Iragarkia
114. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1084E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 21ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2026ko maiatzaren 28ko 11:00etatik 15:00etara LAB eta ELA sindikatuek iragarritako greba dela-eta erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena eta haietan arreta emateko behar diren langileak zehazten dituena.
LAB eta ELA sindikatuek greba orokorrerako deialdia egin dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lanean ari diren langile lan-kontratudun eta funtzionario guztientzat, eta, beraz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lantoki guztiei eragiten die. Greba orokorrerako deialdia egin da 2026ko maiatzaren 28rako, 11:00etatik 15:00etara.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba eskubidea bateragarria izan behar da herritarren funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.
Greba deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten dietelako, hala nola herritarren bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.
Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.
Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hauxe du xede: 2026ko maiatzaren 28rako, 11:00etatik 15:00etara, iragarritako greba dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko. Argudio horiek ikusita, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da estaltzea iragarritako grebak dirauen bitartean.
Behar diren jarduketak egin dira kasuan kasuko greba batzordeekin, eta haiek alegaziorik aurkeztu ez dutenez proposatutako gutxieneko zerbitzuei buruz, gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak zehaztu behar dira.
Langile egoiliarrak gutxieneko zerbitzuetan sartzeari dagokionez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an emandako 318/2019 apelazio-epaiak errebokatu egin du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren 2019ko uztailaren 10eko 191/2019 epaia. Epaiak, gainera, adierazten du ezen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 405/2019 Ebazpenaren bidez ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla-eta, Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea, eta errekurritutako ebazpena ordenamendu juridikoaren araberakoa dela.
Horren haritik, zehaztu behar da Auzitegi Gorenak, Administrazioarekiko Auzien Salako Laugarren Atalaren 1523/2021 Epaiaren bidez, ezetsi egin duela SMNk apelazio-epai horren aurka jarritako kasazio-errekurtsoa, eta adierazi duela epai horrek ez duela ordenamendu juridikoa urratzen. Hain zuzen, zuzenbideko oinarrietatik bosgarrenean, onarpen autoan planteatutako auziari emandako erantzunari dagokionez, honako hau dio: "Onarpen autoan planteatu den jurisprudentzia osatzeko kasazio-interes objektiboaren gaiari erantzun beharraz, adierazten dugu barneko mediku egoiliarrak sar daitezkeela kontratu bidez lotuta dauden ospitale-zentroan iragartzen diren osasun langileen grebetan ezarri behar diren gutxieneko zerbitzuetan".
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko esparruetako kudeatzailetzetan eta zuzendaritza asistentzialetan ezarriko diren funtsezko gutxieneko zerbitzuen edukiari buruz galdetu zen.
Hori horrela, ezarritako gutxieneko zerbitzuak egokitzat jo dira, eta haiek ezartzeko orduan erabili den irizpidea bat dator osasunerako eta bizitzeko eskubidea tartean daudenean greba eskubidea mugatzeari buruz hartu diren erabaki jurisprudentzialekin. Era horretan, bi errealitate hauen arteko proportzionaltasun printzipioa betetzen da: batetik, funtsezko zerbitzu horien erabiltzaile edo hartzaileen sakrifizioak, eta bestetik, greba egin nahi dutenei inposatzen zaizkien sakrifizioak. Izan ere, grebak komunitatearen interesari egindako kalteak ez du gainditu behar sen onak agintzen duena.
Aipatutako epaiek dioten gisara, kontuan hartu da grebak lurraldez nahiz jendez duen hedadura, bai eta grebak ukitzen dituen eta Konstituzioak babesten dituen eskubideak edo ondasunak ere. Beraz, erabilitako irizpidea izan da, dauden langileak oinarri harturik, osasun laguntzaren sektorean gutxieneko langile kopurua ezartzea biztanleriari funtsezko osasun prestazioak segurtatzeko.
