Iragarkia
114. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
377E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena eman baitzaie Ríos Renovables SLU enpresak sustatu dituen «Valoria», «Estremar», «Collado», «Tablar» eta «Baster» eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuei, «SET Promotores colectora/elevadora Tudela 66/30kV» azpiestazioari eta bere ebakuazio eta sareko konexiorako azpiegiturei.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuan sarrera eman zaio ingurumen inpaktuaren ebaluazio prozedura arruntari ekiteko eskaerari, Cascanteko udal mugartean kokatuta dauden «Valoria», «Estremar», «Collado», «Tablar» eta «Baster» izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuetarako eta «SET Promotores colectora/elevadora Tudela 66/30 kV» azpiestazio elektriko biltzaile/jasotzailerako; eta baita horretarako beharrezkoak diren ebakuazio azpiegituretarako ere, Cascante, Murchante eta Tuterako udal mugarteetan. Eskaera Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak bidali du eta Ríos Renovables, SLU sozietatea du sustatzaile.
1. Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.
Eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuen, azpiestazio elektriko proiektatuaren eta beren ebakuazio azpiegituren ezaugarri eta magnitude metatuak jasota daude Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua duten proiektuen atalean. Hala ere, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluko 1. puntuko d) apartatuari jarraikiz, sustatzaileak eskatu zuen proiektuak izapidetzea ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedurarekin, zeina arautzen baita aipatu arauaren II. tituluko II. kapituluko 1. atalean.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskudun gisa, 30 egunez jendaurrean jarri zituen eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuen eta horien ebakuazio azpiegituren proiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterketak, 2024ko urriaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 211. zenbakian, iragarkia argitaratuta. Ez da alegaziorik jaso horren inguruan.
Aldi berean, organo eskudunak inplikatutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin zien, Ingurumen Ebaluazioaren Legearen 37. artikulua betez.
Ingurumen organoaren nahitaezko txostenean adierazten da bost eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuak ingurune berean daudela kokatuta, jarduera eta obra zibila partekatzen dituztela, eta ekoizten duten energia ebakuazio azpiegitura erkideen bidez isurtzen dutela. Era berean, funtsezko identitate bera eta elkarrekiko konexio estuak dituzte. Efizientzia administratiboaren printzipioari jarraituz eta 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 57. artikuluan xedatzen duenaz bat, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak jakinarazi zuen bost eguzki instalazio fotovoltaikoen multzoa elkarrekin izapidetuko zuela, proiektatu den azpiestazio elektrikoarekin batera, hartara sei proiektuak ofizioz bilduta espediente bakar batean. Hortaz, espedientearen ingurumen ebaluazioa errazte aldera, ingurumen organo horrek sustatzaileari gomendatu zion ingurumen inpaktuaren azterlan bakarra egitea eta bertan sartzea bost eguzki instalazio fotovoltaikoen eta horien ebakuazio azpiegitura erkideen neurriak, gauzatu beharreko ekintzak, alternatiben azterketa eta ingurumen ondorioak.
Jendaurreko informazio eta kontsulta prozeduren ondorioz, sustatzaileak zenbait aldaketa egin zituen proiektuetan, eta ingurumen inpaktuaren azterketa bat egin zuen aurreikusitako azpiegitura guztiak barne hartuta. Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak bigarrenez jarri zituen jendaurrean, 30 egunez, proiektu aldatuak eta ingurumen inpaktuaren azterketa bateratua, 2025eko irailaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 181. zenbakian, iragarkia argitaratuta. Hiru entitateren alegazioak jaso ziren, besteak beste, ingurumena babesteko xedearekin.
Aldi berean, organo eskudunak inplikatutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin zien, Ingurumen Ebaluazioaren Legearen 37. artikulua betez.
Sustatzaileak aldaketa gehigarriak egin zituen proiektuetan izapidetzean ezarri ziren baldintzak bete ahal izateko, eta organo eskudunak berriro jarri zituen jendaurrean proiektuen bigarren aldaketak eta ingurumen inpaktuaren azterketa erkidea, 2026ko martxoaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 55. zenbakian, iragarkia argitaratuta. Bi alegazio jaso ziren, bat Cascanteko AR-7 banaketa eremuko 1. sektoreko Konpentsazio Batzordearen aldetik, ingurumen edukirik gabe, eta bestea Sustrai Erakuntza Fundazioaren aldetik, besteak beste, ingurumen babesteko xedeetarako.
Aldi berean, organo eskudunak inplikatutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin zien, Ingurumen Ebaluazioaren Legearen 37. artikulua betez.
I. eranskinean laburbildu dira organo eskudunak gauzatutako jendaurreko informazio izapidearen eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei zuzendutako kontsulten emaitzak. Ebazpen honen espedientearen azterketa teknikoaren gorputzean adierazten da nola hartu diren kontuan ingurumen arloko edukia duten txostenak eta ekarpenak, hizpide dituztenak garrantzitsutzat jotzen diren inpaktuak, betiere Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluko 2. puntuko b) apartatuari jarraikiz.
2026ko maiatzean, Ríos Renovables SLUk proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitako agiriekin batera.
Azpiegitura Energetikoen Atalak dokumentazio guztia bidali zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, ingurumen organoa izanik, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen inpaktuaren adierazpen egokia egiteko.
Ingurumen inpaktuaren adierazpenaren ebazpen proposamena izapidetzean, entzunaldia eman zaio proiektuen sustatzaileari, 7/2026 Errege Lege Dekretuak, martxoaren 20koak, Ekialde Hurbileko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onartzen duenak, 23. artikuluko c) apartatuan xedatutakoa betez. Sustatzaileak zirriborroa onartu du eta ingurumen izapideekin jarraitzeko eskatu du.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio hau sustatzaileak ingurumen inpaktuaren eskaera egitean aurkeztutako dokumentazioa aintzat hartuta egin da, jarraian adierazitako izenburuak daramatzaten bi proiektu aldatuen gainean: «Modificado segundo a proyecto de instalación solar fotovoltaica "Valoria" conectada a red», 2026ko urtarrilekoa; «Modificado segundo a proyecto de instalación solar fotovoltaica "Estremar" conectada a red», 2026ko otsailekoa; «Modificado segundo a proyecto de instalación solar fotovoltaica "Collado" conectada a red», 2026ko urtarrilekoa; «Segundo modificado a proyecto de instalación solar fotovoltaica "Tablar" conectada a red», «Modificado segundo a proyecto de instalación solar fotovoltaica "Baster" conectada a red», azken biak 2026ko urtarrilekoak; eta «Modificado segundo a proyecto subestación de promotores colectora/elevadora Tudela 66/30 kV 30 MVA y su línea de evacuación hasta SE Tudela 66 kV», 2026ko otsailekoa. Eta proiektu horiekin lotutako inpaktuen berri ematen du, kontuan hartuta sustatzaileak «Estudio de impacto ambiental PSFV Baster, Tablar, Valoria, Estremar y Collado y sistema de evacuación conjunto SET Promotores colectora/elevadora Tudela 66/30 kV y LSAT 66 kV a SET i+DE 66 kV Tudela» dokumentuan aztertzen dituen inpaktuak eta jendaurreko izapidean eta kontsulta izapidean azaleratu direnak ere.
Ebaluazio horrek ez zituen honako hauek barne hartzen: instalazio eta gailu elektrikoen segurtasuna, laneko segurtasuna eta osasuna, hirigintza, lurraldearen antolamendua, bide segurtasuna eta araudi erregulatzailea zein berariazko instrumentuak dituztelako ingurumen ebaluazioaren irismenetik kanpo gelditzen diren gainerako eremuak.
2. Proiektuen azalpena eta kokalekua.
Bost eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuak Cascanteko udal mugartean kokatuta daude. «Valoria», «Estremar» eta «Collado» proiektuak 19,45 ha-ko esparru hesitu berean planteatu dira, Redigüete parajean, 4. poligonoko 307. katastroko lurzatian. «Tablar» instalazio fotovoltaikoa mendebaldean proiektatu da, Talladura parajean, 7. poligonoko 778. lurzatian, 3,52 ha-ko esparru hesitu batekin. Bosgarren instalazioa, «Baster», hirugarren esparru hesitu batean proiektatu da, 7,30 ha-koa, eta 12. poligonoko 16 katastroko lurzati txikiri eragiten die, El Sasillo de Cascante parajean (ikusi 2. irudi erantsia). Hiru esparru hesituek 30,28 ha inguruko azalera hartuko dute guztira.
