Iragarkia
30. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
466E/2024 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita I+G proiektu estrategikoak egiteko laguntzen deialdia 2025-2028 aldirako. DDBNeko identifikazioa: 807550.
Laguntza deialdi honen bidez eragin handiko proiektuak sustatu nahi dira, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (S4) identifikaturiko sektoreekin lerrokatuak eta, gainera, zerikusia dutenak "Horizon Europe"rekin (ikerketaren eta berrikuntzaren arloko Europar Batasunaren esparru programa 2021-2027 aldirako).
Nafarroako Gobernuak 2024ko azaroaren 20an hartutako Erabakiaren bidez baimendu zuen deialdi honetarako behar diren urte anitzeko gastu konpromisoak hartzea, baita aurretiazko tramitazioa ere.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. I+G proiektu estrategikoak egiteko laguntzen 2025-2028 aldirako deialdia onestea.
2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. 14.920.000 euroko gastua baimentzea, betiere Nafarroako 2026ko (1.395.000 euro), 2027ko (6.525.000 euro) eta 2028ko (7.000.000 euro) aurrekontu orokorretako partidetan kreditu nahikoa badago. Partida horiek aipatzen diren 2024ko aurrekontu partiden baliokideak izanen dira. Hona hemen banakapena:
AURREKONTU PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
820005 82600 7701 467310 Nafarroako I+G S4 proiektu estrategikoetarako dirulaguntzak. Nafarroako EGEF 2021-2027 PO | 2026 | 1.025.000 |
2027 | 4.825.000 | |
2028 | 5.200.000 | |
820005 82600 7701 467310 [PEP: E-22-000515-01] Nafarroako I+G S4 proiektu estrategikoetarako dirulaguntzak. Nafarroako EGEF 2021-2027 PO | 2026 | 370.000 |
2027 | 1.700.000 | |
2028 | 1.800.000 |
Era berean, gehienez 3.000.000 euroko zenbateko osagarria ezarri da. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
Aurrekontu hornidura lotutako partida hauetatik etortzen ahalko da: 820005-82600-7701-467304 Eskualdez gaindiko lankidetzarako proiektu eta jardueretarako dirulaguntzak, eta 820005-82600-7701-467309 [PEP: E-21-000412-01]: I+G proiektuetarako dirulaguntzak. Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboa.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko abenduaren 30ean.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen xedea da I+G proiektuak egin daitezen sustatzea (industria ikerketaren eta garapen esperimentalaren alorrean), gizarteak dituen erronketako batzuei konponbide berritzaileak emateko. Proiektuak Nafarroarentzat estrategikotzat joko dira lerrokaturik egoteagatik S4 estrategiarekin (Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia) eta "Horizon Europe"rekin (ikerketaren eta berrikuntzaren arloko Europar Batasunaren esparru programa 2021-2027 aldirako).
Azken batean, teknologia berrien garapena sustatu nahi da, eta haien bitartez produktu, prozesu eta zerbitzu berriak sor daitezela. Halaber, ezagutzaren transferentzia bultzatu nahi da enpresen eta SINAIko (Nafarroako I+G+b Sistemako) exekuzioko eragileen artean, I+G proiektuak elkarrekin eginen baitituzte.
Deialdi honetan erronka hauek hautatu dira diruz lagundu beharreko proiektuen esparru izan daitezen (erronka bakoitzaren deskribapena dago II. eranskinean):
1. erronka: Mugikortasun jasangarria eta konektatua (VOLTA IX).
2. erronka: Energia berdearen industria (AERO IX).
3. erronka: Medikuntza pertsonalizatua, terapia aurreratuak eta osasuneko aurrerapenak (GEMA IX).
4. erronka: Elikadura osasungarria eta jasangarria (ALPES VIII).
5. erronka: Berrikuntza digitala S4 sektoreetan (IRIS VII).
6. erronka: Ideia disruptibo berri eta aplikatuak (IDEA VII).
7. erronka: Bioteknologiako soluzio berritzaileak (SIBERIA VII).
8. erronka: Ekonomia zirkularra (ZIRKULAR III).
Proiektu guztiek Europar Batasunaren finantzaketa jaso dezakete Nafarroako EGEF 2021-2027 programaren bitartez, %40ko finantzaketa tasarekin.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Proiektu estrategikoa egiteko partzuergoa osatzen duten entitate guztiak izanen dira laguntzen onuradun. Honako entitate hauek izaten ahalko dira:
a) Enpresak.
Enpresen tamaina zehazteko, laguntzen intentsitatea kalkulatu behar baita, aintzat hartuko da 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskina. Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokor horren bidez (aurrerantzean, KSEO) zenbait laguntza kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
b) SINAIko (Nafarroako I+G+b Sistemako) exekuzioko eragileak, halakotzat egiaztaturik daudenak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduak araututako erregistroan (hemendik aurrera, SINAIko eragileak).
Dena dela, eragile horiek onuradun gisa jasotzen duten laguntza haien jarduera ez-ekonomikoetara bideratuko da, Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko Esparruaren (2022/C 414/1) 2.1.1 atalean ezarritako moduan.
c) Lehentasunezko elkarteak (LE), ekainaren 27ko 550/2014 Errege Dekretuan definituta daudenak (2014ko 173. Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 17koa), baldin eta 4. erronkako proiektuetan parte hartzen badute.
2. Dirulaguntza eskatzeko unean baldintza hauek betetzen dituztenak izaten ahalko dira onuradun:
a) Nafarroan lantoki bat edukitzea eta diruz lagunduko den proiektuan parte hartzen duten langileak bertara atxikita egotea. Beste langile batzuek parte hartzen badute, egoera hori behar bezala justifikatu beharko da.
Edonola ere, proiektura egotzitako langileen kostuaren zatirik handiena Nafarroako lantoki batera atxikitako langileena izan behar da.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku kasuetan ez egotea.
Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko, eskatzaileak baimena ematen dio departamentu honi egoera hori egiaztatzen duten datuak kontsultatzeko, hala dagokionean. Eskatzaileak berariaz uko egiten badio baimen hori emateari, betebehar horietan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.
c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
d) Enpresa bada, Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik edo inskripzioa eskatuta egon beharko du, hala badagokio Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak Nafarroako Industria Erregistroa sortzeko apirilaren 30ean emandako 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3. Aurreko atalean eskatutako baldintzak laguntza osorik ordaindu arte bete beharko dira, eta eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hala dela.
4. Ezin izanen dira 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen onuradun izan zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa epeak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa epeak:
a) Kontabilitate araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak. Egoera hori egiaztatzeko, hurrengo atalean adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahal dute.
b) Kontabilitate araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:
1.–Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2.–Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).
Nahi izanez gero, 4. apartatuko dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, deialdia ebazten duen egintza Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan (hemendik aurrera, laguntzen fitxa) argitaratu ondotik. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, epearen barruan eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, hura lortutakoan, gehienez, hiru hilabeteko epean aurkeztuko da laguntzen fitxan argitaratzen direnetik hasita.
Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
5. Ezin dira onuradun izan:
a) Bete gabe dagoen berreskuratze agindu baten mende dauden entitateak, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo ondotik; ez eta krisian dagoen enpresaren kalifikazioa dutenak ere, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 18. atalean definitzen den gisan.
b) "Krisian dauden enpresak", Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. puntuan ezarritako definizioaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarteko aldian krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.
3. oinarria.–Partzuergoaren baldintzak.
1. Proiektu estrategikoa garatzen duen partzuergoak baldintza hauek bete beharko ditu:
1.1. Osaera.
Gutxienez elkarren artean independenteak diren hiru entitatek osatuko dute partzuergoa, eta beharrezkoa izanen da bi enpresak edo gehiagok parte hartzea, eta enpresa horietako bat gutxienez enpresa txikia edo ertaina (ETEa) izatea.
1.2. Partaidetza.
Honako hau izanen da partzuergoa osatzen duten entitateen partaidetza:
a) Enpresek eta SINAIko eragileek parte hartzen badute partzuergoan, enpresen partaidetza handiagoa izanen da proiektuaren kostu diruz lagungarrien %60 baino. 3. eta 7. erronketako proiektuen kasuan (GEMA eta SIBERIA), enpresen gutxieneko partaidetza %30ekoa izanen da.
b) Enpresa horietako bakar batek ere ezin izanen du bere gain hartu proiektuko gastu diruz lagungarrien %70 baino gehiago.
1.3. Benetako lankidetza.
Beharrezkoa izanen da proiektuak partzuergoko entitateen arteko benetako lankidetzan egitea. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 90. apartatuko definizioa ("Benetako lankidetza").
1.4. Koordinazioa eta lidergoa.
Proiektuan parte hartzen duten enpresa edo "klusterretako" bat arituko da koordinazioan eta lidergoan.
"Kluster" gisa hartuko dira Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileen erregistroan entitate berezi gisa akreditatutako elkarteak.
Baldintza hori ez da eskatuko 3. eta 7. erronketako proiektuetan (GEMA eta SIBERIA), non edozein erakundek jardun ahal izanen duen partzuergoaren koordinatzaile gisa.
2. Baldintza horiek betetzen jarraitu beharko da proiektuaren azken justifikazioa egin arte (2028ko apirilaren 1a), eta, bestela, dagokion dirulaguntza itzuli beharko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz. Zehazki, 1.2.a) apartatuko parte hartzeko baldintza betetzen ez bada, 16. oinarrian xedatutakoari jarraikiko zaio.
