen xedea da jarraibideak onestea, balio izanen dutenak indarreko araudiko zenbait alderdiren xehetasunak eman eta garatzeko, helburua izanik ikastetxeen antolaketa egokia eta funtzionamendu ona lortzea, 2026-2027 ikasturtean.
Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak adostasun-txosten bat aurkeztu du, onets dadin aurreko puntuan adierazitako jarduketak arautzeko ebazpen hau.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ebazpen honen eranskinetan ageri diren jarraibideak onestea, 2026-2027 ikasturtean arautuko dituztenak zer antolaketa eta funtzionamendu izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek.
2. Ebazpen honetan aipatutako jarraibideak ikastetxe pribatuei eta ikastetxe pribatu itunduei aplikatuko zaizkie, dagozkien afera orotan, ikastetxe horien titularrek dituzten eskumenen kalterik gabe.
3. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4. Ebazpen hau eta haren eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Langileriaren Zuzendaritza Nagusira, Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusira, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Haur Eskolen Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura, Zerbitzu Osagarrien Atalera eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera.
5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 26an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
I. ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, 2026-2027 IKASTURTEAN ARAUTZEKO HAUR HEZKUNTZAKO ETA LEHEN HEZKUNTZAKO IRAKASKUNTZAK EMATEN DITUZTEN IKASTETXEEN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA
Ikasturte hasierako jarraibideek zehazten eta argitzen dituzte indarreko araudiaren alderdi batzuk, eta arautzen dituzte arautu gabeko beste batzuk, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.
Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:
Lehenbizikoa urteko programazio orokorrari buruzkoa da. Hor, besteak beste, ematen dira ikastetxearen hobekuntza planak prestatzeko argibideak, bai eta ebaluazioetan duten parte-hartzearen gaineko jarraibideak ere, hobetu daitezkeen arloak detektatzeko.
Bigarrenean, antolaketaren alderdi batzuk zehazten dira, ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.
Hirugarrenean, gehien erabiltzen diren LOEren ondoriozko arauak zerrendatzen dira.
I.–URTEKO PROGRAMAZIO OROKORRA
A) Alderdi orokorrak.
1.–Xedapen orokorrak.
Urteko programazio orokorra ikastetxearen plangintza, antolaketa eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da. Izan ere, ikastetxearen hezkuntza-proiektua, antolaketa- eta funtzionamendu-arauak eta kudeaketa-proiektua zehazten ditu ikasturte bakoitzerako.
Urteko programazio orokorraren esparruan, ikastetxeek erabaki hauek hartuko dituzte ikasturte bakoitzean:
a) Pedagogia- eta curriculum-jardueren plan, proiektu eta programei buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapena izanen dira.
b) Antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapena izanen dira.
c) Baliabideen kudeaketari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko kudeaketaren zehaztapena izanen dira.
Eskola kudeaketako EDUCA sisteman egonen da eskura orientazio gida bat, UPOa prestatzeko, haren segimendua egiteko eta ebaluatzeko (adibideak jasotzen ditu).
2026-2027 ikasturtean, aurrera jarraituko du Burlatako Hilarión Eslava Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean Haur Hezkuntzako lehen ziklo osoa eskaintzeko proiektu pilotuak.
Ikastetxe horrek Haur Hezkuntzako lehen zikloa sartuko du bere hezkuntza-proiektuan eta programazio orokorrean, betiere errespetatuz 143/2026 Ebazpenean xedatutakoa (143/2026 Ebazpena, martxoaren 31koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, jarraibideak onesten zituena 2026-2027 ikasturteko egutegia eta ordutegia egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzei dagokienez).
Urteko programazio orokorrari buruzko informazioa Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeko hezkuntza-komunitatearen eskura egonen da.
2.–Informazioa biltzeko iturriak.
Urteko programazio orokorra egiteko, honako iturri hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:
a) Ikastetxearen hezkuntza-proiektua.
b) Dagoen zuzendaritza proiektua edo plan estrategikoa.
c) Urte anitzeko hobekuntza plana, ikastetxearen autoebaluazio prozesuaren ondoriozkoa.
d) Aurreko ikasturtearen bukaerako memorian proposatutako hobekuntza arloak, zeinek kasu guztietan barne hartuko baitituzte hobekuntza proposamenak, jasota daudenak barne eta kanpoko proben emaitza akademikoen analisiaren ondoriozko emaitzen memorietan.
e) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren gomendioak, aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondoriozkoak.
f) Hezkuntza Departamentuak ikasturte hasieran emandako jarraibideak.
g) Ikastetxeak ezarritako beste programa batzuk.
h) Ikastetxeko plan digitala.
i) Ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.
3.–Edukia: atalak eta garapena.
Urteko pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapenean jasoko dira, ikasturte bakoitzerako, ikastetxeen pedagogiaren eta curriculumaren jardunari buruzko erabakiak. Urteko programazio orokorraren atal hauetan bilduko dira:
a) Ikastetxearen urteko plana.
b) Irakasleen koordinazio organoen urteko planak.
c) Urteko inklusio plana, ikasleen desberdintasun indibidualei arreta emateko neurriak jasoko dituena.
d) Tutoretza ekintzaren urteko plana.
e) Urteko bizikidetza plana.
f) Urteko hezkidetza plana.
g) Ikastetxearen urteko plan digitala.
h) Ikastetxearen urteko hizkuntza proiektua.
i) Programazio didaktikoak.
j) Ikasturtean garatu beharreko beste proiektu, programa eta plan instituzional batzuk.
k) Ikasturtean garatu beharreko proiektu, programa eta plan propioak.
l) Ikastetxeko urteko prestakuntza plana.
m) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.
n) Urteko programazio orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.
ñ) Eranskinak.
Kasu guztietan, urteko programazio orokorraren atal bakoitza egokituta egonen da etapen antolamenduaren berezitasunera eta ikastetxe bakoitzaren berezko ezaugarrietara.
Ikastetxearen urteko plana bideratuta egonen da lehentasunezkotzat jotzen diren alderdiak hobetzera, eta urteko programazio orokorraren funtsezko elementua izanen da, gainerako jarduketa planak orientatu eta zehaztuko dituena.
Zikloek eta gainerako lantaldeek (Hezkuntzarako Laguntza Unitatea, ikastetxeko Bizikidetza Batzordea eta abar) helburuen eta ekintzen plan propioa izanen dute, eta, horren bidez, urteko planean zehaztutako lehentasunezko helburuak ez ezik, ikastetxearen beste plan espezifiko batzuetatik ateratako helburuak ere formalizatuko dituzte.
Ikastetxearen urteko plan digitala denez esportatu behar den dokumentu bat, kanpoan aurkezteko, sartu beharko da EDUCAn horretarako prestatu den txantiloian.
Urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: gobernu organoaren eta irakaslana koordinatzeko organoaren osaera eta lan planak, ikastetxearen egutegi eta ordutegi orokorra, taldeak eratzeko eta tutoretzak esleitzeko irizpideak, ikastetxearen ordutegiak –orokorra, ikasleena eta irakasleena– egiteko irizpideak, ebaluazioen egutegia –barnekoak eta kanpokoak– eta familiekin tutoretzak egiteko ordutegiak eta egutegiak.
Era berean, ikastetxeek beste edozein atal gehitzen ahalko dute ikasturterako antolamenduaren eta funtzionamenduaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.
Urteko kudeaketaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: aurrekontua eta urteko kudeaketa-kontua, irakasleen, guardien eta zaintzaren plantilla, instalazioak eta ekipamendua, ikastetxeko larrialdi plana eta, hala badagokio, ikastetxeko zerbitzu osagarriak kudeatzeko baldintzak eta kalitatearen kudeaketa.
Era berean, ikastetxeek beste edozein atal gehitzen ahalko dute ikasturterako baliabideen kudeaketaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.
4.–Prestaketa.
Azterturik kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak eta oharrak eta ekarpenak, urteko programazio orokorraren atalak idatziko dira.
Ikastetxeko urteko programazio orokorraren prestakuntzaz zuzendaritza-taldea arduratuko da. Horretarako, kontuan hartuko ditu ikastetxeko kide anitzeko gobernu-organoek edo koordinazio pedagogikorako batzordeak beren eskumen-esparruetan aurrez onetsitako proposamenak, baita hezkuntza-komunitateko beste edozeinek egindako proposamenak ere. Xede horiekin, prozesua zuzendu eta koordinatuko du, egitekoak zehaztuko ditu eta dokumentuak nork idatziko dituen erabakiko du. Horrez gain, tresnak jarriko ditu eta programazioa egiteaz nor arduratuko den erabakiko du.
Urteko programazio orokorra prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan. Gehitzen diren planak egitura operatiboa izanen du, plana bera gauzatzea eta haren segimendua egitea erraztuko duena, eta honako hauek zehaztuko ditu: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.
Urteko programazio orokorra EDUCA aplikazioarekin eginen da, horretarako txantiloi eta operatibo propioa erabiliz. Kalitatea kudeatzeko sistema ezartzeko eta mantentzeko programan parte hartzen duten ikastetxeek Kadinet programa erabiltzen ahalko dute UPOa prestatzeko.
Urteko programazio orokorra eskola-kontseiluak onetsi beharko du; eta hezkuntzaren, pedagogiaren eta curriculum-zehaztapenaren inguruko gaiak, berriz, irakasleen klaustroak. Onetsi ondoren, urteko programazio orokorra hezkuntza-komunitateko kide guztiek bete beharko dute nahitaez.
5.–Tramitazioa, jarraipena eta ebaluazioa.
Behin onetsirik, UPOa EDUCA aplikazioan argitaratuko da, urriaren 31 baino lehen. Ikastetxean ere utziko da, hezkuntza-komunitateak eskura izan dezan.
Salbuespen gisa, gerora sortutako inguruabarrak gertatzen direnean, urteko programazio orokorra ikasturtean zehar aldatzen ahalko da. Berriz onetsi beharko da, 4. atalean (Prestaketa) ezarritakoarekin bat, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorri.
Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak eta arduradunek aldizkako jarraipena eginen dute EDUCA aplikazioan eta, hala badagokio, Kadinet tresnan, gutxienez hiru hilean behin, jakiteko nola garatzen ari diren urteko programazio orokorra osatzen duten plan, proiektu eta programak, honako hauek kontuan hartuta:
a) Dagokion atal espezifikoan, urteko programazio orokorrak honako hauek zehaztu beharko ditu: jarraitu beharreko prozedura, informazioa biltzeko irizpideak, arduradunak eta epeak. Bermatu beharko du aztertu eta baloratzen dela zenbateraino garatu diren planteatutako ekintzak, lortu diren proposatutako helburuak, nola bete diren erantzukizunak eta ezarritako epeak bete diren.
b) Urteko programazio orokorraren atal bakoitza ebaluatzeko prozesuak berekin ekarriko du iturri desberdinetatik datu garrantzitsuak biltzea eta datu horiek aztertzea eta interpretatzea urteko programazio orokorrean bertan aurreikusitako irizpideei jarraituz. Azken hausnarketak eta balorazioak aztertuko du zerk eragin dituen emaitzak, eta esku hartzeko ildoak ezarriko ditu, hurrengo ikasturtera begirako hobekuntza proposamen koherenteak zehaztuta.
Ikasturteko eskola jarduerak amaitu ondoren, eskola-kontseiluak, irakasleen klaustroak eta ikastetxeko zuzendaritza-taldeak azken ebaluazioa eginen dute, jakiteko noraino bete den urteko programazio orokorra. Ebaluazio hori ikasturte bukaerako memorian jasoko da, EDUCA aplikazioan, eta, hala badagokio, Kadinet tresnan. Horretarako, arduradun bakoitzak aztertuko eta baloratuko ditu dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak.
Era berean, bukaerako memorian honako hauek jasoko dira: ikasleen emaitza akademikoen eta mailaz igotzeko emaitzen ebaluazioa, errendimendu akademikoaren bilakaera eta ikastetxeak parte hartu duen barne eta kanpoko ebaluazioen emaitzak.
Horretarako, bukaerako memoriak txosten bat jasoko du, non xehetasunez aztertuko baitira ikasleek barne eta kanpoko ebaluazioetan lortutako ikaskuntzaren emaitzak, ikastetxearen ibilbideari eta erreferentziako beste adierazle batzuei dagokienez, aztertuta emaitza horiek zerk sortu dituen eta, hala badagokio, zer gabezia eta disfuntzio atzeman diren curriculumeko elementuen, elementu materialen, antolakuntzakoen eta pertsonalen funtzionamenduan.
Bukaerako memoria eskola-kontseiluak onetsi beharko du; eta hezkuntzaren, pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapenaren inguruko gaiak, berriz, irakasleen klaustroak.
Onetsi ondoren, ikastetxearen erreferentziazko ikuskatzailearen esku jarriko da bukaerako memoria, EDUCAren bidez, ekainaren 30a baino lehen.
6.–Gainbegiratzea.
Ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzaileak gainbegiratuko ditu UPOa eta Ikasturte Bukaerako Memoria, egiaztatzeko bat datozela indarreko araudiarekin eta ikastetxearen behar eta emaitzekin, eta, hala badagokio, eskatuko du behar diren zuzenketak eta doikuntzak egitea.
7.–UPOaren eranskinak.
Eranskin gisa sartuko dira programazio didaktikoen adostasun agiriak.
UPOarekin batera, aurkeztu behar dira programazio didaktikoen adostasun agiriak, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak. Hortaz, ikastetxeei dagokie programazio horiek gordetzeko ardura. Dena dela, beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak programazioa berariaz eskatzen ahalko du, irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartzen direlako, kalifikazioen erreklamazio kasuetan, analisi estatistikoak egiteko edo beste arrazoi batzuengatik.
EDUCAn egonen dira eskura, UPOan, eranskin gisa, programazio didaktikoen adostasun ereduak.
B) Urteko Programazio Orokorraren gaineko azalpenak.
1.–Irakurtzeko konpetentzia indartzeko plana.
Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren (LOMLOE) bidez aldatutako Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak garrantzi handia ematen dio irakurmena sustatzeari, ikaskuntzaren kalitatea bultzatzen duen faktore bat baita. Ezinbestekoa da ikastetxearen hezkuntza-proiektuan (121.2 artikulua) irakurketa plan bat egotea; gainera, ikastetxearen arlo guztiak barne hartzen ditu. Irakurketa plana tresna dinamiko bat da, zeinak ikastetxearen jarduera guztiak barne hartzen baititu irakurmena sustatzeko. Hari esker, posible da irakurtzeko konpetentzia irakasteko plangintza zorrotz eta sistematikoa egitea, eta, era berean, barne hartzea ikasleek irakurtzeko ohitura izan dezaten sustatzeko beharrezko neurri eta jarduketak.
Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak, lurralde arteko lankidetza planen bidez, jarraitzen du baliabideak bideratzen irakurtzeko konpetentzia indartzeko, eta plan horien barnean autonomia-erkidegoek gauzatu beharreko jarduketak ezartzen ditu. Esparru horretan, hauek dira Nafarroako Foru Komunitateak gauzatu beharreko jarduketak:
–Irakurtzeko konpetentziaren aholku taldeak lanean jarraituko du 2026-2027 ikasturtean.
–HLHIP bakoitzean, zuzendaritza-taldeak koordinatzaile izendatzen duen langileak 2 eskola-orduko murriztapena izanen du. Ikastetxeak AG eta BD hizkuntza ereduak baditu, eredu bakoitzeko koordinatzaile bakoitzak 2 orduko murriztapena izanen du; hau da, ikastetxeak 4 ordu izanen ditu esleituta. Bi orduak esleitu beharko zaizkio arlo horretan irakasle-esperientzia izanen duen pertsona bakar bati, zeinak, oro har, ikastetxean behin betiko destinoa izanen baitu eta planaren koordinatzaile lanetan aritua izanen baita. Haren eginkizunak lotuta egonen dira irakurketa plana kudeatzearekin eta informazioa ikastetxeko irakasle-taldeari helaraztearekin.
Ikastetxeek bermatu beharko dute bi ordu horiek ostegunetako lehenengo bi saioetan esleitzen direla, pertsona horrek parte hartu ahal dezan, beharrezkoa denean, aurrez aurre zein telematika bidez, prestakuntza jardueretan, esperientzia eta jarraipen trukaketetan eta prozesu komunen ebaluazioan.
2026-2027 ikasturtean, ikastetxeek jarraituko dute ikastetxearen irakurketa plana egiten, zeina urteko programazio orokorrean sartuko baita, "Ikasturtean garatu beharreko beste proiektu, programa eta plan instituzional batzuk" atalaren bidez. Zuzendaritza-taldeak izendatzen duen koordinatzaileak izanen du jarraipenaren ardura. 2026-2027 ikasturtean, aurrera jarraituko da Haur Hezkuntzako 2. zikloan eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan egindako lanarekin, eta Lehen Hezkuntzako 6. mailara arte luzatuko da. Irakurketa planaren inguruan adostutako guztia programazio didaktikoetan islatu beharko da, ikasgelan praktikan jar dadin.
Ikastetxearen irakurketa plana etengabe aztertu eta eguneratu behar da, eta horretarako ikastetxeak eskuragarri izanen du irakurtzeko konpetentziaren aholku taldearen laguntza. Talde horrek materialak eta dokumentazioa jarriko ditu ikastetxeen esku eta, hala badagokio, koordinatzaileei prestakuntza emanen die.
Aholku talde horrek ikastetxeen planak berrikusi eta baliozkotuko ditu; plan horiek amaituta egon beharko dute ikasturte amaierarako.
2.–Matematika konpetentzia indartzeko programa.
Lehen Hezkuntzako arlo guztietan matematika konpetentzia hobetzearren, Hezkuntza Departamentuak jarraituko du matematika konpetentzia indartzeko programa bat sustatzen 2026-2027 ikasturtean. Programa horren testuinguruan, Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak matematika konpetentzia indartzeko lurralde arteko lankidetza programak sustatu zituen, irailaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofizialeko 2024/18008 Ebazpenaren bidez.
Programaren berariazko helburuak hauek dira:
–Ikasleei arreta pertsonalizatua ematea.
–Lan egitea matematika konpetentziaren genero-arrakala murrizteko.
–Matematika konpetentzia ikasteko metodologien eta estrategien gaineko prestakuntza ematea hezkuntza-administrazioetako aholku taldeei, koordinatzaileei eta ikastetxeetako irakasleei.
–Ikastetxeei aholkularitza eta laguntza ematea, matematika konpetentzia hobetzeko planak gara ditzaten.
Horrela, 2026-2027 ikasturtean, jarduketak eginen dira Lehen Hezkuntzako 42 ikastetxetan, matematika konpetentzia indartzeko programa finkatu eta garatzeko, prestakuntza jarduerak eskainiko zaizkie matematika ematen duten irakasleei eta aholkularitza espezifikoa emanen du Hezkuntza Departamentuak arlo horretako irakasle espezialisten bidez. Aholku talde horiek arduratuko dira ikastetxeetan prestakuntza jarduerak antolatzeaz, koordinatzeaz eta, hala badagokio, emateaz, beharrezkoak direnak ikastetxean jasotako prestakuntza helarazteko.
Gainera, ikastetxeak gidatu, aholkatu eta lagunduko dituzte matematika konpetentzia indartzeko programaren diseinuan, ezarpenean eta ebaluazioan, eta jarraibideak ezarriko dituzte matematika konpetentzia eta haren ebaluazioa hobetzeko.
Horrez guztiaz gain, ikastetxe bakoitzeko zuzendariak arduradun bat hautatu beharko du, matematika konpetentzia indartzeko programa koordinatu dezan. Arduradun hori orotariko irakasle bat izan beharko da, ahal dela, ikastetxean behin betiko destinoa duena eta irakasgai horretan irakasle lanetan aritutakoa. Hizkuntza eredu bakoitzean, MKIPeko koordinatzaile bakoitzak 4 eskola saioko lanaldi-murrizketa izanen du, programa ezartzeko. Koordinatzaile hori arduratuko da bere ikastetxean matematikaren metodologiaren aldaketa sustatzeaz, eta matematika ematen duten irakasleei laguntza emanen die, baliabideei, etengabeko prestakuntzari eta irakaskuntza-eguneratzeari dagokienez, arreta berezia eskainiz sartu berri diren irakasleei. Ikastetxean programa ezartzeko behar den prestakuntza eskuratzeaz arduratuko da, eta horretarako, parte hartuko du aholkulariek irakasle koordinatzaileentzat antolatutako prestakuntza jardueretan eta beste prestakuntza batzuetan. Era berean, arduratuko da ikastetxean matematika konpetentzia hobetzeko plan bat egin, koordinatu eta garatzeaz, ikastetxeko proiektuei lotuta egonen dena, eta ikastetxean matematika ematen duten irakasleen kateko prestakuntza dinamizatzeaz. Koordinatu beharko da eskolako ordutegitik kanpo laguntza-eskolak ematen dituzten irakasleekin, halakorik balego, jarduera horiek programarekin bat datozela ziurtatzeko.
Matematika konpetentzia indartzeko programako (MKIP) koordinatzaileek 12 orduko prestakuntza espezifikoa jasoko dute lana behar bezala egin ahal izateko, eta ikastetxeek prestakuntza instituzionaleko orduen barnean sartuko dute prestakuntza hori. Halaber, aholku espezifikoak jasoko dituzte beharrezkoa dutenean.
Ikastetxeek bermatuko beharko dute lehenengo 4 saioak esleitzen direla ostegunetan edo ostiraletan, MKIPeko aholku taldeak zer egun esleitu dion ikastetxeari, koordinatzaileek parte hartu ahal dezaten, beharrezkoa denean, aurrez aurre zein telematika bidez, prestakuntza jardueretan, esperientzia eta jarraipen trukaketetan eta prozesu komunen ebaluazioan. Egun hori ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzari jakinaraziko zaio, ahalik eta lasterren. Aste batean prestakuntza jarduerarik ez badago, saio horietan Hezkuntza Departamentuko aholku taldearekin adostutako jarduerak eginen dira. Bestalde, ikastetxearen beraren zereginak, planak eta proiektuak edo Hezkuntza Departamentuak proposatutakoak egiteko irakastorduetako bat erabiliko da koordinazio funtzioa egiteko.
Azkenik, 2026-2027 ikasturtean zehar, Hezkuntza Departamentuak prestakuntza jarduera espezifikoak eskainiko ditu, matematikako irakasleei zuzendutakoak, matematikaren ikasgelan zuzenean aplikatzen ahal diren irakaskuntza-prozesuak eguneratzeko tresnak emateko.
3.–Aniztasunari erantzutea.
Ikastetxea da, bere osotasunean, bertako ikasle guztien aniztasunari erantzun inklusiboa eta hezkidetzan oinarritua emateko arduraduna, eta, horretarako, konpromiso irmoa erakutsi behar du bikaintasunaren, berdintasunaren eta genero-berdintasunaren printzipioekin, hezkuntza inklusiboaren oinarri diren aldetik.
Ikasleen aniztasunari ahalik eta egokien erantzuteko, funtsezkoa da irakasle-talde osoaren lana. Ardatz izanen du hautematea ikaskuntzarako sarbidea oztopatzen duten trabak, eta adierazi behar du zein diren horiek ezabatzeko helburuak (inklusio planean eta hobekuntza planean jaso beharko dira helburuok).
Ikasleen premiei erantzuteko jarduerak eta neurriak inklusio planetatik abiatu behar dira. Hura eta antolaketa neurriak zehazteko, kontuan hartuko da hezkuntza laguntzako unitatearen eta orientazio departamentuen esparruan ezarritako proposamen teknikoa, eta bermatuko da zuzendaritza-taldeak betetzen eta garatzen duela.
Jaso beharko da zer sarbide neurri eta jarduketa hartuko diren hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik oztopoak dituzten ikasleei erantzuteko. Familiei neurri horien berri emanen zaie.
Arreta handiz zainduko da Hizkuntzaren Estimulazio eta Prebentzio Programa garatzea Haur Hezkuntzako etapan eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan, bai eta inklusio planean jasotako prebentzio-neurri guztiak ere.
Inklusio planaren zehaztapena bidali behar da Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, urriaren 31 baino lehen.
3.1. Antolaketari dagozkion alderdiak.
Ikastetxeak koordinazio bide eraginkor bat ezarriko du, bermatzeko irakasle-talde osoak koherenteki jokatzen duela, ikasleei hezkuntza arreta inklusiboa ematean, hezkidetzan oinarritutakoa, eskola-ibilbide osoan. Arreta inklusiboa landu beharko da ikastetxeen antolaketa egitura guztietan.
Baliabideak ekitatea eta inklusioa kontuan izanik kudeatu eta antolatuko dira. Baliabideak planifikatzeko, hornidura egiteko eta kudeaketa unitateek hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze indizea kalkulatzeko, urtarrilaren 31n EDUCA aplikazioan zeuden datuak hartuko dira kontuan.
Irakasle-taldeak, tutorea buru duela, hezkuntzaren, metodologiaren, antolamenduaren edo curriculumaren neurriak ezarriko ditu, hezkuntza laguntzako unitateak edo orientazio departamentuak aholkatuta.
Koordinazioa jarraitua izanen da, egin daitezen gauzatutako jarduketen jarraipen xehea, doikuntza eta ebaluazioa, kontuan hartuz noiznahi detektatzen ahal direla ikasle guztiek aurrera egitea eragozten duten oztopoak.
Neurriak hartzeko, Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsalaren (IDU) ikuspegia eta proposamen inklusibo guztiak hartuko dira kontuan.
Premiak goiz hauteman ahal izateko, gomendatzen da Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroak horren beharra duten ikasleendako prestatutako protokoloak erabiltzea.
Irakasle espezialistek (Pedagogia Terapeutikoko irakasleak, Entzumena eta Hizkuntzako irakasleak eta Lehen Hezkuntzako laguntzako irakasleak) parte hartuko dute indarrean dagoen araudiari jarraituz, ikastetxeko inklusio planean ezarritakoaren arabera, eta aukera inklusiboenak bultzatuko dira hezkuntza-erantzunerako.
Salbuespen gisa ikasgela arruntetik kanpo laguntza ezarri beharra justifikatu behar denean, erabaki horren arrazoia edo xedea, lortu nahi diren helburuak eta testuinguru arruntean premia horiei erantzuteko dagoen ezintasunaren zergatia zehaztuko dira. Era berean, zehaztu egin behar da zenbat denborarako aurreikusten den esku-hartze hori, kontuan hartuta ikasgelatik kanpoko saioen kopurua ahalik eta txikiena izan behar dela.
Hezkuntza premia bereziak izanik ikastetxe arruntean oztopoak aurkitzen dituzten ikasleei eginen zaie egitura espezifikoetarako sarbidearen proposamena, ezarritako irizpideak betez, arlo horretan neurriak eta jarduketak agortu ondoren.
Kasu horietan guztietan, dagozkion txostenetan agerian utzi beharko dira zein diren neurri eta jarduketa agortu horiek eta ohiko eremutik bete ezin denetik zer eskaintzen dien proposatutako egiturak ikasleei.
Ikastetxea aldatzea dakarren neurri edo egitura bat proposatzeko, kasu berezia izan behar da, eta aniztasunari erantzuteko bide arrunt guztiak agortu ondoren ezarriko da hori. Eskolatze aldi arruntean kudeatu beharko da, horretarako ezarritako protokoloak zorrotz beteta.
Egitura espezifikoen programazio didaktikoak ikasgelako tutoreen erantzukizuna dira.
Curriculumaren egokitzapen esanguratsuak arlo bakoitzeko irakasleen erantzukizuna dira; horien berri eman behar diote egokitzapenak dituzten ikasleen taldeko tutoreari.
Hezkuntza orientazioko langileek programazioak eta curriculum egokitzapenak egiten lagunduko diete irakasleei, eta aholkuak emanen dizkiete.
Irakasle-talde osoari dagokio ikasleen autonomia garatzea.
Hezkuntza laguntzako langile espezialistekin elkarlanean definituko eta aplikatuko da Autonomia pertsonaleko eta gizarte integrazioko programa, ikaslearen autonomia, garapen pertsonala eta curriculumean sartzeko aukerak sustatze aldera.
Koordinazio egokia egin beharko da hezkuntza laguntzako espezialisten eta irakasle-taldea osatzen duten gainerako kideen artean. Horretarako, astean behin koordinazio saio bat ezarriko da profesionalendako, eskolaldian.
Oro har, lanaldi osoa ez duten hezkuntza laguntzako espezialisten ordutegiaren eguneroko saioak jarraian antolatuko dira, zerbitzuaren beharrizanengatik behar bezala justifikatzen diren ohiz kanpoko kasuetan izan ezik.
Hezkuntza laguntzako langile espezialista berriei dagokienez, ikastetxeak harrera eginen die, lan egiteko behar dituzten dokumentu nahikoak emateko eta eraikina erakusteko.
Espezialista horien ordutegia EDUCAn jakinarazi behar da, AZLei esleitutako postua deskribatzeko atalean.
3.2. Sare-lana. Esku hartzea absentismoaren aurrean.
Sare-lana ezarriko da hezkuntza-funtzioak bete daitezen kanpoko gizarte, osasun eta komunitate eragileekin koordinatuta. Protokoloetan eta indarreko araudian ezarritako baldintzak beteko dira horretarako. Informazio-trukea eginen da datu pertsonalak babesteko protokoloak kasu hauetarako ezarritakoaren arabera.
Eskola-absentismoan esku hartzean, beharrezkoa da batera eta testuinguruari begira jardun dezatela hezkuntza-komunitate osoak, oinarrizko gizarte zerbitzuek, Adingabeak Babes eta Sustapenerako Atalak eta Fiskaltzak.
Absentismoaren protokoloan, esku hartzeko lau maila zehazten dira, absentismoaren larritasunaren edo jarraitutasunaren arabera, baita maila bakoitzean gauzatu beharreko ekintzak ere. Esku hartzeko maila guztietan, ikastetxeak kasuen jarraipena egin beharko du, aldian behin egoeraren berri emanez eta koordinazio bilerak eginez sareko kideekin.
Jarraipen hori eraginkorra izan dadin, oso garrantzitsua da EDUCAn erregistra daitezela, ikasturte osoan, bidezko arrazoirik gabe ikastetxera ez agertzeak. Era berean, protokoloan ezarritako 2. mailara igarotzean, horren berri emanen zaio Inklusio Proiektuetarako Bulegoari helbide elektroniko honen bidez: proyectos.de.inclusion@navarra.es.
3.3. Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ).
Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ) hezkuntza inklusioaren arloko erreferentziazko kalifikazio handiko zentroa izanen da.
Arlo eta programetan egituratuta egoteak lagundu eta sustatuko ditu ikasle guztiek ikastetxeetan duten presentzia, parte-hartzea eta ikaskuntza.
Hezkuntza orientazioko langileen bitartez eskatuko da aholkularitza, eskaera hezkuntza-komunitateetako zeinek egiten duen kontuan izan gabe.
