Iragarkia
115. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 15a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
5431E/2026 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita ikuskizun publikoetan eta aisialdiko jardueretan sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza eskuratzeko gaitasun-proben 2026ko deialdia.
Maiatzaren 2ko 33/2011 Foru Dekretuaren bidez, aisialdiko jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dira, eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza-irizpideak eta eginkizunak ezartzen dira.
Arau horren 15. artikuluan, sarrerako kontroleko langileen gaikuntza-baldintzak arautzen dira; ondorio horietarako, zehazten da ezen, sarrerako kontrolean aritu ahal izateko, foru-dekretu horren 11. artikuluko a), b) eta c) apartatuetan ezarritako baldintzak bete beharko direla eta artikulu bereko d) apartatuan aurreikusitako probak gainditu izanaren ziurtagiria eduki beharko dela, Nafarroako Foru Komunitateko Segurtasun Eskolan edo hark baimendutako entitate batean jasoa.
Xedapen horiek betez, bidezkoa da ikuskizun publikoetan eta aisialdiko jardueretan sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza eskuratzeko gaitasun-proben deialdia onestea eta baldintzak ezartzea, interesdunek aukera izan dezaten frogatzeko dagokion administrazio-gaikuntza eskuratu aurretik behar diren eskakizunak betetzen dituztela eta ezagutzak badituztela.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Ikuskizun publikoetan eta aisialdiko jardueretan sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza eskuratzeko gaitasun-proben 2026ko deialdia onestea.
2. Deialdi hori arautuko duten oinarriak eta betebeharrak, ebazpen honen eranskinean ageri direnak, onestea.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta honen aurka eta beronen oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko ekainaren 1ean.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKUSKIZUN PUBLIKOETAN ETA AISIALDIKO JARDUERETAN SARRERA KONTROLATZEN DUTEN LANGILEEN GAIKUNTZA ESKURATZEKO GAITASUN-PROBEN 2026KO DEIALDIAREN OINARRIAK
1. oinarria.–Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko ikuskizun publikoetan eta aisialdiko jardueretan sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza, dagokion ziurtagiriaren bidez, lortzeko gaitasun-probetarako oinarriak ezartzea.
1.2. Kontroleko langileek maiatzaren 2ko 33/2011 Foru Dekretuaren 12. artikuluan ezarritako eginkizunak egin ahal izanen dituzte; arau horren bidez, aisialdiko jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dira eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza-irizpideak eta eginkizunak ezartzen dira.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Probetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, edo bertan bizitzeko eta lan egiteko baimen egokia izatea.
c) Ez izatea aurrekari penalik giza hilketagatik, sexu-askatasunaren aurka eta osasun publikoaren aurka egindako delituengatik eta lesio-delitu astunak eta ez hain astunak egiteagatik, askatasunaren, ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituengatik eta faltsutasunei dagozkien delituengatik.
2.2. Baldintza horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta ziurtagiria egin arte, eta eutsi beharko zaie sarreren eta egonaldiaren kontroleko langileen eginkizunetan jardun bitartean.
2.3. Izangaiek baldintza horiek frogatu beharko dituzte deialdiaren oinarrietan ezartzen den unean.
3. oinarria.–Eskabideak aurkeztea.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek eskaerak telematika bidez aurkeztu beharko dituzte ahal dela, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/habilitacion-del-personal-de-control-de-acceso-a-espectaculos-publicos-y-actividades-recreativas); identifikatzeko, beharrezkoa da ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve.
Halaber, eskaerak aurkezten ahalko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistroko gainerako bulegoetako edozeinetan (haien zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean dago: https://www.navarra.es/eu/herritarren-arreta/bulegoetako-arreta), eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz. Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuari zuzendu beharko zaizkio, eta deialdi honen izena adierazi beharko da.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik.
3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Izena emateko orria, deialdi honen II. eranskineko ereduaren araberakoa.
b) Dagokionean, desgaitasunen bat izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek deialdiaren fitxan horretarako dagoen inprimakia erantsi beharko diote eskabideari, eta komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.
c) Ikuskizun publikoetan eta aisialdiko jardueretan sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza eskuratzeko gaitasun-probak egiteko eskubideengatik 15,60 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 48. artikuluarekin bat.