Hala ere, enpresa batek ETE izaera galtzen badu proiektua gauzatzen ari den bitartean, ez da beharrezkoa izanen partzuergoan beste ETE bat sartzea. Kasu horretan, eta betiere 13.3 oinarriaren arabera beste ETE bat sartzea aukeratzen ez bada, partzuergoko kideen laguntzaren intentsitatea aldatzen ahalko da, KSEOren 25.6 b) artikuluan ezarritakoaren arabera.
4. oinarria.–Proiektu estrategikoen betekizunak.
1. "Industria ikerketako" eta "garapen esperimentaleko" proiektuak izanen dira laguntza hauen xede, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 85. eta 86. apartatuetako definizioen arabera.
Proiektu horiek Nafarroarentzat estrategikotzat joko dira lerrokaturik egoteagatik S4 estrategiarekin (Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia) eta "Horizon Europe"rekin (ikerketaren eta berrikuntzaren arloko Europar Batasunaren esparru programa 2021-2027 aldirako).
2. Proiektuek 1.000.000 eurotik gorako aurrekontu diruz lagungarria izan beharko dute, laguntzak kudeatzen dituen organoak oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera zehaztua.
Proiektua amaitutakoan justifikatzen den gastua hori baino txikiagoa bada, 16.2.c) oinarrian ezarritakoaren arabera itzuli beharreko dirulaguntza zatia itzuliko da.
3. Proiektu bat erronka bakarrerako aurkeztu ahalko da; bestela, proiektua baztertu eginen da.
4. Proiektuak ez dira diruz lagungarriak izanen baldin eta haien jarduerak kalte nabarmena eragiten badie Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduko 17. artikuluan aipatutako ingurumen arloko objektuei (erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da). Besteak beste:
–Petrolio gordineko findegiak eraikitzeko jarduerak, karbonozko zentral termikoak eta petrolioa edo gas naturala erauztea dakarten proiektuak eraikitzea, horrek kalte egiten baitio klima aldaketa arintzeari buruzko helburuari.
–Erregai fosilekin lotutako jarduerak. Horien barnean izanen dira, batetik, ondorengo erabilera, salbu eta elektrizitatea edo beroa sortzeko erabiltzen direnean, eta bestetik, lotutako garraio eta banaketa azpiegitura, gas naturala erabilita.
–EBko isurketa eskubideen salerosketa araubideko (RCDE) jarduerak eta aktiboak, aurreikusten bada sortuko dituzten berotegi efektuko gasen isuriak ez direla egonen dagokien erreferentziako parametroetatik behera. Isurketa eskubideen doako esleipenerako ezarritako erreferentzia parametroak, isurketa eskubideen merkataritza araubidearen aplikazio eremuan inskribatzen diren jarduerei dagokienez, Batzordearen 2021/447 (EB) Betearazpen Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=CELEX:32021R0447).
–RCDEaren zeharkako kostuen konpentsazioa.
–Hondakindegiekin, erraustegiekin eta tratamendu mekaniko biologikoko instalazioekin lotutako jarduerak.
–Hondakinak epe luzera ezabatzeagatik ingurumenari kalte egiten ahal dioten jarduerak.
5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira proiektua garatzeko behar-beharrezkoak direnak, S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuaren arabera, hura baita laguntzak kudeatzen dituen organoa.
2. Proiektuan diruz lagundu daitezkeen gastuak honako partida hauetan bilduko dira:
a) Langile gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta laguntzaileak), proiektuan zuzenean aritzen diren neurrian eta denbora horretan.
Gastu horiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Gehienez ere 45 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.
–Proiektuaren administrazio eta finantza kudeaketaren gastua, langile propioekin. Langileen ordu dedikazioa zehaztuko da. Kontzeptu horrengatik diruz lagundu beharreko gastua, langileen eta beste kostu batzuen partidak batuta, ez da urtean 3.000 eurotik gorakoa izanen. Erakunde koordinatzaile gisa dihardutenek 4.000 euroko muga izanen dute.
–Proiektua gauzatuko duten langileak kontratatzeko garaian, onuradunak kontuan hartu beharko du zenbat emakume eta zenbat gizon dauden lantaldean, eta saiatuko da bi sexuen ordezkaritza parekidea edo orekatua ezartzen (%40 eta %60 bitartekoa).
b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek proiektutik kanpoko beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko erosten badira, banaketarako erabilitako irizpidea justifikatu beharko da.
c) Ekipamendu, patente eta baliagarritasun modeloen amortizazio gastuak, haiek proiekturako erabiltzen diren denborari dagozkionak.
Gastu horiei dagokienez, honako hau hartu beharko da aintzat:
–Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduaren (abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuak onetsia) 3. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.
–Proiektua gauzatzeko behar den ekipamenduaren amortizazioa diruz lagunduko da, salbu eta erabilera orokorreko gailu informatikoena (PCak, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak, etab.). Ekipamendu hori errentamendu finantzarioan, operatiboan edo gisakoan erabiltzen bada, ez da diruz lagunduko interesei dagokien kuota zatia.
–Ez dira diruz lagunduko beste edozein laguntza publiko jaso duten gastuak.
d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, proiektuan I+Gko lanak eta ezagutza teknikoaren gaineko ekarpenak egiten dituzten beste entitate batzuenak.
Kontzeptu honetan sartuko dira bai kontratazioak bai 12.1 oinarrian aipatzen diren azpikontratazioak. Kategoria honetakoak dira, halaber, SINAIko eragile ez diren ikerketako eta ezagutzen hedapeneko erakundeek egiten dituzten lanak.
Lankide diren erakunde publikoetako langile gastuei oinarri honetako 3. atalean ezarritakoa aplikatuko zaie.
e) Zeharkako kostu sinplifikatua (diruz lagundutako langile gastuen %15), zeharkako kostuak finantzatzen ez zaizkien SINAIko eragileen kasuan.
f) Proiektuarekin zuzenean lotutako beste gastu batzuk, baldin banan-banan hari eslei badakizkioke. Horrela, partida honetan, honako gastu hauek sartuko dira, besteak beste:
–Azpiegitura zientifiko eta tekniko bereziak, eskualdekoak, nazionalak nahiz Europakoak, erabiltzearen ondoriozko gastuak.
–Proiektuak sortutako patenteak eskatzeko gastuak. Gastu hori ez da diruz lagungarria izanen enpresa handien kasuan.
–Laguntza eskaera prestatu eta aurkeztearekin lotutako aholkularitza gastua; gehienez ere 3.500 euroko dirulaguntza ematen ahalko da proiektu bakoitzeko, bazkide baten edo batzuen artean.
–Proiektuaren kudeaketa administratibo eta finantzariorako hirugarren pertsonak kontratatuta egiten den gastua. Kontzeptu horrengatik diruz lagundu beharreko gastua, langileen eta beste kostu batzuen partidak batuta, ez da urtean 3.000 eurotik gorakoa izanen. Erakunde koordinatzaile gisa dihardutenek 4.000 euroko muga izanen dute.
–Zabalkunde gastuak, 17. oinarrian aipatzen den proiektuari buruzko bideoa barne. Gehienez 4.000 euro jasoko dira proiektu bakoitzeko. Apartatu honetan sartuko dira, halaber, hedapen eta komunikazio ekitaldiak antolatzeko partzuergoak egiten dituen gastuak. Laguntza hau soilik proiektua hedatzeaz arduratzen denak eskatzen ahalko du.
–14.2 oinarrian aipatzen diren auditoretzako txostenen gastua.
3. Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik edo beste funts publiko batzuetatik finantzatzen diren erakunde publikoen langile gastuak ez dira diruz lagunduko (baina proiektuaren aurrekontuan sartu beharko dira, zenbatekoari eta partaidetzari dagokienez kontuan har daitezen). Proiektua gauzatzeko langile berrien kontrataziorako soilik emanen da dirulaguntza.
Diruz lagungarriak izanen dira, orobat, proiektuan parte hartzen duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileak handitzearen ondoriozko gastuak, Osasun Departamentuak urteko deialdien bidez arautzen duenaren arabera.
4. Ekipamenduko ondasunengatik edo aholkularitza- edo laguntza-enpresek zerbitzuak emateagatik diruz lagundu daitekeen gastuetakoren bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak "Hornitzailea hautatzeko justifikazioa" izeneko inprimakia bete beharko du, egiaztatua izan dadin efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatuz egin dela hautaketa. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintza aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, hori justifikatu egin beharko da aipatutako inprimakian.
Gastua laguntzaren eskatzailearekin lotutako enpresa batekin egiten bada, 12.2 oinarrian (eta ez honetan) ezarritako moduan eginen da justifikazioa.
5. Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza jardueretan egin dituen gastu diruz lagungarriak aplikatzekoa zaion araudi sektorialean ezarritako ordainketa epeetan ordaindu behar dira edo, halakorik ezean, Merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
6. Proiektuaren gastu diruz lagungarrietatik kenduko dira lortutako azpiproduktuen, hondakinen eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik onuradunak lortutako diru-sarrerak.
7. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Langileen prestakuntzarako gastuak.
b) Administrazio gastuak eta bulegoko materialarenak.
c) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldia eta joan-etorriak.
d) Merkatu azterlanak, sustapen gastuak, eta azoketan parte hartzea.
e) Proiektua dela-eta prototipoak fabrikatzeko erabilitako materialen kostua, gero merkaturatzen badira edo entitatearen ekoizpen jardueran erabiltzen badira, birjartzeko baliora mugatuta.
f) CE marka eskuratzea
g) Zeharkako kostuak, 2.e) atalekoak kenduta.
6. oinarria.–Proiektuaren eragin pizgarria eta hura gauzatzeko epea.
1. Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, laguntza hauek ondorio pizgarria izan behar dute; hortaz, laguntzen eskaera aurkeztu baino lehen abiatzen diren proiektuak ez dira diruz lagunduko.
Ondorio horietarako, aldez aurreko bideragarritasun azterlanak egitea ez da "lanen hasieratzat" hartuko, KSEOren 2. artikuluko 23. definizioaren arabera. Era berean, laguntza eskabidea aurkezteko egindako lanak ez dira "lanen hasieratzat" hartuko.
2. Proiektuaren memoria teknikoan adierazitako hasiera datatik (eskabidea aurkeztu ondorengoa izan beharko da) 2027ko abenduaren 31ra arte iraunen du proiektuak.
Hala ere, 13. oinarriari jarraikiz, laguntza emateko ebazpenean proiektua bukatzeko ezarritako data luzatzeko eskatzen ahalko da, baina inoiz ez 2028ko otsailaren 29a baino gehiago.
3. Laguntza justifikatzeko, hauek izanen dira proiektua gauzatzeko aldiak:
–Lehen aldia: hasiera datatik 2025eko abenduaren 31ra arte.
–Bigarren aldia: 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte.
–Hirugarren aldia: 2027ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte.
7. oinarria.–Laguntzen intentsitatea eta haien gehieneko zenbatekoa.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak diruz lagungarritzat jotako gastuei aplikatuko zaien laguntzaren intentsitatea zehazteko, entitate onuradun hauek hartuko dira kontuan:
a) Enpresak eta lehentasunezko elkarteak (LE):
Laguntzaren intentsitatea, proiektuaren kalifikazioaren arabera eta enpresaren tamainaren arabera, hau izanen da:
KALIFIKAZIOA | ENPRESAREN TAMAINA | ||
Txikia | Ertaina | Handia | |
Industria ikerketa | %80 | %75 | %50 |
Garapen esperimentala | %60 | %50 | %25 |
Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (GTIZ) proiektuaren finantzaketan parte hartu badu, ordea, hauek izanen dira intentsitateak enpresaren neurriaren arabera:
Txikia | Ertaina | Handia | |
GTIZk kofinantzatutako proiektua | %15 | %10 | %5 |
b) SINAIko eragileak:
Laguntzaren intentsitatea %100ekoa izanen da, baldin eta onuradunen jarduera ez-ekonomikoak finantzatzen ari badira.
2. Proiektua gauzatu bitartean bat-egite baten ondorioz enpresaren tamaina aldatzen bada (ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege Dekretuaren 33. artikulua), laguntzaren intentsitatea egokitu eginen da, tamaina zer likidaziotan aldatzen den, hurrengotik aurrera. Kasua bada, adieraziko da emandako laguntza soberakina kobratzeko eskubidea galdu dela edo laguntza itzuli behar dela.
3. Proiektua gauzatzen ari den bitartean enpresa batek ETE izaera galtzen badu eta 13.3 oinarriaren arabera beste ETE bat sartzeko baimenik ematen ez bada, partzuergoko kideen laguntzaren intentsitatea aldatzen ahalko da, KSEOren 25.6 b) artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez badira. Kasua bada, adieraziko da emandako laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela edo hura itzuli beharko da.
8. oinarria.–Eskaera aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoa erabiliz (laguntzen fitxa).
3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa, betiere:
3.1. Proiektuko partaide bakoitzak hauek aurkeztuko ditu:
a) Eskabide telematikoa, 2.3 oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.
b) Eskatzailearen eta proiektuaren datuak biltzen dituen inprimakia, gastuaren aurrekontua barne.
c) Inprimakia, laguntzaren xede den proiekturako eta eskatzaileak garatzen dituen I+G+Bko beste proiektu batzuetarako langileek duten dedikazioari buruzkoa.
d) Enpresa txiki eta ertainek, tamaina egiaztatzeko, aukera hauek izanen dituzte: Nafarroako Merkataritza Ganberaren ziurtagiri bat aurkeztea, itxitako azken hiru ekitaldietako urteko kontuak aurkeztea, edo administrazio espedientea zein den eta aurretik Nafarroako Gobernuko zein departamentutan aurkeztu dituzten adieraztea.
Aurkeztu beharreko kontuak itxita, sinatuta eta Merkataritza Erregistroan edo Kooperatiben Erregistroan gordailututa egonen dira, eta, haiekin batera, memoriak eta Erregistroak egindako txostenak (digitalki autentifikatuta edo zigilatuta, eta ikuskatuta, nahitaezkoa denean), bai eskatzailearenak, bai haren enpresa elkartu eta lotutakoenak.
Erregistro horretan kontuak aurkeztera behartuta ez dauden ETEek eta langile autonomoek PFEZaren aitorpena aurkeztuko dute.
e) Aukeran, laguntza eskabidearekin batera, hornitzaileei egin beharreko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak aurkezten ahalko dira, 2.4 oinarrian adierazitakoak.
3.2. Partzuergoko erakunde koordinatzaileak, gainera, honako hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Proiektuaren memoria, webeko fitxan eskuragarri dagoen fitxaren arabera. Honako hauek barne bilduko ditu:
–Proiektua azaltzen duen memoria teknikoa.
–Proiektua zabaltzeko eta sustatzeko plana.
–Horizon Europe programan dauden proiektu europarrekin jarraitutasuna, harremana edo lotura izatearen balorazio memoria.
b) Lankidetza akordioa, 16.1.c) artikuluaren arabera, edo konpromisoen agiria, proiektuan parte hartzen dutenek sinatua. Konpromisoen dokumentua aukeratuz gero, alde guztiek sinatutako lankidetza hitzarmen bat aurkeztu beharko da hiru hilabeteko epean, deialdia ebazten duen egintza laguntzen fitxan argitaratzen denetik hasita.
c) 3. erronkako proiektuetan: Erakunde koordinatzailearen ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpena, non jasoko baita proiektuan jasotako ikerketa biomedikoa egin aurretik batzorde etiko baten aldeko irizpena izanen duela, indarrean dagoen araudiaren arabera. Laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den ereduari egokituko zaio adierazpen hori. Ikerketak irauten duen bitartean ematen diren aldeko irizpenak proiektuaren azken justifikazioan aurkeztu beharko dira, 14. oinarrian aurreikusitako baldintzetan.
4. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, laguntzak kudeatzen dituen organoak eskatzaileari errekerimendua eginen dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Partzuergoko koordinatzailea bada 3.2 apartatuko dokumentazioa zuzentzen ez duena, proiektuak ez du dirulaguntzarik jasotzen ahalko. Proiektuak ez du dirulaguntzarik jasoko, ezta ere, eskatzaile batek 3.1 apartatuko dokumentazioa ez zuzentzeagatik ez bada betetzen partzuergoaren osaerari buruz 3. oinarrian eskatutakoa.
9. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, proiektuak alderatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, 10. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Emanen diren laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, 7. oinarrian ezarritako laguntzaren intentsitatea aplikatuko zaie, ¡aurrekontuan erronka bakoitzerako erabilgarri dagoen kreditua agortu arte:
1. erronka (VOLTA IX) | 1.935.000 euro |
2. erronka (AERO IX) | 1.935.000 euro |
3. erronka (GEMA IX): | 1.935.000 euro |
4. erronka (ALPES VIII) | 1.935.000 euro |
5. erronka (IRIS VII) | 1.935.000 euro |
6. erronka (IDEA VII) | 1.375.000 euro |
7. erronka (SIBERIA VII) | 1.935.000 euro |
8. erronka (ZIRKULAR III) | 1.935.000 euro |
Erronka bakoitzeko eskaerei erantzun ondoren gelditzen diren saldoak batu eginen dira, eta haien erronkan behar adina kreditu ez izateagatik laguntzarik jaso ez zuten proiektuak diruz laguntzeko erabiliko dira. Proiektu horiek zerrenda bakarrean elkartuko dira, 10. oinarriaren arabera lortu zuten puntuazioen araberako hurrenkeran.
2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aditu independenteen laguntza eskatzen ahalko du, proiektuak baloratzean aholku jasotzeko. Era berean, helburu horretarako beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo informazio oro eskatzen ahalko die eskatzaileei.
3. Kreditu faltaren ondorioz proiektu bat osorik diruz laguntzea ezinezkoa bada, partzuergoari eskainiko zaio laguntza partzial bat emateko edo eskatutakoaz bestelako urteroko batera lotzeko aukera. Dena dela, proiektua osorik eta kalitate galerarik gabe gauzatu beharko da.
Proposamen honen onarpena partzuergoko koordinatzaileak aurkeztu eta kide guztiek sinatu beharko dute, 10 egun balioduneko epean, laguntzen organo kudeatzaileari jakinarazi ostean.
10. oinarria.–Balorazio irizpideak.