4.–Inklusio, berdintasun eta bizikidetza programak.
4.1. Inklusioa: PROA+ programa.
PROA+ programaren helburu nagusia da hezkuntza konplexutasun handieneko ikastetxeei laguntza instituzionala ematea, eta ikastetxe hauek dira programaren hartzaileak: funts publikoekin mantentzen diren eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Oinarrizko Hezkuntza (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta oinarrizko mailako heziketa zikloak) eta Batxilergoa ematen dutenak.
Ikastetxe horiek aparteko zuzkidura jasotzen dute, sareetan biltzen dira eta aholkularitza eta prestakuntza jasotzen dute Hobekuntza Plan Estrategiko bat eta zenbait jarduera garatzeko eta ezartzeko. Jarduera horiei palanka-jarduerak deritze, eta helburu dute antolakuntza-kulturan beharrezkoak diren aldaketak bultzatzea, bermatu ahal izateko ikasle guztiek eskola arrakasta izanen dutela, arreta jarrita, bereziki, ikasle guztien artetik egoera ahulenean dauden horietan.
4.2. Berdintasuna eta hezkidetza: Hezkidetza Plana eta SKOLAE programa.
SKOLAE programaren helburua da hezkidetza eraldatzea ikastetxeetan. Hezkuntza Departamentuak prestakuntza, baliabideak eta laguntza ematen ditu prozesu hori errazteko, eta, horrela, bermatzen du, hezkuntza etapa guztietan, irakasleek eskuratzen dutela hezkidetzarako konpetentzia profesionala, eta ikasleek, berdintasunez bizitzeko konpetentzia.
2026-2027 ikasturtean, programa orokortzen jarraituko da, ikastetxe berriak sartuko baitira. Ikastetxeen egoera honako hau izanen da, zer fasetan dauden:
a) Programaren nahitaezko etapetan dauden ikastetxeak (1., 2., 3. eta 4. faseak).
SKOLAE programa ikastetxe batean ezartzeko, antolaketa-egitura bat sortu behar da ikastetxe barnean, eta, horretarako, nahitaezko prestakuntza egin beharra dago, lau ikasturtez, gutxienez ere, eta bete beharko dira araudian ezarritako lau faseak.
Ikastetxe bakoitzean hezkidetza bultzatzeko talde bat sortuko da; 3 eta 8 kide artean izanen ditu, ikastetxearen ezaugarrien arabera, eta kide horien artean egonen dira zuzendaritza-taldeko pertsona bat eta hainbat ziklo eta arloetako irakasleak. Pertsona horietako bat koordinatzailea izanen da, eta sarean eginen diren bost saiotara bertaratu beharko du; hain zuzen, astearteetan, 12:00etatik 14:00etara, izanen dira, Hezkuntza Departamentuko SKOLAE taldeak adierazitakoaren arabera.
Bertaratu izanaren egiaztagiria jasotzeko, beharrezkoa izanen da sarean deitutako saioen %85era aurkeztu izana. Koordinatzailea ezin bada bertaratu, hezkidetza sustatzeko taldeko beste kide bat joaten ahalko da, ahal dela, zuzendaritza-taldekoa. Orobat, zuzendaritza-taldeak erraztasunak emanen dizkio koordinatzaileari ikastetxeko sarearen bileretara joateko. Horrenbestez, bilera horiek aintzat hartu behar dira ikastetxeko ordutegiak prestatzeko, ikastetxe publiko zein itunpekoetan.
Bestalde, ikastetxeko zuzendariak ordutegi bat ezarriko du, astean behin bil daitezen talde bultzatzaileko irakasle guztiak.
Klaustroa osatzen duten irakasle guztiek, ikastetxea 1., 2., 3. eta 4. faseetan badago, prestakuntza instituzionaleko 12 ordu gorde beharko dituzte hezkidetzari buruzko prestakuntza jasotzeko. Ikastetxea programa ezartzeko zer fasetan dagoen, prestakuntza hori banakakoa edo taldekoa izan daiteke, eta tutoretza online edo ikastetxean bertan egiten ahalko da. Edonola ere, dagokion informazioa bidaliko die Hezkidetza Bulegoak ikastetxe bakoitzari.
Hezkidetza bultzatzeko taldeko irakasleek, lehenengo urtean zehar, prestakuntza edo aholkularitza espezifikoa jasoko dute, ikastetxearen diagnostikoa eta hezkidetza identitatearen plan bat diseinatu eta garatzeko.
b) Ebaluazio fasea.
Lau faseak amaitutakoan, ikastetxea ebaluazio fasera igaroko da. Bertan, horretarako emandako tresnaren bidez, ikastetxearen hezkidetza identitatearen plana ebaluatuko da, eta ebaluazio horretan oinarrituta hurrengo lau ikasturteetako plana diseinatuko da. Bi ekintza horiek ikasturte berean zehar eginen dira.
Hartara, koordinatzaileak eskola-ordu bat izanen du liberatuta; izan ere, ikasturtean zehar Hezkidetza Bulegoak deitutako sareko bileretara bertaratu.
Ikastetxe bakoitzeko hezkidetza bultzatzeko taldearen ardura izanen da ekintza horiek guztiak gauzatzea, eta, horrenbestez, ikastetxeko zuzendariak astean behin bilera bateratu bat egiteko ordua ezarriko du hezkidetza bultzatzeko taldea osatzen duten irakasle guztiendako.
c) Programaren nahitaezko etapak amaitu dituzten ikastetxeak.
d) Sexu-hezkuntzako programa.
Ebaluazio fasea amaitu eta hezkidetza identitatearen plan berria prestatu duten ikastetxeek, 72/2021 Foru Dekretuan jasotakoari jarraikiz, hezkidetza bultzatzeko taldearen egitura eta funtzioak mantenduko dituzte, plana modu autonomoan garatzeko. Koordinatzaileak ez du ordurik izanen. Ikastetxe hauetan, SKOLAE I edo SKOLAE II banakako prestakuntza egin ez duten irakasleek horiek egiteko beharrezkoak diren 12 ordu gorde beharko dituzte. Nahiz eta ez den ikastetxeko irakasle guztiendako nahitaezko prestakuntza, nahitaezkoa izanen da hori jaso ez dutenendako. Ordea, bakoitzari dagozkion prestakuntza ikastaroetarako izen-ematea ikastetxeak berak kudeatu beharko du (zuzendaria, prestakuntzako arduraduna, ikasketaburua).
4.3. Bizikidetza: Laguntza Programa.
Hezkuntza Departamentuak, Laguntza Programaren eta ikastetxeen eskura jartzen diren beste baliabide batzuen bidez, bizikidetza planak egiteko orientazioa, prestakuntza eta aholkularitza emanen du.
Laguntza Programaren bidez, irakasleak arian-arian trebatuko dira hezkuntza emozionalean, gatazken konponketan, bitartekotzan, jardunbide errestauratiboetan, disrupzioaren ulermenean eta esku-hartzean eta beste eduki batzuetan. Hala, kalitate oneko prebentziozko esku-hartzea sustatuko da tratu ona falta denean eta ondoeza aurrez aurre dugunean, eta prebentzioaren eta arintzearen dimentsio bikoitza bermatuko da egoera horien aurrean.
Trebakuntza bi modutara egiten ahalko da: Alde batetik, Laguntza Programara batzen diren ikastetxeek prestakuntza jasotzen ahalko dute; lehenik, prestakuntza orokorra jasotzen ahalko dute bi urtez, eta, bigarrenik, hirugarren urte batez prestakuntza espezifikoagoa jasotzen ahalko dute. Laguntza Programaren prestakuntzak irauten duen hiru urteetan, ikastetxeek astean ordubete izanen dute programaren ondoriozko zereginak koordinatzeko.
Bestetik, Red Laguntza Sareak ikasturte bakoitzean emanen dituen saioen bidezko prestakuntza egonen da (programako prestakuntza bere garaian amaitu duten ikastetxeek osatzen dute Red Laguntza Sarea). Era berean, prestakuntza-pilulak eskaintzen ahalko dira Laguntza Programaren edukiei buruz.
Ikastetxe bakoitzaren Bizikidetza Planean curriculum eta antolaketa neurriak jasoko dira bizikidetza, tratu ona eta eskola giroa hobetzeko. Nabarmenduko da zein garrantzitsua den hezkuntza-komunitate osoa inplikatzea arlo horretan prebentzio lana egin eta tratu onak eta hezkuntza emozionala ikasteko, gatazkak konpontzeko, emozioen aldetik seguruak eta osasungarriak diren inguruneak sortzeko eta eskola jazarpena eta indarkeria modu guztiak desagerrarazteko konpromisoaren ikuspegitik.
Abenduaren 16ko 204/2010 Foru Aginduarekin bat, ikastetxe guztietan egon beharko da bizikidetzako arduradun bat, aipatu foru aginduan adierazitako funtzioak izanen dituena.
Arduradunak, ikastetxeko zuzendaritza-taldeak erabakitakoari jarraikiz, eta, hala badagokio, hark ikuskatuta, ongizatearen eta ikasleak babestearen koordinatzaile funtzioak bereganatzen ahalko ditu, funtzio horiek arautzen dituzten estatuko eta autonomia-erkidegoko araudiekin bat.
Ongizaterako eta babeserako koordinatzaileak, jardutean, bete eginen du datuen babesaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoa.
Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoaren webguneak zenbait baliabide, eredu, protokolo eta iradokizun jartzen ditu ikastetxeen eskura beren jarduketa plana zehazten laguntzeko eta berariazko erantzuna bideratzeko zenbait kasuren aurrean (suizidioak, dolua, ziberbizikidetza eta abar). Ikastetxe guztietan, Bizikidetza Plana eta haren urteko zehaztapena eguneratu beharko dira, eta egokituko dira bizikidetzari eta indarkeriaren prebentzioari buruzko indarreko araudira.
2026-2027 ikasturtean jarraituko dugu Laguntza Programa ezartzen eta horri buruzko prestakuntza ematen, gehienez ere eskatu duten eta hautatuak izan diren hamabost ikastetxetan (Haur Hezkuntzakoak, Lehen Hezkuntzakoak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak).
Era berean, 2025-2026 ikasturtean programa ezartzen hasi ziren ikastetxeek 2026-2027 ikasturtean zehar jarraituko dute prestakuntza egiten.
2026-2027 ikasturtean Laguntza Programako prestakuntza egiten jarraitzen duten ikastetxeek eskura izanen dute Bizikidetzarako Aholkularitzaren laguntza, baita programan aurretiaz prestakuntza eta esperientzia duten tutoreen laguntza ere.
Laguntza Programako prestakuntza eskaintzeaz gain, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetako langileei prestakuntza espezifikoa eskaintzen die jokabide suizidak dituzten ikasleei, dolu egoeran daudenei eta ikasle transexualei laguntzeko.
Prestakuntza espezifikoa ikastetxeen prestakuntza instituzionaleko planen baitan egin daiteke, edo ikasturtean zehar aurreikusi gabeko behar gisa antolatu daiteke.
5.–Ebaluazio diagnostikoak.
Ebaluazioa etengabeko hobekuntzari lotuta dago, eta funtsezko laguntza eta baliabidea da, gainera, errealitatea eta ikastetxeetan aurrera eramaten diren hezkuntza jarduketen ondorioak hobeki ezagutzeko. Alde horretatik, hobekuntza ildoak ezartzeko orduan, ikasleen barneko emaitzak (behar diren neurriak hartzeko informazio eta hausnarketa iturri izan beharko baitira) eta hurrengo puntuetan zehaztuko diren ebaluazioen emaitzak hartuko dira kontuan.
5.1. Lehen Hezkuntzako 4. mailako ebaluazio diagnostikoa.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 144. artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuak Lehen Hezkuntzako 4. mailan diagnostiko helburua duen ebaluazio bat garatzea ezarri du.
Ikastetxeek ebaluazio diagnostikoa eginen diete Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasle guztiei. Konpetentziak ebaluatzeko probak kanpoan prestatuko dira, eta ikastetxeetan aplikatu eta zuzenduko. Ebaluazio Atalak koordinatuko du ebaluazio hori.
Ikastetxeek egin beharreko lehenengo jarduketa galdetegi bat izanen da, ikastetxeko ISEKa kalkulatzeko. Urtarrilaren 18tik martxoaren 5era bitarte egin beharko dute galdetegia ikasleek. Zuzendaritza-taldeak ikuskatu eta bermatu beharko du prozesua zorrotz eta adierazitako epean betetzen dela; behar diren neurriak hartuko ditu ikasle guztiek bete dezaten galdetegia, eta nahikoa denbora emanen die edozein gertakari ebazteko.
Halaber, ikastetxeko zuzendaritza-taldea plangintzan arituko da eta behar diren neurriak hartuko ditu, bai proben aplikazioan bai zuzenketan, datu grabaketan eta txostenak entregatzean parte hartu behar duten irakasleek zeregin horiek beren lan ordutegian bete ahal izan ditzaten.
Ebaluazio horrek ikastetxeendako prestakuntza eta orientazio izaera duela kontuan hartuta, proben eta emaitzen azterketaren erantzukizuna irakasle guztiena da. Azterketa horretatik informazio garrantzitsua aterako da hezkuntza arretan detektatutako premietara egokitzeko.
Probak, oro har, maiatzaren 6, 7, 10 eta 11n eginen dira eta horien ordena behar adina denborarekin zehaztuko da. Hezkuntza Departamentuak jarraibideak emanen ditu proben aplikazioa eta zuzenketa arautzeko.
Ebaluazio diagnostikoan lortutako emaitzak ikastetxeen eskura jarriko dira, EDUCAn, bi informazio iturriren bitartez:
a) Emaitzen urteko txostena: txosten horri esker, ikastetxeak aztertu ahal izanen du zer puntuazio lortu duen konpetentzia bakoitzean eta zein izan den item bakoitzaren erantzun zuzenen ehunekoa. Gainera, ISEKaren arabera zenbatetsitako puntuak ezagutzen ahalko ditu.
b) Azken ikasturteetako emaitzen bilakaerari buruzko txostena: grafiko horiei esker ikastetxeak ikusi ahal izanen du zein izan den gaitasun bakoitzaren emaitzen joera azken ikasturteotan.
Ikasturtea bukatu aurretik, behar bezalako aurrerapenaz, zuzendaritza-taldeak iturri horietatik bildutako informazioa transmitituko du koordinazio pedagogikorako batzordearen bileran, gerora, zikloko koordinatzaileek ikastetxeko emaitzen berri eman diezaieten gainerako irakasleei.
Konpetentziak hobetzeko ardura ez da Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleak zuzenean prestatzen dituzten irakasleena soilik, guztiena baizik. Horregatik, ziklo guztiek aztertuko dituzte emaitzak, eta egoki irizten dizkioten hobekuntza proposamenak bilduko. Azterketa hori errazago egiteko, item bakoitzari buruzko informazio gehigarria egonen da horretarako prestatutako zuzenketa koadernoetan.
Hautemandako hobekuntza eremuak zein diren adieraziko da bai ikastetxearen hobekuntza planean bai eta zikloetako urteko lan planetan ere.
Eskola-kontseiluari emanen zaio horren guztiaren eta hartutako neurrien berri.
Ikastetxeek erabakiko dute noiz eta nola helarazi ikasleen txosten indibiduala familiei ikasturtea amaitu baino lehen. Gomendagarria da hori tutoretzaren testuinguruan egitea.
5.2. Barneko ebaluazioak ikasturtea bukatzean.
Aipatu ebaluazioez gainera, ikastetxeek barneko ebaluazio probak egin ahal izanen dituzte, etapa bukaerakoak Haur Hezkuntzan, eta ikasmaila bukaerakoak Lehen Hezkuntzan. Ikastetxeek pixkanaka-pixkanaka beteko dute barne ebaluazioa Hezkuntza Departamentuak mailaren edo etaparen ebaluaziorik egiten ez duen mailetan, eta aurreko ikasturteetan erabilitako probak egokitu ahal izanen dituzte.
Proba horiek bi helburu izanen dituzte:
–Alde batetik, ikaskuntzen koherentzia eta progresioa bermatuko dira etapan zehar.
–Bestetik, hiru hilean behin eginen den etengabeko ebaluazioaren ondorioz eta ikasturte bukaerako ebaluazio horien ondorioz, identifikatuko da zein ikasle dauden arriskuan eta jarraipen zorrotza eginen zaie etapan zehar.
6.–Eskolako liburutegiak.
Eskolako liburutegiak kudeatzeko plataforma Abies+ izanen da, zeinak AbiesWeb plataforma ordezkatzen baitu. Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak eginen du AbiesWeb-tik Abies+ plataformarako migrazioa.
Programatuko da eskolako liburutegien prestakuntza egitea eta Abies+ plataforma erabiltzeko materialak ematea.
Era berean, informazio saioak antolatuko dira "Odisea" plataformaren erabilerari buruz (eskolako liburutegi digitala), baita prestakuntza-ibilbide bat ere plataforma horren aukera pedagogikoei buruz.
Eskolako liburutegiaren kudeaketaren arduradunei eskola-ordu gisa kontatuko zaizkien ordu batzuk esleitu ahal izanen zaizkie eskola liburutegiarekin loturiko kudeaketa informatikoa eta dinamizatze proiektuak egiteko, betiere, ikastetxeko ordutegia kontuan hartuta.
Eskolako liburutegiko arduradunen eginkizuna izanen da honako zeregin hauek egitea:
–Funts bibliografikoak eta bestelako materialak automatizatzea eta antolatzea.
–Mailegu sistema antolatzea.
–Irakurketaren sustapenari eta irakurzaletasuna bultzatzeko ikastetxearen planari lotutako ekintzen sustapena.
–Liburutegiaren aldetik laguntza ematea ikastetxean antolatzen diren programak eta proiektuak egiteko orduan.
–Liburutegiko ordutegia antolatzea bai eskola-orduetan bai eskolaz kanpokoetan.
–Ikasleen eta irakasleen artean sustatzea formatu digitaleko irakurketa eta irakurriaren ulermenaren hobekuntza "Odisea" eskolako liburutegi digitalaren bidez.
7.–Ikastetxeko hizkuntza proiektua.
Otsailaren 19ko 16/2019 Foru Aginduak Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua arautzen du, eta lau urteko epea ezarri zuen proiektua prestatzeko. Epe hori amaitzean, ikastetxearen hizkuntza proiektua etengabe berrikusi eta eguneratu beharreko dokumentua izanen da; horretarako, ikastetxeek Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren laguntza izanen dute. Era berean, honako esteka honetan orientazio gida bat izanen dute eskura:
https://sites.google.com/educacion.navarra.es/plcnavarra/plcihp
Curriculumeko hizkuntzei dagokienez, ikastetxeek EDUCA kudeaketa sisteman honako hauek zehaztu beharko dituzte:
–Maila bakoitzean arlo bakoitza zein hizkuntzatan ematen den (Ikastetxea menua > Ikasketa plana > Irakasgaiaren hizkuntza).
–IHPa nork koordinatzen duen (Langileak menua > Irakasleak > Lanpostu osagarriak).
–Atzerriko hizkuntzak ikasteko programa nork koordinatzen duen: Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programa (Langileak menua > Irakasleak > Lanpostu osagarria).
8.–Atzerriko hizkuntzak ikasteko programak.
Apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Lehen Hezkuntzako etapa amaitzean ikasleei beren hizkuntza konpetentziari buruzko orientaziorako aholku bat emanen zaie, DBHn hautatu beharreko atzerriko hizkuntzetan ikasteko programei dagokienez (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautzen ditu). Berariaz horretarako diseinatutako tresna bat, EDUCAn txertatua, erabiliko dute atzerriko hizkuntzetan ikastetxeko programak dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxeek erabiliko dute horretarako diseinatzen eta EDUCAn txertatzen den tresna, Bigarren Hezkuntzako aurreinskripzioak egiteko prozesuaren aurreko epe batean. Orobat, familiei orientazioko aholku horren berri emanen zaie, tutoretzen bitartez.
II.–ANTOLAKETA ALDERDIAK
1.–Lehen Hezkuntzako etaparen antolamendua: zikloak, arloak eta esparruak.
Oro har, etapako ikasmailak arloka antolatuko dira. Hala ere, ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, esparruka lan egin ahal izanen dute, irakasleen klaustroak aldez aurretik onetsita. Ondorio horietarako, 2027-2028 ikasturtean curriculum antolaketa esparruka hasi nahi duten ikastetxe guztiek Ikasketak Antolatzeko Atalari jakinarazi beharko diote 2027ko apirilaren 15a baino lehen (ordenacion.academica@navarra.es), honako hauek kontuan izanik:
–Esparruka lan egiteko modalitate horri heltzen dioten ikastetxeek ezarri beharko dituzte, batera ezarri ere, "Esparru Linguistikoa" edo, hala badagokio, "Esparru Linguistikoa, Atzerriko Bigarren Hizkuntzarekin", eta "Esparru Matematikoa eta Zientzietakoa".
–Esparruka lan egiteko aukera etapako edozein ikasmailatan aplikatzen ahalko da, eta ikasmaila bereko talde guztietan aplikatu beharko da.
–Ikasketak Antolatzeko Atalari zuzendutako jakinarazpenean, adierazi beharko da zein den ikastetxearen izena eta zer ikasmailan edo ikasmailatan eginen duten lan esparruka.
Era berean, eta arestian deskribatutako baldintza berberei jarraikiz, 2026-2027 ikasturtean antolamendua esparruka ezarrita duten ikastetxeek, epe berean eta modu berean jakinarazi beharko dute horri buruzko edozein aldaketa. Horren gaineko berririk jasotzen ez bada, ulertuko da ez dela aldaketarik izan antolamenduan, eta 2027-2028 ikasturtean aplikatuko da.
2.–Programazio didaktikoak.
Programazio didaktikoak prestatzeko, eskura izanen dira orientatzeko gida bat eta programazio-eredu irekiak, eskola kudeaketako EDUCA sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Programazioak).
Programazio didaktikoak, ahal dela, EDUCAren aplikazioan bertan eginen dira, horretarako prestatutako txantiloi bat erabiliz.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak arloen eta, hala badagokio, arloen programazio didaktikoen prestaketa gainbegiratuko du, eta bereziki begiratuko du LOMLOEn aurreikusten diren elementu berriak sartzen diren (konpetentzia espezifikoak, oinarrizko jakintzak, ikaskuntza-egoerak, etab.).
3.–Gainditu gabeko arloak eta barrutiak berreskuratzeko prozesuen kalifikazioen eskala.
Gainditu gabeko arloak eta, hala badagokio, barrutiak ebaluatzeari dagokienez, eman beharreko kalifikazioak bat etorri beharko du Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 12ko 52/2023 Foru Aginduaren 11. artikuluan xedatutako kalifikazioen eskalarekin, termino hauek erabiliz: gutxiegi (G), kalifikazio negatiboetarako; nahikoa (N), ongi (O), oso ongi (OO) eta bikain (B), kalifikazio positiboetarako. Horretarako, kontuan hartuko dira zikloko taldeek kalifikazioa egiteko adostutako irizpideak, arlo edo esparru guztietan kalifikazio prozedura homogeneoa bermatzearren. Hiruhileko errekuperazioei eta gainditu gabeko arlo edo barrutiak ebaluatzeari dagokienez, eman beharreko kalifikazioak bat etorri beharko du aipatutako eskalarekin. Hala, kalifikazioen eskala hori ezin izanen da ez mugatu ez murriztu, eta ikasleei ondoren adierazitako kalifikazioen eskalako terminoei jarraikiz jarri beharko zaie dagokien nota.
4.–Lanaldia.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, izanen dute Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera, beren eginkizunetara egokitua.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi jarraitua egin beharko dute irakasleek.
Ekitatean eta hezkuntza kalitatean aurrera egiteko itunak jasotzen duenez, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleek eta antzekoek, lanaldi osoa egiten badute, astean gehienez ere 19,5 zuzeneko irakaskuntza-ordu izanen dituzte ikasleekin. Irakastordutzat jotako gainerako orduak honelakoetarako baliatuko dira: tutoreen arteko koordinaziorako Haur eta Lehen Hezkuntzan, koordinazioak egiteko, bizikidetzarako, liburutegirako, teknologia berrietarako eta beste eginkizun, plan eta proiektu batzuetarako, izan Hezkuntza Departamentuak proposaturikoak izan ikastetxearenak berarenak, zikloko taldeetatik edo irakasle-taldeetatik datozenak barne hartuta, baldin eta horrek ez badakar astean denbora gehiago ematea.
5.–Irakasleen ordutegia prestatzea eta onestea.
Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuak, zeina aldatu baitzuen uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriak, ezartzen du ezen irakasleen ordutegiak ikasketaburuak prestatu behar dituela, ikastetxeko zuzendariak onetsi behar dituela eta EDUCA kudeaketa programaren bitartez jakinarazi behar direla irailaren 30erako. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, hamabost eguneko epea izanen du.
Ordutegiak prestatzeko, eskola kudeaketako EDUCA sisteman eskuragarri daude laguntza dokumentuak, kontratuen ordutegi-taula eta irakasleen ordutegiaren kontzeptuak (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Irakasleen ordutegia).
Halaber, eskola kudeaketako EDUCA sisteman zehaztuko da egoitzaren ordutegia, zenbaketa moten erlaitzean "denbora erreala" hautatuta (Ikasturtea > Ordutegia > Egoitza zehaztea > Ordutegiak kudeatzea > Zenbaketa mota > Denbora erreala).
Irakasleen asteko ordutegia antolatzeko, aintzat hartuko dira zuzeneko irakaskuntza-orduak, eskola-ordu gisa kontatzen direnak eta osagarriak; zehazki, eskolaldiaren modalitatearen araberako ohar hauek hartu beharko dira kontuan:
–Irakasleen asteko lanaldia, eskolaldi zatitu eta malguko modalitatean:
Irail eta ekainean, irakasleek 25 orduko asteko lanaldia izanen dute: eskola-ordutzat hartutako 20 ordu, eta asteko lanaldiko 5 ordu osagarri.
Urritik maiatzera bitarte, irakasleek 31 orduko asteko lanaldia izanen dute: eskola-ordutzat hartutako 26 ordu, eta asteko lanaldiko 5 ordu osagarri.
IRAKASLEEN LANALDIAREN LABURPEN KOADROA (Lanaldi osoan): Haur eta Lehen Hezkuntza, eskolaldi zatitu eta malgua | ||
ZUZENEKO IRAKASKUNTZA 50 minutuko 23 saio | ESKOLA-ORDU GISA KONTATZEN DIREN ORDUAK 50 minutuko 5 saio + jolasaldiko 2,5 ordu | OSAGARRIAK, ASTEAN ZENBATU 5 ordu |
–Ikasleei eskola edo irakaskuntza ematea. (225/1998 Foru Dekretuaren 6. a) artikuluan zehaztutako lanetarako). | 225/1998 Foru Dekretuaren 6. b) artikuluan zehaztutako lanetarako. | –2 ordu: Ikasketa Proiektua prestatu eta berrikustea, eta prestakuntza (Curriculum Proiektua). –Ordu bat: bilerak eta elkarrizketak familiekin (TP). –Ordu bat: koordinazio bilerak (KOOR). –Ordu bat: klaustroak eta ebaluazio saioak (K+E). |
ASTEKO ORDUTEGIA: Eskola ordutegia [23 saio (zuzeneko irakaskuntza) + 5 saio (eskola-ordu gisa kontatua) + 2,5 ordu (jolasaldiak)] 26 ordu + 5 orduko ordutegi osagarria: astean 31 ordu.
–Irakasleen asteko lanaldia, eskolaldi jarraituko modalitatean:
Ikasturte osoan zehar, irakasleek 30 orduko asteko lanaldia izanen dute: eskola-ordutzat hartutako 25 ordu, eta asteko lanaldiko 5 ordu osagarri.
Ikastetxeek ikasleei arratsaldez arreta emateko jardueren programa bat garatu beharko dute, irailerako eta ekainerako izan ezik. Jarduerok astelehenetik ostegunera eginen dira, 45 minutuko saio bakar batean. Ikastetxe publikoetako irakasleek ikasleei arratsaldez arreta emateko jardueretako arduradun eta dinamizatzaile gisa ematen dituzten orduak eskola-ordutegiak izanen dira. EDUCAn IAAEJ (ikasleei arratsaldez arreta emateko jarduera) gisa erregistratuko dira.
IRAKASLEEN LANALDIAREN LABURPEN KOADROA (Lanaldi osoan): Haur eta Lehen hezkuntza, eskolaldi jarraitua | ||
ZUZENEKO IRAKASKUNTZA 19,5 ordu | ESKOLA-ORDU GISA KONTATZEN DIREN ORDUAK 5,5 ordu: 45 minutuko 4 saio + jolasaldietako 2,5 ordu | OSAGARRIAK, ASTEAN ZENBATU 5 h |
–Ikasleei eskola edo irakaskuntza ematea. (225/1998 Foru Dekretuaren 6. a) artikuluan zehaztutako lanetarako). | 225/1998 Foru Dekretuaren 6. b) artikuluan zehaztutako lanetarako. | –2 ordu: Ikasketa Proiektua prestatu eta berrikustea, eta prestakuntza (Curriculum Proiektua). –Ordu bat: bilerak eta elkarrizketak familiekin (TP). –Ordu bat: koordinazio bilerak (KOOR). –Ordu bat: klaustroak eta ebaluazio saioak (K+E). |
ASTEKO ORDUTEGIA: Eskola ordutegia [19,5 ordu (zuzeneko irakaskuntza) + 4 saio (eskola-ordu gisa kontatua) + 2,5 ordu (jolasaldiak)] 25 ordu + 5 orduko ordutegi osagarria: astean 30 ordu.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak irakasleen asteko ordutegiaren banaketa zuzena den ikuskatuko du (zuzeneko irakaskuntzan emandako orduak, eskola-orduak eta jarduera osagarrien orduak).
6.–Zuzendaritza-taldeen koordinazioa.
Ikastetxeen arteko koordinazioa handitzeko eta prestakuntza programetan parte hartzea areagotzeko, zuzendariak, ikastetxeko aukeren arabera, astearte goizak eskola-ordurik gabe izan ditzake, zeregin horiek gauzatzeko.
7.–Irakasleak eta ikastetxeko langileak lanera ez agertzea.
Aldi baterako ezintasun batengatik norbait lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolak Hezkuntza Departamentuko web-orrian ezarritakoari jarraituko dio:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Aldi baterako ezintasun egoerak jakinarazteko ezarritako epeak betetzen ez badira, ikastetxeko zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudiak ezarritakoaren arabera jardun dezan. Irakasleari ere horren berri eman behar zaio idatziz.
Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.
Parteak bidaltzean izandako edozein gorabehera jakinarazteko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.
Ikastetxeetan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEko nahiz Gizarte Segurantzako langileek, zuzendaritza-talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.
Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun ondoriozko baja egoerak jakinarazteaz gainera, 72 orduko epean egin behar dela, gehienez, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarendako lizentzia tramitatzeko komunikazioa, ezarritako prozedurari jarraikiz.
Ordezkapen egoeretan, ordezkoa ez bada egokitu zaion lanpostuan hasten, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, ikastetxeko zuzendaritzak hutsegitearen txosten bat bidaliko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, plaza berriz eskain dadin. Ordezkapen kontratuaren Gizarte Segurantzako afiliazioaren alta tramitatu bada, Gizarte Aseguruen Atalak eskatuta, zuzendaritza-taldeak hutsegiteari buruzko txosten bat egin beharko du, alta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian alta baliogabetzeko. Ondoren, seccion.seguros.sociales@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko du.
Ikastetxeetan EDUCA aplikazioko kudeaketa sisteman erregistratu beharko dira ikastetxeak berak emandako baimenak. Norberaren aferetarako baimena ematerakoan, EDUCA kudeaketa sisteman (Langileak menua > Irakasleak > Berria / Hutsegiteak ikusi) ikus daiteke zenbat ordu hartu duen irakasle bakoitzak ikasturte berean, kontratu bat baino gehiago izan arren.
8.–Zaintza.
Hona hemen zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak:
–Arreta ematea irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik libre gelditzen diren ikasleei.
–Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera zaintzea. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.
–Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
–Beren zaintza-orduetan, irakasleak eskoletara, zaintza txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara berandu joan izanaren edo joan ez izanaren berri ematea ikasketaburuari, idatziz.
–Ikastetxeko zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.
Ikastetxeko zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten zaintza-orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta zaintza-ordu guztiak beteta badaude.
EDUCA aplikazioak modulu bat du irakasleen zaintza-orduak kudeatzeko, eta hura erabiltzea gomendatzen dugu. Ikasgelako koadernoaren agendarekin lotuta dago, egin beharreko jarduerak jakinaraztea errazten du, zaintzako irakasleak izendatzeko aukera ematen dio zuzendaritza-taldeari eta prozesuaren estatistika bat eskaintzen du.
9.–Irakasle ibiltarien joan-etorrien gastuak.
Oinarrizko ikastetxeetako zuzendaritzek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinaraziko diote, epe barruan jakinarazi ere, zer joan-etorri egiten dituzten beren irakasle ibiltariek (irakasleek, orientatzaileek eta logopedek) ikastetxekoaz bestelako herrietara, funtzionamenduaren txantiloian jasotako plangintzari jarraikiz.
Egoera orria edo fitxa urriaren 31 baino lehen igorriko da, oinarrizko ikastetxeko zuzendariak eta irakasle ibiltariak beteta.
Irakasleen ibiltaritzak jakinarazteko dokumentazioa, jarraibideak eta hileko joan-etorrien fitxa eta formularioa eskuragarri egonen dira eskola kudeaketako EDUCA sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Ibiltaritzak).
Gainerako joan-etorriak bilerak deitzen dituen zerbitzuaren bidez kudeatuko dira. Joan-etorri horien barnean egonen dira orientazioa koordinatzeko bilerak, Landa Eskolen Sareko bilerak eta landa eskolen koordinazio taldeen bilerak.
10.–Hezkuntza digitalizatzea.
Hezkuntza Departamentuak irakasle sartu berrien eskura jarriko du irakaskuntzan aritzeko oinarrizko tresna digitalei buruzko prestakuntza. Zuzendaritza-taldeak prestakuntza instituzional gisa ezartzen ahalko du hori irakasle sartu berriendako.
10.1. Konpetentzia digitala eta hezkuntza teknologia.
Ikastetxeko plan digitala urteko programazio orokorraren planetako bat da, eta, beraz, ikasturte bakoitzean eguneratu beharko da. Zuzendaritza-taldeak izendatzen duena arduratuko da planaren jarraipena egiteaz. Pertsona hori ikasNOVA-IPD arduradun gisa agertuko da EDUCAn.
Ikastetxe guztiek SELFIE galdetegia edo antzeko bat bete beharko dute, gutxienez bi urtean behin, ikastetxearen plan digitalean (IPD) jasotako ekintzak ebaluatzeko. Funts publikoekin finantzatutako zentro guztiek IPDko arduradun bat izanen dute, EDUCAn ikasNOVA-IPD arduradun gisa agertuko dena. Lanpostu hori pertsona bakar batek bete beharko du. Komeni da lanpostuan aritzen denak irakaskuntzako konpetentzia digitalean (IKD) B2 maila izatea gutxienez.
Ikastetxe publiko bakoitzak hezkuntza teknologiaren koordinatzailea izanen du, eta pertsona hori hala identifikatuta egonen da EDUCAn. Komeni da hezkuntza teknologiaren koordinatzaile lanpostuan aritzen denak irakaskuntzako konpetentzia digitalean (IKD) B2 maila izatea gutxienez.
Ikastetxeei gomendatzen zaie asteazkenak 9:00etatik 10:30era erreserbatzeko, arduraduna eskuragarri egon dadin, beharrezkoa denean, aurrez aurre zein telematika bidez eta ordutegi orokorraren barruan, parte hartzeko prestakuntza jardueretan, esperientzia trukaketetan eta prozesu komunen jarraipenean eta ebaluazioan. Edonola ere, prestakuntza guztiak grabatuko dira, edozein momentutan ikusi ahal izateko.
Matxura informatikoak erabiltzaile bakoitzak (irakasleak edo AZLak) jakinarazi behar dizkio CAUri. Izan ere, hori ez dagokio hezkuntza teknologiaren koordinatzaileari (ez da haren funtzioetako bat).
Ikastetxeek ikasNOVA programako arduradun bat izaten ahalko dute, eta pertsona hori hala identifikatuta egonen da EDUCAn. Komeni da ikasNOVAko arduradun postuan aritzen denak irakaskuntzako konpetentzia digitalean (IKD) B2 maila izatea gutxienez.
Esteka honetan argitaratuko dira hezkuntzako teknologiaren koordinatzailearen eta ikasNOVA arduradunen eginkizunak: http://bit.ly/3OAWsXp.
ikasNOVA ikasgela bat duten ikastetxeek, haren arduradun bat hautatu beharko dute EDUCAn. Lanpostua ikasNOVA-AULA arduradun izendatuko da.
STREAM-AI Sarean dauden ikastetxeek horren arduradun bat hautatu beharko dute EDUCAn. Lanpostua ikasNOVA-STREAM-AI arduradun izendatuko da.
IkasNOVA arduradunaren eta haren aldaeren kasuan (ikasNOVA-AULA arduraduna, ikasNOVA-IKD arduraduna, ikasNOVA-IPD arduraduna, ikasNOVA-STREAM-AI arduraduna), ikastetxeek bermatu beharko dute proposatutako ordu-tartean orduak esleitzea (ostegun goizetan, 09:00etatik 10:30era), pertsona horiek parte hartu ahal dezaten, beharrezkoa denean, aurrez aurre zein telematika bidez, prestakuntza jardueretan, esperientzia eta jarraipen trukaketetan eta prozesu komunen ebaluazioan.
IkasNOVAko arduraduna ordu batzuez izanen duten ikastetxeek justifikatu beharko dute zer arlo landuko den. IkasNOVA zentroko irakaskuntza arloko aholkulari teknikoak harremanetan jarriko dira ikastetxearekin ikasturte hasieran informazio hori jasotzeko. Ikasturtea amaitzean, ikastetxeek eginiko ekintzen justifikazio memoria bat aurkeztu beharko dute.
Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) edo antzeko beste programa batzuen funtsekin finantzatutako ekipamendu digitala jasotzen duten ikastetxeetako irakasleek konpromisoa hartuko dute ekipamendu hori erabiltzeko gaitzen duen prestakuntza egiteko. Era berean, ikasNOVA ikasgela berri bat ezartzen duten ikastetxeetako irakasleek konpromisoa hartuko dute hura erabiltzeko gaitzen duen prestakuntza egiteko.
Ikastetxearen plan digitalaren barnean eta bizikidetza planarekin bat, ikastetxeek zerrenda bat eginen dute ikasleei erabiltzen utziko dieten gailu digital pertsonalekin (telefono adimendunak, tabletak, erloju adimendunak, entzungailuak, etab.). Nolanahi ere, horiek erabiltzea posible izanen da soilik ikastetxeak baimendutako eta programatutako jardueretan.
Hezkuntza digitalizazioko jarduketen koherentzia bermatzeko, bai eta beste ikastetxe batzuekin partekatzekoak izaten ahal diren jardunbide egokiak identifikatzeko ere, ikastetxeek Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko diote, aurretiaz, Hezkuntza Departamentukoak ez diren beste eragile batzuek digitalizazioarekin lotuta sustatutako edozein kolaborazio, jarduera, prestakuntza, esku-hartze edo jarduketa. Betebehar hori ikasNOVA Hezkuntza Digitalizatzeko Planean barne hartutako jarduketa-ildo eta arlo batzuei eragiten die; honako hauei, besteak beste: konpetentzia digitala, gailu eta plataforma berriak erabiltzea, adimen artifiziala, robotika, pentsamendu konputazionala, zibersegurtasuna, datuen babesa, etab.
ikasNOVAko arduradunak emanen du informazio hori, horretarako prestatutako inprimakia betez.
10.2. IKT zerbitzuen katalogoa.
Hezkuntza teknologiako koordinatzaileak edo zuzendaritza-taldeak ikastetxeko langile guztiei –irakasleei eta AZLei– ezagutaraziko diete IKT zerbitzuen katalogoa. IKT zerbitzuen katalogora sartzeko, zuzeneko sarbide bat dago ordenagailu guztien mahaigainean. Eskola kudeaketako EDUCA sistemaren "Aplikazioak" izeneko menutik ere sartzeko modua badago.
10.3. Erabiltzailearen Laguntza Zentroa (CAU).
Erabiltzailearen Laguntza Zentroak (CAU) erantzunen die ekipamendu informatikoen, sarearen eta konektagarritasunaren gorabeherei, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan adierazitako zerbitzu-eskaerei ere.
IKT zerbitzuen katalogoko "Hardwarearekin, softwarearekin edo sarearekin loturiko gorabeherak" izeneko atalean azalduta dago CAUren funtzionamendua eta haiei nola jakinarazi arazoak. Halaber, "Zerbitzuaren eskaerak CAUri" atalean jakinarazpenak egiteko inprimakiak daude.
Erabiltzaile bakoitzaren erantzukizuna da (irakaslea edo AZLa izan) CAUri telefonoz jakinaraztea erabiltzen ari den ekipoaren matxura. Lan hori ez dagokio ikastetxeko hezkuntza teknologiaren koordinatzaileari.
10.4. Nafarroako Hezkuntza Digitalizaziorako ikasNOVA Baliabide Zentroa (ikasNOVA zentroa).
Martxoaren 25eko 23/2026 Foru Dekretuaren bidez arautu ziren Hezkuntza Departamentuaren mendeko Nafarroako Hezkuntza Digitalizatzeko Baliabide Zentroaren (ikasNOVA zentroa) sorrera, antolamendua eta funtzionamendua.
ikasNOVA zentroa tresna bat da Nafarroan hezkuntzaren eraldaketa digitala modu ordenatuan garatzeko, ingurune bat sortzen baitu hezkuntzaren sektorean berrikuntza eta etengabeko hobekuntza bultzatzeko.
Hauexek dira ikasNOVA zentroaren eginkizunak:
–Irakasleei laguntzea konpetentzia digitalaren garapen profesionalean.
–Hezkuntzako komunitatea elkartzeko gunea izatea, eginkizun hauekin: eten digitala murriztea, lankidetzarako espazioak eskaintzea eta hura erraztea, ikasgelan sartu aurretik gailuen eta teknologiaren pilotajea eta manipulazioa sustatzea, eta hezkuntza teknologiaren koordinatzaileak eta ikasNOVAko arduradunak koordinatzea.
–Hezkuntzarako berrikuntza teknologikoa sustatzea.
–Hezkuntzaren arloko informazio eta baliabide digital garrantzitsuetarako sarbidea erraztea.
–Digitalizazioari buruzko erabakiak hartzen laguntzea.
–Jarraipena eta ebaluazioa erraztea, hezkuntzako erakundeek aukera izan dezaten eraldaketa digitalak ikasleen errendimenduan duen eragina neurtzeko, hartutako metodo pedagogikoen eraginkortasuna ebaluatzeko, ikasleen konpetentzia digitala garatzeko eta eduki digitalak kontsumitzeko eskaerak ezagutzeko eta ebaluatzeko.
–Aldaketa teknologikoetara egokitzea, eta horretarako, hezkuntzaren arloko aurrerapen teknologikoekin eguneratuta egotea, hezkuntza teknologiako informazioarekin eguneratzen diren zerbitzuko webguneko edukiak eta materialak izatea, ziurtatzea hezkuntzako jardunbideak eta tresnak eguneratuta daudela eta egokiak direla, eta hezkuntza teknologiekin lotutako berrikuntzako proiektuak sustatzea.
10.5. IKT ekipamenduaren inbentarioa.
Ikastetxeetako ekipo informatiko guztiek etiketa izanen dute eta inbentariatuta egonen dira dagokien etiketa edo identifikazio serigrafiarekin.
Eranskailu horiek desagertzen badira, ikastetxeak zenbaki berdineko beste batzuk jarri beharko ditu, edo errotuladore ezabaezin batekin idatzi beharko du ekipamendu zenbakia (zenbaki hori inbentarioaren online aplikazioan bila daiteke).
Inbentarioko online aplikazioan (GLPI), edo horretarako gaitzen den aplikazio baliokidean, ikastetxe bakoitzak bere ekipamendu informatikoen inbentarioa ikusi ahal izanen du, baita horien gorabeherak ere, berriak zein amaitutakoak, eta egokitzat jotzen duen informazioa gehitu edo jarraipena egin ahal izanen du.
IKT zerbitzuen katalogoko "Inbentarioa" atalean dago aplikaziorako sarbidea eta hori erabiltzeko eskuliburu laburra. Halaber, EDUCAn (Ikastetxea > Ekipamendua > Ikastetxearen inbentarioa), EDUCAko kudeatzaileek, hezkuntza teknologiako koordinatzaileak eta ikasNOVAko arduradunek sarbidea dute GLPIan dauden ekipoen zerrendara, eta ikasleen ekipamendu-esleipena ikusten ahal dute.
Ikastetxeko hezkuntza teknologiako koordinatzaileak aldizka berrikusi beharko du online aplikazioaren inbentarioa, eta bermatuko du ez dela falta ekipamendu bat ere eta ez dela ageri aurretiaz kendutako ekipamendurik.
10.6. IKT ekipamenduko matxurak konpontzeko kontratua.
Kontratu bat dago ikastetxeetako IKT ekipamenduko matxurak konpontzeko, eta haren bidez egunean bertan edo hurrengo egunean konpontzen dira gorabeherak, edo ordezko ekipamendu bat uzten da ikastetxean, inolako kosturik gabe.
IKT zerbitzuen katalogoko "Hardwarearekin, softwarearekin edo sarearekin loturiko gorabeherak" atalean daude jasota konpondutako arazoak eta oraindik konpondu gabe daudenak. Gainera, kontratuaren laburpen bat ere badago, ikastetxeak hori ezagutu behar baitu kontratua bete dezan exijitu ahal izateko zerbitzua eskaintzen duen enpresari.
10.7. Ekipamendua erostea. IKT zerbitzuen kontratuak, lizentzia digitalenak eta bestelako IKT hornidurenak.
Ekipamendu informatikoa eta softwarea erosteko, aintzat hartu behar da Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendari Nagusiaren urtarrilaren 28ko 8/2025 Ebazpena.
Horretarako, erosketa atari bat gaitu da, zeinaren eskuliburua eta sartzeko url-a IKT zerbitzuen katalogoan baitaude, "Ikastetxeak ekipo informatikoak eta softwarea erostea" atalean.
Ikastetxeak ezin izanen du onartu dohaintzan emandako bigarren eskuko ekipamendurik, arazoak sortzen baitituzte mantentze-lanetan eta segurtasunean, Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalak baimendutako salbuespenak izan ezik.
10.8. Softwarea.
Gogorarazten da ezen ikastetxeek obligazioa dutela ekipamenduetan erabiltzen duten eta haietan instalatuta dagoen softwarea legezkoa dela ziurtatzeko.
Ikastetxe batek software jabeduna erabiltzen badu ekipamenduren batean, dagokion lizentzia eta hori egiaztatzen duten agiriak izan beharko ditu.
Hezkuntza Departamentuak prestatutako Windowsak instalatutako aplikazio asko ditu. Ikastetxeak ekiporen batean beste aplikazioren bat instalatzea behar badu, eskaera bat egin beharko du IKT zerbitzuen katalogoaren bidez, edo hezkuntza teknologien koordinatzaileak instala dezake, ordenagailu guztien mahaigainean dagoen "Ikastetxearen panela" izeneko aplikazioaren bidez.
10.9. Chromebookak.
Baldin ikastetxeak 1:1 ereduaren alde egin badu, zeinetan ikasleek chromebooka etxera eramaten duten, talde bakoitzeko tutoreak arduratuko dira gailuak eta horien kargagailuak emateaz, baita ikasturte bukaeran horiek jasotzeaz ere.
Hezkuntza teknologiaren koordinatzailea ez da arduratuko ikastetxearen gailuak gordetzeaz eta kargatzeaz. Eskoletan chromebookak edo beste gailu batzuk erabiltzen dituen irakaslea arduratuko da horiek biltzeaz eta kargatzeaz, beharrezkoa bada.
Ikasleen chromebookak noizean behin berrikusi beharko dira (lehentasunez, tutoretza-saioetan), hautemandako akatsak konpontzeko, ikasturtea amaitu arte zain egon gabe.
Ikasleen chromebookekin lotutako trataera orokorrari buruzko jarraibideak eskuragarri daude ikasNOVAren webgunean (https://ikasNova.digital) zein IKT zerbitzuen katalogoko "chromebookak" atalean.
10.10. Hezkuntza teknologien koordinatzaileen prestakuntza.
Ikasturte hasieran, lehenengo aldiz hezkuntza teknologien koordinatzaile lanpostuan arituko diren irakasleek, prestakuntza egin beharko dute, berdin aurrez aurre edo telematika bidez izan. Prestakuntza saio horietan azalduko zaie, beste eduki batzuen artean, zein den haien egitekoa, zer tresna dauden, nola jokatu beharra dagoen eta Hezkuntza Departamentuko zer baliabide jarri diren ikastetxeen eskura.
Era berean, prestakuntza saio horietara joan daitezke, hala nahi izanez gero, lanpostu horretan ari diren pertsonetatik aurreko ikasturteetan eginkizun hori bete izan dutenak. Prestakuntza horren deialdia ikasNOVA zentroaren bidez eginen da.
10.11. Ikastetxearen prozesuetan datu pertsonalak babestea eta praktika onak gauzatzea.
Hezkuntza teknologietako koordinatzaileak eta ikasNovako arduradunak sustatuko dute 3/2018 Lege Organikoa (DBEDBLO) bete dadin, ikastetxeko prozesuetan datu pertsonalak babesteari dagokionez.
Hezkuntza Departamentuan web-orri bat dago datu pertsonalak babesteari buruzko informazio espezifikoarekin, eta informazio hori zuzendaritza-taldeek jakin behar dute, ikastetxeetako prozeduretan datu pertsonalak tratatzeko arduradunak baitira, eta, horrez gain, datu pertsonalak kudeatu behar dituzten ikastetxeko langileen artean ere hedatu behar da:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/informacion-sobre-proteccion-de-datos
Web-orri horretan honako atal hauek daude:
a) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa: atal honetan Hezkuntza Departamentuak tratatutako datu pertsonalak babesteari buruzko araudiak eskatzen duen informazio guztia dago jasota.
b) Tratamendu jardueren erregistroa: atal honetan tratamenduko jardueren erregistro bat zer den azaltzen da eta Hezkuntza Departamentuak sortu eta argitaratutakoarekin lotzen da.
c) Ohiko galderak. Ohiko galderak: atal honetan azaltzen dira ikastetxeetan datu pertsonalak jasotzeari eta tratatzeari buruz egin ohi diren galderak.
d) Intereseko agiriak: atal honetan datuen babesarekin lotutako ereduak eta intereseko agiriak deskargatu daitezke, bereziki hezkuntzaren alorrekoak.
Gainera, online ikastaro bat eskainiko da, irakasle guztiei irekia, datuen babesari buruz. Prestakuntza jarduera hori irakasleen prestakuntza planean dago. Ikastaro horren helburua da irakasleei jarraibideak ematea, jakiteko zer neurri hartu behar den kontuan ikastetxe batean haren ardurapeko datu pertsonalak babesteko eta tratatzeko orduan. Prestakuntza hori sartuko da, era berean, zuzendaritza-taldeen akreditaziorako ikastaroan.
Ikasturtean zehar, ikastetxeek segurtasun politika aktiboak ezarri beharko dituzte; horien artean, autentifikatzeko bigarren faktore bat (2FA) ezartzea zenbait funtzio eta postutarako. Nahi izanez gero, noski, edozein erabiltzailek ezartzen ahalko du autentifikatzeko bigarren faktore hori EDUCAko egiaztagiriekin. Horrez gain, ekipoetan egiten diren lan guztiak (Windows ekipoak barne) autentifikatuta egin beharko dira. Izan ere, hala inguru segurua bermatuko da eguneroko datuak eta operatiboa kudeatzeko.
10.12. Ikastetxeen webguneak.
Kode irekiko edukien kudeatzaile bat jarri da ikastetxe guztien eskura, webgunean argitaratzeko. Webgune berri bat sortzea eskatzen ahal da formulario honen bitartez:
https://ikasNova.digital/group/guest/solicitud-sitio-web-de-centro-con-liferay
Webgune berriak sortzeko, txantiloi korporatibo bat erabiliko da, eta ikastetxe bakoitzak nahi bezala pertsonalizatu ahal izanen du.
Hezkuntza-komunitatea EDUCAko kredentzialak erabilita sartu ahal izanen da ikastetxeen webgunera.
Bada tresna bat, zeinak errazten baitu webguneetako edukietako batzuk, lehendik daudenak, plataforma berri honetara ekartzea.
Plataformari eta txantiloiari buruzko informazio gehiago lor daiteke artikulu honetan:
https://ikasnova.digital/w/nueva-plataforma-para-los-sitios-web-de-centro
Ikastetxe batek departamentuak haren eskura jartzen dituen plataformez bestelakoetan daukanean bere webgunea, laguntza emanen zaio aurrerantzean ere, webgunearen segurtasuna eta erabilgarritasuna bermatzeko. Kasu horretan, mantentze-lan zuzentzailea eginen da, baina ez da eginen mantentze-lan ebolutiborik, eta ez da emanen arreta pertsonalizaturik.
11.–Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.
11.1. Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.
Ikastetxeetan, eskola informazioa EDUCA aplikazioaren bidez kudeatuko da.
Hezkuntza Departamentuaren webgunean, EDUCAri eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, EDUCA taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira. EDUCA aplikaziotik bertatik egin daitezke eskaerak, goiburuko gorabeheren (@) ikonoan klik eginez. Atari horretatik bilaketak egiten ahalko dira ohiko prozedurei, zalantzei eta tutorialei dagokienez.
Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu koordinatzaileei, zuzendaritza-taldeei, irakasleei eta administrazioko langileei EDUCA plataformaren berri emateko.
Zuzendaritza-taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei EDUCA kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.
Zuzendaritza-taldeak bermatu beharko du, horretarako bideak jarriz, ikasturtea hasi ondoren ikastetxean kudeaketa eta irakaskuntza lanetan hasten diren pertsonek EDUCA ezagutzen dutela eta badakitela hura erabiltzen.
Ikastetxeetan EDUCAren koordinatzaile lanetan ariko direnen erregistro bat izateko, zuzendariak EDUCAren ikastetxeko koordinatzailea izendatuko du, eta, aplikazioan, "EDUCA koordinatzailea" lanpostu osagarria esleituko dio.
Zuzendariak berrikusiko ditu EDUCAtik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio EDUCAren laguntza zerbitzuari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.
Ikastetxeen ardura da eguneratuta edukitzea ikastetxeko langileen –irakaskuntza nahiz kudeaketa lanetan aritzen direnen–, ikasleen eta familien datu pertsonalak. Aplikazioak Cl@ve sistemaren bidez sartzeko aukera ematen badu ere (ziurtagiri elektronikoa, NAN elektronikoa, Cl@ve Iraunkorra), gogoan izan oso garrantzitsua dela, EDUCA egiaztagiria lortzeko, helbide elektroniko pertsonal bat erregistratzea fitxan.
Era berean, ikastetxe bakoitzaren ardura izanen da bere informazio akademikoa eskuratzeko asmoz programara jotzen dutenen sarbidea kudeatzea. Horrela, bada, ikasleek eta haien familiakoek informazio hori eskuratzeko dituzten arazoei ikastetxeak erantzunen die lehenbizi; eta arazo horiek ezin baditu modu autonomoan konpondu, EDUCA euskarriarekin harremanetan jarriko da.
Komeni da ikastetxeetako langileek jakin dezaten nola erabili EDUCAk gaiturik dituen funtzio guztiak; horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: ikasgelako koadernoa, ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua, akta), emaitzak (Kudeaketa akademikoa > Kalifikazioak > Ebaluazio txostenak), zaintzen kudeaketa, informazio garrantzitsua, ikasturte bukaerako txostenak, elkarrizketak, bizikidetzaren kudeaketa eta abar.
EDUCA aplikazioaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza-komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, posta elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.
Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta elektronikoko kontuak EDUCAren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan baliatuko ikasleekin. Kontu gehiago sortu behar badira, komeni da unitate partekatuak eta Googleko taldeak erabiltzea.
EDUCA Ataria aplikazio bat da, zeina prestatu baita herritarrek beren datu akademikoak eskuratu eta kudeaketa telematikoak egin ditzaten: behin-behineko izen-ematea, esaterako, ikasleak onartzeko prozesuan. Komeni da ikastetxeek susta dezatela familiek eta ikasle adinez nagusiek aplikazioa erabiltzea; horretarako, ikastetxeak beren datu akademikoetarako sarbidea emanen die ikasturtean zehar (Ikastetxea > Sarbidea > Erabiltzaileen kudeaketa).
11.2. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak ematen dituztenek, ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.
Ikastetxearen kudeaketa ekonomikoari eragiten dioten kontabilitate-eragiketa guztiak irailaren 6ko 153/2023 Foru Dekretuaren arabera eginen dira (foru dekretu horrek arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa).
12.–Zerbitzu osagarriak.
Garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriak dituzten ikastetxeek zerbitzu horiei buruzko informazioa etengabe eguneratuko dute EDUCA aplikazioaren bidez eta horretarako gaitutako sistema informatikoen bidez.
–Eskualdeko eskola jantokia: EDUCAren bidez konfiguratuko da jantokiaren modulua eta jantokira doazen ikasleen datuak etengabe eguneratuko dira, ikasleek dirulaguntza jasotzen duten zein ez.
–Eskola jantoki arrunta: EDUCAren bidez konfiguratuko da jantokiaren modulua eta jantokira doazen eta dirulaguntza jasotzen duten ikasleen datuak etengabe eguneratuko dira.
–Eskola garraioa: EDUCAren bidez konfiguratuko da eskola garraioa erabiltzen duten edo/eta garraiorako banako laguntzak jasotzen dituzten ikasleen garraioaren modulua.
13.–Nahitaezko prestakuntza.
Irakasleen eskubide eta betebehar bat da etengabeko prestakuntza, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea, irakasleen lanbidea garatuz.
Hala, ikastetxeetako zuzendaritza-taldeak ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plan bat prestatuko du. Horretarako, aintzat hartuko ditu prestakuntzarako beharrak, eratorri direnak Hezkuntza Departamentuak proposatutako proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko ildoetatik. Orobat, aintzat hartuko ditu ikastetxeko klaustroetan eta irakasle-taldeetan eginiko lanetik eratorritako prestakuntzarako beharrak, eta, halaber, Irakasleendako Laguntza Zentroek eginiko hautemate prozesuetan jasotako prestakuntzarako beharrak.
Prestakuntza ekintzak klaustro osoari edo irakasle-talde jakin bati zuzentzen ahalko zaizkio. Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoak, programak, planak eta lehentasunezko ildoak gauzatzeko prestakuntza ekintzen proposamenak lehentasunezkoak izanen dira eta irakasleek nahitaez egin beharko dituzte.
Nahitaezko prestakuntza instituzionala ikasturte bakoitzean 25 ordukoa izanen da, baina ordu gehiagokoa izaten ahalko da ikastetxeak edo Hezkuntza Departamentuak ezarritako beharrak asetzeko beharrezkoa bada. Kasu horretan, nahitaezko prestakuntza instituzional horretako 25 orduez gaindiko ekintzak borondatezkoak izanen dira.
Ikastetxe bakoitzak esleituta du Irakasleentzako Laguntza Zentro (ILZ) bat, eta erreferentziazko aholkulari bat du, ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plana egiten laguntzeko. Ikastetxeek prestakuntzaren arduradun bat izendatuko dute, harremanetan egon dadin irakasleentzako laguntza zentroko (ILZ) aholkulariarekin. Ez bada inor izendatzen, ikasketaburuak bere gain hartuko du zeregin hori.
Ikasturte beraren barnean, ikastetxez aldatzen diren irakasleek ikastetxe berriko zuzendariari aurkeztu beharko diote eginiko prestakuntza instituzionalari dagokion ziurtagiria. Prestakuntza instituzionaleko ekintzaren bat hasi eta amaitu gabe izanez gero, ez da dagokion ziurtagiria jasoko. Hala, irakasleak, egin dituen prestakuntza-orduen kopurua egiaztatu ondoren (jatorrizko ikastetxeko zuzendariak emandako ziurtagiri baten bidez), prestakuntza-orduak osatzen ahalko ditu jatorrizko ikastetxean hasitako prestakuntzarekin jarraituz edo, bestela, destinoko ikastetxeko prestakuntza ekintzak eginez.
Kontratu partziala duten irakasleek egin beharreko nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduak ezartzeko, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 25 orduei kontratuaren ehunekoa aplikatuko zaie.
Ez dute nahitaezko prestakuntza egin beharko lanaldiaren hereneko edo gutxiagoko kontratua duten irakasleek. Halere, prestakuntza hori borondatez egiteko aukera izanen dute. Interesdunak ez badu prestakuntza egiten, indarrean dagoen araudian jasotako zereginak egiteko erabiliko ditu bere kontratuari dagozkion ordu osagarriak.
Nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduen zenbaketa malgutzeko, ikasturte bakoitzean gutxienez 20 ordu egin beharko dira, eta, beraz, elkarren segidako bi ikasturteko aldian egiten ahalko dira gainerako orduak. Edonola ere, bi urte horietan nahitaezko prestakuntza instituzionalari dagozkion 50 orduak bete beharko dira. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoei, programei, planei eta lehentasunezko ildoei buruzko prestakuntza bete beharko da.
Derrigorrezko prestakuntzarako 10 orduko murriztapena ikasturtean zehar dituen beharrizan profesionalen arabera erabiliko du irakasle bakoitzak.
Irakasleek ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean akreditatu beharko dituzte eginiko prestakuntza ekintzak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratu beharko ditu.
25 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek prestakuntzarako eskubideaz baliatzen segitzen ahalko dute, nahi izanez gero.
14.–Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.
Hezkuntza Departamentuak zenbait hitzarmen sinatu ditu hainbat unibertsitaterekin curriculumeko unibertsitateko praktikak egin ahal izateko Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan.
Unibertsitateko ikasle batek curriculumeko praktikak egin ahal izateko, indarrean egon behar da Hezkuntza Departamentuaren eta dagokion unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmena.
Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:
–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana ziurtagiri bidez jasoko da. Lekualdatze-lehiaketetan merezimendutzat jotzen da.
–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza-ordu gisa kontabilizatuko da. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat.
Praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak lortu ahal izateko, beharrezkoa da prestakuntza zentro gisa aitortutako ikastetxeko zuzendariak tutore lanetan aritu diren irakasleen datuak jakinaraztea Hezkuntza Departamentuari, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/estudios-universitarios), ekainaren 1a baino lehen.
Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza hori betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenean jasota dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari praktikak hasi baino lehen.
15.–Kalitatea kudeatzeko sistema.
Kalitatea kudeatzeko sistemak (KKS) ezarri eta mantentzeko programa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak gidatzen duena, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei dago zuzendua.
15.1. Ikastetxeen konpromisoak eta erantzukizunak.
Zuzendariak ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistema (KKS) etengabe garatzeko eta hobetzeko konpromisoa hartuko du, eta ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa egitearen arduraduna izanen da.
Oro har, programan parte hartzen duten ikastetxeek ikastetxean behin betiko destinoa duten unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak izendatuko dituzte kalitatearen arduradun, eta programan parte hartzeagatik plantilla funtzionaleko ordu-zuzkidura esleituko zaie. Kalitate arduraduna EDUCAn erregistratuko da.
Kalitate arduraduna KKSa ikastetxean ezartzeko koordinazioaz arduratuko da, eta sistema osoaren dokumentazioa eta erregistroak antolatuta eta eskuragarri mantenduko ditu.
Salbuespen gisa, ikastetxe osatugabeetan, ikastetxeko zuzendariak bere gain har ditzake kalitatearen arduradunaren eginkizunak.
Programaren jarduketetan parte-hartzea sustatzearren, kalitate arduradunak, ikastetxearen aukerak aintzat hartuta, astearte goizetako eskola-ordutegia erabiltzen ahalko du jarduketa horietarako.
15.2. Aholkularitza eta baliabideak.
Kadinet webgunean argitaratuko dira SGCC 2020 Arauaren atal bakoitzari lotutako informazioa, dokumentu baliabideak, tresnak eta bideotutorialak.
Baliabide horiek eskura izanen dituzte programan parte hartzen duten ikastetxeetako langileek.
Programan sartutako ikastetxeen aholkularitza teknikorako, ikastetxeko zuzendariak baimena emanen die ikastetxearen KKSaren aholkularitza eta ebaluazioa egiten dutenei ikastetxearen KKSaren dokumentazioa eskuratzeko.
15.3. Eskaerak.
Ikastetxeek, Programan sartu, geratu edo hori utzi nahi badute, eta, hala badagokio, KKSaren kanpo ebaluazioa jaso nahi badute, 71/2020 Foru Aginduan onetsitako dagozkion eranskinak erabili beharko dituzte.
Eskaerak Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari bidaliko zaizkio, sofceduca@navarra.es helbide elektronikora, 2027ko martxoaren 31 baino lehen.
16.–Eskolak sarean.
Hezkuntza Departamentuak lankidetza hitzarmenak ditu Nafarroako Gobernuko hainbat departamenturekin. Hitzarmen horietan ezarritako gomendioei jarraikiz, honako sare hauek sortu dira:
–Osasuna Sustatzen duten Eskolen Sarea.
–Eskola Jasangarrien Sarea.
–Eskola Solidarioen Sarea.
–Eskolak eta Memoria, Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko Sarea.
Ikastetxe guztiek jasangarritasun koordinatzaile bat izan beharko dute, zeina ikastetxeko irakasle-taldeko kideetako bat izanen baita. Zuzendariak edo ikastetxeko titularrak ikuskatuko du koordinatzailearen lana.
17.–Egokitzapen aldia, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan.
Halaber, duten autonomia baliaturik, ikastetxeek Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailan sartzen diren ikasleak egokitzeko aldia programatu ahal izanen dute, eta hori urteko programazio orokorrean sartuko da.
Programazio horrek honako alderdi hauek hartu beharko ditu aintzat, besteak beste: egokitzea errazteko berariazko jarduerak diseinatzea, banakako beharrak kontuan hartzea, familiakoen parte-hartzea eta laguntza, ordutegien malgutasuna eta ikastetxearen antolaketa.
Ikasleak pixkana sartzea erabakitzen bada, gehienez ere hiru asteko epea izanen dute horretarako, eta, betiere, bermatu beharko da ikasleei arreta denbora guztian ematea, hala eskatzen duten familien kasuan.
18.–Landa eskolak.
Ikastetxe publikoak landa eskolatzat hartuko dira baldin eta haien landa ingurunearen berezitasun demografikoek, geografikoek eta sozialek baldintzatzen badituzte antolakuntza eta funtzionamendua eta, oro har, ezaugarri hauek badituzte: txikiak izatea, gradu anitzeko unitateak egotea eta antolamenduan berezitasun jakin batzuk edukitzea, hala nola pertsona bakarreko zuzendaritza, irakasle ibiltariak egotea edo ikastetxeen arteko koordinazio egituretan parte hartzea.
Landa eskolek funtzionamendu autonomoa izan dezakete edo beren borondatez eskualdeko sareetan integratzen ahalko dira, irakasleen koordinazioa, proiektu komunen garapena, baliabideen optimizazioa eta landa inguruneko hezkuntza-kohesioa errazteko.
Eskualdeko sare bakoitzak koordinazio talde bat izanen du, honako hauek osatuko dutena: ikastetxe parte-hartzaileetako zuzendaritzak, zeinak arduratuko baitira sarearen urteko proiektua definitzeaz eta haren jarraipena egiteaz, eta Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atalak izendatutako koordinatzaile bat, zeinak sarearen baterako lana bultzatuko baitu, jarduketa amankomunak koordinatuko baititu eta ikastetxeen, Nafarroako Landa Eskolen Sarearen eta Hezkuntza Departamentuaren arteko lotura izanen baita. Koordinaziorako, behar duen ordu zuzkidura izanen du bere eginkizunak betetzeko, eta, egoera jakin batzuetan, bi pertsonak hartzen ahalko dute beren gain koordinazioa.
Koordinatzaileak edo koordinatzaileek koordinazio taldearen laguntzarekin beteko dituzte beren eginkizunak.
Eskualdeko landa eskolen sareak Landa Eskolen Sarea osatuko dute, eta hor Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atalak ere parte hartuko du. Eskualdeko sareek eskualdeko sareko koordinatzaileen bidez parte hartuko dute Nafarroako Landa Eskolen Sarean. Koordinatzaile horiek sareko bileretan parte hartuko dute (online eta/edo aurrez aurre), gutxi gorabehera hilean bi ostiraletan. Hori aintzat hartuko da ordutegiak antolatzean, eta, ahal dela, astelehen goiza gordeko da eskualdeko koordinazioaren eginkizunetarako.
Sare bat osatzen duten ikastetxeek baterako jarduerak adosten ahalko dituzte antolamenduaren, pedagogiaren eta kudeaketaren eremuetan. Horren barnean sartzen da elkarrekin egitea dokumentu instituzionalak, hezkuntza-proiektuak, programazioak, jarduera osagarriak, prestakuntza planak eta irakaskuntza eta ebaluazio estrategia komunak.
Ildo estrategiko komun horiek eskualdeko urteko proiektuan jasoko dira, zeina sartuko baita ikastetxe parte-hartzaile bakoitzaren urteko programazio orokorrean, eta eskualdeko sareko irakasleei eta Nafarroako Landa Eskolen Sareari aurkeztuko baitzaie, azken memoriarekin batera.
Eremu bakoitzeko landa eskolek ikasleen emaitzen baterako ebaluazioa eginen dute, bai eta ikastetxe bakoitzaren ebaluazio bereizia ere. Programazioak berrikusi eta eguneratuko dituzte, antolaketa premietara egokitzeko, koordinazio pedagogikorako batzordearen bidez.
Urteko programazio orokorra partekatzen duten edo zeregin koordinatuak egiten dituzten ikastetxeetan, eskualdeko sarearekin partekatuta antolatzen ahalko da ikastetxearen prestakuntza. Prestakuntza plan horren edukia eskualdeko talde koordinatzaileak adostuko du.
19.–Laneko arriskuen prebentzioa.
Arriskuen ebaluazioren bat egin bada, ikasturte bukaerako memorian azaldu beharko dira Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposaturik hartu diren prebentzio neurriak, eta, horrekin batera, bete ez diren eta aurreikusitako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.
Ikastetxe batean lanean hastean, zuzendariak lanpostu horri lotutako arriskuen berri eman beharko die bertan lan egiten duten guztiei.
Ikasturte bakoitzaren hasieran, ikastetxeko zuzendariak irakasleen klaustroari, irakasle ez diren langileei eta hezkuntzako komunitateko gainerako kideei jakinaraziko die badagoela jardute protokolo bat ikastetxeko langileen kanpoko erasoen aurrean. Irakasleak, irakasle ez diren langileak eta hezkuntzako komunitateko gainerako kideak ikasturtea hasi ondoren hasten badira lanean ikastetxean, zuzendariak ziurtatu beharko du ahal bezain laster jakinarazten zaiela informazio hori.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakasleei edo irakasle ez diren langileei eraso egiten zaienean, ikastetxeetako zuzendariek ofizioz aktibatuko dute kanpoko erasoen protokoloa, eta ofizioz jakinaraziko dute gorabehera, lan-istripua edo erasoa.
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/accidentes-de-trabajo
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori bistaratuko da erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, Drive eta abar.
Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo horren berri eman beharko dute familiekin egindako bileretan.
20.–Irakasle erretiratuak borondatez aritzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan.
Ikastetxeen autonomia baliatuta, irakasle erretiratuak borondatez aritzen ahalko dira bertan, bat eginez Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 12ko 113/2024 Foru Aginduan ezarritako baldintzekin (113/2024 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko irakasle erretiratuen borondatezko lankidetza arautzen duena unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen jardueretan eta Esperientziaren Sarean).
21.–Ordaintzea irakasle ez diren langileen oporrak.
Irakasle ez diren langileek sortutako oporrak hartzeko eskubidea dute, baita urtean zehar edo kontratu-aldian zehar eskatzeko betebeharra ere. Halaber, ikastetxeak oporrak hartzea ahalbidetu behar die, ikastetxea ixten den aldietan edo, eskolaldian bada, bost egunez gehienez. Hori guztia, bat eginez otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 6. artikuluarekin (11/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena).
Hartu gabeko oporrak ordainduko dira soilik, baldin eta kontratatutako irakasle ez den langileak ez badu egunen bat hartu ahal izan kontratua amaitzean, eta horretarako justifikatutako arrazoiren bat egon bada. Ordainketa bideratzeko, ikastetxeko zuzendariak Nominen Atalera mezu bat bidali beharko du, nominaseducacion@navarra.es helbidera, hain zuzen ere. Bertan, txosten bat erantsi beharko du, non adieraziko baitu langileak dagokion epean hartutako opor egunak, eta ikastetxeak zergatik ez dion ahalbidetu sortutako gainerako egunak hartzen.
22.–Ordaintzea irakasle ez diren langileen gaueko osagarria.
Irakasle ez diren langileek, gaueko osagarria badute ikasturtean zehar, irailetik ekainera bitarte bakarrik jasoko du; ondorioz, lanaldi orokorraren barnean antolatu beharko du udako hilabeteetan lanaldia.
III.–ARAUDIA
1.–Orokorra.
1/2004 Lege Organikoa, genero indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzkoa.
3/2007 Lege Organikoa, Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoa.
14/2015 Foru Legea, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.
8/2017 Foru Legea, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa.
17/2019 Foru Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
47/2010 Foru Dekretua, Bizikidetza eta Ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzkoa.
66/2010 Foru Dekretua, Ikasketa eta lanbide orientazioari buruzkoa.
72/2021 Foru Dekretua, Hezkidetzari buruzkoa.
1/2023 Foru Dekretua, Curriculumari buruzkoa.
43/2023 Foru Dekretua, Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programari buruzkoa.
58/2024 Foru Dekretua, Eskola jantokiei buruzkoa.
14/2026 Foru Dekretua, ikastetxe publikoen Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua arautzen duena.
23/2026 Foru Dekretua, ikasNOVA zentroari buruzkoa.
139/2009 Foru Agindua, Programa eleaniztunetan ingelesez irakasteko behar diren hizkuntza betebeharrei buruzkoa.
204/2010 Foru Agindua, Bizikidetzari buruzkoa.
49/2013 Foru Agindua, Erreklamazioei buruzkoa.
112/2013 Foru Agindua, Banatze, dibortzio edo desadostasun egoeran dauden gurasoei buruzko jarraibideei buruzkoa.
71/2020 Foru Agindua, Kalitatearen kudeaketari buruzkoa.
35/2022 Foru Agindua, Eskola garraioari buruzkoa.
69/2023 Foru Agindua, Hezkuntza inklusioari buruzkoa.
106/2023 Foru Agindua, Eskola-ordutegi motei buruzkoa.
113/2024 Foru Agindua, Irakasle erretiratuen borondatezko lankidetzari eta Esperientziaren Sareari buruzkoa.
329/2019 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Landa Eskolen Sarea sortzeko oinarriei buruzkoa.
2.–Haur Hezkuntza.
28/2007 Foru Dekretua, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari buruzkoa.
61/2022 Foru Dekretua, Haur Hezkuntzako curriculumari buruzkoa.
62/2022 Foru Agindua, Haur Hezkuntza ezartzeari eta ordutegiari buruzkoa.
59/2023 Foru Agindua, Haur Hezkuntzako ebaluazioari buruzkoa.
Hona hemen ziklo honetako araudia eta baliabideak dituen webgunerako helbidea:
https://sites.google.com/educacion.navarra.es/curriculos-de-navarra-eu/etapak/haur-hezkuntza
3.–Lehen Hezkuntza.
67/2022 Foru Dekretua, Lehen Hezkuntzako curriculumari buruzkoa.
63/2022 Foru Agindua, Lehen Hezkuntza ezartzeari eta ordutegiari buruzkoa.
52/2023 Foru Agindua, Lehen Hezkuntzako ebaluazioari eta mailaz igotzeari buruzkoa.
Hona hemen etapa honetako araudia eta baliabideak dituen webgunerako helbidea:
https://sites.google.com/educacion.navarra.es/curriculos-de-navarra-eu/etapak/lehen-hezkuntza
II. ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, 2026-2027 IKASTURTEAN ARAUTZEKO DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA ETA BATXILERGOA EMATEN DITUZTEN IKASTETXEEN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA
Ikasturte hasierako jarraibideek zehazten eta argitzen dituzte indarreko araudiaren alderdi batzuk, eta arautzen dituzte arautu gabeko beste batzuk, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.
Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:
Lehenbizikoa urteko programazio orokorrari buruzkoa da. Hor, besteak beste, ematen dira ikastetxearen hobekuntza planak prestatzeko argibideak, bai eta ebaluazioetan duten parte-hartzearen gaineko jarraibideak ere, hobetu daitezkeen arloak detektatzeko.
Bigarrenean, antolaketaren alderdi batzuk zehazten dira, ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.
Hirugarrenean, gehien erabiltzen diren LOEren ondoriozko arauak zerrendatzen dira.
I.–URTEKO PROGRAMAZIO OROKORRA
A) Alderdi orokorrak.
1.–Xedapen orokorrak.
Urteko programazio orokorra ikastetxearen plangintza, antolaketa eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da. Izan ere, ikastetxearen hezkuntza-proiektua, antolaketa- eta funtzionamendu-arauak eta kudeaketa-proiektua zehazten ditu ikasturte bakoitzerako.
Urteko programazio orokorraren esparruan, ikastetxeek erabaki hauek hartuko dituzte ikasturte bakoitzean:
a) Pedagogia- eta curriculum-jardueren plan, proiektu eta programei buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapena izanen dira.
b) Antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapena izanen dira.
c) Baliabideen kudeaketari buruzko erabakiak. Erabaki horiek urteko kudeaketaren zehaztapena izanen dira.
Eskola kudeaketako EDUCA sisteman egonen da eskura orientazio gida bat, UPOa prestatzeko, haren segimendua egiteko eta ebaluatzeko (adibideak jasotzen ditu).
Urteko programazio orokorrari buruzko informazioa Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeko hezkuntza-komunitatearen eskura egonen da.
2.–Informazioa biltzeko iturriak.
Urteko programazio orokorra egiteko, honako iturri hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:
a) Ikastetxearen hezkuntza-proiektua.
b) Dagoen zuzendaritza proiektua edo plan estrategikoa.
c) Urte anitzeko hobekuntza plana, ikastetxearen autoebaluazio prozesuaren ondoriozkoa.
d) Aurreko ikasturtearen bukaerako memorian proposatutako hobekuntza arloak, zeinek kasu guztietan barne hartuko baitituzte hobekuntza proposamenak, jasota daudenak barne eta kanpoko proben emaitza akademikoen analisiaren ondoriozko emaitzen memorietan.
e) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren gomendioak, aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondoriozkoak.
f) Hezkuntza Departamentuak ikasturte hasieran emandako jarraibideak.
g) Ikastetxeak ezarritako beste programa batzuk.
h) Ikastetxeko plan digitala.
i) Ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.
3.–Edukia: atalak eta garapena.
Urteko pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapenean jasoko dira, ikasturte bakoitzerako, ikastetxeen pedagogiaren eta curriculumaren jardunari buruzko erabakiak. Urteko programazio orokorraren atal hauetan bilduko dira:
a) Ikastetxearen urteko plana.
b) Irakasleen koordinazio organoen urteko planak.
c) Urteko inklusio plana, ikasleen desberdintasun indibidualei arreta emateko neurriak jasoko dituena.
d) Tutoretza ekintzaren urteko plana.
e) Urteko bizikidetza plana.
f) Urteko hezkidetza plana.
g) Ikastetxearen urteko plan digitala.
h) Ikastetxearen urteko hizkuntza proiektua.
i) Programazio didaktikoak.
j) Ikasturtean garatu beharreko beste proiektu, programa eta plan instituzional batzuk.
k) Ikasturtean garatu beharreko proiektu, programa eta plan propioak.
l) Ikastetxeko urteko prestakuntza plana.
m) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.
n) Urteko programazio orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.
ñ) Eranskinak.
Kasu guztietan, urteko programazio orokorraren atal bakoitza egokituta egonen da etapen antolamenduaren berezitasunera eta ikastetxe bakoitzaren berezko ezaugarrietara.
Ikastetxearen urteko plana bideratuta egonen da lehentasunezkotzat jotzen diren alderdiak hobetzera, eta urteko programazio orokorraren funtsezko elementua izanen da, gainerako jarduketa planak orientatu eta zehaztuko dituena.
Departamentuek eta gainerako lantaldeek (hezkuntza eta lanbide orientaziorako departamentua, ikastetxeko bizikidetza batzordea, eta abar) helburuen eta ekintzen plan propioa izanen dute, eta, horren bidez, urteko planean zehaztutako lehentasunezko helburuak ez ezik, ikastetxeko beste plan espezifiko batzuetatik ateratako helburuak ere formalizatuko dituzte.
Ikastetxearen urteko plan digitala denez esportatu behar den dokumentu bat, kanpoan aurkezteko, sartu beharko da EDUCAn horretarako prestatu den txantiloian.
Urteko antolaketaren eta funtzionamenduaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: gobernu organoaren eta irakaslana koordinatzeko organoaren osaera eta lan planak, ikastetxearen egutegi eta ordutegi orokorra, taldeak eratzeko eta tutoretzak esleitzeko irizpideak, ikastetxearen ordutegiak –orokorra, ikasleena eta irakasleena– egiteko irizpideak, ebaluazioen egutegia –barnekoak eta kanpokoak– eta familiekin tutoretzak egiteko ordutegiak eta egutegiak.
Era berean, ikastetxeek beste edozein atal gehitzen ahalko dute ikasturterako antolamenduaren eta funtzionamenduaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.
Urteko kudeaketaren zehaztapenean bilduko dira, ikasturte bakoitzerako, honako alderdi hauei buruzko urteko erabakiak: aurrekontua eta urteko kudeaketa-kontua, irakasleen, guardien eta zaintzaren plantilla, instalazioak eta ekipamendua, ikastetxeko larrialdi plana eta, hala badagokio, ikastetxeko zerbitzu osagarriak kudeatzeko baldintzak eta kalitatearen kudeaketa.
Era berean, ikastetxeek beste edozein atal gehitzen ahalko dute ikasturterako baliabideen kudeaketaren erabakiei buruz, betiere indarreko araudian ezarritakoa errespetatuz.
4.–Prestaketa.
Azterturik kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak eta oharrak eta ekarpenak, urteko programazio orokorraren atalak idatziko dira.
Ikastetxeko urteko programazio orokorraren prestakuntzaz zuzendaritza-taldea arduratuko da. Horretarako, kontuan hartuko ditu ikastetxeko kide anitzeko gobernu-organoek edo koordinazio pedagogikorako batzordeak beren eskumen-esparruetan aurrez onetsitako proposamenak, baita hezkuntza-komunitateko beste edozeinek egindako proposamenak ere. Xede horiekin, prozesua zuzendu eta koordinatuko du, egitekoak zehaztuko ditu eta dokumentuak nork idatziko dituen erabakiko du. Horrez gain, tresnak jarriko ditu eta programazioa egiteaz nor arduratuko den erabakiko du.
Urteko programazio orokorra prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan. Sartzen diren planen egitura operatiboak erraztuko du plana gauzatzea eta haren segimendua egitea, honako hauek zehaztuta: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.
Urteko programazio orokorra EDUCA aplikazioarekin eginen da, horretarako txantiloi eta operatibo propioa erabiliz. Kalitatea kudeatzeko sistema ezartzeko eta mantentzeko programan parte hartzen duten ikastetxeek Kadinet programa erabiltzen ahalko dute UPOa prestatzeko.
Urteko programazio orokorra eskola-kontseiluak onetsi beharko du; eta hezkuntzaren, pedagogiaren eta curriculum-zehaztapenaren inguruko gaiak, berriz, irakasleen klaustroak. Onetsi ondoren, urteko programazio orokorra hezkuntza-komunitateko kide guztiek bete beharko dute nahitaez.
5.–Tramitazioa, jarraipena eta ebaluazioa.
Behin onetsirik, UPOa EDUCA aplikazioan argitaratuko da, urriaren 31 baino lehen. Ikastetxean ere utziko da, hezkuntza-komunitateak eskura izan dezan.
Salbuespen gisa, gerora sortutako inguruabarrak gertatzen direnean, urteko programazio orokorra ikasturtean zehar aldatzen ahalko da. Berriz onetsi beharko da, 4. atalean (Prestaketa) ezarritakoarekin bat, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorri.
Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak eta arduradunek aldizkako jarraipena eginen dute EDUCA aplikazioan eta, hala badagokio, Kadinet tresnan, gutxienez hiru hilean behin, jakiteko nola garatzen ari diren urteko programazio orokorra osatzen duten plan, proiektu eta programak, honako hauek kontuan hartuta:
a) Dagokion atal espezifikoan, urteko programazio orokorrak honako hauek zehaztu beharko ditu: jarraitu beharreko prozedura, informazioa biltzeko irizpideak, arduradunak eta epeak. Bermatu beharko du aztertu eta baloratzen dela zenbateraino garatu diren planteatutako ekintzak, lortu diren proposatutako helburuak, nola bete diren erantzukizunak eta ezarritako epeak bete diren.
b) Urteko programazio orokorraren atal bakoitza ebaluatzeko prozesuak berekin ekarriko du iturri desberdinetatik datu garrantzitsuak biltzea eta datu horiek aztertzea eta interpretatzea urteko programazio orokorrean bertan aurreikusitako irizpideei jarraituz. Azken hausnarketak eta balorazioak aztertuko du zerk eragin dituen emaitzak, eta esku hartzeko ildoak ezarriko ditu, hurrengo ikasturtera begirako hobekuntza proposamen koherenteak zehaztuta.
Ikasturteko eskola jarduerak amaitu ondoren, eskola-kontseiluak, irakasleen klaustroak eta ikastetxeko zuzendaritza-taldeak azken ebaluazioa eginen dute, jakiteko noraino bete den urteko programazio orokorra. Ebaluazio hori ikasturte bukaerako memorian jasoko da, EDUCA aplikazioan, eta, hala badagokio, Kadinet tresnan. Horretarako, arduradun bakoitzak aztertuko eta baloratuko ditu dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak.
Era berean, bukaerako memorian honako hauek jasoko dira: ikasleen emaitza akademikoen eta mailaz igotzeko emaitzen ebaluazioa, errendimendu akademikoaren bilakaera eta ikastetxeak parte hartu duen barne eta kanpoko ebaluazioen emaitzak.
Horretarako, bukaerako memoriak txosten bat jasoko du, non xehetasunez aztertuko baitira ikasleek barne eta kanpoko ebaluazioetan lortutako ikaskuntzaren emaitzak, ikastetxearen ibilbideari eta erreferentziako beste adierazle batzuei dagokienez, aztertuta emaitza horiek zerk sortu dituen eta, hala badagokio, zer gabezia eta disfuntzio atzeman diren curriculumeko elementuen, elementu materialen, antolakuntzakoen eta pertsonalen funtzionamenduan.
Bukaerako memoria eskola-kontseiluak onetsi beharko du; eta hezkuntzaren, pedagogiaren eta curriculumaren zehaztapenaren inguruko gaiak, berriz, irakasleen klaustroak.
Onetsi ondoren, ikastetxearen erreferentziazko ikuskatzailearen esku jarriko da bukaerako memoria, EDUCAren bidez, ekainaren 30a baino lehen.
6.–Gainbegiratzea.
Ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzaileak gainbegiratuko ditu UPOa eta Ikasturte Bukaerako Memoria, egiaztatzeko bat datozela indarreko araudiarekin eta ikastetxearen behar eta emaitzekin, eta, hala badagokio, eskatuko du behar diren zuzenketak eta doikuntzak egitea.
7.–UPOaren eranskinak.
Eranskin gisa sartuko dira programazio didaktikoen adostasun agiriak.
UPOarekin batera, aurkeztu behar dira programazio didaktikoen adostasun agiriak, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak. Hortaz, ikastetxeei dagokie programazio horiek gordetzeko ardura. Dena dela, beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak programazioa berariaz eskatzen ahalko du, irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartzen direlako, kalifikazioen erreklamazio kasuetan, analisi estatistikoak egiteko edo beste arrazoi batzuengatik.
EDUCAn egonen dira eskura, UPOan, eranskin gisa, programazio didaktikoen adostasun ereduak.
B) Urteko Programazio Orokorraren gaineko azalpenak.
1.–Irakurtzeko konpetentzia indartzeko plana.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako arlo guztietan irakurtzeko konpetentzia hobetzeko asmoz, Hezkuntza Departamentuak 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan irakurtzeko konpetentzia indartzeko ezarritako planak indarrean jarraituko du 2026-2027 ikasturtean, DBHko ikasle guztientzat.
Hobetzeko planean, honako hauek daude jasota:
–Irakurketa-aholkularien talde bat (orain arte tutore izan direnak), Gaztelania eta Literaturako/Euskal Hizkuntza eta Literaturako zortzi irakaslek osatua. Zuzeneko irakaskuntzako 9 orduko murrizketa izanen dute. Ikastetxeei prestakuntza eta aholkularitza zuzena ematea du eginkizun.
–Arlo guztietako irakasleei zuzendutako prestakuntza. DBHko 1. zikloa duten BHI-DBHI eta HLHIP guztiek ordezkariak bidali beharko dituzte, ikastetxe publiko guztietako ikasleek plan honen onura jaso dezaten. Prestakuntza horrek nahitaezko prestakuntzako eta prestakuntza instituzionaleko 13 orduko ziurtapena ekarriko du. Zati batean, aurrez aurreko azalpen bat eginen da, eta beste batean, ikasgelan nahitaez aplikatu beharko diren testuak aztertuko dira. Aurrez aurreko saioetan, irakasleak bi taldetan banatuko dira, arlo didaktikoen arabera.
–Ikastetxe bakoitzak, ikasturtean zehar, DBHko etapan irakurriaren ulermena lantzeko praktikak sistematizatu beharko ditu, ikastetxearen errealitateari eta beharrei hobekien zaien moduan. Horrela, prestakuntzaren eragina ikasturte honetatik harago bermatu nahi da. Ikastetxeek urteko programazio orokorrean sartu beharko dituzte jarduera horiek guztiak, irakurketa plantzat har ditzakegunak, "Ikasturtean garatu beharreko beste proiektu, programa eta plan instituzional batzuk" atalean. Jarduketa horiek 2025-2026 ikasturtean egindako lanetik abiatuko dira. Plan hau abian jartzeko erantzukizuna ikastetxeko koordinatzaileak eta zuzendaritza-taldeak izanen dute batera. Horretarako, ikastetxeak bere aholkulariaren aholkularitza eta ikuskapena izanen du.
–Ikastetxe bakoitzean, zuzendaritza-taldeak koordinatzaile izendatzen duen langileak 2 eskola-orduko murriztapena izanen du. Ikastetxeak AG eta BD hizkuntza ereduak baditu, eredu bakoitzeko koordinatzaile bakoitzak 2 orduko murriztapena izanen du; hau da, ikastetxeak 4 ordu izanen ditu esleituta. Bi orduak esleitu beharko zaizkio arlo horretan irakasle-esperientzia izanen duen pertsona bakar bati, zeinak, oro har, ikastetxean behin betiko destinoa izanen baitu eta planaren koordinatzaile lanetan aritua izanen baita.
Bi ordu horietako bat koordinatzailearen ordutegian finkatu beharko da, ostegunetan, 9:00etatik 10:00etara bitarte, hain zuzen ere.