Eguzki instalazio fotovoltaikoak jarraian adierazitako potentzia instalatuekin eta sarerako isurtze potentziekin diseinatu dira:
OINPLANOA | POTENTZIA INSTALATUA (kW) (997/2025 ED, 5. artikulua) | ISURTZE POTENTZIA (kW) |
Valoria | 4.800 | 4.940 |
Estremar | 4.140 | 4.140 |
Collado | 4.800 | 4.800 |
Tablar | 3.200 | 4.900 |
Baster | 4.800 | 4.900 |
Potentzia instalatu handieneko hiru instalazioek 15 inbertsore beharko dituzte. Estremar instalazioan 13 inbertsore aurreikusi dira, eta Tablar instalazioan, 10. Instalazio guztiek bi transformazio zentro izanen dituzte, hormigoi prefabrikatuz eginak eta 5,90x2,20 m² inguruko oinarri tamainarekin, eta baita babes eta neurketa zentro bat ere, 8x7 m²-ko hormigoizko zola gainean. Tablar instalazioa eraikin prefabrikatu bakarrarekin diseinatu da, eta hori izanen da babes, neurketa eta transformazio zentroa, 7x8 m²-ko hormigoizko zola gainean. Instalazioetako kanpoko perimetroko sarbideetan ez da inolako exekuzio, handitze edo hobekuntzarik aurreikusi, uneko sarea nahikoa da eta. Proiektuen aurrekontuan barne hartu dira 500 m linealeko barne bideak instalazio bakoitzean, 4 m-ko zabalerarekin, lurretan profilatutako areka triangeluarrekin eta material tinkatuez egindako 20 cm-ko geruzarekin.
Ekoizten den energia ebakuatzeko, Tablar instalazioko babes eta neurketa zentrotik (BNZ) 30 kV-eko linea elektriko bat ateratzen da, 2.650 m-ko luzera duen zanga batean lurperatuta, eta Baster instalazioko BNZraino iristen da. Baster instalazioko BNZ hori aurreikusita dagoen sustatzaileen Tudela 66/30 kV azpiestazio biltzaile/jasotzailearekin konektatuko da 5.470 m-ko luzera duen zanga batetik lurperatuta doan 30 kV-eko linea elektriko baten bidez. Linea elektriko horrek ebakuatuko du Tablar eta Baster instalazio fotovoltaikoetan ekoizten den energia. Collado instalazioko BNZtik aterako den ebakuazio lineak Collado, Valora eta Estremar instalazioetaraino garraiatuko du energia. Linea horrek 4.325 m-ko luzera dauka eta Baster eta Tablar instalazioetako energia ebakuatzen duen zirkuituak erabiltzen duen zanga berbera erabiltzen du, sustatzaileen azpiestazioarekin konektatu arte. Eroanbideak barne dituzten zangak 0,40 eta 0,55 m arteko zabalerekin proiektatu dira, eta bideekiko paraleloan doaz gehienbat, bide zoru azpitik, aldamenetik edo nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilera duten lurzatietatik.
Tudela 66/30 kV sustatzaileen azpiestazio biltzaile/jasotzailea Cascanteko 11. poligonoko 74. katastroko lurzatian proiektatu da, 1.657 m²-ko azalerarekin planoen arabera. Azpiestazioa profil laua duen nekazaritzako lurzati batean dago kokatua, uneko nekazaritzako bide baten ondoan, AP-68 autobidetik eta N-121-C Tutera-Tarazona errepidetik hurbil, eta sarrera une honetan existitzen den bide batetik izanen du. Sustatzaileen azpiestazioa goi tentsioko 66 kV-eko lurpeko linea elektriko bidez konektatzen da Iberdrola taldearen (i+DE) jabetzakoa den SET 66 kV Tudela instalazioarekin. Linea hori 5.015 m inguruko luzera duen zanga batean lurperatuta proiektatu da.
3. Espedientearen azterketa teknikoa.
a) Aukeren azterketa.
Sustatzaileak aurkeztu duen ingurumen inpaktuaren azterketak (IIA) 0. aukeraren analisi xehatua egiten du, hau da, energia fotovoltaikoa sortzeko proiekturik ez egitearen aukerarena. IIAk ondorioztatzen du 0. aukera ez dela egokiena eta baztertu behar dela; izan ere, proiektua egikarituz gero, energia iturri berriztagarrien ekoizpena areagotuko da eta horrek, aldi berean, kutsadura gutxituko du, energia mendekotasuna murriztuko du eta berotegi efektuko gas gutxiago sortzea ekarriko du, hartara nazioarteko mailan hartu den berotegi efektuko gasak murrizteko helburua erdiesten lagunduz. IIAn azaltzen denez, badira proiektua gauzatzeko aukerak, ingurumen aldetik bideragarriak direnak eta ingurumen inpaktu onargarri bat dutenak.
IIAn aztertzen den lehenengo gauza da 66/30 kV azpiestazio jasotzaile/biltzailearen eta Tudela 66 kV azpiestazioko (i-DE Redes Inteligentes, S.A.U.) garraio elektrikoko sarerako konexio sistemaren kokaleku zehazteko faktore mugatzaileak. Ondoren, eguzki instalazio fotovoltaikoen kokaleku aukerak aztertzen dira. Sustatzaileak hiru kokaleku eta sarerako konexio posible planteatzen ditu ingurumen irizpideen, irisgarritasun irizpideen, zortasunen eta abarren arabera. Kasu guztietan, azpiestazioa nekazaritzako lurretan proiektatzen da, ingurumen intereseko guneak saihestuz eta lur mugimendu handirik egin gabe.
1. aukerak 5.015 m-ko luzera duen linea elektriko bat aurreikusten du sarerako konexioa egiteko. 2. aukerak 3.145 m-ko ebakuazio linea bat proiektatzen du, eta 3. aukerak, 5.442 m-ko linea bat. IIAk aukera horietako bakoitzaren inpaktua aztertu eta baloratzen du, eta aukera bakoitzaren bideragarritasuna kuantifikatzen du 18 baldintzatzaile tekniko, sozio-ekonomiko eta ingurumen faktoreren arabera. Baldintzatzaile eta faktore horiek Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35.1 artikuluko c) letran ageri direnak dira. Analisi hori abiapuntu hartuta, 1. aukera hautatzen da, bideragarriena izateagatik, aintzat hartu diren elementuak kontuan hartuta.
Ondoren, sustatzaileak potentzialki bideragarriak diren hiru aukera planteatzen ditu eguzki instalazio fotovoltaikoak (EIFV) kokatzeko, profil lauko nekazaritza eremuetan eta antzeko lurzoru okupazioarekin, hots, 10 ha inguru bakoitzak. 1. aukera Ablitaseko udal mugartean kokatzen da, hiru esparru ditu, 40,51 ha-ko guztizko azalerarekin, eta 6,19 km-ko erdi tentsioko lurpeko linea bat proiektatuta dagoen Tudela 66/30 kV sustatzaileen azpiestazio biltzaile/jasotzaileraino doana. 2. aukera Cascante kokatzen da, 36,91 ha inguruko hiru esparrurekin eta 5,85 km inguruko ebakuazio linea batekin. 3. aukera Cascanten dago ere, hiru poligono ditu eta, guztira, 38,22 ha-ko azalera dauka. Ebakuazio lineak, guztira, 11.302 metroko luzera izanen luke.
Irizpide anitzeko analisi eta balorazioa egin ondoren, 2. aukera hautatzen da, egokiena delako bai ezarpenaren aldetik, bai ebakuazio sistemaren aldetik.
b) Proiektuen inpaktu nagusien analisia.
Jarraian, proiektuaren inpaktu garrantzitsuak eta horien tratamendua aztertu ziren, sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketan adierazitakoak edo jendaurreko informazio eta kontsulta prozeduretan azaleratu zirenak. Era berean, adierazten da nola hartu diren kontuan ingurumen arloko edukia duten txostenak, alegazioak eta ekarpenak, hizpide dituztenak garrantzitsutzat jotzen diren inpaktuak. Ez-garrantzitsutzat jo diren inpaktuak ez dira ebazpen honetan jorratu.