1. Proiektu estrategikoak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:
BALORAZIO IRIZPIDEAK | GEHIENEKO PUNTUAZIOA | GUTXIENEKO PUNTUAZIOA |
A.–PROIEKTUAK ERRONKAREKIN BAT EGITEA | 10 | 5 |
B.–PROIEKTUAREN KALITATE ZIENTIFIKOA ETA TEKNIKOA | 30 | 20 |
B.1. Helburuak | 5 | - |
B.2. Eragin zientifiko-teknikoa. Berrikuntza maila eta proiektuak aurrean duen erronka teknologikoa | 15 | - |
B.3. Planteamenduaren / Ezarpenaren sendotasuna | 10 | - |
C.–PARTZUERGOA | 9 | 5 |
C.1. Beste I+G proiektu batzuetan izandako esperientzia | 3 | - |
C.2. Baliabide materialak eta instalazioak | 3 | - |
C.3. Erakunde bakoitzak proiektuan duen eginkizuna | 3 | - |
D.–AURREKONTU EGOKITZAPENA | 10 | 7 |
D.1. Aurrekontuaren deskribapen egokia eta zehatza, erakunde partaideko eta jarduerako | 4 | - |
D.2. Gastuak helburu eta jardueretarako proportzionalak diren eta behar bezala erabili diren | 4 | - |
D.3. Aurrekontua bat ote datorren proposatutako egikaritze teknikoarekin | 2 | - |
E.–PROIEKTUAN ESPERO ZIREN EMAITZEN ERAGINA | 12 | 8 |
E.1. Eragin ekonomiko eta enpresariala eskualdean | 8 | - |
E.2. Ustiapen komertzialaren aurreikuspena erakunde partaideen eskutik | 4 | - |
F.–GARAPEN JASANGARRIRAKO HELBURUAK LORTZEKO EGINIKO EKARPENA | 5 | - |
F.1. Eskualdeko GJHei eginiko ekarpena | 2 | - |
F.2. Ekonomia zirkularrerako trantsizioa | 3 | - |
G.–PROIEKTUA ZABALTZEKO ETA SUSTATZEKO PLANA | 4 | - |
G.1. Planaren kalitatea | 1 | - |
G.2 Proiektua aurkezteko ekitaldi publikoak | 2 | - |
G.3 Komunikabideetan eta sare sozialetan agertzea | 1 | - |
H.–PROIEKTU EUROPARREKIN JARRAITUTASUNA, HARREMANA EDO LOTURA | 2 | - |
H.1. Aurkeztutako proiektuak, edo aurkeztutako proiektuarekin lotura duten Horizon 2020 edo Horizon Europe deialdietan parte hartzen dutenak | 1 | - |
H.2. Proiektua bat etortzea Horizon Europe programaren deialdiekin, lehentasunekin, gaiekin, irismenarekin edo deialdien bidez lortu nahi diren emaitzekin | 1 | - |
I.–AZPIEGITURA ZIENTIFIKO-TEKNIKO BEREZIEN ERABILERA PARTEKATUA EDO SIESS SISTEMAN DAUDEN NAFARROAKO AZPIEGITURENA EDO IRIS BERRIKUNTZA DIGITALAREN POLOARENA | 3 | - |
J.–SINAI-KO ERAGILEEK PROIEKTUAN PARTE HARTZEA | 5 | - |
J.1. SINAIko exekuzioko eragileek proiektuan parte hartzea, proiektuaren gastu diruz lagungarriak > %20 direnean | 4 | - |
J.2. SINAIko exekuzioko eragileen koordinatzaileak edo SINAI erregistroaren barruan erakunde berezi gisa egiaztatutako "klusterrak" proiektuan parte hartzea | 1 | - |
K.–DESPOPULATZEA | 2 | - |
L.–DOKTOREAK IKERKETA TALDEAN | 5 | - |
M.–GENERO BERDINTASUNA I+Gn | 3 | - |
M.1. Emakumeen ordu dedikazioa proiektuan | 2 | - |
M.2. Ikertzaile nagusia (IN) | 1 | - |
GUZTIRA | 100 | 50 |
A.–Proiektuak erronkarekin bat egitea.
Alderdi hori baloratzeko, proposatutako proiektua eta aurreikusitako emaitzak erronka desberdinetan proposatutako desafio, lan lerro edo/eta fokuetara nola egokitzen diren neurtuko da.
B.–Proiektuaren kalitate zientifikoa eta teknikoa.
B.1. Helburuak.
Haien argitasuna eta egokitasuna baloratuko dira. Ongi zehaztuta eta proiektuaren helburura zuzen bideratuta egon behar dute. Beren espezifikotasuna eta neurgarritasuna ere baloratuko dira.
B.2. Eragin zientifiko-teknikoa. Berrikuntza maila eta proiektuak aurrean duen erronka teknologikoa:
Baloratuko da zer neurritaraino den asmo handiko proposamena; berrikuntza potentziala; zer zentzutan doan arte egoeratik harago (bide berriak urratu ditzaketen helburuak eta kontzeptu eta planteamendu berriak).
B.3. Planteamenduaren / Ezarpenaren sendotasuna.
Planteamenduaren argitasuna eta logika baloratuko dira, baita helburuak planteatutako denboran eta aurrekontuan oinarrituta lortzeko egingarritasuna ere.
Era berean, lan planaren koherentzia baloratuko da, metodologiari, lan paketeen eta eginkizunen egiturari, entregatzekoei, gauzatze kronogramari eta baliabideen esleipenari dagokienez.
C.–Partzuergoa.
C.1. Beste I+G proiektu batzuetan izandako esperientzia.
C.2. Partzuergoak proiektuari heltzeko dituen baliabide materialak eta instalazioak, zehaztuz zer neurritan diren egokiak jarduerak gauzatzeko.
C.3. Erakunde bakoitzak proiektuan duen eginkizuna.
D.–Aurrekontu egokitzapena.
Aurrekontuan egotzitako gastu guztiak deskribatu beharko dira, gastuaren beharra eta aurrekontu partiden zenbatespena justifikatuta. Horren barruan sartzen dira, besteak beste, pertsona bakoitzak proiektuan eta parte hartzen duen jardueretan duen zeregina, proiektua egiteko aurreikusitako materialen kostuaren eta kantitatearen banakapena, kanpoko lankidetzen parte-hartzea, eta abar.
Emandako informazioa kontuan hartuta, honakoak baloratuko dira:
D.1. Aurrekontuaren deskribapen egokia eta zehatza, erakunde partaideko eta jarduerako.
D.2. Gastuak helburu eta jardueretarako proportzionalak diren eta ondo erabili diren.
D.3. Aurrekontua bat ote datorren proposatutako egikaritze teknikoarekin.
E.–Proiektuan espero ziren emaitzen eragina.
E.1. Eragin ekonomiko eta enpresariala eskualdean.
I+G proiektuko emaitzek eskualdeko enpresetan eta tokiko ekonomian izan dezaketen eragina ebaluatuko da. Besteak beste, kontuan hartuko dira enpleguaren sorrera, diru-sarreren igoera, inbertsioen erakarpena eta zerbitzu edo/eta azpiegituren garapena.
E.2. Ustiapen komertzialaren aurreikuspena erakunde partaideen eskutik.
Atal honek ebaluatuko du proiektuan inplikatutako erakundeek nola merkaturatu asmo dituzten I+G arloko emaitzak.
F.–Garapen jasangarrirako helburuetan eginiko ekarpena.
F.1. Eskualdeko GJHetan eginiko ekarpena.
F.2. Ekonomia zirkularrerako trantsizioa.
Ekonomia zirkularrerako trantsizioan eragin positibo eta nabarmena duten neurri espezifikoak baloratuko dira.
G.–Proiektua zabaltzeko eta sustatzeko plana.
G.1. Planaren kalitatea: azalpen argiak, lanen definizioa, horiek gauzatzeko kronograma, giza baliabideen eta materialen esleipena.
G.2 Proiektua aurkezteko ekitaldi publikoak.
G.3 Komunikabideetan eta sare sozialetan agertzea.
H.–Proiektu europarrekin jarraitutasuna, harremana edo lotura.
H.1. Aurkeztutako proiektuak, edo aurkeztutako proiektuarekin lotura duten Horizon 2020 edo Horizon Europe deialdietan parte hartzen dutenak.
H.2. Proiektua bat etortzea Horizon Europe programaren deialdiekin, lehentasunekin, gaiekin, irismenarekin edo deialdien bidez lortu nahi diren emaitzekin.
I.–Azpiegitura zientifiko-tekniko berezien erabilera partekatua, edo SIESS (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System) sisteman dauden Nafarroako azpiegiturena edo IRIS berrikuntza digitalaren poloarena.
Ekipo hauen erabilera partekatua baloratuko da, baldin eta proiektua egiteko erabili badira. Berariaz egiaztatu beharko da proiektuko jarduerak egiteak nola sustatu duen ekipamendu horien erabilera eta bultzada.
J.–SINAIko exekuzioko eragileek proiektuan parte hartzea.
J.1. SINAIko exekuzioko eragileek proiektuan parte hartzea, dela partzuergoaren parte direlako, dela partzuergoko kide batek haien zerbitzuak kontratatu dituelako. Bi kasuetan ere, bere gain hartu beharko ditu proiektuko gastu diruz lagungarrien %20, gutxienez.
J.2. SINAIko exekuzioko eragileen koordinatzaileak edo SINAI erregistroaren barruan erakunde berezi gisa egiaztatutako "klusterrak" proiektuan parte hartzea.
