119. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

109E/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez prestakuntza beka baten deialdia onesten baita Zuzenbideko gradudunentzat, Turismo Zuzendaritza Nagusiko Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuan aritzeko. DDBN kodea: 910193.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen da. 6. artikuluak ezartzen duenez, beka emateko prozedurari hasiera eman aurretik organo eskudunak deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi beharko ditu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.

Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak proposatu du prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea, Zuzenbideko unibertsitateko tituludunei zuzenduta, zerbitzu horretan aritzeko, bekadunak zerbitzu horretan gauzatzen diren jarduerak ezagut ditzan zuzenean, modu praktikoan eta espezializatuan. Zerbitzua osatzen duten bi atalen eskumen esparruko jardueretan eginen da prestakuntza, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atalean eta Laguntzen eta Dirulaguntzen Atalean, alegia.

Bekaren deialdian eta hura ematean, oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Horrenbestez, erabiliz bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluak emandako eskumenak, bai Kultura, Kirol eta Turismo Departamenturen egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea prestakuntza beka baten deialdia Zuzenbideko gradudunentzat, Turismo Zuzendaritza Nagusiko Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuan aritzeko. Deialdiaren oinarri arautzaileak foru agindu honen I. eranskinean jasota daude.

2. 3.284,83 euroko gastua baimentzea 2026ko Gastuen Aurrekontuetako "Praktiketako ikasleentzako transferentzia arruntak" izeneko A30001 A3100 4800 432100 partidaren kargura.

3. 77,18 euroko gastua baimentzea, 2026ko abenduko gizarte segurantzari dagokiona – 2027ko urtarrilean ordainduko da–, 2027ko Gastuen Aurrekontuetako "Praktiketako ikasleentzako transferentzia arruntak" izeneko A30001 A3100 4800 432100 partidaren baliokidearen kargura, kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintzapean.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Turismo Zuzendaritza Nagusiko Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzura, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalera, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Turismoko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta kontu-hartzailetza delegatura.

6. Adieraztea foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko ekainaren 2an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA.–PRESTAKUNTZA BEKA BATERAKO DEIALDIA, TURISMOAREN ANTOLAMENDU, KUDEAKETA ETA KALITATEKO ZERBITZUAN ARITZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea beka bat emateko, norgehiagokako araubidean, Zuzenbideko gradudunentzat, Turismo Zuzendaritza Nagusiko Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuan aritzeko.

Bekaren helburua da haren onuradunaren prestakuntza sustatzea, zuzeneko ezagutza praktikoa lor dezan zerbitzu horretan egiten den lanari buruz.

2.–Aurrekontu-zuzkidura.

Deialdi honen gastu konpromisoei aurre egiteko 42.882,68 euroko kreditua gorde da. Horietatik, 2026an 3.284,83 euroko kreditua baimentzen da eta 77,18 euroko kreditua 2027an, 2027ko aurrekontuan kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintzapean. Luzapenik baldin bada, 2027., 2028. eta 2029. urteei dagozkien zenbatekoak baimentzea aurreikusten da, aldez aurretik balidatu den aurrekontu erreserbaren arabera. Beka ekitaldi horietako bakoitzean kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintzapean gelditzen da.

3.–Bekaren iraupena.

Zuzenbideko gradudunentzako bekak 3 hilabete inguruko iraupena izanen du hasieran, beka ematen duen ebazpenean ezarriko den hasierako datatik aurrera, eta 2026ko abenduaren 31n bukatuko da. Aurreikusten da prestakuntza 2026ko urriaren 1ean hastea, edo beka ematen duen ebazpenean adieraziko den egunean, hura geroago emanez gero.

Edonola delarik ere, Turismoko zuzendari nagusiak luzatzen ahalko du, hiru urte bete arte, gehienez ere, hasierako aldia eta luzapenak kontuan hartuta. Beraz, luzapenak 2027. eta 2028. urteak hartzen ahal ditu, oso-osorik, eta 2029. urtean, zenbat hilabete falta diren hiru urteak betetzeko, beste hainbeste, betiere partidan kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintzapean.

4.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Prestakuntza bekan aurreikusirik dago gehienez ere 1.200,00 euroko aurrekontua hilabetean, kopuru horretan sartuta dagoela Gizarte Segurantzaren kotizazioari dagokion gastua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kargura.

