115. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

107/2026 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emana, eraikitzeko administrazio baimena ematen duena 1 MW-eko "Beladia" eguzki-instalazio fotovoltaikorako eta hari loturiko transformazio eta ebakuazio azpiegituretarako, Berriobeitiko udal mugartean. Espedientearen kodea: 5472-CE.

1.–Aurrekariak.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 5eko 8E/2025 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenen txostena egin zen, aldekoa, baina neurri jakin batzuk aplikatzeko baldintzapean.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 15eko 450E/2025 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak egiteko baimena eman zen, hirigintzako ebazpenean bertan zehazten diren determinazioak betetzeko baldintzarekin.

Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiaren otsailaren 13ko 32/2026 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio baimena eman zitzaion Solaris Solutions SLri, 1 MW-eko "Beladia" eguzki-instalazio fotovoltaikorako eta hari loturiko transformazio eta ebakuazio azpiegituretarako, Berriobeitiko udal mugartean.

2.–Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaera.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezarritakoarekin bat, 2026ko martxoaren 5ean, Solaris Solutions SLk eraikitzeko administrazio baimena eskatu zuen 1 MW-eko "Beladia" eguzki-instalazio fotovoltaikorako (lurrean instalatua) eta hari loturiko transformazio eta ebakuazio azpiegituretarako, Berriobeitiko udal mugartean.

Aurkeztutako gauzatze-proiektuaren arabera (zenbait doikuntza egiten ditu aurreproiektuaren aldean; besteak beste, modulu fotovoltaikoen kopurua eta orientazioa), eguzki-instalazioak 1,2 Ha hartzen ditu, eta Berriobeitiko 5. poligonoko 151. eta 152. lurzatietan kokatzen da.

Honako elementu nagusi hauek osatzen dute proiektua, oro har:

  • 640 Wp-eko 2.112 modulu fotovoltaiko, guztira 1.351,68 kWp-eko potentzia erpina izateko. Lurrean sartutako altzairuzko egitura finkoen gainean instalatuko dira, ekialde/mendebalde orientazioarekin, teilatu formarekin.
  • 250 kW-eko 4 inbertsore, ZIGOR STR250 motakoak, guztira 1 MW-eko potentzia izendatuarekin.
  • Transformazio-, babes- eta neurketa-zentroa, PFU.5/30 motako inguratzaile prefabrikatuan edo antzekoan instalatua, honako hauek dituena: irteera-lineako gelaxka bat, etengailu automatikoa duen babes-gelaxka bat eta neurketa-gelaxka bat, eta 1.250 kVA-ko potentzia-transformadore bat, 0,80/13,2 kV-eko transformazio-erlazioarekin, behe tentsioko inbertsoreen irteerako tentsio alternoa erdi tentsiora igotzeko.
  • Erdi tentsioko lurpeko ebakuazio-linea (419,15 metro RH5Z1 12/20 kV, 3x(1x240) mm2+P16 AL) transformazio-zentroaren eta lehendik dagoen "Medenasa" maniobra-zentroaren artean, zeina berritu eta handituko baita instalaziorako linea-posizio berri baten eta transformadorea babesteko unitate funtzional baten bidez. Maniobra-zentro hori "Santa Lucía TF1" TBAren 13,2 kV-eko "L05 Ctra. Gipuzkoa" linearako konexio-puntuaren ondoan dago. Aipatu azpiestazioa I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUrena da.