K.–Despopulazioa.
Gehienez 2 puntu emanen dira proiektua despopulazio arriskuko aitorpena duen udalerri batean (Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Agindua, 2023ko. 49. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 9koa) dagoen lantokian egiten bada, guztira 2 puntuko muga ezarrita:
–Muturreko despopulazio arriskuan dagoen udalerria (2 puntu).
–Despopulazio arrisku bizian dagoen udalerria (1,5 puntu).
–Despopulazio arrisku handian dagoen udalerria (puntu 1).
–Despopulazio malda handian dagoen udalerria (0,5 puntu).
Udalerrien kategorizazioa Nafarroan despopulazio arriskuan dauden eremu eta udalerrien mapan jasota dago, Lurralde Kohesiorako Departamentuak egina.
L.–Doktoreen parte-hartzea ikerketa taldean.
DOKTOREEN ORDUAK (%) / PROIEKTUKO ORDU GUZTIAK | PUNTUAZIO GEHIGARRIA |
≥ 10 | 1 |
≥ 20 | 2 |
≥ 30 | 3 |
≥ 40 | 4 |
≥ 50 | 5 |
M.–Genero berdintasuna I+Gn.
M.1. Emakumeen ordu dedikazioa proiektuan: 2 punturekin baloratuko da emakumeen dedikazioa proiektuko ordu guztien %50 edo hortik gorakoa izatea.
M.2. Ikertzaile nagusia (IN): puntu 1 emanen da proiektuko ikertzaile nagusia (IN) emakumea denean.
2. A, B, C edo E irizpideetan gutxieneko puntuazioa lortzen ez duen proiektua ez da beste ataletan baloratuko, eta eskaera baztertuko da.
3. Proiektu batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute, A irizpidean lortutako puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, eta hala ere puntu berdinketa hausten ez bada, B irizpidean lortutako puntuazioari begiratuko zaio, eta hala hurrenez hurren, berdinketa hautsi arte.
11. oinarria.–Laguntzak ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
Ebazpen proposamenean hauek jasoko dira gutxienez:
a) Lortutako puntuazioaren arabera baloratutako proiektuen zerrenda, bertan adieraziz proiektuaren izenburua eta finantzaketarik lortu duen ala ez.
b) Onuradunen zerrenda, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoa, hura ordainduko den hiru aurrekontu ekitaldietan banakatuta (2026, 2027 eta 2028).
c) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.
2. Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da deialdia ebazteko organo eskuduna, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean, eta egintza hori laguntzen fitxan argitaratuko da, 16.1 oinarriaren a), b) eta c) letretan ezarritakoaren ondorioetarako. Eskatzaile bakoitzari laguntza eman edo ukatzeko ebazpena telematikoki jakinaraziko zaio gaitutako helbide elektroniko bakarrean.
Epealdi horretan berariazko ebazpena ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
3. Baldin eta laguntza esleitu ondotik deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean (zati batez edo guztiz) ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.
Dirulaguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira, diruz lagundutako jarduketa egiteko.
12. oinarria.–Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.
1. Onuradunek diruz lagundutako kostuaren %50eraino azpikontratatzen ahalko dute. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagundutako jardueraren zati bat gauzatzea, nahiz eta berez egin ditzakeen jarduerak izan, horretarako baliabideak dituelako.
Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta onuradunari emandako dirulaguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua egin beharko da idatziz, eta frogagiriekin batera aurkeztu.
Partzuergoko kideek ez dituzte inoiz beren artean proiektuko jarduketak azpikontratatzen ahalko.
2. Onuradunek diruz lagundutako jarduketaren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatzen ahalko diete haiekin lotutako enpresei, inguruabar hauek gertatuz gero:
a) Gastu diruz lagungarriak izatea, 5. oinarrian zehazten den bezala.
b) Laguntza eskaeran jasotzea, eta baimentzea, gastu hori diruz lagungarritzat hartuz laguntzak emateko ebazpenean.
c) Gastua justifikatzea, onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei dagozkien frogagiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, langile kostuak justifikatzen dituzten nominak, hirugarren baten faktura materialetarako, etab.).
d) Ez da onartuko gastuak garestitzea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.
2. atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, ulertuko da pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela, baldin eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako egoeraren bat gertatzen bada.
13. oinarria.–Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.
1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira proiektuak. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabar zehatzak gertatzen direnean, 3. ataleko aldaketak baimentzen ahalko dira.
2. Aldaketa baimentzeko ondoko baldintzak bete beharko dira:
a) Laguntzen fitxaren bidez eskatuko dira, aldaketa gertatu baino lehen.
b) Proiektua koordinatzen duen pertsonak egin beharko du eskaria, partaide guztiak jakitun direla, beraiengan eragin zuzena izan nahiz ez.
c) Egin asmo den aldaketa behar bezala justifikatu beharko da.
d) Deialdia ebazten duen egintza laguntzen fitxan argitaratu eta lehen hilabetean ez da aldaketa eskaririk onartuko.
e) Eskaera bakarra onartuko da proiektua gauzatzeko aldi bakoitzean, non 3. ataleko aldaketa bat edo batzuk jaso baitaitezke. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, salbuespen kasuetan, baimena ematen ahalko du aldaketa osagarriak egiteko aparteko egoeren arrean. Egoera horiek aski egiaztatuta geratu beharko dira haren iritziz.
3. Hauek dira baimendu daitezkeen aldaketak:
a) Proiektuaren iraupenarena: laguntza emateko ebazpenean proiektua bukatzeko ezarritako data luzatzeko eskatzen ahalko da, betiere 2028ko otsailaren 28tik pasatu gabe.
b) Laguntza emateko ebazpenean diruz laguntzen diren gastuena. Laguntza eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.
c) Parte-hartzaile batzuk ordezkatzea. Parte-hartzaile berriak onuradun izateko eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko ditu.
d) Proiektu bateko parte-hartzaileen artean atazak berresleitzea.
e) ETE bat sartzea partzuergoan, baldin eta proiektua gauzatu bitartean kideetako batek ETE izateari uzten badio, eta partzuergoak ez baditu 3.1.1. oinarrian zehaztutako konposizio baldintzak betetzen.
4. Ez da aldaketatzat joko 5.2 oinarriko partida bat handitzea, diruz lagundutako gastuen guztizko zenbatekoaren %10 gainditzen ez badu eta beste partida bateko gastua jaitsiz konpentsatzen bada. Desbideratze horiek ez dute ekarriko emandako laguntza handitzea.
14. oinarria.–Proiektua justifikatzeko epeak eta modua.
1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dute proiektua gauzatu izana. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, laguntzen fitxaren bitartez eta eskura dauden ereduei jarraikiz:
a) 2026ko apirilaren 1era arte (egun hori barne): 2025eko justifikazioa.
Onuradunak hasieratik 2025eko abenduaren 31ra arte egindako eta 2026ko martxoaren 31ra arte ordaindutako jardueraren eta gastuaren agiri tekniko eta ekonomikoak aurkeztuko dira.
b) 2027ko apirilaren 1era arte (egun hori barne): 2026ko justifikazioa.
Onuradunak bigarren aldian (2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra) egindako eta 2027ko martxoaren 31ra arte ordaindutako jardueraren eta gastuaren agiri tekniko eta ekonomikoak aurkeztuko dira.
c) 2028ko apirilaren 1era arte (hori barne): Azken justifikazioa.
Onuradunak hirugarren aldian (2027ko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra) egindako eta 2028ko martxoaren 31ra arte ordaindutako jardueraren eta gastuaren agiri tekniko eta ekonomikoak aurkeztuko dira.
Hirugarren justifikazioarekin batera, 17. oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztuko da, bai eta laguntzak kudeatzen dituen organoak proiektuari buruz eskatzen duen beste edozein informazio ere.
3. erronkako proiektuek etika batzordeen irizpide positiboak aurkeztuko dituzte, halakorik behar izan badute proiektuaren ikerketa biomedikoa garatzeko.
2. Gainera, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 1. ataleko justifikazio bakoitzarekin:
a) Auditoretzako txostena, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduaren eranskinean xedatuarekin bat (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa).
b) Proiektuen gastuei esleitutako kontua edo kontabilitate kodea, bereizitako kontabilitate sistemaren parte gisa.
c) Auditoreak emandako egiaztapen zerrenda, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa.
d) Gastua frogatzeko agiriak (fakturak eta ordainagiriak).
15. oinarria.–Laguntzaren ordainketa.
1. Taula honetan adierazitako moduan ordainduko da laguntza:
URTEA | FROGAGIRIAK ETA LAGUNTZAREN ORDAINKETA | ||||
2025eko justifikazioa | 2026ko justifikazioa | Azken justifikazioa | |||
2025 | - | - | - | - | - |
2026 | a) 2025eko konturako ordainketa | b) 2025eko likidazioa | - | - | - |
2027 | - | - | c) 2026ko konturako ordainketa | d) 2026ko likidazioa | - |
2028 | - | - | - | - | e) Azken likidazioa |
a) 2025eko konturako ordainketa: 2025eko justifikazioa aurkeztutakoan, lehen aldiari dagokion laguntza ordainduko da. Gauzatu gabeko proiektu zatiari dagokion laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
b) 2025eko likidazioa: 2025eko justifikazioa aztertu ondoren, kontura ordaindutako laguntza likidatuko da. Emaitzazko zenbatekoa aurreratutakoa baino baxuagoa bada, soberan egondakoa hurrengo ordainketatik kenduko da.
c) 2026ko konturako ordainketa: 2026ko justifikazioa aurkeztutakoan, bigarren aldiari dagokion laguntza ordainduko da. Gauzatu gabeko proiektu zatiari dagokion laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
d) 2026ko likidazioa: 2026ko justifikazioa aztertu ondoren, kontura ordaindutako laguntza likidatuko da. Emaitzazko zenbatekoa aurreratutakoa baino baxuagoa bada, soberan egondakoa hurrengo ordainketatik kenduko da.
e) Azken likidazioa: azken justifikazioa aztertutakoan, proiektuaren laguntza osoa likidatuko da, eta dagokion laguntza ordaindu edo itzuliko da.
2. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, 14. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori betetzeko, urte bakoitza bukatu baino lehen agintzen ahalko da egin gabe dauden ordainketak kontura ordaintzeko.
16. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Enpresek, laguntzen fitxan deialdia ebazten duen egintza argitaratu eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) nahiz ez izan (kasu horretan, egoera hori adieraziko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ez da ordaintzen ahalko onartutako dirulaguntza, eta, kasua bada, aurrerakina itzuli beharko da.
b) 30.000 eurotik gorako laguntzak jasotzen dituzten enpresek abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa epeak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute (2.4 oinarrian adierazitakoa) hilabeteko epean, laguntzen fitxan deialdia ebazten duen egintza argitaratzen denetik zenbatzen hasita, laguntzak eskatzean aurkeztu ez badute.
c) Partzuergoko erakunde koordinatzaileak lankidetza hitzarmena aurkeztu beharko du, 8.3.2. oinarrian ezarritakoaren arabera, deialdia ebazten duen egintza laguntzen fitxan argitaratzen denetik hiru hilabeteko epean.
d) Gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb) izatea, laguntza hauekin lotutako jakinarazpen elektronikoak jaso ahal izateko, 19. oinarrian adierazitako moduan, eta gutxienez 4 urtez edukitzea azken ordainketa egiten denetik.
e) Laguntza emateko ebazpenean aurreikusi bezala gauzatzea diruz lagundutako proiektuak, eta proiektu horiek 14. oinarrian ezarritako moduan eta epean justifikatzea.
f) Proiektuan adierazitako helburu zientifiko-teknikoak, dirulaguntza onartzea ekarri zutenak, betetzea. Laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du ea betebehar hori bete den, proiektua bukatutakoan.
g) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.
h) Dirulaguntzaren xedeko I+G proiektuaren emaitzak zabaltzea 17. oinarrian adierazitako moduan.
i) I+G proiektua gauzatzearekin lotutako prototipoak eskuratu, eraiki edo hobetzen badira, eta prototipo horiek ez badira merkaturatzen edo ez badira produkzio jardueran erabiltzen, prototipo horiei eutsi beharko zaie, gutxienez bi urtez, dirulaguntzaren azken ordainketaren datatik aurrera.
j) Enpresen kasuan, enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresak sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.
k) Laguntzaren ebazpenean adierazten denean hura Europar Batasuneko egitura funtsen bidez kofinantzatzen ahal dela, 18. oinarrian ezarritakoa ere bete beharko da.
l) S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuari aditzera ematea proiektuari lotutako beste laguntza batzuk lortu direla, laguntzen eskabidean berean, edo kanpoko laguntza jaso bezain laster, eta, betiere, 14. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.
m) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuari.
n) S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuari jakinaraztea 8.3.2.c) oinarrian jasotako erantzukizunpeko adierazpenean aurreikusitako etika batzordeen irizpenen beharretan gertatzen den edozein aldaketa.
o) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Dirulaguntzen oinarri arautzaileetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta aldez aurretik kobratutakoa itzuli beharko da foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Laburbilduz, betebehar hauek:
a) Proiektuaren aurrekontutik gauzatzen dena laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %65 baino gutxiago bada, zehapen hauek aplikatuko zaizkie proiektuan parte hartzen duten guztiei, eta horrek berekin ekar dezake ordaindu gabe dagoen laguntza kobratzeko eskubidea galtzea edo, hala badagokio, jasotako laguntzak itzultzea:
–Gauzatzen dena %65 baino baxuagoa baina %40 baino altuagoa bada: gauzatu denaren ehunekoa zein den, horren arabera murriztuko da laguntza, hurrengo taulan adierazitakoari jarraikiz:
EXEKUZIO EHUNEKOAREN TARTEA | LAGUNTZAREN MURRIZKETA (EHUNEKOTAN) |
0-40 | 100 |
40-45 | 60 |
45-50 | 40 |
50-55 | 30 |
55-60 | 20 |
60-65 | 10 |
–%40 baino gutxiago gauzatzea: proiektua ez da diruz lagunduko, eta jasotako laguntza osoa itzultzeko eskatuko da edo laguntza galdutzat emanen da.
b) Enpresen partaidetza ehunekoen baturak ez badu gainditzen 3. oinarriko 1.2.a) atalean eskatutako gutxienekoa, zehapen hauek aplikatuko zaizkie proiektuan parte hartzen duten guztiei, eta horrek berekin ekar dezake ordaindu gabe dagoen laguntza kobratzeko eskubidea galtzea edo, hala badagokio, jasotako laguntzak itzultzea:
Enpresaren exekuzio | Laguntzaren murrizketaren ehunekoa | Enpresaren exekuzio | Laguntzaren murrizketaren ehunekoa |
0-50 | 25 | 0-20 | 25 |
50-52 | 20 | 20-22 | 20 |
52-54 | 15 | 22-24 | 15 |
54-56 | 10 | 24-26 | 10 |
56-58 | 5 | 26-28 | 5 |
58-60 | 2 | 28-30 | 2 |
Erronkak; 1, 2, 4, 5, 6, 8 Eskatutako gutxieneko partaidetza: %60 | Erronkak: 3, 7 | ||
c) Aurrekontutik gauzatzen dena 4.2 oinarrian eskatutako gutxieneko milioi euroa baino gutxiago bada, zehapen hauek aplikatuko zaizkie proiektuan parte hartzen duten guztiei, eta horrek berekin ekar dezake ordaindu gabe dagoen laguntza kobratzeko eskubidea galtzea edo, hala badagokio, jasotako laguntzak itzultzea:
EXEKUTATUTAKO AURREKONTUA HAU BAINO BAXUAGOA DA: | LAGUNTZAREN MURRIZKETA (EHUNEKOTAN) |
500.000 | 100 |
600.000 | 50 |
700.000 | 30 |
800.000 | 20 |
900.000 | 15 |
950.000 | 10 |
1.000.000 | 5 |
d) Proiektu berean a), b) eta c) letretako kasuak gertatzen badira, letra horietan aurreikusitako zigorrak metatuko dira.
17. oinarria.–Proiektu estrategikoaren emaitzak zabaltzea.
1. Laguntzen onuradunek ondoko jarduketa hauek egin beharko dituzte diruz lagundutako proiektu estrategikoaren emaitzak zabaltzeko:
a) Diruz lagundutako proiektuaren nondik norainokoari eta emaitzei buruzko dokumentu idatzia aurkeztea.
b) Proiektuaren emaitzen inkesta betetzea, laguntzen fitxan prest egonen dena. Inkesta horretatik, emaitza agregatuak emanen dira aditzera soilik, helburu estatistikoetarako.
c) Genero alderdiaren inkesta betetzea, laguntzen fitxan prest egonen dena. Inkesta horretan jasotako informazioa laguntza kudeatzeko eta datuen azterketa anonimoa egiteko erabiliko da, etorkizuneko deialdiak hobetzeko.
d) Diruz lagundutako proiektuaren bideo bat aurkeztea, bertan jasota, gutxienez ere, parte hartzen duten entitateen eta ikertzaile taldearen aurkezpena, proiektuaren helburuak eta lortu diren emaitzen deskripzioa.
e) Urtean proiektu bakoitzeko prentsa ohar bat bidaltzea ohiko hedabideetara edo argitara ematea hedabide digitaletan, Nafarroako Gobernutik eta, hala badagokio, Eskualde Garapeneko Europako Funtsetik (EGEF) jasotako laguntzak aipatuta.
f) Proiektua argitaratu edo haren jendaurreko aipua eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela agertarazi beharko da, bai eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak ere (EGEF), hala badagokio.
2. Proiektuaren azken justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da aurreko atalean adierazitako dokumentazioa.
3. a) eta c) letretan aipatu diren dokumentua eta bideoa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus) zabalduko dira.
4. Nolanahi ere, proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik azalduko, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.
18. oinarria.–Kofinantzaketa, Europar Batasuneko egiturazko funtsekin.
1. Laguntza hauek Europar Batasunaren %40ko kofinantzaketa jasotzen ahalko dute Nafarroako EGEF 2021-2027 programako 1.1 helburu espezifikoaren barnean ("Ikerketa eta berrikuntza gaitasunak garatu eta hobetzea, eta teknologia aurreratuak bereganatzea").
