118. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

7E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Europako Ekimenak Babesteko Zerbitzuko zuzendariak emana, oinarri arautzaileak zehazten dituena dirulaguntza emateko "European Circular Innovation Valley - ECIV" proiektuaren Europako lehen deialdian hautatutako Nafarroako erakundeen proiektuei, eta gastua baimentzen duena.

Nafarroako Gobernuak 2026ko apirilaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Europako Ekimenak Babesteko Zerbitzuko zuzendariari urte anitzeko gastu-konpromiso bat hartzeko, helburu duena "European Circular Innovation Valley - ECIV" 2026ko lehen deialdian hautatutako Nafarroako erakundeen proiektuak diruz laguntzea.

Horizonte Europa esparru programaren "Implementing co-funded action plans for connected regional innovation valleys" deialdiaren barruan dagoen "European Circular Innovation Valley" (ECIV) proiektuak 9 herrialdetako 19 erakunde biltzen ditu, eta eskualde-berrikuntza konektatua indartzea du xede.

ECIV partzuergoak deialdia onetsi zuen ekonomia zirkularreko eskualde arteko berrikuntza-proiektuak babesteko xedearekin, oinarria izanik ECIV proiektuko eskualdeetako balio-kateetan eta industria-sektoreetan identifikatutako helburuak, lehentasunak eta gai espezifikoak. Nafarroako Gobernua buru duen Europako deialdi honen oinarriak proiektuaren webgune ofizialean daude argitaratuta: https://platform.eciv.eu/eciv-open-call-1.

Departamentu honek diruz lagunduko ditu ECIVeko zuzendaritza-batzordeak deialdi horretan hautatutako Nafarroako erakundeen proiektuak.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da oinarri arautzaileak zehaztea eta dagokion urte anitzeko gastua onestea (2.522.500 euro), 2026, 2027, 2028 eta 2029ko aurrekontu-ekitaldien artean banatuta.

Azaldutakoarekin bat etorriz, eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariaren otsailaren 20ko 1/2026 Foru Aginduan deskontzentratu zaizkidan eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen oinarriak zehaztea "European Circular Innovation Valley - ECIV" proiektuaren Europako lehen deialdian hautatutako Nafarroako erakundeen proiektuak egiteko.

2. 2.522.500 euroko gastua baimentzea, 2026ko Gastuen Aurrekontuko "800000-80200-7701-467304 [PEP: E-24/000703-02]: eskualdez gaindiko lankidetzako proiektu eta jardueretarako dirulaguntzak" izeneko partidaren kargura, bai eta 2027, 2028 eta 2029ko partida baliokideen kargura ere, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA (eurotan)

"800000-80200-7701-467304 [PEP: E-24/000703-02]: Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak"

2026

600.000

"800000-80200-7701-467304 [PEP: E-24/000703-02]: Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak"

2027

885.000

"800000-80200-7701-467304 [PEP: E-24/000703-02]: Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak"

2028

760.000

800000-80200-7701-467304 [PEP: E-24/000703-02]: Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak"

2029

277.500

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Europako Batzordeari helaraztea laguntza honi buruzko informazio laburtua, jakinarazpen elektronikoko sistemaren bidez, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera, 20 laneguneko epean, indarrean jarri ondotik.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 22an.–Europako Ekimenak Babesteko Zerbitzuko zuzendaria, Delia Sola Giménez.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

ECIV (OC1) proiektuaren lehen deialdiaren helburu orokorra da ekonomia zirkularreko eskualde arteko berrikuntza-proiektuak egiten laguntzea (prestakuntza teknologikoaren maila edo baliokidea 6-8 tartean), oinarria izanik ECIV proiektuan parte hartzen duten eskualdeetako balio-kateetan eta industria-sektoreetan identifikatutako helburuak, lehentasunak eta gai espezifikoak.

2. oinarria.–Deialdiko gai espezifikoak.

–Elikadura-sistemak eta nekazaritzako elikagaienak: elikagaien hondakinak minimizatzea, azpiproduktuak balorizatzea, elikagai jasangarriak garatzea.