Esparru bakoitzak egindako oharrak ikusirik, orain arte ezarritako funtsezko gutxieneko zerbitzuak beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo dira, eta esparru bakoitzak honela justifikatu du haiek ezartzea:
1. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa:
Ospitalizazioan, ahalmen logistikoaren %100 bermatu behar da. Izan ere, diagnostikatzeko eta tratatzeko ospitaleratuak dauden paziente horien bizia arriskuan jar liteke prozesuen atzerapenarengatik, eta bermatu egin behar dira osasun laguntzen eta zainketen jarraitutasuna eta pazienteen segurtasuna. Goizeko txandan lau orduko etena egiteak arrisku handia sor lezake pazienteen segurtasunerako, egunaren zati horretan jarduera klinikoa handia izaten baita. Pazienteei alta emateko ahalmena ere eduki behar da, ospitaleetan osasun arreta ez kolapsatzeko.
Esparru horretan kontuan hartu dira, orobat, arretan eta tratamenduan eten ezin diren zerbitzu bereziak, hala nola hemodialisia, eguneko ospitaleak (onkologia, hematologia, minaren unitatea), erradioterapia (simulazioa eta plangintza), osasun mentala eta transplanteen koordinazioa.
Bestalde, aintzat hartu dira diagnostiko onkologikoei lotutako ebakuntza kirurgikoen gutxieneko zerbitzuak, eta pazienteen tratamenduan eta segurtasun klinikoan eragin handia duten jarduerak. Kasu honetan, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren ustez, gutxienekoen ebazpenean aipatu ohi den eta ebazpen honetan ere ezartzen den %60 hori doi-doia da paziente guztiei arreta eman ahal izateko. Kasu honetan, kontuan hartuz greba eskubidea mugatzeari buruz lehen aipatutako erabaki jurisprudentzialak, ez da ehuneko hori handituko, baina baliteke etorkizuneko greba deialdietan aztertzea, kasuan kasuko egoeren arabera.
Kontsulten jarduera %60an ezartzearen arrazoia da oraindik baloraziorik eta diagnostikorik izan gabe prozesu kliniko baten zain dauden pazienteek okerrera ez egitea.
Era berean, beharrezkotzat jo da:
–20. asteko amniozentesia eta ekografiak ziurtatzea.
–Arreta ematea larrialdiei, zaintza-unitate kritikoetan eta berezietan ospitaleratuta dauden pazienteei eta erditzeko arloetan eta horien parekoetan daudenei.
–Ospitaleko farmaziari dagokionez, tratamendua ziurtatuko zaie paziente ospitalizatuei eta onkologikoei.
–Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: bermatuko da odol eta ehunen laginak eta donazioak ateratzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornitu ohi diren zentroei hornidura egiteko, ahalmen logistikoaren %60ra arte gehienez.
2. Oinarrizko osasun laguntza:
Oinarrizko osasun laguntzako taldeetan, eguneroko eskariaren araberako arreta ematen da, eta (goizez) osasun eskualde oinarrizko bakoitzean gertatzen diren larrialdiak artatzen dira; medikuntzako profesional bakoitzak 1.500 paziente inguru ditu, eta pediatriako profesional bakoitzak 1.100 paziente. Hortaz, oinarrizko osasun laguntzako talde bakoitzak profesionalak eduki behar ditu goizeko ordutegian gertatzen ahal diren larrialdiei erantzuteko, eta larrialdia ez izan arren atzeratu ezin den laguntza emateko, bai eta paziente kronikoak artatzeko eta beharrezkoak diren etxez etxeko bisitak egiteko ere. Harrera arloetako profesional bakoitzak 2.500 paziente artatzen ditu.
Honek justifikatzen du, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, grebaren ordutegian, hau da, 11:00etatik 15:00etara, hauek egotea 5 lanpostu edo 5 baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko: familiako medikuntzako profesional bat, pediatriako profesional bat, erizaintzako profesional bat eta harrera arloko profesional bat.
Aho-hortzen osasunean, odontologiako 12 profesional daude eta, arestiko irizpideari eutsiz, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira grebaren ordutegian: odontologo bat, erizaintzako bi laguntzaile eta administrazioaren arloko profesional bat.