3.–Kontsulten tramitea.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 131. artikuluan ezarritakoa bete beharrez, zerbitzu honek kontsulta egin zien beheko taulan ageri diren erakundeei. Espedientean jasota daude jarraian adierazten diren espedienteak:

ERAKUNDEA

TXOSTENA

Berriobeitiko Udala

X

Gil Hermanos SL

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU

Telefónica de España SAU

Berriobeitiko Udalak 2026ko apirilaren 15ean aurkeztutako txostenaren arabera, "arreta berezia jarri behar da ikuspegietan izan daitezkeen ukipenetan, udalerriko kultura edo turismoko eta intereseko elementu nagusietatik begiratuta", kontuan hartuta "proiektuan landare-pantaila egokiak sartu behar direla (lurzati-itxitura guztiekin batera, mendebaldeko itxitura izan ezik), hosto erorkorreko eta iraunkorreko bertako espezieez eginak (kontuan izanik Ballariaingo hariztia gertu dagoela), baita horien mantentze-­lanak ere (ureztatzea, batez ere lehen urteetan), eta, halaber, ezponden eta erauzitako lurren tratamendu egokia eta abar". Lurpeko kanalizazioari dagokionez adierazten denez, "ahaleginak eginen dira bideen ertzetik edo zortasun-eremutik eramateko" eta, kutxatilei dagokienez, "estalkiak indartu eginen dira, nekazaritzako makineria astunaren pisuari euts diezaioten".

Araudi beraren arabera, txostena sustatzaileari igorri zitzaion, eta hark adierazi zuen txostenean ezarritako baldintzekin ados zegoela.

4.–Ingurumen arloko tramitazioen eta hirigintza baimenen ebazpenak bete direla egiaztatzeko eskaera.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalari eskatu zaio egiazta dezala aurkeztutako proiektuak betetzen ote dituen Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 5eko 8E/2025 Ebazpenean ezarritako baldintzak (ebazpen horren bidez ingurumen ukipenen txostena egin zen, aldekoa). Bada, atal horrek adierazi duenez, "ingurumenaren ikuspegitik, «Beladia» eguzki-instalazio fotovoltaikorako aurkeztutako proiektuan eraikitzeko baimen administratiboa lortzeko egindako aldaketek ez dute eragiten ingurumen ondorio nabarmenik, aurrez aurkeztutako proiektuak eragiten ez zuenik; beraz, aldatutako proiektua lehen aipatutako ebazpenaren babesean geratzen da".

Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalari eskatu zaio egiazta dezala aurkeztutako proiektuak betetzen ote dituen Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 15eko 450E/2025 Ebazpenean ezarritako determinazioak (ebazpen horren bidez lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak egiteko baimena eman zen). Bada, atal horrek adierazi duenez, ez da behar lurzoru urbanizaezinerako beste baimen bat, aldaketak jada emandako ebazpenaren babesean baitaude.

5.–Eraikitzeko administrazio baimenaren proposamena.

Horregatik guztiagatik, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean xedatutakoa kontuan hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatzen du prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatzen du eraikitzeko administrazio baimena ematea Solaris Solutions SLri, "Beladia" eguzki-instalazio fotovoltaikorako.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Eraikitzeko administrazio baimena ematea Solaris Solutions SLri, 1 MW-eko "Beladia" eguzki­-instalazio fotovoltaikorako eta hari loturiko transformazio eta ebakuazio azpiegituretarako, Berriobeitiko udal mugartean; halaber, aurkeztutako proiektuak onestea eta hogeita hamasei hilabeteko epea ematea proiektua gauzatzeko.

2. Baimen hau emanda ere, eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.

3. Aurkeztutako proiektuaren arabera gauzatu beharko dira instalazioak, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatuarekin: maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua, onesten dituena Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak, JTO-GTE 01etik 23ra; otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua, onesten dituena Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak, JTO-GTL 01etik 09ra; eta abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua, onesten duena Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa.

4. Behin proiektua gauzatuta, eskatzaileak probetarako behin-behineko ustiapenerako baimena eskatu beharko du. Eskaera horri obra-bukaerako ziurtagiria erantsi beharko zaio, teknikari fakultatibo eskudunak izenpetua, bai eta aplikatzekoa den araudiko gainerako dokumentazioa ere.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluazioaren Atalari, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalari.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Solaris Solutions SLri, Gil Hermanos SLri, Telefónica de España SAUri eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente kodea adierazi beharko da.

8. Ebazpen hau Berriobeitiko Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 29an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

Iragarkiaren kodea: F2607895