–Airea, klima eta klima aldaketa.
IIAk inpaktu potentzial garrantzitsuak identifikatzen ditu airearen kalitatearen gainean. Inpaktu horiek obra egikaritzean eta ustiaketa fasean zehar gertatuko diren gas eta partikulen isuriaren eta zarata maila areagotzearen emaitza dira. IIAk bateragarritzat jotzen ditu inpaktu horiek. Sustatzaileak atmosfera babesteko neurriak aurreikusi ditu, bai kutsadura akustikoa prebenitzekoak eta baita gasen zein partikulen isurtzea murriztekoak ere. Neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatu ondoren, IIAren arabera, gas eta partikulen isuritik eratorritako atmosferarako inpaktua ez-garrantzitsutzat jotzen da, eta alterazio akustikoaren inpaktua, berriz, bateragarritzat jotzen da obra fasean eta ez-garrantzitsutzat ustiaketa fasean. Era berean, IIAk inpaktu positibo garrantzitsua identifikatzen du klima aldaketarako, atmosferara isurtzen den CO2-a 15.000 tonatan murriztuko baita, gutxi gorabehera, urtean.
–Geodibertsitatea, lurzorua eta zorupea.
IIAk azaltzen duenez, lurzatien erliebe laua eta malda eskasa direla eta, ez da aldaketa geomorfologiko nabarmenik eraginen; beraz, geomorfologiaren aldaketaren ondoriozko inpaktua ez-garrantzitsutzat jotzen da.
IIAk zoruaren gaineko inpaktu potentzial garrantzitsuak identifikatzen ditu obra exekuzio fasean, lurzorua galdu eta lurzoruaren gaitasun agrologikoa murriztuko delako, higadura efektuak areagotuko direlako, egitura edafikoa trinkotu edo aldatuko delako eta gerta litezkeen isurien ondorioz lurzoruaren kalitatea alda litekeelako. IIAk bateragarritzat jotzen ditu zoruen gaineko inpaktu horiek.
Espedientearen barne dagoen Ingurumen Ebaluazioaren Atalak egindako 2025/01/14ko txostenak ohartarazten duenez, ahalik eta gehien murriztu behar dira eguzki instalazio fotovoltaikoaren diseinu eta exekuzioan ukituko diren lurzorua eta geomorfologia. Proiektuaren diseinuan, lur mugimenduak ahalik eta gehien murrizteko irtenbide teknikoak bilatuko dira. Horretarako, zenbait aukera aztertuko dira jarraitzaileen diseinuari, ardatzaren luzerari eta banaketari dagokienez, eta estra-luzeak txertatzeko aukera ere aztertuko da, tinkaketen luzera aldakorra areagotzeko eta lur mugimenduak murrizteko helburuekin. Oro har, modulu fotovoltaikoak ardatz horizontala duten jarraitzaileen gainean instalatuko dira %5eko edo gutxiagoko maldetan bakarrik. %5etik gorako eta %10erainoko maldetan, modulu fotovoltaikoak egitura finkoen gainean instalatuko dira. %10etik gorako maldak ukitzea saihestuko da. Eguzki moduluetarako euskarri elementuak, ahal denean, lurzoruan egindako zuzeneko tinkaketa bidez zimendatuko dira, betiere baldintza geoteknikoak horretarako egokiak badira. Lehen kontsulta izapidea burutu ondoren, sustatzaileak aldaketak egin zituen EIFVen diseinuan. IIAn adierazten denez, Valoria, Estremar, Collado eta Baster EIFVek %5etik beherako malda dute eta, beraz, ardatz bateko jarraitzaileak dituzten egituren gainean instalatuko dira modulu fotovoltaikoak. Tablar EIFVaren kasuan, %5etik gorako malda duten hondar eremuak daudenez, egitura finkoan instalatutako moduluaren teknologia hautatu da, lur mugimendu gutxiago behar baititu.
Ingurumen Ebaluazioaren Atalak bigarren txosten bat egin zuen 2026/01/23 datan, eta bertan gomendatu zuen, higadura arriskua murriztu eta lurzoruaren zein landarediaren gaineko eragina gutxitze aldera, 66 kV-ko lurpeko ebakuazio linearen azken 430 metroak, gutxi gorabehera, aldatzea, SET-Tudela azpiestaziora iritsi aurretikoak, alegia, modu horretan trazadura higadura arrisku handia duen (malda handiagatik eta lurzoruaren ezaugarriengatik) eremu batetik igarotzea saihestuz. Sustatzaileak aurkeztutako proiektuaren trazadura hori aldatu zuen 2026ko otsailean egin zuen Tudela 66/30 kV 30 MVA sustatzaileen azpiestazio biltzaile/jasotzailearen eta bere Tudela 66 kV azpiestaziorako ebakuazio linearen proiektuaren bigarren aldaketan.
Espedientean, zenbait entitatek ingurumena babesteko helburuarekin aurkeztu zituzten alegazioak ageri dira. Bertan, proiektuetan aurreikusi diren lur mugimenduen ondorioen analisi egokia eskatzen da, eta higadura arriskuaren eta lurzoru galera arriskuaren analisia ere bai.
Sustatzaileak zenbait neurri proposatzen ditu geologia, geomorfologia eta lurzoruak babesteko: lur mugimenduak eta lurzoruaren okupazioa murriztea, alde batetik, eta lurzoruen trinkotzea, higadura eta kutsadura prebenitzea, bestetik. Horrez gain, zenbait leheneratze neurri ere proposatzen dira IIAren 17. kapituluaren (berreskurapen plana eta leheneratze neurriak) barruan.
Ebazpen honen baldintzen artean kontuan hartu dira jasotako alegazio horiek, eta proiektuak duen geodibertsitatearen, lurzoruaren eta zorupearen gaineko eraginaren bateragarritasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak adierazi dira.
–Ura.
IIAk hidrogologiaren gaineko inpaktu potentzial garrantzitsuak identifikatzen ditu, obra faseko obra zibilean zehar gauzatuko diren ekintzen ondorioz uren kalitatea eta azaleko jariatzea aldatuko baitira. Ingurumen Ebaluazioaren Atalak 2025/01/14ko txostenean adierazi zuen hezeguneen, ibilguen eta uraren drainatze naturalen gaineko eraginak ahalik eta gehien murriztu beharko direla. Eta ebakuazio lineen eta ibilgu naturalen gurutzaketen ingurumen ebaluazioa egin beharko dela, horren barne direla ubideak, erretenak edo aire zabaleko drainatze sare naturalizatuak, baldin eta europar bisoiarentzat edo apoarmatu istilzalearentzat habitat egokiak badira. Ingurumen inpaktuaren azterketarako aurkeztu den IIAn azaltzen denez, EIFVen edo horien esparruen eta Tudela 66 kV azpiestaziora (i-DE) doan ebakuazio zanga nagusiaren arteko interkonexiorako zanga elektrikoen trazadura osoa aztertu da, eta ur ibilguen edo drainatze naturalizatuen gaineko lau eragin puntu aurkitu dira: hiru erreten landaredia ezberdina duten lurretan eta Queiles ibaiaren gurutzagunea, ibaia zeharkatzen duen nekazaritzako bidearen pontoi ondoan. IIAk dio, posible denean, zangaren gurutzaketa bidearen azpitik edo aldamenetik igaroko dela, hartara pontoien hormigoizko egiturek eta nekazaritzako bideen gurutzaketek ukitutako eremuak aprobetxatuz. Gurutzaketa egin ondoren, ukitutako eremua leheneratu beharko da sahatsak, milazkak eta zurzuriak landatuz. Halaber, sustatzaileak zenbait neurri prebentibo zehazten ditu gurutzaketa egitean europar bisoiaren edo apoarmatu istilzalearen gaineko eragin posibleak saihesteko.
Drainatze sarearen gaineko eraginaren, uren kalitatearen aldaketaren eta lurpeko uren gaineko eraginaren ondorioz lanen faseak izanen duen hidrologia inpaktua bateragarritzat jotzen da IIAn. Sustatzaileak hidrologia babesteko zenbait neurri prebentibo eta zuzentzaile ezarri ditu, azaleko jariatzearen aldaketa eta uren kutsadura murrizten saiatzeko. IIAn eta ebazpen honen baldintzetan proposatzen diren neurrien artean zehazten dira proiektua hidrologiarekin eta urekin bateragarria dela ziurtatzeko xedapenak.