3. Osasun Mentala:
Osasun Mentaleko ospitalizazio arloari dagokionez, bermatu beharko litzateke honako hauek egotea: fakultatibo bat Errehabilitazio Unitatean (EU), bi fakultatibo Egonaldi Ertaineko Unitatean (EEU), fakultatibo bat Egonaldi Luzeko Unitatean (ELU) eta fakultatibo bat San Frantzisko Xabierkoa zentroko egoitza-unitateetan.
San Frantzisko Xabierkoa zentroan Osasun Mentaleko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuari atxikita aritzen diren langileen kasuan, gutxieneko zerbitzuetako langileak jaiegunetan daudenak adina izanen dira.
Jarduera pautatua duten zerbitzuei dagokienez (Osasun Mentaleko Sareko eguneko ospitaleak), Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak zehaztu du osasun mentalaren arloko eguneko ospitaleratzea tratamendu intentsibo bat dela, ospitaleratzearen ordezkoa, eta pazienteen egoera klinikoa subakutua dela eta, beraz, ziurtatu egin behar direla arreta eta tratamendua.
Osasun mentaleko zentroetako kontsultetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, aztertu da haietako bakoitzean zenbat diren lehen kontsultak, eta horiek zer ehuneko egiten duten kontsulta guztiekin alderatuta. Erabaki da zentro bakoitzeko lehen kontsultak eta larrialdietakoak bermatu beharko liratekeela.
Zentro bakoitzak ahalmen logistiko desberdina behar du, plantillaren arabera eta lehen kontsultetan ematen duen lanaldiaren ehunekoaren arabera. Batez beste, gutxienez plantillaren %40 bermatuko da.
Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuak izendatuko ditu behar diren profesionalak funtsezko osasun laguntza ematen dela bermatzeko.
4. Lizarrako Osasun Barrutia:
Lizarrako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza, García Orcoyen ospitalea eta Osasun Mentala daude.
Oinarrizko Osasun Laguntzak, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak eta Osasun Mentalak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan, dela ospitaleko jardueran.
Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.
Adierazi beharra dago ezen, lehentasunezko arreta, paziente ospitaleratuak eta ahalmen logistikoaren %60 bermatu behar direnez, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, batzuetan txandako langile guztiek osatzen dituztela gutxieneko zerbitzuak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke, eta, hortaz, ez da aski ezarri den gutxieneko prestazioa ziurtatzeko.
5. Tuterako Osasun Barrutia:
Tuterako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza, Reina Sofía ospitalea eta Osasun Mentala daude.
Kasu honetan ere, Oinarrizko Osasun Laguntzak, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak eta Osasun Mentalak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan, dela ospitaleko jardueran.
Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.
Adierazi beharra dago ezen, lehentasunezko arreta, paziente ospitaleratuak eta ahalmen logistikoaren %60 bermatu behar direnez, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, batzuetan txandako langile guztiek osatzen dituztela gutxieneko zerbitzuak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke, eta, hortaz, ez da aski ezarri den gutxieneko prestazioa ziurtatzeko.
6. BAME langileak gutxieneko zerbitzuetarako izendatzea:
Aipatu da jada Auzitegi Gorenaren 1523/2021 Epaia, Administrazioarekiko Auzien Salaren Laugarren Atalak emana, ezetsi egiten duena SMNk jarritako kasazio-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an emandako 318/2019 apelazio-epaiaren aurka jarria. Epai horrek, hain zuzen, errebokatu egin du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak 2019ko uztailaren 10ean emandako 191/2019 epaia eta deklaratu du Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea.
Orobat, esparru bakoitzari bere iritzia ere eskatu zitzaion, arretari dagokionez. Horren ondorioz, honako hau ikusi da:
Edozein egunetako etengabeko arretan, zentroko profesional espezialistak eta langile egoiliarrak aritzen dira. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren iritziz, funtzionamendu hori oso errotuta dago gure zentroetan, eta arreta segurua eta kalitatezkoa eskaintzeko aukera ematen du. Gainera, haien ustez, greba egoeretan ere funtsezkoa da etengabeko arreta ona izatea, eta, horretarako, antolaketa-eredu berdinari eutsi behar zaio, aldatuz gero nahi gabeko disfuntzioak sor daitezkeelako larrialdiak artatzean.