Bekadunak 1.055,00 euroko zenbateko gordina jasoko du hilean. Indarreko araudiaren arabera nahitaezkoa denean, zenbateko horretatik kenduko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako atxikipena eta bekadunaren kotizazioari dagokiona.

Ordaindu beharreko zenbatekoa hilero ordainduko da, hilabetea amaitutakoan.

Bekadunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

5.–Eskatzaileak.

Prestakuntza beka hartzen ahalko dute eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen bateko herritarra. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

d) Nafarroan erroldatua egotea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Zuzenbideko graduko titulua izatea, Espainiako agintariek luzatua edo baliozkotua.

f) Eskatutako titulua izatea eskaerak aurkezteko epea amaitzean eta betiere deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteetan lortua izatea.

g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

6.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epeak.

Interesdunek 15 egun balioduneko epean aurkezten ahalko dituzte eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzendutako eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren tramiteen katalogoko fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/beca-de-formacion-para-personas-graduadas-en-derecho-para-la-direccion-general-de-turismo). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve eduki beharko da.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan aurkez daitezke. Dokumentazio hori euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.

Eskaera egiteko, deialdi honen II. eranskineko inprimaki normalizatua bete beharko da. Inprimaki hori, halaber, goian aipatutako tramiteen katalogoko fitxatik jaisten ahalko da, eta bekaren eskatzaileak sinatuta bidali beharko da. Eskaera horri dokumentu hauek gehitu beharko zaizkio:

1. Eskatzailearen gaineko dokumentazioa:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo eskatzailearen nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Erroldatze-ziurtagiria, Nafarroan deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez erroldaturik dagoela frogatzen duena.

c) Erantzukizunpeko adierazpen hauek (III. eranskinean daude):

–Deialdiaren 5. oinarrian bekaren onuraduna izateko ezartzen diren baldintzak betetzeari buruzkoa.

–Eskatzailea onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez egoteari buruzkoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, prestakuntzarako emandako beste bekarik ez jasotzeari buruzkoa.

d) –Baimena, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuari, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiazta dezan Datuak Egiaztatzeko eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez.. Eskatzaileak baimena ematen ez badu, berak aurkeztu beharko ditu zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak (IV. eranskina).

2. Eskaeraren xedearen gaineko dokumentazioa:

a) Bekari dagokion titulazio akademikoaren fotokopia.

b) Norberaren ikasketen ziurtagiri ofiziala, ikas-maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin; orobat, espedientearen batez besteko nota, 0tik 10erako eskalan.

c) Eskatzailearen curriculum vitaea, non baloratu beharreko merezimendu guztiak zehaztuko diren; merezimenduak frogagirien bidez egiaztatuko dira, 7. oinarrian ezarritakoarekin bat, bereziki hauek:

–Bekarekin zuzeneko zerikusia duten beste titulu akademiko batzuk.

–Bekarekin zerikusi zuzena duten prestakuntza ikastaroak, Espainiako zein atzerriko unibertsitateetan edo administrazio eta erakunde publikoetan eginak.

–Eskatutako titulazioarekin lotura zuzena duten proiektuetan parte hartu izana (bekak, praktikak, etab.): unibertsitateak edo enpresak emandako ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horretan adieraziko da egindako praktikak, bekak eta abar curriculumetik kanpokoak direla, eta aipatuko dira betetako eginkizunak, hasiera- eta amaiera-datak eta egindako orduak.

–Hizkuntzak jakitea.

Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

7.–Merezimenduak baloratzeko irizpideak.

Beka hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta banatuko dira dirulaguntzak baremoko ordenaren arabera, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren.

Eskaerak baloratzeko, honako irizpide hauen arabera kalifikatuko dira merezimenduak, 25 puntu arte, gehienez ere:

a) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria. 10 puntu, gehienez. Espedientearen batez besteko nota baloratuko da, 0tik 10era bitarteko eskalan.

b) Beka emateko eskatzen ez diren beste titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. 5 puntu, gehienez.

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: 1 puntu.

–Beste gradu batzuk: 2 puntu.

c) Bekaren xede diren arloekin lotura zuzena duten prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 4 puntu.