–Flora eta biodibertsitatea.
EIFVak ezarriko diren eremua soro landuekin okupatuta dago gehienbat, batez ere lur goldagarri ureztatuekin, laborantzarako zenbait lurzati abandonaturekin eta zuhaitz laborantza zatiekin. Konexio eta ebakuazio lineak daramatzaten zangak nekazaritzako eta abeltzaintzako lurzatien gainean edo nekazaritzako bideen ertzeetatik proiektatu dira. Landaredi naturaleko eremuak sare hidrografikoaren eta ureztatze erretenen ertzetan daude, eta baita proiektuak ukitzen ez dituen muinoetan eta malda eremuetan ere.
Lehen kontsulta izapidean aurkeztu ziren proiektuen berri ematen zuen Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren 2025/01/14ko txostenean azaltzen denez, Tablar EIFVa igeltsu gaineko larre-sastraka eremu batean instalatzea proposatzen zen, eta eremu hori 1520* eta/edo 6220* Europar Batasunaren intereseko habitat naturaltzat interpreta daiteke, biak ere lehentasunezkoak izanik. Hemen aztergai dugun ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunterako aurkeztutako proiektuan kokaleku berria eman zaio Tablar EIFVari, Collado, Estremar eta Valoria EIFVetatik hurbil eta lur goldagarri ureztatuan. IIAk argitzen du horrela saihestuko dela uneko landaredia naturalari eta Europar Batasunaren intereseko habitatei eragitea. Era berean, %10etik gorako maldak dituzten eremuetako afekzio geomorfologikoak eta Cascanteko biztanleek aisialdirako erabiltzen duten eremuko paisaian afekzioak eragitea ere saihestuko dira, ebakuazio sistema erkidea optimizatzeaz gain, ebakuazio sistema independente batetik eratorritako inpaktuak murriztuko baitira.
IIAk ohartarazten du Baster EIFVak zuhaitzik gabeko baso lurzorutzat jotzen den larre bati eragiten diola, azken urteetan laborantzarik gabe egon den eremu batean garatu dena. Ingurumen Ebaluazioaren Atalak 2026/01/23an ohartarazi zuen aztertu egin behar dela landaredia hori Europar Batasunaren intereseko habitaten barruan dagoen ala ez. Sustatzaileak erantzun zuen instalazioa kokatuko den eremu handiena duela bi urte itxi zen legar hobi zahar baten gainean dagoela, eta garai artan birmoldaketa morfologikorako lanak gauzatu zirela. IIAk adierazten du Baster EIFVak okupatzen duen eremua murriztu egin dela; izan ere, orain ez ditu okupatzen IM eta H-ko aldapen aurreko azken 15 metroak, hor baitaude eremuko ezkaidi, salsoladi eta ontinadi nagusiak. Horrez gain, esparru hesitu barruan dauden ezkaidi eremuen azalera ahalik eta txikienari eragiteko ahalegina egin da azpiegituren aldetik, eta lehentasuna eman zaie nekazaritzako eremuen eta legar hobi zaharra berreskuratzeko eremuen okupazioari.
IIAk landarediaren gaineko inpaktu garrantzitsuak identifikatu ditu, obrak gauzatzeko fasean, landare estalduraren aldaketa eta/edo narriadura direla eta. IIAk ez-garrantzitsutzat jotzen ditu inpaktuok prebentzio neurriak eta/edo neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren. Sustatzaileak zenbait babes neurri planteatzen ditu landaredia naturalaren inguruan, landaredia zuzenean suntsitzea edo landarediari zeharkako kalteak eragitea saihesteko. Horren barne dira hesiaren atzeraemanguneari lotutako berariazko jarduketa, balizamendua, ereiteak eta landaketak, betiere landaredia naturalaren kalteak saihestu, arindu eta leheneratzeko helburuekin. IIAn eta ebazpen honen baldintzetan ageri diren neurri prebentibo, zuzentzaile eta ingurumena leheneratzeko neurrien artean zehazten dira proiektua florarekin, landarediarekin eta habitatekin bateragarria dela ziurtatzeko beharrezkoak diren xedapenak.
–Fauna eta biodibertsitatea.
IIAk aztergai dugun eremuan egon daitekeen fauna ornodunaren inbentario bat egiten du, hau da, proiektua kokatzen den 10 x 10 km-ko UTM saretena. Kontuan izanik espezieak ez direla modu uniformean banatzen aztergai dugun eremuan, IIAk aztertzen duena da bere mugimendu edo ekologiarengatik proiektuaren esparruan egon litekeen fauna. Sustatzaileak adierazten du instalazioek ez dutela eraginik izanen estepako abifaunaren intereseko eremuetan, ez eta espezie errupikolen habiagintzako eremuetan eta ezta uretako espezieen eremuetan ere; izan ere, ingurune gizatiartu batean, nekazaritzako eremu ureztatuetan, kokatu da proiektua, baltsa eta aintzira garrantzitsuetatik urrun. IIAk faunaren gaineko afekzio posibleak zehazten ditu, zangen eta ur korronte iraunkorren gurutzaketak egitean gerta litezkeenak: miru gorriaren habiagintzako eremu, bizi eremu edo lo eremu potentzialetako afekzioa; eta intereseko espezieen (mirotz urdina) eta bestelako harraparien habiagintzako beste eremu batzuetako afekzioa.
Inpaktuak identifikatu eta baloratzean, IIAk neurrikotzat jotzen ditu faunaren gaineko inpaktu garrantzitsuak obra fasean, hau da, habitataren galera, afekzio eta eragozpenetatik eratortzen direnak. Ustiapen faseko inpaktua bateragarritzat jotzen da. Talka edo harrapatze arriskutik eratorritako hilkortasunarekin lotutako afekzioa ez-garrantzitsutzat jotzen da edo halakorik ez dagoela ulertzen da, bi faseetan.
Ingurumen Ebaluazioaren Atalak 2025/01/14an jakinarazi zuen EIFVak ezartzeko eremuaren inguruetan dagoela Nafarroako hegoaldean dauden miru gorriaren ugalketa lurralde bakanetako bat. Eta ohartarazi zuen ere IIAn aztertu egin behar zirela proiektua gauzatzean aurreikusten ziren espezie horren ugalketa arrakastarako afekzio garrantzitsuak. Era berean, proiektuak «galzoriko espezie» gisa katalogatuta dagoen espezie honi eraginen dion afekzioa saihestu edo murrizteko hartu behar diren neurri prebentibo eta arintzaileak proposatu behar zirela ere adierazi zuen. Neurri horien barne egonen da instalazioaren diseinuaren konfigurazio berria, azpiegiturarik gabeko bufer bat mantenduz espezie horrek gehien erabiltzen dituen eta espeziearentzat zaurgarrienak diren eremuen inguruan.
Sustatzaileak zenbait azterketa egin zituen 2025eko udaberrian, eta bi habia ikusi zituen EIFVetako baten eraginpeko eremuan, bat okupatu gabe eta bestea miru beltz bikote batek okupatua.
Ingurumena babestea helburu duten entitateek argudiatzen dute proiektuaren aldaketa ez dela nahikoa miru beltzaren habia babesteko, eta proiektuaren kokalekua garrantzitsua dela AC-18, AC-19 eta AC-20 estepako hegaztientzako eremu kritikoetan dagoelako.
Sustatzaileak instalazioen konfigurazioa aldatu zuen eta Valoria, Estremar eta Collado EIFVak lurzati berean multzokatu zituen, eta eremu bat instalazio fotovoltaikotik kanpo utzi zuen miruen habiei afekziorik ez eragiteko. IIAk zenbait neurri aplikatzea proposatzen du diseinu fasean (moduluak ezartzeko azalerak kanpo uztea), eraikuntza fasean (lurraldea kontrolatzea eta lanen geldialdi biologiko posiblea) eta baita funtzionamendu fasean ere. IIAn adierazten denez, Espainiako hegoaldean miru gorriaren eta funtzionatzen ari diren EIFVen arteko interakzio positiboa behatu da, instalazio hesituak erabiltzen baitituzte elikatzeko, eta horregatik proposatzen ditu esparru barruko habitata hobetzeko zenbait neurri. Estepa guneei dagokienez, sustatzaileak erantzun zuen instalazioak eremu ureztatuetan kokatzen direla, eta eremu horiek ez direla habitat egokia estepako espezie babestuentzat.