Nafarroako Gobernuak interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan eskuragarri dago tasa ordaintzeko informazioa.
Tasa ordaintzen ez bada, parte-hartzailea bazterturik geldituko da. Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
Arrazoia edozein dela ere, izangaia ez bada gaitasun-probetara agertzen edo probak gainditzen ez baditu, horrek ez du ekarriko ordaindutako tasa itzultzea.
4. oinarria.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko titularrak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori https://www.navarra.es/eu/hasiera helbidean argitaratzeko aginduko du, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan, deialdi honi dagokion aipamenean.
4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Epe horretan ez badute zuzentzen egotzi zaien eta baztertzea eragin duen akatsa, ulertuko da eskaeran atzera egin dutela eta eskaera artxibatuko da, beste tramiterik gabe.
4.3. Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariak, erreklamazioak ebatzi ondoren, ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du ebazpena argitara dadila Nafarroako Gobernuak interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan.
4.4. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta probak gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Jesús Carrascosa Martínez jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Jokoaren eta Ikuskizun Publikoen Ataleko arduraduna.
–Ordezko epaimahaiburua: Elena Huarte Ruiz andrea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Ibilgailu Parkearen Ataleko burua.
–Epaimahaikidea: Javier Moreno Zudaire jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria.
–Ordezko epaimahaikidea: Felipe Valcarcel Samonete jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.
–Epaimahaikide idazkaria: Carlos Echávarri Arbilla jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Jokoaren eta Ikuskizun Publikoen Ataleko Baimenak Kudeatu, Inskribatu eta Tramitatzeko Bulegoko burua.
–Ordezko epaimahaikide idazkaria: Olga Iturain Jiménez de Bentrosa andrea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Jokoaren eta Ikuskizun Publikoen Ataleko administraria.
5.2. Probak egiten hasi aurretik eratuko da kalifikazio-epaimahaia. Kalifikazio-epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Kalifikazio-epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza kalifikazio-epaimahaiari.
6. oinarria.–Proben nondik norakoa.
6.1. Probak 2026ko urritik aurrera hasiko dira.
Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean lehenengo proba egiteko tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.
Epaimahaiak gutxienez 5 egun balioduneko aurrerapenarekin eta deialdi honen 10. oinarrian ezartzen den moduan emanen du argitara bigarren probarako deia; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, eta proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.
Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo izangaiaren nortasuna ziurtatzen duen agiri baliokideren bat eraman beharko dute. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez beren burua identifikatzen ez dutenak.
Aurreko deialdietan gainditutako probak ez dira baliozkotuko. Gaitasun-ziurtagiria eskuratzeko, ezinbestekoa da gaikuntza-prozesua osorik gainditzea. Ez dira inolaz ere gordeko beste gaikuntza-prozesu batzuetako kalifikazioak, eta, orobat, izangaiak ez dira salbuetsiko beste prozesu batzuetan egindako ariketak egitetik.
Arrazoia edozein dela ere, izangaia ez bada gaitasun-probetara agertzen edo probak gainditzen ez baditu, horrek ez du ekarriko ordaindutako tasa itzultzea.
6.2. Oinarri honetan adierazten diren probak eginen dira. Ezagutza teorikoari dagokion proba oinarri arautzaile hauen I. eranskinean adierazitako gaiei buruzkoa izanen da. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (https://www.navarra.es/eu/hasiera) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan, gaitegia jasotzen duen erreferentziazko dosier bat dago.
Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak. Probak egiteko behar diren eta posible diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat duten izangaientzat, eskaeran hala eskatzen badute.
6.3. Gaikuntza lortzeko, beharrezkoa izanen da bi proba baztertzaile gainditzea: ezagutza-test bat eta test psikologiko bat.
6.3.1. Lehenbiziko proba: Ezagutza-testa.
Ariketa teorikoa izanen da. Test motako 50 galderari erantzun beharko zaie idatziz, deialdi honen I. eranskinean agertzen den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Dena dela, erantzun zuzen bat baino gehiago badago eta horietako batek guztiak biltzen baditu, erantzun zuzen guztiak biltzen dituen hori joko da balekotzat.