Kontuan hartuko dira 20 orduko edo hortik gorako prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, interesdunak jasotakoak zein emandakoak. Kontzeptu horrengatik 0,20 puntu emanen dira kredituko edo prestakuntzako 10 orduko, eta kopuru horietatik beherako unitateak proportzionalki baloratuko dira.

Ez dira kontuan hartuko 20 ordutik beherako ikastaroak.

Interesdunak jaso eta emandako ikastaroek titulu ofizialak izan beharko dute edo, bestela, ofizialki aitortutako prestakuntza zentroetan eginak, eta behin besterik ez dira baloratuko, nahiz eta interesdunak ikastaroaren edizio bat baino gehiago jaso edo eman izan.

d) Bekaren xede diren arloekin edo titulazioekin lotutako proiektuetan parte hartzea (beste beka batzuk, curriculumaz kanpoko praktikak eta abar): 0,10 puntu hilabete bakoitzeko, 2 puntu gehienez.

Horretarako, hilabete osoak zenbatuko dira, eta ez dira kontuan hartuko hortik beherako aldiak. Ziurtagirian ez denean jasotzen jarduerak zenbat hilabete iraun duen, ez da kontuan hartuko.

Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko. Ez dira atal honetan baloratuko hasiera- eta amaiera-datak jasotzen ez dituzten ziurtagiriak.

e) Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa, frantsesa eta alemana. 4 puntu gehienez. Hizkuntza bakoitzean, maila handieneko ziurtagiria baizik ez da baloratuko.

Hizkuntza eskola ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aitortutako erakundeetakoak. Ebazpen horrek baliozkotzeak ezarri zituen euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila frogatzen duten titulu eta ziurtagirien artean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

–A2 maila: 0,20 puntu.

–B1 maila: 0,40 puntu.

–B2 maila: 0,60 puntu.

–C1 maila: 0,80 puntu.

–C2 maila: 1,00 puntu.

Ez da meriturik baloratuko ez bada agiri bidez frogatzen, eta merituak kontuan hartuak izan daitezen, eskaerak aurkezteko epea amaitu aurrekoak izan behar dute.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa espedienteko a) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, beste ikasketa titulu batzuetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

8.–Ebaluazio batzordea.

Ebaluazio batzordea izanen da betekizunak betetzen direla egiaztatu eta alegatzen diren merezimenduak baloratuko dituen kide anitzeko organoa, bai eta ebazpen proposamena prestatuko duena ere, non adieraziko baita izangai bakoitzari guztira emandako puntuazioa.

Kide hauek osatuko dute ebaluazio batzordea:

–Batzordeburua: Manuel Bermejo Garde jauna, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezko batzordeburua: Margarita Cueli Erice, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Ataleko burua.

–Batzordekidea: Malen Ayesa Aristu, Laguntzen eta Dirulaguntzen Ataleko Enpresa Zientzietako diplomaduna.

–Ordezko batzordekidea: Natalia Lus Guelbenzu, Laguntzen eta Dirulaguntzen Ataleko Enpresa Zientzietako diplomaduna.

–Idazkaria: Félix Ignacio San Martín Remón, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

–Ordezkoa: Miguel Vidaurreta de la Cruz, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

9.–Bekaren tramitazioa eta hura emateko ebazpena.

Eskaerak jaso ondoren, ebaluazio batzordeak aztertu eta ebaluatuko ditu. Eskaerak ez baditu betetzen nahitaezko dokumentazioari loturik finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Eskaera osoa eta behar bezalakoa dela ikusitakoan, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera barematuko da espedientea, eta ebaluazio batzordeak lehentasun ordena zehaztuko du ateratzen den baremoaren arabera.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko, eta ez da zuzenduko eskaerarekin batera barematzeko aurkezten ez den merezimenduen dokumentazioa.

Ebaluazio batzordeak ebazpen proposamena igorriko du, Turismoko zuzendari nagusiak bekaren deialdia ebatz dezan. Ebazpenak, gutxienez ere, beka eskuratzen duen eskatzailea jasoko du eta, zein den kasua, berariaz adieraziko du gainerako eskaerak ezetsi direla, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera jakinaraziko da.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Eskatutako beka eman edo ukatzen duen ebazpenaren aurka, eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

10.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jendaurrean jarriko du emandako dirulaguntza Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/es/concesiones/consulta), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

Halaber, deialdi honen emaitzak argitaratuko dira Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzaren fitxan.

