114. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

157/2026 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, funtzionarioen araubidean bete daitezkeen Nafarroako toki entitateetako idazkari lanpostuen zerrenda hasiera batez ezartzen duena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 248.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, 247. artikuluko 2. eta 3. apartatuei jarraituz.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 247. artikuluan ezarritakoaren arabera, gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak, oro har, merezimendu lehiaketa bidez beteko dira, salbu eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarrian Iruñeko Udalarentzat ezarritako kasuetan. Lehiaketaren deialdia egitea Nafarroako Gobernuan Toki Administrazioaren arloko eskumena duen departamentuari dagokio. Lehiaketa horien deialdia hiru urtean behin eginen da, gutxienez.

Ondorio horietarako, bada, lege horren 248. artikuluan xedatuta dago Toki Administrazioaren arloan eskumena duen departamentuak, foru gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak betetzeko lehiaketen deialdia egin baino gutxienez ere hiru hilabete lehenago, jarduketa hauek eginen dituela:

a) Toki entitateei jakinaraziko die zeintzuk diren plaza huts gisa edo hutsik egoteko moduko gisa jotzen diren idazkari eta kontu-hartzaile plazak.

b) Ohiturazko elkarteei eta Iruñeko Udalari erabakia eskatuko die beren idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak lanpostu-betetze sistema arruntean sartzeari buruz.

c) Informazioa bilduko du a) letran aipatzen diren toki entitate guztiengandik, desgaitasuna duten pertsonentzako txandari araudi aplikagarriaren arabera erreserbatu zaizkion lanpostuei buruz.

d) Toki entitateei informazioa eskatuko die funtzionario-araubidean bete daitezkeen lanpostuen hizkuntza-eskakizunari buruz.

Artikulu horretako bigarren paragrafoan xedatuta dago ezen deskribatutako jarduketak amaitzen direnetik bi hilabeteko epean, toki entitateek departamentu horretara joko dutela, honako hauetarako:

a) Konfirmatzea bete beharreko zer plaza dauden erreserbatuta desgaitasuna dutenentzako, halakorik baldin badago.

b) Idazkari eta kontu-hartzaile plazen hizkuntza eskakizuna zehaztea. Ulertuko da ezen, ezarritako epean jakinarazten ez badute, euskaraz jakitea ez dela nahitaezkoa, eta Foru Komunitateko Administraziorako araudi espezifikoak ezartzen duenarekin bat baloratuko da.

Azkenik, honako hau dio hirugarren apartatuak: aurreko puntuan ezarritako epea bukatuta eta toki entitateek eginiko komunikazioak aztertuta, toki administrazioaren arloan eskumena duen departamentuak, aipatu lanpostu-betetze lehiaketen deialdia egin baino lehen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du 247. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoari jarraikiz funtzionario araubidean bete beharreko idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuen zerrenda eta, behar denean, zehaztuko ditu desgaitasuna duten pertsonentzako txandarako erreserbak eta kasuko hizkuntza-eskakizunaren nondik norakoak.

Horregatik, eta nahitaez bete beharreko araudia bete beharrez, zuzendaritza nagusi honek, 2026eko otsailaren 9an, plaza huts gisa edo hutsik egoteko moduko gisa jotzen diren idazkari eta kontu-hartzaile plazak dituzten toki entitateei zuzendu zitzaien, eta araudian eskatutako informazioa eskatu zien. Orobat, ukitutako ohiturazko elkarteei eta Iruñeko Udalari eskatu zien erabaki bat har zezatela beren idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak lanpostu-betetze sistema arruntean sartzeari buruz.

Halaber, ofizioak bidali zitzaizkien beste toki entitate batzuei, zeinetan idazkari plaza gaitutako funtzionarioak ari diren betetzen (plazaren titularrak dira eta zerbitzu aktiboan daude), adieraz zezaten ea aurreikusten duten aldaketaren bat gertatzea egoera horretan eta aldaketa horrek eragin dezakeen plaza hutsik geratzea.

Bi hilabete igaro dira aurreko paragrafoan adierazitako jarduketak amaitu zirenetik, eta toki entitateek bidalitako komunikazioak aztertu dira. Hortaz, bidezkoa da hasierako zerrenda bat onestea, jasoko dituena aipatutako foru legearen 247. artikuluko 2. eta 3. apartatuen arabera funtzionarioen artean betetzen ahal diren toki entitateetako idazkari lanpostuak.

Nabarmendu behar da Larragako Udalak ez duela gai honi buruzko komunikaziorik bidali. Dena den, zuzendaritza nagusi honetan dagoen dokumentazioaren arabera, idazkari plaza hutsik dago, aurreko titularrak erretiroa hartu du eta.

Horregatik guztiagatik, eskuordetu dizkidaten ahalmenak erabiliz, zeinak eman baitzaizkit Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 1eko 35/2020 Foru Aginduaren bidez (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bidez eskuordetutako zenbait eskumenen erabilera Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren esku uzten duena), eta, orobat, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez,

EBAZTEN DUT:

1. Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 247. artikuluaren 2. eta 3. apartatuen arabera, funtzionarioen araubidean bete daitezkeen Nafarroako toki entitateetako idazkari plazen hasierako zerrenda onestea, lege horren 248.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea. Horrek jakinarazpen ondorioak izanen ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Ebazpen hau jakinaraztea toki entitate interesdunei eta hamabost egun balioduneko entzunaldia ematea, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 25ean.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEAN BETE DAITEZKEEN NAFARROAKO TOKI ENTITATEETAKO IDAZKARI PLAZEN HASIERAKO ZERRENDA

TOKI ENTITATEA

LANALDIA

HIZKUNTZA
ESKAKIZUNA

(euskara)

Artzibarko, Orotz-Beteluko eta Longidako Udalen Batasuna

%100

C1

Beintza-Labaiengo, Donamariako, Oizko eta Urrozko Udalen Batasuna

%100

C1

Urdiaingo eta Ziordiko Udalen Batasuna

%100

C1

Beriaingo Udala

%100

Gazteluberriko Udala

% 29

Lizarrako Udala

%100

Esteribarko Udala

%100

C1

Larragako Udala

%100

Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatea

%100

C1

Zangoza Eskualdeko Mankomunitatea

%100

Iruñerriko Mankomunitatea

%100

Erriberako Mankomunitatea

%100

Sakanako Mankomunitatea

%100

C1

(*) Ez dago desgaitasuna dutenentzat erreserbatutako plazarik.

Iragarkiaren kodea: F2607654