–Ehunak eta moda: hondakinak eta kutsadura murriztea, zuntz jasangarrien berrikuntza, konponketa, birsalmenta, alokairua eta birziklatzea sustatzea.

–Bioekonomia zirkularra eta jasangarria: baliabide biologiko berriztagarriak erabiltzea, bioproduktuak garatzea.

–Tresna elektrikoak eta elektronikoak: hondakin elektronikoen kudeaketa berritzea (berrerabiltzea, berregokitzea, konpontzea, birziklatzea eta birmanufakturatzea), diseinu modularra eta konpongarria sustatzea.

–Ontzi zirkularrak eta jasangarriak: ontzien erabilera murriztea, ontzi jasangarri birziklagarriak, konpostagarriak, biooinarrituak edo berrerabilgarriak industrializatzea, bigarren mailako lehengaien erabilera handitzea, hondakinak murriztea eta materialak berreskuratzea.

–Energia-sistemak: osagaiak (adibidez, bateriak, eguzki-panelak, turbinak) eta materialak berrerabiltzea, industria-prozesuen eta eraikinen energia-efizientzia hobetzea, baliabide-begiztei lotutako energia berriztagarrien garapena babestea.

–Altzairua, metalak eta meatzaritza: azpiproduktu industrialak balorizatzea, hiri-meatzaritza sustatzea metalak berreskuratzeko, fabrikazioan bigarren mailako lehengaien erabilera handitzea.

–Uraren eta hondakin-uren kudeaketa: industrian ur gezaren erabilera murriztea, ura eta zirkuitu itxia birzirkulatzeko/kargatzeko sistemak ezartzea, hondakin-urak tratatzea eta mantenugaiak berreskuratzea.

–Eraikuntza eta ingurune eraikia: material biologiko eta birziklatu zirkularrak edo modu jasangarrian ekoitziak erabiltzea, diseinu-estrategiak aplikatzea arkitekturan eta hiri-plangintzan materialak desmuntatzeko eta berreskuratzeko, eraikuntza eta eraispen hondakinak murriztea berrerabileraren bidez, eraikuntza-sistema modularren bidez eta materialen pasaporteen bidez.

Proiektuen ebaluazioan kontuan hartuko da noraino harmonizatzen diren ECIV proiektuaren helburuak eta gai espezifikoak. Hala ere, gai horietatik kanpoko proiektuak ere hartzen ahalko dira kontuan; horretarako, salbuespenezko kalitatea frogatu behar dute, eta gainerako ebaluazio-irizpideak bete.

3. oinarria.–Onuradunak.

Onuradunek Europar Batasuneko estatu kideetako eta Erresuma Batuko eskualdeetako erakunde juridikoak izan behar dute (ikus jarraian agertzen diren kategoriak), eta EBko Finantzaketa eta Lizitazioen Atarian erregistratuta egon, ECIVren dirulaguntza emateko akordioaren edo konpromisoaren unean baliozkotuta dagoen PIC zenbaki batekin. Baliozkotutako profilek bermatzen dute parte-hartzailea erakunde juridiko aktiboa dela eta finantzen aldetik bideragarria dela, Europako Batzordearen eta haren agentzien irizpideekin bat etorriz.

Hautatutako Nafarroako erakundeak onuradun gisa hautatuak izateko, pertsona juridikoak eta kategoria hauetako batekoak izan behar dute:

–Enpresak (ETEak, enpresa handiak, enpresa-elkarteak, klusterrak, startupak),

–Unibertsitateak, institutuak eta ikerketa-zentroak, zentro teknologikoak,

–Tokiko agintaritzak, administrazio publikoak, elkarte publikoak eta enpresa publikoak,

–Gizarte zibila (elkarteak, GKEak, etab.).

Erakunde independenteak izan beharko dute, egoitza Nafarroan dutenak eta proiektua Nafarroan garatzen dutenak.