Ingurumenaren Ebaluazioaren Atalak 2026/01/28ko datan adierazi zuen IIAn zenbait baldintza aurreikusi beharko direla zangen eta ibilgu naturalen (ubideak, erretenak eta aire zabaleko drainatze sare naturalizatuak barne) arteko gurutzaketetarako, baldin eta europar bisoiarentzat eta apoarmatu istilzalearentzat habitat egokia badira, afekzio posibleak prebenitu eta arintzeko. Sustatzaileak Ingurumen Ebaluazioaren Atalak adierazi zituen baldintza horiek txertatu zituen ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunterako aurkeztu zuen IIAn.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak duen informazioaren arabera, miru gorriaren ugalketa lurralde egonkor bat dago, Cascante I izenekoa, eta urtero monitorizatzen da. Informazio horrek islatzen duenez, espezieak 10 bikote baino gutxiago ditu Nafarroako hegoaldeko herenean, eta horrek balio gehigarria ematen die bikote horiei Pirinioetako eta Sistema Iberikoko populazioen artek konexioa direlako. Cascante I lurraldeak erabiltzen diren zenbait habia ditu, eta espeziea ongi ugaldu da hor 2023az geroztik.
IIAk fauna babesteko zenbait neurri proposatzen ditu, horren barne direla faunaren habitatak babesteko neurriak, espezieen inguruko neurri zehatzak, eragozpenak prebenitzeko neurriak eta perimetroko itxituraren kontrako talka arriskua prebenitzekoak. IIAn eta ebazpen honen baldintzetan prebentzio eta zuzenketa neurriak planteatzen dira proiektua eta faunaren eta habitaten kontserbazioa bateragarri egiteko.
–Paisaia.
IIAn aztertzen da proiektuaren afekzio potentziala izan dezakeen pertzepzio ingurunea. Azterketa horretan, ukitutako paisaia unitateak karakterizatzen dira eta ikuseremua eta esposizioa aztertzen dira, bai EIFVena, bai aurreikusitako Tudela 66/30 kV sustatzaileen azpiestazio jasotzaile/biltzailearena. IIAk aintzat hartzen du ikusmen kalitate eta hauskortasun balioen integrazioa, eta ondorioztatzen du aztertu den eremuak ikusmen kalitate ertain-txikia eta hauskortasun ertain-txikia dituela. Ondorioz, instalazioak egiteak eta hor egoteak inpaktu bateragarria izanen du, baldin eta zenbait neurri zuzentzaile aplikatzen badira.
Entitate kontserbazionistek defendatu zuten proiektuak nekazal paisaiaren kalitatea hondatzen duen inpaktu ikusgarria sortzen duela. Sustatzaileak erantzun zien IIA barruan paisaia azterlan bat egin duela, eta pertzepzio ingurunearen gaineko inpaktua bateragarria dela proposatu diren neurri zuzentzaileak aplikatuz gero.
Espedientean Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren espediente bat dago, 2025/11/19koa, non sustatzaileari eskatzen zaion proiektuak egokitzea, txostenean deskribatzen diren ondoko ingurunean eta paisaian integratzeko zenbait neurri hartuta. Sustatzaileak neurri horiek txertatu zituen ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunterako aurkeztu zuen proiektuan. Nolanahi ere, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, bere eskumenak baliatuz, paisaiaren faktorea txertatzeko aukera izanen du lurzoru urbanizaezineko jardueren nahitaezko baimenean.
–Natura 2000 Sareko eremu babestuak.
IIAk Natura 2000 Sarearen gaineko ondorioen ebaluazioa egiten den ala ez egiaztatzen du, Habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauak eta Hegaztiei buruzko 2009/147/EE Zuzentarauak eskatzen dituzten eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen bidez ekarritako betebeharretatik eratorritako gomendio metodologikoei jarraikiz. Azterketak ondorioztatzen duenez, ez dago Natura 2000 Sareko guneetan eragiteko aukerarik, eta, beraz, inpaktu ez-garrantzitsutzat edo hutsaltzat jotzen dira zeharkako efektuen ondorioak, bai Natura 2000 Sareko guneen, bai haien arteko konektagarritasunaren gaineko eraginagatik.
–Kultura ondarea eta ingurune sozioekonomikoa.
IIAk adierazten du, indarreko legeria betez, baimena eskatuko zaiola ondare historikoaren eskumena duen zerbitzuari lan arkeologikoak egiteko, horren barne dela obra prospekzioa egin aurretiko prospekzio arkeologikoa. Sustatzaileak ondare historikoaren gaineko inpaktua bateragarritzat jo du, obra fasean gerta litezkeen aztarnategi arkeologikoen afekzio posibleen kasuan.
Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalak bi txosten eskatu zizkion Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, lurzoru urbanizaezineko eta plangintzarik gabeko udalerrietako jarduera eta erabileren baimena izapidetzeko. Txosten horiek organo eskudunak lehen jendaurreko eta kontsulta izapiderako aurkeztu zituen proiektuen ingurukak dira eta espedientearen barne daude. Sustatzaileak zenbait aldaketa egin zituen esparru hesituetan eta EIFVen moduluen antolamenduan; eta baita ebakuazio linearen trazaduran ere, txostenetan adierazi ziren aztarnategi arkeologikoei eragitea saihesteko. Proiektuak aldatu eta berriro diseinatu egin dira, bai ekoizpenari dagokionez, bai ebakuazio eta sare elektrikorako konexio azpiegiturei dagokienez. Ondorioz, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da proiektua gauzatzeko.
Sustatzaileak identifikatu duenez, aurreikusitako azpiegiturek afekzio garrantzitsuak izan ditzakete abeltzaintzako jabari publikoan. Espedientean, Herri Lurren Atalaren bi txosten daude, 2024/12/19koa eta 2025/10/21ekoa, eta bertan proiektuaren aldeko iritzia ematen da abelbideen gaineko afekzioari dagokionez, baina zenbait baldintza ere ezartzen dira. Sustatzaileak baldintza horiek txertatu zituen, eta IIAn ez-garrantzitsutzat jo zen abelbideen gaineko inpaktua proposatutako neurri prebentibo eta/edo zuzentzaile horiek aplikatu ondoren.
–Ondorio metagarriak eta sinergikoak:
Proiektu guztien multzoak aztergai dugun esparruan egin edo baimendu diren beste eguzki instalazio fotovoltaiko batzuekin, parke eolikoekin eta energia ekoizteko bestelako instalazioekin (eta lotutako azpiegiturekin) batera izan ditzakeen ondorio metagarri eta sinergikoak aztertu dira IIAn, faktore bakoitzerako, eta baita proiektuarekin elkarreraginean inpaktu negatiboak izan ditzaketen bestelako aireko linea elektrikoekin, lurreko garraioko azpiegitura linealekin eta tamaina nabarmeneko azpiegiturekin sor daitezkeen ondorioak ere. Inpaktu metagarri eta/edo sinergikoaren balorazio globala bateragarria da, baldin eta neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatzen badira eta Ingurumena Zaintzeko Programa behar bezala betetzen bada.
c) Proiektuak istripu larrien edo hondamendien aurrean duen kalteberatasunetik eratorritako efektuak.
IIAk aurreikusten du proiektuak istripu larri edo hondamendi bat sortzeko duen probabilitatea oso txikia edo hutsala dela, eta, beraz, proiektuaren kalteberatasunaren ondorioz ez dago arriskurik ezbehar larririk gertatzeko, ez eta hondamendirik gertatzeko ere, eta, gertatuz gero, ez da aurreikusten ondorio kaltegarri garrantzitsurik izanen denik ingurumenean.
d) Ingurumena zaintzeko programa.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programa (IZP) bat aurkeztu du, zuinketa fasetik desmuntatze fasera arte, baina aurrekontuan sartu den jarraipena ustiapenaren lehen hiru urteetarako da bakarrik, astean behingo bisitekin. Fitxa metodologikoak deskribatu ditu sustatzaileak jarraituko diren ingurumen faktoreetako bakoitzerako, horren barne direla helburuak, adierazleak eta hartuko diren ekintza eta neurriak. IZPak barne dauka Leheneratze Planaren jarraipena, obra fasea burutu ondoren eginen dena (IIAren 17. kapituluan ageri dira plan horren azalpena eta aurrekontua) Urtean behin txosten arrunt bat eta bukaerako txosten bat entregatzea proposatzen da; horrez gainera, ezohiko eta/edo berariazko txostenak entregatzeko aukera ere proposatzen da, ustekabeko egoerak gertatzen badira edo organo eskudunak eskatzen baditu.