Langile egoiliarrak lan-kontratudunak dira, eta prestakuntzaldian egotea ez da arrazoi aski gutxieneko gisa ez izendatzeko; izan ere, guardia medikoak egitea oso garrantzitsua da prestakuntzaren ikuspegitik. Are gehiago, beren prestakuntza-programetan gutxienez zenbat guardia egin behar dituzten agertzen da.
Egoiliarrek etengabeko arretaren gutxieneko zerbitzu gisa egin beharreko jarduera hori ez da normalean egiten dutenaz bestelakoa. Ez da haien jarduera handitzen ospitaleko espezialistak ordezteko. Espezialisten eta egoiliarren arteko proportzioa ez da aldatzen.
Azken batean, langile egoiliarrak funtsezkoak dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan gutxieneko zerbitzuak egiteko, eta haien prestakuntza beharrak ez dira horretarako oztopo, betiere beren estatutua eta funtzioak errespetatzen badira.
7. Funtsezko osasun laguntzari eutsiko zaiola bermatzeko ezinbesteko gutxieneko langileak izendatzeari buruz.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren esparruetako organo eskudunek izendatuko dituzte Profesionalen Zerbitzuetatik, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuetatik (NOUren kasuan, Profesionalen Zuzendaritza eta Kudeaketa Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritza) eta Pazientearen Harrera eta Arreta Zerbitzuetatik behar diren langileak, ebazpen honetan ezarritako gutxieneko osasun laguntza ematen dela bermatzeko.
Greba orduetan pazienteen osasuna bermatu beharrez, ezinbestekoa da zerbitzu zentraletako laguntza zerbitzu zehatz batzuek lanean jarraitzea. Langile horiek ez badituzte ere pazienteak zuzenean artatzen, haien lana funtsezkoa da ospitaleek eta osasun etxeek arreta ematen jarraitzeko. Zenbait lan –euskarri informatikoa, farmaziako kudeaketa, urgentziazko prestazioen tramitazioa edo langileen gorabeheren kudeaketa, besteak beste– ezinbestekoak dira herritarren osasunerako eskubidea bermatzeko.
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. 2026ko maiatzaren 28ko 11:00etatik 15:00etara egitekoa den greba dela eta, zeinak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko fakultatiboei (prestakuntzan daudenak barne) eta gainerako langileei (osasun arlokoei eta bestelakoei) eragiten baitie, greba deialdiaren eraginpean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile guztiak daudelako, funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek ezartzea, eta, beraz, greba egitean, zerbitzu horiek errespetatu beharko dira:
I.–Ospitaleak:
Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritako bera izanen da greba orduetan.
Gainera, zentroen jarduera aurrera eramateko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:
A) Ospitalizazioa: ahalmen logistikoaren %100 bermatuko da.
B) Jarduera pautatua duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:
–Hemodialisia.
–Tratamendu onkologikoak eguneko ospitalean.
–Koloneko minbiziaren edo horren susmagarri diren kasuen baheketaren ondoriozko kolonoskopia-probak.
–Tratamendu hematologikoak eguneko ospitalean.
–Minaren Unitatean etengabeko tratamendua duten pazienteentzako arreta.
–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.
–Errehabilitazioa. Ospitalean dauden pazienteentzako arreta bermatuko da, baita lehentasunezko pazienteentzat ere.
–Osasun Mentaleko Sareko eguneko ospitaleak.
C) Urgentziazko ebakuntza kirurgiko guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, ondoren aipatzen direnen jarduera ere bai: Larrialdiak, ZIU, EZBU, Zainketa Koronarioen Unitateak, Kritikoen Unitateak, Erditzeen Arloa eta parekagarriak diren beste unitate batzuk.
D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia egiten direla bermatuko da.