Koordinatzaileen lehen eginkizuna izanen da prestakuntza planean parte hartzen duten irakasleei zereginak egiten laguntzea. Koordinatzailea jarraian bi urtez aritzen bada koordinazio lanetan, bigarren urtean ez du prestakuntza orokorra berriz egin beharko. Lehenengo aldia bada koordinazio lanetan, koordinatzaileak aurrez aurreko saioetara joan beharko du, eta bertako zereginak ere egin beharko ditu, gainerako parte-hartzaileek bezala.
Koordinatzaileen bigarren eginkizuna izanen da, zuzendaritza-taldearekin eta irakasle-taldearekin batera, irakurriaren ulermen-maila hobetzera bideratutako praktiken sistematizazio hori planifikatzea.
2.–Matematika konpetentzia indartzeko programa.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako arlo guztietan matematika konpetentzia hobetzearren, Hezkuntza Departamentuak jarraituko du matematika konpetentzia indartzeko programa bat sustatzen 2026-2027 ikasturtean. Programa horren testuinguruan, Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak matematika konpetentzia indartzeko lurralde arteko lankidetza programak sustatu zituen, irailaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofizialeko 2024/18008 Ebazpenaren bidez.
Programaren berariazko helburuak hauek dira:
–Ikasleei arreta pertsonalizatua ematea.
–Lan egitea matematika konpetentziaren genero-arrakala murrizteko.
–Matematika konpetentzia ikasteko metodologien eta estrategien gaineko prestakuntza ematea hezkuntza-administrazioetako aholku taldeei, koordinatzaileei eta ikastetxeetako irakasleei.
–Ikastetxeei aholkularitza eta laguntza ematea, matematika konpetentzia hobetzeko planak gara ditzaten.
Horrela, 2026-2027 ikasturtean, jarduketak eginen dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 24 ikastetxetan, matematika konpetentzia indartzeko programa finkatu eta garatzeko, prestakuntza jarduerak eskainiko zaizkie matematika ematen duten irakasleei eta aholkularitza espezifikoa emanen du Hezkuntza Departamentuak arlo horretako irakasle espezialisten bidez. Aholku talde horiek arduratuko dira ikastetxeetan prestakuntza jarduerak antolatzeaz, koordinatzeaz eta, hala badagokio, emateaz, beharrezkoak direnak ikastetxean jasotako prestakuntza helarazteko.
Gainera, ikastetxeak gidatu, aholkatu eta lagunduko dituzte matematika konpetentzia indartzeko programaren diseinuan, ezarpenean eta ebaluazioan, eta jarraibideak ezarriko dituzte matematika konpetentzia eta haren ebaluazioa hobetzeko.
Horrez guztiaz gain, ikastetxe bakoitzeko zuzendariak arduradun bat hautatu beharko du, matematika konpetentzia indartzeko programa (MKIP) koordinatu dezan. Arduradun hori Matematika Departamentuko irakasle bat izan beharko da, ahal dela, ikastetxean behin betiko destinoa duena eta irakasgai horretan irakasle lanetan aritutakoa. Hizkuntza eredu bakoitzean, MKIPeko koordinatzaile bakoitzak 4 eskola-orduko lanaldi-murrizketa izanen du, programa ezartzeko. Koordinatzaile hori arduratuko da bere ikastetxean matematikaren metodologiaren aldaketa sustatzeaz, eta matematika ematen duten irakasleei laguntza emanen die, baliabideei, etengabeko prestakuntzari eta irakaskuntza-eguneratzeari dagokienez, arreta berezia eskainiz sartu berri diren irakasleei. Ikastetxean programa ezartzeko behar den prestakuntza eskuratzeaz arduratuko da, eta horretarako, parte hartuko du aholkulariek irakasle koordinatzaileentzat antolatutako prestakuntza jardueretan eta beste prestakuntza batzuetan. Era berean, arduratuko da ikastetxean matematika konpetentzia hobetzeko plan bat egin, koordinatu eta garatzeaz, ikastetxeko proiektuei lotuta egonen dena, eta ikastetxean matematika ematen duten irakasleen kateko prestakuntza dinamizatzeaz. Koordinatu beharko da eskolako ordutegitik kanpo laguntza-eskolak ematen dituzten irakasleekin, halakorik balego, jarduera horiek programarekin bat datozela ziurtatzeko.
Matematika konpetentzia indartzeko programako (MKIP) koordinatzaileek 12 orduko prestakuntza espezifikoa jasoko dute lana behar bezala egin ahal izateko, eta ikastetxeek prestakuntza instituzionaleko orduen barnean sartuko dute prestakuntza hori. Halaber, aholku espezifikoak jasoko dituzte beharrezkoa dutenean.
Ikastetxeek 4 orduko esleipen hori astearteetako lehenengo 4 saioetan izan dadin bermatu beharko dute, arduraduna eskuragarri egon dadin, beharrezkoa denean, aurrez aurre zein telematika bidez eta ordutegi orokorraren barruan, parte hartzeko prestakuntza jardueretan, esperientzia trukaketetan eta prozesu komunen jarraipenean eta ebaluazioan. Koordinatzaileek 2 saio izan beharko dituzte, DBHko lehen zikloko matematika saioekin bateragarria den ordutegian esleituetakoetatik. Irakaskidetza hori aplikatu beharko da planaren aholkularitzak proposatutako asteetan eta prestakuntza jarduerarik ez dagoen asteetan edo zeregin espezifikorik esleituta ez duten asteetan. Bestalde, planaren jarraipena egiteko eta gai horretako espezialistak diren irakasleak koordinatzeko, ordu bat erabiliko da, ikastetxearen beraren zereginak, planak eta proiektuak edo Hezkuntza Departamentuak proposatutakoak egiteko irakastorduetatik.
Azkenik, 2026-2027 ikasturtean zehar, Hezkuntza Departamentuak prestakuntza jarduera espezifikoak eskainiko ditu, matematikako irakasleei zuzendutakoak, matematikaren ikasgelan zuzenean aplikatzen ahal diren irakaskuntza-prozesuak eguneratzeko tresnak emateko.
3.–Aniztasunari erantzutea.
Ikastetxea da, bere osotasunean, bertako ikasle guztien aniztasunari erantzun inklusiboa eta hezkidetzan oinarritua emateko arduraduna, eta, horretarako, konpromiso irmoa erakutsi behar du bikaintasunaren, berdintasunaren eta genero-berdintasunaren printzipioekin, hezkuntza inklusiboaren oinarri diren aldetik.
Ikasleen aniztasunari ahalik eta egokien erantzuteko, funtsezkoa da irakasle-talde osoaren lana. Ardatz izanen du hautematea ikaskuntzarako sarbidea oztopatzen duten trabak, eta adierazi behar du zein diren horiek ezabatzeko helburuak (inklusio planean eta hobekuntza planean jaso beharko dira helburuok).
Ikasleen premiei erantzuteko jarduerak eta neurriak inklusio planetatik abiatu behar dira. Hura eta antolaketa neurriak zehazteko, kontuan hartuko da hezkuntza laguntzako unitatearen eta orientazio departamentuen esparruan ezarritako proposamen teknikoa, eta bermatuko da zuzendaritza-taldeak betetzen eta garatzen duela.
Jaso beharko da zer sarbide neurri eta jarduketa hartuko diren hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik oztopoak dituzten ikasleei erantzuteko. Familiei neurri horien berri emanen zaie.
Arreta handiz zainduko da Hizkuntzaren Estimulazio eta Prebentzio Programa garatzea Haur Hezkuntzako etapan eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan, bai eta inklusio planean jasotako prebentzio-neurri guztiak ere.
Inklusio Planaren zehaztapena bidali behar da Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, urriaren 31 baino lehen.
3.1. Antolaketari dagozkion alderdiak.
Ikastetxeak koordinazio bide eraginkor bat ezarriko du, bermatzeko irakasle-talde osoak koherenteki jokatzen duela, ikasleei hezkuntza arreta inklusiboa ematean, hezkidetzan oinarritutakoa, eskola-ibilbide osoan. Arreta inklusiboa landu beharko da ikastetxeen antolaketa egitura guztietan.
Baliabideak ekitatea eta inklusioa kontuan izanik kudeatu eta antolatuko dira. Baliabideak planifikatzeko, hornidura egiteko eta kudeaketa unitateek hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze indizea kalkulatzeko, urtarrilaren 31n EDUCA aplikazioan zeuden datuak hartuko dira kontuan.
Irakasle-taldeak, tutorea buru duela, hezkuntzaren, metodologiaren, antolamenduaren edo curriculumaren neurriak ezarriko ditu, hezkuntza laguntzako unitateak edo orientazio departamentuak aholkatuta.
Koordinazioa jarraitua izanen da, egin daitezen gauzatutako jarduketen jarraipen xehea, doikuntza eta ebaluazioa, kontuan hartuz noiznahi detektatzen ahal direla ikasle guztiek aurrera egitea eragozten duten oztopoak.
Neurriak hartzeko, Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsalaren (IDU) ikuspegia eta proposamen inklusibo guztiak hartuko dira kontuan.
Premiak goiz hauteman ahal izateko, gomendatzen da Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroak horren beharra duten ikasleendako prestatutako protokoloak erabiltzea.
Irakasle espezialistek (Pedagogia Terapeutikoko irakasleak, Entzumena eta Hizkuntzako irakasleak eta Lehen Hezkuntzako laguntzako irakasleak) parte hartuko dute indarrean dagoen araudiari jarraituz, ikastetxeko inklusio planean ezarritakoaren arabera, eta aukera inklusiboenak bultzatuko dira hezkuntza-erantzunerako.
Salbuespen gisa ikasgela arruntetik kanpo laguntza ezarri beharra justifikatu behar denean, erabaki horren arrazoia edo xedea, lortu nahi diren helburuak eta testuinguru arruntean premia horiei erantzuteko dagoen ezintasunaren zergatia zehaztuko dira. Era berean, zehaztu egin behar da zenbat denborarako aurreikusten den esku-hartze hori, kontuan hartuta ikasgelatik kanpoko saioen kopurua ahalik eta txikiena izan behar dela.
Hezkuntza premia bereziak izanik ikastetxe arruntean oztopoak aurkitzen dituzten ikasleei eginen zaie egitura espezifikoetarako sarbidearen proposamena, ezarritako irizpideak betez, arlo horretan neurriak eta jarduketak agortu ondoren.
Kasu horietan guztietan, dagozkion txostenetan agerian utzi beharko dira zein diren neurri eta jarduketa agortu horiek eta ohiko eremutik bete ezin denetik zer eskaintzen dien proposatutako egiturak ikasleei.
Ikastetxea aldatzea dakarren neurri edo egitura bat proposatzeko, kasu berezia izan behar da, eta aniztasunari erantzuteko bide arrunt guztiak agortu ondoren ezarriko da. Eskolatze aldi arruntean kudeatu beharko da, horretarako ezarritako protokoloak zorrotz beteta.
Egitura espezifikoen programazio didaktikoak ikasgelako tutoreen erantzukizuna dira.
Curriculumaren egokitzapen esanguratsuak arlo bakoitzeko irakasleen erantzukizuna dira; horien berri eman behar diote egokitzapenak dituzten ikasleen taldeko tutoreari.
Hezkuntza orientazioko langileek programazioak eta curriculum egokitzapenak egiten lagunduko diete irakasleei, eta aholkuak emanen dizkiete.
Irakasle-talde osoari dagokio ikasleen autonomia garatzea.
Hezkuntza laguntzako langile espezialistekin elkarlanean definituko eta aplikatuko da Autonomia pertsonaleko eta gizarte integrazioko programa, ikaslearen autonomia, garapen pertsonala eta curriculumean sartzeko aukerak sustatze aldera.
Koordinazio egokia egin beharko da hezkuntza laguntzako espezialisten eta irakasle-taldea osatzen duten gainerako kideen artean. Horretarako, astean behin koordinazio saio bat ezarriko da profesionalendako, eskolaldian.
Oro har, lanaldi osoa ez duten hezkuntza laguntzako espezialisten ordutegiaren eguneroko saioak jarraian antolatuko dira, zerbitzuaren beharrizanengatik behar bezala justifikatzen diren ohiz kanpoko kasuetan izan ezik.
Hezkuntza laguntzako langile espezialista berriei dagokienez, ikastetxeak harrera eginen die, lan egiteko behar dituzten dokumentu nahikoak emateko eta eraikina erakusteko.
Espezialista horien ordutegia EDUCAn jakinarazi behar da, menu honetan: Langileak > AZL > Lanpostuaren ezaugarriak.
3.2. Sare-lana. Esku hartzea absentismoaren aurrean.
Sare-lana ezarriko da hezkuntza-funtzioak bete daitezen kanpoko gizarte, osasun eta komunitate eragileekin koordinatuta. Protokoloetan eta indarreko araudian ezarritako baldintzak beteko dira horretarako. Informazio-trukea eginen da datu pertsonalak babesteko protokoloak kasu hauetarako ezarritakoaren arabera.
Eskola-absentismoan esku hartzean, beharrezkoa da batera eta testuinguruari begira jardun dezatela hezkuntza-komunitate osoak, oinarrizko gizarte zerbitzuek, Adingabeak Babes eta Sustapenerako Atalak eta Fiskaltzak.
Absentismoaren protokoloan, esku hartzeko lau maila zehazten dira, absentismoaren larritasunaren edo jarraitutasunaren arabera, baita maila bakoitzean gauzatu beharreko ekintzak ere. Esku hartzeko maila guztietan, ikastetxeak kasuen jarraipena egin beharko du, aldian behin egoeraren berri emanez eta koordinazio bilerak eginez sareko kideekin.
Jarraipen hori eraginkorra izan dadin, oso garrantzitsua da EDUCAn erregistra daitezela, ikasturte osoan, bidezko arrazoirik gabe ikastetxera ez agertzeak. Era berean, protokoloan ezarritako 2. mailara igarotzean, horren berri emanen zaio Inklusio Proiektuetarako Bulegoari helbide elektroniko honen bidez: proyectos.de.inclusion@navarra.es.
3.3. Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ).
Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ) hezkuntza inklusioaren arloko erreferentziazko kalifikazio handiko zentroa izanen da.
Arlo eta programetan egituratuta egoteak lagundu eta sustatuko ditu ikasle guztiek ikastetxeetan duten presentzia, parte-hartzea eta ikaskuntza.
Hezkuntza orientazioko langileen bitartez eskatuko da aholkularitza, eskaera hezkuntza-komunitateetako zeinek egiten duen kontuan izan gabe.
4.–Inklusio, berdintasun eta bizikidetza programak.
4.1. Inklusioa: PROA+ programa.
PROA+ programaren helburu nagusia da hezkuntza konplexutasun handieneko ikastetxeei laguntza instituzionala ematea, eta ikastetxe hauek dira programaren hartzaileak: funts publikoekin mantentzen diren eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Oinarrizko Hezkuntza (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta oinarrizko mailako heziketa zikloak) eta Batxilergoa ematen dutenak. Horretarako, berrogeita hamalau ikastetxe hautatu dira, publikoak zein itunduak, deialdi bidez.
Ikastetxe horiek aparteko zuzkidura jasotzen dute, sareetan biltzen dira eta aholkularitza eta prestakuntza jasotzen dute Hobekuntza Plan Estrategiko bat eta zenbait jarduera garatzeko eta ezartzeko. Jarduera horiei palanka-jarduerak deritze, eta helburu dute antolakuntza-kulturan beharrezkoak diren aldaketak bultzatzea, bermatu ahal izateko ikasle guztiek eskola arrakasta izanen dutela, arreta jarrita, bereziki, ikasle guztien artetik egoera ahulenean dauden horietan.
4.2. Berdintasuna eta hezkidetza: Hezkidetza Plana eta SKOLAE programa.
SKOLAE programaren helburua da hezkidetza eraldatzea ikastetxeetan. Hezkuntza Departamentuak prestakuntza, baliabideak eta laguntza ematen ditu prozesu hori errazteko, eta, horrela, bermatzen du, hezkuntza etapa guztietan, irakasleek eskuratzen dutela hezkidetzarako konpetentzia profesionala, eta ikasleek, berdintasunez bizitzeko konpetentzia.
2026-2027 ikasturtean, programa orokortzen jarraituko da, ikastetxe berriak sartuko baitira. Ikastetxeen egoera honako hau izanen da, zer fasetan dauden:
a) Programaren nahitaezko etapetan dauden ikastetxeak (1., 2., 3. eta 4. faseak).
SKOLAE programa ikastetxe batean ezartzeko, antolaketa-egitura bat sortu behar da ikastetxe barnean, eta, horretarako, nahitaezko prestakuntza egin beharra dago, lau ikasturtez, gutxienez ere, eta bete beharko dira araudian ezarritako lau faseak.
Ikastetxe bakoitzean hezkidetza bultzatzeko talde bat sortuko da; 3 eta 8 kide artean izanen ditu, ikastetxearen ezaugarrien arabera, eta kide horien artean egonen dira zuzendaritza-taldeko pertsona bat eta hainbat ziklo eta arlotako irakasleak. Pertsona horietako bat koordinatzailea izanen da, eta sarean eginen diren bost saiotara bertaratu beharko du; hain zuzen, astearteetan, 12:00etatik 14:00etara, izanen dira, Hezkuntza Departamentuko SKOLAE taldeak adierazitakoaren arabera.
Bertaratu izanaren egiaztagiria jasotzeko, beharrezkoa izanen da sarean deitutako saioen %85era aurkeztu izana. Koordinatzailea ezin bada bertaratu, hezkidetza sustatzeko taldeko beste kide bat joaten ahalko da, ahal dela, zuzendaritza-taldekoa. Orobat, zuzendaritza-taldeak erraztasunak emanen dizkio koordinatzaileari ikastetxeko sarearen bileretara joateko. Horrenbestez, bilera horiek aintzat hartu behar dira ikastetxeko ordutegiak prestatzeko, ikastetxe publiko zein itunpekoetan.
Bestalde, ikastetxeko zuzendariak ordutegi bat ezarriko du, astean behin bil daitezen talde bultzatzaileko irakasle guztiak.
Klaustroa osatzen duten irakasle guztiek, ikastetxea 1., 2., 3. eta 4. faseetan badago, prestakuntza instituzionaleko 12 ordu gorde beharko dituzte hezkidetzari buruzko prestakuntza jasotzeko. Ikastetxea programa ezartzeko zer fasetan dagoen, prestakuntza hori banakakoa edo taldekoa izan daiteke, eta tutoretza online edo ikastetxean bertan egiten ahalko da. Edonola ere, dagokion informazioa bidaliko die Hezkidetza Bulegoak ikastetxe bakoitzari.
Hezkidetza bultzatzeko taldeko irakasleek, lehenengo urtean zehar, prestakuntza edo aholkularitza espezifikoa jasoko dute, ikastetxearen diagnostikoa eta hezkidetza identitatearen plan bat diseinatu eta garatzeko.
b) Ebaluazio fasea.
Lau faseak amaitutakoan, ikastetxea ebaluazio fasera igaroko da. Bertan, horretarako emandako tresnaren bidez, ikastetxearen hezkidetza identitatearen plana ebaluatuko da, eta ebaluazio horretan oinarrituta hurrengo lau ikasturteetako plana diseinatuko da. Bi ekintza horiek ikasturte berean zehar eginen dira.
Hartara, koordinatzaileak eskola-ordu bat izanen du liberatuta; izan ere, ikasturtean zehar Hezkidetza Bulegoak deitutako sareko bileretara bertaratu.
Ikastetxe bakoitzeko hezkidetza bultzatzeko taldearen ardura izanen da ekintza horiek guztiak gauzatzea, eta, horrenbestez, ikastetxeko zuzendariak astean behin bilera bateratu bat egiteko ordua ezarriko du hezkidetza bultzatzeko taldea osatzen duten irakasle guztiendako.
c) Programaren nahitaezko etapak amaitu dituzten ikastetxeak.
d) Sexu-hezkuntzako programa.
Ebaluazio fasea amaitu eta hezkidetza identitatearen plan berria prestatu duten ikastetxeek, 72/2021 Foru Dekretuan jasotakoari jarraikiz, hezkidetza bultzatzeko taldearen egitura eta funtzioak mantenduko dituzte, plana modu autonomoan garatzeko. Koordinatzaileak ez du ordurik izanen. Ikastetxe hauetan, SKOLAE I edo SKOLAE II banakako prestakuntza egin ez duten irakasleek horiek egiteko beharrezkoak diren 12 ordu gorde beharko dituzte. Nahiz eta ez den ikastetxeko irakasle guztiendako nahitaezko prestakuntza, nahitaezkoa izanen da hori jaso ez dutenendako. Ordea, bakoitzari dagozkion prestakuntza ikastaroetarako izen-ematea ikastetxeak berak kudeatu beharko du (zuzendaria, prestakuntzako arduraduna, ikasketaburua).
4.3. Bizikidetza: Laguntza Programa.
Hezkuntza Departamentuak, Laguntza Programaren eta ikastetxeen eskura jartzen diren beste baliabide batzuen bidez, bizikidetza planak egiteko orientazioa, prestakuntza eta aholkularitza emanen du.
Laguntza Programaren bidez, irakasleak arian-arian trebatuko dira hezkuntza emozionalean, gatazken konponketan, bitartekotzan, jardunbide errestauratiboetan, disrupzioaren ulermenean eta esku-hartzean eta beste eduki batzuetan. Hala, kalitate oneko prebentziozko esku-hartzea sustatuko da tratu ona falta denean eta ondoeza aurrez aurre dugunean, eta prebentzioaren eta arintzearen dimentsio bikoitza bermatuko da egoera horien aurrean.
Trebakuntza bi modutara egiten ahalko da: Alde batetik, Laguntza Programara batzen diren ikastetxeek prestakuntza jasotzen ahalko dute; lehenik, prestakuntza orokorra jasotzen ahalko dute bi urtez, eta, bigarrenik, hirugarren urte batez prestakuntza espezifikoagoa jasotzen ahalko dute. Laguntza Programaren prestakuntzak irauten duen hiru urteetan, ikastetxeek astean ordubete izanen dute programaren ondoriozko zereginak koordinatzeko.
Bestetik, Red Laguntza Sareak ikasturte bakoitzean emanen dituen saioen bidezko prestakuntza egonen da (programako prestakuntza bere garaian amaitu duten ikastetxeek osatzen dute Red Laguntza Sarea). Era berean, prestakuntza-pilulak eskaintzen ahalko dira Laguntza Programaren edukiei buruz.
Ikastetxe bakoitzaren Bizikidetza Planean curriculum eta antolaketa neurriak jasoko dira bizikidetza, tratu ona eta eskola giroa hobetzeko. Nabarmenduko da zein garrantzitsua den hezkuntza-komunitate osoa inplikatzea arlo horretan prebentzio lana egin eta tratu onak eta hezkuntza emozionala ikasteko, gatazkak konpontzeko, emozioen aldetik seguruak eta osasungarriak diren inguruneak sortzeko eta eskola jazarpena eta indarkeria modu guztiak desagerrarazteko konpromisoaren ikuspegitik.
Abenduaren 16ko 204/2010 Foru Aginduarekin bat, ikastetxe guztietan egon beharko da bizikidetzako arduradun bat, aipatu foru aginduan adierazitako funtzioak izanen dituena.
Arduradunak, ikastetxeko zuzendaritza-taldeak erabakitakoari jarraikiz, eta, hala badagokio, hark ikuskatuta, ongizatearen eta ikasleak babestearen koordinatzaile funtzioak bereganatzen ahalko ditu, funtzio horiek arautzen dituzten estatuko eta autonomia-erkidegoko araudiekin bat.
Ongizaterako eta babeserako koordinatzaileak, jardutean, bete eginen du datuen babesaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoa.
Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoaren webguneak zenbait baliabide, eredu, protokolo eta iradokizun jartzen ditu ikastetxeen eskura beren jarduketa plana zehazten laguntzeko eta berariazko erantzuna bideratzeko zenbait kasuren aurrean (suizidioak, dolua, ziberbizikidetza eta abar). Ikastetxe guztietan, Bizikidetza Plana eta haren urteko zehaztapena eguneratu beharko dira, eta egokituko dira bizikidetzari eta indarkeriaren prebentzioari buruzko indarreko araudira.
2026-2027 ikasturtean jarraituko dugu Laguntza Programa ezartzen eta horri buruzko prestakuntza ematen, gehienez ere eskatu duten eta hautatuak izan diren hamabost ikastetxetan (Haur Hezkuntzakoak, Lehen Hezkuntzakoak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak).
Era berean, 2025-2026 ikasturtean programa ezartzen hasi ziren ikastetxeek 2026-2027 ikasturtean zehar jarraituko dute prestakuntza egiten.
2026-2027 ikasturtean Laguntza Programako prestakuntza egiten jarraitzen duten ikastetxeek eskura izanen dute Bizikidetzarako Aholkularitzaren laguntza, baita programan aurretiaz prestakuntza eta esperientzia duten tutoreen laguntza ere.
Laguntza Programako prestakuntza eskaintzeaz gain, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetako langileei prestakuntza espezifikoa eskaintzen die jokabide suizidak dituzten ikasleei, dolu egoeran daudenei eta ikasle transexualei laguntzeko.
Prestakuntza espezifikoa ikastetxeen prestakuntza instituzionaleko planen baitan egin daiteke, edo ikasturtean zehar aurreikusi gabeko behar gisa antolatu daiteke.
5.–Ebaluazio diagnostikoak.
Ebaluazioa etengabeko hobekuntzari lotuta dago, eta funtsezko laguntza eta baliabidea da, gainera, errealitatea eta ikastetxeetan aurrera eramaten diren hezkuntza jarduketen ondorioak hobeki ezagutzeko. Alde horretatik, hobekuntza ildoak ezartzeko orduan, ikasleen barneko emaitzak (behar diren neurriak hartzeko informazio eta hausnarketa iturri izan beharko baitira) eta hurrengo puntuetan zehaztuko diren ebaluazioen emaitzak hartuko dira kontuan.
5.1. Ebaluazio diagnostikoa DBHko 2. mailan.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 144. artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailan diagnostiko helburua duen ebaluazio bat garatzea ezarri du.
Ikastetxeek ebaluazio diagnostikoa eginen diete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren ikasturteko ikasle guztiei. Konpetentziak ebaluatzeko probak kanpoan prestatuko dira, eta ikastetxeetan aplikatu eta zuzenduko. Ebaluazio Atalak koordinatuko du ebaluazio hori.
Ikastetxeek egin beharreko lehenengo jarduketa galdetegi bat izanen da, ikastetxeko ISEKa kalkulatzeko. Urtarrilaren 18tik otsailaren 19ra bitarte egin beharko dute galdetegia ikasleek. Zuzendaritza-taldeak ikuskatu eta bermatu beharko du prozesua zorrotz eta adierazitako epean betetzen dela; behar diren neurriak hartuko ditu ikasle guztiek bete dezaten galdetegia, eta nahikoa denbora emanen die edozein gertakari ebazteko.
Halaber, ikastetxeko zuzendaritza-taldea plangintzan arituko da eta behar diren neurriak hartuko ditu, bai proben aplikazioan bai zuzenketan, datu grabaketan eta txostenak entregatzean parte hartu behar duten irakasleek zeregin horiek beren lan ordutegian bete ahal izan ditzaten.
Ebaluazio horrek ikastetxeendako prestakuntza eta orientazio izaera duela kontuan hartuta, proben eta emaitzen azterketaren erantzukizuna irakasle guztiena da. Azterketa horretatik informazio garrantzitsua aterako da hezkuntza arretan detektatutako premietara egokitzeko.
Probak, oro har, apirilaren 15ean, 16an, 19an, 20an eta 21ean eginen dira eta horien ordena behar adina denborarekin zehaztuko da. Egun horietan probaren bat egin ezin duten ikasleek apirilaren 29an eta 30ean egiten ahalko dute. Hezkuntza Departamentuak jarraibideak emanen ditu proben aplikazioa eta zuzenketa arautzeko.
Ebaluazio diagnostikoan lortutako emaitzak ikastetxeen eskura jarriko dira, EDUCAn, bi informazio iturriren bitartez:
a) Emaitzen urteko txostena: txosten horri esker, ikastetxeak aztertu ahal izanen du zer puntuazio lortu duen konpetentzia bakoitzean eta zein izan den item bakoitzaren erantzun zuzenen ehunekoa. Gainera, ISEKaren arabera zenbatetsitako puntuak ezagutzen ahalko ditu.
b) Azken ikasturteetako emaitzen bilakaerari buruzko txostena: grafiko horiei esker ikastetxeak ikusi ahal izanen du zein izan den gaitasun bakoitzaren emaitzen joera azken ikasturteotan.
Ikasturtea bukatu aurretik, behar bezalako aurrerapenaz, zuzendaritza-taldeak iturri horietatik bildutako informazioa transmitituko du koordinazio pedagogikorako batzordearen bileran; horrela, gerora, saileko edo arloko buruek ikastetxeko emaitzen berri emanen diete irakasleei.
Gaitasunak hobetzea ez da DBHko 2. mailako ikasleak zuzenean prestatzen dituzten irakasleena soilik, guztiena baizik. Horregatik, sail edo arlo guztiek aztertuko dituzte emaitzak, eta egoki irizten dizkioten hobekuntza proposamenak bilduko. Azterketa hori errazago egiteko, item bakoitzari buruzko informazio gehigarria egonen da horretarako prestatutako zuzenketa koadernoetan.
Hautemandako hobekuntza arloak zein diren adieraziko da bai ikastetxearen hobekuntza planean bai eta sailetako edo arloetako urteko lan planetan ere.
Eskola-kontseiluari emanen zaio horren guztiaren eta hartutako neurrien berri.
Ikastetxeek erabakiko dute noiz eta nola helarazi ikasleen txosten indibiduala familiei ikasturtea amaitu baino lehen. Gomendagarria da hori tutoretzaren testuinguruan egitea.
6.–Eskolako liburutegiak.
Eskolako liburutegiak kudeatzeko plataforma Abies+ izanen da, zeinak AbiesWeb plataforma ordezkatzen baitu. Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak eginen du AbiesWeb-tik Abies+ plataformarako migrazioa.
Programatuko da eskolako liburutegien prestakuntza egitea eta Abies+ plataforma erabiltzeko materialak ematea.
Era berean, informazio saioak antolatuko dira "Odisea" plataformaren erabilerari buruz (eskolako liburutegi digitala), baita prestakuntza-ibilbide bat ere plataforma horren aukera pedagogikoei buruz.
Eskolako liburutegiaren kudeaketaren arduradunei ordu osagarri gisa kontatuko zaizkien ordu batzuk esleitu ahal izanen zaizkie eskola liburutegiarekin loturiko kudeaketa informatikoa eta dinamizatze proiektuak egiteko, betiere, ikastetxeko ordutegia kontuan hartuta.