Nafarroako erakundeek honako hauek bete beharko dituzte:

–Abenduaren 30eko 466E/2024 Ebazpenaren 2.2 eta 2.5 artikuluak. Ikus daitezke 2025eko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 13koan (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2025/30/7).

–2020/852 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2020ko ekainaren 18koa, inbertsio jasangarriak errazteko esparruari buruzkoa.

–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa.

–3/2004 Legea, abenduaren 29koa, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituena.

Proiektu osoan zehar bermatu behar da baldintza horiek betetzen direla. Onuradunari dirulaguntzaren konpromisoa aurkeztu aurretik, dokumentu bat sinatu behar da, baldintza horiei buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat dakarrena.

Enpresek Errusiako zehapenen kontrolak pasatu behar dituzte, nazioarteko araudia betetzen dela bermatzeko. (1)

Eskatzailea partzuergo baten buru eta ECIVen finantzaketaren onuradun izateko, haren lurraldeak 1. deialdi honetan ECIV proiektuaren finantzaketa izan behar du.

Honako hauek dira 1. deialdi honetan ECIV proiektuaren finantzaketa duten lurraldeak:

–Nafarroako Foru Komunitatea (Espainia),

–Iparraldeko Herbehereak: Groninga, Frisia eta Drenthe (Herbehereak),

–Norra Mellansverige: Värmland, Dalarna eta Gävleborg eskualdeak (Suedia),

–Normandia (Frantzia),

–Eskozia (Erresuma Batua).

EBko beste lurralde batzuetako eskatzaileek (lehen aipatutakoen artean ez daudenek) parte hartzeko aukera dute, baina ez ECIV proiekturako finantzaketa jasotzeko. Hautagarritzat joko dira, baldin eta:

–Balio erantsi frogatua ematen badiote eskaerako proiektuari, proiektuak ECIVren lurraldeetan izanen duen inpaktua handitzeagatik.

–50.000 eurotik gorako aurrekontua badu, eta proiektuaren aurrekontuaren %20 baino gutxiago bada.

–Finantza-baliabideak eskaera-fasean bermatu badira, dagokion finantzaketa-erakundeak sinatutako eta datatutako konpromiso-gutun baten bidez.

–Bere finantza-baliabideak kontratu baten bidez bermatuta bazeuden dirulaguntzaren konpromisoa sinatu aurretik, eta partzuergo-akordio bat sinatu badute proiektuko bazkideekin.

(1) EBko operadoreentzako orientabideak: Errusiaren aurkako zehapenak ez saihesteko behar den eginbide indartua aplikatzea https://finance.ec.europa.eu/system/files/2023-12/guidance-eu-operators-russia-sanctions-circumvention_en.pdf.

4. oinarria.–Onartu ezin diren eskatzaileak.

Banakako eskaerak eta pertsona fisikoen eskaerak ez dira hautagarriak.

ECIV proiektuko bazkideek ezin dute finantzaketarik jaso.

Eskatzaileek partzuergo batean baino gehiagotan parte har dezakete, baina onuradun bakoitzeko finantzaketa osoak 600.000 euroko muga du ECIV proiektuaren deialdi guztietan. Deialdiko idazkaritzak onuradun bati murriztu diezaioke dirulaguntzaren zenbateko osoa, baldin eta eskatutako dirulaguntzak muga hori gainditzen badu.

Kanpoko ebaluatzaileek jakinarazi behar dute ebaluatzeko esleitzen zaizkien proposamenetan duten edozein interes-gatazka garrantzitsu.

Programan parte hartzen duten eskatzaileak noiznahi gera daitezke baztertuta (ebaluazioan, dirulaguntzaren konpromiso-prozesuan edo proiektua ezartzeko fasean), baldin eta hurrengo baztertze-irizpideetan zehaztutako egoeraren batean badaude.

5. oinarria.–Bazterketak.

Eskatzaileek EZIN izanen dute parte hartu baldin eta EBko administrazio-zehapenen bat badute (hau da, bazterketa) (2) edo EBko dirulaguntzak jasotzea debekatzen dieten bazterketa-egoera hauetakoren batean badaude (3):

–Porrota, likidazioa, auzitegiek administratutako gaiak, hartzekodunekiko akordioak, etendako merkataritza-jarduerak edo antzeko beste prozedura batzuk (barne daudela eskatzailearen zorrengatik erantzukizun mugagabea duten pertsonentzako prozedurak).

–Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ez badituzte (eskatzailearen zorrengatik erantzukizun mugagabea duten pertsonek egiten badute ere).

–Legez kanpoko laguntza bateraezin bat itzuli gabe badute (Deggendorf printzipioa).

–Falta profesional astunaren egileak badira (ordezkaritza-ahalak, erabakiak hartzeko edo kontrolatzeko ahalak dituzten pertsonek, benetako onuradunek edo dirulaguntza emateko edo gauzatzeko funtsezkoak diren pertsonek egiten badituzte ere).

–Honako hauen errudunak badira: iruzurra, ustelkeria, delitu-erakunde batekiko loturak, kapital-zuriketa, terrorismoarekin lotutako delituak (terrorismoaren finantzaketa barne), haurren lana edo gizakien salerosketa (ordezkaritza-ahalak, erabakiak hartzeko edo kontrolatzeko ahalak dituzten pertsonek, benetako onuradunek edo dirulaguntza emateko edo gauzatzeko funtsezkoak diren pertsonek egiten badituzte ere).

–Hutsune nabarmenak izan badituzte EBren kontratazio publikoko kontratu batetik, dirulaguntza-hitzarmen batetik edo dirulaguntza-erabaki batetik eratorritako betebehar nagusiak betetzean (ordezkaritza-ahalak, erabakiak hartzeko edo kontrolatzeko ahalak dituzten pertsonek, benetako onuradunek edo dirulaguntza emateko edo gauzatzeko funtsezkoak diren pertsonek egiten badituzte ere).

–2988/95 Erregelamenduaren 1. artikuluaren 2. apartatuaren araberako irregulartasunen errudunak badira (ordezkaritza-ahalak, erabakiak hartzeko edo kontrolatzeko ahalak dituzten pertsonek, benetako onuradunek edo dirulaguntza emateko edo gauzatzeko funtsezkoak diren pertsonek egiten badituzte ere).

–Erakunde bat sortu badute beste jurisdikzio baten pean, jatorrizko herrialdean betebehar fiskalak, sozialak edo legezko beste betebehar batzuk saihesteko asmoz, edo beste erakunde bat sortu badute xede horretarako (ordezkaritza-ahalak, erabakiak hartzeko edo kontrolatzeko ahalak dituzten pertsonek, benetako onuradunek edo dirulaguntza emateko edo gauzatzeko funtsezkoak diren pertsonek egiten badituzte ere).

Eskatzaileak baztertuta geldituko dira, halaber, baldin eta, dirulaguntza emateko prozesuan zehar, eskatutako informazioa desitxuratu bazuten parte hartu ahal izateko, edo informazio hori eman ez bazuten, edo aldez aurretik esku hartu bazuten deialdia prestatzean, eta horrek lehiaren distortsioa eragiten badu, beste modu batera konpondu ezin dena (interes-gatazka).

(2) Ikus EBren Finantza Erregelamenduaren 136. artikulua (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/EN/ALL/?uri=CELEX:32018R1046&qid=1535046024012).

(3) Ikus EBren Finantza Erregelamenduaren 136. eta 141. artikuluak (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/EN/ALL/?uri=CELEX:32018R1046&qid=1535046024012).

6. oinarria.–Partzuergoa.

Eskualde arteko proiektuak baino ez dira finantzatuko.

Europar Batasuneko estatu kideetako eta Erresuma Batuko eskualdeetako erakunde juridikoek parte hartzen ahalko dute lankidetza eraginkorra eskatzen duen proiektu batean parte hartzeko lehenengo deialdian, baldin eta gutxienez hiru herrialde hautagarritako (EBko estatu kideak eta Erresuma Batua) hiru bazkide independentek parte hartzen badute. Partzuergoak gutxienez bi lurralde desberdinetan kokatutako bi bazkide izan behar ditu (ECIVen eskualdeko edo nazioko finantza-erakundeak izanen dira horren ordezkari).