Laguntza hauen onuradunak, betiere laguntza onesten duen ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantzaketaren onuradunak ere izanen dira, eta horregatik ondokoa aplikatuko zaie:
a) Dirulaguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrol jarduketen xede izatea onartzea, baita kontrol horietan lagundu beharra ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.
b) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, EURATOM) Erregelamenduak, Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatzekoak diren finantza arauei buruzkoak, 132. artikuluan ezartzen duenaren arabera, 5 urtez zaindu eta gorde behar da finantzatutako jardueraren dokumentazioa, ordainketa edo azken saldoa egiten denetik aurrera, eta 3 urtez, berriz, finantzaketa 60.000 eurotik gorakoa ez bada, eta laguntzen organo kudeatzaileek eskatzen ahalko dute proiektuaren jarraipena eta bisitak egitea. Nolanahi ere, epe hori ez da izanen 2031ko abenduaren 31ra artekoa baino laburragoa
c) Proiektuak irauten duen bitartean gutxienez, honako esaldi hau jarri beharko dute webgunean, ikusteko moduan, laguntzen fitxan deskarga daitekeen logotipoarekin batera:
"Entitate honek Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %40arekin kofinantzatua, Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboaren bidez".
d) 500.000 eurotik gorako kostua duten eragiketetarako laguntza jasotzen dutenean, inbertsio fisikoekin lotutako eragiketen gauzatze fisikoa hasi bezain laster edo erosi dituzten ekipamenduak instalatu bezain laster, publizitate plaka edo hesi sendoak jarriko dituzte jendeak ongi ikusteko moduko tokietan, eta haietan Europar Batasunaren ikurra agertuko da, Europar Batasunaren eta Kontseiluaren 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren IX. eranskinean azaltzen diren ezaugarri teknikoekin.
Aurreko letran sartzen ez diren eragiketarako, jendeak ikusteko moduko lekuan, A3 tamainako koloretako kartel bat jarri beharko da, edo pantaila elektroniko baliokide bat, gutxienez proiektuaren izenburua, bazkideak eta aurrekontua jasotzen dituena, bai eta deialdiaren izenburua, Nafarroako Gobernuaren eta EGEFen logoak (baterako finantzaketa izanez gero) eta laguntzari buruzko esaldia ere, laguntzen fitxan deskarga daitekeen ereduaren arabera.
e) Konpromisoa hartuko dute kudeaketaren arloan eraginkorrak diren neurri proportzionalak aplikatzeko iruzurraren kontra: kalitate kontrola eta gardentasuna kontratazioaren arloan, gerta litezkeen interes gatazken kontrola, faltsutzeen kontrola, etab.
f) Laguntza onartzeak esan nahi du onartzen dela EGEF 2021-2027 funtsak kudeatzen dituen agintaritzak argitaratutako eragiketen zerrendan agertzea.
19. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko da, laguntzen fitxaren bitartez.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (https://dehu.redsara.es helbidean eskuragarri). Salbuespena izanen da deialdia ebazten duen egintza, azken hori laguntzen fitxan argitaratuko baita.
20. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.
1. Oinarri hauek arautzen dituzten laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz besteko administrazio publikoek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste dirulaguntza batzuekin.
Kasu horretan, KSEOren 8. artikuluan ezarritako metatze arauak aplikatuko dira: Laguntza hauek metagarriak dira diruz laguntzen ahal diren bestelako kostu identifikagarriei erantzuten dietenekin, edo kostu diruz lagungarri berberei osorik edo partez erantzuten dietenekin, baldin eta metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo aipatu erregelamenduaren 25. artikuluak kategoria bakoitzerako xedatutakoaren arabera aplikatzen ahal den laguntza kopururik handiena.
2. Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko egin beharreko jardueraren kostua.
21. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.
Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 25. artikuluan ("Laguntzak ikerketa eta garapen proiektuetarako") ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).
22. oinarria.–Kenkaria ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatik.
Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 61.6 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, deialdiaren ebazpenean adieraziko zaie I+G proiektu gisa kalifikatutako proiektuen eskatzaileei ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerek betetzen dituzten artikulu horretako kenkaria aplikatzeko betebeharrak eta baldintzak.
Halaber, laguntzen onuradunen kasuan, ordainketa agintzen duten ebazpenetan benetan egindako gastuak adieraziko dira, I+G gisa kalifikatutako gastuei dagozkienak.
23. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.
Orobat, Ogasuneko Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboa kudeatzeko agintaritza gisa, informazio bera argitaratuko du bere web orrian (https://www.fondoseuropeos.hacienda.gob.es).
24. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzen emakida, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
25. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
II. ERANSKINA.–ERRONKEN DESKRIBAPENA
1. erronka.–VOLTA IX. Mugikortasun jasangarria eta konektatua.
0 isurketako ibilgailuak funtsezkoak dira aldaketarako. Garraioaren teknologian aldaketak gertatzen ari dira eredu jasangarriagoetarantz, baina ez hori bakarrik: teknologia oso azkar ari da aurrera egiten sistema autonomoetarantz, ahalbidetzen dutenak garraioaren segurtasuna areagotzea eta giza akatsen ondoriozko ezbeharrak gutxitzea.
Nafarroak, automobilgintzaren sektoreak ekonomian duen garrantzia dela eta, parte-hartzaile aktiboa izan behar du mugikortasun jasangarria eta konektatua lortzeko bilakaeran eta, horregatik, funtsezkotzat jo da I+G+b proiektuak bultzatzea erronka horri aurre egiteko; hots, gizarteari 0 isurketako ibilgailuak ematea, ibilgailu horiek irismen luzekoak eta teknologia aurreratukoak izanik.
VOLTA proiektuek bilatuko dute sistema berriak ekoiztea, mugikortasuna izan dadin konektatua, 0 emisioko ibilgailuen bidezkoa, balio kate jasangarri batean oinarritua, eta eskualdeek energia berriztagarriak ekoizteko duten ahalmena birkarga sarean integratzen duena.
Zehazki, I+G arloko xede hauek sustatuko dira:
–Produktuak garatzea mugikortasuna izan dadin konektatua eta 0 emisioko ibilgailuen bidezkoa.
–Garraioa pixkanaka deskarbonizatzea, propultsio elektrikoa edo beste erregai garbi batzuk (bioerregaiak, hidrogenoa...) ezartzeko bidean.
–Mugikortasun, energia hornidura eta logistikako eredu berriak. Energia sare berdeetan integratzea eta datuak partekatzea.
–Hornitzaileen balio katea eskualdeko OEM digital, malgu eta jasangarriaren inguruan eraldatzea.
–Energia biltegiratzeko sistemak (bateriak), kargatzeko sistemak (azpiegiturak), kudeaketa energetikoa (V2X) eta energia berriztagarria sortzeko sareetan integratzea (zerbitzuak).
2. erronka.–AERO IX. Energia berdearen industria.
Nafarroa %100 berriztagarri baterantz jotze aldera, konponbideak bilatu behar dira hainbat gaitan; izan ere, behar ditugu energia ekoizterakoan isuririk eragiten ez duten energia berriztagarriak, energia garbiak banatzeko eta kudeatzeko bideak, eta ekonomikoki errentagarriak diren energia biltegiratzeko moduak.
AERO proiektuek bilatuko dute energia berriztagarrien arloko ikerketa eta garapen teknologikoa, trantsizio energetikoari laguntzeko; horretarako, energia berdeko irtenbide berritzaileak diseinatu, garatu eta sortuko dira.
Zehazki, ondoko lan ildoak sustatuko dira:
–Trantsizio energetikoa: energia berriztagarrien aplikazio berriak mugikortasun, eraikuntza eta prozesu industrialen sistemetan.
–Energia biltegiratzeko irtenbideak diseinatzea.
–Hainbat iturritatik datorren energia modu adimentsuan kudeatzeko eta integratzeko sistemak garatzea. Energiaren jatorri berriztagarriaren ziurtagiria.
–Autokontsumoa, sorkuntza banatua, mikrosareak eta energia komunitateak sustatzea.
–Energia berdearen (biogasa, hidrogenoa, biomasa...) eta bioerregai aurreratuen bektoreen garapena.
–Haize sorgailuetarako osagaien edo/eta irtenbideen garapena eta baliozkotzea: osagai berritzaile lehiakorragoak, pieza handiagoak, garraioa eta instalazioa errazteko soluzio modularrak. Soluzio berrien parkeak.
–Instalazioen urrutiko kudeaketarako eta mantentze lan prediktiboetarako teknologiak garatzea eta ezartzea.
3. erronka.–GEMA IX. Medikuntza pertsonalizatua, terapia aurreratuak eta osasuneko aurrerapenak.
Medikuntzaren etorkizuna medikuntza pertsonalizatu eta zehatz baterantz bideratzen da, eta honako hauetan oinarritzen da: gure profil genetikoaren analisia, biomarkatzaileen analisia eta identifikazioa, bizi estiloen analisia, parametro medikoen monitorizazioa, prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan erantzun pertsonalizatua emateko, paziente motaren arabera. Medikuntza pertsonalizatuari esker, aukera izanen dugu gaur egun tratamendurik ez duten eritasunak sendatzeko, eta aurreztu eginen da osasun sistemetan; era berean, aldaketa sakonak ekarriko dizkio farmazia sektoreari, teknologia berriak sartuko dira medikuntzan, eta enpresa eta sektore berriak garatuko dira.
GEMA proiektuek ikerketa eta garapen teknologikoa bilatuko dute medikuntza pertsonalizatuaren esparruan, Nafarroako espezializazio adimentsuaren S4 estrategiaren lan ildoekin bat datozen proiektuak sustatuz. Nafarroan biofarmaziaren eta produktu sanitarioen sektorea sustatzea da helburua.