Eskolako liburutegiko arduradunen eginkizuna izanen da honako zeregin hauek egitea:
–Funts bibliografikoak eta bestelako materialak automatizatzea eta antolatzea.
–Mailegu sistema antolatzea.
–Irakurketaren sustapenari eta irakurzaletasuna bultzatzeko ikastetxearen planari lotutako ekintzen sustapena.
–Liburutegiaren aldetik laguntza ematea ikastetxean antolatzen diren programak eta proiektuak egiteko orduan.
–Liburutegiko ordutegia antolatzea bai eskola-orduetan bai eskolaz kanpokoetan.
–Ikasleen eta irakasleen artean sustatzea formatu digitaleko irakurketa eta irakurriaren ulermenaren hobekuntza "Odisea" eskolako liburutegi digitalaren bidez.
7.–Ikastetxeko hizkuntza proiektua.
Otsailaren 19ko 16/2019 Foru Aginduak Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua arautzen du, eta lau urteko epea ezarri zuen proiektua prestatzeko. Epe hori amaitzean, ikastetxearen hizkuntza proiektua etengabe berrikusi eta eguneratu beharreko dokumentua izanen da; horretarako, ikastetxeek Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren laguntza izanen dute. Era berean, honako esteka honetan orientazio gida bat izanen dute eskura:
https://sites.google.com/educacion.navarra.es/plcnavarra/plcihp
Curriculumeko hizkuntzei dagokienez, ikastetxeek EDUCA kudeaketa sisteman honako hauek zehaztu beharko dituzte:
–Maila bakoitzean irakasgai bakoitza zein hizkuntzatan ematen den (Ikastetxea menua> Ikasketa plana> Irakasgaiaren hizkuntza).
–Ikastetxeko hizkuntza proiektua nork koordinatzen duen (Langileak menua > Irakasleak > Datu profesionalak).
–Atzerriko hizkuntzak ikasteko programa nork koordinatzen duen: Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programa (Langileak menua > Irakasleak > Lanpostu osagarria).
8.–Atzerriko hizkuntzak ikasteko programak.
Apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Lehen Hezkuntzako etapa amaitzean ikasleei beren hizkuntza konpetentziari buruzko orientaziorako aholku bat emanen zaie, DBHn hautatu beharreko atzerriko hizkuntzetan ikasteko programei dagokienez (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautzen ditu). Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek EDUCAn kontsultatu ahal izanen dute zer txosten egin dituzten, horretarako berariaz, atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxeek.
II.–ANTOLAKETA ALDERDIAK
1.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etaparen antolamendua: ikasgaiak eta esparruak.
Oro har, etapako ikasmailak ikasgaika antolatuko dira. Hala ere, ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, esparruka lan egin ahal izanen dute, irakasleen klaustroak aldez aurretik onetsita. Ondorio horietarako, 2027-2028 ikasturtean curriculum antolaketa esparruka hasi nahi duten ikastetxe guztiek Ikasketak Antolatzeko Atalari jakinarazi beharko diote 2027ko apirilaren 15a baino lehen (ordenacion.academica@navarra.es), honako hauek kontuan izanik:
–Esparruka lan egiten duten ikastetxeek "hizkuntzaren eta gizartearen esparrua" edo "esparru zientifiko eta matematikoa" bietako bat aplikatu beharko dute, edo, bestela ere, bi esparruak aldi berean.
–Esparruka lan egiteko aukera etapako edozein ikasmailatan aplikatzen ahalko da, eta ikasmaila bereko talde guztietan aplikatu beharko da.
–Ikasketak Antolatzeko Atalari zuzendutako jakinarazpenean, adierazi beharko da zein den ikastetxearen izena eta zer ikasmailatan eginen den lan esparruka ("hizkuntzaren eta gizartearen esparrua" edo "esparru zientifiko eta matematikoa", edo biak aldi berean).
Era berean, eta arestian deskribatutako baldintza berberei jarraikiz, 2026-2027 ikasturtean antolamendua esparruka ezarrita duten ikastetxeek, epe berean eta modu berean jakinarazi beharko dute horri buruzko edozein aldaketa. Horren gaineko berririk jasotzen ez bada, ulertuko da ez dela aldaketarik izan antolamenduan, eta 2027-2028 ikasturtean aplikatuko da.
2.–Programazio didaktikoak.
Programazio didaktikoak prestatzeko, eskura izanen dira orientatzeko gida bat eta programazio-eredu irekiak, eskola kudeaketako EDUCA sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Programazioak).
Programazio didaktikoak, ahal dela, EDUCAren aplikazioan bertan eginen dira, horretarako prestatutako txantiloi bat erabiliz.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak arloen eta, hala badagokio, irakasgaien programazio didaktikoen prestaketa gainbegiratuko du, eta bereziki begiratuko du LOMLOEn aurreikusten diren elementu berriak sartzen diren (konpetentzia espezifikoak, oinarrizko jakintzak, ikaskuntza-egoerak, etab.).
3.–Gainditu gabeko irakasgaiak eta barrutiak berreskuratzeko prozesuen kalifikazioen eskala.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gainditu gabeko irakasgaiak eta, hala badagokio, barrutiak ebaluatzeari dagokienez, eman beharreko kalifikazioak bat etorri beharko du Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 12ko 53/2023 Foru Aginduaren 12. artikuluan xedatutako kalifikazioen eskalarekin, termino hauek erabiliz: gutxiegi (G), kalifikazio negatiboetarako; nahikoa (N), ongi (O), oso ongi (OO) eta bikain (B), kalifikazio positiboetarako. Horretarako, koordinazio didaktikoko departamentu bakoitzeko kideek adostutako kalifikazio irizpideak hartu beharko dira kontuan, ikasgai edo arlo bakoitzean kalifikazio prozedura homogeneo bat erabiltzea ziurtatzeko. Hiruhileko errekuperazioei eta gainditu gabeko irakasgai edo barrutiak ebaluatzeari dagokienez, eman beharreko kalifikazioak bat etorri beharko du aipatutako eskalarekin. Hala, kalifikazioen eskala hori ezin izanen da ez mugatu ez murriztu, eta ikasleei ondoren adierazitako kalifikazioen eskalako terminoei jarraikiz jarri beharko zaie dagokien nota.
Batxilergoan gainditu gabeko irakasgaiak eta barrutiak ebaluatzeari dagokienez, hala badagokio, eman beharreko kalifikazioak bat etorri beharko du Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 10eko 45/2023 Foru Aginduaren 10. artikuluan xedatutako kalifikazioen eskalarekin, zenbakizko kalifikazio bat erabiliz, dezimalik gabe, 0tik 10era bitarteko eskalan, 0 kalifikazio txikiena izanik eta 10 handiena. Horretarako, koordinazio didaktikoko departamentu bakoitzeko kideek adostutako kalifikazio irizpideak hartu beharko dira kontuan, irakasgai bakoitzean kalifikazio prozedura homogeneo bat erabiltzea ziurtatzeko. Hiruhileko errekuperazioei eta gainditu gabeko irakasgaiak ebaluatzeari dagokienez, eman beharreko kalifikazioak bat etorri beharko du aipatutako eskalarekin. Hala, kalifikazioen eskala hori ezin izanen da ez mugatu ez murriztu, eta ikasleei ondoren adierazitako kalifikazioen eskalako terminoei jarraikiz jarri beharko zaie dagokien nota.
4.–Lanaldia.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, izanen dute Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera, beren eginkizunetara egokitua.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi jarraitua egin beharko dute irakasleek.
Ekitatean eta hezkuntza kalitatean aurrera egiteko itunak jasotzen du Bigarren Hezkuntzako irakasleek, araubide bereziko irakaskuntzetakoek eta Lanbide Heziketakoek, lanaldi osoan arituz gero, astean 18 orduko eskola-ordutegia izanen dutela. Asteko zenbaketako ordu osagarrien barnean, ordu bat ikastetxea koordinatu eta plangintza instituzionaleko dokumentuak eratzeko bilduko da; eta beste ordu bat, berriz, irakasle-taldeek edo departamentu didaktikoek proposatutako ataza, plan eta proiektuetarako, baldin eta astean denbora gehiago sartzea ez badakar horrek berekin.
Jarraian agertzen den taulan lanaldi osoko irakasleen lanaldiaren laburpena azaltzen da.
BIGARREN HEZKUNTZAKO IRAKASLEEN LANALDIAREN LABURPEN KOADROA (Lanaldi osoan) | ||||
URTEKO LANALDIA 1592 ordu | IKASTETXEAN BERTAN EMAN BEHARREKO ORDUAK, ASTEAN 30 | 18 h | a) ZUZENEKO IRAKASLANA + b) ESKOLA-ORDU GISA KONTATZEN DIREN ORDUAK | –Ikasleei eskola edo irakaskuntza ematea. –225/1998 Foru Dekretuaren 22. artikuluan zehaztutako lanetarako. |
7 h | OSAGARRIAK, ASTEAN ZENBATU BEHARREKOAK | –Zaintza orduak. –Departamentua. –Tutoretzak. –Koordinazio bilerak. –Horien artean, egonen dira ebazpen honen "Lanaldia" apartatuan jasotako zereginak. | ||
5 h | OSAGARRIAK, HILABETEAN ZENBATU BEHARREKOAK | –Klaustroak. –Ebaluazioko eta irakasleen taldeko bilerak. –Familiak. –Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuk. –Plangintza instituzionaleko tresnak. –25 prestakuntza ordu. | ||
URTEKO LANALDIA OSATU ARTEKO GAINERAKO ORDUAK | Irakaskuntza jarduerak prestatzea eta irakasleen lanbide gaitasunak perfekzionatzea, hautaketa batzorde eta epaimahaietan edo antzeko jardueretan parte hartzeko irakasleek duten betebeharraren kalterik gabe, jarduera horietarako izendatu badituzte. | |||
5.–Irakasleen ordutegia prestatzea eta onestea.
Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuak, zeina aldatu baitzuen uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriak, ezartzen du ezen irakasleen ordutegiak ikasketaburuak prestatu behar dituela, ikastetxeko zuzendariak onetsi behar dituela eta EDUCA kudeaketa programaren bitartez jakinarazi behar direla irailaren 30erako. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, hamabost eguneko epea izanen du.
Ordutegiak prestatzeko, eskola kudeaketako EDUCA sisteman eskuragarri daude laguntza dokumentuak, kontratuen ordutegi-taula eta irakasleen ordutegiaren kontzeptuak (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Irakasleen ordutegia).
Halaber, eskola kudeaketako EDUCA sisteman zehaztuko da egoitzaren ordutegia, zenbaketa moten erlaitzean "denbora erreala" hautatuta (Ikasturtea > Ordutegia > Egoitza zehaztea > Ordutegiak kudeatzea > Zenbaketa mota > Denbora erreala).
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak irakasleen asteko ordutegiaren banaketa zuzena den ikuskatuko du (zuzeneko irakaskuntzan emandako orduak, eskola-orduak eta jarduera osagarriak).
6.–Zuzendaritza-taldeen koordinazioa.
Ikastetxeen arteko koordinazioa handitzeko eta prestakuntza programetan parte hartzea areagotzeko, zuzendariak, ikastetxeko aukeren arabera, astearte goizak eskola-ordurik gabe izan ditzake, zeregin horiek gauzatzeko.
7.–Irakasleak eta ikastetxeko langileak lanera ez agertzea.
Aldi baterako ezintasun batengatik norbait lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolak Hezkuntza Departamentuko web-orrian ezarritakoari jarraituko dio:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Aldi baterako ezintasun egoerak jakinarazteko ezarritako epeak betetzen ez badira, ikastetxeko zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudiak ezarritakoaren arabera jardun dezan. Irakasleari ere horren berri eman behar zaio idatziz.
Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.
Parteak bidaltzean izandako edozein gorabehera jakinarazteko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.
Ikastetxeetan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEko nahiz Gizarte Segurantzako langileek, zuzendaritza-talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.
Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun ondoriozko baja egoerak jakinarazteaz gainera, 72 orduko epean egin behar dela, gehienez, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarendako lizentzia tramitatzeko komunikazioa, ezarritako prozedurari jarraikiz.
Ordezkapen egoeretan, ordezkoa ez bada egokitu zaion lanpostuan hasten, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, ikastetxeko zuzendaritzak hutsegitearen txosten bat bidaliko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, plaza berriz eskain dadin. Ordezkapen kontratuaren Gizarte Segurantzako afiliazioaren alta tramitatu bada, Gizarte Aseguruen Atalak eskatuta, zuzendaritza-taldeak hutsegiteari buruzko txosten bat egin beharko du, alta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian alta baliogabetzeko. Ondoren, seccion.seguros.sociales@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko du.
Ikastetxeetan EDUCA aplikazioko kudeaketa sisteman erregistratu beharko dira ikastetxeak berak emandako baimenak. Norberaren aferetarako baimena ematerakoan, EDUCA kudeaketa sisteman (Langileak menua > Irakasleak > Berria / Hutsegiteak ikusi) ikus daiteke zenbat ordu hartu duen irakasle bakoitzak ikasturte berean, kontratu bat baino gehiago izan arren.
8.–Zaintza.
Hona hemen zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak:
–Arreta ematea irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik libre gelditzen diren ikasleei.
–Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera zaintzea. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.
–Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
–Beren zaintza-orduetan, irakasleak eskoletara, zaintza txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara berandu joan izanaren edo joan ez izanaren berri ematea ikasketaburuari, idatziz.
–Ikastetxeko zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.
Ikastetxeko zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten zaintza orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta zaintza ordu guztiak beteta badaude.
EDUCA aplikazioak modulu bat du irakasleen zaintza-orduak kudeatzeko, eta hura erabiltzea gomendatzen dugu. Ikasgelako koadernoaren agendarekin lotuta dago, egin beharreko jarduerak jakinaraztea errazten du, zaintzako irakasleak izendatzeko aukera ematen dio zuzendaritza-taldeari eta prozesuaren estatistika bat eskaintzen du.
9.–Irakasle ibiltarien joan-etorrien gastuak.
Oinarrizko ikastetxeetako zuzendaritzek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinaraziko diote, epe barruan jakinarazi ere, zer joan-etorri egiten dituzten beren irakasle ibiltariek (irakasleek, orientatzaileek eta logopedek) ikastetxekoaz bestelako herrietara, funtzionamenduaren txantiloian jasotako plangintzari jarraikiz.
Egoera orria edo fitxa urriaren 31 baino lehen igorriko da, oinarrizko ikastetxeko zuzendariak eta irakasle ibiltariak beteta.
Gainerako joan-etorriak bilerak deitzen dituen zerbitzuaren bidez kudeatuko dira, orientazioa koordinatzeko bilerak barne.
Irakasleen ibiltaritzak jakinarazteko dokumentazioa, jarraibideak eta hileko joan-etorrien fitxa eta formularioa eskuragarri egonen dira eskola kudeaketako EDUCA sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Ibiltaritzak).
10.–NUHEOko irakasle laguntzaileak.
Irakasle laguntzaileak dira Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekiko lankidetza programa Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ematen dutenak.
Irakasle laguntzaileek eginkizun eta betebehar hauek izanen dituzte:
–Programan matrikulatutako ikasleak prestatzea kasuan kasuko hizkuntza irakaskuntzen ziurtagiria lortzeko.
–Koordinazio jardueretan parte hartzea eta programatutako estandarizazio lanak egitea.
–Ikasleen ebaluazioan parte hartzea, bai proba orientagarrietan (idatzizkoak eta ahozkoak), bai ziurtapen probetan (zaintza, idatzizko proben zuzenketa eta ahozko probetarako epaimahaiak).
–Ikasleei matrikulazio eta ebaluazio prozesuetan informazioa emateko lanean laguntzea.
Programa honetan lankidetzan aritzeak konpentsazio hauek ekarriko ditu, taula honekin bat:
MAILA BAKOITZEKO | |
10 ikasletik 25 ikaslera bitarte | ordu bat |
26 ikasletik 50 ikaslera bitarte | + ordu bat |
51 ikasletik 75 ikaslera bitarte | + ordu bat |
76 ikasletik 100 ikaslera bitarte | + ordu bat |
Horrela, hurrenez hurren, 25 ikasletik behin | + ordu bat |
Arestian adierazitakoa gorabehera, hizkuntza departamentuak Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin lankidetzan aritzen badira eta 10 ikaslera iristen ez badira maila bakoitzeko, gutxienez eskola-ordu bat emanen da hizkuntza bakoitzeko.
Era berean, B1 eta B2 mailetan Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin lankidetzan aritzen diren hizkuntza departamentuetan, baldin eta bi mailen artean 10 ikasle baino gehiago badaude eta 25 baino gutxiago, ordu bat esleituko da maila bakoitzeko, betiere maila horietako bakoitzean gutxienez bost ikasle badaude.
Azkenik, hizkuntza batean bi hizkuntza maila baino gehiago ematen badira, ezin izanen ditu bi eskola-ordu baino gutxiago izan.
Sare publikoko ikastetxeetako irakasle laguntzaile guztiek, gutxienez ere, 5 lanordu eman beharko dituzte urtean HEOren ziurtagiria lortzeko probetan (zainketa lana ziurtapen azterketetan, idatzizko ziurtapen azterketen zuzenketa eta ahozko ziurtapen proben epaimahaiko lana) bakoitzak konpentsatua duen asteko eskola-ordu bakoitzeko.
Nafarroako Gobernuaren epaimahaiei buruzko araudian ezarritakoaren arabera konpentsatuko dira ekonomikoki gutxieneko kopuru hori gainditzen duten orduak.
NUHEOren departamentu bakoitzeko buruak bere irizpidearen arabera esleituko ditu goian aipatutako zereginak.
11.–Hezkuntza digitalizatzea.
Hezkuntza Departamentuak irakasle sartu berrien eskura jarriko du 15 orduko prestakuntza, zeinetan irakaskuntzan aritzeko oinarrizko tresna digitalak landuko baitira. Zuzendaritza-taldeak prestakuntza instituzional gisa ezartzen ahalko du hori irakasle sartu berriendako.
11.1. Konpetentzia digitala eta hezkuntza teknologia.
Ikasturte honetan jarraipena emanen zaio Hezkuntza Eraldaketa Digitalerako estrategiari (ikasNOVA), 1:1 ereduan (ikasle bat, gailu bat).
Ikastetxeko plan digitala urteko programazio orokorraren planetako bat da, eta, beraz, ikasturte bakoitzean eguneratu beharko da. Zuzendaritza-taldeak izendatzen duena arduratuko da planaren jarraipena egiteaz. Arduradun hori ikastetxearen plan digitalaren arduradun gisa identifikatuta egonen da EDUCAn.
Ikastetxe guztiek SELFIE galdetegia edo antzeko bat bete beharko dute, gutxienez bi urtean behin, ikastetxearen plan digitalean (IPD) jasotako ekintzak ebaluatzeko. Funts publikoekin finantzatutako zentro guztiek IPDko arduradun bat izanen dute, EDUCAn ikasNOVA-IPD arduradun gisa agertuko dena. Lanpostu hori pertsona bakar batek bete beharko du. Komeni da lanpostuan aritzen denak irakaskuntzako konpetentzia digitalean (IKD) B2 maila izatea gutxienez.
Ikastetxe publiko bakoitzak hezkuntza teknologiaren koordinatzaile bat izanen du, baita ikasNOVAko arduradun bat ere, eta pertsona horiek hala identifikatuta egonen dira EDUCAn. Komeni da hala hezkuntza teknologiaren koordinatzaile lanpostuan aritzen denak nola ikasNOVAko arduradunaren lanpostuan aritzen denak irakaskuntzako konpetentzia digitalean (IKD) B2 maila izatea gutxienez.
Bi figura horien egitekoa da hezkuntzako teknologiak txertatzea ikastetxeko eta ikasgelako prozesuetan, helburu nagusi izanik, betiere, tresna horiek ikaskuntzaren zerbitzura jartzea.
Esteka honetan argitaratuko dira hezkuntzako teknologiaren koordinatzailearen eta ikasNOVA arduradunen funtzioak: http://bit.ly/3OAWsXp.
Ikastetxeei gomendatzen zaie asteazkenak 9:00etatik 10:30era erreserbatzeko, arduraduna eskuragarri egon dadin, beharrezkoa denean, aurrez aurre zein telematika bidez eta ordutegi orokorraren barruan, parte hartzeko prestakuntza jardueretan, esperientzia trukaketetan eta prozesu komunen jarraipenean eta ebaluazioan. Edonola ere, prestakuntza guztiak grabatuko dira, edozein momentutan ikusi ahal izateko.
Matxura informatikoak erabiltzaile bakoitzak (irakasleak edo AZLak) jakinarazi behar dizkio CAUri. Izan ere, hori ez dagokio hezkuntza teknologiaren koordinatzaileari (ez da haren funtzioetako bat).
ikasNOVA ikasgela bat duten ikastetxeek, haren arduradun bat hautatu beharko dute EDUCAn. Lanpostua ikasNOVA-AULA arduradun izendatuko da. Komeni da lanpostuan aritzen denak irakaskuntzako konpetentzia digitalean (IKD) B2 maila izatea gutxienez.
STREAM-AI Sarean dauden ikastetxeek horren arduradun bat hautatu beharko dute EDUCAn. Lanpostua ikasNOVA-STREAM-AI arduradun izendatuko da. Komeni da hezkuntza teknologiaren koordinatzaile lanpostuan aritzen denak irakaskuntzako konpetentzia digitalean (IKD) B2 maila izatea gutxienez.
Ikasleen konpetentzia digitala egiaztatzeko programan (IKD) parte hartzen duten ikastetxeek arduradun bat hautatu beharko dute EDUCAn. Lanpostua ikasNOVA-IKD arduradun izendatuko da.
IkasNOVA arduradunaren eta haren aldaeren kasuan (ikasNOVA-AULA arduraduna, ikasNOVA-IKD arduraduna, ikasNOVA-IPD arduraduna, ikasNOVA-STREAM-AI arduraduna), ikastetxeek bermatu beharko dute proposatutako ordu-tartean orduak esleitzea (ostegun goizetan, 09:00etatik 10:30era), pertsona horiek parte hartu ahal dezaten, beharrezkoa denean, aurrez aurre zein telematika bidez, prestakuntza jardueretan, esperientzia eta jarraipen trukaketetan eta prozesu komunen ebaluazioan.
IkasNOVAko arduraduna ordu batzuez izanen duten ikastetxeek justifikatu beharko dute zer arlo landuko den. IkasNOVA zentroko irakaskuntza arloko aholkulari teknikoak harremanetan jarriko dira ikastetxearekin ikasturte hasieran informazio hori jasotzeko. Ikasturtea amaitzean, ikastetxeek eginiko ekintzen justifikazio memoria bat aurkeztu beharko dute.
Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) edo antzeko beste programa batzuen funtsekin finantzatutako ekipamendu digitala jasotzen duten ikastetxeetako irakasleek konpromisoa hartuko dute ekipamendu hori erabiltzeko gaitzen duen prestakuntza egiteko. Era berean, ikasNOVA ikasgela berri bat ezartzen duten ikastetxeetako irakasleek konpromisoa hartuko dute hura erabiltzeko gaitzen duen prestakuntza egiteko.
Ikastetxearen plan digitalaren barnean eta bizikidetza planarekin bat, ikastetxeek zerrenda bat eginen dute ikasleei erabiltzen utziko dieten gailu digital pertsonalekin (telefono adimendunak, tabletak, erloju adimendunak, entzungailuak, etab.). Nolanahi ere, horiek erabiltzea posible izanen da soilik ikastetxeak baimendutako eta programatutako jardueretan.
Hezkuntza digitalizazioko jarduketen koherentzia bermatzeko, bai eta beste ikastetxe batzuekin partekatzekoak izaten ahal diren jardunbide egokiak identifikatzeko ere, ikastetxeek Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko diote, aurretiaz, Hezkuntza Departamentukoak ez diren beste eragile batzuek digitalizazioarekin lotuta sustatutako edozein kolaborazio, jarduera, prestakuntza, esku-hartze edo jarduketa. Betebehar hori ikasNOVA Hezkuntza Digitalizatzeko Planean barne hartutako jarduketa-ildo eta arlo batzuei eragiten die; honako hauei, besteak beste: konpetentzia digitala, gailu eta plataforma berriak erabiltzea, adimen artifiziala, robotika, pentsamendu konputazionala, zibersegurtasuna, datuen babesa, etab.
11.2. IKT zerbitzuen katalogoa.
Hezkuntza teknologiako koordinatzaileak edo zuzendaritza-taldeak ikastetxeko langile guztiei –irakasleei eta AZLei– ezagutaraziko diete IKT zerbitzuen katalogoa. IKT zerbitzuen katalogora sartzeko, zuzeneko sarbide bat dago ordenagailu guztien mahaigainean. Eskola kudeaketako EDUCA sistemaren "Aplikazioak" izeneko menutik ere sartzeko modua badago.
11.3. Erabiltzailearen Laguntza Zentroa (CAU).
Erabiltzailearen Laguntza Zentroak (CAU) erantzunen die ekipamendu informatikoen, sarearen eta konektagarritasunaren gorabeherei, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan adierazitako zerbitzu-eskaerei ere.
IKT zerbitzuen katalogoko "Hardwarearekin, softwarearekin edo sarearekin loturiko gorabeherak" izeneko atalean azalduta dago CAUren funtzionamendua eta haiei nola jakinarazi arazoak. Halaber, "Zerbitzuaren eskaerak CAUri" atalean jakinarazpenak egiteko inprimakiak daude.
Erabiltzaile bakoitzaren erantzukizuna da (irakaslea edo AZLa izan) CAUri telefonoz jakinaraztea erabiltzen ari den ekipoaren matxura. Lan hori ez dagokio ikastetxeko hezkuntza teknologiaren koordinatzaileari.
11.4. Nafarroako Hezkuntza Digitalizaziorako ikasNOVA Baliabide Zentroa (ikasNOVA zentroa).
Martxoaren 25eko 23/2026 Foru Dekretuaren bidez arautu ziren Hezkuntza Departamentuaren mendeko Nafarroako Hezkuntza Digitalizatzeko Baliabide Zentroaren (ikasNOVA zentroa) sorrera, antolamendua eta funtzionamendua.
ikasNOVA zentroa tresna bat da Nafarroan hezkuntzaren eraldaketa digitala modu ordenatuan garatzeko, ingurune bat sortzen baitu hezkuntzaren sektorean berrikuntza eta etengabeko hobekuntza bultzatzeko.
Hauexek dira ikasNOVA zentroaren eginkizunak:
–Irakasleei laguntzea konpetentzia digitalaren garapen profesionalean.
–Hezkuntzako komunitatea elkartzeko gunea izatea, eginkizun hauekin: eten digitala murriztea, lankidetzarako espazioak eskaintzea eta hura erraztea, ikasgelan sartu aurretik gailuen eta teknologiaren pilotajea eta manipulazioa sustatzea, eta hezkuntza teknologiaren koordinatzaileak eta ikasNOVAko arduradunak koordinatzea.
–Hezkuntzarako berrikuntza teknologikoa sustatzea.
–Hezkuntzaren arloko informazio eta baliabide digital garrantzitsuetarako sarbidea erraztea.
–Digitalizazioari buruzko erabakiak hartzen laguntzea.
–Jarraipena eta ebaluazioa erraztea, hezkuntzako erakundeek aukera izan dezaten eraldaketa digitalak ikasleen errendimenduan duen eragina neurtzeko, hartutako metodo pedagogikoen eraginkortasuna ebaluatzeko, ikasleen konpetentzia digitala garatzeko eta eduki digitalak kontsumitzeko eskaerak ezagutzeko eta ebaluatzeko.
–Aldaketa teknologikoetara egokitzea, eta horretarako, hezkuntzaren arloko aurrerapen teknologikoekin eguneratuta egotea, hezkuntza teknologiako informazioarekin eguneratzen diren zerbitzuko webguneko edukiak eta materialak izatea, ziurtatzea hezkuntzako jardunbideak eta tresnak eguneratuta daudela eta egokiak direla, eta hezkuntza teknologiekin lotutako berrikuntzako proiektuak sustatzea.
11.5. Ikasleen konpetentzia digitalean diharduten irakasleak.
Ikasleen konpetentzia digitalean diharduten irakasletzat hartzen dira Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ikasNOVA zentroarekin ikasleen konpetentzia digitaleko programa (IKD) koordinatzen duten irakasleak.
Hauek dira ikasleen konpetentzia digitaleko programaren ardura duten irakasleen eginkizunak eta betebeharrak:
–Koordinazio jardueretan parte hartzea eta programatutako lanak egitea.
–Ikasleei matrikulazio eta ebaluazio prozesuetan informazioa emateko lanean laguntzea.
–Herritarren konpetentzia digitalaren ziurtagiriak lortzeko programan matrikulatutako ikasleen prestakuntza koordinatzea.
–Ikasleen ebaluazioan parte hartzea, hala proba orientagarrietan, nola ziurtapen probetan (gainbegiratzea eta zaintzea).
Ikasleen konpetentzia digitaleko programaren arduradun izateak ikasNOVA arduradun gisa esleitutako ordubeteko konpentsazioa dakar. Honela agertuko da EDUCAn: ikasNOVA-IKD arduraduna.
11.6. IKT ekipamenduaren inbentarioa.
Ikastetxeetako ekipo informatiko guztiek etiketa izanen dute eta inbentariatuta egonen dira dagokien etiketa edo identifikazio serigrafiarekin.
Eranskailu horiek desagertzen badira, ikastetxeak zenbaki berdineko beste batzuk jarri beharko ditu, edo errotuladore ezabaezin batekin idatzi beharko du ekipamendu zenbakia (zenbaki hori inbentarioaren online aplikazioan bila daiteke).
Inbentarioko online aplikazioan (GLPI), edo horretarako gaitzen den aplikazio baliokidean, ikastetxe bakoitzak bere ekipamendu informatikoen inbentarioa ikusi ahal izanen du, baita horien gorabeherak ere, berriak zein amaitutakoak, eta egokitzat jotzen duen informazioa gehitu edo jarraipena egin ahal izanen du.
IKT zerbitzuen katalogoko "Inbentarioa" atalean dago aplikaziorako sarbidea eta hori erabiltzeko eskuliburu laburra. Halaber, EDUCAn (Ikastetxea > Ekipamendua > Ikastetxearen inbentarioa), EDUCAko kudeatzaileek, hezkuntza teknologiako koordinatzaileak eta ikasNOVAko arduradunek sarbidea dute GLPIan dauden ekipoen zerrendara, eta ikasleen ekipamendu-esleipena ikusten ahal dute.
Ikastetxeko hezkuntza teknologiako koordinatzaileak aldizka berrikusi beharko du online aplikazioaren inbentarioa, eta bermatuko du ez dela falta ekipamendu bat ere eta ez dela ageri aurretiaz kendutako ekipamendurik.