Erantzun zuzen bakoitzeko puntu bat emanen da, eta okerreko erantzun bakoitzeko, erantzun zuzenak balio duenaren heren bat kenduko da.
Era berean, zuriz utzitako erantzunek eta erantzun bat baino gehiago dutenek ez dute punturik jasoko eta ez dute punturik kenduko. Proba hau egiteko denbora ordu bat eta 30 minutu izanen da gehienez.
Lehen proba honen gehieneko puntuazioa 50 puntukoa izanen da, eta baztertuta geldituko dira gutxienez 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.
Proba egitean ezin izanen da inolako testurik eta dokumentaziorik kontsultatu, eta ezin izanen da erabili kalkulagailurik, telefono mugikorrik, smartwatch gailurik edo beste material edo gailurik, ez bada tinta beltz edo urdineko boligrafoa. Baztertuta geldituko dira kopiatzen dutenak, beste izangai batzuekin hitz egiten dutenak, gailu elektronikoak erabiltzen dituztenak eta ematen zaien edozein jarraibide betetzen ez dutenak.
Kalifikazio-epaimahaiak galdetegiko galderaren bat baliogabetzen badu, galdera horren balioa proportzionalki hainbanatuko da baliozkoak diren gainerako galderen artean.
6.3.2. Bigarren proba: Test psikologikoa.
Izangaiek nortasun orokorrari, lan-gaitasunei eta/edo -trebeziei buruzko galdetegiak eginen dituzte, lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko; proba egin aurretik argitaratuko da profil hori.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen du proba hori; talde berak eginen dizkie probak izangai guztiei, halako moduan non bermatuta egonen baita diskrezioa. Talde horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.
Bigarren proba honetan onartuko dira lehen proba gainditu duten pertsonak bakarrik.
Proba honetan, "Gai" edo "Ez gai" kalifikazioak emanen dira. Baztertu eginen dira "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak.
6.4. Proba bakoitza bukatu ondotik, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako puntuazioak, Nafarroako Gobernuaren atariko (https://www.navarra.es/eu/hasiera) tramiteen katalogoan, deialdiaren fitxan, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten. Epe hori igarotakoan, behin betiko puntuazioak argitaratuko dira.
7. oinarria.–Baldintzak betetzen direla frogatzea.
Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuak 10 egun balioduneko epea irekiko du bi probak gainditu dituzten izangaiek baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, ezartzen den bidea erabiliz:
–Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.
–Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
–Lehendakaritzako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetako Ministerioko Zigortuen Erregistro Zentralaren ziurtagiria, izangaiak Espainian zigor-aurrekarik ez duela ziurtatzen duena, 2.1.c. oinarrian adierazten diren delituei dagokienez. Ez da inolaz ere onartuko zigor-aurrekariak ezabatzeko eskabiderik aipatu ziurtagiriaren ordez.
–Atzerrian zigor-aurrekaririk ez izatearen erantzukizunpeko adierazpena, 2.1.c. oinarrian adierazitako delituei dagokienez.
Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
Aurkeztutako dokumentazioa ez badator bat deialdi honetan ezarritakoarekin, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko. Zuzentzeko errekerimendu hori ez zaie eginen hasierako epean inongo egiaztagiririk aurkeztu ez duten izangaiei.
Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintzetakoren bat betetzen dutela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira gaitu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsutasuna dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
8. oinarria.–Ziurtagiria.
Aurreko izapidea bete ondoren, eta Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuak proposatuta, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak ebazpena emanen du deialdia ebazteko eta "gai" deklaratuko ditu gaitasun-probak gainditu ondoren deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu duten izangaiak, eta baztertuko ditu gaitasun-probak gainditu arren eskatutako baldintzak egiaztatu ez dituzten izangaiak, eta beraz, haiek ezin izanen dira gaitu eta beren jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, dagokion gaikuntza ziurtagiria eman dadin.
Hilabeteko epean, aurreko paragrafoan adierazitako ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak dagozkion banakako gaikuntza ziurtagiriak emanen ditu; hain zuzen ere, Jokoaren eta Ikuskizun Publikoen Atalera igorriko dira, behar den identifikaziorako bereizgarria eman dezan.