Zehazki, I+G arloko xede hauek sustatuko dira:
–Prebentzio, diagnostiko eta tratamendurako irtenbide pertsonalizatuak garatzea eta ekoiztea.
–Sektore biofarmazeutikoa garatzea, ezagutza transferituz; ezagutza horretan, oinarrizko ikerketan sortutako ezagutzak erabiltzen dira, ondoren merkaturatzeko moduko produktuen enpresan garatzeko.
–Medikuntza pertsonalizatuari aplikatutako teknologia berrien garapena: zientzia omikoak, terapia aurreratuak, Big Dataren erabilera eta adimen artifiziala.
–Biztanleriaren bizitza luzatzearekin lotutako irtenbideak garatzea, adibidez, telemedikuntzarako irtenbideak garatzearekin lotutakoak (telearretarako eta telemonitorizaziorako gailuak), gaixotasun kronikoen tratamendurako direnak, edo prebentziorako eta ongizaterako irtenbideak (batez ere dieta eta nutrizio osasungarriarekin eta bizimodu osasungarriekin lotuta).
4. erronka.–ALPES VIII. Elikadura osasungarria eta jasangarria.
Elikakatea denez Nafarroako arlo estrategikoetako bat, beharrezkoa da I+Gko proiektu estrategikoak planteatzea elikadura pertsonalizatu, osasungarri eta jasangarri baterako erronka hauei aurre egiteko.
ALPES proiektuek bilatuko dute elikadura osasungarri eta jasangarriaren arloko ikerketa eta garapen teknologikoa, bereziki landare elikaduraren atalean; kalitate handiko produktuak garatuko dituzte, lurraldeko baliabide naturalak aprobetxatuz eta errespetatuz.
Zehazki, I+G arloko xede eta lerro hauek sustatuko dira:
–Landare jatorriko produktu berriak.
–Landare proteinak eta beste proteina alternatibo batzuk garatzea, osasuntsuak, eskuragarriak eta erabilgarriak.
–Nekazaritza ekologikoa bultzatzea eta produktu horiek sustatzea nekazaritzako elikagaien industrian. Baliabideen erabilera murriztea, besteak beste urarena, pestizidena eta ongarriena. Ekoizteko bitarteko eta sistemen kalitatea hobetzea: lurzorua, ura eta airea.
–Elikadura osasungarria eta ongizatea. Elikagai funtzionalak eta elikadura pertsonalizatua. Gutxi prozesatu diren eta tratamendu urria duten elikagaiak.
–Bizitza osasuntsu eta aktibo baterako elikagai nahikoak, seguruak eta nutritiboak eskura izatea bermatzeko teknologiak garatzea.
–Elikagaiak alferrik botatzea saihesteko prozesu eta teknologiak garatzea.
5. erronka.–IRIS VII. Berrikuntza digitala S4 sektoreetan.
Nafarroak bere produktibitatea bultzatu beharra du, irtenbide digitalak garatuta eta ezarrita; horretarako, oinarritu behar du datuen ekonomian, prozesuen automatizazioan eta fabrikazio aurreratuko teknologietan.
IRIS proiektuek bilatuko dute eraldaketa digitala babestea eta bizkortzea enpresetan, autonomoengan eta enpresa txiki eta ertainetan, eta Nafarroako sektore publikoaren digitalizazioa erraztea.
Zehazki, honako xede hauek sustatuko dira:
–Ekoizpen prozesuen, produktuen eta zerbitzuen eraldaketa digitala, baita urruneko kudeaketarena ere.
–Big data, adimen artifiziala, biki digitala eta beste teknologia digital batzuk aplikatzea ekoizpen prozesuetan eta zerbitzuetan, bai eta arreta klinikoan ere.
–Zibersegurtasuna, erregistro banatuko teknologiak, biometria eta identitate digitala. Enpresako komunikazioak optimizatzea eta informazioa babestea.
–Teknologia digitalak aplikatzea eraikuntza industrializatuaren, turismo jasangarriaren eta ikus-entzunezko industriaren garapenean.
–Elementu konektatuak, seguruak eta adimendunak (IoT segurua eta konektagarritasuna).
–Teknologia digitalak aplikatzea mugikortasun, energia hornidura eta logistikako eredu berrietan.
6. erronka.–IDEA VII. Goraka ari diren ideia disruptibo aplikatuak.
IDEA proiektuak gai dira gizartea edo ekonomia eraldatzeko, eta bereziki baloratzen dira gizartearen eta erakundeen aintzatespenak objektiboki bermatu dituenak eta espezializazio adimentsuaren estrategiaren arloren batean sartzen direnak.
Bilatzen dira egungo konponbideak alde batera utzi eta gure gizartea, gure ekonomia, osasuna, zahartze osasungarria, gure aisialdia, elikadura segurtasuna, ekitatea eta bizi kalitatea hobetuko dituzten irtenbide erabat berriak planteatuko dituzten ideiak, hala negozio aukera berriak sortuz eta eskualdeko I+Ga sustatuz.
Halaber, asmoa da Nafarroako Sistemako I+G+b-an diharduten eragileen arteko lankidetzatik sortutako ideia horiek ere sustatzea, baldin eta ekonomia eta gizartea eraldatzeko gaitasuna badute. Proposamenak Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian jasotako sektoreen barnean garatu beharko dira.
7. erronka.–SIBERIA VII. Irtenbide berritzaileak bioteknologian.
Bioteknologiatzat jotzen da ezagutza arlo bat zeinean, diziplina anitzetatik, organismoek edo horien zatiek erabiltzen dituzten teknikak eta teknologiak erabiltzen diren, bai eta horiekin bat egin dezaketen bestelako teknologiak eta diziplinak ere (informatika, ingeniaritza, robotika, nanozientziak, materialen teknologiak eta abar), aukera emanez produktuak, prozesuak edo aplikazio berritzaileak hobetzeko edo garatzeko hainbat arlo sozialetan eta jarduera ekonomikoko sektoretan.
Erronka honetan sartzen dira teknika molekularrak sortu, garatu eta erabiltzera bideratutako proiektuak, xedetzat dutenak organismoak edo beren produktuak eskuratzea orientazio aplikatuarekin, industria arloko ikerketa eta ustiapenerako konponbideak garatzea sustatuz. Bost arlo handi hauetako proiektuak hartzen dira aintzat:
–Birusen, mikroorganismoen, landareen, animalien, ehunen edo zelulen kultiboen ingeniaritza genetikoa, molekula erabilgarriak ekoizteko.
–Gaur egun existitzen diren zirkuitu genetikoak aldatzea edo zirkuitu berriak ezartzea organismo bizidunetan, hobetutako propietateak emanez.
–Translazio ikerketa, organismo bizidunengandik eskuratutako molekulak erabiliz (adibidez, proteinak, azido nukleikoak eta abar), industria prozesuetan edo diagnostiko molekularren prozesuetan aplikatuz.
–Tresnak sortzea datu masiboak lortu eta aztertzeko ("tresna omikoak").
–Bioerregaiak.
8. erronka.–ZIRKULAR III. Ekonomia zirkularra.
ZIRKULAR proiektuek ekoizpen sistema jasangarria eta baliabideak modu efizientean erabiltzen dituena lortzera bideratutako teknologiak garatzen lagunduko dute, ekoizpen sistemek ingurumenean duten eragina murriztuz eta bioekonomian eta zirkulartasunean oinarritutako negozio eredu berriak garatuz, eskualdeko eta Europako politikekin uztartuta. Erronka horrek ekonomia zirkularra balio kate industrialaren maila guztietan ezartzeko proiektuak sustatuko ditu.
–Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia eta ezarpena.
–Hondakinak edo azpiproduktuak balorizatzea, balorizazio energetikoa edo ezabatzea saihestuz.
–Bigarren mailako materialak onartzen dituzten ekoizpen prozesu eta teknologia berrien garapena.
–Produktuak berregokitu eta berrerabiltzea, osagaiak birmanufakturatzea edo/eta materialak birziklatzea (gainbirziklatzea).
–Produktuen iraunkortasuna eta horiek konpontzeko, desmuntatzeko, eguneratzeko, berrerabiltzeko, birmanufakturatzeko edo beste helburu batzuetarako erabiltzeko aukerak handitzea. Bizitza erabilgarria hedatzea, bizi amaiera jasangarriagoa sustatuz.
–Industria prozesuetan ingurumen inpaktua minimizatzea (substantzia toxiko eta arriskutsuak ezabatzea, atmosferarako emisio kutsatzaileak murriztea, isurketen baldintzak murriztea, ezabatzea edo hobetzea), balio katea kontuan hartuta eta materia kritikoen eta berriztaezinen erabilera minimizatuta.
–Eraikuntzako material berriak bigarren mailako lehengaietatik eta iturri berriztagarrietatik (zura) abiatuta, batez ere deskontaminatzeko eta energia berriztagarria sortzeko gaitasuna dutenak, eta eraikuntza jasangarria (eraikuntza sistema modular, berreskuragarri eta berrerabilgarri berriak ezartzea).
–Sinbiosi industriala (hondakin edo azpiproduktu batek beste prozesu industrial batzuetako lehengai gisa aprobetxatzeko duen ahalmenaren azterketa).
Iragarkiaren kodea: F2500204
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