11.7. IKT ekipamenduko matxurak konpontzeko kontratua.
Kontratu bat dago ikastetxeetako IKT ekipamenduko matxurak konpontzeko, eta haren bidez egunean bertan edo hurrengo egunean konpontzen dira gorabeherak, edo ordezko ekipamendu bat uzten da ikastetxean, inolako kosturik gabe.
IKT zerbitzuen katalogoko "Hardwarearekin, softwarearekin edo sarearekin loturiko gorabeherak" atalean daude jasota konpondutako arazoak eta oraindik konpondu gabe daudenak. Gainera, kontratuaren laburpen bat ere badago, ikastetxeak hori ezagutu behar baitu kontratua bete dezan exijitu ahal izateko zerbitzua eskaintzen duen enpresari.
11.8. Ekipamendua erostea. IKT zerbitzuen kontratuak, lizentzia digitalenak eta bestelako IKT hornidurenak.
Ekipamendu informatikoa eta softwarea erosteko, aintzat hartu behar da Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendari Nagusiaren urtarrilaren 28ko 8/2025 Ebazpena.
Horretarako, erosketa atari bat gaitu da, zeinaren eskuliburua eta sartzeko url-a IKT zerbitzuen katalogoan baitaude, "Ikastetxeak ekipo informatikoak eta softwarea erostea" atalean.
Ikastetxeak ezin izanen du onartu dohaintzan emandako bigarren eskuko ekipamendurik, arazoak sortzen baitituzte mantentze-lanetan eta segurtasunean, Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalak baimendutako salbuespenak izan ezik.
11.9. Softwarea.
Gogorarazten da ezen ikastetxeek obligazioa dutela ekipamenduetan erabiltzen duten eta haietan instalatuta dagoen softwarea legezkoa dela ziurtatzeko.
Ikastetxe batek software jabeduna erabiltzen badu ekipamenduren batean, dagokion lizentzia eta hori egiaztatzen duten agiriak izan beharko ditu.
Hezkuntza Departamentuak prestatutako Windowsak instalatutako aplikazio asko ditu. Ikastetxeak ekiporen batean beste aplikazioren bat instalatzea behar badu, eskaera bat egin beharko du IKT zerbitzuen katalogoaren bidez, edo hezkuntza teknologien koordinatzaileak instala dezake, ordenagailu guztien mahaigainean dagoen "Ikastetxearen panela" izeneko aplikazioaren bidez.
11.10. Chromebookak.
Baldin ikastetxeak 1:1 ereduaren alde egin badu, zeinetan ikasleek chromebooka etxera eramaten duten, talde bakoitzeko tutoreak arduratuko dira gailuak eta horien kargagailuak emateaz, baita ikasturte bukaeran horiek jasotzeaz ere.
Hezkuntza teknologiaren koordinatzailea ez da arduratuko ikastetxearen gailuak gordetzeaz eta kargatzeaz. Eskoletan chromebookak edo beste gailu batzuk erabiltzen dituen irakaslea arduratuko da horiek biltzeaz eta kargatzeaz, beharrezkoa bada.
Ikasleen chromebookak noizean behin berrikusi beharko dira (lehentasunez, tutoretza-saioetan), hautemandako akatsak konpontzeko, ikasturtea amaitu arte zain egon gabe.
Ikasleen chromebookekin lotutako trataera orokorrari buruzko jarraibideak eskuragarri daude ikasNOVAren webgunean (https://ikasNova.digital) zein IKT zerbitzuen katalogoko "chromebookak" atalean.
11.11. Hezkuntza teknologien koordinatzaileen prestakuntza.
Ikasturte hasieran, lehenengo aldiz hezkuntza teknologien koordinatzaile lanpostuan arituko diren irakasleek, prestakuntza egin beharko dute, berdin aurrez aurre edo telematika bidez izan. Prestakuntza saio horietan azalduko zaie, beste eduki batzuen artean, zein den haien egitekoa, zer tresna dauden, nola jokatu beharra dagoen eta Hezkuntza Departamentuko zer baliabide jarri diren ikastetxeen eskura.
Era berean, prestakuntza saio horietara joan daitezke, hala nahi izanez gero, lanpostu horretan ari diren pertsonetatik aurreko ikasturteetan eginkizun hori bete izan dutenak. Prestakuntza horren deialdia ikasNOVA zentroaren bidez eginen da.
11.12. Ikastetxearen prozesuetan datu pertsonalak babestea eta praktika onak gauzatzea.
Hezkuntza teknologietako koordinatzaileak eta ikasNovako arduradunak sustatuko dute 3/2018 Lege Organikoa (DBEDBLO) bete dadin, ikastetxeko prozesuetan datu pertsonalak babesteari dagokionez.
Hezkuntza Departamentuan web-orri bat dago datu pertsonalak babesteari buruzko informazio espezifikoarekin, eta informazio hori zuzendaritza-taldeek jakin behar dute, ikastetxeetako prozeduretan datu pertsonalak tratatzeko arduradunak baitira, eta, horrez gain, datu pertsonalak kudeatu behar dituzten ikastetxeko langileen artean ere hedatu behar da:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/informacion-sobre-proteccion-de-datos
Web-orri horretan honako atal hauek daude:
a) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa: atal honetan Hezkuntza Departamentuak tratatutako datu pertsonalak babesteari buruzko araudiak eskatzen duen informazio guztia dago jasota.
b) Tratamendu jardueren erregistroa: atal honetan tratamenduko jardueren erregistro bat zer den azaltzen da eta Hezkuntza Departamentuak sortu eta argitaratutakoarekin lotzen da.
c) Ohiko galderak. Ohiko galderak: atal honetan azaltzen dira ikastetxeetan datu pertsonalak jasotzeari eta tratatzeari buruz egin ohi diren galderak.
d) Intereseko agiriak: atal honetan datuen babesarekin lotutako ereduak eta intereseko agiriak deskargatu daitezke, bereziki hezkuntzaren alorrekoak.
Gainera, online ikastaro bat eskainiko da, irakasle guztiei irekia, datuen babesari buruz. Prestakuntza jarduera hori irakasleen prestakuntza planean dago. Ikastaro horren helburua da irakasleei jarraibideak ematea, jakiteko zer neurri hartu behar den kontuan ikastetxe batean haren ardurapeko datu pertsonalak babesteko eta tratatzeko orduan. Prestakuntza hori sartuko da, era berean, zuzendaritza-taldeen akreditaziorako ikastaroan.
Ikasturtean zehar, ikastetxeek segurtasun politika aktiboak ezarri beharko dituzte; horien artean, autentifikatzeko bigarren faktore bat (2FA) ezartzea zenbait funtzio eta postutarako. Nahi izanez gero, noski, edozein erabiltzailek ezartzen ahalko du autentifikatzeko bigarren faktore hori EDUCAko egiaztagiriekin. Horrez gain, ekipoetan egiten diren lan guztiak (Windows ekipoak barne) autentifikatuta egin beharko dira. Izan ere, hala inguru segurua bermatuko da eguneroko datuak eta operatiboa kudeatzeko.
11.13. Ikastetxeen webguneak.
Kode irekiko edukien kudeatzaile bat jarri da ikastetxe guztien eskura, webgunean argitaratzeko. Webgune berri bat sortzea eskatzen ahal da formulario honen bitartez:
https://ikasNova.digital/group/guest/solicitud-sitio-web-de-centro-con-liferay
Webgune berriak sortzeko, txantiloi korporatibo bat erabiliko da, eta ikastetxe bakoitzak nahi bezala pertsonalizatu ahal izanen du.
Hezkuntza-komunitatea EDUCAko kredentzialak erabilita sartu ahal izanen da ikastetxeen webgunera.
Bada tresna bat, zeinak errazten baitu webguneetako edukietako batzuk, lehendik daudenak, plataforma berri honetara ekartzea.
Plataformari eta txantiloiari buruzko informazio gehiago lor daiteke artikulu honetan:
https://ikasnova.digital/w/nueva-plataforma-para-los-sitios-web-de-centro
Ikastetxe batek departamentuak haren eskura jartzen dituen plataformez bestelakoetan daukanean bere webgunea, laguntza emanen zaio aurrerantzean ere, webgunearen segurtasuna eta erabilgarritasuna bermatzeko. Kasu horretan, mantentze-lan zuzentzailea eginen da, baina ez da eginen mantentze-lan ebolutiborik, eta ez da emanen arreta pertsonalizaturik.
12.–Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.
12.1. Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.
Ikastetxeetan, eskola informazioa EDUCA aplikazioaren bidez kudeatuko da.
Hezkuntza Departamentuaren webgunean, EDUCAri eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, EDUCA taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira. EDUCA aplikaziotik bertatik egin daitezke eskaerak, goiburuko gorabeheren (@) ikonoan klik eginez. Atari horretatik bilaketak egiten ahalko dira ohiko prozedurei, zalantzei eta tutorialei dagokienez.
Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu koordinatzaileei, zuzendaritza-taldeei eta administrazioko langileei EDUCA plataformaren berri emateko.
Zuzendaritza-taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei EDUCA kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.
Zuzendaritza-taldeak bermatu beharko du, horretarako bideak jarriz, ikasturtea hasi ondoren ikastetxean kudeaketa eta irakaskuntza lanetan hasten diren pertsonek EDUCA ezagutzen dutela eta badakitela hura erabiltzen.
Ikastetxeetan EDUCAren koordinatzaile lanetan ariko direnen erregistro bat izateko, zuzendariak EDUCAren ikastetxeko koordinatzailea izendatuko du, eta, aplikazioan, "EDUCA koordinatzailea" lanpostu osagarria esleituko dio.
Zuzendariak berrikusiko ditu EDUCAtik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio EDUCAren laguntza zerbitzuari. Gogoan izan beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.
Ikastetxeen ardura da eguneratuta edukitzea ikastetxeko langileen –irakaskuntza nahiz kudeaketa lanetan aritzen direnen–, ikasleen eta familien datu pertsonalak. Aplikazioak Cl@ve sistemaren bidez sartzeko aukera ematen badu ere (ziurtagiri elektronikoa, NAN elektronikoa, Cl@ve Iraunkorra), gogoan izan oso garrantzitsua dela, EDUCA egiaztagiria lortzeko, helbide elektroniko pertsonal bat erregistratzea fitxan.
Era berean, ikastetxe bakoitzaren ardura izanen da bere informazio akademikoa eskuratzeko asmoz programara jotzen dutenen sarbidea kudeatzea. Horrela, bada, ikasleek eta haien familiakoek informazio hori eskuratzeko dituzten arazoei ikastetxeak erantzunen die lehenbizi; eta arazo horiek ezin baditu modu autonomoan konpondu, EDUCA euskarriarekin harremanetan jarriko da.
Komeni da ikastetxeetako langileek jakin dezaten nola erabili EDUCAk gaiturik dituen funtzio guztiak; horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: ikasgelako koadernoa, ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua, akta), emaitzak (Kudeaketa akademikoa > Kalifikazioak > Ebaluazio txostenak), zaintzen kudeaketa, informazio garrantzitsua, ikasturte bukaerako txostenak, elkarrizketak, bizikidetzaren kudeaketa eta abar.
EDUCA aplikazioaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza-komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, posta elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.
Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta elektronikoko kontuak EDUCAren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan baliatuko ikasleekin. Kontu gehiago sortu behar badira, komeni da unitate partekatuak eta Googleko taldeak erabiltzea.
EDUCA Ataria aplikazio bat da, zeina prestatu baita herritarrek beren datu akademikoak eskuratu eta kudeaketa telematikoak egin ditzaten: behin-behineko izen-ematea, esaterako, ikasleak onartzeko prozesuan. Komeni da ikastetxeek susta dezatela familiek eta ikasle adinez nagusiek aplikazioa erabiltzea; horretarako, ikastetxeak beren datu akademikoetarako sarbidea emanen die ikasturtean zehar (Ikastetxea > Sarbidea > Erabiltzaileen kudeaketa).
12.2. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak ematen dituztenek, ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.
Ikastetxearen kudeaketa ekonomikoari eragiten dioten kontabilitate-eragiketa guztiak irailaren 6ko 153/2023 Foru Dekretuaren arabera eginen dira (foru dekretu horrek arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa).
13.–Zerbitzu osagarriak.
Garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriak dituzten ikastetxeek zerbitzu horiei buruzko informazioa etengabe eguneratuko dute EDUCA aplikazioaren bidez eta horretarako gaitutako sistema informatikoen bidez.
–Eskualdeko eskola jantokia: EDUCAren bidez konfiguratuko da jantokiaren modulua eta jantokira doazen ikasleen datuak etengabe eguneratuko dira, ikasleek dirulaguntza jasotzen duten zein ez.
–Eskola jantoki arrunta: EDUCAren bidez konfiguratuko da jantokiaren modulua eta jantokira doazen eta dirulaguntza jasotzen duten ikasleen datuak etengabe eguneratuko dira.
–Eskola garraioa: EDUCAren bidez konfiguratuko da eskola garraioa erabiltzen duten edo/eta garraiorako banako laguntzak jasotzen dituzten ikasleen garraioaren modulua.
14.–Nahitaezko prestakuntza.
Irakasleen eskubide eta betebehar bat da etengabeko prestakuntza, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea, irakasleen lanbidea garatuz.
Hala, ikastetxeetako zuzendaritza-taldeak ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plan bat prestatuko du. Horretarako, aintzat hartuko ditu prestakuntzarako beharrak, eratorri direnak Hezkuntza Departamentuak proposatutako proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko ildoetatik. Orobat, aintzat hartuko ditu ikastetxeko klaustroetan eta irakasle-taldeetan eginiko lanetik eratorritako prestakuntzarako beharrak, eta, halaber, Irakasleendako Laguntza Zentroek eginiko hautemate prozesuetan jasotako prestakuntzarako beharrak.
Prestakuntza ekintzak klaustro osoari edo irakasle-talde jakin bati zuzentzen ahalko zaizkio. Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoak, programak, planak eta lehentasunezko ildoak gauzatzeko prestakuntza ekintzen proposamenak lehentasunezkoak izanen dira eta irakasleek nahitaez egin beharko dituzte.
Nahitaezko prestakuntza instituzionala ikasturte bakoitzean 25 ordukoa izanen da, baina ordu gehiagokoa izaten ahalko da ikastetxeak edo Hezkuntza Departamentuak ezarritako beharrak asetzeko beharrezkoa bada. Kasu horretan, nahitaezko prestakuntza instituzional horretako 25 orduez gaindiko ekintzak borondatezkoak izanen dira.
Ikastetxe bakoitzak esleituta du Irakasleentzako Laguntza Zentro (ILZ) bat, eta erreferentziazko aholkulari bat du, ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plana egiten laguntzeko. Ikastetxeek prestakuntzaren arduradun bat izendatuko dute, harremanetan egon dadin irakasleentzako laguntza zentroko (ILZ) aholkulariarekin. Ez bada inor izendatzen, ikasketaburuak bere gain hartuko du zeregin hori.
Ikasturte beraren barnean, ikastetxez aldatzen diren irakasleek ikastetxe berriko zuzendariari aurkeztu beharko diote eginiko prestakuntza instituzionalari dagokion ziurtagiria. Prestakuntza instituzionaleko ekintzaren bat hasi eta amaitu gabe izanez gero, ez da dagokion ziurtagiria jasoko. Hala, irakasleak, egin dituen prestakuntza-orduen kopurua egiaztatu ondoren (jatorrizko ikastetxeko zuzendariak emandako ziurtagiri baten bidez), prestakuntza-orduak osatzen ahalko ditu jatorrizko ikastetxean hasitako prestakuntzarekin jarraituz edo, bestela, destinoko ikastetxeko prestakuntza ekintzak eginez.
Kontratu partziala duten irakasleek egin beharreko nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduak ezartzeko, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 25 orduei kontratuaren ehunekoa aplikatuko zaie.
Ez dute nahitaezko prestakuntza egin beharko lanaldiaren hereneko edo gutxiagoko kontratua duten irakasleek. Halere, prestakuntza hori borondatez egiteko aukera izanen dute. Interesdunak ez badu prestakuntza egiten, indarrean dagoen araudian jasotako zereginak egiteko erabiliko ditu bere kontratuari dagozkion ordu osagarriak.
Nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduen zenbaketa malgutzeko, ikasturte bakoitzean gutxienez 20 ordu egin beharko dira, eta, beraz, elkarren segidako bi ikasturteko aldian egiten ahalko dira gainerako orduak. Edonola ere, bi urte horietan nahitaezko prestakuntza instituzionalari dagozkion 50 orduak bete beharko dira. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoei, programei, planei eta lehentasunezko ildoei buruzko prestakuntza bete beharko da.
Derrigorrezko prestakuntzarako 10 orduko murriztapena ikasturtean zehar dituen beharrizan profesionalen arabera erabiliko du irakasle bakoitzak.
Irakasleek ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean akreditatu beharko dituzte eginiko prestakuntza ekintzak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratu beharko ditu.
25 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek prestakuntzarako eskubideaz baliatzen segitzen ahalko dute, nahi izanez gero.
15.–Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.
Hezkuntza Departamentuak zenbait hitzarmen sinatu ditu hainbat unibertsitaterekin curriculumeko unibertsitateko praktikak egin ahal izateko Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan.
Unibertsitateko ikasle batek curriculumeko praktikak egin ahal izateko, indarrean egon behar da Hezkuntza Departamentuaren eta dagokion unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmena.
Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:
–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana ziurtagiri bidez jasoko da. Lekualdatze-lehiaketetan merezimendutzat jotzen da.
–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza-ordu gisa kontabilizatuko da. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat.
Praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak lortu ahal izateko, beharrezkoa da prestakuntza zentro gisa aitortutako ikastetxeko zuzendariak tutore lanetan aritu diren irakasleen datuak jakinaraztea Hezkuntza Departamentuari, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez (https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/estudios-universitarios), ekainaren 1a baino lehen.
Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza hori betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenean jasota dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari praktikak hasi baino lehen.
16.–Kalitatea kudeatzeko sistema.
Kalitatea kudeatzeko sistemak (KKS) ezarri eta mantentzeko programa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak gidatzen duena, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei dago zuzendua.
16.1. Ikastetxeen konpromisoak eta erantzukizunak.
Zuzendariak ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistema (KKS) etengabe garatzeko eta hobetzeko konpromisoa hartuko du, eta ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa egitearen arduraduna izanen da.
Oro har, programan parte hartzen duten ikastetxeek ikastetxean behin betiko destinoa duten unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak izendatuko dituzte kalitatearen arduradun, eta programan parte hartzeagatik plantilla funtzionaleko ordu-zuzkidura esleituko zaie. Kalitate arduraduna EDUCAn erregistratuko da.
Kalitate arduraduna KKSa ikastetxean ezartzeko koordinazioaz arduratuko da, eta sistema osoaren dokumentazioa eta erregistroak antolatuta eta eskuragarri mantenduko ditu.
Salbuespen gisa, ikastetxe osatugabeetan, ikastetxeko zuzendariak bere gain har ditzake kalitatearen arduradunaren eginkizunak.
Programaren jarduketetan parte-hartzea sustatzearren, kalitate arduradunak, ikastetxearen aukerak aintzat hartuta, astearte goizetako eskola-ordutegia erabiltzen ahalko du jarduketa horietarako.
16.2. Aholkularitza eta baliabideak.
Kadinet webgunean argitaratuko dira SGCC 2020 Arauaren atal bakoitzari lotutako informazioa, dokumentu baliabideak, tresnak eta bideotutorialak.
Baliabide horiek eskura izanen dituzte programan parte hartzen duten ikastetxeetako langileek.
Programan sartutako ikastetxeen aholkularitza teknikorako, ikastetxeko zuzendariak baimena emanen die ikastetxearen KKSaren aholkularitza eta ebaluazioa egiten dutenei ikastetxearen KKSaren dokumentazioa eskuratzeko.
16.3. Eskaerak.
Ikastetxeek, Programan sartu, geratu edo hori utzi nahi badute, eta, hala badagokio, KKSaren kanpo ebaluazioa jaso nahi badute, 71/2020 Foru Aginduan onetsitako dagozkion eranskinak erabili beharko dituzte.
Eskaerak Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari bidaliko zaizkio, sofceduca@navarra.es helbide elektronikora, 2027ko martxoaren 31 baino lehen.
17.–Eskolak sarean.
Hezkuntza Departamentuak lankidetza hitzarmenak ditu Nafarroako Gobernuko hainbat departamenturekin. Hitzarmen horietan ezarritako gomendioei jarraikiz, honako sare hauek sortu dira:
–Osasuna Sustatzen duten Eskolen Sarea.
–Eskola Jasangarrien Sarea.
–Eskola Solidarioen Sarea.
–Eskolak eta Memoria, Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko Sarea.
Ikastetxe guztiek jasangarritasun koordinatzaile bat izan beharko dute, zeina ikastetxeko irakasle-taldeko kideetako bat izanen baita. Zuzendariak edo ikastetxeko titularrak ikuskatuko du koordinatzailearen lana.
18.–Laneko arriskuen prebentzioa.
Arriskuen ebaluazioren bat egin bada, ikasturte bukaerako memorian azaldu beharko dira Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposaturik hartu diren prebentzio neurriak, eta, horrekin batera, bete ez diren eta aurreikusitako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.
Ikastetxe batean lanean hastean, zuzendariak lanpostu horri lotutako arriskuen berri eman beharko die bertan lan egiten duten guztiei.
Ikasturte bakoitzaren hasieran, ikastetxeko zuzendariak irakasleen klaustroari, irakasle ez diren langileei eta hezkuntzako komunitateko gainerako kideei jakinaraziko die badagoela jardute protokolo bat ikastetxeko langileen kanpoko erasoen aurrean. Irakasleak, irakasle ez diren langileak eta hezkuntzako komunitateko gainerako kideak ikasturtea hasi ondoren hasten badira lanean ikastetxean, zuzendariak ziurtatu beharko du ahal bezain laster jakinarazten zaiela informazio hori.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakasleei edo irakasle ez diren langileei eraso egiten zaienean, ikastetxeetako zuzendariek ofizioz aktibatuko dute kanpoko erasoen protokoloa, eta ofizioz jakinaraziko dute gorabehera, lan-istripua edo erasoa.
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/accidentes-de-trabajo
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori bistaratuko da erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, Drive eta abar.
Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo horren berri eman beharko dute familiekin egindako bileretan.
19.–Irakasle erretiratuak borondatez aritzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan.
Ikastetxeen autonomia baliatuta, irakasle erretiratuak borondatez aritzen ahalko dira bertan, bat eginez Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 12ko 113/2024 Foru Aginduan ezarritako baldintzekin (113/2024 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko irakasle erretiratuen borondatezko lankidetza arautzen duena unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen jardueretan eta Esperientziaren Sarean).
20.–Matrikulak bateragarri egitea.
20.1. DBHrekin bateragarri egitea.
Gerta daiteke DBHko graduatu titulua ez duten eta erdi mailako heziketa ziklo batean matrikulaturik dauden ikasleek aldi berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak egin nahi izatea. Hori egitea posible izanen dute baldin eta, sartzeko baldintza guztiak betetzeaz gain, "Félix Urabayen" Nafarroako Helduendako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira, urrutiko araubidean.
20.2. Batxilergoarekin bateragarri egitea.
Teknikari edo goi mailako teknikari irakaskuntzak egiten ari diren ikasleek, baldin eta 2026-2027 ikasturtea hastean ez badute Batxilergoko titulua nahiz eta ikasketa horiek eginak izan, Batxilergoa egiten ahalko dute helduendako irakaskuntza eskaintzen duten zentroetan, betiere adinari dagozkion baldintzak betetzen badituzte. Arteen modalitateko ikasleek hura amaitzen ahal dute 23. puntuan aipatzen diren proba libreen bidez (Araubide arrunteko egonaldia agortu duten ikasleek edo adin nagusiko ikasleek Batxilergoko titulua lortzea).
21.–DBHko eta Batxilergoko ikasgai batzuk Musikako lanbide irakaskuntzetako irakasgai jakin batzuekin baliozkotzea.
Musikako lanbide irakaskuntzekin baliozkotzeari dagokionez, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 9ko 9/2026 Foru Aginduan xedatutakoa beteko da.
22.–Ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak.
DBHren kasuan, ikastetxeek diseinatutako ikasgaiak eratu ahal izanen dira baita lan monografiko, diziplinarteko proiektu edo komunitatearendako zerbitzu batekiko lankidetza-proiektu gisa ere. Ikastetxeek, beraiek diseinatutako ikasgaien programazio didaktikoetan, curriculumeko terminologia berria baliatuko dute: helburuak, funtsezko konpetentziak, konpetentzia espezifikoak, oinarrizko jakintza moduan adierazitako edukiak, metodo pedagogikoak, ebaluazio irizpideak eta ikaskuntza egoerak. Terminologia hori ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuan ezarri da, zeinaren bidez ezartzen baitira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etaparen irakaskuntzak Nafarroako Foru Komunitatean.
Batxilergoaren kasuan, ikastetxeek, beraiek diseinatutako ikasgaien programazio didaktikoetan, curriculumeko terminologia berria baliatuko dute: helburuak, funtsezko konpetentziak, konpetentzia espezifikoak, oinarrizko jakintza moduan adierazitako edukiak, metodo pedagogikoak, ebaluazio irizpideak eta ikaskuntza egoerak. Terminologia hori ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuan ezarri da, zeinaren bidez ezartzen baitira Batxilergoko etaparen irakaskuntzak Nafarroako Foru Komunitatean.
Ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, beraiek diseinaturiko ikasgaiak eskaini ahal izanen dituzte, inolako mugarik gabe, eskaini daitezkeen ikasgaien kopuruari dagokionez. Eskaintza hori ikastetxearen ezaugarrien eta ikasleen behar eta itxaropen orokorren araberakoa izanen da.
Ikasgai horiei EDUCAn alta eman ahal izateko, nahikoa izanen da ikastetxeek 2027-2028 ikasturterako planifikatutako ikasgaien eskaintzaren berri ematea Ikasketak Antolatzeko Atalari. Informazio hori posta elektronikoz igorriko da, ordenacion.academica@navarra.es helbidera, 2027ko apirilaren 1ean beranduenez. Ikasgai bakoitzeko honako hauek zehaztu beharko dira:
–Zer etapa eta ikasmailatan eginen den.
–Irakasgaiaren izena (EZIN dira izen bereko bi ikasgai izan etapa bateko ikasketa planean(txorizoa hain luzea ez izateko).
–Zer hizkuntza-eredutan emanen den.
–Aukerako irakasgairen zer bloketan emanen den (Batxilergoko 1. ikasmailarako besterik ez).
–Zer departamentu arduratuko den koordinazio didaktikoaz edo, halakorik izan ezean, zer espezialitatetakoak diren hura emateaz arduratuko diren irakasleak.
Ikastetxeak onartuta daukan eskaintzan aldaketaren bat egiten bada, nahitaezkoa izanen da Ikasketak Antolatzeko Atalari horren berri ematea. Horren gaineko berririk jasotzen ez bada, ulertuko da ez dela aldaketarik izan ikasgai horien eskaintzan, eta 2027-2028 ikasturtean aplikatuko da.
23.–Araubide arrunteko egonaldia agortu duten ikasleek edo adin nagusiko ikasleek Batxilergoko titulua lortzea.
Ikasleek agortzen dutenean araubide arrunteko egonaldia Batxilergoko titulua lortu gabe, edo agortu gabe ere adin nagusikoak direnek ikasten jarraitu ahal izanen dute helduendako Batxilergoko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeetan.
Baldin ikasle batek ezin baditu ikastetxe horietan Batxilergoko ikasketak amaitu ez delako eskaintzen araubide arrunteko bere egonaldiari lotutako modalitatearen nahitaezko irakasgairik, Felix Urabayen NHBHIn matrikulatzeko aukera izanen du ikastetxe horretan eskaintzen diren eta gainditu gabe dituen irakasgaiak gainditzeko. Gainera, bere espedientea dagoen ikastetxean proba libreak egiteko aukera izanen du, Felix Urabayen NHBHI ikastetxean eskaintzen ez diren irakasgaiak gainditzeko. Era berean, helduen etengabeko hezkuntzan eskumena duen zerbitzuak, interesdunak aurretiaz eskatuta eta eskaera baloratu eta aztertu ondoren, baimentzen ahalko du ikasle hori matrikulatzea Felix Urabayen NHBHI ez den eta helduendako Batxilergoko irakaskuntzak eskaintzen dituen ikastetxe batean.
Beste aukera bat proba libreak egitea litzateke, bere espedientea dagoen ikastetxean gainditu gabe dituen irakasgai guztien probak eginez. Proba libre horietan deialdi arrunta eta aparteko deialdia izanen dira, eta eguneko araubide ofizialaren deialdiekin batera izan daitezke.
Proba libreak egiteko, haren espedientea dagoen ikastetxean egin beharko du matrikula. Matrikula apirilaren 1etik 15era bitartean egin beharko da, eta inolaz ere ez du eskubidea emanen ikasturtean laguntza akademikoa jasotzeko.
24.–Batxilergoko batez besteko nota.
24.1. Modalitatea, edo, arteen kasuan, bidea, aldatu ez duten ikasleak.
a) Tituluaren batez besteko nota:
Batxilergoko tituluaren batez besteko nota zehazteko, etapa horretan eginiko eta gainditutako irakasgai guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da, Erlijio irakasgaia ere barne hartuz, berau egin bada, eta hurbilen dagoen ehunenera biribilduko da; distantziak berdinak izanez gero, gora. EDUCA aplikazioak batez besteko nota hori automatikoki kalkulatuko du.
Salbuespenez, amaierako ebaluazio saio berezian, proposatzen ahalko da ikasleak titulua jasotzea, irakasgai guztiak bat izan ezik gainditurik baditu, men eginik 45/2023 Foru Aginduaren 15.2 artikuluan ezarritako baldintzei. Kasu horretan, batez besteko nota lortzeko, aintzat hartu beharko da, halaber, gainditu gabeko irakasgaian lortutako zenbakizko nota. EDUCA aplikazioak batez besteko nota hori automatikoki kalkulatuko du.
b) Espedienteen konkurrentziarako batez besteko nota:
Berdintasunaren printzipioa eta konkurrentzia librea bermatu beharrez, Erlijio irakasgaiaren ebaluazioan lortutako kalifikazioa ez da kontuan hartuko beste ikasketa batzuetan sartzeko, ez eta bekak eta ikasteko laguntzak lortzeko deialdietan ere, horietan ikasketa espedienteen arteko konkurrentzia egin behar denean. EDUCA aplikazioak batez besteko nota hori automatikoki kalkulatuko du.
24.2. Modalitatea, edo, arteen kasuan, bidea, aldatu duten ikasleak.
a) Tituluaren batez besteko nota:
Batxilergoko tituluaren batez besteko nota zehazteko, Batxilergoko ikasketak amaitutako modalitateko irakasgai guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da, edo, hala badagokio, bideko irakasgaiena, Erlijio irakasgaia ere barne hartuz, berau egin bada, eta hurbilen dagoen ehunenera biribilduko da; distantziak berdinak izanez gero, gora.
