114. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

175E/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 25ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehazten dituena, 2026ko maiatzaren 28an 11:00etatik 15:00etara egiteko iragarri den greba partziala dela eta.

ELA eta LAB sindikatuek greba partzialerako deia egin dute 2026ko maiatzaren 28rako, 11:00etatik 15:00etara, Nafarroako Gobernuko eta erakunde autonomoetako langile guztiei zuzendua.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, greba partzialerako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, foru agindu honen xedea da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren gutxieneko funtsezko zerbitzuak arautzea, 2026ko maiatzaren 28an 11:00etatik 15:00etara egiteko iragarri den greba partziala dela eta. Zerbitzu horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.

Apirilaren 2ko 71/2019 Foru Aginduaren bidez onetsitako Basozainen kolektiboaren Plan Zuzentzaileak hau dio 2.4 puntuan: "Ingurumen larrialdiak. Gaur egun, Nafarroan ingurumen larrialdiei behar bezalako arreta emateko, 3 talde operatibo antolatzen dira, eta bakoitzean bikote bat aritzen da, goiz eta arratsaldeko txandetan eta urteko 365 egunetan aritzen direnak. Talde horietako bakoitza Nafarroa banatzeko ezarritako eskualdeetako batez arduratzen da. ... Talde horiez gain, barruti bakoitzak, gutxienez, goizeko basozain bat eta arratsaldeko beste bat izan beharko ditu suteen kanpainetan (neguan eta udan), beharrezkoa denean eta klimatologiagatik hala erabakitzen denean, eta horiek zuzenean lagunduko diote kasuan kasuko larrialdi taldeari beharrezkoa bada".

Era berean, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren 10. artikuluaren 1. puntuaren arabera, "Herritarrek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetan eskaera eta dokumentuak aurkezteko duten eskubidea segurtatzeko, bulego horiek jendearentzat zabalik egonen dira lanegun guztietan 8etatik 14:30 arte".

Horregatik guztiagatik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak beharrezkotzat jo dute gutxieneko zerbitzuak izatea Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren mendeko koordinazio unitateetan, bai eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren mendeko erregistro orokorreko bulego batzuetan ere, zehazki, herri hauei atxikita daudenetan: Iruña, Tafalla, Tutera, Lizarra, Zangoza, Irurtzun, Elizondo eta San Adrián.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2026ko maiatzaren 28an 11:00etatik 15:00etara egiteko iragarri den greba partziala dela eta, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da greba eskubidea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan:

–Basozain bat koordinazio unitate bakoitzeko.

–Administrari bat erregistro orokorreko bulego bakoitzeko.

2. Ingurumen Informazioaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuak eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak izendatuko dituzte aurreko artikuluan adierazitako funtsezko zerbitzuak beteko dituzten gutxieneko zerbitzuetako langileak. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau igortzea Greba Batzordeari, Ingurumen Informazioaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Langileria Bulegoari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 25ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2607665