11.–Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

Onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren artikuluetako betebehar eta eskubideak izanen ditu eta, bereziki, 19. artikuluan adierazitako betebeharrak; foru dekretu horretan araubide orokorra ezartzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko.

a) Bekaren xede den prestakuntza jarduera egitea eta justifikatzea. Prestakuntzaren ardura duen administrazio unitateak eskatzen ahalko du lanak eta txostenak aurkeztea, bekadunaren errendimendu mailaren jarraipenaren kontrola eta ebaluazioa egin ahal izateko.

b) Bekaren iraunaldia bukatu baino lehen, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, tutorearen adostasuna duena.

c) Beka emateko finkatutako betebehar eta baldintzak betetzea.

d) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

e) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

f) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela egiaztatzea.

g) Emandako bekari berariaz uko eginez gero, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez jakinaraztea organo eskudunari.

h) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.

i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne- edo funtzionamendu-araudia betetzea.

j) Gizarte Segurtasunaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak bere gain hartzea, Estatuko araudiak horren gainean ezarritakoarekin bat.

Orobat, beka ematen duen ebazpenaren proposamena egiten den unean, onuraduna behartuta dago zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatera.

12.–Jardueren hasiera eta ukoak.

Onuradunak hamar egun naturaleko epean, gehienez ere, hasi beharko ditu bere jarduerak, beka ematen dion ebazpenean adierazten den egunetik hasita. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

Edozein arrazoi dela eta, emandako bekari uko eginez gero, idatzita eman beharko zaio horren berri Turismo Zuzendaritza Nagusiari, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago, gutxienez ere.

Uko eginez gero, zilegi izanen da beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea.

13.–Tutoretzak eta jarduerak.

Bekaren onuradunaren jarduna Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuko administrazio publikoko teknikariak (arlo juridikoa) zuzendu eta gainbegiratuko du.

Bekadunak Turismo Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan beteko ditu bere jarduerak. Halaber, bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen ditu.

Besteak beste, ondotik zehazten diren jarduerak eginen dira Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuan, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Ataleko eta Laguntzen eta Dirulaguntzen Ataleko teknikariek lagunduta:

–Arauen garapenean laguntzea Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atalaren eta Laguntzen eta Dirulaguntzen Atalaren eskumeneko gaietan.

–Erregistroko, ikuskapeneko eta erreklamazio eta salaketetako administrazio prozedurak kudeatzen laguntzea.

–Obra, hornidura eta zerbitzuen kontratu txikien administrazio kudeaketan laguntzea Plena eta Extr@ aplikazio informatikoen bitartez.

–Turismo Zuzendaritza Nagusian egiten den beste edozein, bere prestakuntza eta titulazioarekin lotuta badaude.

14.–Prestakuntza jarduera egitea.

Bekadunak Turismo Zuzendaritza Nagusiaren instalazioetan jardunen du, astean gehienez ere 30 orduz, eta atsedeneko 2,5 egun natural izanen ditu bekak dirauen hilabete bakoitzean.

Bekaren onuradunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

Bekaren onuradunak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutako betebeharrak bete beharko ditu, baita lege hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoak ere. Hala, prestakuntzaldia amaituta ere, berdin bete beharko dituzte bekaren bitartez eskura izan dituzten datu pertsonalak tratatzeari buruzko indarreko xedapenak.

15.–Lan harremanik ezaren adierazpena eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

1. Beka edukitzea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik eskuratzea ere. Administrazioak ez du inolako konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

2. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoko kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

3. Bekadunek, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari diren, administrazio horrekin duten harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen dute zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

4. Beken onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izanen du, haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri baitzen.

Ondorio horietarako, prestakuntzan aritzen direnek Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuaren istripuengatiko estaldura izanen dute.

16.–Bateraezintasuna.

Prestakuntza beka bateraezina da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalak edo nazioartekoak izan, emandako beste prestakuntza beka batzuekin.

17.–Araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2608028