Partzuergoak gutxienez enpresa bat izan behar du.

Proiektuko buruak ECIV proiektuaren finantzaketa duen lurralde batekoa izan behar du.

Eskatzaile bakoitzaren aurrekontuak ez du proiektuaren aurrekontu osoaren %70 gainditu behar.

Proiektuaren aurrekontu osoa 500.000 eurotik 3.000.000ra bitartekoa izanen da.

Eskatzailearen antolaerak erakunde juridikoa izan behar du, eta Europar Batasuneko estatu kide batean edo Erresuma Batuan kokatuta egon behar du.

7. oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak.

Berrikuntza-jarduerek finantzaketa lor dezakete ECIVen esparruan, Horizonte Europa programaren eta Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluaren testuinguruan (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz), ikerketa eta garapen proiektuetarako araututako laguntzei dagokienez: ekonomia zirkularraren eremuan berriak edo hobetuak diren teknologia, produktu, prozesu, zerbitzu edo irtenbide baten bideragarritasuna zuzenean aztertzera bideratutako jarduerak. Jarduera horien barruan sar daitezke teknologien garapena eta integrazioa, prototipoen sorrera, probak, erakustaldia, esperimentazioa eta baliozkotzea, alde batera utzita garapen esperimentaleko jardueretatik harago doazen jarduerak.

Gainera, proiektuak EBko politiken interes eta lehentasunetara egokitu behar dira (ingurumena, gizarte segurantza, industria-politika, etab.).

Europako Itun Berdearen helburuekin bat etorriz, jarduera ekonomikoek ez diete kalte nabarmenik eragin behar sei ingurumen-helburuei (EBko taxonomiari buruzko erregelamendua).

8. oinarria.–Proiektuen iraupena.

Proiektuen iraupena 2,5 urtekoa izanen da gehienez.

Proiektuek efektu pizgarria (4) izanen dute. Ez dira 2026ko uztailaren 1a baino lehen hasiko, behin ebaluazioaren emaitza positiboa jakinarazi ondoren eta alderdiek finantzaketa-konpromisoak sinatu ondoren. Proiektuak ez dira 2028ko abenduaren 31 baino geroago amaituko.

(4) Ulertuko da laguntzak efektu pizgarria duela baldin eta onuradunak proiektuan edo jardueran lanak hasi aurretik aurkeztu badio idatzizko laguntza-eskaera kasuan kasuko finantzaketa-erakundeari [651/2014 (EB) Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan definitzen den bezala]. (https://eur-lex.europa.eu/eli/reg/2014/651/oj/eng).

9. oinarria.–Eskaerak.

Eskaerak telematikoki eginen dira, ECIV proiekturako proposamenak aurkezteko plataforman eskuragarri dagoen eskaera-orriaren bidez.

Nafarroako erakundeek, gainera, abenduaren 30eko 466E/2024 Ebazpenaren 3.1 apartatuko 8. oinarrian aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, eta, zehazki, a letran adierazitako erantzukizunpeko adierazpena eta d eta e letretan aipatutako dokumentazioa.

Ez da zehazten erakunde bakoitzak gehienez ere zenbat eskaera aurkeztu ditzakeen, baina eskatzaile bakoitzak metatutako finantzaketak 600.000 eurotik beherakoa izan behar du ECIV proiektuaren deialdi eta finantzatutako proiektu guztietarako. Proiektu eta eskatzaile bakoitzeko gutxieneko aurrekontua 50.000 eurokoa da.

Eskatzaile bakar batek partzuergo batean baino gehiagotan parte har dezake edo proposamen ugari aurkez ditzake, baldin eta proiektu bakoitza desberdina bada eta deialdiaren irizpideak betetzen baditu.

Eskatzaile berak ezin du koordinatzaile gisa parte hartu lehenengo deialdiko eskaera batean baino gehiagotan (kasu horretan, aurkeztutako azken eskaera bakarrik izanen da hautagarria).

10. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

Aurkeztutako proposamenean deskribatutako kostuak zehaztu beharko dira bat etorriz onuradunaren kontabilitateko eta kudeaketako ohiko printzipio eta praktikekin.

Kostu diruz lagungarriek bete behar dituzte Horizonte Europan dirulaguntzei buruz ezarritako oinarrizko arauak, 2021-2027 aldirako Horizonte Europako Dirulaguntza Idatziko Akordioaren 6. artikuluan definitzen diren bezala, eta Nafarroaren kasuan, baldintza hauek ere bai:

a) Langileria gastuak.

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak.

c) Ekipamendu, patente eta baliagarritasun modeloen amortizazio gastuak, aktibo horiek proiektuan erabiltzen diren neurrian eta denboran.

d) Kanpoko kolaborazioen gastuak.

e) Proiektuko jarduerekin lotutako bidaiak eta ostatua.

f) Proiektuak sortutako patenteak eskatzeko tasak. Gastu hori ez da hautagarria izanen enpresa handientzat.

g) Proiektuarekin zuzenean lotutako eta proiektua gauzatzeko aplikatutako beste gastu batzuk. Finantza-erreklamazioetarako auditoretza-ziurtagiriak.

h) Zeharkako kostuak. Zuzeneko kostuen gaineko %15eko tasa finkoa, kanpoko kolaborazioen gastuak kenduta.

Gastu hauek ez dira diruz lagunduko, nahiz eta proiektuaren jarduerekin lotuta egon:

a) Langileak prestatzeko gastuak.

b) Administrazio-gastuak eta bulegoko materiala.

11. oinarria.–Ebaluazioa.

Interes-gatazkarik ez duten hiru ikuskatzaile independentek ebaluatuko dituzte hauta daitezkeen proposamenak. Ikuskatzaile horiek proposamenen ebaluazio arrazoitua eginen dute.

Ebaluatu beharreko proiektuen proposamenetan, bermatuko da adituak inpartzialak direla eta ez dagoela interes-gatazkarik.

Proiektuak 3 irizpideren arabera ebaluatu eta kalifikatzen dira:

–Bikaintasuna: Bat etortzea ECIV proiektuaren 1. deialdiko helburu eta gai espezifikoekin.

–Eragina: Proiektuak onura neurgarriak sortzeko duen ahalmena (KPI).

–Proiektua gauzatzearen kalitatea eta efizientzia: Proposatutako jardueren argitasuna eta bideragarritasuna: kalitate zientifikoa eta teknikoa.

12. oinarria.–Finantzaketa.

Garapen esperimentalerako laguntzaren gehieneko intentsitateak %50etik %100era bitartekoak dira, ondoko oinarriaren gainean (5) eta eskualdeetako zehaztapenen arabera.

FINANTZAKETA-TASAK ENPRESAREN TAMAINAREN ARABERA

I+G+B KATEGORIA

ENPRESAREN TAMAINA

Txikia

Ertaina

Handia

Garapen esperimentala

%70

%60

%50

Finantzaketa-tasa %100ekoa da ikerketarako eta ezagutzen transferentziarako eta hedapenerako erakundeentzat eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat, baldin eta laguntza jarduera ez-ekonomikoetara bideratzen bada. Jarduera horietarako, kontabilitate sistema bereizia behar da.

Finantza-laguntzaren zenbatekoa honako hau da: kostu diruz lagungarrien zenbatekoa bider kofinantzaketaren ehunekoa.

(5) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikulua, 6. apartatua, d) letra (https://eur-lex.europa.eu/eli/reg/2014/651/oj/eng); horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (testu egokia EEEren ondorioetarako).

13. oinarria.–Laguntzak ematea.

Ebaluatzaileen batzordeak ezarritako sailkapen-zerrenda eta eskuragarri dagoen finantzaketa oinarri hartuta, deialdiaren zuzendaritza-batzordeak (CSC) diruz lagundu beharreko proiektuak gomendatuko dizkie ECIVren erakunde finantzatzaileei.