4. Proposamena.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluaziorako Atalak, espedienteko txostenak, jendaurrean jarri izanaren emaitza eta espedientearen azterketa teknikoa ikusita, ondorioztatu du ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura behar bezala egin dela, eta ados agertu da hautatutako aukerarekin. Atal horren aburuz, proiektuak ingurumenaren aldetik bideragarriak dira, baldin eta betetzen badira ebaluazio honetatik eratorri diren neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsazio neurriak, ingurumena zaintzeko programa eta gainerako baldintzak; beraz, aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea proposatzen da.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1 Ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena ematea Ríos Renovables SLU enpresak sustatu dituen «Valoria», «Estremar», «Collado», «Tablar» eta «Baster» eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuei, «SET Promotores colectora/elevadora Tudela 66/30kV» azpiestazioari eta bere ebakuazio eta sareko konexiorako azpiegiturei.
2 Jarduera egiteko, jarraitu beharko zaie idazpuruan azaltzen den espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei, bai eta baldintza hauei ere:
i) Proiektuen baldintza orokorrak:
1. Sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketan eta haren eranskinetan jasotako eta jendaurreko informazioaren izapideen ondotik onartutako prebentzio neurri, neurri zuzentzaile eta konpentsazio neurri guztiak bete beharko ditu, edo espedienteari emandako informazio osagarrian jasotakoak, baldin eta ebazpen honetan ezarritakoaren aurkakoak ez badira, baita ingurumen inpaktuaren adierazpen honetan zehaztutako baldintza eta neurri gehigarriak ere.
2. Oro har, ebazpen honetan eskatutako neurri guztiak sustatzaileak eraikuntza baimena eskatzeko organo eskudunean aurkeztu beharreko exekuzio proiektuan sartuko dira. Era berean, lanak bukatzean eta funtzionatzen hasteko baimena eskatu aurretik, ingurumen organoari egiaztatu beharko zaio ebazpen honetan ustiapen aldirako zehaztutako neurri aringarriak eta ingurumen jarraipeneko neurriak programatu eta abiarazi direla.
3. Eraikuntza proiektua baimendu aurretik, paisaiaren arloko unitate eskudunaren aldeko txostena lortu beharko da, eta txosten hori unitate berak izapidetzen duen lurzoru urbanizaezineko jardueren baimenean integratzen ahalko da.
4. Proiektua baimendu aitzin, sustatzaileak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena eskuratu beharko du, Nafarroako kultur ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
5. Ingurumen erabaki hau prestatu denean ez da kontuan hartu sustatzaileak, obrak egiten hasi aurretik, gaiaren arabera eskudunak diren erakundeen nahitaezko txostenak eta baimenak eskuratu dituen ala ez, batez ere jabari publiko hidraulikoaren arloko jarduketetarako eskumena duen arroko erakundearenak.
6. Lanak hasi baino 72 ordu lehenago gutxienez, Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari abisatu beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).
ii) Inpaktu esanguratsuenak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriei buruzko baldintzak:
7. Proiektuaren diseinua eta exekuzioa lurzorua eta lurzoruaren morfologia ahalik eta gutxien ukituz egin beharko dira. Irtenbide teknikoak bilatuko dira lur mugimendua ahalik eta gehien mugatzeko, ardatzaren eta tinkaketaren luzera doituz, jarraitzaileak banatuz eta tinkaketetan estra-luzeak sartuz lurreko formei eusteko egiturak doitzeko. Baldintza hauek bete behar dira:
–Oro har, ez dira ukituko %10etik gorako maldak. Ardatz horizontala duten jarraitzaileen gaineko modulu fotovoltaikoak %5eko edo gutxiagoko maldetan ezarriko dira bakarrik. %5etik gorako eta %10erainoko maldetan, modulu fotovoltaikoak egitura finkoen gainean instalatuko dira.
–%5etik gorako eta %10erainoko azaleretan, ardatz bateko jarraitzaileak instalatzen ahalko dira, betiere lurraren profilean aldaketarik egin gabe ezartzeko aukera ematen duten irtenbide teknikoak edo diseinukoak aurkitzen badira.
–Azterketa geotekniko zehatza egin ondotik, modulu edo jarraitzaile fotovoltaikoen euste elementuak lurrean zuzenean tinkatuko dira, ahal den guztietan, pilote edo hormigoizko zapataren erabilera ahalik eta txikiena izan dadin.
–Moduluen euskarrien egiturak lurzoruaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira, lanak egin bitartean guztiz ezinbestekoak diren eremuak soilik ukitzeko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan. Ez da baimenduko lurzoru geruzarik kentzea instalazioaren ezarpenak hartzen duen azalera osoan. Egituraren tinkaketa zuzenean eginen da lurrean, aurretiko lanik gabe. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi garbitzeak eta lur berdintzeak ez dira eremu osoak ukituz eginen; zimenduen zutoinek osatzen dituzten lerroetarako beharrezkoak diren ukipenak soilik eraginen dira, modulu fotovoltaikoen ezarpen eta/edo funtzionamendu egokirako beharrezkoak direnak.
8. Lur naturala edo alor landuak dituzten jarduketa eremuetan, landare lurreko geruza aurretiaz kendu beharko da, gutxienez 30 cm-ko sakoneraraino. Material hori berariaz hautatutako tokietan metatuko da, 2 m-tik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, lanak bukatutakoan leheneratze lanetan erabiltzeko.
9. Lur mugimenduak eurien garaian egiten badira eta euriak sedimentuak eramaten baditu drainatze sare naturalera, drainatze osagarriak eginen dira, jariatze urak solidoei eusteko sistemetarantz bideratzeko; urak drainatze sare nagusian isuri aurretik kokatutako puntuetan ezarriko dira sistema horiek.
10. Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obran bertan erabilita. Lur soberakinik egotekotan, hondakinen kudeatzaile baimenduak kudeatuko ditu, balorizatzeko, 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoak, II. eranskinean jasotzen dituen balorizazio eragiketetako baten barruan. Leheneratze lanetan erabiliko ez diren lurrak zabortegi baimendu batera eramanen dira.
11. Lanak hasi aitzin, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturalean ahalik eta afekziorik txikiena eraginen da, lan eremua ahalik eta txikiena izanen da, eta ukitu ezin diren eremuak balizatu eginen dira. Landaredi naturaleko eremuetan ez da inolako material bilketarik edo isuririk eginen, eta makinak ez dira eremu horietan kokatuko. Lurzatien arteko banalerroak eta bertan dagoen landaredia mantentzea lehenetsiko da, eta gaur egungo harri metak errespetatuko dira, faunarentzat intereseko lekuak direlako gehienbat nekazaritzarako den ingurune batean. Neurri hori lurpeko linea elektrikoaren trazadurak eta zangek ukitutako azaleretan ere aplikatzen ahalko da.
12. Lurpeko ebakuazio linearen zanga, aldi baterako ibilguekiko eta lurretako erretenekiko paralelismoetan eta trazadurak landaredi naturaleko azalerak zeharkatzen dituen edo horiekin muga egiten duen eremuetan, lehendik dauden nekazaritza bideen jabari eremutik joanen da, dela albotik, dela errodadura eremuaren azpitik, landaredia naturala duten azaleren afekzioa murrizteko. Lehendik dauden bideak lanak bukatzean leheneratu beharko dira, beren funtzionalitatea erabat berreskuratu arte.
13. Sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketaren 15. kapituluan ezartzen diren neurri guztiak bete beharko ditu landaredia babesteko.