Eragiketa horretatik bazter geratuko dira utzitako modalitatean, edo arteen kasuan, bidean, gainditutako irakasgaiak, ez badira erabili hautazko gisa. Horretarako, eta batez besteko nota kalkulatzeko, baztertutako irakasgaiak EDUCAn markatu beharko dira, "baliogabe" gisa, eta batez besteko nota eskuz kalkulatu beharko da.
b) Espedienteen konkurrentziarako batez besteko nota:
Berdintasunaren printzipioa eta konkurrentzia librea bermatu beharrez, Erlijio irakasgaiaren ebaluazioan lortutako kalifikazioa ez da kontuan hartuko beste ikasketa batzuetan sartzeko, ez eta bekak eta ikasteko laguntzak lortzeko deialdietan ere, horietan ikasketa espedienteen arteko konkurrentzia egin behar denean.
24.3. Beste irakaskuntza batzuetan Batxilergoko titulua lortu duten ikasleak (irakasgai komunak soilik egiten dituzten ikasleak).
Hala ezartzen baitute 45/2023 Foru Aginduaren 18. artikuluak eta 10/2026 Foru Aginduaren 7.7 artikuluak, Batxilergoko titulua beste irakaskuntza batzuetan lortuko duten ikasleei dagokienez, aintzat hartu beharko da Batxilergoko tituluan agertuko den nota ponderazio honen arabera kalkulatuko dela:
–Batxilergoan ikasitako ikasgai komunetan lortutako kalifikazioen batezbestekoaren %60.
–Titulua lortzeko erabiltzen diren irakaskuntzetan lortutako batez besteko notaren %40, irakaskuntza horiek antolatzeko errege dekretuetan ezarritakoaren arabera kalkulatuta.
Ikastetxeak eskuz kalkulatuko du batez besteko nota.
24.4. Salbuespenak eta baliozkotzeak.
Irakasgaien salbuespena (SA) eta/edo baliozkotzea (BL) eginez gero, ez dira aintzat hartuko tituluaren batez besteko nota kalkulatzeko, ezta espediente akademikoen konkurrentziarako deialdietan ere.
25.–Ohorezko matrikula.
Ohorezko matrikula emateko prozedura 45/2023 Foru Aginduaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.
Hizkuntza eredu bakoitzeko (D, G/A) modalitate bakoitzean ematen ahal den matrikula kopurua kalkulatzeko, kontuan hartu beharko da matrikula bat emanen dela 25 ikasleko, edo Batxilergoko 2. mailan dagokion modalitatean eta hizkuntza ereduaren arabera matrikulatutako ikasleen zatiki bakoitzeko.
Orobat, aintzat hartu beharko da ezen, ohorezko matrikula (OM) jasotzeko proposatuko den Batxilergoko 2. mailako ikasle kopurua zehazteko, ez dela aintzat hartuko Erlijioa irakasgaiaren ebaluazioan lortutako kalifikazioa, bat etorriz aipatu foru aginduaren bigarren xedapen gehigarriko 2. apartatuan xedatutakoarekin.
26.–USEa prestatzea helduendako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan.
Helduendako ikastetxe batean matrikulatzen ahalko dira, USEa prestatzeko, 2026-2027 ikasturtea hastean honako tituluren bat duten ikasleak: Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako Goi Mailako Teknikari titulu ofiziala, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako Teknikari titulu ofiziala, Goi Mailako Kirol Teknikari titulu ofiziala edo ondorio akademikoetarako baliokidetzat deklaratutako beste edozein.
Ikastaro horretan matrikulatzen diren ikasleek eskubidea izanen dute ikaskuntzaren bilakaera egiaztatzeko ebaluazio prozesuan parte hartzeko. Edonola ere, ebaluazio prozesu horretan lortutako kalifikazioek ez dute eskubidea emanen dagokion titulua lortzeko eginiko ikasketen espedientea aldatzeko.
Hezkuntza Departamentuak egutegi bat ezartzen du urtero, USEa prestatzeko ikastarorako, Batxilergoko irakaskuntzen ordutegi orokorra eta eskola-egutegia prestatzeko ematen duen ebazpenean. Egutegi horri segitu beharko diote hizpide ditugun irakaskuntzek.
27.–25 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba prestatzea.
25 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba prestatzeko ikastaroa eskainiko da, batetik, urrutiko irakaskuntzaren araubidean, Iruñeko "Félix Urabayen" NHBHIn, eta bestetik, aurrez aurreko araubidean, Iruñeko "Plaza de la Cruz" BHIn, Iruñeko "Navarro Villoslada" BHIn eta Tuterako "Benjamín de Tudela" BHIn.
Ikastaro horretan matrikulatu ahal izanen dira 2026an 25 urte dauzkaten edo beteko dituzten eta unibertsitate ikasketak egitea ahalbidetzen duen titulurik ez duten pertsonak.
Ikastaro horretan prestatu daitezke bai fase orokorreko ariketak bai eta borondatezko fasearen aukeretako ariketak ere.
Hezkuntza Departamentuak egutegi bat ezartzen du urtero, prestakuntza ikastarorako, Batxilergoko irakaskuntzen ordutegi orokorra eta eskola-egutegia prestatzeko ematen duen ebazpenean. Egutegi horri segitu beharko diote hizpide ditugun irakaskuntzek.
28.–Irakasle ez diren langileei oporrak ordaintzea.
Irakasle ez diren langileek sortutako oporrak hartzeko eskubidea dute, baita urtean zehar edo kontratu-aldian zehar eskatzeko betebeharra ere. Halaber, ikastetxeak oporrak hartzea ahalbidetu behar die, ikastetxea ixten den aldietan edo, eskolaldian bada, bost egunez gehienez. Hori guztia, bat eginez otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 6. artikuluarekin (11/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena).
Hartu gabeko oporrak ordainduko dira soilik, baldin eta kontratatutako irakasle ez den langileak ez badu egunen bat hartu ahal izan kontratua amaitzean, eta horretarako justifikatutako arrazoiren bat egon bada. Ordainketa bideratzeko, ikastetxeko zuzendariak Nominen Atalera mezu bat bidali beharko du, nominaseducacion@navarra.es helbidera, hain zuzen ere. Bertan, txosten bat erantsi beharko du, non adieraziko baitu langileak dagokion epean hartutako opor egunak, eta ikastetxeak zergatik ez dion ahalbidetu sortutako gainerako egunak hartzen.
29.–Ordaintzea irakasle ez diren langileen gaueko osagarria.
Irakasle ez diren langileek, gaueko osagarria badute ikasturtean zehar, irailetik ekainera bitarte bakarrik jasoko du; ondorioz, lanaldi orokorraren barnean antolatu beharko du udako hilabeteetan lanaldia.
III.–ARAUDIA
1.–Orokorra.
1/2004 Lege Organikoa, genero indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzkoa.
3/2007 Lege Organikoa, Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoa.
14/2015 Foru Legea, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.
8/2017 Foru Legea, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa.
17/2019 Foru Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
47/2010 Foru Dekretua, Bizikidetza eta Ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzkoa.
66/2010 Foru Dekretua, Ikasketa eta lanbide orientazioari buruzkoa.
72/2021 Foru Dekretua, Hezkidetzari buruzkoa.
1/2023 Foru Dekretua, Curriculumari buruzkoa.
43/2023 Foru Dekretua, Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programari buruzkoa.
58/2024 Foru Dekretua, Eskola jantokiei buruzkoa.
14/2026 Foru Dekretua, ikastetxe publikoen Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua arautzen duena.
23/2026 Foru Dekretua, ikasNOVA zentroari buruzkoa.
139/2009 Foru Agindua, Programa eleaniztunetan ingelesez irakasteko behar diren hizkuntza betebeharrei buruzkoa.
204/2010 Foru Agindua, Bizikidetzari buruzkoa.
49/2013 Foru Agindua, Erreklamazioei buruzkoa.
112/2013 Foru Agindua, Banatze, dibortzio edo desadostasun egoeran dauden gurasoei buruzko jarraibideei buruzkoa.
71/2020 Foru Agindua, Kalitatearen kudeaketari buruzkoa.
35/2022 Foru Agindua, Eskola garraioari buruzkoa.
69/2023 Foru Agindua, Hezkuntza inklusioari buruzkoa.
113/2024 Foru Agindua, Irakasle erretiratuen borondatezko lankidetzari eta Esperientziaren Sareari buruzkoa.
2.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
71/2022 Foru Dekretua, DBHko curriculumari buruzkoa.
64/2022 Foru Agindua, DBH ezartzeari eta ordutegiari buruzkoa.
79/2022 Foru Agindua, DBHko eta Batxilergoko hautazko irakasgaiei buruzkoa.
53/2023 Foru Agindua, DBHren ebaluazioari, mailaz igotzeari eta titulazioari buruzkoa.
8/2026 Foru Agindua, 18 urtetik gorakoek DBHko titulua zuzenean lortzeko probari buruzkoa.
9/2026 Foru Agindua, Baliozkotzeei buruzkoa.
Hona hemen etapa honetako araudia eta baliabideak dituen webgunerako helbidea:
https://sites.google.com/educacion.navarra.es/curriculos-de-navarra-eu/hasiera
3.–Batxilergoa.
72/2022 Foru Dekretua, Batxilergoko curriculumari buruzkoa.
67/2022 Foru Agindua, Batxilergoa ezartzeari eta ordutegiari buruzkoa.
79/2022 Foru Agindua, DBHko eta Batxilergoko hautazko irakasgaiei buruzkoa.
15/2023 Foru Agindua, Helduendako Batxilergoa ordenatzeari, antolatzeari, ezartzeari eta ordutegiari buruzkoa.
45/2023 Foru Agindua, Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateari buruzkoa.
9/2026 Foru Agindua, Baliozkotzeei buruzkoa.
10/2026 Foru Agindua, Batxilergoko titulua beste irakaskuntza batzuetan lortzeari buruzkoa.
Hona hemen etapa honetako araudia eta baliabideak dituen webgunerako helbidea:
https://sites.google.com/educacion.navarra.es/curriculos-de-navarra-eu/hasiera
III. ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, 2026-2027 IKASTURTEAN ARAUTZEKO HEZKUNTZA BEREZIKO IKASTETXEEN ANTOLAMENDUA ETA FUNTZIONAMENDUA
Hezkuntza bereziko ikastetxeen errealitatea ikasle eskolatuen beharrek markatzen dute, eta behar horiek zehazten dute zer elementu behar diren kalitate goreneko hezkuntza-erantzuna diseinatzeko: irakaskuntzen antolamendua, curriculuma, profesionalen profilak, ratioak, antolaketa pedagogikoa, hezkuntza-kudeaketa, etab.
Honako hauek dira jarraibide hauek egiterakoan erreferente gisa balio duten printzipioak:
–Estatuko eta autonomia erkidegoko lege-esparrua errespetatzea.
–Ikastetxeak antolatzea egungo errealitatera egokituta eta ikasleen premiekin bat etorriz.
–Espezializazio-maila handiko hezkuntza-proiektuak eta ikastetxe-planak diseinatzea.
–Eraginkortasuna kudeaketan eta erabakiak hartzean.
–Hezkuntza-komunitateko pertsona guztiek eskubide osoko kide gisa parte hartzea, taldean lan egitea eta bizikidetza-giro ona izatea.
Jarraibide hauek erreferenteak dira hezkuntza bereziko ikastetxeen autonomiaren garapen koherentea lortzeko, lege orokorrak ikastetxe guztiendako ezartzen duenetik abiatuta.
Autonomia horren arabera, hezkuntza bereziko ikastetxeek koordinazio-organoen osaera eta funtzionamendua egokitzen ahalko dituzte. Horretarako, proposamen arrazoitua eginen diote hezkuntza-administrazioari, ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren esparruan.
1.–Hezkuntza bereziko ikastetxeetako lana zuzendu behar duten printzipioak.
Hezkuntza bereziko ikastetxeetako lana planifikatzeko orduan, printzipio hauek hartuko dira kontuan:
–Ikasleen bizi-kalitatea sustatzea.
–Ikasleen garapen integral handiagoa ahalbidetuko duen arreta pertsonalizatua gauzatzea.
–Ikasleek testuinguru guztietan ahalik eta parte-hartze osoena izan dezaten bultzatzea.
–Bide eraginkorrak eta egokiak bermatzea hezkuntza-komunitateko kide guztiei (ikasleei, senideei eta profesionalei) parte hartzeko eta komunikatzeko.
–Hezkuntza-administrazioarekin koordinatuta lan egitea hezkuntza espezializatuko ikastetxeak izateko, ikastetxe arruntendako erreferentzia eta sostengu izan daitezen, inklusio-prozesuak erraztuz, komunitate osoarendako ate irekiko zentroak izanik, printzipio hori bateragarri eginez ikastetxeko ikasleen hezkuntza-arretarekiko errespetuarekin.
–Bertako profesionalen etengabeko prestakuntza sustatzea. Etengabeko hobekuntzarako metodologiak garatzea, ikastetxearen urteko programazio orokorraren eta urteko memoriaren bidez, lan-tresna erabilgarriak eta praktikoak baitira.
2.–Irakaskuntzen antolamendua.
Honako irakaskuntza hauek ematen dira hezkuntza bereziko ikastetxeetan:
–Haur Hezkuntzako etapa: 3-6 urte (3 ikasmaila).
–Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntzako etapa: 6-16/18 urte (10/12 ikasmaila).
–Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza 1: 6-12 urte (6 ikasmaila).
–Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza 2: 12-16 urte (4 ikasmaila).
Ikastetxeek, beren autonomia pedagogikoaren esparruan, curriculuma garatzeko proposamen bat diseinatuko dute, ikasleen premietara eta ezaugarrietara egokitua eta egungo ildo pedagogikoekin bat datorrena.
–Derrigorrezko Hezkuntzaren ondoko etapa. 16 eta 21 urte bitartean izanik sartzen ahalko da, etapa hasten den urteko abenduaren 31 baino lehen betez gero:
–Helduarora Igarotzeko Programa desgaitasun intelektualagatik eta garapenaren desgaitasunagatik hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleendako da; ikasle horiek bestelako desgaitasuna ere izan dezakete, edo zenbait kasutan, jokabidearen nahasmendu larriak edo bestelako adimen nahasmenduak. Ikasle horiek euskarri handiak eta orokorrak behar dituzte moldatze-portaeraren arlo guztietan edo ia guztietan: komunikazioa, ikaskuntza esanguratsuak eta funtzionalak, osasuna eta segurtasuna, aisia eta astialdia, etxeko bizitza, komunitateko bizitza, norberaren zainketa, autodeterminazioa, harreman sozialak eta izaera okupazionaleko trebetasunak. Programa horietarako curriculumaren garapena NHBBZren webgunean argitaratuta dago.
–Lanbide Heziketa Bereziko zikloak: B modalitatea da hezkuntza bereziko ikastetxeetan ematen dena. Derrigorrezko etaparen ondotik desgaitasunari lotutako hezkuntza behar bereziak dituztenendako da, haien egokitzeko abileziek, autonomiak eta desgaitasun mailak laguntza orokor eta jarraituak eskatzen dituztelako, lanerako ikastegi batean, enplegu zentro berezi batean edo beste enplegu modalitate batzuetan sartzeko aukera arrazoizkoak izanik.
3.–Curriculum-proposamenak.
Hezkuntza-proiektuaren esparruan, ikastetxe bakoitzak zehaztuko ditu hezkuntza-etapa bakoitzerako curriculumak.
Ikastetxeek curriculuma zehaztu ahal izateko jarraibideak ezartzean, erreferentziazko 3 printzipio hartu behar dira kontuan:
–Curriculum-zehaztapenak egin behar dira, hezkuntza bereziko ikastetxeetan eskolatutako ikasleen beharrei, ezaugarriei eta aukerei behar bezala erantzuteko, eta horrek proposamen oso espezializatuak diseinatzea eskatuko du.
–Beharrezkoa da koherentzia eta jarraitutasuna gordetzea curriculumaren funtsezko elementuetan hezkuntza-etapa guztietan, horietako bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak zainduz.
–Legeria orokorrak eta autonomikoak Oinarrizko Hezkuntzarako ezarritakoa.
Oinarrizko Hezkuntzako curriculumaren zehaztapena diseinatzeko, kontuan hartuko dugu Adimen eta Garapen Desgaitasunen Amerikako Elkartearen (AAIDD) adimen-desgaitasunaren kontzeptua, zeinak zehazten baitu adimen-desgaitasuna dela adimen-funtzionamenduko eta egokitze jokabideko muga esanguratsuak dituena eta islatzen dena egokitze trebetasun kontzeptual, sozial eta praktikoetan. Desgaitasun hori 18 urte bete baino lehen hasten da.
Desgaitasuna pertsonaren eta ingurunearen arteko interakzioaren adierazpentzat hartu behar dugu. Interakzioaren ikuspegi horretatik, harreman estuan dauden hiru elementu planteatzen dira:
–Haurraren trebetasunak, normalean parte hartzen duen inguruneei dagokienez.
–Ingurune horietan funtzionalki parte hartzeko aukerak.
–Jendeak eman diezaiekeen sostengua egokia izatea.
Funtsezko garrantzia hartzen du pertsona horiei eman diezaiekegun sostenguak; izan ere, haren bidez, ingurune bakoitzean duten parte-hartze funtzionala optimizatzen lagun dezakegu.
Adimen-desgaitasunaren definizioan, mugak aipatzen dira adimen-funtzionamenduan eta egokitze-portaeran (kontzeptuala, soziala eta praktikoa).
Adimen-desgaitasuna ez da pertsonaren ezaugarri absolutu bat; aitzitik, osatuta dago pertsonaren eta testuinguruaren alderdi desberdinak barne hartzen dituzten 5 dimentsioz. Dimentsio anitzeko ikuspegia da, adierazten duena giza funtzionamenduan eta adimen-desgaitasunean interakzio dinamikoa eta elkarrekikoa dutela trebetasun intelektualak, egokitze jokabideak, osasunak, parte-hartzeak, testuinguruak eta banakako laguntzek. Dimentsio horien gainean ebaluatuko dira ikaslearen gaitasunak eta mugak, eguneroko funtzionamendua hobetuko duten beharrezko laguntzak planifikatzeko.
Beraz, ikasleen banakako funtzionamendua hobetzeko curriculum bat ezarri behar da, adierazitako 5 dimentsioek markatuko dutena:
–I. dimentsioa: Funtzionamendu intelektuala.
–II. dimentsioa: Egokitze jokabidea.
–III. dimentsioa: Parte-hartzea, interakzioa eta rol sozialak.
–IV. dimentsioa: Osasuna.
–V. dimentsioa: Testuingurua.
I. eta II. dimentsioak. Banakako funtzionamendua eta egokitze jokabidea. Arreta ikasleengan jartzen duten dimentsioak dira. Zer ikasi behar dute ikasleek?
III. dimentsioa. Parte-hartzea, interakzioak eta rol sozialak. Ikasleek parte hartzeko dituzten inguruneak aztertzen dira, eta, horretarako, era guztietako neurriak hartzen dira parte hartzeko aukerak errazteko eta zailtasunak konpontzeko.
IV. dimentsioa. Osasuna. Garrantzitsua da ikasleek ikasi behar duten horretan ere agertzea, banakako funtzionamenduari eragiten baitio. Gainera, kontuan hartu eta partekatu behar dira osasunaren alderdi garrantzitsuak, norberaren funtzionamenduan eragin dezaketenak eta esku-hartzea hobetzen laguntzen dutenak.
V. dimentsioan (Testuingurua), testuinguru ulergarria eta aurreikusgarria diseinatu behar da. Hezkuntza-jardueran honako hauek eduki behar dira: denboraren egituraketa eta espazioaren egituraketa, ikasle guztiendako laguntza egokiekin, lan-sistemen egituraketa eta beharrezko egokitzapen fisikoak.
Planteamendu hori guztiz koherentea da Nafarroan helduarora igarotzeko programetarako curriculum-proposamenarekin; izan ere, curriculum-proposamen horren helburua da egokitze trebetasunak garatzea, beharrezkoak direnak ikasleen garapen pertsonala eta ongizate fisiko, emozional eta soziala errazteko, ikasleen bizi-kalitatea hobetu dadin. Beraz, curriculuma bizi-kalitateko eredu batetik garatzen da, zeinaren edukia antolatzen baita egokitze trebetasunak garatzen diren ikaskuntza-eremuetan.
3.1. Egokitze jokabidearen antolaketa eta haren curriculum-egituraketa.
Haur Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntzarako legeria orokorrak ezarritakoa kontuan hartuta, proposatzen da egokitze jokabidea garapen-eremuen arabera antolatzea.
EGOKITZE JOKABIDEAREN ANTOLAKETA | |
GARAPEN KONTZEPTUALAREN EREMUA | Eskola-trebetasun funtzionalen arloa. Autogidaritzaren arloa. Komunikazioaren arloa. |
GARAPEN SOZIALAREN EREMUA | Aisiaren eta denbora librearen arloa. Trebetasun sozialen arloa. Jokabidearen arloa. |
GARAPEN PRAKTIKOAREN EREMUA | Komunitatearen erabileraren arloa. Etxebizitzan bizitzeko arloa. Eguneroko bizitzako jardueren arloa. Osasunaren eta segurtasunaren arloa. Lanaren arloa. |
Eremukako antolaketa horretan, hura osatzen duten arloetako bakoitzaren curriculum-garapenak honako elementu hauek izanen ditu: konpetentzia espezifikoak, ebaluazio irizpideak eta horiek osatzen dituzten arloen oinarrizko jakintzak.
Ulertu behar da arloei edo, hala dagokionean, esparruei esleitutako eskola-orduak direla haietako bakoitzean lan egiteko beharrezkoa den denbora, etaparen izaera globala eta integratzaileari kalte egin gabe. Ondorio horietarako, esparru bakoitzaren eskola-ordutegia hura osatzen duten arlo guztien batura izanen da.
4.–Ratioak.
Araudi orokorraren arabera, ikastetxe arruntetan aniztasunari erantzuteko neurrien esparruan erantzun ezin zaien premiak dituzten ikasleak eskolatzen dira hezkuntza bereziko ikastetxeetan; oso arreta espezializatua behar duten ikasleak dira.
Taldekatzeen konfigurazioan, normalean, talde beraren barruan sartzen diren ikasleek desberdinak dituzte laguntza-premia handiak, adinak, ikaskuntza-estiloak eta abar.
Alderdi horiek kontuan hartuta, gutxieneko eta gehieneko ratioak ezartzen dira hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetako ikasle-talde bakoitzeko:
–Haur Hezkuntzan, DOH 1en eta DOH 2n, gutxienez hiru eta gehienez bost.
–Helduarora igarotzean, gutxienez hiru eta gehienez bost.
–LHBan, gutxienez hiru eta gehienez zortzi.
5.–Barne koordinazioa.
Araudi orokorrak ikastetxeei ematen dien autonomiaren arabera, hezkuntza bereziko ikastetxe publikoek koordinazio-organoen osaera eta funtzionamendua egokitzen ahalko dituzte. Horretarako, proposamen arrazoitua eginen diote hezkuntza-administrazioari, ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren esparruan.
Hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetako profesionalen plantilla zabala eta askotarikoa da. Errealitate horren konplexutasuna dela eta, zuzendaritza-taldeek ahalegin handiena egin behar dute diziplinaz gaindiko lana behar bezala koordinatua, errespetuzkoa eta eraginkorra izanen dela bermatuko duen barne-antolamendua ezartzeko. Horretarako, zuzendaritza-taldeek lidergo positiboa izan behar dute, profesional bakoitzak bere onena eman dezan, ikasleen hezkuntza-arretaren kalitatea ardatz nagusitzat izanen duten helburu komunak lortzeko.
Barne koordinaziorako organo hauek proposatzen dira (gainera, ikastetxeek beste talde batzuk izan ditzakete beren hezkuntza-proiektuaren arabera):
–Hezkuntza laguntzako unitatea.
–Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.
–Tutoretzen taldeak.
–Etapako taldeak: DOH I; DOH II, HIP eta LHB.
–Hezkuntza laguntzako espezialisten taldea eta zuzendaritza-taldea.
–Lantaldeak eta/edo hezkuntza berrikuntzakoak.
Lantaldeak eta/edo hezkuntza berrikuntzako taldeak eratzen ahalko dira ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuekin eta planekin bat etorriz. Adibidez, entzumen eta hizkuntzako talde bat eratzen ahalko da, arlo horretako profesional espezialista guztiak bilduko dituena eta helburua izanik ikastetxeko ikasle guztiendako komunikazio-proiektu orokor bat garatzea. Bestalde, diziplinarteko lantaldeak eratzen ahalko dira, hezkuntza-espezializazioko proiektuak egiteko eta garatzeko, beharren profil bera duten ikasleendako, hala nola askotariko desgaitasuna eta laguntza orokorreko premiak dituzten ikasleendako.
Bileren osaera, arduradunak, eginkizunak eta maiztasuna ezartzeko, kontuan hartuko dira legeria orokorra, araudi autonomikoa, hezkuntza bereziko ikastetxe publiko bakoitzaren hezkuntza-proiektuak eta planak, eta helburu izanen dute talde-lan erabat koordinatua, errespetuzkoa eta eraginkorra lortzea, ikastetxearen hezkuntza-kalitatea eta espezializazioa hobetzeko.
6.–Bizikidetza.
Hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetako plantillak konplexuak direnez, ezinbestekoa da bizikidetza-giro positiboa eta errespetuzkoa lortzea, diziplinaz gaindiko lan egokia errazteko. Horretarako, ikastetxe bakoitzak bere Bizikidetzaren Plan Orokorra egin behar du, lasaitasunez, hausnarketaz, sakontasunez, zintzotasunez eta eskuzabaltasunez, bai eta haren urteko zehaztapena ere. Plan hori urteko programazio orokorrean txertatuko da, eta ikastetxean bizikidetza-giro ona sustatzeko programatzen diren jarduera guztiak jasoko ditu.
Era berean, ikastetxeek, araudi orokorrarekin bat etorriz, bizikidetzarako erregelamendu bat prestatuko dute, ikastetxean bizikidetza-giro ona sustatzeko. Erregelamendu horretan jasota geldituko dira bizikidetza-arauak, ikasleen eskubideen eta betebeharren zehaztapena eta, horiek betetzen ez badira, indarrean dagoen araudiaren arabera aplikatu beharreko neurri zuzentzaileak, kontuan hartuta ikasleen egoera eta baldintza pertsonalak, bai eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko jarduerak egitea ere, genero-indarkeria, berdintasuna eta diskriminaziorik eza prebenitzeko jarduerei arreta berezia eskainiz. Ikastetxeetako bizikidetza- eta jokabide-arauak nahitaez bete beharko dira.
Neurri zuzentzaileak hezitzaileak eta lehengoratzaileak izanen dira, bermatu beharko dute gainerako ikasleen eskubideak errespetatzen direla, eta, ahal dela, hezkuntza-komunitateko kide guztien harremanak hobetuko dituzte.
Neurri zuzentzaileak proportzionalak izanen dira egindako faltekiko. Falta oso astuntzat joko dira hezkuntza-komunitateko beste kide batzuen duintasun pertsonalaren aurka egiten duten jokabideak, jatorri edo ondorio dutenak generoan, sexu-orientazioan edo sexu-identitatean, arrazan, etnian, erlijioan, sinesmenetan edo desgaitasunetan oinarritutako diskriminazio edo jazarpen bat, edo egiten direnak ezaugarri pertsonalak, sozialak edo hezkuntzakoak direla-eta ahulenak diren ikasleen aurka. Neurri zuzentzailea ikastetxetik kanporatzea izan daiteke.
Berehala betearaziko dira falta arinak egiteagatik neurri zuzentzaileak hartzeko erabakiak.
Hezkuntza-administrazioak protokoloak arautzen ditu jarduteko eskola-jazarpenaren, ziberjazarpenaren, sexu-jazarpenaren, genero-indarkeriaren eta beste edozein indarkeria-motaren zantzuen aurrean, bai eta ongizatearen eta babesaren koordinatzaileak bete behar dituen baldintzak eta eginkizunak ere. Koordinatzaile hori ikastetxe guztietan izendatu behar da, titulartasuna edozein dela ere. Ikastetxeetako zuzendariak edo titularrak arduratuko dira hezkuntza-komunitateak dauden jarduteko protokoloen berri izateaz, bai eta protokolo horietan aurreikusitako jarduerak gauzatzeaz eta horien jarraipena egiteaz ere.
IV. ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, HAUR ESKOLEN ANTOLAERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEKO NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN LURRALDE-EREMUAN 2026-2027 IKASTURTEAN
Haur eskolak Haur Hezkuntzako lehen zikloko irakaskuntzak ematen diren ikastetxeak dira.
Ikastetxe baimenduak dira martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera (foru dekretu haren bidez Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen da), eta horietan aplikatzekoa izanen da ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuan ezarritakoa, bertan arautzen baita Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma Nafarroako Foru Komunitatean.
1.–Hezkuntza-proiektua eta proposamen pedagogikoa Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan.
Haur eskolek, beren autonomia pedagogikoaren esparruan, eguneratuta izanen dute ikastetxearen hezkuntza-proiektua.
2026-2027 ikasturtean, haur eskolek hezkuntza-proiektua edo, hala badagokio, haren eguneratzeak sartuko dituzte EDUCA kudeaketa sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikastetxearen hezkuntza-proiektua).
2026-2027 ikasturtean, haur eskolek beren proposamen pedagogikoa zehazten jarraituko dute, haur bakoitzaren ezaugarri pertsonaletara zein haren gizarte- eta hezkuntza-egoerara egokitzeko; gainera, proposamenean txertatuko dute konpetentziak bereganatu eta garatzeko ikaskuntza egoeren diseinua.
2.–Antolaketari buruzko alderdiak.
2.1. Haur Hezkuntzako lehen zikloan matrikulatutako ikasleen egokitzapen aldia.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan matrikulatutako haurren egokitzapen aldiak bat eginen du Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako 2026-2027 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onesten dituen ebazpenean ezarritakoarekin.
2.2. Langileen ordutegia.
2026-2027 ikasturtean, hezkuntzako langileen ordutegia EDUCA kudeaketa programan sartuta egon beharko da, 2025-2026 ikasturterako adierazitako modu berean.
3.–Creciendo/Hazten proiektua.
2026-2027 ikasturtetik aurrera, Creciendo/Hazten proiektua finkatuko da, zeinak egituratzen baitu nola eman behar dieten arreta hezkuntza orientazioko irakasleek Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur eskoletako haurrei, Haur Hezkuntzako lehen zikloan.
Iragarkiaren kodea: F2607707
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