E) Lehentasunezko arreta, ospitaleratutako pazienteentzako arreta eta, halakorik bada, ohiko arreta guztiak bermatuko dira, ahalmen logistikoaren %60ra bitarte jarriz, grebaren ordutegian, programatuta dauden jarduera hauetan:
–Ebakuntza kirurgikoak.
–Zerbitzu zentralak.
–Kontsultak.
–SUOAZak (Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroak).
F) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden pazienteentzako eta tratamendu onkologikoak eta pautatuak dituztenentzako arreta bermatuko da.
G) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: bermatuko da odol eta ehunen laginak ematen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornitu ohi diren zentroak hornitzeko, ahalmen logistikoaren %60ra arte gehienez.
–Pazienteentzako sukalde eta elikadura zerbitzuetan: ahalmenaren %100 bermatuko da.
–Kudeaketa eta Administrazio Zerbitzuetan funtsezko osasun laguntza ematen dela bermatzeko ezinbestekoak diren gutxieneko langileak izendatuko dira.
II.–Oinarrizko Osasun Laguntza:
–Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetan, greba orduetan, hau da, 11:00etatik 15:00etara, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, honako hauek izendatuko dira 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko: familiako medikuntzako profesional bat, pediatriako profesional bat, erizaintzako profesional bat eta harrera arloko profesional bat.
–Aho-hortzen osasuna:
Greba orduetan, hau da, 11:00etatik 15:00etara, honakoak izendatuko dira: odontologiako profesional bat laguntza orokorrerako, odontologiako profesional bat, bi EZLT eta administrazio arloko profesional bat.
–Profesionalen Zerbitzuan eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuan, funtsezko osasun laguntza emanen dela bermatzeko behar diren langileak izendatuko dira.
III.–Osasun mentala:
–Osasun Mentaleko ospitalizazio eremuan, mediku bat Errehabilitazio Unitatean, bi mediku Egonaldi Ertaineko Unitatean eta mediku bat Egonaldi Luzeko Unitatean.
San Frantzisko Xabierkoa zentroan Osasun Mentaleko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuari atxikita aritzen diren langileen kasuan, gutxieneko zerbitzuetako langileak jaiegunetan daudenak adina izanen dira.
–Osasun mentaleko zentroetan, kontsulta-jardueretan, ahalmen logistiko desberdina behar da plantillaren arabera eta lehen kontsultetan ematen den lanaldiaren ehunekoaren arabera. Batez beste, gutxienez plantillaren %40 bermatuko da.
–Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuan funtsezko osasun laguntza ematen dela bermatzeko behar diren profesionalak izendatuko dira.
IV.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren organo zentralak:
–Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetzan, sistema informatikoetako teknikari bat lan txanda eta laguntza-talde bakoitzeko, osasun zentroetako gorabeherei erantzuteko.
–Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzan:
Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuan, herritarrei arreta ematen dieten administrarien %50 gutxienez, zentroei arreta emateko administrazio lanak egiten dituzten administrarien %25, Ospitaleko Farmaziako arloko fakultatibo espezialisten %100 eta farmaziako teknikarien %66.
Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzuan, farmaziako langileen %25, gutxienez.
Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuan, administrari profesionalen %50, eta osasun langileen %25 gutxienez. Tuterako atalean, proportzio bera errespetatuko da.
–Profesionalen Zuzendaritzan atezain bat izendatuko da. Gainera, Ordainsari eta Prestazioen Zerbitzuko langile bat eta Langileriaren Prozesu eta Ebaluazio Zerbitzuko langile bat ere izendatuko dira.
–Kudeaketako Zuzendaritzan pertsona bat izendatuko da erregistroaren eginkizunak betetzeko.
2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.
3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.
4. Ebazpen hau jakinaraztea LAB eta ELA sindikatuek izendatutako greba batzordeari.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta honako hauetara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Kudeaketako Zuzendaritzara, Profesionalen Zuzendaritza, Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetza, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean langileriaren arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuak; Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetza, Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritza, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusia, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalera, eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluarekin, eta aintzat hartuta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren urtarrilaren 12ko 7/2026 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 21ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Juan Antonio Guajardo Remacha.
Iragarkiaren kodea: F2607591
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