14. Ebakuazio linearen zanga eta drainatze naturaleko ibilguak gurutzatzen diren puntuetan, bisoi europarrarentzat egokia den habitata egotekotan (sastraka trinkoa, lezka, etab.), irailaren 1etik martxoaren 30era bitartean eginen dira lanak, espezie horren ugalketarako aldi kritikoa kanpo utzita. Salbuespen gisa, eta faunan eskumena duen teknikariak prestatutako justifikazio txostena ingurumen organoari aurkeztu ondotik, lanak epe horretatik kanpo egiten ahalko dira, inguruan belar sastrakak garbitzen badira, apirilaren 1a baino lehen. Lanak ez badira berehala hasten, bela-sastrakak garbitu beharko dira aldian-aldian, landare-estalkia ez dadin hazi lanak hasi bitartean. Belar-sastrakak ez badira garbitu apirilaren 1a baino lehen, espezie babestuetan eskumena duen unitatearen berariazko baimena beharko da. Kasu horretan, belar-sastrakak eskuz garbitzea bakarrik izanen da bideragarria. Landare estalkia kendu eta 48 ordura hasten ahalko dira lanak.
15. Miru gorriaren ugalketa lurraldeari eragitea saihesteko, obrei ekin aurretik, informazioa eskatuko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari bikote habiagilearen egoera eguneratua ezagutzeko. Ez da lanik eginen ezagutzen diren habien inguruan, baldin eta habiak okupatuta badaude, espeziearen ugalketarako garai kritikoan: martxoaren 1etik uztailaren 15era. Distantzia kritikoa 300 m-koa izanen da gutxienez (Ruddock eta Whitfield, 2007); nolanahi ere, garai kritikoan eta habia okupatuekin kontaktu bisuala ezartzeko aukera ematen duten eremuetan egiten diren lan guztiak –bai instalazio fotovoltaikoenak bai ebakuazio azpiegiturenak– Nafarroako Gobernuaren Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren ikus-onetsiarekin egin beharko dira. (Ruddock, M. and Whitfield, D.P. 2007. A review of disturbance distances in selected bird species. A report from Natural Research [Projects] Ltd to Scottish Natural Heritage).
16. Sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketaren 15. kapituluan ezartzen diren neurri guztiak bete beharko ditu fauna babesteko.
17. Lanak hasi aitzin, prospekzio bat eginen da jarduketa eremu osoan, babes bereziko araubidean katalogatutako edo zerrendatutako espezierik ote dagoen antzemateko, eta beharrezkoa bada, espezie horiek babesteko neurri egokiak hartzeko. Lanak egin bitartean Nafarroako landare eta animalia mehatxatuen katalogoetan edota Espainiako espezie mehatxatuen katalogoan jasotako espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.
18. Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Hesia diseinatuko da iragazkortasuna hobetzeko tamaina txikiko faunarentzat, eta ez du elementu zorrotz edo ebakitzailerik izanen.
19. Inguruko hesia seinalez markatzeko neurriak hartuko dira, hegaztiek ikus ditzaten, landare naturalez egindako pantailak eratuz eta/edo plakak jarriz, metalikoak hobe, 15x30 edo 20x20 cm-koak, zuriak edo kontraste handikoak, batetik bestera bi metroko tarte horizontala utziz eta bi ilaratan jarrita, itxituraren altuera desberdinetan, modu alternoan kokatuta.
20. Kableendako zangak estali aitzinetik, ikuskapena eginen da, nahigabe barrura erori den fauna alerik ez dagoela egiaztatzeko.
21. Ingurumen inpaktuaren azterketan aurreikusitako itxituraren inguruan ikusizko pantaila bat sortzeko zuhaitz edo zuhaixka espezieen landaketa ez da eginen azpiegiturak ahalik eta gehien ezkutatzeko bakarrik. Espezieen landaketa diseinatu eta hautatzean, ez da erreferentzia formal, irudi geometriko, inausketa edo horrelakorik baliatuko, aitzitik, ahalik eta aniztasun handiena bilatuko da morfologian (zuhaitzak, zuhaixkak, sastrakak eta belarrak) eta espezieetan, ingurumen zerbitzu gehiago sortzeko (loreak, fruituak, konektagarritasuna), eta betiere inguruko landaredi serieetako espezie autoktonoak erabiliko dira.
22. Erabilerari lotutako eraikinak (transformazio zentroak, ebakitze zentroa eta abar) ingurunearekiko harmonia errespetatuz diseinatuko dira, eremuko eraikin motekin bat eginik eta kolore ez-nabarmenak erabilita, ingurunean integratzea errazteko.
23. Instalazioetan argiteria planteatu bada, ezinbestekoak diren argiak jarriko dira soilik. Kanpoko argiztapena erabiliko da behar den lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.
24. Lanak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta lanen hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Lanek eragindako gainazal guztiak, aldi batez eragindakoak barne, harrotu eginen dira eta, behar izanez gero, landare lurraren geruza batez estaliko dira, zeina lehenago kendu eta behar bezala pilatuko baita. Lanak bukatzen direnetik sei hilabete igaro baino lehenago, eragindako gainazal guztietan inguruko espezie autoktonoen belar hazien nahasketa bat ereinen da, laborantzara bideratu beharreko eremuetan izan ezik.
25. Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiltzea gomendatzen da, eta, behar berezia izanez gero, sasi garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.
26. Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa bada, behar diren baimenak aldez aurretik lortuta egin beharko da, eta bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliko dira, guztiz debekaturik dagoelako pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.
27. Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.
28. Suteen prebentzioari dagokionez, obrak egiten ari diren urtean, eta ondorengo funtzionamendu urteetan, baso suteak prebenitzeko lurzoru urbanizaezinean sua nola erabili arautzen duen Foru Aginduan xedatutakoa bete beharko da, baita Larrialdi, Prebentzio eta Babes Zibileko Zerbitzuak zehazten dituen baldintzak ere.
iii) Ingurumena zaintzeko programa.
29. Ingurumena zaintzeko programaren behin betiko bertsioa Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuarekin adostu beharko da, eta ezartzen diren eskakizunak beteko dira. Ingurumen inpaktuaren azterketan proposatu den ingurumena zaintzeko programa beteko da, honako jarduketa hauek gehituta:
–Lehen bi urteetan, ingurumena zaintzeko programan aurreikusitako bisita planarekin bat, inguruko hesiarekin edo modulu fotovoltaikoekin talka egitearen ondorioz hildako hegaztien gorpuzkiak bilatuko dira. Nafarroako edo Espainiako espezie mehatxatuen katalogoetako espezierik aurkituz gero, edo faunaren ezohiko heriotza tasa bat antzematen bada, berehala jakinaraziko zaio Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Hirugarren ustiapen urtea hasten denetik aurrera, lortutako datuen arabera eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren baimena jaso ondotik, ahalegina murrizten ahalko da.
–Kiropteroen jardueraren jarraipena eginen da, dokumentuan proposatu diren jarraibideetan oinarrituta. «Propuesta de directrices para La evaluación y prevención del impacto de plantas fotovoltaicas sobre los quirópteros», Asociación Española para la Conservación y el Estudio de los Murciélagos (SECEMU) elkarteak argitaratua.
iv) Leheneratzeko eta eraisteko plana.
30. Obra hasi aitzin, sustatzaileak leheneratze planaren proiektu xehatua eta aurrekontuduna aurkeztu beharko dio ingurumen organoari, eta Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ontzat eman beharko du. Inguruko landaredi serieko espezie autoktonoak erabiliko dira landareztatzeko. Zurezko eta basogintzako landareen haziak ingurukoak izanen dira, Ekoizpeneko Baso Materiala Identifikatzeko eta Erabiltzeko Eskualdeetako arauen arabera. Lanak bukatu eta 6 hilabete igaro baino lehen bukatu beharko dira landareztatze lanak. Landaketak eta hidroereiteak landaketa garaiaren, klima baldintzen eta abarren mende daudenez, lanak bukatu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, instalazioen bizitza baliagarri guztian.
31. Proiektuaren bizitza baliagarria bukatuta, instalazio guztiak deseginen dira, eta okupatutako lurrak jatorrizko egoerara leheneratuko dira. Uzte eta eraispen faseak leheneratze proiektu espezifiko bat izan behar du; sustatzaileak aurkeztuko du, eta ingurumen arloko organo eskudunen txostena izan beharko du.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41,3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio bidean eta bide judizialean proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.