9. oinarria.–Ziurtagiriaren baliozkotasuna.
Ziurtagiri horrek bost urteko indarraldia izanen du, egiten den unetik hasita, eta hura berritzeko, berriro ere frogatu beharko da 2.1. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla edo, dagokionean, indarrean dagoen araudian ezartzen direnak.
Kontrol-langileek, beren jardunean, identifikatuko dituen ikur bat eramanen dute (Jokoaren eta Ikuskizun Publikoen Atalak emana), ikusteko moduan eta une oro.
Kontrol langile aritzeko gaikuntza amaitu eginen da titularrak berariaz uko egiten badio edo, interesdunari entzunaldia eman ondoren, errebokatzen bada, hura emateko baldintzetako baten bat betetzeari utzi zaiolako.
10. oinarria.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (https://www.navarra.es/eu/hasiera) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan argitaratuko da.
11. oinarria.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Deialdiaren eta haren oinarrien kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. Espainiako 1978ko Konstituzioa. I. titulua. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak: 10. artikulua; lehen kapitulua, espainiarrak eta atzerritarrak; bigarren kapitulua, eskubideak eta askatasunak.
2. 2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena. I. kapitulua: xedapen orokorrak. III. kapitulua: ikuskizunak eta aisialdiko jarduerak egitea. IV. kapitulua: administrazio-agintaritzen ahalmenak. V. kapitulua: zehapen-araubidea
3. 33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, aisialdiko jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dituena eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak ezartzen dituena.
4. 201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun Publikoen eta Josteta Jardueren Ordutegi Orokorra arautzen duena.
5. 34/2022 Foru Legea, abenduaren 12koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua arautzen duena. 11. artikulua. Diskriminaziorik ezaren eta eskuragarritasun unibertsalaren printzipioak kontsumo harremanetan.
6. 10/1991 Foru Legea, martxoaren 16koa, adingabeei edari alkoholdunak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzkoa. I. kapitulua: salmentaren mugak; eta II. kapitulua: edari alkoholdunei buruzko publizitatearen mugak.
7. 28/2005 Legea, abenduaren 26koa, Tabakismoaren aurkako osasun neurriei buruzkoa dena eta tabako produktuen salmenta, horniketa, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituena. I. kapitulua: xedapen orokorrak; eta II. kapitulua: tabako-produktuen salmentaren, horniketaren eta kontsumoaren mugak.
8. 137/1993 Errege Dekretua, urtarrilaren 29koa, Armen Erregelamendua onesten duena. 3. artikulua, arauzko armen sailkapena; eta 146. artikulua.
9. 8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa. 48. artikulua. Adingabeekin kirol- edo aisia-jarduerak egin ohi dituzten entitateak.
10. 8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzkoa. 49. artikulua. Onartzeko eskubidea.
11. Datu pertsonalen babesari buruzko oinarrizko araudia. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO). I. kapitulua: xedapen orokorrak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. II. titulua, datuen babesari buruzko printzipioak; eta III. titulua, pertsonen eskubideak.
12. Establezimendu publikoetako segurtasun neurriei buruzko oinarrizko ezagutza Segurtasun-planak, suteen kontrako segurtasuna, larrialdietako irteerak eta ebakuazioa.
13. Berehalako osasun laguntza emateko lehen sorospenen inguruko oinarrizko kontzeptuak: Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalaren 1062. ohar teknikoa. Lehen sorospenak: oinarrizko bizi-euskarria helduentzat.
14. Giza jokabidea larrialdi-egoeretan: jokabide indibidualaren prozesu-azterketa. Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalaren 390. ohar teknikoa: hastapenak. Larrialdi-egoera batean jokabideari eragiten dioten faktoreak. Jokabide ohikoenen edo portaera tipoaren deskribapena. Prebentzio-irizpideak eta gomendioak.
II. ERANSKINA.–ESKABIDEA
Izapidea: Ikuskizun publikoetan eta aisialdiko jardueretan sarrera kontrolatzen duten langileentzako gaikuntza (2026).
"Atala: Aurkeztu beharreko agiriak - Inskripzio-orria).
Iragarkiaren kodea: F2608011
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