Europako ECIV deialdiaren idazkaritzak erabakiaren berri emanen dio proiektuaren koordinatzaileari. Proiektuaren koordinatzaileak jakinarazi behar die bazkideei.

Nafarroako Gobernuak dirulaguntza emateko ebazpena emanen die, ebaluazio-prozesuaren ondoren eta Europako ECIV deialdiaren zuzendaritza-batzordeak proposatuta, onuradun ateratzen diren Nafarroako erakundeei. Dirulaguntza emateko konpromiso hori Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren aurrekontuaren mende egonen da.

14. oinarria.–Diruz lagundutako proiektua justifikatzeko eta ordainketa egiteko epea eta modua.

Laguntza emateko ebazpenean zehaztuko da zer betebehar duten onuradunek jarduera teknikoa eta ekonomikoa justifikatzeko orduan eta zer epe duten horretarako, bai eta zer ordainketa eta likidazio egin behar dituen dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak ere, bat etorriz Europako ECIV deialdian ezarritakoarekin.

15. oinarria.–Proiektuaren emaitzen komunikazioa, hedapena eta ustiapena.

Horizonte Europa programaren jarraibideen arabera, ECIV deialdiaren esparruan finantzatutako proiektu guztiek plan argiak eta estrategikoak izan behar dituzte emaitzak komunikatzeko, hedatzeko eta ustiatzeko. Jarduera horiek funtsezkoak dira bermatzeko ezen, finantzaketaren iraupenetik harago, proiektuaren emaitzek ahalik eta inpaktu handiena sortuko dutela.

Hedapen eta sarbide baldintzak betetzeko, eskatzaileek ziurtatu behar dute gutxienez baldintza hauetako bat betetzen dela:

–Espero da proiektuaren emaitzen komunikazio eta hedapen handia egitea, gutxienez EBko estatu kideetan eta proiektua garatzen ari diren estatuetan. Komunikazio eta hedapen hori honako hauen bidez egin daiteke: argitalpenak, hitzaldiak, sarbide irekiko gordailuak edo software librea edo kode irekia.

–Komunikazio jarduerek estrategikoki planifikatuak eta jarraituak izan behar dute. Hasi behar dute proiektua abiarazten denetik, eta mugarriak lortu ahala eboluzionatu. Inpaktu orokorra maximizatzeko, mezuek eskuragarriak eta inklusiboak izan behar dute, eta hedapen eta ustiapen estrategiekiko koherenteak.

–Emaitza ustiagarriak identifikatu behar dira, hala dagokionean jabetza intelektuala babestu eta alderdi interesdunek hartzea erraztu (adibidez, lizentzien, elkarteen edo normalizazioaren bidez).

Emaitzak proiektuko bazkideenak dira, partzuergoaren barnean egindako akordioen arabera. Hala ere, ECIV proiektuak eta Europako Batzordeak zenbait eskubide gordetzen dituzte beretako, emaitzak ustiatzeko eta zabaltzeko orduan.

Argitalpen guztietan, onuradunek ECIV logoa sartu beharko dute, eta adierazi proiektua Europar Batasunak eta Nafarroako Gobernuak batera finantzatu dutela, Horizonte Europa programak horri buruz ezarritako jarraibideak betez.

16. oinarria.–Argitalpena eta informazioa.

Gai hau kudeatzen duen agintaritzak bermatuko du neurri hori estatuko laguntzei buruzko webgune osoan argitaratzen dela (nazio edo eskualde mailan), bat etorriz jarraibideen arabera eta Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluarekin.

17. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira proiektu edo ekintza bererako emandako beste batzuekin, laguntza-neurri horiek kostu diruz lagungarri desberdinei dagozkienean, edo, laguntza-neurriak kostu diruz lagungarri berberei badagozkie osorik edo partzialki, metatuta gainditzen ez denean aplika daitekeen gehieneko laguntza intentsitatea edo laguntzaren zenbateko handiena (Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarrita daude).

Iragarkiaren kodea: F2608031