5 Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Basozainei, Tuterako Koordinazio Unitateari, Cascante, Murchante eta Tuterako Udalei eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–JENDAURREAN JARTZEKO ETA UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA INTERESDUNEI KONTSULTAK EGITEKO IZAPIDEEN EMAITZAREN LABURPENA
Ebazpen honen espedientearen azterketa teknikoaren gorputzean adierazten da nola hartu diren kontuan ingurumen arloko edukia duten txostenak eta ekarpenak, hizpide dituztenak garrantzitsutzat jotzen diren inpaktuak, betiere Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluko 2. puntuko b) apartatuari jarraikiz.
Jendaurreko informazioaren lehen izapidearen emaitza.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikulua eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikulua betez (errege dekretu horren bidez arautzen baitira energia elektrikoko instalazioen garraio, banaketa, merkaturatze eta hornidura jarduerak eta baimentzeko prozedurak), eskaera hau jendaurrean jarri zen, iragarkia argitara emanda 2024ko 165. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2024ko abuztuaren 13koan, 2024ko abuztuaren 14ko Diario de Noticias egunkarian eta Corella eta Tuterako udalen ediktu taulan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan argitaratu zen.
–Ez da alegaziorik jaso horren inguruan.
Jendaurreko informazioaren bigarren izapidearen emaitza.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikulua, Sektore elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikulua eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikulua betez (errege dekretu horren bidez arautzen baitira energia elektrikoko instalazioen garraio, banaketa, merkaturatze eta hornidura jarduerak eta baimentzeko prozedurak), eskaera hau jendaurrean jarri zen bigarrenez, iragarkia argitara emanda 2025eko 181. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2025eko irailaren 11koan eta Cascante, Murchante eta Tuterako udalen ediktu taulan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan argitaratu zen.
Alegazio hauek jaso dira horren inguruan:
–Sustrai Erakuntza fundazioa.
–Ongaiz/Zangozerriko Ekologistak Martxan elkartea.
–Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkartea.
Hiru entitateek antzeko alegazioak aurkeztu dituzte. Plangintza energetikoari, lurralde antolamenduari eta larrialdi klimatikoaren aurkako borrokari lotutako gai orokorrak jorratu dituzte, baina proiektuen ingurumen inpaktu ebaluazioaren esparrutik kanpo daude gaiok.
Proiektuei dagokienez, hiru entitateek argudiatu dute proiektuak bidegabe zatikatu direla. Lurzorua behin betiko higatzeko eta galtzeko arrisku handia dago. Proiektuak ingurune natural antropizatuari, paisaiari eta bizimodu tradizionalei eragiten die, eta horrek landa garapen jasangarria arriskuan jartzen du. Proiektua miru beltzaren habia bat babesteko aldatzea gutxiegitzat jotzen dute. Entitateen ustez, faunari buruz aurkeztu den informazioa ez da nahikoa. Faunari lotutako Ingurumena Zaintzeko Planaren ekintzak ez dira nahikoa. Sustatzaileak kontuan hartu behar du proiektua estepako hegaztientzako kritikoak diren eremuetatik hurbil dagoela. Ez dira behar adina aintzat hartu faunaren gaineko inpaktu metagarri eta sinergikoak. Sustatzaileak ez ditu kontuan hartu mendiko untxiaren biztanleria hazkunde posible batetik eratorritako inpaktuak.
Jendaurreko informazioaren hirugarren izapidearen emaitza.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikulua, Sektore elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikulua eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikulua betez (errege dekretu horren bidez arautzen baitira energia elektrikoko instalazioen garraio, banaketa, merkaturatze eta hornidura jarduerak eta baimentzeko prozedurak), eskaera hau jendaurrean jarri zen hirugarrenez, iragarkia argitara emanda 2026ko 17. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2026ko martxoaren 17koan eta Cascante, Murchante eta Tuterako udalen ediktu taulan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan argitaratu zen.
Alegazio hauek jaso dira horren inguruan:
–Cascanteko AR-7 Banaketa Eremuaren Konpentsazio Batzordea (ingurumen edukirik gabea).
–Sustrai Erakuntza fundazioa.
Sustrai Erakuntzak proiektuaren inguruan egindako alegazioa bigarren jendaurreko izapidean aurkeztu zenaren parekoa da.
Eragindako administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako lehen kontsulta izapidearen emaitza.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornidura egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluan xedatutakoa betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien jarraian adierazitako erakundeei, eta taulan ageri diren txostenak jaso zituen:
ERAKUNDEA | ERANTZUNA |
Cascanteko Udala | - |
Murchanteko Udala | - |
Tuterako Udala | X |
Ingurumen Ebaluaziorako Atala | X |
Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atala | - |
Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren Zainketa Zerbitzua | - |
Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri Lurren Atala | X |
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (EKH) | - |
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioa | X |
AUDENASA | X |
Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren nahitaezko txostenaren edukiak eta horiek kontuan hartzeko modua ebazpen honen espedientearen analisi teknikoan jaso dira. Ingurumen Ebaluazioaren Atalak jakinarazi zuen «Tablar» instalazio fotovoltaikorako aurreikusi den kokalekuak igeltsuen lehentasunezko habitatei eraginen ziela. Sustatzaileak instalazio horren kokalekua aldatu zuen bigarren jendaurreko eta kontsultarako izapidera aurkeztu zuen proiektuan.
Herri Lurren Atalak landaredia naturala leheneratzeko baldintza ezarri zuen ebakuazio zangen abelbideen afekzioa saihesteko.
Eragindako administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako bigarren kontsulta izapidearen emaitza.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornidura egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluan xedatutakoa betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien jarraian adierazitako erakundeei, eta taulan ageri diren txostenak jaso zituen:
ERAKUNDEA | ERANTZUNA |
Cascanteko Udala | - |
Murchanteko Udala | - |
Tuterako Udala | - |
Ingurumen Ebaluaziorako Atala | X |
Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atala | X |
Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren Zainketa Zerbitzua | - |
Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri Lurren Atala (Nekazaritza eta Abeltzaintzaren Zuzendaritza Nagusia) | X |
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (EKH) | X |
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioa | X |
Autopista Vasco-Aragonesa AP-15. | - |
Enagas, S.A. | - |
Murchanteko Ureztatzaileen Sindikatua | X |
Campo Nuevo Ureztatzaileen Elkartea | - |
Huertas Mayores y Campos Unidos Ureztatzaileen Elkartea | - |
Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren nahitaezko txostenaren edukiak eta horiek kontuan hartzeko modua ebazpen honen espedientearen analisi teknikoan jaso dira.
Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalak ingurunean eta paisaian integratzeko neurriak sartu zituen proiektuetan. Besteak beste, «Tablar» proiektuan Cascanteko 4. poligonoko 346. lurzatia kanpo uztea.
Herri Lurren Atalak landaredia naturala leheneratzeko baldintza ezarri zuen ebakuazio zangen abelbideen afekzioa saihesteko.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak jasotzat eman zuen eta espedientea ireki zuen bere eskumeneko eremuetan aurreikusitako jarduketetarako.
Eragindako administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako hirugarren kontsulta izapidearen emaitza.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornidura egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluan xedatutakoa betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien jarraian adierazitako erakundeei, eta taulan ageri diren txostenak jaso zituen:
ERAKUNDEA | ERANTZUNA |
Cascanteko Udala | - |
Murchanteko Udala | - |
Tuterako Udala | - |
Ingurumen Ebaluaziorako Atala | X |
Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atala | - |
Murchanteko Ureztatzaileen Sindikatua | X |
Campo Nuevo Asociación Ureztatzaileen Elkartea | - |
Huertas Mayores y Campos Unidos Ureztatzaileen Elkartea | X |
Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren nahitaezko txostenaren edukiak eta horiek kontuan hartzeko modua ebazpen honen espedientearen analisi teknikoan jaso dira.
II. ERANSKINA.–JARDUKETEN KOKAPENA

1. irudia. Azpiegituren plano orokorra

2.1. irudia. Katastroko lurzatiak. Baster EIFV

2.2. irudia. Katastroko lurzatiak. Valoria, Estremar, Collado eta Tablar EIFV.
Iragarkiaren kodea: F2607163
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
